Rocio Garcia Carrión: “Zientifikoki probatuta dagoen pedagogia bat erabiltzen ari garela esaten diegu familiei, benetan horrela ez denean”

2019-04-11

Nazioarteko puntako unibertsitateetan —besteak beste, Harvarden eta Cambridgen— ibiltzen da Rocio Garcia Carrion, eskolak ematen ez ezik, hezkuntzaren arloko ikerkuntza zientifikoetan parte hartzen. Bere aztergaien artean daude ikaskuntza dialogikoa eta interaktiboa, inklusioa, familien nahiz komunitatearen parte-hartzea, edota gizarte bazterketa. Ozen defendatzen du hezkuntzak ere, medikuntzak edota beste zientzia batzuek egiten duten bezala, ebidentzia zientifikoetan oinarritu behar duela bere jarduna. Ezin dela edozein esperimentu egin eskolan, eta emaitzak nolakoak izango diren aurrez jakin gabe ezin dela umeekin orain hau eta gero hura probatu: “Demagun hori medikuntzaren arloan gertatzen dela. Ez genuke onartuko, ezta? Bada, guk ere ezin dugu pertsonen bizitzekin jolasean jarraitu, medikuen eskuetan bezalaxe, gure eskuetan ere bai baitaude haien bizitzak”.

 
 
Rocio Garcia Carrión: “Zientifikoki probatuta dagoen pedagogia bat erabiltzen ari garela esaten diegu familiei, benetan horrela ez denean”

 

Eskolak sekulako ahalmena dauka bai ikasleen garapenerako eta baita gizartearen eraldaketarako ere. Ikerketek eta nazioarteko komunitate zientifikoak hori erakutsi dute. Baina, benetan konturatzen ote gara eskolaren potentzial horretaz? Edo, kontrara, ikasleen garapena familiaren eta haren ingurunearen gain soilik dagoela uste dugu?

Demostratuta dago hainbat haur eta gazterentzat eskola dela aurrera egiteko bide bakarra. Baina, orain dela hainbat urtetatik, zehazki, 1966. urtean AEBetan Coleman txostena argitaratu ondotik, zenbait ingurunetatik saiatu dira erakusten familiaren ikasketa-mailak edo maila sozioekonomikoak harreman zuzena duela ikasleek lortzen dituzten emaitzekin. Familiak eta inguruneak eragina dutela? Noski dutela eragina. Orain, eragin hori erabakigarria da? Ez. Eta hori demostratuta dago ikerketekin. Hemen asko esan izan da hezkuntza mailan dagoen amildegia betikotu egiten dela gurasoengandik seme-alabetara, belaunaldi batzuetatik besteetara. Baina, baieztapen horrek ez dauka inolako oinarri zientifikorik. Zergatik diogu hau? Nazioarteko komunitate zientifikoak kontrakoa erakutsi duelako: Espainiako, Europako, Euskal Herriko, Latinoamerikako... eskola konkretuetan ikusi da, zailtasun handiko familietako haurren kasuan eskolak sekulako diferentzia markatu duela, eta benetan eraldaketarako motorra izan dela.

Familiaren egoera sozioekonomikoak haurren etorkizuna baldin-tzatzen duela esanez aritzeak eta batean eta bestean mezu hori zabaltzeak —demostratuta dagoenean ez dela horrela— eskola desmobilizatu egiten du. 1973an Harvard Unibertsitateko ikerlari afroamerikarrek probatuta utzi zuten Coleman informeak zioena ez zela zuzena. Eskolak izaera eraldatzailea du, eta hori horrela dela erakusten duten hamaika adierazle daude. Egoerarik okerrenetan ikasle guztiek emaitza onak lortzea eta aurrera egitea posible da; ez soilik emaitza akademiko bikainak erdietsiz, baita solidaritate, elkartasun, konpromiso... balioetan ere arrakasta lortuz.

Ikasle guztiei —aniztasunaren abaniko osoa kontuan hartuz— kalitatezko heziketa ematea posible dela defendatzen duzue zuek, eta argudio zientifikoak erabiltzen dituzue horretarako. Nola lortzen da gela batean dauden ikasle guztiei kalitatezko hezkuntza ematea eta ikasle guztiek emaitza akademiko onak lortzea?

