ETXEAN HEZTEA: ABANTAILAK ETA DESABANTAILAK

2013-06-28

Eskolak haurren beharrak asetzen ez dituelako edo ‘homeschooling’-ak dituen onura pedagogikoengatik, badira haurrak etxean hezten dituzten familiak. Hego Euskal Herrian, ordea, legeak ez du baimentzen hautu hori, eta sendiak babes legalik gabe daude. Madalen Goiria doktoreak erdibideko soluzio bat proposatu du etxean hezteko zailtasun legalak
gainditzeko: eskolatze partziala.

 

 

 
 
ETXEAN HEZTEA: ABANTAILAK  ETA DESABANTAILAK

Ez da fenomeno berria, ez mundu zabalean, ezta Euskal Herrian ere. 36ko gerra ostean ohiko eskolako bidea hartu partez, haur ugarik hartzen zuten beste etxe baterako norabidea. Izan ere, eskola frankistak ez zituen haur haien beharrak asebetetzen. Gaur egun ere badira goizero eskolako bidea hartzen ez duten umeak: bakan batzuk “eskola libre” deiturikoetara joaten dira, eta beste batzuk etxean gelditzen dira, etxea baitute “eskola”.

Elbira Zipitriaren etxe-giroko ikastolen garaitik gaur eguneko ‘homeschooling’-era egoera aldatu egin da. Madalen Goiria ‘La opción de educar en casa’ blogaren egile eta EHUko doktoreak etxean hezteari buruzko tesi bat aurkeztu berri du, eta nagusiki zuzenbidearen ikuspegitik diharduen arren, haurrak ez eskola-tzearen inguruko informazio zabala eskaintzen du 500 orrialdetan barrena. Tesiaren harira, Beasainen hitzaldi bat eskaini zuen Irriargi taldeak antolaturik, eta bertan honela definitu zuen ‘homeschooling’-a ‘: “Gurasoek hartzen duten ardura umeak etxean hezteko, eskola sistemara jo barik”. “Betidanik izan den fenomeno bat da etxean heztea —dio Goiriak tesian—, familia-giroan edota zirkulu txikietan heztea, ‘ad hoc’ sorturiko eskola-instituzioetatik kanpo heztea. ‘Homeschool’ fenomeno modernoa, gaur egun ulertzen den gisakoa, AEBetan hasi zuten 70 eta 80ko hamarkadetan, eskola sistema modernoarekin bat ez zetozen familiek”. 

Espainiako Estatuan legez aitortua zegoen etxean heztea, 1970. urtean hezkuntza orokortzeko erreforma onartu zuten arte. Bitartean, 1857ko Moyano Legeak eskola pribatua, publikoa eta etxeko heziketa aitortzen zituen. Frantziako Estatuan, ostera,  legezkoa da etxean heztea.Aitortua dago. Alabaina, Estatuak ezartzen du ikasi beharreko gutxieneko curriculuma eta hezkuntza ikuskatzaileek kontrolak egiten dizkiete gisa honetan heziak diren haurrei. Goiriaren datuen arabera, Frantziako Estatuan gaur egun 8.000 haurrek etxean jasotzen dute heziketa, eta beste 22.000k urruneko ikasketak egiten dituzte. Horiez gain, ez norbere etxean ez eskola formaletan hezkuntza jaso-
tzen duten haurrak ere badira, komunitate-giroko eskola libreetan heziak direnak; horietako batzuk homologatuak dira eta besteak ez.

Profil anitzeko familien aukera

Ivan Illichen eta John Holden deseskolatzearen teorietan oinarritu zen ‘homeschooling’ mugimendua, 70eko hamarkadan, AEBetan. Alabaina, eskola sistemaren aurrean etxeko hezkuntza hobesten zuten familiak ez ziren soilik eskolaren doktrinazioaren aurka zeuden ezkerreko familiak, mugimendu erlijiosoek ere etxean heztea hobetsi izan dute. “Batzuek ezkerretik eta besteek eskuinetik, mugimendu indartsua osatu zuten, AEBetako Gobernuak etxeko heziketa legez baimentzeraino”. 

