NEREA MENDIZABAL: "Komunikazio Ez Bortitzaren helburua haurrarekin konektatzea da, ez ezer aldaraztea"

2016-10-26

Begirada kontua da. Haurraren —bestearen— parean jartzea. Norberarena eta bestearena kontuan hartzea, zaintzea. Eta sintonizatzea. Zigor, mehatxu eta xantaietatik harago harremantzeko bide bat defendatzen du psikopedagogoak.

 
 
NEREA MENDIZABAL: "Komunikazio Ez Bortitzaren helburua haurrarekin konektatzea da, ez ezer aldaraztea"

Hamaika ikastaro eman ditu han hemenka Nerea Mendizabal psikopedagogoak Komunikazio Ez Bortitzaren inguruan. “Horietako bat egin nuen eta irakasle lanetan eta amatasunean puntu eta aparte bat izan zen; klik egin nuen”. Irakasle horrek Mendizabali buruz esandakoek eman diote aitzakia elkarrizketa honi:

Komunikazio Ez Bortitza (KEB) da zuk planteatzen duzun eredua. Zer da zehazki? Zertan oinarritzen da?

KEBren helburu nagusia erlazio-kalitate bat eraikitzea da, non denen ikuspuntuak zainduko diren. Komunikazio bortitza erabiltzen dugunean, boterea daukan horrek berearekin irten nahi du, berea kontuan izango du, baina bestearena ez. KEBean boterea erabiliko dugu, baina ez da gainbotere bat —mehatxuekin, exijentziekin, zigorrekin...— , bion aldeko botere bat baizik: Nire eta zure botere guztia erabiliko dugu bion beharrak kontuan izan eta asetzeko. KEBk gure barruan espazio bat sortzea eskatzen du. Bertan egoera konkretu bakoitzean gertatzen zaiguna ulertzen saiatuko gara, niri zer gertatzen zaidan haurrak nik nahiko nukeena egiten ez duenean eta egoera horretako bere bizi esperientzia ezagutzen saiatuko gara. Aldi berean, niri zer pasatzen zaidan ere ulertzen saiatuko naiz. Behin bioi zer pasatzen zaigun ulertzen dugunean, orduan ate gehiago irekiko zaizkigu bai zurea eta bai nirea zaintzeko.

KEB gatazka egoera askotan erabil daiteke, gizarte-mailan, bikotean... baina umeekiko harremanean bada faktore desberdin bat, agian zailagoa dela bestearen beharrak identifikatzea.

Guraso edo hezitzaile bezala, esan izan zaigu autoritatea garela eta sinetsarazi zaigu helduok dugula boterea —botere praktikoa, fisikoa, funtzionala eta psikologikoa—, eta, gainera, esan digute guk hezi behar dugula ume hori, ze ume hori hezi gabe dago eta forma eman behar zaio. Beraz, helduak uste du justifikatua daukala botere hori erabiltzea haurra hezi behar duelako edo haurraren hobebeharrez. Hori da esan zaiguna eta egiten dakiguna.

KEB esaten ari zaigu biona zainduko duen erlazio-kalitate bat sor dezakegula, eta hor umeak ez dira gutxiago; umeak pertsonak dira, gizakiak dira, eta beren beharrak dituzte, beren bizipenak eta emozioak. Eta hori dena kontuan hartuz heztea da helburua.

Gizakiok, gizaki garen neurrian, bestearen ongizatean laguntzeko beharra daukagu, hori klabe unibertsal bat da, eta umeak ere hala nahi du; gurasoaren, hezitzailearen ongizatean ekarpena egin nahi du. Adibidez, marrazki bat oparitzen digunean, edo ahateari ogia botatzen dionean ordainetan ezer espero gabe. Behar hori guztiok daukagu. Baina ematera behartzen gaituztenean, edo egin nahi ez dugun zerbait egitera derrigortzen gaituztenean —“hau egin beharko zenuke; hau egiten ez baduzu... hau ez duzunez egin... besteak egiten du zuk egin beharko zenuke...” hau da, mehatxu, zigor, xantaia, konparaketa etabarren bidez— gogoa kentzen zaigu; helduoi bezala umeei, eta errebelatu egiten gara. Gizaki bezala horren aurrean erreakziona-tzeko jaio gara. Gainera, guraso batek zerbait lortu nahi duenean —umea dutxatzea, ordurako janztea, jatea, ematea, konpartitzea, ez jotzea, ez iraintzea...— mehatxuak, exijentziak, kritikak, erabiltzen dituen neurrian, besteari gogoa kentzeaz gain, bestearengandik urruntzen ari da. Hortxe dago beste klabe bat. Niri pertsona batek zerbait aldatzeko eskatzeko zigorrak eta mehatxuak erabiltzen baditu... harekiko harremana kaltetzen da. Hau lege unibertsala da. Helduari min egiten dionak, urruntzen duenak, gaizki sentiarazten duenak, umilia-tzen duenak... umeari ere eragiten dio. Eta kuriosoa da, gehien maite dugun erlazioa eta gertuen nahi dugun pertsona baita.

