Miren Amuriza: “Egunero ematen dut buelta bat haurtzarotik eta itzultzen naiz”

2019-05-15

Bertsoaren bat-batekoan zein paper zuri baten aurrean hitza du lanabes nagusia miren amurizak. Batean zein bestean, sormen lana egosten den eremuan antzekotasunak badirela aipatzen du, baina baita berezitasunak ere. Idazle gisa, haur literaturan aritu da batik bat. Txikienei zuzendutako erregistro horretan eroso sentitzen dela dio.

 
 
Miren Amuriza: “Egunero ematen dut  buelta bat haurtzarotik eta itzultzen naiz”

 

Bertsolaria eta idazlea da Miren Amuriza Plaza (Berriz, 1990), nahiz eta idazle gisa oraindik bere burua ibilbide baten hasieran kokatzen duen. Txikitatik hasi zen bertsoaren magiarekin jolasean eta bere ibilbidean zehar hamaika plaza eta txapelke-
tatan aritu izan da. Baina bertsoa ez da Amuriza harrapatuta daukan magia bakarra. Idaztea oso gustuko izan du txikitatik eta ordu luzeak igaro ditu paper zuriaren aurrean hitzarekin jolasean. Euskal Filologia ikasi zuen Gasteizen eta Berria egunkarian eta Anboto aldizkarian kolaboratzaile gisa aritu da, iritzi artikuluak idatziz. Literaturari dagokionez, batez ere haur literaturan aritu da orain arte. Bereak dira, besteen artean, Bainera bete itsaso, eta Pirritx Porrotx eta Marimotots pailazoen Familia Mila Kolore bildumako ipuinak, Amalur, Plaza ipuinak edota Nor gara? bildumetako ipuinak. Igartza Sariaren bidez, beka bat lortu eta eleberri bat idaztera jauzia egin berri du, eta arlo honetan bere lehendabiziko idazlana argitaratzear dela elkarrizketatu du HAZI HEZIk.

Bertsolaria eta idazlea. Bi figura horiek definitzen al dute Miren Amuriza?

Arreta eman dit galderak, izan ere ‘zure burua nola definituko zenuke?’ galdetu izan bazenit ez nuke esango idazlea naizenik, oraindik. Egia da idazle askori entzun izan diodan galdera irekitzen dela hor: Nor da idazlea? Nik idazten dut, egunero idazten dut, eta irakurria izateko idazten dut, gainera. Baina oraindik nire burua ez nuke horrela definituko. Idazle moduan ibilbide baten hasieran nagoela esango nuke.

Eta Miren Amuriza bertsolaria?

Nire burua bertsolariaren figurarekin gehiago lotzen dela esango nuke, idazlearenarekin baino. Bertsolari zein idazle izan naiteke kanpokoentzako, baina nik Miren Amuriza eta Miren asko bereizten ditut. Agian topiko bat izango da, baina nik uste sormen lanetan gabiltzanoi momenturen batean norbere buruari buruz daukagun kontzeptua eta kanpokoek daukatena gurutzatzen zaizkigula. Hau da, astiro-astiro zoaz zeureganatzen zu kanpora begira zarena, eta ni ber-tsolari moduan izan naitekeena edo proiektatu dezakedana badakit zer den, eta noraino heldu naitekeen. Idazle moduan oraindik ez dut hori oso argi ikusten. Prozesu interesgarria da bereiztea zer den proiektatzen duzuna eta zer den zu zarena, eta biak gutxi gorabeherako adiskidantza batean egonda jardutea.

Bertsotan nik uste oso erraz bereizten dugula noiz gauden bertsolariaren azalean, oholtzan zaudenean edo mikro baten atzean zaudenean eta noiz hortik jaisten zarenean eta lagunekin trago bat hartzen zaudenean. Idazle bezala publikoarekiko tratu horretan, oraindik prozesu hori ez dut asko bizi izan baina aitortu behar dut jakiteko kuriositatea badaukadala.
 
Bertsolaritzan zein literaturan lan ugari egin izan duzu. Biak dituzu ofizio eta afizio.  

