Ines Osinaga: “Emakumeok ahalduntzeko gure gorputzetan biolentzia sentitu beharra gogorra da"

2017-12-18

“Zaintza da gure iraultza!” horra Ines Osinaga “ama ahaldundu transgresorearen” slogan berria. Musika bezala, gurasotasuna mundua eraldatzeko tresna gisa ikusten du, “inkonpatibleak dira baina ez daude hain urruti”.

 
 
Ines Osinaga: “Emakumeok ahalduntzeko gure gorputzetan biolentzia sentitu beharra gogorra da"

 

Amatasuna kratakrak latz bat izan da Ines Osinagarentzat. Erditze biolento batekin hasita, amatasunak idealizazio asko deseraikitzera eraman du batetik, baina baita musika eszena eta lehengo bere jarduna kuestiona-tzera ere. Beste leku batean kokatu du. Baina soinua jotzen jarraitzen du, egunero. 

Ines Osinaga, Goseko kantaria, indartsua, transgresorea, sentsuala... gauak oholtza gainean igarotzetik umeagatik gaubeilak egitera pasa da...  

Nire lehengo Inesi buruz ari zara? Despeditzen ari naiz, dolua zeharkatzen ari naiz, sekulako dolua izan da. Sentitu dut orain arte konkistatu dudan espazioetan orain ez dudala lekurik. Eta, era berean, kuestionatzen ari naiz ea egon nahi dudan, benetan, lehen egon nahi nuen leku horietan, ze ez dakit ez dudan egon nahi edo ez dagoen lekurik dagoeneko niretzat. Ze orain naizen emakume hau ez da lehen zen emakume hura. Ama ahaldundu transgresore hau munduan beste leku batean kokatzen da.

Bada, lehengo Inesek oholtzan transmititzen zuen irudia eta amatasunaren irudi hegemonikoa naturalizatua eta edulkoratua  antipodetan daude...

Amatasunak ikaragarrizko katakrak bat eragin dit barruan, feminismoa deskubritu nuenekoa bezainbestekoa izan da. Ez da izan gozoa, baina guztiz iraultzailea izan da, perspektiba erabat aldarazi dit eta orain munduari beste leku batetik begiratzen diot. Dena kuestionatzera eraman nau. Amatasunarekin sentitu dut maitasun erromantikoarekin bezainbesteko gezur handia botatzen digutela, eta biak, eredu idealizatu eta infantilizatu batekin, emakumeok beste aldera begira eta isilik edukitzeko sekulako armak direla iruditzen zait. Lehenengo feminismoa deskubritzeak eman dizkit kontzientzia bat eta baliabide batzuk amatasunean kokatzeko, bestela izango ez da ba amatasuna tsunami bat? Konkistatu beharreko espazio asko daude amatasunean, haurdunaldian, erditzean... Baina ez da hitz egiten gauza pila bati buruz, erditzetik beretik hasita. Eta ni, jasan nuen erditze biolentoak ekarri nau leku honetara, munduari begira-tzeko perspektiba honetara.

Bada, hitz egin dezagun. Nolakoa izan zen zure erditzea?

Gure erditzea oso biolentoa izan zen. Parte handi bat etxean izan zen, eta horren oroitzapen oso ona daukat, eta ospitalean gertatu zena landu dut gerora eta horrek orain utzi nauen lekuan ahaldunduta sentitu naiz. Erditzeari buruz hitz egiten jartzen naiz eta ahotsak ere dardar egiten dit: Peru zesareaz jaio zen bi eguneko erditze-lan baten ostean, baina ez zen ezinbesteko zesarea bat izan. Zesarea izateaz gain, ez zen inondik inora zesarea errespetatua izan, ez lehen orduak... “Nola heldu  naiz ni honaino?” galdetzen nion neure buruari, ezin mugitu, kamila batean lotuta, kontrakzioak sentitzen ez nituela...

Eta nola iritsi zinen horraino?

Bi eguneko erditze luze batekin. Eta txanda aldaketarekin. Lehen emaginak poliki joan arren erditzea bazihoala ikusten zuen. Baina txanda aldaketarekin etorri zen emagina erlojuari begira jarri zen, eta martxa sartzea erabaki zuen.

Esperientzia horrek ahaldundu zaituela diozu. Ez ote da garestia ahalduntzeko biolentzia jasan beharra?

Kontziente garenean erasoak zelan, noiz eta non jasotzen ditugun orduan horrek oso indartsu egiten gaitu, baina gure zaurietatik. Oso gogorra da emakumeok gure gorputzetan biolentzia sentitu beharra izatea ahalduntzeko!

