Jolasa oso kontu serioa da

2013-07-11

Zaila da haurrak olgetan sentitzen, gozatzen eta ikasten duena neurtzea. Teoria-mailan onartua dago jolasak haurraren garapenean berebiziko garrantzia duela, baina praktikan, gaur egun, espazioa eta denbora kendu dizkiogu haurrari olgetarako.

 


 
 
Jolasa oso  kontu serioa da

 

Gortinaren atzean, isilik, mugitu gabe, arnasa ere bilduta daukan umeari jatea ere ahaztu dakioke, buru-belarri jolasean kontzentraturik dabilelako, gustura, pozik. Jolasten ari den haurra orduantxe baitago asebeterik. Hura emozioa, barreak, algarak adiskideak gortinaren atzean topatu duenean!

 

Zaila da haurrak jolasten sentitzen eta ikasten duena neurtzea, jolasa esperientziak bizitzea baita. Mugimendua, abilezia, oreka, ikerketa, esplorazioa, konfiantza, arriskua, gatazka, konponketa, lorpena, harremanak, negoziazioa, komunikazioa… barnebiltzen ditu jolasak. Horregatik guztiagatik, gauza serioa da haurraren garapenerako, garapen psikomotore, intelektual, sozial eta afektibo-emozionalari berebiziko bultzada ematen baitio. Baina, oroz gain, jolasa garrantzitsua da plazera delako. Plazerak definitzen du jolasa, eta bereizten olgeta ez denetik. Eta ez dago plazera baino motore biziagorik.

 

Hain da gauza serioa haurraren jolasa, ezen eskubide bat dela. Nazio Batuen Erakundeak babestu egin zuen Haurren Eskubideen Konbentzioan, 1989an. 31. artikuluak berretsi egiten du haurren jolasteko eskubidea.  Kultura guztietan haur-tzaroko ekintza esanguratsuena da, eta gainera, gizateriaren antzinatetik jolasten dira haurrak; ez dira, ordea, jolasten diren animalia bakarrak, beste ugaztun batzuk eta hainbat hegaztik atsegin dute olgeta. 

 

Hazi Hezik Huhezi eta EHUko psikologia irakasle banari, Iñaki Larrea eta Maite Garaigordobili, hurrenez hurren, eta Urtxintxako Jaime Altunari eta Zarauzko Salbatore Mitxelena ikastolako andereño Kontxi Aizarnari galdetu die jolasaz. Denek diote haurraren garapenean eta norberaren eraikuntzan jolasak berebiziko garrantzia duela,  olgeta haurrarentzat ongizatea dela, eta ekintza horrek soilik azal dezakeela haur batek bere bizitzako lehen urteetan bizi duen garapen osoa. “Ederra da ikustea 2 urteko haur batek nolako ahalegina egiten duen trenak elkar kateatzen —azaldu du Aizarnak—, eta beste bat nola etortzen zaion hari laguntzera; gero hirugarren bat etorri eta animaliak jartzen ditu trenean, eta jolas berri bat sortuko dute hiruren artean; laugarren batek plastilinarekin jaten emango die trenean doazen animaliei, baina, bati ez zaio gustatuko, eta negoziatu egin beharko dute: trenean animaliak bai, baina jana ez. Jolasak ikaragarrizko aukerak ematen ditu autoestimua, konfiantza, harremanak... garatzeko”.

 

Larrearen arabera, haurrarentzat jolasa ingurunearekin hartu-emanetan jartzeko baliabidea da. “Jolasaren bidez, haurrak aukera dauka bere burua zein ingurua, fisikoa zein soziala, ezagutzeko”. Munduarekin topo egiten du haurrak, misterioz, arriskuz eta abenturaz beteriko harreman kitzikagarri batean. Ezagutza emateaz gain, jolasa izan ohi da bere autonomia mailarik gorena erakusteko ekintza, irakaslearen arabera: “Jolasean buru-belarri sartuta dagoen haurrak autonomoki jokatzen du. Jolasak, gainera, haurrak bere sentipenak, usteak eta interpretazioak agerian uzteko balio du: jolasak balio dezake haurraren munduaren ikuskera azaleratzeko”. Olgeta, plazer iturri izateaz gain, “askatasuna, prozesua, fikzioa eta zerbait oso serioa da”, adierazi du Maite Garaigordobilek. “Jolasa askatasuna da. Gogozkoa eta borondatezkoa da, libreki aukeratua eta ez du kanpoko inposiziorik onartzen”. 

