Juanjo Quintela: “Geroz eta gutxiago eta geroz eta okerrago zaintzen duen gizartea ari gara eraikitzen"

2018-01-10

Bizitza osoa haurrekin darama lanean quintelak, ahalik eta bizitza osasuntsuena izan dezaten ekinean. Psikologoa da, Emmi Pikler pedagogian aditua, hainbat zentrotako aholkularia eta formatzailea. Haurrak haur bizitza egiteko duen eskubidea bermatu egin behar dela dio, “gizartearentzat urgentziazko auzia delako”.

 
 
Juanjo Quintela: “Geroz eta gutxiago eta geroz eta okerrago zaintzen duen gizartea ari gara eraikitzen"

 

Egonkortasunean, baretasunean eta lotura afektibo sendoetan oinarritutako haziera modua defendatzen du Quintelak. Kontziente da, ordea, gaur egungo bizimoduak beste norabide batean garamatzala eta salatzen du umeek jasaten dutela horren kaltea. “Orain artean ezagutu dugun hazierarako eredurik egonkorrenetik —alegia, familiatik— arriskutsuki ari gara urruntzen eta horrek bere kostua du”. Horrexegatik, ikuspegi humanistiko nahiz sozialetik begiratuta lehentasunezkoa iruditzen zaio familiak babestea, “pertsona batek edo batzuek haur bat edukitzea erabakitzen dutenean eta familia bat osa-tzea, eskubidea izan behar dute gurasotasun hori gozamenez, soseguz eta lasai bizitzeko. Hori funtsezko ideia da, horixe delako guztiaren abiapuntua”. 

“Haurra” entzun eta guztioi datorkigu burura ideiaren bat. Alegia, esan daiteke edonork dakiela haurra zer den. Baina, benetan ezagutzen ote dugu haurra? Edota haurraren kontzeptuaren gainean eraiki den irudia da ezagutzen duguna? Hori hala, zer da zuretzat haurra eta zein oinarrizko premia ditu? 

Henry Wallon mediku frantsesaren esaldi bat datorkit burura galdera hau entzunda. Mediku hark bizitza osoa eman zuen hezkuntza arloan lanean, haurraren garapen osasuntsua aztertzen, umeen ongizatearen gainean hausnartzen… Badu liburu bat haurraren garapen psikologikoaren gainean diharduena, eta justu hasieran hala dio: “Haurrak dakien gauza bakarra da bere haurtzaroa bizitzen, baina haurtzaroa zer den ezagutzea helduari dagokio. Hori bai, ezagutza horretan zer gailenduko da? Helduaren ikuspegia edo umearena?”. Iruditzen zait Wallon zuzen dabilela haurraren ikuspegia kontuan hartzearen garrantzia azpimarratzen duenean; zein da, baina haurraren ikuspuntua? Uste dut ezin dugula zehatz jakin. Modelo teoriko-esplikatiboetan oinarritzen gara denok haurtzaroa ulertzeko. Giza zientzietan oro har, eta haurraren nahiz haurtzaroaren ezagutzan zehazkiago, ez dauzkagu zientzia naturaletan bezainbeste ziurtasun eta zalantzan jarri ezin daitezken jakintza. Horrexegatik oinarritzen gara haurra ezagutzen eta haziera zer den jakiten lagunduko diguten modelo teorikoetan. Kurt Levinek zioen ez dagoela ezer praktikoagorik teoria on bat baino. Zentzu horretan, niri iruditzen zait modelo teorikoak edo esplikatiboak funtsezkoak direla, baina eguneroko bizitzako errealitateekin, esperientziekin eta bizipenekin uztartu behar direla etengabe.

Beraz, bakoitzak duen esperientziaren arabera haurraren eta haurtzaroaren gaineko ikuspegi bat edo beste izango du?

Baliteke. Niri gaitza egiten zait haurra zer den definitzea eta haurtzaroa zer den esatea. Eta badakit kontraesankorra eman dezakeela, bizitza guztia haurrekin baitaramat lanean, ahalik eta bizitza osasungarriena eta ongizate handienekoa izan dezaten ekinean; eta, hala ere, zail samarra egiten zait umea zer den esatea. Irudipena dut ezohiko indarra duen izakia dela haurra, bizitzan beste inoiz izango ez duen bezalako sendotasuna duena, baina era berean uste dut izugarri hauskorra dela. Esango nuke bi alderdiak dituela haurtzaroak: indar izugarria batetik, eta muturreko hauskortasuna bestetik.

