FRANCESC IMBERNON, Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna: “Isolatutako irakasleak ez du funtzionatzen. Talde-lana nahitaezkoa da. Hil da irakaslea; gora irakasle-taldea”

2018-06-18

Irakasleen egiteko zail baina atseginaz mintzatu zen Francesc Imbernón Ikastolen Elkarteak martxoan antolatutako jardunaldi pedagogikoetan. Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna da eta ibilbide luzea du egina hezkuntzan; besteak beste Grao argitaletxea sortu zuen eta Escola Nova 21eko kide da. Eskola askotatik pasa da aholkulari gisa eta “irakasleen DNA” oso ongi ezagutzen duela dio. Eskola berritzeko gakoak zein diren argi du: aldaketaren unitatea ikastetxea da; proiektuak elkarrekin egin behar dira; komunikazioa, partaidetza eta tolerantzia profesionalean oinarritu behar da; irakasleek ahaldundu egin behar dute, aldaketak egiteko eta ezagutza pedagogikoa sortzeko gai direla sinetsi; metodologiak aldatu behar dira; denetaz hitz egin behar da; eta komunitatearekin eta eragileekin bat egin behar da benetan hezkuntza osoa izatea nahi badugu.

 
 
FRANCESC IMBERNON, Bartzelonako Unibertsitateko katedraduna: “Isolatutako irakasleak ez du funtzionatzen. Talde-lana nahitaezkoa da. Hil da irakaslea; gora irakasle-taldea”

 

Eskola zaharkituta dagoela entzuten da azkenaldian behin eta berriz. Zer iritzi duzu? Zerk ez du funtzionatzen?

Bai, egia da, oraindik Ilustrazio garaiko kulturan bizi gara. Garai hartan neska-mutilak industrializaziorako prestatu behar ziren, eskulana behar zen. Sortu ziren eskola guztiak berdin-berdinak ziren: pasillo berberak, gela berberak, eraikin berberak... Ez zegoen testuingururik; denek liburu berberak irakurtzen zituzten eta lan berberak egin. Irakaskuntza sinplea zen eta ez anitza, homogeneoa. Haurrak adinaren arabera antolatu zituzten eta gaur egun badakigu horrek sortzen duen homogeneitateak ez duela funtzionatzen. Izutu egiten nau gaur egun oraindik umeak adinen arabera antolatuta ikusteak. Hainbat gaitarako berdin du, antzeko errealitatea dute ikasleek eta talde homogeneoetan egon daitezke, natur eta gizarte gaietan adibidez; baina matematikan eta hizkuntzan ez, eta hori badakigu. 

Orduan haurrak objektutzat hartzen ziren, eta gaur egun haurra erdigunean jartzen da eta harremanari ematen zaio garrantzia. Horrek irakaslearen rola aldatzea dakar. Lehen 1. mailako irakasleak zeuden; ‘ikasleak onak eta txarrak dira’ pentsatzen zutenak. Gaur egun 3. mailako irakasleak behar dira; ikasleak subjektu dira, eurak dira egiten dutenak eta irakasleak lagun-tzen egon behar du. Aldaketa hori garrantzitsua da, oraindik 1. mailan dauden irakasleak baitaude eta horrek ez baitu funtzionatzen. XXI. mendean 3. mailakoak behar ditugu.

Horrez gain, badugu beste arazo garrantzitsu bat ere: sozializatzeko instantziak aldatu egin dira. Lehen familia, ateneoa, eliza... ziren sozializatzeko lekuak eta horiek desegin egin dira. Ondorioz, familiarenak eta talde horienak behar luketen gai asko eskolaren eta hezkuntzaren gain jartzen dira gaur egun.

Bada beste elementu interesgarri bat ere: lehen gu eta komunitatea bat ginen, tren berean gindoazen. Gaur egun koherentzia hori apurtu egin da. Gu konpetentzia eta balio batzuk defendatzen saiatzen gara, eta batzuetan komunitateak, edo telebistak, beste balio batzuk defendatzen ditu. Beraz, testuinguruaren eraginaren arazoa daukagu.

Ondorioz, erronka berriak ezin dira soluzio zaharrekin konpondu.

Irtenbide berriak behar ditugu, beraz. Zer proposatzen duzu?