Zergatik sortu nahi dugu KEBak dakarren harreman-kalitate hori? Batetik, askoz ere gertuago egon gaitezkeelako bestearena ere kontuan hartuz, ezagutu eta irtenbideak bilatzeko; eta bestetik, harreman hori asko inporta zaidalako eta zaindu egin nahi dudalako, eta badakidalako mehatxu, zigor, eta epaiketen bidetik joaten banaiz, harremanean zauriak irekitzen ari naizela.

Nola iritsi zinen zu zeu honaino?

Nik Psikopedagogia eta Gizarte Lana ikasi nituen, baina gaur egun maila pertsonalean eta profesionalean erabiltzen dudana ez dut ikasketa horietatik erreskatatzen; karreran enpatia eta asertibitatea teorikoki ikasiko nituen, baina ez nuen jaso gehiago. Amatasunarekin topatu nintzen nire muga, desesperazio eta gabeziekin, eta horien aurrean beste helduleku batzuk bilatu nituen. Haur masajeko hezitzaile egin nintzen, Esnearen Ligan ere banengoen, eta komunikazio ez berbalarekin, kontaktuaren bitartez eta presentziaren bitartez hutsune batzuk bete nituen arren, ahozko komunikazioan mugak nituela ikusten nuen. Hainbat liburutan topatu nituen erantzunak, baina Marshall Rosenbergen KEB ezagutu nuenean argi ikusi nuen hor zegoela bilatzen nuen gakoa. Hortik aurrera, batik bat Madrilen formatzen ari naiz, buru-belarri sartuta.

Guraso eta haurren arteko komunikazioan zein hutsune ikusten dituzu nagusiki? Komunikazio parekidea posible da ala gurasoa beti dago posizio boteretsu batean?

Parekidea esatean gaizki ulertu daiteke, eta permisibitatean egon daitekeen kolegeo horrekin nahastu daiteke... Guraso izanagatik berdintasunean oinarritutako harreman bat nahi badugu, pertsona bezala berdintasunean tratatuak izan nahi dugula esaten ari gara, guraso garela ahaztu gabe. Guraso edo irakasle izateak ez gaitu jartzen haurraren gainetik, nik gurasoaren edo irakaslearen rola daukat, eta zu pertsona bezala tratatuz bete nahi dut rol hori, erreferente izan eta ardurak bete nahi ditut zurea kontuan izanik.

Hainbat haziera eta heziketa eredu izan ditugu, autoritarismoa urte askoan, eta ondotik erabateko permisibitatera joan gara. Zu zeu non kokatzen zara? Zer arrisku ikusten dizkiezu aurreko bi ereduei?

Lerro zuzen bat eginez gero, mutur batean autoritarismoa jarriko genuke eta bestean, permisibitatea. Autoritarismoak botere bat erabiltzeko, bestearen gainean jartzen den botere hori erabiltzeko esaten digu; helduak daki zer dagoen ondo eta zer dagoen gaizki. Helburua garbi dauka helduak: bere ikuspuntutik haurra moldatzea edo aldatzea. Helburu horretara iristeko estrategia asko dauzka eskura: zigorrak, derrigortzea, inposatzea, mehatxua, xantaia, errudun sentiaraztea, epaitzea, etiketatzea, konparatzea... Eta horrekin guztiarekin nora iristen gara? Bi aukera daude: edo haurrak egiten du edo ez du egiten; nirearekin irteten dut edo berearekin irteten du. Orain, nik honako arazo hau ikusten diot: haurrak hortzak nik mehatxu egin diodalako garbitzen baditu, nirearekin irten dut, baina ze preziotan? Haurrak beldurragatik, saria jasotzeko... garbitu behar ditu hortzak? Haurrak era batera edo bestera jokatzeko daukan motibazioa kanpo motibazioa denean —zigorra, saria...— bai, ados, autoritarismoak funtzionatzen du, funtziona-tzea baldin bada nik momentu konkretu horretan nahi dudana lortzea. Orain, funtzionatzea deitzen baldin badiogu haurrak gauzak egitea berari irteten zaiolako, gustuz, nirea ere kontuan hartzen duelako, berak ere zentzua bilatzen diolako eta epe luzera ere horrela egiten jarraitu nahi duelako... orduan ez du funtzionatzen, ze gaur mehatxu bat egiten badiot, bihar mehatxu handiagoa bota beharko diot, eta hau eskalada bat da.

