SONIA KLIASS: “Haurrek pozik eta asetuta geratzeko, egunero gutxienez bi ordu inguru ibili behar dute jolasean libre eta etenik gabe”

2019-06-04

Sao Paulon (Brasil) jaio eta hazitakoa da Sonia Kliass psikologoa. 1992an iritsi zen Gironara eta bertan jarraitzen du bizitzen. Batere akademikoa ez den ibilbidea egin du, esperientziatik ikasiz, eta hori erakusten dihardu gaur egun han eta hemen ematen dituen formazio saioetan, besteak beste Hik Hasiren Haur Hezkuntzako hezitzaileentzako formazioan. Haurren garapena eta heziketa gaiak lantzen ditu, batez ere 0 eta 7 urte bitarteko haurrengan zentratuz eta Waldorf pedagogia eta Emmi Piklerren ikuspegia oinarritzat hartuta. Haurrek berezkoa duten mugimenduaz eta jolasaz hitz egin du elkarrizketan, eta horren aurrean helduak hartu beharko lukeen jokabideaz. Kliassen ustez, berezkoa duten horretan errespetuz behatu eta ikusten duenarekin liluratu besterik ez du egin behar helduak; eta alderdi sozialean, berezkoa ez dutenez, eredu ona izan.

 
 
SONIA KLIASS: “Haurrek pozik eta asetuta geratzeko, egunero gutxienez bi ordu inguru ibili behar dute jolasean libre eta etenik gabe”

“Kontzientziarekin heztea” aipatu izan duzu zure idatzietan. Zer esan nahi du zuretzat kontzientziarekin hezteak?

Batez ere saiatzen naiz helduek haurrak diren bezala ikusten: zer diren, nolakoak diren, zein prozesu egiten dituzten eta abar. Benetan dagoen horretan kontzientzia jartzea da, eta ez egotea teoria, ideia edo kontzeptu batzuen peskizan edo eraginpean.

Zer izango litzateke, senari kasu egitea?

Beno, sena baino gehiago da. Benetan behatzea da, eta zaila da, ez da berez ateratzen. Izan ere, dena ideia, pelikula edo istorio batzuen arabera ikusten dugu; ikasi ditugun teoriak, ikusi ditugun ereduak, bizitu ditugun esperientziak... hor  baitauzkagu. Orduan, horiek denak alboratu eta aurrean ikusten dugun horretan kontzientzia jartzea da, norberak zer duen ikustea, horrek nola baldintza-tzen gaituen konturatzea eta benetan dena ikusten ikastea. Hori da nik bultzatu nahi dudana, kontzientzia hori bultzatu nahi dut. Eta horretarako oso baliagarriak zaizkit Waldorf pedagogia eta Emmi Piklerren lana, dagoenaren behaketaren gainean eraikitako lanak direlako.

Zer da Waldorf teoriatik zein Emmi Piklerren ideietatik hartzen duzuna?

Biak osagarriak dira. Emmi Plikerrek oso lan sakona egin zuen, 0 eta 3 urte bitarteko haurrekin batez ere. Eta Waldorf teoriak gizakiaren beste ikuspegi bat gehitzen du, filosofia eta ikuskera espiritual batetik ulertzen du gizakia. Waldorf pedagogiak 0-7 urte bitarteko hezkuntzaren gainean egiten duen proposamen praktikoa erabat uztargarria da Emmi Piklerren ikusten dudanarekin. Zeren biek fenomeno bera behatzen dute, bakoitzak bere ikuspuntutik, baina gauza beraz hitz egiten dute: haurraz. Haurrak egiten duena behatzen dute.

Emmi Piklerrek eta haren institutukoek haurrak egiten duena beha-tzen dute: mugitu egiten dela, jolastu egiten dela, zer behar duen helduen harremanetik eta abar. Eta horretan sakontzen dute. Waldorf pedagogiak ez du hainbeste zehazten 0-3 urte bitarteko haurraren eboluzioa, batez ere 3 urtetik aurrerakoa lantzen du. Baina Steinerrek ere aipatzen zuen zein garrantzitsua den umeei prozesuak euren kabuz egiten uztea, esku hartzerik gabe, zein garrantzitsua den mugimendua, jolasa eta abar. Orduan, hazia hor dago, ereinda dago.

