Ane Ablanedo: "Aske hezten ari garelakoan, haurra bakarrik utzi dugu"

2018-11-05

Askatasuna izan du hizpide nagusi Hik Hasi-ren udako topaketetan. Baina, txanponaren beste aldean dauden neurrian, mugetaz ere sakon mintzatu da; horien existentziaz, eta ondorioz, horien baitan aske izateko ahalmenaz. Hain zuzen, haurtzaroa zaintzeari, haurraren indarra errespetatzeari ezinbesteko deritzo aske izateko gaitasuna garatzeko. Baita beste gizarte mota bat eraikitzeko ere.

 
 
Ane Ablanedo: "Aske hezten ari  garelakoan, haurra  bakarrik utzi dugu"

 

Gizakia izatez aske da, aske jaiotzen da, baina erabat mugaturik aurkitzen du bere burua egungo helduak. Aske izateko da jaio, baina gidaritza onartzen eta eskatzen du sarri helduak. Haurtzaroari eskaintzen diogun arretan, edo arreta faltan, haziera eta heziketa ereduetan, haurrarekiko begiradan, edo honen gabezian, dago horren jatorria, Ablanedoren ustez. Askatasunaren eta mugaren arteko dantzan dago gakoa; haurraren gaitasunean izan beharreko konfiantzaren, eta haurra gai ez den horretan helduak esku hartzeko duen arduraren arteko orekan. Horietaz solastu da Ane Ablanedo HAZI HEZIrekin. Haur prebentzioan nahiz pedagogia libreetan aditua, irakaslea da Bigarren Hezkuntzan nahiz Nafarroako Unibertsitate Publikoan eta Baionako Unibertsitatean.

‘Askatasunean hazi, hezi eta bizi’ izenburupean ikastaroa eman duzu Hik Hasi-ren Udako Topaketetan. Izenburu erakargarria, askatasun hitzak badu xarma. Baina zertaz ari gara aske hazteaz, aske hezteaz mintzatzean?

Egia da xarma berezia duela askatasun hitzak. Aske bizitzeak gure berezko egoera izan behar luke, aske garelako berez. Baina, urrun gaudenez, askatasuna gauza paradisiakoa dela iruditzen zaigu, nirvana bat, utopia bat; idealizatu egiten dugu. Horrek berak erakusten du zeinen urrun gauden aske izatetik, baina, era berean, denok aske izan nahi dugula erakusten du. Bada intuizio bat, nolabait: gatibutza sentitzen dugu eta orduan aske bizi nahi dugu, zeren eta badakigu hori oso gauza ona dela.

Aske izateak zure bizitzaren gidari izatearekin zerikusia du. Inguruko errealitatearen kontzientzia izatea da aske izateko lehen baldintza, zenbateraino dagoen mugatua jakitea, norberak mugak non topatzen dituen ezagutzea. Baina jakinik gero ni naizela errealitate mugatu horren barnean erabakitzen duena. Muga batzuk gaindituak eta urratuak beharko dute izan, indarrez. Inportantea da kanpo baldintzapena ikaragarria dela ikustea, zeren eta muga batzuk gainditu behar dira, eta batzuetan bortxaz. Askatasuna tresna bat da: aske izan gabe ezin duzu ezer erabaki, ezin duzu nolabait integritatez bizi. Beraz, askatasuna ez da izan behar helburua, baizik eta tresna bat, pertsona bezala, komunitate bezala, herri bezala, aurrera egiteko. Hori gabe, beste batek erabakitzen du zugatik.

Eta heziketari dagokionez, aske heztea diogunean zertaz ari gara?

Gugan berezkoa den askatasuna berreskuratu eta aske izateko gaitasuna berriro martxan jarri behar dugu, berriro funtzional bilakatu. Heziketari dagokionez, askatasunaren harira komeni da jakitea haurra oraindik ez dela harremanean jarri bere askatasuna mugatu eta ukatu nahi duen errealitate batekin, eta horregatik gai dela askatasunez hazteko, berezko gaitasun hori ez delako kaltetua izan. Orduan, heziketan gakoa ez da hainbeste haurrari askatasuna ematea, baizik eta berak duen gaitasuna zaintzea, babestea eta ez kaltetzea.