Nonbaiten irakurri nuen honako esaldia eta asko gustatu zitzaidan: ‘Kontuz zer amesten duzun, bete egingo zaizu-eta’. Eta nik beti amestu izan dut edo desio izan dut sormen lanek hartzea nire egunerokoaren parte handi bat, eta nire lan-orduak ere horretara eskaintzea. Eta kakotx askorekin, horretatik bizi ahal izatea.  Gehiago edo gutxiago, azkeneko pare bat urtean hori egiteko aukera izan dut eta oso eskertua sentitzen naiz. Baina hori egitera heldu naizenean konturatu naiz beste aldeaz ere. Sortzea jada derrigorrezko zerbait bihurtzen denean, asko aldatzen da zure funtzionatzeko modua, ez zaude hain erlaxatua, zure jarioa ez da berdina… Baina nik zortea izan dut probatzeko. Eta bizi estilo honi alde onak gehiago ikusten dizkiodan arren, zenbait momentutan estualdi horrekin sortzea ez dakit luzera begira niretzako jasangarria izan daitekeen. Momentu honetan, hala ere, pribilegiatua sentitzen naiz.

Zein dira bataren nahiz bestearen sekretuak?

Niretzako bietan sekretua lana da. Lana egitea, eta batik bat bakarkako lan asko egitea. Askotan sortzaile bat, berdin margolari bat, musikari bat edota bertsolari bat, jendaurrera ateratzen denean azken emaitza ikusten dugu. Bertsotan ari garenean, inprobisatzen ari garenez, are gehiago gertatzen da hori. Puntako edozein bertsolari goitik beherako bertso bat josten ikusten dugunean, atzeraka jausteko modukoa, izugarria eta bikaina izan dela esaten dugu. Baina hori guztia ez da momentu horretan goitik behera etorritakoa. Horrek atzean lan handia dauka. Idaztearen kasuan, beharbada, nabarmenagoa da, edo horrela sentitzen dugu, bederen. Liburu potolo bat hartzen dugunean horren atzean ordu asko daudela pentsatzen dugu. Baina habanera baten atzean dagoena agian ez da hain begien bistakoa. Orduan, bietan sekretua lana dela esango nuke.

Eta zein dira bertsotan aritzearen eta idaztearen berezitasunak?

Bi magia ezberdin direla esango nuke. Bat-bateko bertsoan, sortzen duzun hori momentuan besteari esaten zaio eta nik uste hori dela duen magia nagusia, feedback-aren tximista hori ere momentuan heltzen zaizula. Inprobisatzen ari zarela kontuan hartuta, soka baten gainean zaude zintzilik, adrenalina horretan, eta badakizu bertso bat botatzen duzun aldiro arriskatzen duzula. Idaztean ariketa hori lausoagoa da. Zutabeak idazten aritu naizenean, adibidez, pantailaren atzean, egunero erredakzioko kide bati bidaltzen nion idatzitakoa. Kasu horretan ez zara konturatzen zenbaterainoko hedapena izan dezakeen idatzi duzunak. Horrek askatasuna ematen dizu. Bertsotan aurrekoaren aurpegiak seinale batzuk bidaltzen dizkizun bezala, paper zuri baten aurrean jartzen zaren bakoitzean, zuri buruz idazten ibili edo ez, beti izango da papera zure ispilua.

Batak zein besteak ba al dute antzekotasunik sormen lanari dagokionez?

Icebergaren azpia, hau da, sormen lana egosten den eremua, ez da hain diferentea. Bakoitzaren lan egiteko modua desberdina izan daiteke, baina, nire kasuan, baterako zein besterako prestatzen ari naizenean asko irakurtzen dut; gaurkotasuneko albisteak, plazaratu nahi ditudan gaiei buruzko nobelak, saiakerak edota artikuluak irakurtzen ditut. Gero jasotzen dudan hori guztia nire galbahetik pasatzen dut eta gai zehatz batetatik zer kontatu nahi dudan erabakitzen dut. Esateko dudan hori modu polit batean nola kontatu dezakedan pentsatzea izaten da hurrengo pausoa. Lan egiteko tempusa eta intentsitatea desberdinak dira
bertsotan ari zarenean edo idazterakoan. Baina icebergaren azpia antzekoa da bietan. Aldatzen dena plazaratzeko modua da.