Nik dena berrogeialdian jartzea proposatzen dut: desikasi dezagun ikasi dugun guztia. Jar dezagun zalantzan mugiezina dirudien guztia: Bigarren Hezkuntzan 50 minutuko saioak? Zergatik? Beti horrela egin delako? Baina ez du funtzionatzen eta! Beti horrela egin da eta kito? Mediku batek eskuekin operatzea bezala da hori.

Geure mugetatik ateratzeko ahalegina egin behar dugu: ideia berrietara ireki, bide berrietan murgildu, ikertu, hausnartu eta denon artean bilatu aurrerapena mundu konplexu honetan. Ezezagunari, gauza berriei eta aldaketei beldurra galdu behar diegu. Jada ezarrita dauden ideia eta proposamenetan itsu-itsuan sinesteari utzi behar diogu. 

Jar ditzagun zalantzan egiten dugun irakaskuntza mota, printzipioak eta helburuak, berrasmatu ditzagun metodologiak, alda dezagun antolaketa, alda ditzagun ikasleekiko harremanak, har ditzagun kontuan emozioak, eduki curricularrak eta irakasleen ereduak. Hitz batean esanda: alda dezagun hezkuntza pentsatzeko modua. Ikus dezagun zer den funtzionatzen ez duena eta egin ditzagun galdera berriak: zer egingo zenuke aurrean dituzunak zure seme-alabak balira? Gauza bera egingo al zenuke?

Galdera horietatik abiatuta, hainbat arlo ditugu aldatzeko, eta niretzat funtsezkoak dira irakasleria, eskola bera eta haren proiektua eta komunitatea.

Irakasleria da aldaketaren giltzarrietako bat. Nondik hasi aldatzen?

Benetan aldaketaren motorra irakasleria da, bai, baina aldaketaren unitatea ikastetxea da, ez irakaslea. Geroxeago hitz egingo dugu eskolaz.

Orain, irakaslearekin hasteko, buruan sartuta eduki behar dugu berrikuntza prozesuetan irakasleek zer zeregin duten zentroetan. Ez dugu ezer lortuko irakaslea ez badugu gai ikusten ezagutza pedagogikoa sortzeko.

Beti ari gara galdetzen zer dioen unibertsitateak, ikuskaritzak, zuzendaritzak, enpresak... Eta zuk, irakasle horrek? Zer diozu zuk? Zeren zu zara zure arazoak bizitzen ari dena. Gogaitu egiten nau hezkuntza-administrazioaren argibideen ez dakit zenbatgarren orrian halako esaten dela entzuteak. Esan dezala esan behar duena, ikusiko dugu guk zer erabakitzen dugun. Egia da legeak bete behar ditugula, baina zer diogu guk? Zeren batzuetan guretzat garrantzitsuak ez diren gauzak inposatzen dizkigute. Espainiako estatuan hezkuntza da araudi gehien duen lanbidea. Medikuek eta abokatuek gutxiago dute. Guri dena arautzen digute. Administrazio guztiek dituzte hezkuntza eta formazio sailak. Medikuek badituzte? Ez. Abokatuek? Ezta ere. Eta guri dena kontrolatu behar digute! Zer gerta-tzen da? Ez al gara beste profesionalak bezala gu ere profesionalak? Utz diezagutela lan egiten!

Hori garbi eduki behar dugu eta sinetsi egin behar dugu. Beste lanbideetan bezala, identitate propioa geure egin behar dugu: ezagutza (ez irakaskuntza) sortzera dedikatzen garen irakasleak gara. Identitate pedagogikoa daukagu. Molestatu egiten dit irakasleek hori argi ez ikusteak. Beste lanbideen mende sentitzen dira: gobernuak, pedagogoak, unibertsitateko adituak... eta irakasleak eurak ez dira ezagutzaren profesional sentitzen, identitate propioarekin eta irakasle gisa duten esperientziarekin, zeinak ikasteko balio dieten.

Horregatik diot irakasleek ahaldundu egin behar dutela, gainerako profesionalek egiten duten moduan. Ahaldundu zure lanean, zure lankideekin gauza garrantzitsuak egiteko gai zara. Ez itxaron besteek zer egin behar duzun esatera. Irakasleak ahalduntzen ez dituen zuzendari batek ez du balio, ez du funtziona-tzen, XVIII. mendean bezala ari da lanean.