Gero, noski, jakin behar zertarako askatasuna duen, eta zertarako ez duen, garatzen ari den neurrian oraindik ez delako esparru asko kudeatzeko gai. Baina jaiotzen denetik badira haurrak bere kasa hartzen ahal dituen erabakiak, askatasunezko erabakimen esparrua txikia bada ere. Horretan datza: askatasuna mugatua da beti, baina erabakiak har ditzakegu. Arazoa da batzuentzat askatasuna erabatekoa izan behar dela, eta ez da hala. Hori azaltzeko muturreko adibideak jartzea gustatzen zait: utziko al zenuke zure haurra 6 hilabeterekin mendian bakarrik? Aske da, ezta? Baina jakinen du nola moldatu? Bada ez, ez du jakinen, heldu bilakatzen ari delako, oraindik zenbait gaitasun ez dituelako lortu, ez dituelako erabat konkistatu. Kudeatu ezin dituen kontuak zein diren jakin behar da, guk kudeatu beharko ditugulako, eta berak libreki kudeatu dezakeena errespetatu behar dugu.

Heziketa eredu autoritario batetik, agian, askatasuna idealizaturiko eredu batera pasatu gara? Oso direktiboak izatetik, askatasun horretan erabateko konfiantza izatera? Arriskua izan daiteke heziketaren ardura haurraren autorregulazio horretan uztea...

Horretara nindoan. Aske izateak zure bizitzaren ardura duzula esan nahi du. Baina hori ere ez dugu, ez garelako aske nolabait. Gidaritza baten biktima gara: beti gidari baten eskutik joan gara, haurrak ginenetik, eta, noski, kosta egiten zaigu benetan gure bizitzaren ardura hartzea. Eta gurasotasunean ere ikusten dut guraso batzuei kostatu egiten zaiela haurren heziketaren ardura hartzea, nolabait esanda. Asko entzuten dira ‘ez, haurra gai da’ edo ‘moldatuko da’ gisakoak, baina askotan dagokiguna egiteko ezintasuna edo zailtasuna da horren atzean dagoena. Heldu bezala mugak jartzea dagokigu. Mugak existitzen dira, beraien presentzia ez da zalantzan jar daitekeen zerbait. Adin desberdinetan, garapenaren arabera, gurasoek haurrari mugak jarri behar dizkiote gauza batzuetan, haurra horietan oraindik ez delako gai. Ez existentzialki ez delako gai bere buruari mugak jartzeko, zeren eta gauza batzuetan jarri ahalko dio; baina beste gauza batzuetan ez, bizitzan denbora gutxi daramalako eta oraindik ez dituelako lortu guk ditugun gaitasun asko. Baina kosta egiten zaigu askatasuna arduratik ere ikustea. Horren atzean bi gauza daude: batetik, askatasuna ideialki ikusten dugula, eta beraz, mugarik gabeko zerbait bezala; eta bestetik, horrek gure ardurarekin konektatzen duela. Heldu bezala guri dagokigu kasu batzuetan ardura hartu eta erabakiak hartzea, eta muga jartzea gure haurrari.

Haurrarekin gatazka izateko beldurra ere badago…

Noski, zeren eta ni ahulak ditugu. Jaso dugun heziketaren ondorioz gure indarra apaldua dago bizitzako gatazkei aurre egiteko. Batzuetan entzuten dituzu irakasle nahiz gurasoak esanez ‘ezin dut egoera hau kudeatu’, bi urteko haurrak ez dakit zer egiten diolako. Baina nola ezin ahal izango duzu bi urteko haurra kontrolatu? Ez dut esaten botere kontua denik, baina… nola ez duzula gelditzen ahal? Nola ez diozula zure muga jartzen ahal? Non dago zure indarra, zure ni-a? Askatasunean haztearen eta heztearen inguruko diskurtso hau duela 20-25 urte barneratu nuen, eta garai hartan diskurtso honen baitan gehien nabarmentzen ziren kontzeptuak autorregulazioa, askatasuna… ziren. Orduan esan izan balidate diskurtso honen zabaltzean gaur egun gehiago aipatu beharko zela mugaren beharra askatasunarena baino, kosta egingo zitzaidan sinestea. Baina beste muturrera pasatu gara, aipaturiko bi faktorerengatik: alde batetik, nola oso mugatuta gauden, iruditzen zaigu askatasuna behar dela izan gauza bat non ez den mugarik, baina guk jasandako gehiegizko mugen ondoriozko pertzepzio bat da hori; eta, beste aldetik, heziketaren ardura hartzeko zailtasunengatik.
 