Eta nola zaindu daiteke haurrak berez dakarren indar eta sendotasun hori?

Haur txikiek eurak bizi diren helduekin lotura afektibo eta emozional esanguratsuak eraiki behar dituzte —bereziki euren familia-kideekin, baina haien ausentzian beste helduekin—. Haurtzaroan atxikimendu segururik eraikitzeko aukerarik izan ez duten ume horien barruan zerbait printzatu egiten da. Ume horien bizitzetako arrastoari erreparatzen badiogu, helduaroan arazoak izan ditzaketela ikusten dugu: sozializatzeko, familia bat osatzeko, lanerako, justiziarekiko… Atxikimendu seguru hori izan ez duten pertsonen kasuan errepikatzen den ezaugarri bat dela esan dezakegu. Haurren hauskortasuna ere testuinguru horretan ulertu behar da, kontuan izan behar baitugu haurrek lotura seguru horiek egiten ez badituzte —inguruan horretarako prest dagoen heldurik ez dagoelako edota beste arrazoiren batengatik—, berez dakarten indar eta sendotasun hori guztia hautsi egin daitekeela. 

Hauskortasun horren kontzientzia edukitzeak zuhurtzia handiz jokatzera eraman behar gintuzke. Ezin dugu pentsatu dena xurgatzen duten esponjak bezalakoak direnez nahi duguna irakats diezaiekegunik eta gura dugun horretan trebatu ditzakegunik trukean inolako preziorik ordaindu gabe, jarrera horrek gero bere ondorioak izango dituelako. Haur txikiak ez dira haiekin dauden helduen interesen, desioen, antsietateen eta obsesioen zerbitzura dauden objektuak. Haurrak haur dira eta haur bizitza egiteko eskubidea izan behar lukete. 

Haurtzaroaz eta haurren eskubideez hitz egiten da, baina umearen premia oinarrizko horietako zenbait sistematikoki urratzen dira: presa sartu eta etapak aurreratuarazten zaizkienean; euren gaitasunak garatzeko aukerarik ematen ez zaienean; euren emozioei tokirik egiten ez zaienean... Zer egin genezake, helduok —izan gurasoek zein hezitzaileek— premia horien urraketak saihesteko edota onbideratzeko?

Eskubide gisara egiten diren formulazio guztien atzean —bizitza osasuntsu baterako eskubidea, nortasuna osoki eta era armoniatsuan garatzekoa, maitasuna bermatua izatekoa...—, nagusiki, haurrek dituzten premiak daude presente, horiei erantzuteko sortzen baitira eskubideak. Gertatzen dena da, horrelako gauzak irakurri eta gero errealitateari begiratzen diogunean gogogabetu egiten garela, ikusten dugulako zeinen urrun gauden aldarrikatzen ditugun gauzekin koherente izatetik. 

Gure heldu bizitza, umeekiko harremanari dagokionez, intentzio onez betea dago. Bai familiena, bai hezitzaileena eta baita politikari nahiz legegileena ere. Hori ez nuke inoiz ukatuko. Hori bai, gure heldu bizitza konplikatzen denean, eurak izaten dira lehen kaltetuak. Haur txikiek denbora lasaia eta baketsua behar dute, trantsizio motel bat gure heldu bizitza okupatura jauzi egiteko. Eta hain justu ere, denbora hori eta lasaitasun hori da eskaintzen ez dieguna. 

Haur-eskolen kasuan, adibidez, gurasoak lanera joan behar direlako haurrak beste pertsona batzuen zaintzapean uzten dituzte. Aita-amak presazko mundu xurgatzaile horretan sartzen dira, segur aski beste erremediorik geratzen ez zaielako. Baina horrek dakar euren gurasotasuna osotasunez, soseguz eta gozamenez bizitzeari uko egitea. Eta kasu askotan, ukapen hori ez da norberak hautatua, obligaziozkoa baizik, bizi garen eredu sozial honek horretara garamatzalako, beste era bateko errealitaterik sortzen ez dugun artean.

