Arantza Elgezabal: “Errefortzuarekin dislexia dutenek hobera egiten dute eta oso ondo eboluzionatzen dute”

2018-07-12

Dislexia duten haurren familien elkartea da Dislegi, eta bertako psikopedagogoa eta familien orientatzailea Arantza Elgezabal. Familiei laguntza eta aholkularitza emateko zeregina du batetik Dislegik; bestetik, berriz, eskolen zerbitzura ere badago elkartea, formazioa emanaz irakasleei edota materialak eskainiz ikastetxeei. Hain zuzen, Hik Hasi-ren Udako Topaketetan dislexiaren gaineko ikastaroa eman du Elgezabalek, gaiaren inguruko ezagutza teorikoak aurkezteaz gain, irakasleei bitarteko praktikoak ere eskaintzeko.

 
 
Arantza Elgezabal: “Errefortzuarekin dislexia dutenek hobera egiten dute eta oso ondo eboluzionatzen dute”

 

Hezkuntza arloan askotan entzuten den hitza da dislexia, baina ba al dakigu benetan zer den eta zer-nolako ezaugarriak dituen dislexia duen ume batek?

Irakurketa- eta idazketa-prozesuan zailtasunak agertzen dituenean, haur batek dislexia izan dezakeela pentsatu behar dugu. Jatorri neurobiologikoa dauka dislexiak. Irakurtzean garunean aktibatu beharko liratekeen atalak edo zonaldeak ez dira behar bezala aktibatzen dislexia duen per-tsonaren kasuan. Hori batetik; bestetik, berriz, kontzientzia fonologikoari dagokionez, dislexia dutenek soinu bat entzuten dutenean, alegia, fonema bat entzuten dutenean hautematen dutena eta gero garunak interpreta-tzen duena, ez dira bat etortzen. 

Horrez gainera, dislexiaren kasuan, osagai genetikoa ere kontuan izan behar da, haur baten gurasoek, aiton-amonek, izeba-osabek dislexia izan badute, errazagoa da umeak ere dislexia izatea. Azken datuen arabera, gizarte honetako biztanleen %10-15ek dislexia dute. Egia da azken urteetan detekzioa hazi egin dela, zorroztasun handiagoa dagoelako. Orain urte batzuk, akaso, dislexiadunak porrot-kasu gisa kontatuko ziren, eta kito. 

 

Dislexia dutenek irakurketa- eta idazketa-prozesuan zailtasunak izaten dituztela aipatu duzu. Zer-nolako zailtasunak izan ohi dira horiek? 

Dislexia duten pertsonen garuna ez dago irakurketa eta idazketa-prozesuak garatzeko prestatuta. Hortaz, irakurtzen edota idazten hasten direnean garunean ez zaizkie aktibatu behar liratekeen zonaldeak aktibatzen, beste batzuk baizik. Dislexiarik ez duten pertsonei aktibatzen zaizkien zonaldeak ezkerreko hemisferiokoak dira; dislexia duten gehienei aktibatzen zaizkienak, berriz, eskuineko hemisferiokoak. Beraz, hemisferio batetik besterako informazio-aldaketa egin behar izaten dute eta horrek arazoak sor ditzake.

Dislexia duten pertsonen kasuan ohikoa da zailtasunak izatea hizkiak irakurtzerakoan: hizkiak jatea edo aldatzea, hizkiak alderantzizkatzea… Bestalde, irakurketako abiadura mantsoagoa da: silaba guztiak jarraian irakurtzera igarotzeko pausoa ematea kosta egiten zaie. 

Horrez gain, “laneko memoria” deiturikoarekin ere arazoak izan ohi dituzte. Adibidez, sekuentzia bat ordenatu behar dutenean; hala nola, asteko egunak, hilabeteak, urtaroak, taulak, istorioak… Ortografia edo hiztegia ikasteko ere laneko memoriak garrantzia du, esate baterako, esanahi bera adierazteko hiru hitz desberdin erabiltzeko.

 

Dislexiak bere baitan hartzen duen errealitatea, beraz, oso zabala da. 

Bai, hala da. Dislexia dutenek, alde batetik, mekanikari loturiko zailtasunak izan ohi dituzte. Hizkiak jaten dituzte, irakurtzerakoan abiadura motela izaten dute, bukaerak aldatzen dituzte (euskararen kasuan hori asko gertatu ohi da deklinabidearekin), hitzak gaizki lotzen dituzte, etab. Akats horiek mekanikarekin dute zerikusia, baina horrek, era berean, ulermenari eragiten dio zuzenean. Eta, hain zuzen ere, beste aldetik, ulermenarekin loturiko zailtasunak ere izan ohi dituzte: irakurri duten testua zeri buruzkoa den esaterako orduan, ideia nagusiak azpimarratzerakoan edota mamia ateratzerakoan. Sarri, testuan irakurritako zerbaiti buruz galdetzen badiezu, azkena irakurri duten hura errepikatuko dizute. Abiadura onean eta zuzen irakur-tzen duten dislexiadun haur batzuen kasuan ere gerta daiteke ulermenarekin zailtasunak izatea. Eta, hirugarrenik, dislexia duten zenbait haurrek bi zailtasunak —alegia, mekanikarekin loturikoak nahiz ulermenarekin zerikusia dutenak— batera izan ohi dituzte. 