Helduaren zeregina behatzea da. Nola jokatu behar du helduak behaketa horretan?
Kosta egiten da. Orain arte beste kontzeptu batzuk nagusitu dira: irakatsi egin behar diegula, estimulatu egin behar ditugula, zenbat eta lehenago hobe, egiten ez badugu denbora pasako dela eta aukera galduko dugula... Konfiantza falta da: haurrek badakitenaren konfiantza.

Alde batetik, haurrek mugimendua eta jolasa berezkoak dituzte, berez dakite mugitzen eta jolasean, atera egiten zaie. Heldu gisa ez da ezer egin behar. Manipulatzen ari badira, manipulatzeko objektuak eman, hori bakarrik. Hortik aurrera, behatu eta egiten duten guztiarekin liluratu.

Baina beste aldetik, arlo sozialean ez da hori gertatzen. Hori ez dute berezkoa eta ez dakite zer egin. Helduengandik ikasten dute. Beraz, prozesu horretan bai lagundu behar zaiela alderdi soziala garatu dezaten. Esate baterako, haurraren garapenaren etapak eta gaitasunak ezagutu behar ditu helduak, jakin behar du umeek euren bulkadak atxikitzen ikasten dutela, enpatia gaitasuna garatzen dutela, zer eskatu diezaioken umeari, zer irakatsi behar duen, nola zuzendu haurrarengana, nola kudeatu umeak “ez” esaten duenean, nola kudeatu espero gabeko erantzuna ematen duenean, nola kudeatu haurren arteko gatazkak eta abar.

Jolasa eta mugimendua elementu oso garrantzitsuak dira haurraren garapenean. Zer balio ematen diezu zuk?

Haurrek egin egiten dute. Egin. Zer egiten dute? Gauzak. Eta mugitu egiten dira. Mugitu egiten dira eta gauzak egiten dituzte. Mugimendua eta jolasa deitzen diogu horri. Oinarri-oinarrizkoa dena. Ez dakite ezer egin gabe egoten. Hori da umeek 7 urtera arte daukaten bizi-esperientzia. 7 urtetik aurrera gero eta gaitasun handiagoa dute geldirik egoteko edo ezer egin gabe egoteko.

Orduan, egite horretan, jolasean aritzen dira. Hasieran objektuak manipulatzen hasten dira: begiratzen, hartzen, uzten, esperimentatzen... mila gauza egiten dituzte. Horixe da Emmi Pikler institutuan behatu zutena: objektu bat manipulatzeko 70 modutik gora deskribatu zituzten. Mugimendua eta jolasa umeen funtsezko esperientzia dira. Azken batean, jolasa mugimendua da, mugimendu orokorra, bai motrizitate fina eta baita motrizitate lodia ere, eskuen koordinazioa, begien koordinazioa, ahoarena... Horregatik, hasieran jolasa mugimendua da.

Gero, egite hori gero eta konplexuagoa bihurtzen da, eboluzionatuz joaten da. Eta hor hasten da jolasaren garapena: manipulatzen hasten dira, gero imitatzen, eta gero irudikatzen. Hori da haurrek bizitzeko duten modu nagusia. Horrela ikasten dute, horrela esperimentatzen dute, horrela barneratzen dituzte esperientziak eta horrela prestatzen dira ikasketetarako. Esate baterako, esfinterren kontrolaren kasuan garbi ikusten da. Nola hasten dira? Horretara jolastuz: orinalean eseri eta txiza edo kaka egiten ari direnaren itxura egiten dute, panpinak jartzen dituzte orinalean txiza egiteko eta abar.

Imitazioa aipatu duzu. Zer ikasten dute imitatuz?

Imitazioa ere haurra prestatzen edo hezten duen elementu bat da. Inguruan duen guztia imitatuz trebatu egiten da haurra. Helduei, beste haurrei, animaliei... imitatzen die haurrak. Erreminta zoragarria da ikasteko. Eta arlo horretan, helduok imitatzen gaituztela jakinik, helduok eredu onak izaten ikasi beharko genuke.

Zer da eredu ona izatea?

Haurrak ez du dena imitatzen, baina egiten dugun guztia imitagarria izan daiteke, guztia: esaten duguna, nola mugitzen garen, keinuak, jarrerak... Eta baita ezaugarri moralak ere: gezurretan ari garen edo ez, engainatzen dugun edo ez... Hori guztia imitatu dezakete. Beraz, hasieran aipatu dudan kontzientzia lana sartzen da hor.

