Meditazioa eta yoga, hobeto ikasteko

Ikastetxeetako irakasle, zaintzaile eta begiraleei kontenplazio-teknikak –meditazioa eta yoga– irakastea da HaziOn egitasmoaren xedea, gero haiek ikasleekin praktikan jar ditzaten. Herritar taldetxo batek Hernanin abiatu zuen proiektua duela bi ikasturte; baina pixkanaka inguruko beste hainbat herritara ere zabaltzen ari dira. 

 
 
Meditazioa eta yoga, hobeto ikasteko

 

Irakasleei zein ikasleei bizitza osorako baliagarria izango zaien erreminta bat eskaintzeko asmoz HaziOn egitasmoa sortu dute Hernaniko herritar batzuek. Herriko ikastetxeetako irakasleak eta begiraleak izan ditu proiektuak abiapuntu, haiei yogan eta meditazio-tekniketan trebatzeko aukera eskaini baitzaie. Trebakuntza jaso ondoren, praktikan jarri dituzte trresna horiek eskolako eguneroko jardunean ariketa erraz, dinamiko eta sinpleen bidez. Marijo Arrieta proiektuaren sortzaileetako batek dioen moduan, helburua da irakasleak eta begiraleak konturatzea arnasa erabiliz eta teknika txiki batzuen bidez eurak nahiz ikasleak lasaitzea lortu dezaketela eta guztien kontzentrazioa eta arreta handitzea: “Azken urte hauetan, Mendebaldean, garapenak denbora eta espazioaren kontzeptuak aldatu dizkigu: gizarte interkonektatu batean bizi gara, gizarte konplexu batean. Ondorioz, denbora gutxian gauza asko ikasi behar izaten ditugu. Haurrek, esaterako, prozesatzeko estimulu gehiago dituzte egun. Horregatik, gero eta zailagoa egiten zaie zentratzea, arreta ardaztea eta erabakiak hartzea. Desoreka horiek leuntzera bideratu dugu HaziOn egitasmoa”. 

Hernaniko herritar talde batek sortutako BiziOn egitasmoaren barruan egindako bigarren ekimena da HaziOn. BiziBusa izan zen lehena: goizero eskolara bizikletaz joateko proiektua, 204. hik hasi aldizkarian jaso zena. Hain zuzen ere, izenak berak iradokitzen duen moduan, ondo bizitzera hurbiltzeko proposamena da BiziOn. Osasunarentzat eta naturarentzat kaltegarriak diren praktikez hausnartu, eta, kalte horiek leundu nahian, osasuntsuak zein jasangarriak diren ohiturak sustatzea eta lantzea du jomuga. “Azken finean sortutako egitasmo honen helburu nagusia da herritarrok geure buruaren eta ingurugiroaren zaintzan aurrerapausoak ematea. Garapenarekin batera ingurugiroari, eta hortaz, geure buruari kalte egiten dioten praktikak barneratu ditugu. Gure bizi-ohiturak aldatuz doaz: azkar jaten dugu, gutxi lo egin, autoz gehiegi ibiltzen gara, teknologia berrien erabilera desorekatua egiten dugu, natura kutsatzen ari gara, gehiegi kontsumitzen dugu… Zerbitzuak, ondasunak, segurtasuna eta denbora librea gure lorpenak dira, baina horiek neurritasunez eta sen onez kudeatzea da oraintxe bertan gure jendarteak eskuartean duen erronka nagusia. Eta horixe da BiziOn proiektuaren abiapuntua ere”, argitzen du Arrietak. Eta hala jarraitzen du: “Bizitzen ari garenari buruzko hausnarketa egin beharrean gaude. Izan ere, denok argi daukagu arazo global honi erantzun egin behar diogula. Eta, horregatik, gure ingurune hurbilenetik hasita, pauso txikiak eman nahi ditugu BiziOnetik. Nolabait, hitzetatik ekintzetara jauzi egin nahi dugu”.  

Hala, 2015eko udaberrian BiziBusa proiektua martxan jarri ostean, 2016an HaziOn proiektuarekin hasi ziren yoga ikastetxeetara eramateko. Hernaniko ikastetxeetako irakasleentzat trebakuntzarako eta praktikarako zazpi saio egin zituzten bi ordukoak, yogako adituek gidatuta. Hernaniko bost ikastetxeetatik lauk hartu zuten parte hasiera hartan (bosgarrena plangintza arazoak tarteko geratu zen kanpoan, baina 2017ko udaberrian parte hartzeko nahia azaldu zuen), eta, zehazki Haur Hezkuntzatik hasi eta Bigarren Hezkuntzara aritzen diren 57 irakaslek. Bi programazio banatu zizkieten klaseratzeko: bata paperean eta bestea multimedian; hiru ataletan banatutako ariketa ugarirekin. 2016ko udazkenean, berriz, herriko hiru ikastetxetako 26 begiralek jaso zuten formazioa. Bi programazio banatu zizkieten jangela-orduan praktikan jarri ahal izateko; bata HHkoetantzat eta bestea LHkoentzat; lasaitzeko, esnatzeko eta orekatzeko ariketekin. 

Irakasleekin zein begiraleekin egin duten formazioa teoriko-praktikoa izan da. Yoga zer den euren azalean bizi izan dute eta gero ikasleekin klasean egiteko moduko zenbait ariketa ezagutu dituzte: arnasketak, luzaketak, meditazioa… Eskolaren hasieran, bazkalorduan, jolasordu ondoren… erabili ahal izateko moduko jarduerak dira, lasaitzeko, kontzentratzeko, arreta lantzeko… balio dutenak.

Ikasturte honetan, gainera, irakasle eta begiraleei lagundu eta aholkatzeaz gain, zuzenean ikastetxean haurrekin saioak egingo dituzte HaziOn-eko kideek ikasgelan bertan, irakasleentzat eredu izan daitezen, eta aurrera begira, hezitzaileek errazago aplika ditzaten yogako eta meditazioko tailerrak ikasleekin. Gelan bertan egiten dituzte ariketak, aulkian eserita edota mahaiaren alboan zutik, bizpahiru minutuz. Eta gelako aldartean, soseguan, arretan, giroan, harremanetan… argi antzematen dute onura bai irakasle zein begiraleek eta baita ikasleek euren ere. “Orain arte jaso ditugun informeak eta proiektuak izan duen balorazioa oso ona da. Garbi ikusi dugu batzuetan ekintza txikiekin asko lor daitekeela”. 

Eta, horrexegatik, orain, Hernanin ez ezik, inguruko herrietako beste ikastetxe batzuetan ere hasiak dira proiektua garatzen, eta zabalik daude izan ditzaketen gainerako eskakizunetara ere. HaziOn-eko kideekin kontaktuan jartzeko hazion@bizion.eus-era idatzi behar da edota 687841628 telefono zenbakira deitu.