Esperientzia horrek, utzi dizkidan zauri guztiekin, lagundu dit begiak zabaltzen, eraman nau biolentzia obstetrikoaren inguruan ikertzera, lagundu dit ikusten ez dela kasualitatea emakumeoi hori gertatzea gure gorputzak hain zaurgarri dauden momentuan, babestuak beharrean biolatuak sentitzen gara. Beno, ni lehenengoz sentitu nintzen biolatua Peru jaio baino hiru egun lehenago ukipen bat egin zidatenean, Hamilton teknika, baimenik eskatu gabe. Hor hasi zen dena okertzen. 

Orain, urtebete pasata, badakit esperientzia hari esker ikasi dudala defendatzen beste esparru batzuetan. Badakit hurrengo erditze bat dagoenean ez naizela iguala izango, eta nire haurrak kirofanoan jaio behar badu ere badakit izango naizela gai esateko errespeta nazatela, eta mesedez isiltzeko eta irratia itzaltzeko. [Joaquin] Sabina zegoen jarrita eta urtebetez amets egin dut musika horrekin, eta kirofanoan ikusten nuen erlojutzarrarekin.

Ez zenuen aurreikusten zesarea bat gerta zitekeenik?

Ez, inondik inora ere ez. Ez, ez. Eta nik aitortzen dut amatasun idealizatu horren barruan erditzea ere idealizatua neukala erabat. Nik ez diot inori eskertzen eduki nuen erditzea, baina horrek beste leku batera eraman nau eta gustatzen zait nora eraman nauen. Baina ez zait iruditzen biolentziak bizi behar ditugunik gure gorputzetan ahalduntzeko. Eta uste dut garrantzitsua dela gai hauei buruz hitz egitea, besteekin esperientziak konpartitzea, beste batzuek biolentziarik jasan beharrik izan ez dezaten ahalduntzeko. Feminismoarekin bezalaxe da, jartzen garenean zerbaiti buruz hitz egiten kolektibo gisa, konturatzen gara jasan ditugun biolentziak ez direla kasualitate. Eta niretzat oso garrantzitsua izan da ulertzea gure erditzearena ere ez dela kasualitatea izan, eta ohatilla hartan etzana zegoena Mikel —bikotekidea— izango balitz eta ez ni, seguru ez zela gauza bera gertatuko, ze nire gorputza askoz bortxagarriagoa da. Ni zabaldu ninduen medikuak sentitu zuen bazeukala eskumena erabakia hartzeko nire gorputza zabaltzearen inguruan. Ni ez naiz gogoratu ere egiten nola hartu genuen erabakia “bai, eraman nazatela kirofanora”. Nik gogoratzen dut korridorean Mikel agurtzen, eta eskatzen medikuei umea titian jar-tzeko, ezin zela erantzuten zidatela, “eramaiozue aitari” eskatzen nien...

Eta hori errespetatu zuten?

Bai, hori errespetatu zuten. Baina beste gauza asko ez. Nik erabakita neukan nire erditzean zer musika entzun nahi nuen, eta han zegoen emaginari tontakeria bat iruditu zi-tzaion eta musika kendu eta argia piztu zuen. Nire ondoan zegoenak niri galdetu behar zidan zer behar nuen momentu horretan, eta nik Anariren diskoarekin erditu nahi nuen. Eta berak poltsa puskatu zidan. 

Eta orain, Ines hari begiratzen diot eta besarkatzen dut eta esaten diot, “zelan ez zen geldituko erditzea guztiz dilatatuta egon arren, inork ez bazintuen errespetatzen?”. Erditu nintzen arte ez nuen ulertzen Michel Odentek esaten zuen hura, “mundua aldatzeko aldatu behar da jaiotzeko modua”. Eta bai, mundua aldatzeko jaiotzeko modua aldatu behar da. Eta gurasotasunetik ere aldatuko dugu.

Zein zentzutan da gurasotasuna mundua aldatzeko tresna?

Ni sinetsita nago gurasotasuna ere eragiteko modu bat dela. Horretan ez dago Goseren jarreratik hain urruti.  

Estetika indartsu bat, gona zehatz batzuk botekin... eszenan egoteko modu bat izan duzu, eta zure kantuek posizionamendu eta kontzientziazio jakin bat erakusten dute stablishmentaren aurrean. Gurasotasunean ere hala kokatzen zara? 