Gaur egun Euskal Herrian etxean heztea aukeratzen duten familien profila garai hartako AEBetakoen aldean diferentea dela dio Goiriak, nahiz eta aitortu zaila dela jakitea zein den profil zehatza, batetik azterketa enpirikorik ez dagoelako, eta bestetik, etxean hezten duten askok ez dutelako euren hautua publiko egiten. “Egin dudan lanean, ‘aitzindari’ deitzen ditudanak ezagutu ahal izan ditut. Gehienak atzerritarrak dira, baita kontsumismoaren aurkakoak ere; horregatik aukeratzen dute seme-alabak sistematik kanpo heztea. Horiez gain, badira beste profil bateko familiak; batzuk inoiz eskolatu ez dituztenak dira, baina gero eta gehiago dira eskolatu bai baino gero haurrak eskolatik atera dituztenak, sistemaren barruan zailtasunak izan dituztelako”. Azken sail horretan, batetik, arrazoi akademikoengatik etxean heztea erabakitzen dutenak aipatzen ditu Goiriak, hezkuntza-sistemak haur horien beharrei erantzuten ez dielako, izan seme-alabek eskola porrota jasan dutelako edo gaitasun handiko umeak direlako; bigarrenik, egokitzeko arazoak dituzten haurren kasua aipatzen du, adibidez, kultura desberdinekoak direnena; eta, hirugarrenik, erasoak jasan dituztenak, ‘bullying’-a, esate baterako.  Azken hiru arrazoi horiengatik etxean hezten dituzten umeei “eskola sistemaren biktima” deitu die, eta Goiriaren ikerketaren arabera, gehien handitu den taldea da. “Familia horiek ez zuten sekula pentsatuko euren seme-alabak hezkuntza sistematik kanpo hezi beharko zituztenik”. 

Miren Camisonek eta Sergio Paniaguak sakon hausnartu ondoren erabaki dute euren seme-alabak eskola formal batera ez eramatea. ”Ez zaigu iruditzen gaur eguneko eskola ereduak haurren erritmoak, prozesuak eta beharrak errespetatzen dituenik”, dio Mirenek. “Guztientzako, publikoa den hezkuntza sistemak onura handiak egin dizkio gure gizarteari, haur hezkuntzatik unibertsitatera. Hori luxu bat dela aitortu behar da, noski, baina, oinarri eder horrekin, zergatik ezin dugu aurrera egin eta asko hobetu dagoena?”. Ikuspegi ideologikotik nahiz pedagogikotik, “zailtasunak, hutsuneak eta interesak” ikusten dizkiote eskola-sistemari. “Paulo Freire pedagogoak dioen bezala, ‘ez dago hezkuntzarik ideologiarik ez duena’, eta eskolak ekonomia globalaren sistemak inposatzen duen ideologia politikoa eta ekonomikoa bultzatzen ditu”. Arlo pedagogikoan, berriz, “irakasle asko eta asko sistema barrutik aldatzeko egiten ari diren ahalegina ikusi eta aitortzen” duten arren, Miren eta Sergio ez datoz bat eskola modernoetan edukiek duten trataerarekin eta ezta proposatzen duten metodologiarekin ere: “Sistema bertikala da: irakasleak daki / ikasle ezjakinek ikasi egin behar dute. Memorizatzean datza metodologia, eta ez bizitza ulertzean. Erantzun jakin batzuk eskatzen dizkiote haurrari; ez ditu galderak egiten; ez dauka aukerarik interesatzen zaiona momentuoro deskubritzeko, bere ezagutza eraikitzeko”. Gaur eguneko eskola-sistemak haur bakoitza izaki konplexu eta dimen-tsioaniztun gisa ikusi beharrean, “burokratitzatu eta homogeneizatu” egiten duela ikusirik, eure seme-alaben heziketaren “ardura osoa” hartzea erabaki dute. 