Gero urteak pasatzen dira, gure umeen haurtzaroa iragan bilakatzen da, eta guraso gisa, zerbait galdu izanaren sentsazioa gailentzen zaigu, gure bizitzan zerbaitek ihes egin digula dirudi. Eta galdu dugun hori edo ihes egin digun hori ez da azaleko kontua, ez da inolako huskeria, geure nortasunarekin berarekin duelako zerikusia, kasu honetan, familia bat osatu duen guraso gisa eraikitzen dugun nortasunarekin, edota sozialki era batera edo bestera esku hartzen duen helduaren nortasunarekin. 

Bowlby-ren esaldi bat ekarri nahi nuke hona, esaten ari garen honekin zerikusia duelako. Hala dio: “Gizon-emakumeek ondasun materialen ekoizpenera bideratzen duten energia gure adierazle ekonomiko guztietan agertzen da kuantifikatuta. Baina gizon-emakumeek euren etxeetako ekoizpenera bideratzen duten energia —ume zoriontsuak, osasuntsuak eta euren buruarekin seguru daudenak eraikitzeko—, ez da inongo estatistiketan kontuan hartzen. Hankaz gora dagoen mundua sortu dugu”. Uste dut esaldi horrek oso ondo adierazten duela zer-nolako drama humanotan gauden sartuta, drama humano bat delako honi guztiari konponbide gizatiar eta eraikitzaile bat eman ezin ahal izatea.

Gaur egun informazio asko dago haurren hazieraren eta heziketaren inguruan, baina jakinduria, sinesmen, helburu eta prozedura asko ezbaian jarri dira. Haziera “zentzuzko” bat behar dela defendatzen duzu zuk. Ahalegin serioa egin behar dela egonkortasunean, baretasunean eta lotura afektibo sendoetan oinarritutako haziera modua sustatzeko. Baina nola lortzen da hori? Zein urrats eman ditzakete horretarako familiek nahiz haur-eskolek? Edota maila soziopolitikoan ere neurriak hartu behar lirateke? Izan ere, gaur egungo bizimoduak ez al garamatza justu kontrakora?

Bai, gizarte honetan bizi dugun eromenak beste norabide batean garamatza, eta justu umeek ordaintzen dute horren kaltea; beno, ez umeek bakarrik, gizarteko talderik zaurgarrienek: umeek, zaharrek, pertsona dependienteek… hain zuzen ere, populazio produktibotik kanpo daudenek. Ez da erraza errealitate horren aurrean zer egin dezakegun asmatzea. Egonkortasunean, baretasunean eta lotura afek-tibo sendoetan oinarritutako haziera modua defendatzen dut nik, eta jende askok partekatuko duen ideia izan ez arren, uste dut urgentziazkoa dela horren alde egitea. Myrtha Choklerrek esan ohi duen moduan, haurrekin egiten ari garen zenbait jardun, arrisku sozial nabarmena dakarten praktikak dira. Haziera zentzuduna behar dugula uste dut eta esango nuke hori gizarte gisa daukagun erronka nagusietako bat dela, ez dela soilik familien egitekoa, eta are gutxiago familia bakoi-tzarena bere kasa. Beste eredu sozial batzuk imajinatu behar ditugu, beste alternatiba batzuk gurasoei haurrekin egoteko denbora gehiago utziko dietenak, horregatik arriskuan jarri beharrik gabe euren diru-sarrerak. 

Beste eredu batzuk imajinatzen hasten garenean, kontu ekonomikoa atera ohi da eztabaidara: garestiagoa litzatekeela, finantziazio publiko handiagoa beharko lukeela…

Eta segur aski epe motzera begiratzen badugu, garestiago izango da, baina haratago begiratu behar dugu, epe luzera begira estrategikoa izan daitekeelako. Eskolatze goiztiarrarekin prezio bat ordaintzen ari gara, kontabilizatzeko erraza izan ez arren, oso begi-bistakoa dena. Argi izan behar dugu horrekin pertsona hauskorragoak, ahulagoak, zaurgarriagoak… egiteko arriskua daukagula. Gure erabaki batzuengatik gero gu ordezkatuko gaituzten belaunaldi batzuen  hauskortasuna —fragilizazioa— ari garela eragiten pentsatzea, izugarria da!