Orduan, bere gaitasunek mugaturiko askatasun esparru horretan erabakiak hartzen dituen, autorregulatzen den haur horren aurrean, zein izango litzateke heziketaren ardura hartzen duen zaintzailearen eginkizuna?
Inportantea da autorregulazioa zer den ongi ulertzea. Haurrak bere burua autorregulatzeko eta bere bizitzaren gidaritza hartzeko gaitasuna dauka, baina neurri batean. Heldu bilakatzearekin batera iritsiko da bere bizitza erabat autorregulatu eta gidatu ahal izatera, baina ordu arte garapen-prozesu batean dago, hori ezin dugu ahaztu. Baina autorregulazioa eta askatasuna modu okerrean ulertzearen ondorioz, haurrari eskaintzen zaion laguntza oro direktiboa dela pentsatzera iritsi gara, eta, ondorioz, ataka askotan haurra bakarrik utzi dugu, gurasoek askatasunean hazten ari direla pentsatzen duten bitartean. Haurraren aurrean kokatu eta gizaki libre eta oso baten moduan begiratu behar dugu, bere errealitateari buruzko erabakiak har-tzeko gaitasuna eta eskubidea dituena, nahiz eta bere errealitate esparrua txikia den jaiotzean, eta handitzen joango da bizitzan aurrera egin ahala. Alegia, ez dugu begiratuko ezer ez dakien norbait bezala, horrek direktibotasunera garamatzalako, gure gidaritza behar duela uste izatera; baina, era berean, kontuan izan behar dugu hazten ari dela, eta esparru askotan oraindik lagundu egin behar dugula. Era berean, ahal duen esparru horietan errespetatu behar dugu bere erabakietan. Hori litzateke haurrarekiko begirada egokia.

Horretarako, tresna baliagarriena gure sena litzaiguke: nola ez dugu jakingo haur bat hazten? Iruditzen zaigu ikasi egin behar dugula, norbaitek irakatsi behar digula. Baina, gure jakinduria instintiboan dago, espezie guzien jakindurian dagoen bezala. Beraz, sena tresna bikaina litzateke, baina arazoa da oso urrunduta gaudela gure senetik. Egoera hori leuntzeko lagungarria litzateke haurtzaroaren zentzua ezagutzea: etapa bakoitzean zer dagoen loratzeko, zer den inportantea errespetatzea... Paradigma aldaketaren gakoa haurren gaineko beste begirada bat ezartzean datza: haurra ez da gu baino gutxiago, gu bezain aske da, gu bezain duina da, baina bera garatzen ari da oraindik eta nik lagunduko diot hazten, bakarrik ezin duelako.

Autorregulazioan ardura uzteko muturrera joango ginen agian, baina zenbait gaitan oso direktibo bilakatzen gara oraindik: nola behartzen ditugun haurrak jatera, nola distraitzen ditugun nolabait janaria sartzeko… Egoera biolentoa ere izan daiteke.  

Hori biolentzia baita. Direktibo izatea biolentzia da neurri batean, kamuflatuago edo agerikoago. Direktibo izatea da esatea ‘zuk egingo duzu nik esaten dudana’, eta hori beti da biolentzia; askatasuna ari zatzaizkio mugatzen, nolabait. Orduan, gauza batzuetan zuk esan beharko diozu zer eta nola egin, zeren kontrakoa ez litzateke askatasuna ematea, baizik eta zama bat ematea, oraindik ez delako gai. Baina, era berean, oso inportantea da ulertzea norberak izan behar duela bere bizitzako erabakiak hartzen dituena, eta horrek bere buruarekin konektatua egotera behartzen du. Nik jakin behar dut noiz nagoen gose eta noiz beteta, zein den nire muga, zer nahi dudan, noiz nahi dudan… konexio hori zaintzea oso inportantea da. Oso modu delikatuan zaindu beharko genukeen altxor bat da. Helduoi, ordea, kosta egiten zaigu gure buruarekiko konexioa mantentzea. Horrelako erabaki ustez inozoetan, alegia, ‘amak esango dit noiz jan, irakasleak esango dit noiz eseri’, sistemarentzat eta gure gizarte gaixoarentzat oso-oso inportantea den lelo bat dago: erabakiak nigandik kanpo hartuko dira.

