John Dewey. Esperientzia-eremuen sortzailea

2019-01-28

*Asier Huegun EHUko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia FAkultateko irakaslearen eskutik

Pedagogo sortzaileak izeneko monografikoa eguneratzen dihardu Hik Hasi egitasmo pedagogikoak, eta ikasturte honetan emango du argitara edizio berritua. Hainbat pedagogo liburuxkan txertatu aurretik, ordea, hik hasi aldizkarian argitaratuko du haien inguruko informazioa, pedagogiako zein psikologiako adituen eta arituen eskurik. John Deweyren inguruko ekarpen hauxe da zerrenda horretan bederatzigarrena.

 
 
John Dewey. Esperientzia-eremuen sortzailea

 

John Dewey (1859-1952) pedagogo eta filosofoaren ideiek eragin sakona izan zuten joan zen mendearen hasieran eta erdialdean, eta horietako batzuek gaurkotasun handia dute gaur egun. Hainbatek dioenez, aitzindaria izan zen pedagogiaren alorrean. Haren ekarpen nagusia esperientzia kontzeptuaren inguruan sortu zuen esparru teoriko zein praktikoa izan zen: eskolak esperientzia-eremuak sortu behar zituen uste sendoa zuen, ikaslearen ikaste-prozesuan arrastoa utz zezan.


Datu biografikoak

Dewey 1859ko urriaren 20an jaio zen, Burlingtonen (AEB). Proposamen pedagogiko oso bat osatu eta martxan jarri zuen, gerora pedagogiaren historian oihartzun eta eragin handia izan zuena. Hiru zutabetan oinarritzen zuen pedagogia ulertzeko modua: filosofian, politikan eta hezkuntzan. Izan ere, hiru jakintza-eremu horien arteko uztarketa da Deweyren ondarearen ezaugarri nagusia. Haren hitzetan, laborategi demokratikoa izan behar zuen eskolak, eta ikasle guztien beharrak asebete behar zituen. Esperientziak bizitzeko eremutzat jotzen zuen eskola, eta praktika zen ikasbiderik eraginkorrena. Hortik eratorria da haren esaldirik entzutetsuena: learning by doing, eginez ikastea, alegia.

Ingalaterra Berriko unibertsitatean ikasi zuen Filosofia. Handik bi urtera, Lincoln aukeratu zuten presidente, eta Sezesio Gerra hasi zen, 1865. urtera arte luzatu zena. Arrasto sakona utzi zuen gerrak haren bizitza osoan. Izan ere, haren aitak biltegi txiki bat zuen; baina, gerra hasi zenean, bertan behera utzi zuen negozioa, eta boluntario joan zen armadara. Pasarte hori oso garrantzitsua da Deweyren obra ulertzeko: biolentziaren, demokraziaren eta hezkuntzaren inguruan egin zituen gogoetek gerraren bizipenetan dute abiapuntua.

Filosofia gradua lortu ostean, Bigarren Hezkuntzako irakasle moduan jardun zuen. Haren ondotik, izena eman zuen berriro unibertsitatean, eta doktore-tesia irakurri zuen 1884. urtean. Orduan izan zuen lehen harremana Hegel filosofoarekin, hango hainbat irakasle Hegelen jarraitzaileak baitziren.

Handik, Midwestera jo zuen, eta irakasle moduan jarraitu zuen lanean. Hantxe bizi izan zen 20 urtez. Baserri giroko haurtzaroak, Sezesio Gerrak eta Hegelen obra ezagutzeak arrasto bizia utzi zioten. Gerora, instrumentalismo izenez ezagutu ziren haren ideiak antolatzeko orduan, eragin zuzena izan zuen Hegelek. Gainera, beste hainbat lagunen iturritik ere edan zuen Deweyk: Rousseau, Pestalozzi, Herbart, Fröbel, Darwin, Huxley, Comte eta Mead.