Hezkuntza arloan egin diren ikerketen arabera, orain arte dakigunez, gakoa da hezkuntzan “arrakastarako hezkuntza ekinbide” gisara definitu diren ekintzak aplikatzea ikasle taldearekin. Jardunbide horien arabera lan egiten duten eskolei ikaskuntza komunitate deitu ohi zaie. Horrek esan nahi du gela bat antolatzerako orduan ikaskuntzaren dimentsio guztietan goreneko kalitatea bermatzen duen hura egitea. Bereziki bi dimentsio hartzen dira kontuan: batetik, ikaskuntzaren dimentsio kognitiboa; eta, bestetik, dimentsio soziala edo emozionala.

Hortaz, posible da ikasle guztiei kalitatezko heziketa eskaintzea? Bai, posible da. Baldin eta ebidentzia zientifikoetan oinarrituta dauden arrakastarako ekinbide horiek zorroztasunez aplikatzen baditugu.

Adibide kontreturik jar dezakezu?

Adibidez, badakigu pertsonok interakzioaren eta elkarrizketaren bidez ikasten dugula. Hori da gure pentsamenduaren eta garapen intelektualaren —kognitiboa nahiz soziala— oinarria. Beraz, eskolan kalitate goreneko interakzioetan oinarritzen diren espazioak sortu behar ditugu, maila intelektual altuko guneak, pentsaraziko digutenak, estimulu aberatsez beteak, ideia eta kontzeptu berriz hornituak...

Hortaz, talde interaktibo bidez gela antolatzea da arrakastarako ekinbide bat. Eta, badakigu, organizatzeko modu horrekin, eskola jakin bateko ikasleen % 95 familia pobreetakoak izanik ere, matematiketan esaterako, aldameneko beste ikastetxe bateko klase ertainetako ikasleek baino emaitza hobeak lortu dituztela, eta gelako batez bestekoa arlo berean, lurralde horretako batez bestekoaren oso gainetik dagoela.

Beraz, gakoa organizazioan dago? Ikasleak talde interaktiboetan antolatuta jardutean?

Jarri dudan adibide hori jardunbide konkretu bat litzateke. Eskolako markora etorrita, gakoa da kalitate goreneko interakzio mota denak erabiliz antolatzea eskola, maila intelektual akademiko altua eskaintzea, eta babes sozial eta emozionala txertatzea eskolan. Ikasgela talde elkarreragileen bidez antolatzen badugu, tertulia literarioak egiten baditugu, familiak inplikatzen baditugu, gatazkak modu dialogikoan konpontzeko bideak ezartzen baditugu, komunitateari parte-hartzeko bideak irekitzen badizkiogu, irakasleok ebidentzia zientifikoetan oinarritzen bagara... horrek guztiak arrakastarako bidea irekitzen du; izan ere, horiek dira gutxi-asko komunitate zientifikoak zehaztutako arrakastarako jardunbideak. Eta, ondo erreparatzen badiegu, konturatuko gara, finean, komunitate guztia barne hartzen duten kalitatezko interakzioez ari garela hizketan.

Kalitatezko interakzioak aipatzen dituzu behin eta berriz. Nola lortzen da hori? Zein pauta jarrai ditzakete irakasleek horretarako? Izan ere, eskola askotan aritzen dira ikasleak taldeka lanean, modu kooperatiboan, proiektuak egiten...

Bai, baina hori gauza bat da eta talde interaktiboetan antolatuta lan egitea beste bat. Kalitatezko interakzioak modu askotara lor daitezke. Ahozko interakzioa dago batetik, alegia, zer esaten dugun; eta, bestetik, ahozkoa ez den interakzioa, hau da, esaten dugun hori nola esaten dugun.

Era berean, badakigu goi mailako ahozko interakzio horiek infantilizaziorik gabeko hizkuntza erabiltzea eskatzen dutela, baita gogoeta eragiteko moduko hizkuntza konplexua erabiltzea ere, edota ikasleei euren iritzia azaltzeko, hitz egiteko, argumentatzeko, arrazoitzeko, azalpenak emateko, adostasuna zein desadostasuna adierazteko... aukera emango dieten galderak egitea.

Goi mailako interakzio horiek oso garrantzitsuak dira, horrela soilik sustatu daitekeelako goi mailako pentsamendua, alegia, horixe delako bidea ikasleak hausnartzeko gaitasuna eta ikuspegi kritikoa gara ditzan.

Baina horrekin bakarrik ez da nahikoa.

Ez. Goi mailako hizkuntza erabiltzearekin batera, elkarrizketa berdinzalea erabili behar da. Berdintasunezko interakzioez ari gara, eta hori, berdinetik berdinera, ikasleak elkarrizketaren parte eginaz sustatzen da. Horretarako, benetan, ikasleei hitza eman behar zaie, euren argumentuak ere kontuan hartu behar dira, eta balioan jarri irakasleon jakintza “gorenaz” gaindi, ikasle bakoitzak dakarren ezagutza.

