'Musikariak Ikastetxeetan' programa. Leiho bat euskal kulturari

2019-10-15

Euskararen eta euskal kulturaren transmisioa bultzatzeko musika ikasgeletara eraman dute Nafarroan, ‘Musikariak ikastetxeetan’ heziketa-programaren bidez. Iaz jarri zuten martxan: 21 musikarik 88 saio egin zituzten, eta egitasmoak izan zuen arrakastari esker, ikasturte honetan bikoiztu baino gehiago egingo dituzte saioak: 32 musikariren artean 191 saio egingo dituzte Nafarroa osoko A eta D ereduko Batxilergoko eta DBHko ikastetxeetan.

 
 
'Musikariak Ikastetxeetan' programa. Leiho bat euskal kulturari

Ideia oso argia da: gazteei euskal kulturarako leiho bat irekitzea, musikaren bidez. “Gazteek, eskolatik kanpo euskararekin duten harreman ia bakarra, behin-tzat Nafarroan, musikaren bidez da. Musika asko entzuten dute, erdal musika barra-barra, baina baita euskal musika ere, tarteka, nahiz eta A ereduan ikasten duten gazteak izan. Beraz, eskolatik kanpoko eragin hori gela barruan biderkatu nahi izan dugu”. Alberto Barandiaranen hitzak dira Nafarroako Gobernuko Hezkun-tza Departamentuko Euskara Saileko teknikariarenak. Ideia Musikariak ikastetxeetan programan gauzatu zen, eta programa horren barruan, Nafarroako A eta D ereduko DBH eta Batxilergoko ikastetxeetan 88 saio egin zituzten 21 euskal musikarik iragan ikasturtean.

Eta emaitza espero baino are hobea izan da: ikasleek egun gogoangarria igaro zuten euskal musikari batekin, eta gazte askori euskal kulturari begiratzen hasteko leiho bat ireki zitzaien. Egitasmoaren arrakastaren erakusle da ikasturte honetan bikoiztu baino gehiago egingo dituztela musikariek ikastetxeetan egingo dituzten saioak, 191 emanaldi egingo dituzte 32 musikarik Nafarroa osoan, Lodosatik Elizondora, Tuteratik Altsasura, aurrekontua indarturik. “Balorazioa oso positiboa izan da guztien aldetik, bai irakasleek eta bai musikariek berri-tzailetzat hartu dute, eta gazteentzako aberasgarri, eta horien motibazioa nabarmendu dute guztiek”.

Musikariak ikastetxeetan programak euskara eta euskal kulturaren transmisioa Nafarroan bultzatzeko helburua du, eta Idazleak ikastetxeetan programaren antzera ikastetxeak sortzaile bat hartzen du eskolan. Kasu honetan, ordea, D ereduko ikasleez gain A eredukoak ere izan dira hartzaile, eta “guztiei erakutsi nahi izan zaie euskal kulturaren aniztasuna, eta bereziki euskal musikarena”, Barandiaranen arabera. 

La Basu, Ines Osinaga, Olatz Salvador, Miren Narbaiza, Joseba Irazoki, Zuriñe Hidalgo, Jon Gurrutxaga, Jon Basaguren, Amorante, Gorka Urbizu, Maite Larburu, Rafa Rueda, Alex Sardui, Mursego, Gari, Izaro, Eñaut Elorrieta, Joseba Tapia, Xabi San Sebastian, Mikel Markez, Mikel Urdangarin eta abar luze batek parte hartu dute egitasmoan. Izen kontsagratuak batzuk, ez hainbeste, beste batzuk. Musikari bakoitzak, 90 minutuko saioan, hiru egiteko zituzten: euskal musikaren panoramaren berri eman, euren sortze-prozesua azaldu eta ondotik kontzertu txiki bat ematen zuten. “Historiaz printza batzuk emateaz gain, musikariek euren bizipena kontatzen dute, eta hori plus bat da gazteentzat, bat egiten baitute bizipen horrekin”, azaldu du Barandiaranek. 

