Ibon Arrizabalaga: "Tratu onak ez dira premisa, harremanak baldintza onetan bideratzearen ondorio baizik"

2018-12-14

Gatazka ezkutatu nahi du gizarteak, izkin egingo diolakoan. baina, horrela, gatazkak konpondu gabe jarraitzen du, erdi-erdian. Eta horren araberakoak dira gizarte horretako hartu-emanak. Harreman osasuntsuak sustatzeko, tratu onen kultura nagusitzeko, itzalari ere leku egin eta, hortik abiatuta, kultura berri bat sortzea proposatzen du. horretarako, ordea, denen inplikazioa behar da.

*Oharra: abenduaren hasieran argitaratu dugun 27. Hazi Hezi aldizkarian Ibon Arrizabalaga de Mingo-ren abizena gaizki jarri dugu: "Agirrezabalaga" idatzi dugu, "Arrizabalaga"-ren ordez. Beraz, gure akatsa izan dela esan nahi dugu, eta webgunean nahiz sare sozialetan izen-abizenak zuzen eman.

 
 
Ibon Arrizabalaga: "Tratu onak ez dira premisa, harremanak baldintza onetan bideratzearen ondorio baizik"

 

Arremanitz Kooperatibaren sortzaileetako bat da Ibon Arrizabalaga (Orio, 1973). Bertatik tratu onen kultura, parekidetasuna eta sexualitatea nahiz honen aniztasuna sustatzea dute helburu. Horretarako komunitate osoaren inplikazioa ezinbestekoa dela jakitun, proiektu integralak garatzen dituzte hainbat herritan. Hala, besteak beste, hezkuntza-komunitate guztiarekin lan egiteko aukera izaten dute, eta, horrenbestez, zuzenean aritzen dira nerabeekin ere. Horiekin nork bere burua maitatzen eta errespetatzen ikasteko egiten dute lan, hori besteak ere maitatzeko eta errespetatzeko giltzarri dela jakinik, eta, modu horretan, harreman osasuntsuak sustatuz. Proiektu integral horiekin parez pare, hainbat zerbitzu dute martxan: sexu aholkularitzak, ligatze jatorreko tailerrak, gizon-taldeak, jabetze-eskolak...

Tratu onak sustatzearen garrantziaz eta beharraz mintzo zarete. Helburu hori jarri duzuenerako, badirudi hori bera gabezia dela gure jendartean. Nolako harremanak ikusten dituzu?

Batetik, badago azaleko harremanak sustatzen dituen eredu nagusi bat. Badago, nolabait, sakontzeko edo barrura begiratzeko debeku bat-edo. Entretenitzea bai, baimenduta dago, entretenimenduaren kulturan bizi baikara, baina ez ezagutzea, sakontzea, benetakoagoa izan daitekeen zerbait bilatzea... Eredu nagusi horrek, ordea, txanponaren beste aldean ditu, alde batetik, irribarre profident bat, eta, beste aldetik, bortizkeria. Etekin ekonomikoa edo boterea lortzeko gatazkak sustatzen dira, eta gatazkaren kudeaketa bortitza sustatzen da. Edo bortizkeriaren mehatxua erabiltzen da: ‘ez bazatoz bat irribarretsu-zoriontsu eredu horrekin, ba adi ibili zertan zabiltzan, zeren eta hemen badago zigor-sistema bat’.

Bestetik, badago beste joera bat, horri kontra egitekoa. Eta eredu nagusi hori den bezalakoa denez, beti daukagu haserre egoteko eta kontrara jotzeko motiboa, bilatu nahi badugu. Orduan, errebeldiarekin, ukazioarekin edo ba-tzuetan iraultzarekin lotzen den joera bat ere badago; eredu nagusiari lotuta doa, horren infrentzua da. Bigarren joera honetan ez da gatazka gaindi-tzen. Gatazka horretan eroso gaude, ‘beraiek oker daude, gu ari gara ondo’ esanez. Eta bitartean gatazka betikotu egiten da.

