Lagunak, gizarteratzeko zutabe nagusi

2018-09-06

Lagunak eta adiskidetasuna beharrezko ditu haurrak gizarteratzeko bidea eroso egin dezan. Miren Camison haur filosofoak dioenez, 7 urte ingururekin umea egozentrismotik ateratzen hasten da eta beste haur batzuekin egoteko eta jolasteko gogoa sortzen zaio. Elkarrekikotasunaren aroa da.

 
 
Lagunak, gizarteratzeko zutabe nagusi

Laguntasuna da haurrari gizarteratzeko bidea egiten lagun-tzen dion zutabeetako bat. Bereziki, 7 urte ingurutik hasi eta 12 urtera arte doan aroan hartzen du garrantzia adiskidetasunak, Jean Piaget psikologoak etapa operatibo gisa izendatu zuen horretan, hain zuzen. Haurra autonomia irabazten eta ardura handiagoak hartzen doan heinean, mundura irteten hasten da, familiaren laguntzaz lehenik, eta adiskideen nahiz lagun-taldearen eskutik ondoren.

Gizarteratzeko ezinbestekoa den elementuetako bat da laguntasuna. Ados. Baina, zer da gizarteratzea? Behin eta berriz erabiltzen dugun hitz horrek zer esan nahi du funtsean? Miren Camison haur filosofoak Antzinako Greziara egiten du jauzi kontzeptuaz hausnartzeko. Aristotelesen esanetan, pertsonok gizarteratzea berezkoa dugu, izaki sozialak baikara, alegia, zoom politicum-ak (izaki politikoak, hain zuzen, politika komunitatean egoteko modu gisa ulertuta). “Badakigu norbere Ni-a eraikitzeko besteak behar ditugula, alegia, harremana hil edo bizikoa duela pertsonak bere garapenerako eta errealizaziorako. Ezinbestean, komunitateko parte izateko eta beste pertsonekin elkarrekikotasunean egoteko beharra daukagu gizakiok”. Gizarteratzearen muinean dagoen elementuetako bat, beraz, harremana da; ulerturik gizarteratzea jaiotzen garenetik hiltzen garenera arte pertsona guztiok egiten dugun amaigabeko prozesua dela, norbere autonomiarekin eta autoestimuarekin dantza-jokoan. Gainera, Antzinako Greziako filosofoek esan ohi zuten moduan, gizarteratzeak helburu jakin bat dauka: ongizate komuna, edota beste hitz batzuetan esanda, komunitate osoaren bizitza ona.

Nagusiki 7 urtetik aurrera hartzen badu ere garrantzia adiskidetasunak, eta horrekin batera, gizarteratzeak, Camisonen hitzetan, garrantzitsua da jaiotzatik ordura arteko prozesua nolakoa izan den kontuan hartzea ere. Haur bakoitzaren aldamioez mintzo da haur filosofoa, kontziente izanik, Lev Vygotski psikologoak zioen moduan, umeak bizipen interpertsonaletatik ondorio intrapertsonalak ateratzen dituela eta horretan oinarrituz doala bere izaera eraikitzen. Horrekin batera, 0-6ko dependentzia aroa errespetatzearen garrantzia ere azpimarratzen du: “Etapa horretan dependentzia bizi izan duen haurra, errazago irekiko da gero beste pertsonetara, lagunetara, auzora, gizartera, mundura…”. Finean, eredu autoritarioaren eta permisiboaren arteko oreka bilatuz haurrak errespetuan oinarrituta haztearen eta heztearen inportantzia azpimarratzen du Camisonek, dena eginda eman gabe, infantilizatu eta gainbabestu gabe, baina aldi berean, garaia baino lehen mundura irten dadin presiorik egin gabe, eta autonomiaren izenean, umea bakarrik utzi eta “abandonatu” gabe. 

 

Mikrosistematik makrosistemara

7 urtetik aurrera, autonomia gero eta garrantzitsuago izaten hasten da haurrarentzat. Adin tarte horretan hartzen dute indarra laguntasunak eta gizarteratzeak ere. Umeak inguruan dituen pertsonen zirkulua handitu egiten da, eta zentroa mikrosistema izatetik (gurasoak, aiton-amonak, senideak…) makrosistema izatera igarotzen da (eskola, auzoa, herria…). Camisonek azaltzen duen eran, jada hezitzaile eta sozializatzaile bakarrak ez dira etxekoak: “Familiak jarraitzen du erdigunea izatean, baina beste gizartera-tzaileek ere —lagunak, herritarrak, komunikabideak, Internet, egitura politiko eta kulturalak…— gero eta eragin handiagoa izango dute”. 

Kontuan izan behar da etapa horretan haurra egozentrismoa atzean uzten hasten dela eta beste haur batzuekin jolasteko eta beste pertsona batzuekin egoteko gogoa sortzen zaiola. Eta horrek bestearen lekuan jartzera daramala, alegia, enpatia lantzera. Elkarrekikotasuna ere garrantzia hartzen hasten da aldi horretan, hau da, bestearen desioak, beharrak eta nahiak ulertzen eta kontuan hartzen hasten da haurra. 