Zer esan nahi duzu, bizitzan aurrera egiteko baliabide gutxiago izango dituzten belaunaldiak ari garela sor-tzen?

Bai, horixe bera. Heldu bizitzak erronka asko ditu: erronka ekonomikoak, erronka ideologikoak, erronka kulturalak, erronka afektiboak, erronka emozionalak… erronka asko ditu, eta finean, belaunaldi bakoitzak galdera egin behar luke zer gizarte mota eraiki nahi duen, zer bizitza mota, zer giza harreman mota ari den sustatzen. 

Bizitza familiarra galtzeak edo ahul-tzeak ezinbestean dakar belaunaldi berrien hauskortasuna edo fragilizazioa. Eta nik benetan uste dut eskolatze goiztiarrak helduaren munduari onura asko ekarri badizkio ere, umeak hauskorrago, ahulago, zaurgarriago egin dituela. 3-4 urtetatik aurrera eskolatzea haurrarentzat plazer-iturri izan daiteke —baldin eta eskola nahikoa abegitsua bada—, baina eta lehenago? Agian zalantza egin beharko genuke eta horren inguruan hausnartu. 

Eskolatze goiztiarrarekin kritiko zara, beraz.

Azken batean, eskolatze goiztiarrarekin orain artean ezagutzen dugun hazierarako eredurik egonkorrenetik
—alegia, familiatik— arriskutsuki ari gara urruntzen, eta horrek bere kostua du. Eta kostua diodanean, adibidez, hor daukagu TDAHren (Arreta-defizitaren eta hiperaktibitatearen nahasmendua) hazkunde nabarmena. Ikerketa zenbaitek diote kasuen % 3an soilik proba daitekeela oinarria organikoa duela. 

Hortaz, Myrtha Choklerrek ongi esan ohi duen moduan, benetan zeinena da arreta urritasuna, haurrena edo helduona? Onartu beharra daukagu guk haurrak desatenditu egiten ditugula, ez diegula behar besteko arretarik jartzen, ez behintzat euren oinarrizko beharrek eskatzen duten arreta. Beraz, guk jaramonik egiten ez badiegu umeek dituzten premiei, alegia, behar besteko arretarik jartzen ez badiegu haurrei, oso erantzun logikoa da haiek ere gero guri arretarik ez jartzea eta arreta urritasun batekin erantzutea. Ez da mendekuz egiten duten zerbait. Helduok ere ondo dakigu zuri besteak arretarik jartzen ez badizu, bestearenganako zure arreta ere urritu egiten dela. Zuk seinale batzuk igortzen dituzu besteak kasu egin diezazun, baina kasurik egiten ez badizu, apurka, seinale horiek igortzeari uzten diozu. Alegia, nik seinaleak igortzeari utzi egiten diot ez daukadalako itxaropenik bestea benetako harreman baterako pertsona egokia izan daitekeenik. Gizakiok —haur zein heldu— horrela funtzionatzen dugu.

TDAHren hazkunde hori, harremanekin loturiko zenbait trastorno, komunikazio zailtasunak, agresibitate
gehiegizkoa… gero eta maizago ikusten dira horrelako arazoak pubertaroan zein nerabezaroan, eta ni ziur nago pertsona horien haurtzaroaren fragilizazioak era bateko edo besteko eraginen bat baduela horretan, edo lagundu behintzat ez duela egiten. 