 

Bizipenak vs edukiak

Filosofo moduan, filosofia prakti-koaren onurak azpimarratzen zituen. Filosofia eguneroko bizitza ulertzeko baliagarria zela eta izan behar zuela sinesten zuen, eta ez zuen ulertzen ideia abstraktuen mailan geratu behar zuen diziplina gisa. Deweyren aburuz, bizitza etengabeko mugimenduan dago; zioen aldaketa zela bizitzaren oinarria, eta funtsezkotzat jotzen zuen horietara egokitzeko gaitasuna. Pentsamendu filosofikoaren muina jarduerak planifikatu eta balizko zailtasunak gainditzean datza, Deweyren ustez.

Pedagogia, hortaz, ideia filosofikoak gauzatzeko diziplinatzat zuen, eta garbi ikusten zuen bien arteko lotura. Horrenbestez, norbanakoaren gaitasunak garatzeko esperientzia-eremuak sortu behar zirela zioen Deweyk, eta ez horrenbeste eduki akademiko zein zientifiko hutsak. Esperientzia errealez osatutako eremu batean, eskolan, esate baterako, ikasleek aukera zuten euren zailtasunekin eta gaitasunekin topo egiteko eta haiek gainditzeko eta hobetzeko, eremu horretan parte hartuz. Hau da, praktikatik bertatik ikasteko aukera zuten, non ikasle bakoitzak bizitzen zuena eta esperimentatzen zuena izango zen ikaste-prozesuaren gidari. Deweyren ideiak, hortaz, akademizismo hutsean oinarritutako ikasbidearen aurkakoak ziren.

1896. urtean, Chicagoko Uniber-tsitateko Eskola Laborategia ireki zuen, unibertsitatearen laguntzarekin eta hainbat gurasorekin elkarlanean. Ikuspegi berritzailea zuen, eta, izenak zioen legez, laborategi moduan antolatu zuten: praktikari eta esperimentazioari oinarrizko lekua eskaintzen zion eskolak. Laster, Dewey Eskola izenarekin egin zen ezagun.

 

Esperientzia-eremuak

Deweyren aburuz, norbanakoaren esperientzia berrantolatzeko eta berreraikitzeko prozesua da heziketa. Horregatik, orduan tradizionalki garatuta zegoen eskolaren ikuspegia aldatzea zen haren sakoneko desira; hau da, gorputzean eta arrazoian, sentsazioetan eta ideietan, teorian eta praktikan edota ekintzan eta pen-tsamenduan zetzan ikuspegi dikotomiko hori guztia gainditzea. Izan ere, banaketa hori gertatzen zenean, aspergarri bihurtzen zen eskola, eta oso urrun geratzen zen ikasleen beharretatik. Akademikoegi bihurtzen zen. Hark argi zuen zer zen eskolaren muina: eskola eraikitzailea, esanahiez betetako esperientziaz osatutakoa, non jarduerak bi norabidetan zabalduko diren: jardueraren beraren ikuspegi sozialetik eta jarduera hori bera gauzatzeko testuinguruan dauden baliabideak (naturalak, besteak beste) aintzat hartzeko ikuspegitik. Hortaz, alderdi indibiduala eta soziala txanpon beraren bi aurpegi balira bezala ikusten zituen.

Hezkuntza-esperientzia kontzeptua da haren pentsamendu pedagogikoaren sintesia. Honela zioen Deweyk: “Esperientzia da norbanakoak bere ingurunearekin dituen erlazioen osotasuna”. Hortaz, ez da batez ere gertaera kognitibo bat, arrazoia esperientziaren parte den arren.

Dewey, ordea, hori garatzearen alde zegoen, harago joanez: ziurgabetasuna, akatsa eta arriskua. Egonkortasuna eta ziurtasuna lortzeko eskura dugun tresna da arrazionaltasuna, besterik ez; baina mundua ezin da erabat ordenatu nahierara.
Esperientziaren gaineko ikuspegi dinamikoa zuen hark; hau da, esperientzia izaki bizidun baten eta haren ingurune zein alderdi sozialaren arteko trukea da, eta ez ezagueren metatze hutsa. Esperientziak hainbat jarduera eta ekintza ditu. Horregatik, Deweyrentzat, hainbat barne-konexio ditu, eta hainbat prozesu biltzen ditu barnean: sentsazioak, sentimenduak, pentsamenduak… Horregatik, esperientzia eta pentsamendua elkarrekin lotuta doazen kontzeptuak direla zioen beti.