Hezteko sena aipatu duzu. Baina haurdunaldiko prestaketatik bertatik hasita, ama izateko ‘prestatzen’ gara, hori izaten irakatsiko digun norbaitengana joaten gara, edo irakatsiko diguten liburuak irakurtzen ditugu...

Kontua da, nondik gatoz? Gure haziera, gure heziketa nolakoa izan da? Zertan oinarritu da? Hain zuzen horretan: dena ikasi behar duzu zugandik kanpo, beti egongo da norbait esango dizuna zer egin, ezin duzu fidatu zure sentipenez. Hori oso errotuta daukagu. Askotan profesionaloi etortzen zaizkigun guraso edo irakasleek ere errezetak nahi izaten dituzte: esan iezadazu nola egin behar dudan. Gustatzen zait probokazio gisa esatea ‘ez dakit, nola jakingo dut ba? Ez dut ezagutzen zure bikotea, ez dut ezagutzen zure haurra, ez daukat ideiarik ere’. Noski, nik esaten ahal dizkizut gako batzuk, zeinen arabera zuk irakur dezakezun zure errealitatea, baina azkenean, zeure buruarekin konektau behar duzu, hori da bidea. Ikasketa-prozesu oker bat egin dugu, eta orain desikasi egin behar dugu, berriro geuretik ikasteko.

Egia da gero gauza guztiek bezala honek ere baduela bere tranpa; hau da, zeri esaten diogun sena eta zeri esaten diogun gure portaera ikasia, ba-tzuetan nahastu egiten baikara. Guri “natural” ateratzen zaigun hori agian ez da hain naturala. Dena dela, nik uste dut instintua, sena zer den denok dakigula nolabait, maila teorikoan bada ere. Normalena da, adibidez, amak lau hilabeteko haur batengandik bereizi nahi ez izatea, hori da naturalki senak eskatzen duena, naturaren espezie ia guztietan. Hori da berreskuratu behar duguna guretzat.

Aipatu duzun adibide horretan, zehazki, presio asko daude, lau hilabeteko haurra utzi eta lanera itzultzeko; gizarte produktibo honetan lana izan behar da bizitzako zutoin nagusia. Gainera, benetan aske al gara erabaki horiek hartzeko? Hipoteka, autoa… ezin dugu ekonomikoki. Badirudi sistemak ondo lotu dituela gauzak.

Kontziente izan behar dugu gure sisteman ez ditugula berez errealitate osasuntsu eta on batean berezkoak liratekeen mugak bakarrik, beste muga asko ere baditugula, oso sistema bortitzean, mugatzailean, autoritarioan… gaudela. Kontua da ardura guk dugula. Niri ez zait gustatzen biktimismoa; ados, oso gaizki bizi gara, baina nik zer egin dezaket errealitate horretan? Zein erabaki har ditzaket? Sistema ni naiz, gauza batzuk alda ditzaket neuk neure bizitzan. Beste gauza batzuetan ez naiz ni bakarrik, eta elkartu egin beharko naiz ni bezala pentsatzen duten batzuekin sistema gainditzeko eta eraldatzeko, sakonki. Horren kontra gogor ekiteko indarra behar da, handia.

Errealitate idiliko bat beharko genuke benetan aske izateko eta haurra nahi dugun bezala hazteko. Errealitate utopiko hori, ordea, ez da existitzen. Hala ere, pentsatu behar dugu ahal dela haurrak minimoki osasuntsu haztea, sendoak izan daitezen. Ez ordea gogortuak, inolaz ere ez pentsatuz ‘bizitza gogorra da eta orduan gogortu behar dugu hasieratik’. Baina bai emozionalki sendoak, afektiboki sendoak etorriko zaien errealitate horri aurre egiteko, eta beharrezkoak diren mugak gainditzeko eta dagokiena eskatzeko, eskubidea dutelako.

Izan ere, jarri duzun adibidera itzulita, lau hilabeteko haurra eta ama bereizteak eragina izan dezake haur horren garapenean?