Txikitatik oso gertutik bizi izan duzu bertsoaren mundua. Bertsolaritzak zer nolako ekarpena egin dio Miren Amuriza idazleari?

Alde batetik, bertsotan aritzeak hiz-kuntza aberastasun handia eman dit. Azken batean, kontzienteki eta inkontzienteki etengabe ari gara hizkuntzarekin jolasean, eta idazten hasi naizenean euskaradun sortzaile moduan ditudan muga batzuez jabetu naiz, bertsotan konturatu ez naizena. Zenbait espresio zehatz aurkitzerako orduan, esaterako, nire baitan nituen mugekin egin dut topo eta, espresio zehatz horiek askotan erdaratik pasata bilatu ditudala jabetu naiz.

Hortxe dago euskaraz sortzen dihardugunon erronka inportanteenetako bat: hizkuntza konpetente eta espresibo bat edukitzea.

Horrekin batera, bertsotan, inprobisazioarekin batera etorri ohi da inperfekzioa. Idaztean, ostera, zure izaeraren araberakoa izan daiteke hori, baina perfekzioa da bilatzen duzuna nolabait. Halere, momentu batean utzi egin behar duzu, bestela zurrunbilo batean sartzen zara eta perfekzioaren bila jarrai zenezake etengabe. Horregatik, artearen barruan inperfekzioa onartzea eta inperfekzio hori ederra izan daitekeela gogorarazi dit bertsoak.

Hirugarrenik, bertsoak sintesi gaitasun handia eman didala esango nuke. Bertsotan esateko duzuna muturreraino laburtu behar duzu, eta ariketa horrek idazterako orduan ere lagundu dit.

Makinariak desberdin funtzionatzen du, beraz.

Bai, gertatu izan zait arratsalde batean idazten egon eta jarraian bertso saio batera joan eta sentsazio txarrarekin aritzea, lanbro artean egongo banintz bezala. Eta gogoan dut Uxue Alberdik esan zidala behin idazten ari garenean ohitzen garela esan nahi duguna ia hitzez hitz nahi dugun bezala esatera, eta plazara goazenean esan nahi dugunetik esaten dugunerako tartea handitu egiten dela. Eta ez hori bakarrik, gorputzaldia bera ere ez da berdina. Idazten zaudenean kanpotik barrura egiten duzu, behera begira egon ohi zara, eta plazara zoazenean alderantzizkoa egin behar duzu. Orduan, bizikletako katea arin aldatzen ez baduzu, ezinean ibili zaitezke. Talka horri puntua hartzen ikastea niretzat erronka izan da.  

Idazle gisa haur literaturan aritu izan zara orain arte. Zergatik haur literatura?

Oraintxe bertan ere nire haurtzaroan asko bizi naiz. Egunero ematen dut buelta bat handik eta etortzen naiz, kar, kar, kar! Asko konektatzen dut nire barneko haurrarekin eta umeekin egotea ere gustuko dut. Idazterako orduan ere asko interesatzen zaidan ikuspuntua da. Haur literaturak soiltasunera jotzea eskatzen du muturreraino, baina, era berean, gauza askotan ikuspegirik erradikalenak ere hortik eman ditzakezu. Haurren begirada hori asko interesatzen zait, harridurarako duten gaitasun hori. Zentzu horretan, haur literatura ez dut lotzen zerbait edulkoratuarekin, guztiz kontrakoa, oso makarra eta erradikala izan daitekeela iruditzen zait eta kodigo horretan eroso sentitzen naiz.

Norbere barneko haurrarekin konek-tatzeak laguntzen al du haur literaturako publikoarengana hobeto iristen?

Haur literaturan oso presente izan behar duzu norentzako ari zaren idazten. Beharbada haur hizkera erregistro bat bermatu beharko genuke. Izan ere, hizkuntza aldaera desberdin bat da ume batentzako ari zarenean, gauzak nola esaten dituzun, ze keinu egiten dituzun, zerbait modu zuzenean esan nahi duzun, edo sinbolo baten bidez adierazi, zer esan nahi diozun, edota zer ulertzera eman.