Eta horrez gain, funtzionatzen badu, helburua lortzen badut eta nirearekin irteten badut, haurra sometitu egiten da, erresignazio bat dago. Hori da gure seme-alabentzako nahi duguna? Zer-nolako seme-alabak nahi dituzten galdetzen diedanean gurasoei, gehienek esaten dute segurua, askea, kriterio propioa duena, alaia, bestearekin enpatizatzen dakiena, bestea kontuan hartzen duena, erresputuduna etabar nahi dutela. Eta, zigortzearekin, mehatxatzearekin, epaitzearekin, derrigortzearekin... ari naiz haziak jartzen askea izateko, errespetuz joka dezan, besteak ere kontuan izan di-tzan, seguru eta bere buruarekin konfiantzaz jokatzeko? Gatazka batean zigorra erabiltzen badut, haurra errespetatzen ez badut, eredu argi bat ari natzaio ematen: boterea daukana bestearen gainetik jar daiteke, eta zeharka, esaten ari gara, horrelako egoeretan erabil daitekeela indarkeria, derrigortu daitekeela, mehatxatu... Helduok egiten badugu, gure ereduarekin jokaera hori ari gara baimentzen. Gero ez gaitu harritu behar haurrak bestearen gainetik jartzeko egokiera duenean boterea era horretan erabiltzeak.

Horrela jokatu nahi ez dutenak, euren seme-alaben gainetik jarri nahi ez dutenak eta horrelako harreman bat nahi ez dutenak, batzuetan permisibitatean erortzen dira: mugarik ez, dena onartu, haurrari ez zaio ezer eskatu behar... eta azkenean mendean dagoena gurasoa da; heldua izango da haurrak nahi duen guztia egingo duena. Autoritarismoan helduak existitzen du eta haurrak ez; permisibitatean haurrak existitzen du, helduak ez.

Eta permisibitateak zer ondorio du?

Beste muturrean erortzen garenean, jokoa antzekoa da: edo zurea edo nirea; autoritarismoan nirea zen, hemen zurea da beti. Kasketa saihestearren, umeak nahi duen guztia egiten dugu, jotzen du eta uzten zaio... Haurrak erreferentzia batzuk behar ditu, kontentzio bat behar du, segurtasuna behar du, eraikitzen ari den bide horretan akonpainamentua behar du, bestela haurra galduta dago bidea egiteko. Eta hori ere umearentzako kaltegarria da. Autoritarismoa eta permisibitatea ditugu marra zuzen horren bi muturretan, nirea dago batean, bestean zurea (nirea edo zurea). Komunikazio Ez Bortitzak espazio berri bat sortzea eska-tzen du, erdian, zurea eta nirea izango dena: gurea. Aldaketa dago, edotik, eta-ra. Eta espazio hau sortu egin behar dugu, berria zaigu.

Zure eta nirea zainduko dituen espazio batean ibili nahi badugu, klabeak behar ditugu.