Jolasaren kasu zehatzari dagokionez, zentzumenekin inguruan duena hautematen du haurrak, eta ondoren mugimenduarekin eta jolasarekin barneratu egiten du. Helduok egiten duguna imitatzen du eta horrek jolaserako balio dio.

Orduan, bada helduok normalean aintzat hartzen ez dugun gauza bat: zer egiten dugu gure lanari dagokionez? Hau da, zer imitatu eta integratu dezakete euren jolasean gure lanetik edo guk egiten dugunetik? Heldua zenbat eta lanpetuagoa egon, zenbat eta lan gehiago egin, orduan eta elikagai interesgarriagoa edukiko du haurrak bere jolaserako. Lana esaten dudanean, haur txiki batentzat lana zerbait egitea da. Hau da, lan intelektualak ez du balio, haurraren begietatik ikusita heldua ez baita ezer egiten ari lan intelektuala egiten ari denean.

Une batean haurrak aldaketa kognitibo bat egiten du eta orduan, imitatzetik irudikatzera pasatzen da.

Irudimena. Nola garatzen da irudimena?

2 urteko haur batek harri bat ikusten duenean ukitu egin dezake, ahoan jarri, zer zapore duen ikusi, zein usain duen ikusi, zenbat pisatzen duen, nolako testura duen, nola mugitzen den, zein soinu egiten duen... Mundua nolakoa den ezagutzen ari da esperientzia horren bitartez.

Une batean, ordea, harriari begiratu eta ez du harria soilik ikusten, harriari ez dagokion zerbait proiektatzen du. Adibidez, harria txokolatezko pastela dela. Eta pastela egiten ari dela jolasten du. Eta beste batek galdetzen dio, “zer daukazu jateko?” eta harria seinalatuz “txokolatezko pastela” esaten dio. Irudimena sartzen da jokoan. Eta hori adin batetik aurrera gertatzen da. Behin bi neska ikusi genituen janaria prestatzera jolasten eta batak besteari zera galdetu zion: “zer da hau?”. 2 urteko nire semeak “harri bat” esan zidan aldemenetik. 2 urterekin ezin zuen beste ezer ikusi; neskek, ordea, harriaz gain txokolatezko pastela ikus zezaketen.

Hor hasten da aldaketa, irudimenezko jolasa. Irudiak proiektatzen hasten dira eta objektuei ez dagozkien gauzak ikusten hasten dira. Neskek bazekiten haiek harriak zirela, baina gai ziren harri haiek txokolatezko pastelak zirela irudikatzeko.

Zer garrantzi du irudimenaren lanketa horrek?

Garrantzitsua da, irudiak sortzeko gaitasun hori delako pentsamendu ororen oinarria. Pentsatzeko, irudia sortzeko gai izan behar duzu. Esaten dute irudikatzeko gaitasun hori 2 ½-3 urtetik 7 urtera bitartean garatzen dela batez ere. Hori da adin kritikoa. Horregatik, Waldorf pedagogiak garrantzi handia ematen dio ahalik eta gehien garatu dadin, hori baita une nagusia.

Zer gertatzen da 7 urtetik aurrera?

Irudikatzeko gaitasuna garatzen jarraitzen du haurrak, baina ez da une kritikoa. Beti irudikatu dezakegu, baina 7 urterekin haurra munduaren ikuskera objektiboagoa edukitzen hasten da. Distantzia bat hartuko balu bezala da. 3-4 urteko haurrak irudimenezko esperientzia horretan bete-betean daude. 7 urterekin, ostera, hainbat gauza galdetzen hasten dira: “Olentzero gau bakar batean etxe guztietara iristen dela...?”.

Jolasera itzuliz, zer iritzi duzu jostailuei buruz?

Haurrak jolas egiteko materialak behar ditu: manipulatzen ari denean, manipulatzeko materiala; imitatzen ari denean, imitatzeko balioko dion materiala; irudikatzen ari denean, irudikatzeko balioko dion materiala eta abar. Haurrak manipulatzeko materialik ez baldin badauka, ez du aukera hori garatuko. Beraz, objektuak behar ditu. Baina nolako objektuak?