Haren ikuspegi epistemologikoaren arabera, norberaren mundu-ikuskera behin-behinekoa da, eta gizarte batean gertatzen diren mugimendu, jarduera eta ekintzekin dago lotuta. Ideia horretatik abiatuta, ezagutzaren ikuspegi klasiko eta estatikoa kritikatu zuen Deweyk.

Horregatik guztiagatik, hezkuntzan eta, zehazki, eskolan, bizkarra eman zion ikuspegi tradizionalari, eta esperientzian oinarritutako metodoa eta jarduteko modua sortu zituen. Azkeneko helburua justiziarekin lotuta zegoen; hau da, demokrazian gai izango ziren hiritarrak sortzea.

Deweyren ustez, eskolaren egitekoa zen ikasleei hainbat jarduera erreal proposatzea. Ikasleek benetako jarduerak egin behar zituzten, eta, irizpide batzuen arabera, ikasle horiek gai izango dira jarduera amaitu ostean gogoeten eta behaketaren bitartez emaitzaren eta erabilitako bidearen loturaren gaineko hausnarketa bideratzeko. Hau da, ez dago lehenik fenomeno, jarduera edo egoera baten erabateko ulermena; esperientzia bat biziz, horren gaineko ulermenera irits gaitezke, ordea. Horregatik, ikaste-prozesu batean alderdi arrazionala ez zela funtsezko osagaia zioen. Garrantzitsua bai, baina ez funtsezkoa.

Esperientziaren nolakotasunak kezkatzen zuen Dewey, eta, segur aski, horixe da gaur egungo hezkuntzari (formalari zein ez-formalari) egin dakiokeen ekarpenik sakonena, autore honen begiradapetik. Hezkun-tza-esperientziak eragina izan behar du hurrengo esperientzietan. Hortaz, esperientzia eta jarduera oro ez da hezkuntzazkoa; bi ezaugarri bete behar ditu bere baitan: iraunkortasuna eta interakzioa. Lehenengoarekin, Deweyk esan nahi zuen esperientziak markatua izan behar duela, norbanakoarengan arrastoa uzten duena; mugimendura (egitera, sortzera, zerbaiti irtenbidea ematera…) bultzatzen duen indarra da. Bigarrenarekin, esperientziak norbanakoarengan zerbait aldatu behar duela zioen. Esperientziak alderdi aktiboa du, eta, esperientzia garatu den testuinguruaren elementuetan, aldaketak gertatzen dira. Izan ere, barneko eta kanpoko faktoreen arteko interakzioa da esperientzia.

Irakaslearen funtzioa da esperientziak eta beharrak ezagutzea. Deweyren ustez, oinarrizkoa zen ikasle bakoitzaren beharrak eta indibidualtasuna zaintzea. Hortik abiatuta, kooperaziorako eremua prestatzen zuen, non taldeak berak kudeatzen zuen ibilbidea. Izan ere, ikuspegi akademizistak zalantzan jartzen zuen ikaslearen indibidualtasunaren errespetua. Bazterrean uzten zuen norbanakoaren originaltasuna.

Deweyren aburuz, komunitate enbrionarioa zen eskola, eta gizartea demokratikoago eta orekatuago bihurtuko zuen. Aldagai demokratiko behinena eskola zela zioen. Eskolak ez zuen bizitzarako prestatu behar; eskola bera zen bizitza.

 

Printzipio pedagogikoak

Hauek dira Deweyk proposatutako printzipio pedagogikoak:

