Familian gozatzeko kultur proposamenak Jon Maya Sein dantzariaren eskutik

2019-02-21

Seme-alabak lokartzetik nator. Etxean naizen gauero bezala NURen abenturen kapitulu bat irakurriz amaitu dugu eguna. Herensugearen tenplua–rekin ari gara azken egunetan. Orain arte argitaratutako guztiak irakurri ditugu, eta txikiak Durangoko Azoka noiz iritsi zain daude irrikitan. Etxeko bosten arteko tratua da, Durangoko Azokara joaten garenean etxeko bakoitzak disko bat eta liburu bat aukeratzea etxeko besteekin partekatzeko.

 
 
Familian gozatzeko kultur proposamenak Jon Maya Sein dantzariaren eskutik

 

Eta hiru seme-alabetan zaharrenak, Mairik, oso garbi du. Toti Martinez de Lezeak NUR berria argitaratu duela ikusi du liburudendako erakuslehioan. Aukeraketa egina du jada. Zazpi urte ditu; orain ari da irakurtzen ikasten, baina bere irakurketaz gain, gustuko du NURen abenturak entzutea. Eta bi txikiak ere, nola ez, zaharrenari jarraiki adi-adi izaten dira. Hiru eta bost urte dituzte Aidek eta Xalbatek. Elmer, Burgui, Pirritx eta Porrotx… dituzte etxeko apalategietako kuttunen beraiek.

Baina liburutegiko Bularretik mintzora txokoan maileguan hartutakoei ere etekin ederra ematen diete. Zorionez, haur literaturan emaitza dotoreak jasotzen ditugu. Pilota horiaren bidea jarraitzeko gonbitea egiten diguna, Alizia… Ugari eta edizio dotoreak. Familia irakurzaletzeko aukera paregabeak ditugu gure liburutegi, liburudenda eta azoketan. Eta familian aukeraketa egin eta irakurtzea bezalako esperientzia bezalakorik gutxi dago.

Esperientziaz ari garela, irakurketa amaitu eta egongelara noala beti Pello Añorga dut gogoan. Aita izan berritan bere hitzaldi batera joan nintzen nire herriko, Errenteriako, Haur Liburutegian. Irakurtzeko testuinguruak sustatzeaz jardun zuen batik bat. Giro goxoa nola sortu, nola eraiki espazioa… Eta testuinguruen sortze hori eta esperientziak eskaini eta bizitzea zein garrantzitsua den buruan dut beti.

Familian, oro har, haurrekin zein helduen artean, zein garrantzitsua den ilusio bat piztea. Gertaera bat imajinatzea, berau arrakastatsua izateko baldintzak prestatzea eta gero ekintza bera. Ilusioa eta maitasuna darien detaile horiekin. Zein goxoa den ekintza baldintza egokiak sortzen direnean; zenbat gozatzen den ekintzaz prestaketaz ere gozatzen denean.

Eta ekintza izan daiteke irakurtzea, musika entzutea, dantzatzea, kantatzea, sukaldatzea, jolastea, bidaia-tzea… Zein garrantzitsua elkarbizitzarako eta etorkizunerako esperientziak bizitzea, goxotasunez eraikitako uneak dastatzea. Aholku bat eman beharko banu, hori litzateke beti nire aholkua. Esperientziak bizitzea, biziaraztea, eta ahalik eta anitzenak izatea. Begiak zabalik izatea, abaniko handi bat eraikitzea, gure errealitateak eskaintzen dituen aukera guztietaz jabetzea eta gure txikiei imajinarioak zabaltzea.

