Aitatasun arduratsua. Armairutik irteteko ordua

Praktikak egiten du aita bat arduratsu. Denborak, haurrekin orduak eta orduak emateak, zaintzen, behatzen, jolasten, egoten orduak emateak eta ez haurtzaroaz, kontziliazioaz edo parekidetasunaz dugun pentsamenduak.  Praktikak, ordea, pertsonalak dira, gizartetik ez baitago aitak ardurak hartzera bultzatzeko baldintza ez presiorik. Beraz, oraindik, gutxiengoa dira aita arduratsuak.

 
 
Aitatasun arduratsua. Armairutik irteteko ordua

Aitak absente izatetik, aitaren itzalak autoritatea adierazten zuenetik, laguntzera pasa ziren aitak duela bizpahiru hamarkada, emakumeak lan-munduan masiboki sartzearen ondorioz. Amak prest utziriko arropak jantziko dizkion aita, amak prest utziriko bazkari edo askaria emango dion aita… eta hurrengo urratsa, haurrari azazkalak moztu behar zaizkiola ikusten duen eta egiten duen aita? Haurrak zorriak dituela ikusten eta kentzen dizkiona? Galtzetan zuloa duela eta emendatuko diona? Eta bestelako zuloak, lagunekin, eskolan, maite-kontuetan... arazoren bat duela ikusten duen eta hizketara eseriko den aita… non da? Iritsi al dira lanak egitetik ardurak hartzera igaro diren aitak? 

Izan ere, aitatasun berria edo aitatasun positiboa —aitatasun arduratsuak azken finean— laguntzaile rola betetzen zuen aitatasunetik bereizten duena ardurak hartzea da. Zaintzaz arduratzea, haurren kargu egitea, egunerokotasuna antolatzea eta biharkoa pentsatzea. 

Ritxar Bacete berdintasun-gaietako ikertzailearen arabera, aita laguntzaileetatik aita arduratsuetara igarotzeko urratsa, oro har ez da egin: “Orain dela 20 urte gizonak laguntzaileak zirenean izugarrizko aurrerapen gisa ikusten zen. Arazoa da gaur egun ez dugula laguntzaile izatetik ardura hartzerako jauzia egin”.

Badira batzuk. Horietarik lau pertsona ezagun elkarrizketatu ditugu: Joni Ubeda Bide Ertzeaneko musikaria, Sustrai Colina eta Manex Agirre bertsolariak eta Jagoba Arrasate futbol entrenatzailea.

 

Zerk egiten du aita bat arduratsu?

Praktikak. Egunerokoak egiten du aita bat arduratsu, haurrekin denbora pasatzeak, orduak eta orduak, egoten, zaintzen, behatzen, prestatzen, jolasten, elikatzen, ikasten desikasten denbora emateak. Denbora da ardurak hartzeko aldagai garrantzitsuena elkarrizketatu ditugun aitentzat, eta ez zaintzaz, haurtzaroaz, feminismoaz, korrespontsabilitateaz izan ditzaketen uste eta pentsamenduak soilik. 

Izan ere, pentsamenduz berdinzalea da gure jendartea —1etik 10era, batez beste, emakume zein gizonek 8,4an jartzen dute euren burua—. Praktikan ordea, kontraesanak agertzen dira, eta asko falta zaigu aitek eta amek haurren zaintzan pareko rolak betetzera iristeko: “Nahiz eta gaur egungo estetika ideologikoak esan berdinzaleak izan behar garela, horrek ez du esan nahi berdinzaleak garenik egiten ditugun gauzetan”. Eta bikote harremanak eta zaintza bereziki dira kontraesan horien testuinguru argi, Baceteren arabera. 