Pikler-Loczy institutuan egindako manipulazioaren garapenaren ikerlanak hori jakiteko balio digu. Behatuz konturatu ziren haurrak une jakin batean objektu bat beste baten barruan sartzen duela, edo bata bestearen gainean jartzen dituela, edo elkarrekin erlazionatzen dituela. Orduan, badakigu gutxienez bi objektu behar dituela. Beste une batean objektu bat beste baten barruan sartzen aritzen da; orduan, badakigu objektu txikiagoak barruan sartzeko moduko objektuak behar direla, handixeagoak, alegia. Baina ez dute zertan dendan erositako jostailuak izan. Sukaldeko ontziek, tuperrek, gortinen zirrindolek... balio dezakete. Esate baterako, aipatu institutuan ematen zuten lehen objektua zapi bat zen. Haur batek zapi bat eskuetan hartu dezake, ahora sartu, begiratu, bota eta abar. Nik kakorratz-zapiak egiten ditut eta oso erabilgarriak dira, oso emaitza onak ematen dituztela ikusi dut. Instagramen eta dena argitaratu ditut argazki batzuk: haur bat lau hilabeterekin zapiarekin jolasten eta haur bera 4 urtekin zapi berberarekin jolasten. Eta 6 urteko arreba ere zapi berberarekin jolasten. Objektu onak baldin badira, behin eta berriz erabil daitezke, jolasteko gaitasuna garatuz doan heinean.

Jostailuak eta jolasteko objektuak bereizten dituzu, beraz. Ez dira gauza bera.

Garrantzitsuena objektuari ematen zaion erabilpena da. Jostailu bat jolas egiteko objektu ona izan daiteke, baina jostailu ez den objektu bat ere bai, lehen aipatu ditudanak, adibidez. Gainera, jostailuak dendan erositakoak direla pentsatzeko joera dugu, baina egin ere egin daitezke, erosi gabe. Eta polita da, gainera, jostailuak egitea, bai helduaren-tzat eta bai haurrarentzat. Hasteko, zerbait egiten dugulako, eta hori ona da. Bigarrenik, zerbait egiten ikusten gaituztelako, eta hori ere ona da. Eta hirugarrenik, objektuak nola egiten diren ikusten dute, eta objektuak balio berezi bat hartzen du.

Haurrek behar adina jolas egiten al dute?

Lehen gehiago ibiltzen ziren jolasean. Gaur egun haur batzuk oso gutxi aritzen dira jolasean, jolasa ez den beste gauzekin okupatuta daudelako. Adibidez, eskolarekin. Eskolan, 0-7 urte artean, lanean aritzen dira. Eskolan jolas gutxi egiten dute. Badaude 3 urterekin haurrak eserita jartzen dituzten eskolak, hizkiekin eta zenbakiekin hasteko, ikasteko lana egin behar dela sinesten dutelako. 5 urterekin denak emanda aritzen dira lanean, ez dago jolasarentzako lekurik haur-eskola horietan. Izena bera ere eskola da, pentsa. Zergatik deitzen zaio eskola?

Egia da gero eta kontzientzia gehiago hartzen ari garela eta jolas librea nagusi duten proiektu gehiago daudela 3-6 etapan. Halere, asko kostatzen da pentsamoldea aldatzea. Jolasean ibiltzen dira, bai, baina helburu batekin edo gero marrazki bat egiten dute zer egin duten ikusteko. Zerbait produktiboa eduki beharra daukagu lasai gelditzeko, zerbait ikasten ari direla ikusteak lasaitasuna ematen du oraindik. Badirudi ez dugula erabateko konfiantzarik haurrengan.

Zer leku du jolas libreak 7 urtetik aurrera?

Adin horretan beste aldagai bat sartzen da: arauak dituzten jolasak. Horrek hartzen du garrantzia. Eta horrekin batera, jolas librea behar dute jolas soziala garatzeko. Lehen haurrak 8-9 urterekin futbolean, pilotan, soka-saltoan eta abarretan jolastera ateratzen ziren kalean. Jolas egiteko elkartzen ziren eta lehendabizi arauak erabakitzen zituzten, eta nola bete arau horiek. Arauak bete-tzen ez baziren, eztabaidatu egiten zuten. Batzuetan denbora gehiago pasatzen zuten eztabaidan jolasean baino. Haurrak izugarri ibiltzen ziren jolasten adin horietan. Batez ere koadrilan, kalean, auzoan... Eta hori ere garrantzitsua da. Adin honetan irudimenezko jolasen ordez taldeko jolasek hartzen dute garrantzia. Beste jolas mota batzuk dira. Adibidez, korroan asko ibiltzen ziren lehen eta orain galdu egin da jolas hori. Korroan ibiltzea oso jolas aberatsa zen: abestiak zeuden, mugimendua, zerbait esan behar zen, txandak errespetatu behar ziren... Eta hori ez da 5 urteko haurrentzako jolasa, 8-10 urtekoentzat baizik. 12 urtera arte umeek horrela ibili beharko luketeela jolasean esaten da.