Eta badago hirugarren joera bat, itxura batean indarra hartzen ari dena: hazkuntza pertsonalaren ildoa. Esan dugu barrura begiratzeko debekua dagoela, baina egia da gero eta jende gehiagok bilatzen duela barruan zerbait, meditazioaren edo beste zerbaiten bidez. Joera honetan mezu nagusia izaten da ‘baztertu itzala eta jarri argia bakarrik zure bizitzan. Arreta jarri gauza onetan bakarrik...’. Eta iruditzen zait nolabait hirugarren joera honetan gatazka ekiditen saiatzen garela. Baina ez batean ez bestean ez hurrengoan, gatazka ez da konpontzen, eta ez da begiratzen, ezta ere, zergatik dauden gatazkak. Bada, gure arteko harremanak hiru ildo horien baitan daude, bai gizartean oro har, bai gazteengan.

Guk joera horien arteko oreka bat bilatzea nahi dugu, bat bera ere ukatu gabe. Denok ditugu hiru joera horiek: denok dugu jarrera hegemoniko inposatzaile bat, denok daukagu horri kontra egiten dion errebeldia, denok daukagu hortik ihes egiteko gogoa eta polita bakarrik ikustekoa. Azkenean, geure buruak ezagutzea behar dugu, ikasi zein diren gure beharrak eta horiek nola planteatu. Eta hori egitean, gatazka mahai-gaineratzen ariko gara, eta gatazka hori zeharkatu egin beharko dugu. ‘Nik hau behar dut, zuk hori behar duzu, zer egingo dugu honekin? Bortitz jarriko gara eta indar gehiena daukanak irabaziko du? Edo bion beharrak modu zentzuzko batean asetzeko modu bat topatuko dugu?’. Komunikazio horri esker gatazka konpondu baldin badugu, adostasun bat baldin badaukagu soluzio bati buruz, horren ondorioz gertatzen den hori da guretzat tratu ona. Tratu ona ez da gatazka ezkutatu, irribarre egin eta esatea ‘zer ondo gauden’. Gatazka ezkutatuz gero, puztu egin daiteke eta lehertzera iritsi, ondorio larriekin.

Beraz, tratu onak ez dira premisa, gauzak bideratzearen ondorio baizik. Alegia, baldintza egokietan, prozedura egokiekin, komunikazio apropos batekin, giza harremanek eman dezaketen ondorio bat. Orduan, baldintzei begiratu behar diegu, zer egoeratan, zer egituratan garatu nahi ditugu gure arteko harremanak?

Diozunez badirudi muturreko joeretan gabiltzala...
Hori daukagu, gatazka erdigunean daukan gizarte bat, eta horri begiratu nahi ez diona. Azkenean, batzuk gatazka sustatu egiten dute, besteek betirakotzeko behar duena ematen diote, besteek izkin egin nahi diote. Baina gatazka hor dago. Itzalari ez diogu begiratu nahi, baina itzala denok daukagu.  

Gazteekin lan egiten duzue, zuen proiektuen bidez. Beraien arteko harremanak parametro horietan kokatzen al dira? Badituzte berezitasunak?

Ez dakit zer esan. Gazteak oso desberdinak dira, eta oso berriak. Gazteak milurteko berrikoak dira, eta nik milurteko zaharretik begiratzen ditut. Orduan, niretzako mendetasun bat izan dezakete mugikorrarekin, baina agian nik ere badaukat mendetasun hori, eta mendetasun horretatik begiratzen ditut beraiek. Baina gazteek agian ez dute mendetasun bezala bizi, beraientzat agian sinbiosi bat da mugikorrarekin daukatena, eta ziborg batzuk dira. Eta ni gizon primitiboaren begiekin ari naiz ziborg horri begira. Beraz, nik ez dakit zer esan gazteei buruz. Saiatzen naiz ahal dudan neurrian nire aurreiritziak alde batera uzten, eta orain zer dagoen ikastera eta ikustera joaten. Orduan, zer-nolako harremanak daude beraien artean? Bada, azalekoak daude, kontrara daudenak daude,... eta agian nik ikusten ez dakidan beste gauza batzuk ere badaude, zeren eta ez nago horiek ikusteko prestatua.