 

Haurrak aske sentitu behar du nahi duen gisa jokatzeko, eta jokatuko duen rola aukeratzeko, objektuek berak nahi duena irudikatzeko”. Plazerarekin batera, fikzioak ere definitzen du jolasa, “banintz, bazina, bagina, balitz bezala” errealitatearen balizkoa egitea da jolasa, fikzioaren kontzientzia izatea, makila bat zaldi gisa erabiltzea, goilara hegazkin gisa… Oroz gain, jolasa prozesu bat da, Garaigordobilentzat, “beste helburu bat lortzeko tresna baldin bada jolasa, orduan ez da jolasa izango”.

“Horregatik guztiagatik, jolasa oso gauza serioa da”, dio EHUko irakasleak. “Jolaseko trebeziak eta abileziak, asmatzeak eta lortzeak haurraren autoestimua sendo-tzen dute, eta haurraren nortasuna autoafirmatzeko mekanismo bat da, helduarentzat lana den gisan”. 

 

Aizarnak azaldu du jolasak nola laguntzen duen haurrarengan autoestimua garatzen eta euren artean konfiantza sortzen: “Eraikuntzako piezekin adibidez. Helduak esaten ez badio zer egin behar duen, ‘nola’ jolastu behar duen,  haurrak esperientzia ugari bizitzeko aukera izango du jolasean: piezak lerroka-tzen hasiko da; gero, inork ezer esan gabe, sailkapenak egiten hasiko da, gorriak gorriekin, berdeak berdeekin... ondoren, bata bestearen gainean jartzen saiatuko da, enkajatuz, indarra neurtuz... (horrek guztiak psikomotrizitate aldetik esan nahi duenarekin). Dorreak oreka galduko du, eta igual erori egingo zaio, saia-tzen da beste era batera... halako batean konturatzen da pieza txikia jarri duela oinarrian, eta zabalago bat jartzen badu eutsiko diola. Berak hasieran hipotesi bat egin du eta gero probak egiten joan da. Esperientzia horrek guztiak erakusten dio haurra gai dela egiteko, eta gainera, gero, ondoan duen helduari eraku-tsiko dio, ‘begira zer egin dudan’”.

 

“Haurraren garapen integralaren giltza jolasa da”, dio Garaigordobilek. Jolasa haurrarentzat bizitzeko beharrezkoa da, haurrak ekintza, objektuak maneiatzea, harremanak izateko beharra baitu, eta hori guztia eskaintzen dio jolasak. Jolasa ez dio soilik bere burua adierazteko aukera ematen, baizik eta bere burua ezagutzeko, esploratzeko eta sentitzeko aukera ematen dio. “Ekintza ludikoak haurtzaroan zehar pentsamendua garatzen lagunduko die umeei, euren beharrak ase-tzen, eta esperientzia traumatikoak lantzen eta gainditzen, tentsioak gainetik kentzen, esploratzen eta deskubritzen, sortzearen poza eta gozamena emango dizkio. Ekintza ludikoa, prebentiboa, garapenekoa eta terapeutikoa da”.