Nire ustez, gizarte bezala ez dugu benetan sinesten haurtzaroaren garrantzian. Gero eta gehiago entzuten dira hori horrela dela dioten ahotsak, baina sakon-sakonean ez dugu hori gizarte bezala barneratua. Egia da ni naizen hori ez dela bakarrik lehen 7 urteetan bizitakoaren ondorio, zeren eta ikasten jarraitzen dut eta horren arabera gauzak moldatzen ditut, baina funtsean naizenetik asko haurtzaroan eraikia dago. Psikologia klinikoak erakutsi du gure sendotasun emozionala batez ere haurtzaroan dagoela oinarritua.

Behin haurtzaroaren garrantzia eztabaidaezin horretara iritsita, lehen 7 urte horietan batez ere garrantzitsuak dira lehen 3 urteak, eta 3 urte horietan batez ere garrantzitsua da lehen urtea. Izan ere, lehen urte horretan, jende askok pentsatzen duenaren kontra, ez garelako oraindik jaio. Jaiotzea esaten badiogu prozesu bati non bereizi garen amarengandik, bada orduan ez gara jaio. Berez haurdunaldiarenak beharko luketen hilabeteak dira, biologiak esplikatzen dituen arrazoiengatik jada kanpoan bizi behar ditugunak.

Umetokiz kanpoko haurdunaldia delakoa.

Hori da, goiz jaiotzen gara, gure burmuinaren garapena handia delako beste ugaztun batzuekin alderatuz eta bi hanketan ibiltzearen ondorioz aldaka estuak ditugulako. Itxaron behar bagenu barnean beste ugaztun batzuk duten garapena izan arte, ez ginateke amaren aldaken artetik pasako. Orduan, goiz jaiotzen gara, oraindik ez dugunean amarengandik bereizita garen kontzientziarik, independentzia minimo-minimoa ere ez dugunean lortua. Benetan jaiotzeko ia urtebete pasa beharko da, oinez ibili arte. Urte horretan gertatzen diren prozesuak, nolabait, amaren barnean igaro beharrekoak lirateke. Eta nola dago amaren barnean? Erabateko kontaktuan, ez da bereizten inoiz.

Lehen urte horretan pasatzen diren gauzak larriak izan daitezke, neurri batean eta mila kakotxen artean esanda. Indiferentziazio egoera horretan, hau da, haurra eta ama bat diren egoera horretan, haurraren autonomiarantz jo nahi izateak kontrako efektua sor-tzen du, goizegi delako. Hau da, amarekiko mendekotasuna funtzionala eta erreala den momentuan, bizi egin behar da mendekotasun hori, eta horrek haur niniari segurtasuna emango dio autonomiarantz joateko.

Horrekin lotuta, mendekotasunaren eta autonomiaren arteko dialektikarekin egin bezala, badira desmuntatu beharreko beste uste ustel batzuk. Pentsatu izan dugu haurrak garapenean aurrera egiteko etengabe frustratu behar duela; hau da, etengabe ematen badiogu behar duena, horren mendeko bihurtuko dela. Eta hori beste falazia bat da, sartu diguten beste ziri bat: beharrezkoa duen unean behar duena emateak ez du inoiz mendekotasuna sortzen; ez ematea da engantxatzen duena. ‘Mendeko denean mendekotasuna asetzen badu, mendeko izango da betiko’, diote. Eta ez, kontrakoa da: mendekotasun fase hori aseta duelako ez da gehiago mendeko izango. Baina ez badiozu asetzen, zerbait bizi gabe geldituko zaio, eta ordutik aurrera izango dituen harremanetan mendekotasun hori ase nahiko du. Gizarte bezala zerbait baldin bagara, emozionalki dependienteak gara.

Lehenengo hiru urteak, hori da gizarte bezala daukagun erronka. Lehen hiru urte horiek haur batek benetan behar duen bezala eta behar duen segurtasunarekin bizitzen baldin baditu, sekulako indarra du mundura ateratzeko.

Eta hori hala baldin bada, eta etorkizuneko herritarren osasun psikiko eta emozionalaren kalitateaz ari bagara, ni bezala izango direnaz… lehen hiru urte horiek ez al dira erantzukizun sozialeko auzi politiko bat?