Irakasleok gure lankideekin batera ahaldundu behar dugu: zu, irakasle, gai zara zure lankideekin batera ezagutza pedagogikoa sortzeko. Ez dugu ezer egingo ahalduntzen ez bagara, lankideen artean ezagutza pedagogikoa sortzeko gai ez bagara. Ezagutza hori sortzea elkarrekin aldaketak eta berrikuntzak egitea da. Unibertsitatekoek eta hizlariek lagundu dezakete, noski, baina zu zara ezagutza pedagogikoa sortzen duena eta zu zara, zure lankideekin batera, aldaketaren protagonista.

Zerk lagun dezake ahalduntze horretan?

Alde batetik, irakasleok denetaz hitz egiteak lagundu dezake. Harritu egin nintzen eskola oso berritzaile bateko irakasle batek esan zidanarekin. Denak estresatuta ziruditen eta zer gertatzen zen galdetu nien. “Ez daukagu gure seme-alabetaz hitz egiteko astirik!”. Deigarri gertatu zitzaidan. Horregatik diot denetaz hitz egin behar dugula. Formazio paraleloa deritzo horri: nola zaude, zer gertatzen zaizu, nola daude zure seme-alabak, bilobak... Eta irakasleen arteko harremanean oso garrantzitsua da hori; denetaz hitz egitea, komunikazioa.

Beste alderdi bat: ez egitea proiektu asko, ezezkoa esatea. Hobe gauza gutxi eta ondo eginak, asko eta gaizki eginak baino.

Beste ideia bat: hezkuntzan, zuek eta nik, ez daukagu arazorik, egoera gatazkatsuak baizik. Nik hitzaldietan soluzio orokorrak ematen ditut. Baina irakasleek, eskola barruan, arazo zehatzak dituzte, ez arazo orokorrak. Irakasleak pentsamendu praktikoa dauka, hezkuntzan lan egiten du, beraz, egoera gatazka-tsuak dauden zentroetan. Hortaz, ahal den formazio gutxiena egitea komeni da, eta egiten dena zentroan bertan egitea, hor daudelako egoera gatazkatsuak. Bestela, igerilariaren metaforarena egiten dugu: power point-aren bidez saiatu igeri egiten ikasten. Formazio orokorrak paperak gehitzen ditu, irakasleen curriculuma, baina horrek ez du berrikun-tzarik ekartzen. Gainera, formazioak irakasleen beharretatik abiatuta antolatu behar dira. Horregatik dago formazio asko eta aldaketa gutxi.

Eta, noski, irakasleen gaur egungo DNA aldatzeak ere lagunduko luke ahalduntze horretan, DNA hori baita bere lanbidea lanbide subsidiariotzat hartzen duena.

Zeri deitzen diozu “irakasleen DNA”?

Irakasle Eskoletan jasotzen dugun formazioaren ondoren sortzen den irakasle eredua izango litzateke. Irakasleen formazioa, ezaugarriak eta hautematea, beste modu batera esanda. Gaur egun, lehen aipatu dudan bezala, beste batzuen mendeko lanbidetzat hartzen da. Administrazioak, enpresak, ikuskaritzak, zuzendaritzak... esaten dutenaren mendeko.

Zein ezaugarrirekin osatuko zenuke DNA berri bat?

Irakasle baten oinarrizko ezaugarriak jarrera, esperientzia, kultura eta ezagutza dira. Eta hori sartu beharra dago DNAn. Jarreran, ikasleekiko harremana garrantzitsua da, nola jokatu eurekin. Esperientziak aukera ematen du egiten duzunaren gainean pentsatzeko. Bizi dugun kultura eta testuingurua ikasleei erakustea ere garrantzitsua da. Eta noski, irakatsi beharreko gaia ezagutzea ere bai. 

Beraz, hasteko, Irakasle Eskoletako formazioa aldatuko nuke. Metodologikoki formazio egokia jasotzen dutela dirudien arren, ez da hala. Lehenengo pedagogia ikasten dute, gero psikologia, gero didaktika espezifikoak, eta gero praktikak egiten dituzte. Urteak dira horrek ez duela funtzionatzen. DNA horrek, behin eskolara iritsitakoan, gauza berberak egitera daramatza: azaldu, lan egin, azaldu, lan egin... Eta benetan gehitu behar direnak beste gauza batzuk dira: elkarlana, talde-lana, errealitatearen azterketa...