 

Jolasa mugatu egiten da

Jolasaz teorizatzean, gaur egun onartua eta aitortua dago jolasaren balioa, baina maila teorikotik praktikara paradoxa batekin aurki-tzen garela dio Altunak. “Duela ehun urte jolasaren inguruan ez zen teorizatzen, baina haurrek kalean ordu asko pasatzen zuten jolasean. Gaur egun, aldiz, unibertsitatean asko hitz egiten da haurren jolasari buruz, psikologia eta pedagogia arloetan onartua baitago jolasaren garrantzia, baina kalean gutxiago ikusten dira haurrak jolasten”. Duela hainbat urte, Urtxintxa jolas bilketa egiteko adineko gizon-emakumeengana joan zen umetan nola jolasten ziren galdetzeko, Altunak kontatu duenez: “Lehenik harritu egiten ziren, haientzat jolasak ez baitzuen halako garrantzirik. Eta gero, esaten ziguten beraiek ez zirela jolasten txikitan, lanean aritzen zirela beti. Orduan konturatu ginen ez genuela horrela
galdetu behar, jolasei buruz zuzenean galdetu behar geniela, intxaurrena edo zuhaitzena aipatzen genizkien, eta orduan bai, kontatzen hasten ziren. Konturatu ginen jolas pilo bat zituztela eta ordu asko pasatzen zutela jolasten. Baina haien-tzat jolasak ez zuen baliorik”.

 

Aizarnak ere kontraesan bat ikusten du teoria mailan jolasari haurtzaroaren garapenean aitortzen zaion garrantziaren eta praktikan haurrek jolasteko eta haurtzaro hori bizitzeko dituzten aukeren artean. Gaur egungo jendarteak jolasari espazioa eta denbora kendu dizkiola uste dute bi hezitzaileek. Espazioari dagokionez, jolasa parkeetara murriztu dela ikusten du Altunak: “gaur egun, etxe atarietan eta kalean, jolasean, ia ez da haurrik ikusten, haurrak oso leku zehatzetan jolasten dira”.  Gainera, badirudi, batzuetan helduei haurrak kalean jolasean ibiltzeak molestatu egiten digula, traba egiten digula. Azken batean, gurea gizarte zaharra da”. Nonahi ikus daitezke baloia, pilota edo bestelako “jolas arriskutsuak” debekatzen dituzten afixak gure herrietan, txirrindua debekatzen dutenak, edo oro har jolasak debekatzen dituzten afixak. Debeku horiek, alabaina, ez dira legezkoak, legez babestutakoa haurraren jolasa baita. “Ohitu egin gara trafikoaren zaratara, alarma eta sirenetara, eta aldiz, kexu gara haurrek zarata egiten dutelako, eta molestatu egiten dutelako”.

 

Denborari dagokionez ere, oraindik heldu askori jolasa denbora galtzea dela iruditzen zaiola dio Altunak. “Haurrak heldu izateko prestatu behar ditugula iruditzen zaigu, eta presio handia dago horretarako; denbora librea jolasten
pasatzea batzuetan zaila da, eta gaizki ikusia dago arratsalde osoa jolasten ematea”. Larrearentzat akats handi bat jolastea denbora galtzea dela pentsatzea, jolastea denboran galtzea baita. Irakaslearen arabera, Lehen Hezkuntzan dagoeneko, hasten dira jolasa mugatzen duten jarrerak, hau da, jolasari garrantzia kentzen eta ikasketa formalari eta instrukzioari garrantzia ematen diote helduek (irakasleak zein gurasoak). Hori akats bat da, irakaslearen aburuz: “Garapen motorrean, kognitiboan, sozialean, afektiboan edo hizkuntzan onurak badakartza, zergatik eten jolasa?”. Are gehiago, jolasteari uzten zaionean arazoak azaleratzen hasten direla nabarmendu du Huhezikoak, nerabezarotik aurrera bereziki.  Eta psikomotrizista eta psikologo askok arazoren baten indiziotzat hartzen dute haur batek jolasten ez duenean, jolasteko gai ez den haur batek arazoren bat izan bailezake. “Horregatik guztiagatik, gehiago jolastu beharko genuke, baita helduok ere”.

 

Aizarnak izan ditu jolasten ez zekiten umeak ikastolan. “Teknologia berriekin soilik jolasten dakitelako, edo gurasoek gehiegi babestu dituztelako, badira jolasten ez dakitenak, eta ume horiek arazoak izaten dituzte besteekin harremanak izateko eta konfiantza eraikitzeko. Nola  jolastuko da beste haur batekin medikutara jolasten ez dakien haur bat?”.