Eskolaz kanpoko ekintza antolatuak edukitzeak zer-nolako eragina du jolas librean?

Eskolaz kanpoko ekintzek jolasaren bat-bateko indarra hiltzen dute.

Eta gaur egun hain presente ditugun teknologia berriak?

Hilgarriak iruditzen zaizkit. Izugarrizko eragina dute. Haurraren prozesu naturalean borondatea mugimenduaren eta jolasaren bitartez praktikatzen da. Teknologia berriek borondate hori hil egiten dute.

Baina hor daude eta ezin zaie uko egin. Nola elkarbizi daitezke, zure ustez?

Berriro ere kontzientzia lana egitean datza gakoa. Inor ez dago teknologia berrien kontra, eta atzera ere ezin dugula egin ulertu behar da. Kontua da zein leku hartzen duten haurraren bizitzan: noiz sartzen diren, noiz hasten diren eta zenbateko lekua hartzen duten. Gizarteko joerari jarraitzen bazaio, inprobisatuz, eraman egiten gaitu. Izugarrizko indarrarekin bultzatzen gaitu, erabat inbadituz. Aldiz, horren kontziente baldin bagara, eta borondatea baldin badugu, borondate asko, aurre egin diezaiekegu. Olatuaren aurrean tinko egoteko borondatea. Lehendabizi helduaren borondatea, eta gero haurrena.

Haurrek borondate hori kontrola dezakete?

Helduak egon behar du hor. Ez “ezetz” esaten bakarrik, baizik eta alternatibak eskaintzen. Haur bat teknologia berririk ez dagoen espazio hezitzaile batean baldin badago, ez da horien faltaz konturatuko. Jolaserako objektu onak baldin badauzka, jolaserako lagunak, naturan ibiltzeko aukera, mugitzeko askatasuna, erlazionatzeko aukera eta abar, horrela bizi baldin bada, ez du “pantaila nahi dut” esango. Orduan, “pantailarik ez” esaten bazaie, zerbait interesgarria eskaini behar zaie, beste aukera batzuk eman behar zaizkie. Esate baterako, etxean baldin badaude eta heldua haurrarekin egoteko moduan baldin badago edo ikusten den zerbaitetan lanean ari bada, bestelako aukerak sortzen dira. Zergatik da garrantzitsua hori? Teknologia berriek adikzioa sortzen dutelako.

Haur batzuk libre daudenean zer egin ez dakitela geratzen dira. Zergatik gertatzen da hori?

Libre jolas egiteko ohiturarik ez dutelako gertatzen da hori, ez direlako libre jolastu. Berez haurrek badute libre jolas egiteko gaitasuna, baina hasiera-hasieratik garatu behar da, praktikatu egin behar da. Bestela, berrikasi egin behar dute. Eta nik hori ikusi dut. Haur eskola batean jolas libreari denbora ematea erabaki zuten: asteartetan 10:00etatik 11:00etara. Eta kaos bat izan zen. 5 urteko haurrak taldean jarrita egiten duten gauza bakarra borrokan aritzea izaten da, edo bestela erotu egiten dira. Astebeteko proba egin zuten, gero bi astekoa, gero hilabetekoa... eta azkenean ordubete horretan liburutegira joaten bukatu zuten.

Izan ere, jolaserako denbora asko behar dute, eta tarte luze batean. Pozik eta asetuta geratzeko, egunero gutxienez ordu t’erdi eta bi ordu bitartean ibili behar dute jolasean libre eta etenik gabe. Ez du balio ordu erditxo bat orain, beste ordu erditxo bat gero. Gainera, 5 urtetik aurrera egun batetik bestera bezperako jolasarekin jarraitzen dutela ikusten dugu. Atzoko jolasak gaur jarraitzen du eta bihar ere segituko du. Beraien lana izango balitz bezala da.

Albiste gehiago