Erabat. Eta noski, politika gizakiaren ongizaterako egin nahi baldin badugu, orduan gizakiarengan, bere nolakotasunean jarri behar dugu arreta. Benetako gizarte-eraldaketa gertatuko bada, etorkizuneko hiritarrak izanen diren oraingo haurrengan jarri behar baitugu arreta. Egun norbanakoa heldua dela pentsatzen dugu, adinean heldua delako, eta hori abiapuntu okerra da ‘Gizarte heldu batean bizi gara, zeinak bere etorkizuna erabakitzen duen eta…’ hori gezurra da, eta hori ikusi nahi ez duenak zaila du politika egiteko. Mugimendu iraultzaile interesgarri askok zergatik egin dute huts? Ez dutelako kontuan izan norbanakoaren aldagaia, nolakoak garen: emozionalki dependienteak gara, aske eta geure buruaren jabe eta erantzule bizitzeko zailtasun handiak ditugu, gidari bat behar dugu. Hori horrela izatea nahi ez duenak, haurtzaroa behar du beste modu batean zaindu. Horregatik da politikoa haurtzaroa begiratzeko eta zaintzeko modu oro, haurraren heziketa. Nola sortzen dira gizaki helduak, benetan bere buruaren jabe izango direnak? Gizakiak aske bizitzeko berez duen gaitasun hori non galtzen da?

Hala bada, politikoa den heinean, zer hobetu daiteke haurtzaroarekiko erakundeen politiketan?

Haurtzaroa zaintzearen funtzio soziala aitortu beharko litzateke, eta aitortza gure gizartean diruz sarituz egiten da. Amatasuna eta aitatasuna ezinbesteko funtzioak dira gizarte batean, eta arreta handiz zaindu beharko litzateke zeregin hori. Gizarte batentzat gauza handia izan behar litzateke familia batek haur bat izatea, eta justu kontrakoa pasatzen da. Eta, noski, botere mota bati asko komeni zaio hori horrela izatea. Hain ulergarri ez dena da, gauzak aldatu nahi dituztenek eta botere mota horren kontra ari direnek ere ez dutela horren kontzientzia garbirik, nire ustez hor dagoenean benetan gakoa.
 
Gurasotasun baimenei, haurraren zaintza eta lan-karreraren artean erabaki behar ez izatea litzateke ama batentzat egoera justuena eta gizarte bezala osasungarriena. Baina haurra zaintzeagatik lanean aitzinamenduak egin ezin balitu ere, zer? Lana al da gure identitatea, bizimodua eta ongizatea definitzen duen elementu garrantzitsuena? Nori ari gara zerbitzu egiten hori horrela dela esanda? Benetan jarri nahi al dugu zaintza erdigunean? Benetan jarri nahi al dugu erdigunean pertsonekin harremanak izateko beste modu bat? Benetan egin nahi al dugu beste gizarte mota bat? Edo daukaguna hobetzera mugatu nahi dugu, baina erdigunean sistema kapitalista jarrita?

Munduan dagoen lanik duinena da zaintza. Benetan beste politika eredu baten alde egin nahi duenak hori izan behar du lehen helburu, baina urrun gaude oraindik. Azkenean, kontra egiten diogulakoan sistemaren dialek-tikan erortzen gara, bere printzipioen tranpan; hau da, bere balioen arabera jarraitzen dugu errealitatea irakurtzen.  Emazte batek ez luke profesionalki atzean gelditu behar haurren zain-tza egiten ari delako, erreibindikazio hori beti egongo da gure helburuetan. Lan-sari handiagoa izan dezala, eta profesionalki ere baloratuagoa izan, ezinbesteko lan sozial bat egiten ari delako. Baina hala ez balitz ere, edo hala ez den bitartean, lanaren garrantzia zentrala izatearen logika hori, norena da?

Sistema produktibo kapitalistarena.