 

Helduaren rola olgetan

Jolasak esperientziak bizitzeko aukerak ematen dizkio haurrari, akatsak egitekoa eta arrakastak lortzekoa. Jolas libreak autonomia esan nahi du, arriskuei aurre egitea, arazoak konpontzeko aukera izatea, eta arazoak euren kabuz konpon-tzeak ematen duen satisfazioa esperimentatzeko aukera bizitzea. Beraz, aditu guztiak bat datoz, haurrari esperientzia horiek bizi ditzan aukerak eman behar dizkiola helduak, libre jolasteko aukerak. Hortaz, zein da helduaren rola jolasean?

 

Aizarnaren aburuz, helduaren egitekoa “segurtasun afektiboa eta fisikoa eskaintzea da, eta material eta espazio aproposak haurraren eskura jartzea, umeak nahi dituenak aukera ditzan. Eta baldintza, minik ez ematea eta ahal dela ez hartzea izango da”. Horrez gain, helduak “dena dakienaren roletik” erantzi behar du jolasean, “ohitura daukagu haurrei nola jolastu behar duten azaltzekoa, baina ume bati uzten badiozu material ugariak eta egokiak bere eskura, eta espazioa, gauza ederrak egingo ditu. Helduok bitartekoak jartzen badizkiogu, umeak berak garatuko du bere gaitasuna”. Haurra jolasean ere errespetatua eta ulertua sentitu behar duela dio Aizarnak, eta ondoren, jolasean bizi izandako horren inguruan hitz egitean asko laguntzen diela euren ondorioak ateratzen eta egunez egun arazotxoak gainditzen.

 

“Helduak parte hartu dezake eta parte hartu behar du ekin-
tza ludikoan”, dio Garaigordobilek, “rol ludiko batetik, parte hartzaile, ekintzaz gozatuz eta jokalariekin interaktuatuz”. Jolasa komunikabide eraginkor gisa ikusten du helduen eta haurren artean, baina helduekin, familiarekin, haurrideekin, haurrekin eta bakarka jolastu behar dutela dio EHUko irakasleak. “Jolasa soziala da, eta ikaragarrizko balioa du bai berdinkideekin nahiz helduekin harremantzeko”. Helduen eta haurren arteko jolasa, oso txikitatik hasten da gainera, lehen hilabeteetatik, ezkutaketak, eskuen jolasak, goilara hegazkin bihurtu eta aireportura (haurraren ahora) doanekoa eginaz… Garaigordobilek jakinarazi
duenez, haurren eta gurasoen arteko harremana gozamenezkoa den kasu askotan jolasa egon da oinarrian. “Gainera, haurren eta seme-alaben artean lotura estua dagoenean haurrak seguru sentitzen dira atera eta mundua esploratzeko, eta horretan jolasak asko laguntzen du”. 

 

Helduak ere jolasean plazera bilatu behar duela dio Altunak, hori baita jolasaren funtsa, “ez duena egin behar da jolas osoa baldintzatu; jolasaren ezaugarri bat da arautua dela, denon artean adostua dela”. Parte hartzen ez duten kasuetan ere, bereziki haur txikienen kasuan, lasaitasuna eman dezake heldua alboan edukitzeak. “Baretasun emozionala eman diezaioke helduak —dio Larreak—. Baina, baretasun hori ziurtatuta dagoela eta haurrak helduaren partaidetza eskatzen ez duen kasuan, helduok ez genuke modu sarkorrean murgildu behar”. 