Espazio honetan helburua ez da egoera zehatz batean ume honengandik ezer konkretua lortzea, gure intentzioa haurrekin sintonizatzea da, konexioa, bat egitea, elkar ulertzea. Helburua ez da nik lortzea zuk orain hortzak garbitzea, ez jotzea, ikasten jartzea, jatea... Noski, horiek nahi ditut, ez dut nahi haurrak jotzea, baina lehenengo goazen konektatzera. Nire lehentasun osoa jarri nahi dut bat egiten, ulertzen. Lehendabizi, neure burua ulertzen, nire sentimenduak nireak baitira, beraz, ulertu behar dut zer ari zaidan niri gertatzen zazpi suspentsorekin etortzen zaidanean haurra; eta ondoren, ulertu nahi dut zer ari zaion haurrari pasatzen ikasten jarri nahi ez izateko edo eguna joan eta eguna etorri anaia zirikatzen aritzeko. Egunero errieta egiten badiot, “beti berdin ari zara, nahikoa da...” horrekin egoera aldatzea espero badut, jai daukat.

Komunikazio Ez Bortitzaren oinarrizko klabea, beraz, gertaera konkretu bat aldatzea baino, haurrarekin konekta-tzeko helburua izatea litzateke. Utzi momentukoa alde batera, eta jarri intentzioa deskubritzen gure artean zer ari den gertatzen.

Eta ulertze hau abentura bat bezala hartzen baldin badugu, hemendik gauza oso politak etorriko zaizkigu, ez bainaiz abiatzen bestearengana zerbait lortu nahian, bestea ulertu nahian baizik, gu ulertu nahian eta biona kontuan izan nahian baizik; eta horrek bihotza irekitzen du.

Baina nahi gabe ere baditugu helburu batzuk, haurra askea izatea, iritzi propioa izatea, segurua izatea, zoriontsu izatea... helburu horiek baztertzeaz ari zara?

Zure hitzetatik abiatuta, adibide bat jarriko dugu: nik nire semea askea izatea nahi dut, kriterio propioa edukitzea nahi dut, baina ikusten dut lagunak esaten dion guztia egiten duela. Orduan zer esan behar diot, “ez, ez duzu egin behar lagunek esaten dizuten guztia, zuk nahi duzuna egin behar duzu”? Nire intentzioa oso ona da, nire semea askea izan dadin nahi dut, baina bitartekoa ez da eraginkorra haurra benetan askea izatea nahi badut eta zer egin behar duen inposatzen badiot, laguntzeko intentzioz izan arren.

Komunikazio Ez Bortitzak lehendabizi niri zer gertatzen zaidan ikustera gonbidatzen gaitu; adibidez, “nire haurra segurua izatea nahi dudanean eta besteek esaten dutena egiten duela ikusten dudanean arduratu egiten nau, niretzako oso inportantea baita aske izatea, seguru izatea, disfrutatzea berak aukeratzen dituen gauzekin, eta nire umea bide horretatik ikusi nahi nuke”. Eta orain begiratu haurrari: “ Momentu honetan zer ari zaio pasatzen nire semeari lagunak esandako guztia egiteko? Agian nahiago du lagun zehatz horrekin momentu zehatz honetan bere nahiak alboratu eta harremana ziurtatu...”

Komunikazio Ez Bortitza aurrera eramateko gauza asko erantzi behar ditugu, eta lehenik geure buruarekiko bilaketa lan bat egin behar da. Ezker esku asko eskatzen du, autoezagutza, pazientzia...

Ezin dut esan ezetz. Orain, autoezagutza hori egitea ez da urtetako terapia egitea (horrek ere laguntzen badu ere). Helburua sintonizatzea edo bat egitea bada, noski ezagutu behar dudala neure burua, eta beharrezkoa da bestea ezagutzea ere. Baina goazen hau guztia jolas baten gisan hartzera, zeren ama edo aita bezala ez daukat lan hau egin beharrik. Orain, haurrekin batera hazi eta hezi gaitezke geu ere, oinarrizko gauza batzuk barneratuz eta praktikan jarriz. Dena den, KEBez da espazio guztiz berria. Haurra jaiotzen den momentuan naturalki irteten zaigu espazio horretan egotea. Haurra negarrez hasten denean, espresio horren atzean behar bat dagoela ulertzen du gurasoak, eta behar horiei erantzuten saiatzen da; berarekin bat egiten, azken batean.

Orduan, haurra handitzen doan heinean, zergatik zailtzen da komunikazioa?