Ba nik berdintsu ikusten dut. Kontua ez dago loreei kantatzeko. Bi bide daude musikari izateko, edo sistemak zugandik espero duen hori egiten duzu edo entertainment espazio horretatik haratagoko eragite espazio gisa ulertzen duzu musika. Gurasotasuna ere bizi dezakezu 30-35 urte bitartean, etxe bateko hipotekan sartu eta bikote heterosexual normatibo batean sartu ostean egin behar duzun zerbait bezala, edo bizi dezakezu eragite modu bat bezala. Noski, musika eta gurasotasuna traje oso desberdinak dira. Ez da gauza bera botak jantzi eta ezpainak margotzea, edo herriko plazan titia ateratzea. Baina, niretzat, funtsean gauza bera da. 

Nik lehen sentitzen nuen emakume bezala plaza konkistatu behar nuela; orain, nire semearekin nagoenean gauza bera sentitzen dut. Hemen herriko plazan nire semearekin zilipurdika edo titia ematen nabilela sentitzen dut begira dauden guztien epaia, eta espazio hau konkistatu beharra.

Gurasotasuna ere politikoa da?

Guztiz! Duela bost urte sentitu ahal nintzen bezala epaitua nire ohean nor sartzen zen, ba orain  nire ohean nor sartzen den ere epaitua sentitzen naiz, ze ez dugu bakarrik nire bikoteak eta nik egiten lo ohean. Hori konplexurik gabe aitortzeak ahalduntzen nau kontzertu batean beste emakume bati ahoan musu bat emateak adina. Eta ez dago gauza bat bestetik hain urruti, baina inkonpatibleak dira, konprobatu dut bi gauzak ezin naizela izan.

Emarockeko dokumentalean diozu rockean ez dagoela amatasunerako baimenik. Orain ama izanda, berdin pentsatzen duzu?

Sisteman ez dago baimenik! Gizartea bezala, euskal rock eszena matxista da eta arrazista eta burgesa eta kapitalista! Eta hori asumitzen ez dugun bitartean, ez dugu eszena aldatuko! Baina gauza bera gertatzen da plazan. Gure herria iraultzailea eta ezkertiarra dela sinesten badugu, ba sekulako ostiak eramango ditugu, biluzten garenean konturatuko baikara ez garela hain sozialista, ezkertiar eta iraultzaile. 

Rockanrola oso konplikatua da amatasunarekin uztartzea. Beno, egia esan, rockanrola ez da konpatiblea bizitzarekin. Plazandre izateak beste guztiari uko egitea eskatu dit 20-30 urte bitartean, ikaragarrizko kostu eta albo kalteekin nire bizitza intimoan, baina inork ez dit sekula galdetu rockanrolak eskatu dizkidan errenuntzien inguruan... eta amatasunak eskatzen dituen errenuntzien inguruan denbora guztian gabiltza bueltaka. 

Beraz, amatasuna ez da eszena honen baldintzekin bateragarria, horrela egin dugulako eszena.

Bai noski. Eszena hau da bateraezina. Eta ez da izango konpatiblea eraikitzen dugun arte eszena bat parekidea, zaintza kontuan hartuko duena, beste balore batzuk aintzat hartuko dituena, eta ez denean bakarrik izango fast food musikal bat. Eszena guztia muntatua dago, beste gauza asko bezala, adin tarte konkretu bateko klase sozial, arraza eta genero konkretu bateko jendearentzat... zaintza-ardurarik ez duen jendearentzako. Jende hori kontzertuetan dagoen bitartean beste batzuk daude etxean zaintzen.

Zu haurdun triparekin atera zara eszenera. Berezia izan zen? Nola bizi izan duzu gorputzaren aldaketa?

Bai, eta ez dakizu zeinen harro sentitzen naizen kontzertu hori egin izanaz. Nire gorputz eraldatu hori plazara atera nahi nuen. 

Feminismoak erakutsi zidan nire gorputzaren barruan modu erosoago eta maitagarriago batean habitatzen, eta haurdunaldiak eta erditzeak nire gorputzaren boterearen kontzientzia eman didate, zelako indarra daukagun gure zilborraren beste aldean, eta ikusarazi dit zelan batzuei komeni zaien emakumeok egotea begira ea zentimetro batzuk gehiago edo gutxiago ditugun. 

Eta titiena ikaragarria izan da. Nire titiak orain arte desio objektu izan dira, eta orain arbuio objektu bihurtu dira. Nire semeak hiru hilabete dituenetik ari naiz entzuten, “oraindik esnea al daukazu?”, “nahi duzu probatu?”, erantzungo nieke!

Titia emateak ahalduntze prozesuan izan al du eraginik? Kate bat da, baina norbere gorputzaren boterea ere bai...