Egia da guk lan asko egiten dugula gazteekin, baina ez gara egunero beraiekin dagoen irakasle bat, edo ez gara hori lehenengo pertsonan modu jarraikor batean bizitzen ari den guraso bat, benetan zer gertatzen ari den jakiteko. Orduan, gonbitea egin nahi nieke pertsona horiei al duten neurrian begiak ondo zabaltzeko. Ohituta gaudena ikusteko prestatuta gaudenez, eta ez ote gara beste zerbait galtzen ari?  

Aurreiritzi horien ondorioz, ohituta gaudena bakarrik ikustearen poderioz, konnotazio negatibo asko jartzen dizkiegu beraien arteko harremanei…

Bai, ‘whatsapp bidez erlazionatzen dira!’ kexatzen gara, baina zinez ikusteko dago hori bestelako harremanen kaltetan ote den ala ez. Beraientzako whatsapp-a ez da txarra, ez da hirugarren mailako komunikazioa, edo ez da beste zerbaiten ordezkoa. Hor dago eta beste harreman motei gehitu egiten zaie. Gutako batzuk nostalgiarekin begiratu dezakegu ez dakit zer garai, baina gazteek ez dute garai hori ezagutu, beraientzat ez da existitzen. Orduan, zer zentzu dauka beraien harremanei garai bateko parametro haiekin begiratzeko eskatzeak? Uste dut paradigma berriak behar ditugula, eta beraiek esan arte ‘gauzak horrela dira milurteko berri honetan’, gu isilik gelditu beharko garela, eta ikusi. Oso arrotza eta inposatzailea sentitzen naiz gazteen arteko harremanak nolakoak diren esan nahi badut. Arrastorik ere ez daukat. Izugarriak dira, eta berri-berriak. Zer egingo lukete gu hemen begira egongo ez bagina? Ez balukete gure espektatibak betetzen ibili beharko?

Milurteko distantzia horretatik, zuen helburua da tratu onak sustatzea beraien harremanetan.

Tratu onen kultura sustatzea, bai, baloreen eraldaketa bat. Kontua ez da orain arte egon dena irauli eta kanporatzea. Azkenean, orain artekoaren mendeko egingo gintuzke horrek, horren arabera egingo genituzke gauzak. Uste dugu orain artekoa aitortu egin behar dela, hortik baikatoz, eta leku bat merezi duela. Esaterako, matxismorik gabe ez genuke feminismorik ezagutuko, eta begira feminismoa zenbat gauza irakasten ari zaigun! Bada, aitortu hori, gutako guztiongan baitago: inor ez gaude ikuspegi sexistatik libre. Kontua da esatea ‘honi dagokion lekua emanda eta nondik gatozen aitortuta, nola egingo dugu aurrera?’. Hori da zerbait berria sortzeko baimena eman diezagukeen premisa. Aurrekoa ukatuz ez diogu baimenik ematen geure buruari, ukatzen dugun horri lotuta gelditzen baikara. Jarrera iraultzaile horretan kateatuko ginateke, beti kontra eta kontra. Kontra egitea askatasunarekin lotu izan dugu, baina ez da askatasuna: kontra egitea lotuta dago, zerbaiti egin behar dio kontra, eta orduan haren arabera jokatzen du beti. Askatasunik izango bada, erabakien ardatza norberaren baitan kokatu beharko da, ez kanpoan.

Horretan saiatzen ari gara, tratu onen kultura berri bat zabaltzen. Eta hori ez da familia batek edo eragile batek egin dezakeen lana, hori derrigor komunitate guztiaren lana da. Mugimendu eta eragile horien guztien elkarrezagutza bat behar dugu, jakitea bakoitza non kokatzen den, bakoitza zertan ari den, eta hori ikusarazi. Guk herri proiektu integralak planteatzen ditugu, eta saiatzen gara hezkuntza komunitate guztiarekin aritzen: irakasle, ikasle, guraso, maiz ikusezinak diren bestelako langileak... Eta ikastetxetik kanpo dauden gainerako eragileak: aisialdikoak, feministak, kultur elkarteak, ingurumenean dabiltzanak... Horretan aberatsak gara, eta, hala ere, bakoitzak berea egin behar duenez, ez da iristen besteena ezagutzera. Ez gara iristen aberastasun horren koadroa egitera. Gu koadro hori osatzen saiatzen gara, eta bertan agertu dadila eragile eta mugimendu bakoitzaren kolorea, herritar bakoitzak tratu onen kulturari egin dion ekarpenaren arrastoa.