Noski! Eta gero, bada baimenen inguruan halako nahaste bat orain: aitari edo amari eman baimena… Ematen du gaur egun atzerakoia bilakatu dela lehen urtean haurrak amarekin egon behar duela esatea. Hau esaten dudan bakoitzean bada norbait galdetzen didana, ‘zergatik?’ Hainbestetan galde-tzen didate, non niri ere kosta egiten zaidan batzuetan hain garbiki esatea, kamuflatu gabe. Harrigarria da. Niretzat ariketa izan da nire buruari baimena ematea garbi esateko ‘haurra amarengandik erditzen da eta ahal dela bederen lehen hilabeteetan amarekin egon behar du’. Beraz, lan handia dago egiteko. Egia da gero eta gehiago zabaltzen dela 0-3 urteen garrantziaren diskurtsoa, baina egia da, era berean, gero eta kontu handiagoarekin ibili beharko dugula, zeren eta sistemak sekulako mekanismoak eta gaitasunak ditu bogan dauden gauzak bere egiteko: diskurtso bat hartzen du, kentzen dio benetan funtsezkoa duena, eta diskurtso hori berea balitz bezala saltzen du.

“Beharrezkoa denean baino ez esku hartu; beharrezkoa denean esku hartu”, esan izan duzu. Noiz da beharrezko?

Haur batek gurasoen aldetik honakoa behar du: presentzia, afektua eta disponibilitatea. Kontua da hiru gauza eztabaidaezin horiek forma ezberdina hartzen dutela etapa bakoitzean. Adibidez, jaiotzen garenean gurasoen presentzia hori oso fisikoa da, eta garatzen joaten garen heinean presentzia hori sinbolikoagoa bilakatzen joaten da. Baina haur batentzat presente zaude baldin eta ondoan bazaitu, ikusten zaituelako eta, batez ere, sentitzen zaituelako. Urte batzuk pasata iritsiko da jakitera zu lanera joatea bera maitatzeko modu bat dela, baina lehen urtean ez daki hori maitasun forma bat denik. Izan ere, esan dezakegu asko maite dugula gure haurra, baina agian haur horrek ez daki hori. Eta afektua inportantea da: garen bezalakoak garelako maitatuak izatea, gure gabeziekin eta indarguneekin. Afektuak ez du onartzen baldintzarik, hau da, ‘maite zaitut baldin eta…’, edo, ‘maiteko zaitut hau ongi egiten baduzu’. Baina asko dago horretatik. Kosta egiten zaigu bestearen izatea errespetatzea.

Horretan soziorregulazioak ere badu eragina: ‘maite zaitut zintzoa eta atsegina baldin bazara’. Mugarekin zalantza asko izan ditzakegun arren, agresibitateak, gaizto portatze horrek bai pizten duela muga jartzeko joera hori. Zuk diozu agresibitatea indar natural gisa ulertu behar dela.
Instintua aurrera eramateko beharrezko indarra da; hori da definiziorik aseptikoena edo neutroena. Bizirauteko behar dugun gutxieneko agresibitatea, indar bezala ulertuta; bestela naturak berak hil zaitzake, gaixotasun batek. Hortik aurrera, berezko beharrak asetzeko behar dudan indarra legoke: adibidez, ez badut indarrik negar egiteko, gurasoak ez dira etorriko behar dudanean. Negarrean ere badago agresibitate puntu bat, eta haurren negarra bera ere galarazi egiten dute helduek. Orduan, agresibitate natural, defentsibo hori beharrezkoa da per-tsona bezala, komunitate bezala, herri bezala.

Inportantea da haur batengan agresibitate hori ez kaltetzea, hori galaraziz gero ahula bilakatzen delako. Agresibo hitza indarraren baliokide gisa ulertu behar dugu, dagokiona eskatzeko eta defendatzeko indar bezala. Kontua da bizi garen tokian bizi garela, balore jakin batzuekin, eta horien arabera ez dugu agresibo izan behar. Noski, lotu dezagun hori sozialki komeni denarekin: nola komeniko zaio gure sistema honi gu agresibo izatea? Orduan, agresibitate hori apaltzen joaten da, zeren eta gure haurrak gure kulturaren eskakizunetara egokitzea nahi dugu, nolabait. Baina ohartu behar dugu gurea bezalako gizarte batean erabateko egokitzapenak neurri batean gaixotzea esan nahi duela, azken batean gizarte gaixo batean bizi garelako. Begira, denok gara biziki adeitsuak, besteekin atseginak, baina ez da benetan barnetik ateratzen zaigun keinua. Ez beti. Barnean amorru bizia dugu askotan, albokoari min ematen diogu ezkutuan, moral bikoitz horretan bizi gara. Gure haurra mundu honen eskakizunetara erabat egokitzearen prezioa zein den jakin behar dugu.