Lehenago edo geroago, gurasooi beldur bat etortzen zaigu; batzuek hasieratik pentsatzen dute haurrak negar egiten duenean besoetan hartzen badugu gaizki ohituko dugula. Beste batzuek, haurrak urtebete edo bi dituenean, umeak toreatu egin gaitzakeela susmatzen dugu, adarra jo, berearekin irtengo dela beti, egoista bat izango dela, igual ez naizela gauzak ondo egiten ari, bestela egin beharko nukeela... eta orduan mamu asko sartzen zaizkigu. Eta egoera horretan erraza da ikasi duguna egitea, lehengo eskema autoritariora jotzea.

Naturalki irteten zait batzuetan KEB, noiz? Bat, ni baldintza onetan nagoenean, animoz ondo nagoenean, ez nagoenean nekaturik, erlojuaren mende ez nagoenean, estresatuta ez nagoenean. Eta bi, umeak erraz jartzen didanean. Badakigu espazio honetan mugitzen, eta uste baino gehiagotan egiten dugu, baina ez dakigu errekonozitzen. Baldintza kaxkarretan nagoenean edo egoera gatazkatsuetan, berriz, hori guztia nire aurka daukat eta hor tresnak behar ditut.

Esan duzu gauzak beste era batera egiteko haurraren eta norberaren beharrak eta emozioak kontuan izanik elkarbizitzeko gauza asko badakizkigula egiten, baina batzuetan heldulekuak falta zaizkigula eta ikasi dezakegula. Zer tresna geureganatu beharko genituzke?

KEBk hainbat erreminta eskaintzen dizkigu, baina beti ere gure erreminten erabileraren intentzioa haurrarekin bat egitea edo sintonizatzea izango da. Zintzoak izan behar dugu: erreminta horien bidez gure haurrak kasu egitea, ez jotzea, ikasten jar-tzea, jatea... nahi badugu, orduan autoritarismoaren espazioan gaude, eta gauza bakoitzari bere izena jarriko diogu. Komunikazioaz ari garenez, bi hanka daude. Hanka bat nirea da, niri pasatzen ari zaidanaz kargu egitea eta espresatzea; eta bigarren hanka bestearekin enpatizatzea, bestea entzutea eta ulertzea.

Zer egin dezaket egoera konkretu batean naturalki irteten zaidanetik atera eta sutu naizenean eta KEBren espazio honetara joan nahi badut? Lehendabizi, leherketa horretatik erretiratu egin behar dut, espazio honek gelditzea eskatzen baitu, ez banaiz gelditzen, automatikoki irtengo zaizkit zigorra, xantaia, mehatxuak... Baina argitu dezagun, gelditzea ez da, goizeko 8:30ean eskolako autobusak ihes egingo digunean, gelditu eta gauzak argitzen hastea... Ez da momentu kritikoetan egiteko, baizik eta momentu egokia bilatu behar da gelditu eta geure burua aklaratzeko. Momentu kritikoan ez badaukat tresna hau neureganaturik, utzi lehendik dakidan horri bidea, irteten zaidana ez da gaizki egongo, ezin diot nire buruari eskatu egiten ez dakidan hori eta inork erakutsi ez didan hori egitea, eta gutxiago autobusak alde egin behar digunean. Baina gero baliatu dezagun egoera hori, erretiratu gaitezen, gelditu gaitezen eta erabil dezagun garrasi, zigor edo ipurdiko hori ikasteko oportunitate gisa.

KEB ematen dituen pautak oso-oso konkretuak dira: hasi begiratzen zeure buruari, nahi baduzu sortu tenplu bat erretiratu eta erreminta hauek praktikan jartzen hasteko. Neure burua ulertzen dudanean baldintza hobean egongo naiz umea ulertzeko. Eta neure burua argitzeko lehen pausoa behaketa da: Zer ari da gertatzen? “Zer pasatzen zait haurra goizero 8:30erako janzten ez denean...” Eta egoera horretan nola sentitzen naiz? “Sutan, agobiatuta, urduri, ezinean...” Zer behar dut? “Seguru egotea halako ordutarako iritsiko naizela; kolaborazioa behar dut; gauzak erraztea behar dut; nire umeari zer gertatzen zaion ulertu nahi dut goizero jantzi nahi ez izateko, gosaldu nahi ez izateko...” Eta orain eskaera dator: zer egin behar dut / zer eskatu behar dut nire behar hauek asetzeko? Eta tenplutik ez naiz irtengo nire beharren ardura osoa niregan hartu arte, ezin ditut nire seme-alaben mende utzi, nire beharren ardura % 100ean nire baita. Albora dezagun lehengo eskema: “ni puntual iristeko, zuk jantzita egon behar duzu, eta zuk ni ulertu eta kontuan hartu behar nauzu... ze bestela, ni ez nago ondo”.