Ekitaldien gizarte honetan, egun seinalatuetan beti gaude guztiak. Eta, gustatu ala ez, mugarri dira gorriz jarritako ekintza horiek. Famili egutegiko data ofizialak; denak joan eta zuk ere joan behar duzun hori. Egun horietako energia baliatu eta urte osora naturaltasunez hedatzea da erronka. Dela zineman, dela antzokian, dela kalean… Emanaldi batera joatea, liburu bat irakurtzea… ez dadila albiste izan. Janariz elikatu eta arropaz janzten garen bezala elikatu eta jantzi gaitezen literaturaz, dantzaz, kantuaz, antzerkiaz, arteaz….

Jarduten naizen eremuan jarduten naizelako, arte-biziak, zuzeneko arte adierazpideak, aipatzea ateratzen zait lehenengo. Familiari bideratutako antzerki zein dantza (hau gutxiago tamalez) emanaldi ugari ditugu gure inguruko antzoki eta kultur etxeetan. Familientzako saioak, ia astero. Denontzat ezagunak diren Ene Kantak, Pirritx, Porrotx eta Marimotots, noski, jarraitzen ditugu eta euren lan eskerga zoriontzekoa eta eskertzekoa iruditzen zait, zalantzarik gabe. Nola ez, Go!azen, balio eta edukietan eredugarri izan ez arren, hizkuntza eta kontsumo ohiturak sustatzeko eredu bat eskaintzen eta baliatzeko aukera on bat ematen diguna.

Baina haiekin batera aldarrikatu nahiko nituzke arte eszenikoetarako konpainien sorkuntzak. Borobil, Markeliñe, Marie de Jongh, Krego Danza, Tanttaka… Euskal konpainiek lan oso interesgarriak sortu dituzte azken urteetan, eredugarriak eta eredu sortzaileak; eta kanpotik gure antzokietara datozen proposamen asko oso gomendagarriak dira: Eia Zirkoa, Arena en los bolsillos... Lan politak, salneurri merkeak… Oso eskuragarri ditugu. Eta zein garrantzitsua den antzokira joateko ariketatxo hori. Aurretik historian kokatu, ikuskizunak eskaintzen digun imajinarioarekin bidaiatu, ondorengo solasalditxoa… Zenbat ate irekitzen dizkigun ariketatxo horrek, orainerako zein etorkizunerako. Familia ikuskizunak arte-bizien unibertso zabalerako lehio txiki bezain ikaragarriak dira.

Emanaldi bat gehiago ala gutxiago gustatu ahal zaigu. Baina emanaldi batean uneko gustagarritasuna baino sakonagoa den jarrera bat ere badago. Bertara joan, ikusi eta haren inguruan solasteak umeengan eta familiarengan jarrera bat pizten ari da: entzumena, errespetuz eta arretaz egoteko modu bat, izpiritu kritikoa, sormenerako bokazioa, amestu eta bidaiatzeko aukerak piztea...

Ikusle/entzule izan ohi gara normalean jardueretan, hartzaile izatera bideratzen gara sarritan. Urrats gehiago eman eta hartzailea jokulari bihurtzea da nire gomendio nagusia. Etxean bertan irakurtzen, kanta-tzen, dantzatzen, esku-lanetan…. Denak gara jokulari, sortzaile eta artista. Eta etxetik kanpo ere, gero eta ohikoagoak dira familiaren parte hartzera bideratutako ekimenak.

Buruan ditut Errenterian Kukai Dantzak eta Udalak, eta Donostian Victoria Eugenia antzokiak, antolatzen dituzten Dantza Familian saioak, museoetan egon ohi diren tailerrak (San Telmo Museoan, Bilboko Guggenheim eta Arte Ederretan…), musika emanaldi pedagogikoak auditorio handietan, jaialdietan, orkestren egoitzatan, auzoetako sormen guneak… Hamaika aukera daude nonahi eta lengoaia artistiko ezberdinetatik bideratuta.

Haiekin denak gara jokulari, denak gara artista, sortzaile eta bidaiari. Eta bidaiari orok duen motxila opariz beteko zaigu, bizitzako bidaian oso erabilgarri izango zaizkigun opariak.

 

Albiste gehiago