Mirenek eta Sergiok aukeratu duten bidea zenbat familiak egiten duten jakitea ez da erraza. Hego Euskal Herrian babes eta segurtasun legalik ez dutenez — azken batean, edozein kaletarrek salatu ditzake guraso batzuk euren seme-alaba eskolatzen ez dutelako—, askok nahiago baitute euren egoeraren berri ez eman. Horietako bat da Aitziber —ez da bere benetako izena—. Bera Miren bezala, lanbidez eta formazioz irakaslea izan bada ere,  haurrak eskolatzeko hautuari muzin egin dio.”Heziketa eskolan ikasten diren materietatik haratago dagoela ulertzen dugu”. Gaur eguneko eskola-eredua baino gehiago, hezkuntza integralean sinesten dute Aitziberrek eta haren bikotekideak, “haurren beharrak aseko dituena. Ez dugu nahi gure seme-alabak etengabe epaituak eta baloratuak izan daitezen; beraien autoestimua zaindu nahi dugu, sormena garatzea ahalbidetu nahi dugu, gauzekiko jakin-mina indartu, besteekiko harremanak konpetitibatetik at izan daitezen ahalegindu”. Etxean hezteak hezkuntza pertsonalizatua eskaintzen duela ikusten dute: “Umearen beharrak eta nahiak identifikatu eta asetzeko aukera dugu. Bere erritmoa errespetatu eta sinesten ditugun baloreetan haztekoa”. Haurrekin batera familia hazten dela dio Aitziberrek. “Guk umeei ematen diegun adina jasotzen dugu beraiengandik; eta ikusteko eta entzuteko prest egonez gero, beraien ikuspuntu eta pentsatzeko modutik asko ikas daiteke”. 

Haurren heziketaren ardura osoki familiak hartzeak onurak izan ditzakeen arren, desabantailak ere baditu. Hasteko eta behin, gizartean oso aukera minoritarioa  denez, baldintza ekonomiko nahiz legalak ez dira lagungarriak —edo baldintza ekonomiko eta legalak zailak direnez, aukera minoritarioa da—. Sozialki ez da begi onez ikusiriko hautua, Goiriak tesian jasotzen duenez: “Familia hauen erabakia ez du jendeak ulertzen, eta kritika ugari jasotzen dituzte”. Arduragabeak edo haurrak gehiegi babestu nahi dituztela diote kritika sarrienek. Aitziberrek ere badaki zer den hori. “Beldur handiak ditugu barneratuak. Gizartean eta familian zaila da ulertzen zaituenik aurkitzea eta nolabaiteko bakardade batean murgiltzen zara”. 

Sozialki aukera minoritarioa izateak, halaber, eskolara joaten ez diren haurrek beste haurrekin egoteko aukera gutxiago edukitzea eragin dezake. Mirenek zehazten du seme-alabek beste haur batzuekin denbora dezente pasatzeko aukera gutxiago edukitzeak ez duela esan nahi sozialitzatzen ez direnik, asko zaintzen baitute “eskolak proposatzen duen gizarteratze-eredu homogeneizatutik landa” euren seme-alabek sare sozialak eraiki ditzaten.

Titulazioarena ere handicap bat da Hegoaldean. Gaur egun Espainiako Estatuan 6-16 urte bitartean urruneko ikasketak egiteko aukera CIDEAD erakundeak soilik ematen du (UNEDen parekoa), baina oso baldintza zorrotzak betetzen dituzten familientzako dago irekia CIDEAD, hala nola, artista edo kirolarientzat, edo gurasoek atzerrian lan egin behar duten familientzat. Titulazioa lortzeko beste bide bat urruneko formazioa eskaintzen duten atzerriko ikastetxeetan matrikulatzea eta titulazio hori baliozkotzea izan ohi da. 