Haurrari zuk esan nahi diozuna iradoki behar diozu, baina dena esanda eman gabe. Haurra gutxietsi gabe, alegia, eta zuk uste duzuna baino askoz gehiago ulertuko duela kontuan izanda, tarte hori eman eta bere parera jaitsi, esan nahi diozuna ondo esateko. Inportantea da niretzako ideia hori kontuan izatea, ez zarela haurrari irakatsiak ematen ari, zerbait kontatzen ari zarela baizik. Eta haurrak lehenengo eta behin egin behar duena da disfrutatu; bigarrenez ulertu; eta azkenik mezua jaso.

Zuk zeuk, haur zinela, nolako harremana izan zenuen literaturarekin?

Alaba bakarra naiz eta baserri auzo batean bizi izan naiz. Bazeuden ondoan haur batzuk, baina denbora asko pasatu dut bakarrik. Ipuinak irakurtzea, idaztea, hostoak batzea... zen nik gogoko nuena. Orduan, bakar-ordu horietan, asko irakurri ditut Mariasun Landa, Teo, Joxan Ormazabalen ipuinak, Grim anaienak, geroago Harry Potter… Eta pelikula asko ikusi ere bai. Disney asko ikusitakoa naiz eta bizirik atera gara, kar, kar, kar! Baina txikitatik literatura idatziarekin eta ahozkoarekin lotura handia izan dut. Amak asko irakurri izan dit eta asko daukat eskertzeko zentzu horretan. Aita bertsolaria izanda, berriz, ber-tsoaren mundua ere oso presente egon izan da nire bizitzan.

Igartza Sariaren bidez, eleberri bat idaztera jauzia egin duzu. Argitaratzear den Basa eleberrian, zaintza da gai nagusietako bat. Eleberriaren haria apur bat kontatzerik bai?

Eleberri laburra eta trinkoa izango da. Ez da ekintza asko gertatzen den nobela bat. Giro bat deskribatzen da eta pertsonaia baten bueltako egoera bat agertzen da. Sabina da eleberriko protagonista. Baserri batean bizi den emakumea da Sabina, urteekin zaildutako emakumea eta bera da eleberriaren ardatza. Bigarren pertsonaia bat agertuko da, bere koinatua, ohean ezinduta dagoena eta Sabinaren zaintzapean dagoena. Zaintzaren eta boterearen arteko tira-bira hori izango da gatazka nagusia.
 
Izenburuak zerbait basatia iradokitzen al du?

‘Basa’ izenak zerbait basatia, etsikaitza, oldarkorra, basokoa esan nahi du. Gure inguruan lokatzari ere basa deitzen diogu, eta lurrari ere erreferentzia egin nahi izan diot horrekin. Eleberriaren haria baserri giro batean gertatzen da, eta izenburuari erreferentzia eginez, baserria bere zentzu basatienean agertuko zaigu, erraietara joanda. Biolentzia agertuko zaigu modu desberdinetan, era agresibo-pasiboan baina kondentsatuta. Eta tentsiozko egoera baten kontaketa izango da irakurleak aurkituko duena.  

Nolako esperientzia izan da eleberri bat idaztea?

Gorabehera askorekin bizi izan dudan esperientzia izan da. Urtebete egin dut eleberria idazten eta aitortu behar dut inoiz ez naizela aritu hainbeste denboran gauza batean zentratuta. Asko kostatu zait idatzitakoa norbaiti erakustea ia oso-osorik eginda izan dudan arte. Urpean sartu eta igerian jarraituko banu bezala izan da, askotan burua uretatik ateratzean non agertuko nintzen jakin gabe.

Egunero paper zuriari begiratzea eta lehen aipatutako zure ispiluaren aurrean jartze hori ez da samurra izan. Zenbait momentutan erabat murgiltzen nintzen eta tontakeria batekin tematuta denbora asko pasa. Momentu horretan agian lanaren balorea ere galdu egiten duzu eta hor hainbat sentsazio sortzen zaizkigu. Nire aurreneko eleberria izan da eta ea etorkizunean gehiago diren.