Ikasturte honetan programa sendoturik abiatu dute, kopuruz nola edukiz. Bi berrikuntza izango ditu egitasmoak: batetik, ikastetxeetan euskal kultura eta musikaren transmisioa lantzeko EIBZ (Euskararen Irakaskuntzaren Baliabide Zentroak) bi unitate didaktiko prestatu ditu, eta euskal musikaren inguruko materiala bildu dute irakasleak ikasleekin saioaren aurretik eta ondoren euskal kantugintzan sakontzeko. Bigarrenik, behin musikaria ikastetxe batera iritsirik, auzoan edo herrian bertan arratsaldez beste saio bat antolatzea proposatuko diete tokian tokiko euskara elkarteei, Euskal Teknikarien Nafarroako sarearekin harremanetan. 

Musikarientzat ere, saio bereziak

Noaingo Elortzibar eta Iruñeko Gurutzeko Plaza ikastetxeetan Iker Laurobaren bisita jaso zuten. A ereduko ikastetxeak dira biak eta ikasleen artean ez zen ezaguna musikari gonbidatua. Nerea Molinero Elortzibar ikastetxeko ikasleak Vendettaz gain apenas ezagutzen zuen euskal talderik, guztiz urruneko egiten zaio euskal kultura, baina hala ere egun berezia izan zen berarentzat: “Asko gozatu nuen saioa, oso parte-hartzailea eta dinamikoa izan zen eta ikaragarri ederra izan zen sortze-prozesua nola bizi zuen ikustea eta berarekin kantu bat sortzea”. Ikasleak lanean jarri zituen Laurobak: hitzak eta esaldiak eskatu zizkien, gero denen artean abesti baten letra osatzeko. Hitzak aski ez, eta musika ere jo zuten gazteek, Molinerok ukeleleaz lagundu zion: “Lauroba etorri aurretik gitarra uzteko erabakia hartua nuen, baina egun hartatik aurrera neure kabuz jotzen jarraituko dudala uste dut”.

Egun hartan ikasleek erakutsi zuten interesa ondo gogoan du Molineroren Euskara irakasleak, Miren Blancok: “Beldur nintzen ikasleek interesik ez izatea eta ez parte hartzea; puntuazioan laguntzea ere zin egin nien galderak egin eta parte hartzera motibatzeko, baina ez zen beharrik izan, interes handiz egin zizkioten galderak, nahiz eta euskal mundua oso arrotz duten ikasleak izan”. Egun hartako interesa baliaturik, hurrengo eskolak ere erabili zituzten euskal kantugintzan eta kulturgin-tzan sartzeko. “Euren motibazioa baliatuz, Informatikako eskoletan ere euskal musikari buruzko informazio bila aritu ginen badok.eus musikako webgunearen bidez, eta irakasle bezala, aukera ederra izan da leiho hau zabaltzea”.

Eki Goñi Gurutzeko Plaza ikastetxeko ikasleak ere Laurobaren saioaren oroitzapen ederra du: “Euskal musika jarraitzen dut gutxi-asko, baina ez nuen Iker Lauroba ezagu-tzen; ordutik bere jarraitzailea naiz sare sozialetan eta bere disko berria ere entzun dut eta gustatu zait”.

Ikasle eta irakasleentzat ez ezik, musikarientzat ere saio bereziak izan dira programa honen barruan gauzatu dituztenak. “Saio bereziak dira, balio handikoak —dio Ines Osinagak—, baina ez dira saio errazak musikari bezala, ez baitira musika modu naturalean bizi duten espazioak. Pertsonalki asko gozatu dut”. Baita Zuriñe Hidalgok ere: “Ikasleek, lehenengo momentutik motibazioa eta interesa azaldu zuten eta saio guztietatik oso gustura eta sentsazio onarekin atera nintzen; eta eurak ez ezik, nik ere saio bakoitzeko zerbait berria ikasten nuen ikasleekin”.