Baina haruntzago ere joan naiteke. Nola? Interakzio horietan ikasleen bizitzan garrantzia duten helduak barne hartuz. Hartara, posible izango da berdintasun klima batean, errespetua, solidaritatea, hitza hartzeko txanda, berdintasunezko parte-hartzea... bultzatzea. Izan ere, familietako nahiz komunitateko helduen parte-hartzeak posible egiten du elkarbizitza on bat eraikitzea, eta elkarbizitza osasuntsu hori izango da gero eraldaketa sozialerako motorra.

Kalitatezko interakzioak edukitzeaz gain, ikasleek aurrera egin dezaten eta emaitza arrakastatsuak izan ditzaten, erronkak ipintzeaz edota errealitate konplexuen aurrean jar-tzeaz ere mintzo zara. Azal dezakezu ideia hori?

Courtney Cazden Harvard Unibertsitateko irakasle emeritua da, Jerome Bruner XXI. mendeko psikologiaren aitarekin lan egindakoa, eta badu esaldi oso sonatu bat: “Salto egiten ikasteko irakaslerik onena traba on bat da”. Pertsonok ikasteko dugun moduari buruz zer dakigu? Bada, ikasle bat ataza batean inplika dadin, ikasteko motibazioa areagotu dezan, eta zerbait berria deskubritzeko gogoa piz dakion beharrezkoa da maila goreneko erronka kognitibo bat edukitzea.

Irakasleok urtetan nahastuta ibili gara, esan izan zaigulako ikasleak dagoeneko dakien horretatik abiatuta, hau da, aurrezagutzatik hasita ikasten duela. Alegia, esan izan zaigu ikaslearen mailara egokitu behar dugula ume horrek aurrera egin dezan. Uste horrekin lan egiteak esan nahiko du nik ikasleari ezarriko diodan erronka ikasleak dagoeneko dakien horretatik oso gertu egongo dela. Baina ikuspegi horrek ez du Lev Vigotskiren ekarpena ezertarako ere kontuan hartzen. Hark erakutsi baitzuen umeak dakien horretara bideratzen den ikaskuntza ez dela eraginkorra haurraren garapenerako. Zergatik? Bada, haurrari ez diolako ezelango erronkarik jartzen aurrera egin dezan eta dagoeneko dakien horretatik haratago irits dadin.

Haurrari jartzen diozun erronka altuegia bada, umeak pentsa dezake ez dela gai horretarako eta atzera egin dezake. Baina erronka on bat jartzen bazaio, eta aldamenean hori lortzeko bidean lagun egingo dioten pertsonak baditu, aurrera egingo du. Ikaskuntza komunitateetan gelak antolatzeko erabiltzen diren talde interaktibo horietan erronkak maila kognitibo altukoak izaten dira ikasle guztientzat, eta, interakzio egoki baten bitartez, guztiek aurrera egitea lortzen da.

Ikaslearen aurreezagutzei eta dakien horretatik abiatzeari garrantzia ematen jarraitzen dugu hemen. Erratuta gaude? Nondik dator uste oker hori?

90eko urteetan, LOGSEren erreformarekin Espainian ospetsu egin zen ikaskuntza-kontzeptu batek eragin zuen nahastea: David Ausubelen ikaskuntza esanguratsuaren eta konstruktibismoaren ikuspegiak, hain zuzen. 68an Educational Psychology: A Cognitive View publikatu zuen Ausubelek, eta hitz gutxitan esanda tesi nagusia zera zen: “Ezagutu dezagun umeak zer dakien, eta erakuts diezaiogun dakien horren arabera”. Vigotski ingelesera itzuli baino urte gutxi batzuk lehenago publikatu zen liburu hori eta irakasle asko norbanakoaren ikuspegi kognitibista horretan zentratu zen. Haur bakoitzak barruan duen hori garrantzitsua da. Baina Ausubelen ikuspegiak ez zion lekurik egin ikaskuntzaren ikuspegi soziokulturalari. Ikuspegi soziokulturalak dio gaur egungo gizartean dena dagoela interkonektatuta, beste pertsona batzuekin harremanean bizi garela, eta kulturak eragin izugarria duela pertsonongan.  

Beste herrialdeetan ere horrelako eragina izan al du Ausubelen konstruktibismoaren gaineko ikuspegiak?