Beraz, kontuak egiterako orduan, hemen eta orain garestiagoa izan daiteke zenbait neurri hartzea, baina epe ertainera nahiz luzera begiratuta ez. Gure eredu sozialak familiei lagunduko balie familia-bizitza egiten, ziur nago luzera begira merkeagoa litzatekeela, eta orain familietan inbertitzen dena beste modu batera itzuliko litzatekeela gizartera. Aldiz, haurtzaro, nerabezaro eta helduaro fragilizatu batek ondorio latzak izan ditzake, baita ekonomikoak ere. Gertatzen dena da gure kontzientzia sozialak eta politikoak ez digula gure zilborretik haratago ikusten uzten. Etorkizun hurbilera begiratu behar dugu eta irudikatu nolakoa izan daitekeen biharko egun hori gauzak ez baditugu ondo egiten. Hori baliagarria da haurren hazieraren kasuan, baina baita aldaketa klimatikoaren gaiari dagokionez ere, gure etorkizuna giza espezie gisa zalantzan jartzen duten beste jokabide askoren kasuan ere baliagarria den bezalaxe. Ardura sozialaz ari naiz, eta ez soilik politikariek duten ardura sozialaz, baizik eta izaki politiko garen heinean guztiok dugun arduraz. 

Errealitatea hori izanik ere, bada familiek nahiz haur-eskolek egin dezaketen ezer? Gaur egungo egoeran, nola egin daiteke ahalik eta osasuntsuena haurren zaintza?

Agente asko daude hor inplikatuta. Haurtzaindegien edo haur-eskolen ikuspuntutik begiratuta, hasteko eta behin haur txikiekin ari garen hezitzaileok jakin behar dugu gure erronka profesionalak umeak bere eskola-ibilbide guztian izango duenik eta etaparik garrantzitsuenari erantzuten diola. Pentsatu ohi dugu konplexuena unibertsitatea dela, gero bigarren hezkuntza, hurrena lehen hezkuntza eta azkenik haur hezkuntza, baina alderantziz da. Horrek eskatzen du gure lanaren seriotasunaren gainean kontzientzia hartzea. Gure egiteko nagusia taldean dauden eta gureak ez diren haur batzuk zaintzea da. “Zaintzea” hitza azpimarratu nahi dut, geroz eta gutxiago eta geroz eta okerrago zaintzen duen gizarte bat ari garelako eraikitzen. Eta zaintzea diodanean haurren eskubideen deklarazioan agertzen diren ideiez ari naiz. Denik eta lanik konplexuena da gurea, helduaren eta haurraren harremanean oinarritzen delako, eta harreman hori delako haurraren mundua eta haur horren garapena egituratuko dituena.

Hori hasteko, baina haratago ere joan behar dugu. Gure inguruan dugun sarerik publikoenean, adibidez, gerta daiteke hezitzaile batek irailean harrera aldia egitea, hezitzaile hori haurrentzat heldu erreferentzial bilakatzea, sekulako lotura afektiboa eraikitzea… eta gero azaro erdian, egun batetik bestera, hezitzaile horrek alde egin behar izatea eta beste bat azaltzea, postua bigarren horrena delako eta aurrez zegoena ordezkoa zelako. Argumentazio mota batekin justifikatu ahalko dira horrelako gertakariak, baina umearen ikuspegitik begiratzen badiegu, hau da, haurraren segurtasuna, ongizatea, errespetua… kontuan hartuz, ulergai-tzak dira. Aurrez aipatu ditugun umearen eskubideak zentroan jarriko balira, horrelako erabakiek ez lukete kabidarik gure jardunean. Eta, noski, nik oso ongi ulertzen ditut langileen eskubideak, baina hasierako puntuari helduz, galde dezakegu: “Zein izango da nagusituko den ikuspuntua? Helduarena ala haurrarena?”. Nire ustez, harrera ona egin duen hezitzaile hori blindatu egin behar da, nik ezin dut heldu hori hortik erretiratu, umeentzat kaltegarria delako. 

Zentzu horretan, politikariei ez ezik, sindikatuei ere ausartagoak izateko eskatuko nieke. Langileen eskubideak oso kontuan izaten dituztelako, baina ez dietelako haurren eskubideei erreparatzen. Batzuetan haurtxoen sindikatu bat sortzeko gogoa ematen dit, gainerako sindikatuekin eta administrazioekin esertzeko umeen eskubideak defendatzera eta eztabaidatzera zer den haur izate hori eta zein premia dituen haurtzaroak.

Hori haur-eskolei dagokienez, eta familien kasuan, zer?