Bai, titiak ikaragarrizko funtzioa izan du ahalduntze bide honetan. Hasiera oso gogorra izan zen: Lehen bi asteetan infernua izan zen, ikaragarrizko zauriak neuzkan... Egoera horretan laguntza behar dugu, ze bakarrik ezin da. Titia emateko, eta oro har zaintza-lanerako babesa behar da, babesa etxean lehendabizi.

Katea aipatu duzu... nik amatasuna ez dut errenuntzia bezala bizi. Baina bai eraldatze bat bezala eta lotura bat bezala, baina lotura dut nire bikotearekin ere, konprometitu naizelako bizi proiektu hau egitera. Engaiamendua klaro lotura bat dela, baina nik nahi dudan horri lotuta egotea ez da errenuntzia bat. Nahiz eta ukoak egin egin behar diren, edozein bidegurutzetan beste bideari uko egiten diozunean bezala. Baina lehenengoz nire bizitzan uko egite horiek onarpenetik bizi ditut. Sentitzen dudana gaizki da, jendarteak deseroso sentiarazten duenean orain naizen emakume hau. Esate baterako, duela gutxi hemen arratsaldeko 7etan Maite Mursego egon zen jotzen, eta umearekin joan ginen. Peru kontzertutik ateratzen bukatu genuen, ezin nuelako jasan begirada eta epai guztiak nire gain izatea, ze haur txiki bat zerbaitek harritzen badu, hotsak egiten ditu... Gero nahiko dugu gure haurrek kultura kontsumitzea... barkatu, haurrak ere hemen daude, agente politiko dira, inork baino gehiago eduki beharko lituzkete beraien eskubideak bermatuta!

Ez dituzu haurren eskubideak bermaturik ikusten?

Haurren gaineko biolentzia ikaragarria iruditzen zait, eta zelako inpunitatearekin egiten dugun iraultzaile garenon artean ere! Nire lagun ezkertiarren ahotik entzun dudanean “baina norbere etxean norberak jakingo du zer egiten duen”, ezin dut sinetsi. Izango gara gu orain boteretik egiten den biolentzia zilegituko dugunak? Hori ezin da onartu, berdin da bere ama zaren, bere aita zaren... baina umeekin onartzen da, eta isiltzen gara eta beste aldera begiratzen dugu. 

Babesa aipatu duzu, titia emateko, zaintzarako... badugu aski babes?

Nik zaindu ahal izan dut zaindu dudan bezala, ni zaintzen ninduelako eta norbait egin zelako nire kargu: nire bikotekidea. Guraso izan garenean ez da nire fitxa bakarrik mugitu, eta hori da erditze oste askotan gertatzen dena, beste fitxak jarraitzen du korrika egitera joaten astelehen, asteazken eta ostiraletan, iheserako pribilegio horretan. Eta ezin da izan. 

Nik badakit etxean gelditu nahi nuela, hemen eta orain gelditzeko erabakiaz harro nago, nik ez dut korrika egin nahi, orain poliki nabil, baina ez da erraza izan. Askotan galdetzen diot neure buruari, zergatik Peruren ama ez dagoen eszenatokietan gauetan, eta Peruren aitak jarraitzen duen asteburuetan eta gauez egiten lan.

Aitek ez dute fitxa behar adina mugitzen?

Iruditzen zait aitatasunak daramala berekin zerbait oso zaila dena maskulinotasun hegemoniko horretatik eraikiriko gizonezkoentzat, egon behar baitira erne eta tinko benetan, baina bigarren lerroan. Eta leku hori ez da batere erosoa gizonentzat. Hori da guri aitortu izan zaigun espazioa edozein borrokatan. Nik lehen kontzertuetan esaten nuen, “ezin bada dantzatu ez da gure iraultza”, eta orain aldatu dut slogan hori: “Zaintza da iraultza”. Ez badago zaintzarik, ez da nire iraultza. Azken aldian dantzara baino gehiago, zaintzara dedikatua nago buru-belarri. Baina ez daukat inolako zalantzarik horrek eragiten duela eta eraldatzen duela dantzak bezainbeste edo gehiago. 

Plazandre bezala itzuliko zara?

Ez dudarik egin! Eszenatokia da nire territorio libre bakarra. Gero eta erosoago sentitzen naiz orain naizen Ines hau plazara ateratzen. Eta aterako naiz. Beste modu batera, zaintzarekin   konpatiblea den modu batean, agian ez industriak markatzen duen erritmora, baina ez dudarik egin!