Nire ustez, badago irakaslearen DNAn egon behar duen beste elementu oso garrantzitsu bat: kultua izatea, kultura. Irakasleak pertsona kultua izan behar du, testuinguruaren jakitun dena. Gai izan behar du testuingurutik gauzak atera eta aldatzeko, ez testuliburutik soilik. Irakasle kultuak ez du testulibururik erabiltzen. Kultua ez den irakasle bat erreproduzitu baino egiten ez duen irakasle bat da. Zer egiten du? Besteek esaten dutenetik kopiatu. Eta nondik kopiatzen du? Testuliburutik.

Esperientziarena da beste gai bat: esperientzia praktikaren gaineko hausnarketa bihurtzeko gai izan behar du irakasleak, bakarka edo lankideekin. Asko hitz egiten da praktikaren gainean hausnartzeaz, baina ez dira hausnartzeko erremintak ematen. Ideia hau ere sartu behar da DNAn.

Horretarako funtsezkoa da formazioa aldatzea. Mediku eta erizainek ba al dute DNArik? Noski baietz, osasunaren kultura. Eta abokatuek berdin. Irakasleok ere badugu geure kultura. Aldakorra izan behar du XXI. menderako, ezin zaie ikasleei iraganean bezala irakatsi: egitura hierarkikoekin, praktikaren gaineko hausnarketarik gabe... Nik beti esaten dut Irakasle Eskoletako formazioak praktika teorikoan oinarritu behar duela, hau da, praktikak teoriaz hausnartzeko aukera eman behar digula. Eta oraindik teoria eta praktika banatuta jarraitzen dugu.

DNA aldatzeko Irakasle Eskolek aldatu egin beharko lukete, orduan.

Noski, DNA berri hori Irakasle Eskoletan landu behar da. Nik beti defendatu izan dut Irakasle Eskolek kultura gune bat izan behar dutela. Irakasle Eskolak fakultate bilakatu zirenean gauza batzuk irabazi egin ziren eta beste batzuk galdu. Aldekoa izan zen irakasleek ikertzeko aukera izatea, maila altuagoa izatea... Baina Irakasle Eskoletako kultura galdu egin zen. Lehen musika kontzertuak edo poesia emanaldiak egiten ziren, poetak nahiz idazleak ekartzen ziren eta hori egin beharko litzateke orain ere: DNA kultural bat sartu buruan irakasleei. Horrek pertsona hobeak egiten laguntzen die eta hori da gero ikasleei transmititzen diena. Garrantzitsuena pertsona da. Ume bati balioko dio matematika asko jakiteak, baina askoz gehiago balioko dio pertsona izateak. Horrek balioko dio bere bizitzan. Demokrazia, elkartasuna, berdintasuna, beste modu batera pentsatzea... hori ez da aintzat hartzen batzuetan eta ez luke horrela izan behar. Edukiak lantzerakoan metodologia ere kontuan hartu beharko litzateke. Bestela, ikasleek azterketa bat egin dezakete, baina modu zehatz batean lan egiteko aukera galdu bada, gero zaila da errekuperatzea. Edukiak eta metodologiak elkarri egokituta egon behar dute.

Zein traba ikusten dituzu irakasleen eguneroko jardunean? Nola hobetuko zenituzke?

Hasteko, gaur egun badakigu gizakiak ez duela ezagutzaren ahozko transmisioaren bitartez ikasten, baizik eta ezagutza eraikiz. Gaur egun ikasleak entzun eta ahaztu egiten du; egin eta ulertu; esplikatu eta ikasi. Aldaketa egin beharrean gaude: informaziotik konpententzia eta ezagutzara pasa. Beraz, ez dezagun hainbeste hitz egin. Bi belarri eta aho bat ditugu. Zertarako? Gehiago entzuteko eta gutxiago hitz egiteko.