Harreman ez osasuntsu edo tratu ez onen erpinetako bat da gizon eta emakumeen artean egon diren botere-harremanak, nagusitasun-harremanak... Nola lantzen duzu gai hori gazteen artean?

Hezkidetza mailan, gazteekin ikastetxeetan egin behar da lan, baina hori bakarrik egiteak ez du ezertxo ere balio. Esan nahi dut, euskara eskolako ikasgaia den arren, gizarteak ez badu euskaraz egiten, gazteek ez dute euskaraz egingo. Eta tratu onekin ere gauza bera gertatzen da: ez badugu gizartean eragiten eta gizarteak ez badu ardura hori bere gain hartzen, gazteek ikasiko dute guk ikastetxeetan egiten duguna hor gelditzen dela. Eta, gainera, guk ez diegu azterketarik ere egiten, beraz ez du ezertarako balio. Orduan, lan egin behar da ikastetxeetan gazteekin, baina askoz ere lan garrantzitsuagoa egin behar da gurasoekin, irakasleekin, eta herriko eragile guztiekin, udaletik hasita. Hau da, lan egin behar dugu ohar-tzeko denok garela tratu onen kulturaren eragile; ez gara bihurtu behar, soilik konturatu noiz eta nola egiten dugun ekarpena. Hala, gazteek esango dute ‘a bai, hau da etxean egiten dutena, hau da kalean egiten dutena, zentzua dauka’, kontua ez litzateke izango guztiaren aurka doazen txotxolo ba-tzuk agertu garela gelan. Gainerakoan, kasu egingo digu guraso feministak dauzkanak, eta kito.

Izan ere, etxean ikusten dituzten genero- eta harreman-ereduak izango dira gazteei gehien eragingo dietenak, edo kirol taldeko entrenatzaileak sustatzen duen eredua...

Ereduekin zerbait kuriosoa gertatzen da. Egia da eragin nagusia etxean dagoela. Eta etxean egon daitezke gurasoak, edo falta daitezke gurasoak, edo... Baina eredua ez da izaten etxekoa. Hau da, eragin handiena etxeak dauka, baina edozein neraberi zer-nolako harremana nahi duen galdetzen badiozu, afektibo-erromantikoari dagokionez, denek esango dizute betirako edo epe luzerako harreman itxi heterosexuala nahi dutela. Eta hori ez da beraien familien errealitatea. Familietan denetarik dago: gurasoak bananduta daude, edo bikotekide berriekin familia berriak osatu dituzte, edo bi ama dituzte, edo bakarra... Denetarik dago gela batean egun, eta hala ere denentzako eredua gure aitona-amonek ezagutu zutena da. Agian ez dute etxekoa modu negatiboan bizi, baina ez zaie desiragarriena egiten. Orduan, eredua gauza bitxia da, ez dator bat errealitatearekin. Nahiz eta errealitate gertukoena horrekin kontraesanean egon, ereduak eutsi egiten dio nolabait, ez dugu asmatu eredu hori desegiten eta esaten ‘errealitatea neurtzeko eredu honek ez du balio’.

Hori harremanei dagokienez, eta genero-rolen ereduetara joanda? Zer eredu dute buruan, gizon izateari eta emakume izateari dagokionez?

Gela gehienetan ikusten dugu nolabait mutilak demostrazio konstante batean daudela, neskak bezalakoak ez direla erakusteko. Uste dute neskak txukunagoak, aplikatuagoak, ikasle hobeak... direla, eta mutilek ikusten dute mutil izateko ez direla neska izan behar, eta, beraz, zenbat eta zabarragoa izan, tratu kaskarragoa eman, letra txarragoa eduki, ikasle pattalagoa izan, jarrera ezkorragoa edo pasotagoa eduki... bada, orduan eta berretsiago sentitzen dira beraien maskulinitatean. Orduan, maskulinitate hegemonikoak mutilen ikasketa porrota sustatzen du, zeren eta ikasle ona izatea nesken antzekoa izatea baita. Dena dela, ez da beti horrela gertatzen eta neurriak daude, zeren eta ereduak badauka eragin maila bat, baina etxekoak gehiago balio du.