Aditu guztiak bat datoz, helduak ez duela zaintzailearen edo kontrolatzailearen rola hartu behar. Garai batetik hona aldaketa sumatu du Altunak, gaur egun umeak uneoro helduen zaintzapean jolasten baitira: “Jolas librea gutxitu egin da, helduen interbentziorik edo kontrolik gabeko jolasa murriztu egin da, baina haurrak saiatzen dira ezkutalekuak bilatzen, eta ahal duten guztia jolasten, horixe baitute berezkoa”. Francesco Tonucciren hitzak ekarri ditu gogora Altunak, “‘jolastu’ aditza ez da bateragarria ‘zaindu’ eta ‘kontrolatu’ aditzekin; ‘jolastu’-k ‘utzi’ behar du ondoan. “Akaso —dio Tonuccik— helduoi plazera ematen diguten ekintzetan nahiko al genuke inor zaintzen, behatzen, kontrola-tzen egotea?”. Altunak beharrezko ikusten du helduak jabetu daitezen haurrak libre jolasteko denbora eta espazioa uztea garrantzitsua dela. “Jolasteko tokiak eta espazioak edukitzeak garrantzia handia du norberaren garapenean, baina baita talde moduan garatzeko ere. Jolasak gizarte baterako garrantzi handia du. Haurrak jolasten ikusteak arrasto asko ematen ditu kultura horri buruz”.

NOLAKO JOLASAK,
HALAKO JENDARTEA

Jolas biolentoak, lehiakorrak, kooperatiboak... Haurren jolasek informazio asko ematen dute jendarte horren balioen inguruan. Hala dio Altunak: “jolas kooperatibo asko egiten bada, horrek pistak emango dizkigu gizarte horri buruz, ondorioak izango baititu gizarte hori antolatzeko garaian, eta jolas konpetitibo asko egiten badituzte ere, gizarte horren balioei buruzko informazioa izango dugu”.

 

Maite Garaigordobilek jolas kooperatiboen inguruan egin zuen bere tesia. Jolas horiek komunikazioa, kohesioa eta konfiantza bultzatzen dituztela dio, balio lehiakorren aurrean. “Norbere burua onartzea, lankidetza eta partekatzea dira jolasaren oinarriak, elkarrekin jolastea eta sortzea”. Hiru ezaugarri dituzte jolas kooperatiboek: Batetik, parte har-tzea: jolas kooperatiboetan jokalari guztiek parte hartzen dute, eta inor ez da jokotik kanpo gelditzen, eta inork ez du galtzen; helburua taldeak helmuga iristea da eta, horretarako, taldekide guztien rolak du garrantzia. Bigarren ezaugarria komunikazioa eta lagun arteko interkzioa da: jolas kooperatiboek komunikazioa bultzatzen dute, entzun, hitz egin, erabakiak hartu eta negoziatu egin behar dute parte hartzaileek, era konstruktiboan, positiboan eta taldekide guztien artean. Hirugarren ezaugarria lankidetza da: helburua bera eta elkarrekin erdiesteko, batak besteari laguntzeko dinamikak bul-tzatzen dituzte.

 

Jolas kooperatiboetan parte har-tzaileen helburuak norabide berean doaz, beraz norberak bere helburua lortuko du taldeak berea lortzen duenean. Aldiz, jolas lehiakorretan batek helmuga iristen duenean amaitzen da jokoa. Guztien rolak du garrantzia jolas kooperatiboetan, “eta horrek norbere burua eta taldekide guztiak onartzea dakar, norbere irudia eta taldearena positiboki eraikitzen laguntzen du”.

 

Ikerketen arabera, taldekideen artean mezu baikorrak gailentzen dira jolas kooperatiboetan, eta ezkorrak gutxitzen. Laguntza, lankidetza, partekatzea eta jarrera baikorrak eta asertiboak bultzatzen ditu lagunen artean. Jarrera sozial negatiboak (oldarkortasuna, setakeria, apatia, axolagabekeria, uzkurtasuna, antsietate-lotsa, jarrera antisozialak) murrizten ditu. Interakzio eta harreman fisiko positiboak bultza-tzen ditu, eta negatiboak apaltzen. Adibiderako, aulkien jokoa aipatu du Garaigordobilek: haurrak eliminatu barik, aulkiak kendu litezke, eta jokalariak dauden aulkietan eseriko dira, bata bestearen gainean. Bestea bezain dibertigarria da eta eliminatua izatearen tristeziarik gabe. Talde izaera sendotzen laguntzen du. Norbere eta taldekideen onarpena errazten du, eta  norberari eta besteei buruzko irudia hobetzen. Irakaslearen hitzetan, “irudimen apur batekin” joko arauak aldatu eta edozein jolas lehiakor tradizional kooperatibo bilaka dezakegu.