Pertsona batek edo batzuek haur bat edukitzea erabakitzen dutenean eta familia bat osatzea, eskubidea izan behar dute gurasotasun hori gozamenez, osotasunez, soseguz eta lasai bizitzeko. Eta hori funtsezko ideia da. Horixe delako guztiaren abiapuntua. Izan ere, ongizate, gozamen, sosegu, patxada… hori guztia sentitzen badute gurasoek, horixe izango da euren seme-alabekin partekatuko dutena ere. Eta lasaitasun, ongizate, plazer, afektu… hori guztia da haurtzaroa egituratzen duena eta haurrari berez dakarren indar hori mantentzen eta garatzen laguntzen diona. Iruditzen zait, gizarte honetako kide bezala, guztiok egon beharko ginatekeela interesatuta hori horrela izan dadin. Gero, ez du balio esateak jaiotza-tasa jaitsi egin dela. Hortaz, ikuspegi humanistiko nahiz sozialetik begiratuta, uste dut familiak babestu egin behar direla, denon onerako izango delako. Eta hor lehen egitekoa gurasotasun baimenak luzatzea eta erraztea litzateke. Zentzu horretan, bat egiten dut Hik Hasik atera duen hezkuntza proposamenean ageri denarekin. 

Gizarte gisa, bestalde —eta horretan agente politikoek ere zeresan handia izan behar lukete—, sare sozialak eta harreman sozialak sustatu behar ditugu. Kolektibo gisa, herritar aktibo gisa, bakardadearen kontrako sareak eraiki behar ditugu. Jendea senti dadila bizi den auzoko edo herriko kide. Eta integrazio hori ez dadila egon pertsona batek dituen gaitasun sozialen mende, baizik eta auzoan edo herrian egon dadila egitura bat eta kultura bat hori guztia hartzeko, eta jendea ondo sentitzeko sare sozial horren baitan.

Haziera eta heziketaren inguruan nahasmendu handia sortzen da informazio kontrajarria jaso dezaketelako gurasoek nahiz hezitzaileek. Hazieraren esparruko iturri sinesgarri bat aurki daiteke iritzi bat emango duena, eta luze gabe beste iturri bat aurki daiteke justu kontrakoa esango duena. Baina, zure esanetan, fisikan edo astronomian bezala, badira haziera hobeto ulertzen lagun dezaketen deskubrimendu zientifiko garrantzitsuak ere. Zer diote horiek? Eta nola errespetatu horiek diotena etxean zein haur-eskolan?

Kontua da, giza zientzietan oro har, eta zehazki haurren hazieraren eremuan, ez dela erraza ebidentzia zientifikoak aurkitzea. Baina batzuk badaude eta horietako bat da haurren motrizitatearen garapenari dagokiona, Emmi Pikler pediatraren ikerketei esker jaso duguna. 2.000 haurri jarraipen zehatza egin ondoren zera ondorioztatu zuen: jaiotzen denetik bakarrik oinez ibili arteko bidea egiteko haurrak ez duela inork ezer irakasterik behar, ezta helduaren inolako esku-hartzerik ere. Horrek haurra errespetatzea esan nahi du, eta haurraren gaitasunetan konfiantza edukitzea. Izan ere, helduak haurrak berak lortu beharreko zenbait ekintza aurreratu egiten badizkio, eta umearen ordez berak egiten baditu, zer ari zaio transmititzen ume horri? Helduak egin duen horregatik izan ez balitz, umea bere kasa ez zela gai izango lortu beharreko hori lortzeko. Aldiz, erretira-tzen dakien helduak, —haurra abandonatu gabe eta hor egonaz, noski—, eta eguneroko bizitzak jartzen dizkion erronkak —eskailera bat, aulki bat, harrapatu nahi duen objektu bat…— haurrak nola gainditzen dituen ikusiz gozatzen dakienak  haurrari ahalbide-tzen dio sakoneko bizipenak izatea, eta bere iniziatibaz jardutea. 

Haurraren iniziatibari tarterik egin ezean, ez genuke haurra errespetatuko? Tratu txar batean eroriko ginateke?