  • Hezkuntza-printzipioak jardueretan oinarritutako ikaskuntzan oinarritzen ziren. Era askotariko jardueren bitartez, hain zuzen ere. Deweyk ez zituen curriculum-edukiak begi onez ikusten; alde batetik, ikuspegi arrazionala gailentzen zelako, eta, bestetik, irakaslearen autoritatearen erakusgarri zirelako. Sentitzen zuen garai hartako eskolak eskaintzen zuena ez zela nahikoa, eta ez zuela bermatzen demokrazian hazitako ikaslerik, demokraziaren gaineko esperientziarik ez zutelako bizitzen eskolan. Horren ondorioz, ezin zen gizarte demokratikorik eratu.
  • Are gehiago, argi adierazi zuen eskola ezin zela izan gerorako prestakuntza soila –lan merkaturako edo bizitzarako–, eta erabateko zentzua izan behar zuela ikasleentzat, une horretan bertan. Hortaz, esperientziek zentzuz beterikoak izan behar zuten, nola garapenean, hala gauzapenean ere.
  • Nolanahi ere, ganoragabeko dibertsioa eta xederik gabeko ikasleen entretenimendua zorrotz kritikatzen zituen, baita eskolaren norabide bakarreko orientazioa ere —ogibide baterako ikuspegia—. Izan ere, Dewey oso kritikoa izan zen gizarte industrialarekin; alegia, bere garaiko olatuaren aurka agertu zen, eta, aldi berean, oso urrun sentitzen zuen bere burua marxismotik. Lehenengoa pertsonen pasibotasuna bultzatzen zuelako gaitzesten zuen, eta, hain juxtu, uste zuen kontrakoa bultzatu beharko zuela demokraziak: jendartearen parte-hartzea, mugimendua eta aktibotasuna.
  • Sutsuki aldarrikatu zuen demokrazia ez dela soilik afera instituzional bat, elkarlanean eta elkarrekintzan osatutako eta eraikitako bizitzeko modu bat baizik, non pertsona ororen kooperazioa behar-beharrezkoa den. Horrek sekulako oinarria du, dimentsio demokratikoa eta dimentsio etikoa lotzen baititu, orpoz orpo. Hau da, pertsonek beren helburuak eta nahiak adieraz eta erdiets ditzakete, modu librean eta aukera-berdintasunean parte hartuz. Gaur egun bolo-bolo dabiltzan kontu horiek orain dela 100 urte baino gehiago aldarrikatu zituen hark.

 

Oinarri hezitzaileak

Horrek guztiak Deweyk heziketaz zuen ikuspegia ulertzera garamatza:

  • Amaitu gabeko prozesua da hezkuntza, eta eskolaldiko heziketa-prozesuaren oinarri-oinarrizko elementuak dira jarduera praktikoak.
  • Ikaskuntza-prozesua funtzio soziala da.  Hau da, helburu sozialak izan behar ditu. Esan nahi da hezkuntza, berez, politika egitea dela eta lotura duela ordena sozialarekin.
  • Deweyk bizitzeko modu gisa irudikatzen zuen demokrazia, eta ez gobernu modu gisa. Horregatik, demokrazia heziketaren bitartez baino ezin zitekeen lortu. Horren ondorioz, hezkuntza-sistemak demokratikoa izan behar zuen, Deweyren iritziz, eta, nola ez, ikasleek demokrazia-esperientzia errealak bizi behar zituzten eskolan, gizartea demokratikoa izan zedin.
  • Ikasle demokratikoak eta jendartearekin kritikoak izango zirenak sortzeko metodo zientifikoan sinesten zuen Deweyk. Praktika pedagogikoa esperientzian, antolaketan eta prozesu zientifikoan oinarritzen zen. Hau da, jendartearen gaiak edota kezkak ikuspegi zientifikoz blaitzeko beharra sumatzen zuen.
  • Komunitate demokratikoan bizitzeko eskolaren prestakuntza-programak bi zutabe zituen:
  1. Bizitzaren esperientzia sozial errealak eta eredugarriak sortzeko eremua da eskola.
  2. Prestakuntza demokratikoak, nahitaez, ikasleek hainbat egoerari aurre egin behar izatea eskatzen du; zailtasunak agertuko dira hor, eta soluziobiderako gaitasunak modu kolektiboan zein indibidualean garatu beharko dituzte.

 

Proposamen metodologikoa

Proposamen metodologikoak bost urrats ditu, hurrenkera honetan:

  1. Ikaslearen esperientzia erreala eta egunerokoa aintzat hartzea, eta handik abiatzea ikaste-prozesua.
  2. Esperientzia horretatik sortzen den zailtasuna edo arazoa identifikatzea.
  3. Balizko soluziobideen bilaketa. Informazioa eskuratu, datuak bildu eta estrategiak proposatzea.
  4. Irtenbiderako hipotesiak formulatzea.
  5. Ekintza praktikoaren bitartez hipotesiak egiaztatzea.