 

Lehiakortasunak, normalki, dibertimendua eta plazera zapuzten ditu, jokalariek ez baitute dibertitzeko jolas egiten, baizik eta saria jasotzeko, eta porrot egitearen beldurrak tentsio handia sortzen du, eta dibertimendua zailtzen du. Huts egitean jokalariak kanporatu, zigortu edo eliminatu  egiten duten jolasek, abilezia gutxiago dutenak bazter-tzen ditu, eta arbuio eta gutxiespen sentimendua eragiten eta autoestimua kaltetzen. Gainera, eliminazioak esperientzia berriak bizitzeko aukera kentzen dio jokalariari eta, era horretan, ez du bere abileziak hobetzeko aukerarik. 

 

Jolas kooperatiboei bezala, jolas libreari berebiziko garrantzia ematen dio Garaigordobilek, “haurraren sormena estimulatzen duelako”. Jolas librea haurraren iniziatibatik sortzen den jolasa da, bere gorputzarekin, objektuak manipulatuz, jostailuekin, naturako elementuekin edo mugituz egin dezakeen jolasa da, euren erritmoan eta euren erara, araurik, mugarik eta zurruntasunik gabea. “Nahi duelako aukeratzen du jolas molde hori haurrak, eta bakarrik, lagunekin edo helduarekin jolas daiteke, beti ere, inoren agindurik gabe”. 

 

Haurtzaroko ekintza ludiko guztiek  giza garapenaren prozesu desberdinak estimulatzen dituztenez, oso garrantzitsu ikusten du haurrek jolas anitzetan jolastea bai haur-tzaroan eta baita nerabezaroan ere. “Beti ere jolas horiek kalean edo naturan egitea garrantzitsua izango da, kaleak indar sozializatzaile handia baitu, eta naturan jolas egitean, bestetik, espereintzia esttiko eta emozional positiboak bultzatzen ditu”. 

 

Altunak eta Larreak ere naturan eta kalean jolastearen garrantzia aldarrikatzen dute. Larreak azaldu du Europan Haurtzaroaren Hezkuntza Erakundeen Elkartetik ikastetxeetan naturan edo kalean jolasteko ekimenak bultzatzen ari direla, eta Norvegiako adibidea jarri du: “Norvegian, neguan eskola orduen % 31 gelatik kanpo ematen dute; udan, berriz, % 70 inguru”. Naturan haurrek garatzen dituzten harremanak hirian garatzen dituztenetatik ezberdinak direla dio Altunak. Horren aurrean, hiriako parkeetan gune naturalak uztearen proposamena egiten du, espazio zulodunak, aldapatsuak, zuhaizdunak, lokaztuak, ezkutalekuekin…

 

Urtxintxako hezitzaileak gogoan ditu alabarekin parkean igarotako orduak. “Parkeak bazuen ondoan mendixka bat, zuhaitzekin eta ezkutalekuekin, eta nik dudan oroitzapena da  helduok banku batean egoten ginela eserita kanpoan eta ia ez genuela alaba ikusten, ogitartekoa edo ura hartzeko soilik etortzen zela gugana. Gure erreferentzia bazuen, baina bilatzen zuen tokia, ezkutatu eta lagunekin jolastekoa, gugandik ahalik eta urrutien eta ezkutuen jolasteko. Utziz gero, bilatzen dituzte euren lekuak”.