Bigarrenik, balkanizazioa. Irakasleen artean sortzen diren gerra txikiei deitzen zaie eta ez dakigu zergatik sortzen diren: ez naiz joango horrekin kafea hartzera ez didalako hitz egiten, nik ez dut hori egingo... elkarren kontra borrokan eta ez dakigu zergatik. “Begizuloak dauzkazu” “Gizendu egin zara”, eta atseginak ez diren horrelako hitzek ere kafea batzuekin hartzera eta beste batzuekin ez hartzera bultzatzen dute. Eta hori saihestu egin behar dugu. Eskola balkanizatuta baldin badago, zentroa suntsitu egiten da. Ikasleak hezteko balkanizazioak ekidin behar ditugu. Eta hori tolerantziarekin lortzen da.

Beste fenomeno bat bosgarren zutabea deritzona da: isilpean baiezkoa esaten dute, baina gero pasilloan “zer uste du horrek, ba nik ez dut egingo!” esanez hasten dira. Gerretan bosgarren zutabea etsaiarengana kutsatzera bidaltzen direnei deitzen zaie. Bosgarren zutabea oso arriskutsua da eskolan. Beraz, diagnostikatzen eta ikusarazten jakin behar da: “denon artean ahalegin-zen saiatuko gara”.

Horren sendagai modura aipatu duzu tolerantzia profesionala.

Ikastetxe batean tolerantzia profesionalik ez badago ezin dela lanik egin deskubritu dugu. Ezin dugu elkarrekin lanik egin elkar onartzen ez badugu. Irakasle bakoitzak bere arazoak ditu eta hainbeste ordu elkarrekin pasata, normala da gainerako lankideengan eragitea. Horregatik, tolerantzia profesionala aplikatu behar da horrelako kasuetan.

Gainera, ikasleei hori erakusten ari bagara, guk geuk egin behar dugu lehenengo. Denok gara arraroak, denok zahartzen gara, denok ditugu arazoak, denok desberdinak gara. Ez al dugu hori ikasten ikasleekin? Bada, aplika dezagun geure buruarengan. Tolerantzia profesionala funtsezkoa da.

Geure lanbidearen gaineko hausnarketa egin behar dugu. Elkarrekin lan gehiago egiten ikasi behar da, partekatzen. Elkarrekin pentsatu, horrek ezagutza baitakar. Elkarrekin erlazionatu, sentitu, emozioak landu lankideekin, ikasleekin, gurasoekin; horri kontaktua deritzo. Eta ekin, aldaketari ekin, konpromisoz.  Garrantzitsuak gara. Herrialdeko garrantzitsuenak gara, nahiz eta ez duten sinesten eta tratu txarrak jasaten ditugun. Baina, printzipioz, Jovellanosek Espainiako Errepublika garaian zihoen moduan: “Irakaslea da Errepublikako lehen herritarra”.

Irakasle batentzat irakaslerik onena beste irakasle bat da. Eta ez onena bakarrik, batzuetan baita bakarra ere. Badakit esajeratzen ari naizela, baina salbatzen baldin bagara, denok salbatuko gara. Edo bestela, denok batera hondoratuko gara.

Indibidualismoaren aurka borrokatu behar da. Hil da irakaslea; gora irakasle-taldea! Bakarrik gelditzen den irakaslea, nazkatuta bakarrik hilko da. Gaur egun, XXI. mendean, isolatutako irakasleak ez du funtzionatzen. Toreroaren eredua da, ‘utzidazu bakarrik’, eta ez du funtzionatzen. Eskola ez da norbanakoa, irakaslea talde bateko kide da. Horrek salbatuko du lanbide hau XXI. mendean. Talde-lana nahitaezkoa da. 

Talde finkoa eta konfiantzazko klaustroa edukitzeak horretan lagun dezake. Baina hainbat eskolatan hori ez dago bermatuta oraindik.

Hala da, bai, eskola publikoan dagoen arazoa da. Azken batean, legearen sarrerak dio taldean egin behar dugula lan, denon arteko proiektuekin… Eta gero, urtero irakasle erdiak aldatzen dira. Horrela ezin da.

Halere, oraingo joera, baita publikoan ere, beste bat da: lan taldeak sortzea, hau da, zuzendariek edo kudeatzaileek euren proiekturako langileak aukeratzea. Profil bat eskatzen dute eta profil hori duten irakasleak elkarrizketatzen dituzte, euren proiekturako egokiak direnak, alegia. Nazioarteko joera bat da eta iristen ari da hona ere.