Aitek oraindik betetzen duten laguntzaile rola estuki lotua dago gizontasun-ereduarekin, gauza publiko eta ikusgarriak egitearekin —parkera eraman, eskolatik jaso....—. Gizarte baten baldintzen araberako aita edo ama izango gara, gizarte baten araberako rolak betetzen baititugu oro har. Horrexegatik, era berean, bat baino gehiago eraman du aitatasunak gizontasunaz hausnartzera, Manex Agirrek ondoko elkarrizketan dioen bezala. “Aurretik ere buelta batzuk eman dizkiot gaiari, baina aitatasunak indartu dit pila bat gaiari bueltak ematea. Genero banaketa argia bada gizartean, zaintzak banaketa hori ia-ia  amildegi bihurtzen du.”

Aitatasun-eredua aldatzeak berekin ekarriko luke gizontasun-eredu hegemonikoa aldatzea, Baceteren arabera: “Inpaktu emozionalaren ukazioa da gizonen identitatearen eraikuntzarako metodo nagusienetarikoa. Baina esperientziaren bat baldin badago bizitzan gai dena teknologia edo kodigo emozionalik garatu ez duen norbait hunkitzeko, aitatasuna da esperientzia hori. Ezinbestekoa da gizonak armairutik ateratzea”. Xabier Odriozola antropologoa ere bat dator Baceteren ikuspegiarekin, aitatasun arduratsuak maskulinitate hegemonikoarekin talka egiten duela dio: “Aitatasuna oso momentu egokia da gizontasuna birplanteatzeko. Ume baten jaiotzak sentimenduen eta emozioen munduarekin harreman estu-estuan jartzen baitzaitu eta horrek, askotan, maitasunarekin konektatzera eramaten zaitu”. 

Maskulinitate hegemonikoa zalan-tzan jartzera badarama aitatasun arduratsuak, aitak fitxa mugitze horrek ere amatasunaz eta feminitate hegemonikoaz zalantza egitera ere eramango luke gizartea, amaren ezinbestekotasuna eztabaidatzera, naturalizazioak eta ikuspegi biologizistak alboratzera; “Gizartearen irudiko, ama izatea da guztia, ama izatea da inkondizionala izatea, biologikoa da, eta aita izatea zirkunstantziala da —Baceteren hitzetan—. Aukera dezakezu pater soziala eta inplikatua izatea, edo genitor bat bakarrik izatea, eta onartzen da: legeak onartzen du”.

Legeak onartzen du, eta gizarteak baimentzen du desoreka. Hiru egoera adibiderako: Aiten gurasotasun baimena lau aldiz txikiagoa da amena baino; emakumeek % 30 gutxiago kobratzen dute batez beste; aitek ez dute gurasotasunerako prestakuntzarik jasotzen.... Baceteren irudiko,  gure gizarte egiturak zaildu egiten du zaintza parekidea: “Sistema zitala sortu dugulako geure buruarentzat. Maskulinizatu egin dugu emakumeen sarrera lan mundura, eta, beraz, emakumeak inkorporatu arren, lan munduan ez da eraldaketarik egon, ez da feminizatu; hau da, gizarte bideragarri bat sortzeko zaintzarako gaitasunak ez dira zentroan jarri”. 

Gurasotasuna hastapenetik bizi-tzea aitatasuna arduraz betetzeko klabeetako bat da, Joxe Ramon Mauduit psikologoaren arabera. Mauduitek bi hamarkada daramatza bikoteak gurasotasunerako prestatzen, eta aldaketa ikaragarria sumatzen du gizonetan, ahaldunduta ikusten ditu gurasotasunerako: ”Sistemak berak bikotekidea baztertu egiten du haurdunaldiko prozesuan eta erditzean ere ikusle hutsak dira; aldiz, argi ikusia daukagu bikotekidea haurdunalditik inplikatzen denean eta biek ekipoa osatzen dutenean, ikaragarrizko indarra hartzen dutela unean-unean sortzen zaizkien gatazkei aurre egiteko, eta euren haurrei gaitasunak garatzen laguntzeko”. Baceterentzat genero ikuspegiarekin antolatu beharko lirateke umeen etorrera prestatzeko guraso bientzako ikastaroak. “Oinarrizkoa iruditzen zait. Izan ere, hasieratik ez baduzu dinamika desberdin bat sortzen, finkatu egiten da egitura. Gizonak zenbat eta presenteago egon haurdunaldian, aitatasunak inpaktu handiagoa izango du beraiengan”. Adituekin bat datoz elkarrizketatuak; Jagoba Arrasate eta Joni Ubedarentzat funtsezkoak izan ziren ikastaro haiek, bikotea ekipo egiteko. 