 

Eta nola detekta daiteke dislexia? Aurrez aipatu dituzun zailtasun horiei erreparatu behar al litzaieke?

Askotan gurasoek detektatzen dute. Gerta daiteke gurasoak berak ez jakitea dislexia duenik, baina umeari eskolan gertatzen hasi zaionarekin identifikatzea eta esatea: “Niri ere antzeko zerbait pasatzen zitzaidan”, edota izeba bat edo osaba bat dauka ume horrek arazo berberarekin.  

Beste batzuetan gertatu ohi da neska-mutiko horiek hizketan hasten direnean dislaliak agertzea, hau da, ‘R’-arekin zailtasunak izatea, ‘S’ eta ‘Z’ ez bereiztea, beste fonema batzuekin ondo ahoskatzeko arazoak izatea, hitz egiten berandu hastea…

Horrez gain, Haur Hezkuntzako etapan gerta daiteke haurrak koloreak ondo identifikatzea gorria edo berdea den zerbait hatzarekin seinalatzeko eskatuz gero; ez, ordea, alderantzizko kasuan: alegia, helduak seinalatzen dion kolore hori izendatzeko zailtasunak izatea. 

Gainera, lehen aipatu dugun lanerako memoria horrekin, hau da, sekuentziak buruan gordetzea eskatzen duten jarduerekin zailtasunak izan ohi dituztenez, kosta egiten zaie erritmoa eramatea txaloen bidez, hankekin zorua joz… Eta, era berean, olerkiak nahiz abestiak ere askotan aldatu ohi dituzte. Beraz, Haur Hezkuntzatik hasita erne egotea komeni da.  

 

Diagnostiko goiztiarra egitea oso garrantzitsua dela azpimarratzen duzue Dislegi elkartean. 

Bai, zeren askotan haurrak irakurketa-prozesuarekin hasten direnean konturatzen dira zerbait gerta-tzen dela: “Zergatik kostatzen zait hainbeste irakurtzea eta besteei ez?”, galdetu ohi dute haur horiek. Sarri, badirudi momentu zehatz batean hizkiak ezagutzen dituztela, baina akaso hurrengo egunerako edo handik astebeterako ahaztu egiten zaizkie. Beraz, zer gertatzen da ume horren buruan?  

Garaiz konturatzen ez bagara eta konponbiderako neurriak hartzen ez baditugu, LHko 1. eta 2. mailan, haurrak eurak konturatzen dira zerbait gertatzen zaiela eta kideek ez bezalako zailtasunak dituztela. Dislexiak eragindako zailtasunak izateaz gain, ume horiek arazo emozionalekin hasten dira une horretan: autoestimuak behera egiten du, ez dute eskolara joan nahi izatean, etab. Beste batzuetan, berriz, somatizazioak ere izaten dituzte. Dislegira bat baino gehiago etortzen zaigu pediatrak hona zuzendu dituelako, buruko minarekin, tripako minarekin, “gaizki nago” bezalako esaldiekin… 

 

Dislexiak jatorri neurologikoa daukala aipatu duzu. Beraz, diagnostikoa egiteko haurrei inolako probarik egiten al zaie?

Bai, TAC-a egin ohi da, batzuetan. Umea irakurtzen jartzen da eta garunaren esplorazioa egiten da ikusteko zein zonalde aktibatzen diren eta zein ez. Kontua da, ordea, askotan, diagnostikoa egiteko ez dela TAC-ik behar. Gainera, Dislegin defendatzen dugu, nahiz eta diagnostikorik eduki ez, eskolan Haur Hezkuntzatik hasita zerbait egin dezakegula prebentzio moduan. Badaude zenbait jardunbide egokiak izan daitezkeenak bai dislexia dutenentzat baina baita dislexiarik ez dutenentzat ere. Horietako bat da kontzientzia fonologikoa lantzea. Izan ere, Haur Hezkuntzan kontzientzia fonologikoa landuz gero, aurrera begira irakurketa-prozesua errazago garatu ohi dute dislexia duten haurrek, nahiz eta horrek ez duen esan nahi dislexia joan egingo zaienik. Ez, dislexia duenak betiko izango du. 

 

Kontzientzia fonologikoa diozunean, zertaz ari zara zehazki?