Hemen bezainbeste ez. Hezkuntzaren arloan mundu mailan puntako diren bi unibertsitate ezagutzen ditut nik —Harvard eta Cambridge— eta horietan ez da Ausubel irakasten; bai, ordea, haren teoriak kritikatzen dituzten autoreak.

Jean Piageti jarraiki uste izan da ume bakoitzak bere garapen mailaren arabera egiten duela aurrera, alegia, maila jakin batera iristen denean prest dagoela ikaskuntza zehatz batzuetarako. Baina, Piageten teoria horiek orain dela urte asko ezeztatu zituen Vigotskik, eta geroago baita Harvard Unibertsitateko Child Developing Center-en egindako ikerketek ere. Erakutsi baita 3-4 urteko ume denek ez dituztela zehatz-mehatz Piagetek markatutako etapa horiek betetzen. Zergatik? Garapena ez dagoelako umearen eboluzio naturalaren mende soilik, baizik eta baita testuinguruaren mende ere. Leku jakin bateko hiru urteko umeek eta beste leku jakin batekoek ez daukate zerikusirik, haien harremana eta interakzioak ere oso diferenteak direlako.

Baina, ezin ukatuko dugu haurrek berezko jakin-mina dutenik?

Ez. Baina zeren araberakoa da jakinmin hori? Bada, inguruak eskaintzen dizkion estimuluen araberakoa. Pobretutako ingurune batek ez dio haurrari bere potentzial guztia garatzen uzten. Ingurune aberats batek, aldiz, bai.

Ingurune aberatsa pertsonetan, interakzioetan eta erronketan. Kontua da gu Ausubelen ikaskuntzaren ikuspegi konstruktibistan geratu ginela katigatuta, Vigotskiri kasurik egin gabe. Vigotskik argi esan zuen umeak dagoeneko egiten dakien horretan begirada jarri beharrean, ume hori egitera edo lortzera irits daitekeen horri erreparatu behar diogula.  

Aipatu dituzun “arrakastarako jardunbide” horiek funtzionatzen dutela probatuta badago, zergatik ez dira eskola guztietara zabaltzen?

Ikerlari eta Unibertsitateko irakasle gisara gure egitekoa da ezagutza zientifikoan aurrera egitea gizarte osoaren onerako, eta gure konpromiso etikoa da gure ikerketetatik ateratzen dugun ezagutza herritarren eskura jartzea. Guk jakintza hori edonoren eskura jartzen badugu, akaso, norbait proiektu pedagogiko zehatz bat, eskola jakin bat, edo material batzuk saldu nahian datorkigunean zera galdetu ahalko diogu: “Zuk proposatzen diguzun horrek ebidentzia zientifikorik ba al dauka? Zenbat lekutan probatu da? Zenbat umerekin? Eta zein ondorio izan ditu?”. Galdera horiek soilik eginda, ez ginateke edozerekin konformatuko.

Eskola askori entzuten zaio ikaskuntza komunitatea dela, baina gero benetan...

Bai hala da, eta horrek lanean ondo ari direnei egiten die kalte. Ramon Flechak askotan esplikatzen du hori adibide konkretu batekin: “Penizilina” idatzita jartzen duen pote bat har dezakezu, baina barruan penizilinarik ez badago, horrek ez dizu infek-zioa sendatuko. Beraz, eskola batek “ikaskuntza komunitate” etiketa jarri arren bere buruari, horrek ez du esan nahi emaitza on horiek lortuko dituenik, baldin eta ikaskuntza komunitate izateko praktikan jarri beharreko jardunbideak zorroztasunez aplikatzen ez baditu.

Zer egin dute errendimendu akademikoan emaitzak hobetu dituzten eskola guztiek? Eta aldi berean elkarbizitzan ere hobera egin dutenek kalitatezko harremanak eraikiz? Talde interaktiboetan lan egin dute, tertulia literario dialogikoak egin dituzte, komunitateak hezkuntzan parte-hartzea bermatu dute... Eta egin duten hori modu jakin batean egin dute: goi mailako interakzioekin, berdintasunezko elkarrizketaren bidez, solidaritatearen dimetsioa erdigunean jarriz... eta horrek guztiak emaitzak eman ditu.
Modu zehatz horretan lan egiten ez badugu, familiak eta haurrak engainatzen ari gara: zientifikoki probratuta dagoen tratamendu bat aplikatzen ari garela esaten diegu, benetan horrela ez denean. Demagun hori medikuntzaren arloan gertatzen dela, ez genuke onartuko, ezta? Bada, guk ere ezin dugu pertsonen bizitzekin jolasean jarraitu, medikuen eskuetan bezalaxe, gure eskuetan ere bai baitaude haien bizitzak.