Araudiak, legeak, lan-merkatua, baimenak... gizartea funtsean aldatu bitartean, bikote paktua behar da aldaketa eman dadin, oro har elkarrizketatu gehienak nabarmendu duten eran, izan ere gaur egungo gizarte-eredutik ez da antzematen aitatasunaren ardurak hartzeko presiorik ez bultzadarik. “Gizonezkooi berezko bezala aitortzen zaigu aiton ihes egiteko beharra; suposatu egiten zaigu iheserako aukera daukagula, ardurak ez hartzekoa”, dio Agirrek. Bacetek dio gehiegizko tentsiorik ez dagoen baldintzetan, gizonezkoak ez daudela prest aldaketarako. “Zertarako? [Gizona] sozializatua izan da bere bizitzaren ardatza izateko”. Nahiz eta gizartea aldatu gabe ere bere bizitzaren ardatza bai alda dezakeen norbanakoak: “Kontua da, esaten dugula ‘goazen patriarkatua eraldatzera’, baina itsasontziaren lema aldatzea konplexua da. Baina egunerokoan aukera dugu aldaketa eragiten duten gauzak egiteko. Adibidez, nik nire bikotearekin harreman justuagoa bat sor dezaket, gaur bertan hasita”.

Izan ere, bikotekidearekiko begirunea da aitak ardurak hartzera bultzatzen dituen faktore garrantzitsuetako bat, zaintza bera, haurraren ongizatea edo bestelako arrazoietatik harago. Egoera parekideago baten mesedetan, gizonak aitatasunaz okupatzen direnean amatasuna desokupatzen baita, eta emakumeak familiaren zaintzatik harago, bere buruaren zaintzaz, lanaz eta bestez arduratzeko denbora gehiago dauka. 

 

Ona zeinentzat?

Lau elkarrizketatuak bat datoz zaintzak denbora galera ekarri badie ere onura pertsonalak handiagoak izan direla — ikerketak ere diote gehiago inplikatzen diren aitek garatzen dutela enpatia eta emozionalitatea—. Baina onurak, adituek diotenez, ez dira soilik gizonarentzat. Bereziki seme-alabengan eragiten du gizonak zaintzan benetan inplikatzeak. Asebetetasun eta egonkortasun pertsonalari dagokionez batetik, baina baita rol sozialei dagokienez ere, zaintzan inplikatzen den aita batek beste gizontasun-eredu bat transmititzen baitie bere seme-alabei. Baina mesede egiten dio, baita ere, bikoteari. 

Eta gizarteari. Nahiz eta aldaketa amiñika ari den gertatzen. 

Praktikan gutxi dira oraindik armairutik ateratzen ari diren aitak —zaintzagatik lan murrizketak eta baimenak eskatzen dituztenen % 93 emakumezkoak dira—. Laguntzaile rolean gustura daude, antza. Bacetek dio ez dela sakoneko aldaketarik gertatu, bidean dagoela: “Sortzen ari dira uhartetxo batzuk, hazi batzuk ereiten hasi dira”. 

 

  • SUSTRAI COLINA: "Zaintzak lehentasun eskala birplanteatzen lagundu dit"

Iaz Xilabako txapela jantzi zuenean ez zen ospakizunetan luzatu, “orain dela hiru aste haur bat jaio da gurean, eta arratsaldea etxetik kanpo pasatzeak esan nahi du besteak egon behar duela harekin”, adierazi zuen elkarrizketetan. Ekainen jaiotzak, oholtzan eta handik behera, kokatzen lagundu dio Colinari (Urruña, 1982).