Edo beste adibide bat: ni afaria prestatzen ari naiz eta haurrak borrokan ari dira, eta kiziotik jartzen naiz. Ados, ni erretiratu egiten naiz. Zer pasatzen da? “Ba, afaria prestatzen ari naizela eta bata bestea jotzen ari dela. Nola sentitzen naiz ni? Kiziotik aterata, urduri, beldurra daukat ea bati begia atera behar dion”. Zer behar dut? “Lasaitasuna, bakea, harmonia”. Eta hori lortzeko zer behar dut? Pentsatzen badut nire seme-alabek borrokatzeari utzi behar diotela ni lasai egoteko, orduan nire beharra nire seme-alaben mende dago. Eta hor zer dago? Exijentzia. Nire beharren motxila guztia beraien bizkar gainean uzten ari naiz. Tenplura erretiratu naizenean sor dezadan nire beharrak asetzeko beste modu bat, nire umeek borrokatzeari uzteaz aparte. Ze modu daukat euren ekintza epaitu, moztu, aldatzeko exijitu gabe ni lasai egoteko? Eska diezaieket borrokatzen jarraitu behar badute, mesedez beste norabait joateko? Edo esan, beldur naizela zerbait gertatuko dela eta banandu dezaket nire lasaitasunaren izenean? Edo joango naiz borroka hori gelditzera nire baketik eta nire lasaitasunetik eta ez krispaziotik? Hori lor dezaket? Bale, ba irtengo naiz nire beharren kudeaketa nire gain hartuta. Errepasa ditzagun klabeak: zer ari da gertatzen? nola sentitzen naiz? zer behar dut? eta zer eskatu nahi dut?. Eta tenplutik irten aurretik ere hartu pare bat minutu ulertzeko besteei zer ari zaien pasatzen. Nola? Lehen erreminta zen nirea argitzea; orain saiatu beraiei zer gertatzen zaien ulertzen: Zer pasatzen zaie nire umeei horrela jarduteko? Ba egoera ikusi behar da, baina askotan izan liteke, besterik gabe elkarren artean jolasean hasi eta neurria ez dutela hartu... edo izan daiteke bat arreta eskatzen ari dela eta horregatik ari dela anaia zirikatzen, eta behar duela bera ere ikusia izatea eta berak ere lekua badaukala argi izatea, eta atentzio horren bila dabil... Hori guztia ulertzen dudanean ume honekiko begirada aldatzen da, ikusten baitut nire semeak ez duela bilatzen beste modurik bere lekua bilatzeko, edo inporta duela ziurtatzeko. Banatzera joan nahi badut ere, berarekin begirada hau edukitzeak gauzak aldatuko ditu. Gelditu eta erretiratzen naizenean, lehenengo begiratzen dut niri zer gertatzen zaidan, eta gero, haurrari zer pasatzen zaion. Bi horiek dauzkadanean irten naiteke, eta normalki askoz lagungarriagoa izaten da bestearekin hastea, “Ikusten zaituztet agobiatuta, liskarrean zaudetela, beste era batera konpontzeko laguntza behar baduzue, eskatu, hemen naukazue”. Baina jasanezina egiten bazait, neure egoera adieraziz edo mugak jarriz hartuko nuke parte: “Ezin dut hau ikusi, mesedez, seguru egon nahi dut inork ez duela minik hartzen, ezin dizuet utzi elkar jotzen”. Edo momentuan bertan garrasi egin badut, edo borroka geldiarazi badut, gero joan naiteke tenplura eta martxan jar ditzaket tresna hauek guztiak, eta ondoren joango naiz eurekin hitz egitera.

Zure maximatako bat da jokaera guztien atzean behar bat dagoela, umeak oro har, ez duela txarkeriaz jokatzen haurra berez gaiztoa delako, eta jokaera konkretu horri baino, atzean dagoen beharrari begiratu behar diogula diozu.