Arrakastarako jardunbide bat komunitatearen parte-hartzea eta familien inplikazioa dela aipatu duzu. Nola lortzen da hori?

Parte-hartzeari dagokionez, ideia bat oso kontuan izatea komeni da. Pertsonok zerbaitetan parte hartzen dugu eta inplikatu egiten gara parte-hartze horrek norbaitentzat onura dakarrela ikusten dugunean: norberarentzat izan daiteke onuragarria parte-hartze hori edota beste norbaitentzat. Aldiz, ezertara ez garamatzan zerbaitetan parte hartzeak desmobilizatu egiten gaitu. Beraz, hasteko, familien parte-hartzea arrakastatsua izan dadin, eskola komunitateko erabakietan parte hartzeko aukera izan behar dute.

Bestalde, ikaskuntza komunitateetan, familiek eta komunitateko beste kideek geletan bertan parte har dezakete boluntario gisara, eta euren seme-alabekin edo auzoko neska-mutikoekin lan egin. Horrek eragin izugarri positiboa du ikasleengan, ebidentziek erakutsi duten eran.

Bestalde, familiek eskolan bertan, eurek erabakitzen duten horretan formatzeko aukera dute, eta horrek ere onura handiak dakarzkie bai gurasoei eurei, prestatuago, motibatuago, ahaldunduago eta alaiago daudelako, eta baita euren seme-alabei ere, gurasoak ikasten ikusteak haiek ere horretara bultzatzen dituelako.

Honen guztiaren atzean mezu argi bat dago: zailtasunak aukera bilakatzea. Eta kexaren kulturatik transformazioaren eta ahal izatearen kulturara pasatzea.

Adibide bat jar dezakezu?

14 urteko seme autista bat duen ijito-ama baten adibidea jarriko dut. Esandako jardunbideekin ama horrek ikusi zuen zailtasun guztiak gainean izan arren, bere semea aurrera atera zitekeela. Zazpi urte zituenean hasi zen gelara joaten semearekin. Laguntzako irakaslerik ez zegoenean bera egoten zen semearekin gelan. Batetik, konturatu zen bera gelan zegoenean, semea beste modu batean egoten zela; eta, bestetik, jabetu zen bere semearen gelakideen gurasoek ez bezala, berak ez zekiela irakurtzen eta idazten eta formatu beharra zeukala.

Haur horrek Lehen Hezkuntza ondo amaitu du eta Bigarren Hezkuntza egiten ari da orain. Gainera, ahal duenean boluntario gisara parte hartzen du haur gazteagoekin gelan. Amak, berriz, eskola-graduatua atera zuen eta orain desgaitasunak dituzten umeen zaintzaile izateko ari da bere burua formatzen.

Horrelako transformazioak ez dira soilik maila sozioekonomiko baxuko familiekin gertatzen, baita ekonomikoki oso posizio altua duten familiekin ere. Esan bezala, ikaskuntza komunitateetan jarduteko moduak ikasle eta familia guztientzat balio duelako.

Deskribatu dituzun arrakastarako jardunbide horiek martxan jartzeko, irakasleen formazioa ezinbestekoa izango da, ezta?

Zein da irakaskuntzako praktika aldatzeko eta hobetzeko formaziorik onena? Begira dezagun zer dioten ebidentzia zientifikoek. Formazioaren kasuan ere horretara jotzen dugu, bai baitakigu hitzaldi batera joateak askotan ez duela ezertarako balio. Irakasleon praktika aldatzea asko kostatzen da: usteek eta sinesteek duten pisuarengatik, aurrez izandako esperientziengatik, erresistentziengatik... oso-oso konplexua da dena. Eta ondorioz, ez da egun batetik bestera alda daitekeen zerbait.

Hortaz, nolakoa izan behar luke formazio horrek? Batetik, esan bezala, ebidentzia zientifikoetan zentratua izan behar du formazio horrek, esperientzia errealetan oinarritua eta hezkuntzako aldizkarietako goi-mailako artikuluetan argitaratua; bestetik, berriz, horren guztiaren inguruko hausnarketa dialogikoa egin behar dute irakasleek.

Inportantea da irakasleek iturri originaletara jotzea eta pedagogoek eurek idatzitakoa lehen eskutik irakurtzea, eta, gero, horren inguruan hausnartzea. Formatzeko modu hori benetan transformatzailea ari da izatean, irakasle horiek egunero gelan daudelako ikasleekin eta han aukera dutelako euren praktika transformatzeko eta formatu diren teoria horien inguruko balioa egiaztatzeko.