Hein berean, eredu hegemonikoa neskei exijentzia maila ez dakit zenbat aldiz biderkatzea sustatzen ari da. Zeren eta lehen esanekoak izatea eta etxerako prestatzea eskatzen zitzaien, eta, orain, horrez gain, hau da, beste guztiak zaintzeaz gain, beraien arrakasta akademiko eta profesionala eskatzen zaie.

Beraz, mutil batek zertarako egingo du sekulako ahalegina, baldin badaki justuarekin lortuko duela lanpostu hobe bat, soldata hobearekin? Hori esaten ari zaio gizarte hau: ‘ez zara hainbeste saiatu behar, izan zaitezke agian futbolari, eta bigarren edo hirugarren mailan ere etxeak garbitzen baino gehiago kobratzen dute’. Orduan, zertarako ahaleginduko dira? Neskei, aldiz, esaten zaiena da ‘ez bazara munduko onena, inork ez dizu kasurik egingo; ez bazara Maialen Lujanbio, inork ez dizu txapel bat jarriko; oso ona izan zaitezke, baina askoz gehiago eman behar duzu’. Perfekzio maila bat exijitzen zaie, eta hori barneratzen dute; neska nerabeek jada ez dizute zerbait erakutsiko, marrazki bat edo dena delako bat, ez bada erabat beraien estandarra asetzen duen zerbait. Orduan, gazteria hau suntsitzen ari gara, zeren eta autoexijentzia horrek bat-batekotasuna erre egiten du, ez du ezer garatzen uzten.

Beraz, alde batetik neskak borroka oso-oso zail batera dedikatuta ikusten ditugu, destakatzeko eta arrakasta izateko, beraien arrakasta baloratzen ez duen gizarte batean. Eta, beste aldetik, ikasketetan arrakasta izan badute nolabait frakasatu batzuk diren mutilak, benetan izan behar diren horretan, mutil izatean alegia, porrot egin dutelako. Oraindik, nahi gabe, curriculum ezkutuaren bidez, bi eredu horiek transmititzen ari gara.  

Eredu horiek lantzen dituzue, adibidez, gizon taldeetako esperientzietan?

Bai, hori ere bai. Azkenean garen moduan aitortuak senti gaitezkeen leku bat da. Gizon taldeetan bakoitzari lekua ematen saiatzen gara, modu sinple batean; txandaka hitz eginez, adibidez. Ez da askoz ere gehiago behar, batak bukatu arte ez da bestea hitz egiten hasten. Eta horrela besteek entzun egiten dute, eta ikasi egiten dute besteaz eta norberaz. Eta, bide batez, gizonen artean elkar entzutea posible dela ikasten dugu. Gainera, entzuten baldin bagaude, eta baldin badakit ez nautela moztuko, jada lehia jaitsi egiten da. Eta lehia are eta gehiago jaisten da hitz egiten hasi baino lehen jolastu badugu eta elkar ukitu bagara. Izan ere, gizon helduak ez gara ukitzen ez bada kirol bortitzen batean, edo bortizkeria tarteko. Orduan, kontaktu fisikoa gehi txandaka hitz egiteak erlaxazio bat dakar, eta hor konturatzen gara asko daukagula elkarrengandik ikasteko. Beste modu batean hitz egiten hasten gara, normalean hitz egitera ausartzen ez garen modu batean. Askotan gertatu da gizon taldean ezagututako bi lagunek elkarri aitortzea ‘lau ordu besterik ez ditugu partekatu elkarrekin, eta koadrilakoekin hitz egiten ez ditudan gaiak hitz egiten ditut zurekin’. Oso ordu gutxi behar dira intimitate handia lortzeko. Lehen esaten genuen moduan, baldintza onetan gauzak gertatu egiten dira. Horregatik sortu behar dira gizon taldeak, horrelako gauzak posible izateko.