Haurra indartsua baldin bada, ‘ez’ eta ‘ez’ ariko da ezezkoaren garaira iristean, baieztapena hain garrantzitsua den fasean. Batzuetan gurasoak kezkatu egiten dira, hain temati edo burugogor geldituko ote den betiko. Bada, aurrez mendekotasunari buruz esandakoak balio du hau argitzeko: garai horretako beharra aseko duenean pasa egingo zaio, baina mina emango diotenean jakinen du defendatzen.

Mugak soziorregulazioaren ondorio dira, hortaz?

Noski, zeren haurrak ongi onartuak izan daitezen nahi dugu. Eta normala da, oso legitimoa da heldu bezala hori nahi izatea gure haurrentzat, hor ez dago ezkutuko borondaterik. Baina ikusi behar dugu zein preziotan egiten den hori. Haurra onartua izan dadin nahi dugu; ados, baina ez dadila izan bere izatearen kontra joanez. Kanpora ateratzen ez den agresibitatea, barnerantz doa. Hasieratik oso ukatua izan den haur bat, bere instintuan, bere eskaeretan, bere beharretan… gero autoafirmazioaren garaian askoz ere autoafirmatiboago izango da, baina zentzu txarrean. Izan ere, haurrak beraien beharretan frustratzen ditugunean, berezko behar horietan, amorrua pilatzen dute. Amorru horren pilaketa dago helduaroko biolentzia mota guztien oinarrian. Zeren amorru horrek bilakatzen gaitu suntsitzaile: amorru hori kanpora atera-tzeko beharra dugu, baina jada modu mingarri eta arriskutsu batean eztanda eginez.

Hori ere gure gizartean estrukturala da: hain zuzen oso ukatuak izan garelako gure agresibitate naturalean, agresibitate bezala ulertuta munduan egoteko beharrezko den indar hori, zure espazioa, zure gorputza, zure izateko modua, zure iritzia… defendatzeko indar hori, bada agresibitate edo indar horrek jada beste ñabardura bat hartzen du eta suntsitzailea bilakatzen da. Haur baten inhibizioa proportzionalki lotua dago haur horren suntsigarritasun potentzialarekin. Aldiz, indartsua eta eskatzailea den haur bat, nolabait dagokiona defendatzen duena, hori nekez bilakatzen da suntsitzaile. Baina ez da oso erosoa gizartearentzat, eta horregatik joaten gara apaltzen eta inhibitzen.

Soziorregulazioa ez bada, zein izan behar luke muga jartzeko arrazoia, mugaren filosofia?
Haurrari mugak jartzearen lehen zentzua errealitatea erakustea litzateke, gure errealitatea eta bizi dugun munduarena. Ikusi behar dugu zein diren haurraren beharrak, horiek asetzen jakin, eta hortik aurrera mugak eraku-tsi behar dizkiogu, existitzen direlako; eta, existitzen diren neurrian, sortzen duten minarekin. Muga dago edozein zaintzaren erdigunean, mugarik ez daukan heziketa bat ez da ona. Mugarik jartzen ez duen heldu batek ez dio haur bati segurtasuna ematen ahal, ez da nahiko kontinentea izango. Mugak existitzen direlako, guk jartzen ditugu, arduraz. Eta onartzen dugu horrek haurrarengan sortzen duen frustrazioa, eta haurrak ondorioz gure kontra egiten duen indarra. Hori bai, mugak ez dira hezigarriak izan behar, ‘horrela jan behar da’, edo ‘horrela portatu behar da mahaian’, ez. Iritsiko da momentua non berak ere ikusiko duen ‘gurasoak horrela portatzen dira mahaian’.

Beraz, ikusita gizakia berez dela eska-tzailea eta baduela indarra dagokiona defendatzeko, hori errespetatzen jakin behar dugu, eta horren aurrean ideologikoki kokatu: ‘nire haurrarengan hori nahi dut edo ez dut nahi?’. Ez du balio hori apaltzen saiatzea eta gero nerabezaroan esatea zure seme edo alaba kritikoa izatea nahi duzula. Gauzek bere jatorria dute eta munduan egoteko modu indartsu hori haurtzaroan hasten da. Maila ideologiko batean ‘nolako gizakiak nahi ditugu?’ esatera sartzen gara.