 

Batzuek parkeak haurren gozamenerako paradisu gisa ikusten dituzten arren, beste batzuek diote
—besteren artean, Tonuccik— parkeak haurren zaletasunen antipodetan daudela. Haurrei ezkutatzea, hara eta hona igotzea, korrika egitea… gustatzen zaie, edota urarekin, harearekin, harriekin, belarrarekin jolas egitea. “Parkeko aktibitateak errepikakorrak eta hutsalak dira, kulunkatzea, irristatzea, edo biratzea, haurrak hamster baten antza izango balu bezala, eta ez esploratzaile, ikertzaile edo asmatzaile batena. Helduak pentsaturiko jokoetan eta helduak pentsatu bezala erabili beharreko jostailuak dira. Eta haurrak berehala aspertzen direnez, jostailu horiei erabilera berri bat emateko, buruz behera irristatzen dira txirristan, jauzi egiten dute mugitzen ari den zaldiko-maldikotik…”

 

Jostailuekin ere parkeen antzera gertatzen da:  helduak, sarri, uste du haurrak jostailua behar duela jolas egiteko. Baina Altunak argi dio jostailua ez dela jolasa, eta jostai-luek ez dakartela derrigor jolasa. “Jolasteko ez da behar jostailurik, eta jostailurik gabeko jolas asko dago. Jostailuena helduon kontua da askotan. Gero eta jostailu sofistikatuagoak ematea, gizartearen isla da”. Larreak Eguberrietan etxe askotan gertatzen den irudia gogoratu du: “Olentzeroren etorrerarekin sekulako jostailu pilarekin elkartzen da haurra, eta gertatu izan da haur horrek nahiago izatea jostailuen kaxa hutsekin ibiltzea, dorrea egiten,kutxen barruan sartzen, kutxekin txirrista modua sortzea… horrek zer pentsa ematen du”. 

 

Jolas teknologikoak

Gero eta jostailu zabalduagoak dira pantaila-jolasak edo jolas teknologikoak,  haurrak gero eta garaizago hasten baitira kontsola, ordenagailu, sakelako edo iPadarekin, “azken batean, jolas guztiek garaian garaiko teknologien zigilua daramate”, dio Garaigordobilek.

 

Jolas teknologikoekin ere paradoxa baten aurrean aurkitzen gara gaur egun. Bestelako jolas mota batzuei baino kutsu negatiboagoa ezartzen die helduek, baina gero denbora luzez uzten ohi dituzte umeak pantailen aurrean jolasean. Bai Altunak eta bai Garaigordobilek jolas horiek zabal ditzaketen baloreei begiratu diete: “Batzuek hezkuntza balio oso positiboak dituzte, hala nola Ships jokoak, non jokalariak munduan zehar nabigatzen duen Google Earthen eszenategietan; edo EfficienCity, hiri garbi eta energetikoki eraginkorra den hiri bat ezagutzeko Greenpeacek sorturiko jokoa. Haatik, beste joko asko indarkeria bultzatzen dute”. Ados dago Altuna, “jolas askok kontuz ibiltzeko baloreak dituzte”, eta horixe gomendatzen diete bi adituek gurasoei. “Balio positiboak bul-tzatzen dituzten jolasak ezagutzea garrantzitsua da, jarrera sexistak, xenofoboak, biolentoak bultzatzen dituzten joko ezagunen aurrean”. Hala ere, bideo joko eta ordenagailu bidezko jokoen erabileran (ez bada balio sexistak, biolentoak edo arrazistak dituztela) ez dute kalterik ikusten; bai ordea, gehiegizko erabileran. 

 

Altunak zehazten du, halaber, pantaila-jolasekin kontuan izateko elementua dela alderdi motoreari eragin diezaiokeen kaltea, hau da alderdi kognitiboa –burua- oso estimulatzen duten bitartean, gorputz mugimendurik ez dago apenas. Eta Aizarnak zera eransten du jolas teknologikoei buruz: “Makina batek inoiz ez dio emango ume bati pertsona batek eman diezaiokeen goxotasuna, ulermena, maitasuna, konpartitzeko aukera. Inoiz ere ez”.