Argitu nahi dut ez dela nire maxima, Marshall Rosenbergen maxima baizik. Lehengo adibidera jotzen badugu, ikusiko dugu haurra jotzen edo zirikatzen ari denean, bai edo bai behar batzuk asetzen ari dela. Zergatik diot hau? Lege unibertsal bat da gizakiok —ez haurrek bakarrik— ez dugula beste ezer egiten gure beharrak asetzen saiatzea baino. Haurra zirikatzen ari denean manifestazio bat da berak behar duen zerbait asetzeko ez duelako bilatzen beste modurik. Ni garrasika, inposatzen, exijitzen ari naizenean ez dut bilatzen beste modurik nire beharrak asetuak izateko. Erlazio desberdinetan horrela mugitzen gara, gure beharrak ase-tzeko ez dugulako beste modurik aurkitzen momentu horretan. Jokaera guztien atzean behar batzuk asetzen ari gara.

Haur batek ez badu ikasten desmotibaturik dagoelako, ez du balio esateak, “motibatu egin behar duzu”. Ez da motibatzen nahi ez duelako. Beste behar batzuk ditu, ez dago interesatua, zail egiten zaio, ez dio zentzurik bilatzen, beste lehentasun batzuk dauzka, galduta dago, laguntza behar du... Oinarrizko beharra ez badut atenditzen, ez da motibazioa etorriko.

Behar hori ulertzea, beraz, pauso handi bat izango da enpatizatzeko, baina zure adibidera etorrita, nola lagundu diezaiokegu haur horri motibatzen, hori ere guraso eta irakasleen ardura baita?

Guraso edo irakasleen zeregina motibazioa izateko baldintzarik eskaintzea litzateke, baina ez haurren motibazioa lortzea. Galderaren lehen zatiari helduko diot. Jokaera guztien atzean beharrak asetzen ari garela klabe bat dela esan dugu eta beste bat honako hau da: gizaki bezala gure beharrak aitortuak izateko behar handiagoa daukagula beharrak asetuak izateko baino. Ez du esan nahi beharrak ase nahi ez ditugunik, baina errekonozitua izate hutsak on handia egiten digu. Horregatik da hain garrantzitsua benetan enpatizatzea. Enpatizatzen ari naizenean zu ikusten zaitut gertatzen ari zaizun guztiarekin. “Ez duzu ariketa hau egin nahi edo ez duzu estudiatu nahi zuretzako hau oso pisutsua delako...” Berari zer gertatzen ari zaion ulertzen laguntzen ari gara, eta behar horiek aitortu ondoren, asetzen saiatu behar dugu, gauza konkretuak eskaintzen, adibidez, ikasteari zentzua jartzeko, laguntza bilatzeko, bere erritmora jartzeko gauzak.

Komunikazio Ez Bortitzaren tresnak nola erabil ditzakegu ahozko komunikazioa garaturik ez daukan ume batekin, demagun 2 urteko haur batek jotzeko ohitura hartu duenean?

Guraso bati esango bagenio garrasi egiten badu zaintza kenduko diotela, guraso horrek ezin du zin egin ez duela garrasi gehiago egingo, nahiz eta jakin mingarria dela, ez dela eraginkorra, harremana kaltetu dezakeela. Gurasoak adina dauka, heldutasuna dauka, hizkuntza dauka, errekurtsoak dauzka, bizi esperientzia dauka, enpatizatzeko gaitasuna dauka, eta hala ere gauzak aldatu ezean ezin duela garrasi egiteari utzi esaten ari gara. Bada orain jar gaitezen 2 urteko ume baten lekuan, non ahozko hizkuntza oraindik ere garatu gabe daukan, enpatizatzeko konexioak oraindik ez dauzkan eginak garunean, autoafirmazio garaian dago, gorputza da osoki eta emozioa... Eta, nahi dugu, ez jotzeko esan diogulako haur horrek ikastea ez duela jo behar. Zaila. Orduan, zer da gelditzen zaiguna? Bat, prebentzioa: ikusten badut ume honek parkean egoten denean eskua luzatzen duela, ezin duela inpultsibitatea kontrolatu... alferrik da eskatzea egin ezin duen zerbait egitea, orduan igual logikoagoa izango da ulertzea haur hori ez dagoela parkean egoteko moduan. Bi: ikusten badugu beste baten jostailua hartzeko kapaz dela bultza egiteko, adibidez, ba hor ere aurre hartuko dut kendu eta bultza egin aurretik, lagunduko diot egoera kudeatzen, “ikusten dut jostailu hori nahi duzula, eskatuko diogu lagun horri ea uzten dizun?”. Eta hirugarrenik: ni konturatu gabe beste haur bati jotzen badio, ez dut tragedia bat egingo: “Ezin dizut utzi mina egiten; ulertzen dut jostailu hori nahi duzula, baina goazen eskatzera, goazen beste jostailu bat bilatzera”. Eta hau guztia ez da behin esateko kontu bat, prozesu bat baizik.