Ekonomikoki, Sergiok dioen eran, haurrak eskola arruntean ez eskolatzea erabakitzen duen familiak sendiaren funtzionamendu organikoa haurren heziketaren arabera antolatu behar du. Aitziberrentzako, praktikan, umeak etxean hezteak gurasoetako bat etxean gelditzea esan nahi du, “horrek, lana uzteaz gain (eta dakartzan ondorio ekonomiko guztiekin), norberaren bizitzan inflexio puntu bat dakar. Gizartean oso baloratua dago autonomia ekonomikoa, norberaren lan bizitza, dirua... molde honetatik ateratzeko, lan psikologiko handia egin behar da”.

Lege aldetik babes faltan

Desabantaila guztien artean, lege aldetiko babes gabezia da haurrak ez eskolatzea erabaki duten Hegoaldeko familien kezka nagusia, Goiriak ondorioztatu duenez. Berez ez dago legez debekatua —ezta aitortua ere—, Espainiako legediak ez baitu etxean hezteari buruzko aipamenik egiten. Espainiako Konstituzioak hezkuntza eskubide gisa aitortzen du, eta derrigorrezko jotzen du 6 eta 16 urte bitartean. “Hezkuntza da derrigorrezkoa dena, ez berez eskolatzea. Baina eskolatzea derrigorrezkoa dela interpretatu da”, dio Goiriak. Haurrak derrigor eskolatzea dakarren interpretazio hori ez dator etxean heztea arautzeko beharretik, baizik eta kalean eskean edo lanean egon beharrean haur guztiak hezkuntza jasotzen egoteko beharretik. 1990ean LOGSE erreformarekin ezarri zen eskolatzea derrigor-tzen duen dekretua, eta era horretan eskolan heziketa jasotzen ez duten haur guztiak —izan etxean jasotzen dutenak, edo kalean eskean daudenak— absentistatzat jotzen dira. 

Konstituzioak euren aukera babes dezakeen arren, ‘homeschooler’ familiak “linbo juridikoan” daude dekretu horren ondorioz, Goiriaren arabera.“Euren umeak abandonatzen dituzten familiek jasotzen duten tratamendu bera jasotzen dute  ‘homeschooler’-ek”. Udaletako gizarte zerbitzuek familiak bisitatu eta galdeketak egin diezazkiekete, eta are gehiago salaketa jarri ere bai. Haurrak etxean hezten dituzten familiek 6.000 eta 60.000 euro bitarteko isunak jaso ditzakete, edo guraso-agintea ken diezaiekete. Katalunian esate baterako, auzitegi konstituzionalera iritsi zen familia baten kasua bide zibiletik, eta haurrak eskolatzera behartu zituen sententziak, guraso-agintea galtzeko mehatxupean.  

Erdibidea: ‘flexischooling’-a

Etxean heztea eta eskolatzearen artean badaude erdibideak. Komunitate-giroko eskolak esate baterako. Hauek kasu gehienetan ez daukate Estatuaren homologaziorik eta ondorioz egoera alegalean daude. Hauetako eskola batera joaten dira Sergio eta Mirenen seme-alabak, Gipuzkoan. “Eskola honek ez du irakasten —dio Mirenek—, baina haur bakoitzaren ikaste eta ikertze prozesuak errespetatzen ditu, giro lasai batean eta material autodidaktaz ondo horniturik”. Eskola horrek, alabaina, ez du haurren hezkuntzaren ardura hartzen guztiz, “gure gain jarraitzen du”.