Cristina Shulls autoreak, adibidez, indarkeria leunaz hitz egiten du. Hala dio: “Ez da tratu txarra, ez dira abusuak, istant efimeroak dira, zeinetan heldua jada ez dagoen umearekin konektatuta, eta epai bati men egiten dion, edo etiketa bati, edo keinu gogor bati… une laburrak izan ohi dira, baina egun osoan zehar maiz gertatzen dira, eta umea ziurgabetasun afektiboan kokatzen dute. Leunak dira helduaren intentzioa ez delako minik ematea, ez dago premeditaziorik, eguneroko jardunean ‘konturatu gabe’ egiten diren praktikak dira”. Alegia, ez dago tratu txarra emateko intentziorik, ez dago kontzientziarik. Demagun ume bat harrera aldia egiten ari dela haur-eskolan eta gurasoak alde egiten duenean negarrez hasten dela. Pentsa hezitzaileak besoetan hartzen duela, leihora urrera-tzen dela eta hasten dela esaten: “Begira txori hori, ikusten duzu…”, edo “ala, begira zelako lore polita!”. Kasu horretan ezin esan dezakegu hezitzailearen intentzioa txarra denik, okerrenera ere umearen negarra jasan ezin duelako jokatu du horrela, haurraren negarrak zuzenean helduaren sufrimenduarekin konektatzen duelako. Baina, segur aski, haur horrek une horretan behar duena ez dio eman hezitzaileak. Momentu horretako sufrimendua eta sufrimendu horren zergatia ulertu eta errekonozituko dion heldu bat behar du alboan. Engainuzko entretenimendua baino askoz ere hobeto ulertu eta maneiatu ahal izango du haurrak benetakotasunarekin eta zintzotasunarekin bizitako egoera bat, nahiz eta gertatzen ari dena gogorra izan. Helduak zera esan diezaioke: “Nik ulertzen dut zuretzat nekeza izatea hemen aitatxo eta amatxo gabe egon beharra, baina orain nirekin geratuko zara eta saiatuko naiz zuri lagun egiten ahalik eta hobekien egon zaitezen”. Eta hortik aurrera hezitzailearen ardura izango da umearen negarra, erresistentzia, sufrimendua… onartzea eta horrekin egoten jakitea. Eta, era berean, baita umearen jakinduria onartzea ere, ume hori oso ongi ezagutzen duen ongizate bat ari baita aldarrikatzen, alegia, gurasoekin dagoenean sentitzen duen ongizate hori nahi du. Negar hori inteligentzia seinale bat dela esango nuke, eta inteligentzia seinale bat bada, zergatik estaltzen dugu? Gainera, non, eta eskolan? Hain justu ere bere egitekoa inteligentziaren garapena den lekuan.

Haurrarekin harreman egiazko, zintzo eta prestu bat eraikitzen ez badugu eta beren emozioak onartzen ez baditugu, haur horiek ahultzen ari gara. Hau da, oinarrian intentziorik onena egonagatik, haurra are eta hauskorrago egiten duen jokabide bat ari gara edukitzen. Haurren sentimendu eta emozioak direnak direlarik ere, duintasunez tratatu behar direlako, eta umeak sentitzen duen hori ikusi ezin badut eta horretaz hitz egin ezin badut, duintasun horri ez natzaiolako tokia egiten ari. 

Loa, motrizitatea, zaintza-garaiak (jatorduak, pixoihal aldaketak, garbiketak…)… horiek guztiak haurraren nortasunean eragiten duten faktoreak direla esan ohi da. Baina, nola eragiten dute? Zein garrantzia dute? Eta horiek zaintzeak haurra zaintzea esan nahiko al luke?

Nik uste dut haur txikiekin egiten dugun guztia haiek zaintzea dela. Kontua da, badaudela zenbait okasio, zeinetan zaintzeak, errespetatzeak, duintasunez tratatzeak… justu gure presentzia erretiratzea eskatzen duen. Gure omnipresentzia ekiditea. Adibidez, hori da lehen aipatu dugun motrizitatearen kasuan gertatzen dena. 