Hori guztia gauzatzeko, mugarri izan zen Eskola Laborategia. Izen hori jarri zion bere ideia pedagogikoak gauzatzeko esperientziari. Izena ez da hutsala, noski, esperientziak sortzeko eremu gisa egituratu baitzuen eskola. Han, Deweyk bere ekarpen metodologiko, filosofiko eta pedagogikoak batu, eta praktikan jarri zituen. Urteetan landutako eta ondutako uste teorikoak zein bide praktikoak sistematizatu, eta hipotesiak praktikan jarri zituen. Horrekin batera, aukera izan zuen eskolan izan zitezkeen zailtasun didaktikoak, metodoen ahulguneak eta indarguneak etengabe aztertzeko eta ikertzeko. 1896. urtean hasi zen martxan, 16 ikaslerekin eta bi irakaslerekin.

Eskola Laborategian, okupazioetan oinarritutako curriculuma sortzea eta egituratzea posible zela erakutsi zuen. Okupazio horiek jarduera funtzionalak ziren, haren ustez; hots, ikaslearen inguru hurbilarekin lotutakoak, praktikoak, errealak eta ikaslearen alderdi fisikoa, intelektuala, estetikoa eta morala prestatzeko gai zirenak. Okupazio horiek praktika errealak sortzen zituzten, eta ikaste-prozesu oso bat egituratzen zuten. Egur-lanak, elikadurarekin lotutako jarduerak, arroparekin eta ostatuarekin lotutakoak… eskola antolatzeko gune bilakatu ziren. Gai horiekin lotutako alderdi praktikoak zein teorikoak ziren ikasi beharreko gaiak. Esate baterako, egur-lanetatik abiatuta, Deweyk aritmetika, botanika, historia, kimika, fisika, zoologia, geografia, mineralogia eta geografia lantzea eta ikastea proposatzen zuen. Hau da, jarduera praktikoak zeuden ikaste-prozesuaren erdigunean, eta horiek ematen zioten zentzua eskolari. Horretaz gain, askotariko eskola-ekipamenduetarako materialak sortzen zituzten, eskolako espazioen diseinuan parte hartuz.

Dewey oso zorrotza zen lanbide horietan oinarrituta erabat praktikoa izango zen curriculum bat diseina-tzeko, planifikatzeko eta garatzeko orduan. Garapenak bi hilabete irauten zuen gutxienez. Haren argitalpenetan, zorroztasun praktiko hori agertzen da.
Ekarpen ugari utzi zizkigun Deweyk, beraz. Laburbilduz:

  • Progresismo pedagogikoa. Aitzindaria izan zen. Komeni da gaur egungo proiektuetan oinarritutako ikaskuntzako metodologia aktiboek aintzat hartzea aztertu dugun pedagogoak sortutako ideiak eta gogoetak. Proiektu bat hezkuntza-esperientzia bat sortzeko egiten bada, besteak beste, horien ezaugarriak fin-fin deskribatu zituen hark.
  • Indibidualtasunaren errespetua taldearen barruan.
  • Teoriaren eta praktikaren ezinbesteko lotura. Ikerkuntza-ekintza binomioa eta ildoa praktikan jarri zituen zorrotz, gerora beste hainbat autorek garatu dutena (Lewin, Elliot) eta hezitzaileen prestakuntza-prozesuetan erabilitakoa.
  • Ezagutza praktikoaren eta esperientziaren estatusa goratzea. Gerora gogoeta erreflexiboa deitu zaionak (Schön) hortxe ditu bere kimuak.  Hainbat alorretan, ideia hori da abiapuntua: hizkuntzen irakaskun-tzaren metodologia komunikatiboa (Krashen), praktiketan oinarritutako ikaskuntza… Ideia horretatik gehiago edan behar du gaur egungo eskolak.
  • Demokraziaren eta parte-hartzearen ikuspegi zorrotza. Eskolak demokrazia praktika-tzeko gunetzat zituen. Ideia hori zabaldu eta garatu duena Tonucci izan da.

 

Albiste gehiago