Baina eskolaren eta etxearen artean, legezko topalekua bat izan badago: ‘flexischooling’-a edo eskolatze partziala. Erresuma Batuan indarrean dagoen eredua da, eta etxeko heziketa eta eskolakoa biak malgutasunez konbinatzeko aukera ematen du. Paula Rothermel Psikologian doktoreak, ‘The Third Way in Education’ proposamenean, hezkuntzako espazioak eta denborak malgutasunez kudeatzeko hirugarren bide hau proposatu zuen, eta badira 15 urtetik gora Erresuma Batuan martxan dela. Eskolak eta familiek haurrak hezteko ardura partekatzen dute, eskolak bere gain hartzen du zati bat eta familiak bestea. ‘Flexischooling’-aren bidea hartzen duten familiek Erresuma Batuan eskolarekin kontratu bat izenpetzen dute, baldintzak adosteko —bakoitzak landuko duen materia eta ordutegia zehaztuz—.

Haurren heziketa osoki eskolaren esku utzi nahi ez duten gurasoek esku har dezakete haurren heziketan hirugarren bide horri esker, eta ‘homeschooler’-ek, ere aukera dute kirola, musika, plastika.. edo dena delakoa eskolan egiteko, eskolan matrikulatuak baileudeke. 

Goiriak ‘flexischooling’-aren bidea proposatzen du etxean hezteak Espainiako Estatuan lege aldetik duen babes gabezia konpondu ezean, baina baita eskola-porrotaren kopuruak jaisteko ere: “Haurrek ez dute nahi egun osoa eskolan eman, eta horrek desmotibazioa eta eskola porrota ekartzen ditu”.  

-----

Espainia, Alemania eta Grezia,  etxean hezteko leku okerrenak

 

 

‘Homeschool’ fenomenoa herrialde anglosaxoietan abiatu zen, eta lehen urratsak AEBetan egin zituen. 70 eta 80etan etxean hezteko lehen materialak publikatu zirenean, hainbat estatuk debekatu egin zuten etxean heztea eta besteetan ere mehatxu ugari jaso zituzten sendiek, guraso-agintea kentzea barne. Gaur egun, ordea, AEBetako ia estatu guztietan legezkoa da etxean heztea. Hurrena, Europako herrialde anglosaxoi eta nordikoetan zabaldu zen fenomeno hau. Gaur egun Europako herrialde gehienetan aitorpen juridikoa du etxean hezteak, eta Goiriaren arabera, horrek asko errazten du familiaren egoera. 

 

Etxean hezteko mugimendu europarrak AEBetakoak baino konnotazio laikoagoa du. Egoera ere oso desberdina da herrialderik herrialde, eta etxean hezteko lege aldetiko babes gabezia handiena Alemanian, Espainian eta Grezian daukate.  Lege aldetik, betidanik onartu dute etxean heztea honako herrialde hauek: Frantziak, Belgikak, Danimarkak, Irlandak, Italiak, Luxenburgok, Norvegiak, Suitzako zati handi batek eta Erresuma Batuak. Lehen ez bezala, gaur egun baimendua dago Austrian. Espainian, Grezian, Herbeheretan eta Suitzako bi kantonamendutan ez dago legez debekatua, baina babesik ere ez du, eta ondorioz, etxean hezteko aukerak oso murritzak dira. Hona hemen, hainbat kasu:

 

Alemania: eskolatzea derrigorrezkoa da 6 urtetik 18 urte bitartean (biak barne). Legez kanpokoa da etxean heztea. Hala ere, gaur egun 400 familia inguruk hezten dituzte haurrak etxean, eta ia guztiak prozedura judizialen pean daude, edo modu klandestinoan egiten dute. 

Belgika: etxean heztea legezkoa da. Legislazioaren arabera, etxean heziak izango dira haur guztiak ‘homeschooler’ gisa erregistratu behar dira ikasturte hasieran. Haur horiek gai izan behar dute eskolan lantzen den gaien inguruko edozein galderari erantzuteko, nahiz eta oso gutxitan egiten diren gisa horretako azterketak. 

Finlandia: Gurasoek etxean hezteko askatasuna dute, Finlandian hezkuntza derrigorrezkoa baita, baina ez eskolatzea. Estatuak jakintzak barneratu izana gainbegiratzen du, eta derrigorrezko azterketak egiten dizkiete haurrei.