Baina, badaude egunero egiten ditugun beste hainbat jardun ere, zaintza-une deitzen diegunak (jatorduak, pixoihal aldaketak, garbiketak…), eta justu horietan, erretiratu beharrean haurrarekin modu erradikalean harremantzeko uneak dira. Momentu horietan zaintzeak haurrarekin erabateko harremanean sartzea esan nahi du. Baina, funtsean, oso gauza sinpleaz ari naiz hizketan: bi gizakiren arteko enkontruaz, hain zuzen. Alegia, gizakiok beste gizaki batzuekin harremanean gauden heinean humanizatzen gara. Horixe da gure osasunaren eta gure garapenaren zimendua. Beraz, egoera horiek gure zuzeneko inplikazioa eskatzen dute, erabateko gertutasun fisikoa nahiz afektiboa haurrarekin, haurraren intimitatea zaintzea, begiradaren, keinuen, ukituen... bidez haurrarekin bat egitea. 

Zorionez, haurrek dituzten zaintza premia horiek, ziklikoki behin eta berriz errepikatzen dira, hau da, ez daukagu ezer asmatu beharrik umeekin inplikatzeko: jaten eman behar diegu, pixoihala aldatu behar diegu, deskantsatu egin behar dute… haurraren behar fisikotik sortzen diren egoera horiek ahalbidetuko digute umearekin elkartzea, bat egitea eta pertsona gisa elkar errekonozitzea. 

Hori bai, umearekin topo egiten dugun une horiek era batekoak edo bestekoak izan daitezke. Adibide bat jartzearren: umeari jaten modu askotara eman diezaiokegu. Alegia, haur bat trona batean eser dezakegu bere platerarekin eta inguruan jostailuak eta tablet bat jarri, ume hori jateko ezgauza balitz bezala. Jateko ordua iristen denean, zer egingo du haurrak? Bada, jan. Baina nik, heldu gisa, haur horrengan konfiantzarik ez daukadanez berak bere apetitua gestionatuko duela, zer egiten dut? Janariaren inguruan era guztietako estimuluak ezartzen dizkiot jaten badu oparitzat erabili ahalko dituenak. 

Engainuzko jokabidean erortzen gara helduok?

Bai, eta hor uneoro jokoan sartzen da helduak haurren gaitasunetan duen konfiantza. Argi dago, adibidez, haurrak ezin duela janaria prestatu edota bere pixoihala aldatu, edota nekatuta dagoelako edozein baldintzatan lokartu… helduen presentzia, eta zenbait kasutan parte-hartzea, eskatzen duten momentuak dira, baina neurrian, haurrak duen gaitasunean ere konfiantza izan behar dugulako eta bere autonomiaz jarduteko espazioa eman. Adibidez, janariarekin lotuta, konfian-tza eduki behar dugu haurrarengan aseta dagoenean ‘nahiko’ esango duela edo adieraziko duela ez duela gehiago nahi. Beste adibide bat jartzearren, konfiantza eduki behar genuke baita ere haur batek nekatuta dagoenean badituela mekanismoak bere burua baretzeko eta lokartzeko. Hori bai, kasu batean zein bestean heldua beharko du alboan, baina sarri, presentziarekin soilik nahikoa da. Heldua egon behar da aldamenean, oso erne. 

Eta nola jakin muga non dagoen? Nola eman autonomia gauzak bere kasa egin ditzan, baina aldi berean hor egonaz, sostengua edo akonpainamendua ematen?

Ez da batere erraza. Eta are zailagoa da merkatuteknia osoa eraiki denean gurasoei zaintza lanetatik aldendu behar dutelako mezua igortzeko. Merkatuak etengabe material, objektu eta gailu berriak sortzen ditu helduei dagozkien zaintza lanak ordezkatzeko. Eta behin eta berriz esaten den bezala helduok umeekin jolastu behar dugula —eta nik horrekin nire zalantzak ditut, umeek bakarrik ere oso gustura jolasten dutelako, nahiz eta gu aldamenean egotea gustatzen zaien—, zaintza gaietan justu kontrakoa helarazten da. Igortzen den mezua da zaintzarako ez dela behar gurasorik. Eta merkatuteknia saiatzen da gurasoak ordezkatuko dituzten gailu eta objektuak saltzen; adibidez, botoi bat sakatuta bere kasa mugitzen den hamaka bat. Horrelako gailuekin haurrari ez diogu uzten bere ekintzen ardura har dezan. Ume pasibo bat ari gara eraikitzen, eta nik benetan sinesten dut haurrak bere ekin-tzen ardura hartzeko gaitasuna duela.