Edonola ere, hemen konplikatua da sindikatuak direla-eta. Eredu hori kritikatzen dute zerrendei muzin egiten zaiela esanda. Bai, hala izan daiteke, baina behintzat hauta-tzen diren horiek proiektuan parte hartuko dutela bermatzen da. Zeren zerrenden kasuan, batzuetan zentro berri batera iristen diren funtzionarioek ez dute ezer jakin nahi izaten eskola horretako proiektuarekin. Gelara sartu eta testuliburua hartzen dute. Kontxo, ez da ba hori nahi duguna.

Hasieran esan duzu irakaslea dela aldaketaren motorra eta eskola, berriz, aldaketaren unitatea. Zer aldatu beharko litzateke eskolako egituran eta antolaketan?

Irakaslearekin batera, lan egiten duen testuingurua edo lekua aldatu behar dugu, eskola, alegia. Zeren, eskola kartzela edo eroetxe bat bezala baldin badaukagu, gaizki. Lehengo kultura bera jasoko dugu.

Badago funtsezko aldaketa bat: eskola, irakaskuntza-espazio izatetik ikasketa-espazio izatera pasatzen ari da. Eta horrek irakaslearen lan egiteko modua aldatzea dakar, noski. Irakaskuntza-espazioak behar dira, baina ez horiek bakarrik, baita ikasketa-espazioak ere. Lehenengoan erakutsi egiten da. Bigarrenean ezagutza eraiki egiten da. Eta hori garrantzitsua da, hori baita azken helburua. Gaur egun, XXI. mendean, badakigu gure ikasleek nola ikasten duten, gure burmuinak nola ikasten duen. Beraz, ez ditzagun betiko gauzak errepikatu. Gainera, guk geronek badakigu zaborrezko zenbat ikasketa eduki dugun gure bizitzan zehar.

Beraz, aldaketa metodologikoa eta antolaketa-aldaketa funtsezko urratsak dira esan dugun guztia martxan jartzeko. Zein metodologia erabiltzen dugu? Nola antolatzen gara, XIX. mendean bezala? Nolako komunikazioa dago gure artean? Mintegietan eta zikloetan antolatzen jarraitzen dugu nahiz eta jakin zaharkituta daudela? Edo edukien, lanen edo bilerako gaien arabera antolatzen gara? Gela barruan irakasle bakarraren ordez bi edo hiru sartzen al dira? Ikasleak batetik bestera mugi al daitezke? Egitura puskatu egiten da, erabat. Berrikuntzak hori eskatzen du; gela batean bi edo hiru irakasle jardutea adin desberdinetako haurrekin, espazio handietan, lan txokoekin, pasilloekin, ordenagailuekin...

Horrek guztiak denbora eskatzen du, baina oso atsegina da. Lan gehiago egin behar da, baina atseginagoa da, eta ez gelara joan, liburua hartu, 40. orrialdean ireki, 4., 5. eta 6. ariketak egin, arbelean zuzendu, patiora irten, zer ordu den begiratu... Hori ez da batere atsegina.

Gaur egungo metodologia berri batzuk aipa ditzakezu?

Berdinen arteko ikaskuntzaz hitz egiten da gaur egun, edo beste modu batera esanda, formazio horizontalaz. Eta esperientzia interesgarriak badaude. Esate baterako, lesson study. Japonetik datorren moda da. Hiru irakaslek gai bat elkarrekin prestatzen dute. Batek eskola ematen du eta beste biek behatu egiten dute. Gero, nola joan den eztabaidatzen dute. Akatsak egon badira, berriro planifikatu eta egiten dute gaia zehaztuta gelditu arte. Ongi funtzionatzen ari den estrategia da. Elkarlana eta hausnarketa handia eskatzen ditu.

Beste metodologia bat alderantziz-ko gelarena da. Batez ere DBHn erabiltzen da. Gelatik kanpo egiteko lana ematean datza. Socratif izeneko programa informatiko bat dago, gazteei izugarri gustatzen zaiena. Ikasleei etxean landu dutenari buruzko galdera batzuk egiten zaizkie, esteka bidaltzen zaie, ikasleek erantzun egiten dute eta programak irakaslearen mugikorrera bidaltzen ditu erantzun zuzenak Excel-en. Akatsak ikusteko aukera ere ematen du. Hau da azken modan dagoena.