Baldintzak aipatu dituzu lehen. Sistema, gizarte-eredua, lan mundua, eskola-ereduak ez dira haurrekiko abegikorrak eta ez dute familia harmonia, ez komunikazio ez bortitza errazten. Gure ahalegina gure etxean bakarrik gera ez dadin, gizarte-mailan zer aldaketa ikusten duzu beharrezko?

Galdera hau ikaragarrizko galdera da. Funtsezkoa da, eta gainera oso zabala. Hasteko, beharrezkoa da lana eta gurasotasuna uztartzeko bideak hobe-tzea, guraso batek haurrak lau hilabete dituenean lanera inkorporatu behar badu, zail du haurraren beharrak eta gurasoarenak asetzea. Eta ondoren zerbitzuak —adibidez, haur eskolen baldintzak— zaintzea garrantzitsua da, baina kontuan izan behar da horiek gurasoon beharreko zerbitzuak direla, ez haurren beharrekoak. Ondoren, eskola mailan, irakasleekin lan egiten dudanean ikusten dut irakasleek gogoa eduki arren haurrak ulertu eta gauzak beste era batera egiteko, baldintzek, ratioek, programazioek, eskolako hel-buruek... ez dituztela gauzak batere erraz jartzen.

Gizarte bezala, aldaketa askok asko erraztuko lukete gurasoen eta irakasleen egitekoa. Kanpo baldintzek ama edo aita bati ez dio batere errazten harmonia. Horrez gain, ondoan tribu bat edukiko bagenu gauzak errazagoak lirateke gaur egungo egitura txikiak baino, bikotea bakarrik baitago etxean ume batekin edo bi-hiru umerekin. Gizarte sare bat behar dugu, azpiegitura aldetik lagunduko gaituena, eta emozionalki ere babestuko gaituena, bakardadean hau guztia eramatea ez da batere erraza.

Aldaketa asko egon daitezke, administratiboez gain. Aldaketa hauetan ni neu ez naiz ikusten sistema soziala goitik aldatzen baina pribilegiatua sentitzen naiz aldaketa soziala bultzatzeko eta garatzeko familia eta irakasle ugarirekin haziak jartzeko aukera daukadalako. Norberak bere aldaketa egiten duenean, eta bere etxean bere umeekin egiten duenean, gizartean aldaketa bat probokatzen du. Eta gero etor liteke guraso talde bat, apoio bat, astean behin batzuek besteen etxean gelditzea bazkaltzen beste gurasoek gauzak egin ditzaten... Gizartea zer gaizki dagoen esate hutsarekin ez zaiz- kigu gauzak hobetuko.

Ia hamar ute daramatzazu KEBren haziak zabaltzen. Emaitzak ikusten dira?

Espazio honetan sartzen garenean klik bat egitea bera da niretzat lehen emaitza, beste era batera ikusten dudanean, aldaketa egon da, nik desberdin ikusten dut. Duela egun batzuk guraso batzuk izan nituen kontsultan, TDH eta gaitasun handia diagnostikatuta duten guraso batzuek beren sema-alaba “jasanezina da, harremanetan zailtasunekin, inpultsiboa da, geldirik ezin du egon...” gisa horretan ikustetik, minutu batzuetan, beren haurra benetan zein den ikustearen testigu izatea, izugarria da (gauzak zeinen garbi dituen, nola borrokatzen den berarentzat inportanteak diren gauzen alde, ez du etsitzen, gauzak ondo egin nahi ditu, bere intentzioa on egitea da”). Guraso horiek euren umearekiko begirada eta ikusmoldea aldatu zituzten, eta gorputza ere aldatu zitzaien, eta badakit behin ikuspegia aldatzen bada, harremana ere aldatuko dela. KEB ez da emaitzak lortzeko urte askoan praktikatu beharreko zerbait, begirada kontua da.

Albiste gehiago