Eta hor, baldintza horietan, posible da gure motxilan daramagun zama begiratzen hastea. ‘Ze lotsa ematen didan zuri eskua emateak, edo zuri begietara begiratzeak; zenbat aldiz eutsi behar izan diodan mingainari, hitz itsusi bat ez esateko; zer lotsa ematen didan hitz itsusi horren ordez benetan ateratzen zaidan balorazioa esatea, alegia, esatea ze gustura nagoen zure ondoan...’. Gauza horiek lekua hartzen dute eta konturatzen hasten gara zer funtzio kaltegarri betetzen duen homofobiak gizonen gizarteratze prozesuan. Arauak dio gizonak ezin garela elkar ukitu; ukitzen bagara homosexualitatearen mamu hori hasten da dantzan, eta bai besteek bai guk ikasten dugu hor gertatu behar ez duen zerbait gertatzen ari dela. Horregatik ezin gara ukitu, edo ezin dugu baimendu beste batzuk elkar ukitzea, edo ezin dugu baimendu gure semeak adin batetik aurrera oso lagunak izatea eta beti elkarrekin egin nahi izatea dena.

Bi mutil lagun min izatea kezkagarri gertatzen al da gurasoentzat?

Bai. Azken finean, zenbat lagun min ezagutzen ditugu 14 urtetik aurrera, bi mutil dena elkarrekin egin nahi dutenak, txoratzen daudenak elkarrekin daudelako? Hori ez dago baimenduta. Debekuak itxura desberdinak hartuko ditu, baina homofobiaren mamua beti dago atzean. Gurasoek bere borondate on guztiarekin egiten dute, kontzienteki edo inkontzienteki, bere semeak gizartearen homofobia jasan ez dezan. Azkenean gurasoen rola txarrena da, zentzu horretan: beste batzuk min handiagoa egitea prebenitzeko, lehenengo mina beraiek egiten dute. Hori zapalketa dagoen testuinguru guztietan gertatzen da. Edo inork ez du nahi bere alaba putatzat hartua izatea, eta orduan bere sexualitatea edo bere genitalak edo bere jarrera batzuk oso modu ikusgarri, ireki eta lotsagabean agertzen baldin baditu, lehenengo zigorra etxean jasoko du, ikasi dezan gizarte honetan gauza batzuk ez direla onartzen eta bere kaltetan izan daitekeela horrela jokatzea.

Emakumeetara etorrita, nola hezi dituzte? Zer dago beraien motxiletan?

Ni ez naiz emakumea, baina pentsa-tzen jartzen baldin banaiz, uf... bihotza uzkurtzen zait. Emakume izatea da txiki-txikitatik ikastea mundu hau ez dagoela zuretzat eginda. Zenbat egun behar dira mundu honetan adimen batek konturatzeko ‘uau, gauzak ez dira nik uste nuen bezala’? Zenbat mezu ezkor edo iraingarri jasotzen ditu neskato batek lehenengo egunetik eta noiz gailentzen dira mezu horiek eta esaten du ‘buf, hau handiegia da, nik ezin dut hau borrokatu, etsi egin beharko dut aurrera egiteko’? Hori da neska izatea, etsi beharra zu zarenari eta zure gaitasunei, bestela gizarte honek ez daukalako zuretzat leku bat eta ezingo duzulako aurrera egin. Orduan, behin jada uko egin diezunean zure amets gehienei, zure gaitasunak osoki adierazteari, horrekin nola egiten duzu aurrera? Bada, zure buruari aitortuz bizitza txiki-txiki batekin konformatzen ikasi behar duzula, eta gauza asko egin beharko dituzula besteentzako, gainera baloratuko eta eskertuko ez direnak, ordainduko ez direnak. Eta egunen batean ausartzen bazara besteen zaintza horietako bati uko egitera, izugarriak entzungo dituzu, zeren eta mundu guztiak espero du zuk hori berez egingo duzula. Eta hortik datoz, baita ere, kulpa, eta elkarren polizia izate hori, elkar zentsuratzea, elkar kritikatzea... Elkartasuna, nesken arteko konplizitate hori haustea ezinbestekoa delako sexismoak iraun dezan.