Legorekin lan egitea ere oso interesgarria da. Hezkuntzan lantzeko Legoko maletak daude. Pauso metodologiko batzuk zehaztuta daude, taldean lan egiten dute eta gauzak eraikitzen dituzte. Adibidez, naturaren inguruko eraikuntza bat egiten dute eta gero azaldu egiten dute. 

Badaude gehiago ere: proiektuka lan egitea, gamifikazioa, Kahoo...

Gauza da teknologia berriak ikasteko erabiltzea, azken finean. Gauza berri horiekin hasi behar duzue, hori baita ikasleei gustatzen zaiena. XXI. mendean gaude eta motibatu egin behar ditugu, ez aspertu.

Zein ezaugarri eduki behar ditu proiektu berritzaile batek?

Aldaketarako eskola proiektu batek lau ezaugarri eduki behar ditu:

1- Eskolakoa bertakoa izan behar du, bertan egina (edo eskola talde batekoa, antzeko arazoak badituzte).

2- Irakasleek sentitutako beharretatik abiatu behar du, ez enpresaren, administrazioaren edo tokatzen den politikoaren arazoetatik. Hori artifiziala da.

3- Eskola ez da norbanakoa, irakaslea talde bateko kide da. Lankidetza.

4- Irakasleek prozesu osoan hartu behar dute parte eta horrekin ahaldundu.

Zer-nolako harremana du eskola berritzaileak komunitatearekin, testuinguruarekin?

Arlo honetan bi kontzeptu aipatuko nituzke: hezkuntza hedatua eta hezkuntza konplizitatea.

Ikasleek eskola barruan zein kanpoan ikasten dute. Bukatu da eskolako irakaslea. Irakasleak komunitatearena izan behar du. Testuingurukoa. Testuingurua funtsezkoa da. Erdi-goi mailako eskola batean lan egiten baldin badugu, ez dago arazorik. Baina bazterketa sozial handia dagoen eskoletan arazo handia dago: pobrezia, miseria, langabezia, jendea desesperatuta, guraso bakarrak… Komunitateak lehen baino gehiago erakartzen ditu gazteak: lagunak, drogak, alkohola… Hori erakargarriagoa da eskola aspergarria baino, eta gazte askok ikasketak utz ditzakete. Beraz, komunitatearekin bat egiten dugu edo gazte asko galduko ditugu.

Non daude gazteak kalean dabil-tzanean? Zer jarduera egiten dituzte eskolaz kanpo? Zer-nolako balioak eta heziketa lantzen dira horietan? Zer egiten dugu udalarekin? Hirigintza oso garrantzitsua da. Esate baterako, auzo behartsu edo gatazkatsu batean plaza bat berritzen baldin bada, aiton-amonak eta umeak hasten baldin badira joaten horra… giroa aldatu egiten da, zenbait delinkuentzia eta arazo desagertu egiten dira. Eta hori oso garrantzitsua da gure heziketa zereginean. Eragile horiekin guztiekin bat egin behar dugu gure hezkuntza benetan hezkuntza osoa izatea nahi badugu. Hezkuntza konplizitatea deritzo honi.

Atsotitz afrikar batek hala zioen: hezteko tribua behar da. Afrikan tribua zeukaten, egonkortuta zeudelako eta koherenteak zirelako. Gure kasuan ez. Guk ez dugu tribu bat behar, tribu on bat baizik.

Horrek, edukiez gain, beste alderdi asko lantzea eskatzen du.

Bai, eskola-gizartea harremana birpentsatu behar da. Zer da XXI. mendean heztea? Gai garrantzitsuak aipatu ditugu: emozioen kudeaketa, sormena, elkarbizitza, hiritartasuna... Gaur egun zenbait autorek dio matematika, hizkuntza edo gizarte gaiak Interneten ikas ditzaketela ikasleek, baina hiritartasuna, elkartasuna, lankidetza, parekidetasuna... horiek guk erakutsi behar dizkiegula, ez baitituzte sarean inoiz topatuko.

Zer lortu nahi dugu hezkuntzarekin? Ikasleei adimen soziala ematea: errealitatea ulertzeko, arrazoitzeko eta gertaeren eta ingurunearen irakurketa kritikoa egiteko erremintak eskaintzea (sozialak, pentsakorrak, aukerazkoak...). Eta baita eduki sendoak ere. Horretarako, irudimena behar dugu, irudimen handia.