Aitatasunaz arduratzen den gizona egoerak, bikoteak, kontzientziak… zerk bultzatzen du rol hori hartzera? 

Nire ideiekiko ahal bezain era koherenteenean bizi nahia dago batetik, eta bizitzako etapa bat ehuneko ehunean bizitzeko grina bestetik. Ez daukat rol bat hartzearen sentipenik. Nire kontraesan guztiekin, egon nahi dudan lekuan egoten saiatzen naiz, nahiz eta kontziente naizen pediatrak ez didala aurpegira begiratzen eta azalpen guztiak haurraren amari ematen dizkiola, edo umea negarrez hastean kalean gurutzatzen ditudan amona guztiek sentitzen dutela esku hartzeko zilegitasuna. 

Eraikitako gizontasuna eta orain bizitzen ari zaren aita-eredua bat datoz? 

Pertsonalki ditudan gizontasun eta aitatasun ereduak oro har bateragarriak izateak korapilo zenbait askatzen lagundu dit. Hala ere, ez nago nire kontraesanetatik salbu, eta saiatzen naiz inguruari adi egoten. Esaterako, kontziente naiz udazkeneko goiz batez haurra kaletik goxo paseatzen duen gizonezkoa aita sensible eta enrollatutzat hartzen dela, eta zeregin berean ari den amari ez zaizkiola inondik inora adjektibo horiek eransten, bera egiten ari dena “funtzio natural” bat betetzea balitz bezala. Kontziente naiz lagunarteko bazkari bati haurra zaintzeagatik uko egiteak aitzakia kutsua duela zenbaitentzat, ez zaiela buruan sartzen, baina... 

Zaintzak zer-nolako onura ekarri dizu? 

Mundua ikusteko talaia bat ere bada zaintza. Aita izan aurretik existitzen zirenik ere ez nekien gaiei buruz pentsatu behar izan dut, plano teorikoan susmatzen nituen joera batzuk neure larruan bizitzea tokatu zait, aita izan aurretik neraman bizitza erritmoa zalantzan jartzea, etorkizunari buruz lehen ez nituen kezkak agertu dizkit... Era berean, lehentasunen eskala ere birplanteatzen lagundu dit, niretzat zinez garrantzitsuak diren horietan zentratu eta gainontzekoak erlatibizatzen.  

Eta bertsotarako, zer-nolako onura/galera ekarri dizu?

Pertsonalki janzten nauenak bertsolari gisan janzten nauela sinesten dut. Kantatzeko eta hausnartzeko mundu, ikuspegi, egoera eta pertsonaia berriak eman dizkit. Gauzak erlatibizatzen asko lagundu dit, nire lana distantzia batetik ikusten. Bestalde, jarrera bat ere eman dit, momentuari erantzutekoa. Haur batekin ongi hasten den eguna okertu daiteke, berriz bere onera etorri, berriz okertu... Eta alderantziz. Horrek asko lagun-tzen dit bertsotan gaizki ari naizenean buelta ematen eta ongi ari naizenean gehiegi ez sinesten. 

Bertsotan amak ari dira kantari, eta aita arduratsuak ere oholtzan zaudete... zuek ere eremu horretan bidea urratzen ikusten duzue zuen burua? 

Gai horren aurrean erabat kokatu gabe nago oraindik. Serio esaten ditudan zenbait kontu txistetzat har-tzen dizkidatela ohartzen naiz, edo, esan nahi dudana esan nahi dudan gisan kantatzea lortu arren susmoa dut entzuleak ez dituela nik ulertzea nahiko nukeen bezala ulertzen. Komunikazioaren arrakalak. Espero dut denborarekin gaiaren aurrean egokiago posizionatzen asmatuko dudala eta gaia tratatzeko beste zeharbide batzuk agertzen joango direla. 

 

* Datorren astean Jagoba Arrasate, Manex Agirreren eta Joni Ubedaren testigantzak sareratuko ditugu.