Putatzat hartzearen mamua aipatu duzu lehen. Sexualitatearekin lotutakotik ere asko dago emakumeen motxiletan...

Bai, noski. Zeren eta neska izatea sexualitate pasibo bat bizitzea da. Beno, hori gaur egun, historian zehar sexualitate ezkutu edo ezezagun bat izan baita. Orduan, nola bizi plazera eta gozamena, klitorisak izenik ere ez daukan mundu batean? Bada, emakumeek topatu dituzte gozatzeko modu asko, nahiz eta agerian ezin izan duten bizi sexualitaterik, nahiz eta egun kulturetan ez den aitortzen emakumeak ere badaukala sexuaren bidezko plazera. Alu ulu antzerki foroaren bidez honen guztiaren inguruko eraldaketa hauspotzen saiatzen gara, eta nerabeak, gazteak nahiz helduak horri buruz modu aktibo batean hausnartzen jar-tzen. Izan ere, emakumeen sexualitatea ez da gai bat gure jendartean.

Asteburu honetan irakurri dut Pikara aldizkarian Uxue Alberdik emakume bertsolarien inguruan idatzitakoa, eta pasadizo bat aipatzen du non Jon Maiarekin kantatzen, zakilari buruzko hainbat txiste egin eta gero, aluari buruz hasi ziren. Nola horrek publikoaren erantzuna aldatu zuen, nola oso ohituta zeuden zakilarekin barre egiten, oso modu unanime batean, eta aluari buruz barre egiten jarraitu zuten, baina ez unanimeki, ez aldi berean... Oraindik aluari buruz jardutea ez dago kolektibizatua, ez dago bateratua. Nola gero Jon Maiak aitortu zion 25 urteko bertsolaritza eta gero lehenengo aldia zuela alua hitza kantatu zuena. Denetarik kantatu du, baina hori ez. Koadrila batean denetarik hitz egin daiteke, baina horretaz ez. Ezkutukoa izaten jarraitzen du.

Gainera, Alu ulu proiektu oso baten parte da. Izan ere, tratu onen kulturaz hitz egin dut, baina tratu onen kultura erotikoa ere sustatu nahian gabiltza. Azken batean, erotismoan, zein da gure gizarteak eskaintzen duen sexualitate eskola? Pornoa besterik ez dago. Hau da, gazteek, guk ematen ditugun hiru klasez aparte, pornoaren bidez ikasten dute sexualitateaz. Orduan, porno hegemonikoaren balioetan oinarritzen ez den eredu bat sustatzeko prest gaude? Hori da guk nahi duguna, tratu onen kultura erotiko bat. Izan ere, kontua ez da pornoan sexu harreman mota batzuk bakarrik agertzen direla, arazoa da batez ere mendetasuna agertzen dela, zabarkeria, bortizkeria, emakumeen aurkako begirada orokortu bat. Eta hori da eredu, nonahi, noiz nahi eskura dagoen zerbait. Denon arteko ahalegin handia egin beharko dugu gazteek baliabideak edukitzeko eta esan ahal izateko ‘ados, hori da pornoak erakusten didana, zientzia fikziozko edo superheroiei buruzko komiki bat irakurtzen dudan bezala hori irakurriko dut, badakit zer den erreala eta zer ez, zer den posible eta zer ez, zer dagoen gizarte honetan oinarritua eta zer den asmatua’.

Hitz egin beharko dugu horretaz. Horregatik pentsatu eta sortu genuen tratu onen mugimendu erotikoa, eta Alu ulu horren baitan. Baina badaude, baita ere, sedukzio tailerrak helduentzat nahiz gazteentzat, badago desiren putzua… jarduera asko egin daitezkeen leku bat izan dezagun baldintza onetan gure izate sexualari buruz hitz egiteko.

Hori komunitatean lantzen duzuenean, badago erresistentziarik nerabeak ere sexuatuak direla onartzeko?