Camisonek azaltzen duen moduan, jakin behar da 7-12 urteen artean, haurrak etapa operatiboa bizitzen duela, hau da, umeak fantasiatik errealitaterako trantsizioa egiten duela. “Gizarteratzea pixkanakakoa da eta jaiotzen denetik apurka-apurka egingo du prozesu hori haurrak, baina 7 urteren bueltan salto nabarmena emango du, baldin eta egozentrismoaren eta dependentziaren aroa (0-6 urteak) gustura eta goxo bizi izan baditu”. Hortaz, adin horretatik aurrera adiskidetasunak eta gizarteratzeak benetako garrantzia hartzen dute, Camisonek oroitarazten duenez, benetako eta berezko beharra duelako umeak lagunekin harremanak izatea. Euren gaitasun guztiak martxan jartzeko baliatzen dute haurrek adiskidetasuna: bai gaitasun sozialak, bai emozionalak eta baita fisikoak (motrizak) zein intelektualak ere. “Eta testuinguru horretan, umeen arteko elkarlana pisua hartzen hasten da eta fruituak ematen. Kideen arteko harremanetan arauak sortzen hasten dira, adostasunak bilatzen, negoziatzen, amore ematen, asertibotasunez euren nahiak agertzen…”. 

Jolasak ere berebiziko garrantzia hartzen du aro operatibo horretan. Adiskideekin eta laguntasunarekin erabat loturik dago jolasa: kirol-jokoak, naturako jolasak, jolas sinbolikoa… Camisonek dioen moduan, jolasak zerikusi zuzena du lagunen arteko afektuzko harremanarekin: “Autonomia handiagoa eskuratuz doazen heinean, 7 urtetik aurrera umeek kalean, auzoan, herrian… bakarrik ibiltzeko beharra senti-tzen dute, eta ikusten dute eurek bakarrik nahi duten horretan jolas egiteko aukera dutela, jada ez dutela behar heldu baten erreferentziarik eta gai direla jolasaren bueltako legeak, jarraibideak, arauak… adosteko. Kontuan izan behar dugu, gainera, jolasa plazerezko ekintza bat dela, laguntasuna den bezalaxe. Biak ditugu berezko gizakiok. Haurrek behar dute beste haurrekin egon eta beste haurrekin jolastu. Adin batetik aurrera bederen bai”. 

Fantasiaren mundutik logikotasunerako jauzi horretan, bulkada intelektuala ere bizi ohi dute umeek, plazerarekin loturik beti, adin horretan lana eta jolasa gauza bera baitira. “Kuriositatea izaten dute haurrek eta mundua nolakoa den jakin nahi dute. Etapa honetako galdera handia, hain zuzen, horixe da: ‘Nolakoa da mundua?’. Gero, nerabezaroan, beste galdera handi batek hartuko dio lekukoa horri: ‘Nor naiz ni mundu honetan?’. Baina lehenik norberak munduarekin, errealitatearekin zer-nolako harremana duen esperimentatu behar du. Eta horregatik hasten dira aldi horretan umeak beren kabuz plazara irteten eta gertukotik hasita euren burua zabaltzen eta hedatzen”.

Eta horrekin guztiarekin batera umea trebetasun sozialak garatzen hasten da, adimen emozionalarekin, enpatiarekin eta asertibitatearekin loturik dauden trebetasunak, hain justu; besteak beste, entzuten jakitea, komunikatzeko gogoa izatea, parte-hartzailea izatea, eskerrak ematen jakitea, laguntza eskatzea, erabakiak hartzea, lehentasunak ezartzea, elkarlana… Lagunekin harreman onak eraikitzeko ezinbesteko izango ditu trebetasun horiek.

 

Laguna, “beste ni bat”

Laguntasuna berezko du gizakiak. Zer da, baina, lagun izatea? “Beste ni bat”, hala definitzen du Aristotelesek. Bi kapitulu eskaini zizkion bere Etica lan sonatuan adiskidetasunari. Antzinako Grezian, eta baita Erroman ere, adiskidetasuna zoriontasunaren alderdi oso garrantzitsua bat baitzen, gizarteratzearekin ez ezik, etikarekin eta bertutearekin ere zerikusi zuzena zuena. Hala idatzi zuen filosofo handiak Kristo Aurreko IV. mendean: “Munduko gauza guztiak edukita ere, inork ez luke nahi bakarrik bizi. Izan ere, gizakia izaki soziala da eta naturaz besteekin —komunitatean— bizitzeko dago egina. Gizaki zoriontsuak lagun onak behar ditu”. Eta, noski, bat egiten du horrekin Camisonek ere, bai baitaki laguntasuna zoriontasunerako bide izan daitekeela.