Kontzientzia fonologikoa fonemen ezagutzari deritzogu. Haur Hezkun-tzan, adibidez, dena ahoz lantzen denez, zera galde diezaiokegu: “Esai-dazu aulkia hitza zein soinurekin hasten den”, edo “Hiru hitz emango dizkizut: aulkia, mahaia, eta mamua eta esan zein hasten diren soinu berberarekin eta zein ez”, edo ipuin bat irakurtzean haurrari astoa hitza edo txerria hitza edo beste bat entzundakoan eskua altxatzeko eskatzea.

 

Eskoletan behar beste ezagutza badago dislexiaren gainean?

Nik uste dut baietz, baina askotan berandu detektatzen dela esango nuke. Lehen Hezkuntzako lehen zikloan atzerapena antzeman arren, sarri, tartean beste arrazoi batzuk daudela uste izaten da: haurra abendukoa dela, erritmo mantsoagoan ari dela garatzen, itxaron egin behar dela…  baina Haur Hezkuntzatik hasita egon ohi dira seinale adierazgarri batzuk eta horiei kasu egin behar zaie, arreta goiztiarrarekin neurriak hartuz gero, hurrengo urteetan aurrera errazago egingo duelako.

 

Eta zein neurri har daitezke dislexia duten umeei laguntzeko? Haur Hezkuntzan kontzientzia fonologikoa lantzearen garrantzia aipatu duzu. Bada egin daitekeen beste zerbait?

Kontzientzia fonologikoarena batetik. Bestetik, berriz, segidan 2-3 jarraibide ematen badizkiegu, askotan galdu egiten dira. Hortaz, argibideak ematean, akaso ez da hain garrantzi-tsua sinpleak izatea, baina bai banan-banan ematea eta argi eta zehatz azaltzea. Bestela nahastu egiten dira, lehen aipatu dugun lanerako memoria horren baitan sekuentziak jarraitzeko zailtasunak dituztelako. 

Lehen Hezkuntzako lehen zikloan, bestalde, irakurketa lantzerako orduan garrantzitsua da umeari lagun egitea, eta bera hitzen aurrean bakarrik utzi beharrean berarekin batera irakurtzea. Asko irakurtzea garrantzitsua da probatuta dagoelako zenbat eta gehiago ikusi eta irakurri hitzak, orduan eta hitz gehiagoko oinarria osatzen dutela euren garunean. Dislexiarik ez duen pertsona bati, hitz bat behin edo bitan irakurrita buruan geratzen zaio, baina dislexia duenak behin eta berriz entzun eta irakurri behar izaten du hitz hori buruan gordetzeko.

 

Beraz, dislexia dutenek entzundakoa errazago gordetzen dute buruan ikusitakoa baino.

Bai, dudarik gabe, eta hori da zenbait dislexia kasu 4., 5. edo 6. mailetara arte ez detektatzeko arrazoietako bat. LHko lehen zikloan, eta askotan bigarrenean ere bai, azalpenak irakasleek ematen dituzte ahoz. Informazio hori oso ondo atxikitzen dute buruan, baina adin batetik aurrera horrek ez die balio, testuak irakurtzeko eta han jartzen duena ulertzeko gai izan behar dutelako. Hala, testua irakur-tzeko eskatzeaz gain, dislexia duten haurrei azalpenak ahoz ere ematea oso garrantzitsua da. Gaur egun, tek-nologia berriek ere beste erreminta oso erabilgarri bat eskaintzen digute haur horien kasuan.  

Bestalde, guk familiei gomendatzen diegu eskolan gutxieneko curricularrak eskatzeko. Hau da, hiruhilekoa pasatzeko ikasi beharreko gutxienekoak zeintzuk diren galdetzeko. Zertarako? Bada, etxean laguntzeko; hori bai, beti modu ludikoan. Adibidez, hilabete honetan landareak landu behar badituzte asteburua erabil daiteke museo batera joateko edo parke natural batera irteera egiteko, Youtubeko bideoren bat balia daiteke… Hala, eskolan azalpenak jaso behar dituenean arreta errazago mantenduko du dagoeneko badakielako gaia zeri buruzkoa den. Gainera, zerbait galdetzen dutenean berak erantzuna baldin badaki, autoestimurako ere balioko dio horrek.

Zer gertatzen da batzuetan? Ikasle hauei arreta falta ere detektatzen dietela. Askotan, ordea, arreta gabezia faltsuak izan ohi dira. Zergatik? Bada, irakaslea hasten baldin bada gai baten inguruko azalpenak ematen eta dislexia duen ume batek ez badu edukia kontrolatzen eta kosta egiten baldin bazaio irakasleari ulertzea, edo hiztegia ez badu oso ondo menderatzen… deskonektatu egingo du segituan. Gainera, kontuan izanik gaur egungo hezkuntza-sistemaren oinarria irakurketa dela eta haur hauek zailtasunak dituztela irakurketarekin… bada salduta geratzen dira. Horrelako hezkuntza-sistema batean egunean bost ordu igarotzea ezinezkoa da dislexia duen haur batentzat. 