Nerabeak sexuatuak direla nahiko onartua daukagu, baina helduak sexuatuak garela onartzen al dugu? Guraso garenean geure buruari onartzen al diogu sexu beharrak ditugula, jada gure seme-alabek 18 urte dituztenean? Gure sexu-bikotearekiko harremanari zenbat erdoil kendu behar diogu? Hor bai behar dela sustapen eta laguntza handia, eta horretarako gaude. Gure alabek sexualitate osasuntsu bat izatea nahi badugu, plazer iturri izango dena eta onura eta zoriona ekarriko dizkiona, bera guri begira dagoela jakinda, egitea daukagun gauzarik onena da geuk hori bilatzea geure buruarentzat. Azpeitian eta Hernanin, udalei esker, Plax! sexu eta bikote aholkularitza zerbitzua eskaintzen dugu horretarako, heldu jendeari ere helduleku bat eskaintzeko, profesionala, anonimoa eta doakoa, plazerari eta gozamenari leku bat eraikitzeko beraien bizi proiektuan.

Aipatu dugu eskolan bakarrik eragitearekin ez dela nahikoa, gazteen erreferente izan daitekeela, adibidez, aisialdi taldeko entrenatzailea... Baina jabetze-eskoletara, gizon-taldeetara, joaten direnak zer profiletako pertsonak dira? Profil desbedinetako jendea biltzen al duzue?

Inondik inora ere ez, gizartearen gehiengoarengana ez gara iristen. Gizartearen gehiengoa ahal duen ondoena egiten bizi da, eta ez dauka tarterik ezer gehiagorako. Nahikoa lan badute gurasoek! Bide batez, hau irakurriko duten gurasoei esango nieke mesedez ez erabiltzeko elkarrizketa hau beraien buruari gehiago exijitzeko edo pentsa-tzeko ez dutela nahikoa ondo egin. Nahikoa eta sobera egiten dute, guk beraien seme-alabak ezagutzen ditugu eta argi ikusten dugu hori. Kontua ez da autoexijentzia hori areagotzea. Zergatik exijitzen diogu hainbeste geure buruari? Zergatik da hain zaila gure burua ondo tratatzea? Bada, gizarte zapaltzaile batean antolatutako bizi baldintzetan bizi garelako eta gizarte horretan garelako guraso, edo irakasle, edo nerabe, edo lesbiana. Izan ere, geure burua ondo tratatu gabe, zaila da besteak ondo tratatzea, eta hori behar du zapalketak jarraitu ahal izateko. Baina horren kontzientzia baldin badugu, gutxienez ez diogu gure buruari errua botako, eta galdetu diezaiokegu nola egingo dugun zapalketa egoera hau eraldatzeko eta gure harremanak tratu onen kultura batean txertatzeko.

Bada, esan bezala, jende sektore handi batengana ez gara iristen, ez modu zuzen batean behintzat. Agian gurekin egon den norbaiten bidez bai, ordea. Horregatik da garrantzitsua guretzat eragileen eragile izatea. Horregatik da garrantzitsua lehen aipatzen genuen saretzea, gu ezingo garelako iritsi denengana. Baina gugana iristen direnak trebatzen baldin baditugu haiek beste batzuk trebatzeko, agian zabaldu daiteke kulturaren eraldaketa hau. Helburua ez da guk besteak aldatzea. Zerbait konpontzeko, beti bestea alda dadila nahi izaten dugu, baina ezinezkoa da ni neu ez naizen beste inor aldatzea. Alda dezakeguna da, gauzak begiratzeko modua, hori bai. Eta nahikoa da gure egunerokoa begi berriz begiratzea, ikusteko zenbat zaintza-lan ematen diren gure bizitzetan egunero; zenbat eragileren isileko lanari esker diren gure herriak gozagarriak eta hain oparoak. Tratu onen kulturan bizi gara, baina tratu txarrei begira.

Dena dela, zerbait berritzailea eta eraldatzailea denean, konfiantza handiko norbaitengandik ez badator, ez duzu zeure egiten. Konfiantza ez dagoen lekuan ez dago lekurik eraldaketarako. Konfiantzazko harremanak garatu behar ditugu, eta horri eman lehentasuna; espero dugu horrek hedatze-uhin batek bezala eragingo duela ingurunean. Herri-eragileekin lankidetzan, uste dut sor daitezkeela harri bat uretara botatzen duzunean sortzen diren moduko uhinak.