Wolfram Deunaren jaia

2017-11-04

Elhuyar-ek antolatuta, azaroaren 9an, 19:30ean, Wolfram Deunaren jaia egingo da Bergarako Zabalotegi Aretoan. Aurretik, 18:30ean, Laboratorium museoa ezagutzeko bisita gidatua egingo da.

 
 
Wolfram Deunaren jaia

Euskal zientzialarion zaindari apokrifoa. Aurten ere Bergaran elkartuko gara, ekitaldi fisiko, kimiko, analogiko eta antologikoa egiteko, Bergarako udalak antolatutako ZTB jardunaldien barruan.

Umorezko bakarrizketa zientifikoek osatuko dute ekitaldia. Punta-puntako zientzialari, zientziazale eta zientzia-txorroskileroak dira hizlariak: Ibon Cancio Uriarte, Irati Iciar Madinabeitia, Josu Lezameta Larrabeiti, Josu Lopez Gazpio, Idoia Torregarai Martija, Jesus Mari Txurruka Argarate, Jone Uria Albizuri eta Itziar Urizar Arenaza. Gidari-lanetan, berriz, Alaitz Ochoa de Eribe Aguirre Elhuyarreko kidea arituko da.

Gonbidatu bereziak ere izango dira: Juan Jose eta Fausto Elhuyar anaiak! Wolframa isolatuta, euskal zientzia mundu osora zabaldu zuten. Eta Bergaran lortu zuten hori; horregatik bilduko gara han, Wolfram Deuna ospatzeko. Mokadu bat hartzeko aukera eta beste ezusteko batzuk ere izango dira.