 

Garaian neurriak hartzen badira, dislexia duten ikasleek euren ikasketa-prozesua arazorik gabe egin dezake, hortaz?

Bai. Baina ikasle hauek dituzten premien gaineko kontzientzia landu behar dugu. Esate baterako, dislexia duten ume gehienek ahoz oso ondo azaltzen dituzte gauzak. Beraz, aukera eman diezaiekegu gela osoaren aurrean aurkezpenak egiteko. Gainera, berak ondo barneratuta baldin badauka gaia, besteei oso modu ulergarrian adierazteko gauza izango da, eta horrek bere autoestimuan laguntzeaz gainera, beste ikasleei ere mesede egiten die, oso erraz ulertzen dutelako. Sarri, gelako kideei galdetu eta esaten dute: “Orain, bere azalpenekin, oso ondo ulertu dugu dena”. 

Baina dislexia duen haur batek azalpen hori bera eman behar badu idatziz, ez du zerikusirik izango. Batetik, energia asko gastatzen dugulako idazten. Normalean, guk energia gehien ideiak egituratzeko, zer jarri erabakitzeko, kontzeptua nola landu pentsatzeko… erabiltzen dugu. Baina dislexia dutenek energia gehiena zuzen idazteko erabiltzen dute. Hortaz, energia gehien horretan gastatuz gero, aukera handiagoa egongo da bidean galtzeko, jada energiarik ez daukatelako testu baten egiturari erreparatzeko, edo esaldia nola hasi duten gogoratzeko, edo zer jarri duten jakiteko… 

Horrexegatik, guk Dislegitik eskatu ohi dugun beste gauza bat da azterketak ahoz ere egiteko aukera ematea haur hauei. Akaso ez ebaluazio osoa ahoz egitea, baina aukera bat izan daiteke % 50 ahozkoa izatea eta beste % 50 idatzizkoa. Horrekin batera, dislexia duten haurrentzat oso baliagarria izan ohi da irakaslearen ahozko azalpenak grabatzea gero etxean entzuteko. Esan dugun bezala, edukiak behin baino gehiagotan entzun eta landu behar izaten dituztelako, eta ahal bada, hobe era ezberdinetako esperientzien bidez egiten bada: eskolan, etxean, museo batera joanda, bideo bat ikusiz Interneten… Zenbat eta esperientzia gehiago bizi, orduan eta hobeto ulertuko dituzte kontzeptuak. Eta are hobe, horretarako metodo multisentsorialak erabiltzen badituzte.

 

Dislexia duten haurren familiek laguntza ekonomikorik izaten al dute?

Ez dute diru-laguntzarik jasotzen. Probatuta dago berreziketa egitean garuna behar diren zonalde horiek aktibatzen hasten dela. Errefortzuarekin dislexia dutenek hobera egiten dute eta oso ondo eboluzionatzen dute. Dislexia betiko izango da, baina ikasle horiek hainbat estrategia garatzen dituzte eskolan eta bizitzan aurrera egiteko, eta ondo irakurtzera eta idaztera iristeko. Kontua da, normalki, berreziketa eta errefor-tzu lan hori eskolatik kanpo egiten dela. Eta hori dirutza kostatzen da. Batzuetan, gainera, eskolan ez da diagnostikorik egiten eta familiek kanpoko zerbitzuetara jo behar izaten dute eta hori diru asko izaten da. Hori bai, hezkuntzak ez baldin badu egiten diagnostikoa eta zuk egin behar baduzu kanpoko kabinete batean, eskolak onartu beharra dauka kanpoko diagnostiko hori. Hala ere, hezkun-tza-sistemaren baitan diagnostiko hori ez egin arren, irakasleak dislexia kasu bat sumatzen badu neurri ba-tzuk hartu behar lituzke. Horregatik guztiagatik diogu Haur Hezkuntzatik hasita prebentzioa egitea inportantea dela. 

Bestalde, eskolan haur horiei antzematen zaizkien seinale adierazgarri horiek guztiak dokumentatzea aholkatzen dugu eta haur horien gaineko txosten bat egitea. Izan ere, askotan ume hauen inguruko informazioa ahoz soilik pasatzen da eta bidean galdu egiten da. Eta, sarri, gurasoak aldiero hutsetik hasita irakasle bakoitzari euren seme-alaben gaineko zehaztapen guztiak ematen aritu behar izaten dute, eta horrek ahitu egiten ditu eta erre. Era berean, gure gomendioa izaten da haur horien gaineko informazioa txostenean biltzeko orduan, dituzten indargune eta gaitasunetan zentratzea, ez soilik, joera dugun moduan, arazoetan edo ahulguneetan.

Albiste gehiago