Hidalgok sentsazioa du Musikariak ikastetxeetan programaren bidez ikasle batzuengan zerbait erein izanarena. “Uste dut ikasleak gustura geratu zirela eta, nire ustez, batzuengan hor barruan zerbait mugitu edo aldatu nuen; motibazioa piztea, musikaren mundua gertu sentitzea, emakumea izanda posible dela ikustea… oso inportanta dela uste dut”. Pena du, berak bere garaian halako aukerarik eduki ez izana ikastetxean. “Tamalez, ez eskolan, ez musika-eskolan, ezta inon ere, ez nuen halako esperientzia bat bizitzeko aukera eta plazera izan, eta behin baino gehiagotan pentsatu dut: ze pena! Izan ere, batez ere adin horietan, eta are gehiago, emakumea izanik, oso inportantea da erreferenteak izatea, hauek gertu sentitzea, euren ahotik esperientziak entzutea, galderak egiteko aukera izatea... Orain, asko eskertuko nuke garai horietan, niretzat erreferentea zen Sorkun bezalako artista eta emakume bat, adibidez, gurera etorri izana. Akaso askorengan gauzak ezberdinak izango ziren, ala ez, baina uste dut halako ekintzetatik gauza positiboak bakarrik atera daitezkeela”. 

Leihotik barna

Ines Osinagak ere uste du egitasmo honek “gauza potenteak” erein di-tzakeela gazteengan: “Ez gazte hauek etorkizuneko kultur kontsumitzaileak eta sortzaileak izan daitezkeelako bakarrik, baizik eta dagoeneko gure kultur ekosistemaren parte direlako eta merezi dutelako kultura presente edukitzea eta hezkuntzan musika presente edukitzea”. Beharrezko ikusten ditu gisa honetako programak eta ez soilik Nafarroan, baita Euskal Herri osoan ere, euskal kulturaren transmisioa, gaur egun, ez delako modu naturalean gertatzen: “Transmisioa ez da naturala, badirudi kultur-transmisioa naturalki gertatzen dela, amak kantatzen dizkigun kantuetan gertatzen dela, eta ez, ez da naturala, transmisioa politikoa da eta ez baldin baditugu baldintzak sortzen transmisioa gerta dadin, ez da bere kabuz gertatuko, gurea ez baita osasun onean dagoen kultur ekosistema bat”. Musikariaren arabera, kontzientzia eduki behar dugu gure kulturaren egoeraz eta ahalduntze ariketa bat egin beharko genuke.

Nafarroan egindako saio horien bidez, musikagintzaren katebegi gisa kultur transmisioan eragiteaz gain, ikasleei erreferente berriak aurkeztu izana garrantzitsua da bi artisten-tzat. Osinagari gazteek eurek aitortu zioten leiho bat ireki ziela bere parte-hartzeak: “Ikusi zuten sortzaile izatea beste aukera bat dela. Umiltasun guztiarekin eta horrek suposatzen duen ardura guztiarekin aitortu behar diogu geure buruari erreferente izan gaitezkeela. Eta gazteek sinetsi behar dute sortzaile izan daitezkeela eta beren barrutik kontatu dezaketela. Musikariok ere ahalduntze lan bat egin behar dugu, eta nahiz eta oso prekarioa izan, gurea ere balio handiko lan bat dela aitortu behar diogu geure buruari”.

Osinagak zabaldutako leihotik sartzea erabaki zuten Pedro Atarrabia ikastetxeko irakasle eta ikasleek, bertako irakasle Sara Lamelasen arabera, “oso esperientzia ona” izan baitzen DBHko 2. eta 4. mailako ikasleekin bizitakoa: “Saio hartan sortutakoa erronka bezala hartu genuen. Inesek abestutako kantua, Dena aldatzen da, ukelelez jotzen aritu ginen eskolan ondorengo egunetan, eta ikasturte bukaerako agur-ekitaldian kantu hori abestu genuen. Ikasleek gogoan izango dutela uste dut”. Parte-hartzaile guztiek bezala, Lamelasek ere ikasleen motibazioa nabarmendu du: “Ikasleak oso gustura eta Inesek zioen hartan buru-belarri murgilduta egon ziren. Askotan horrelako jardueren bitartez gehiago hurbiltzen gara ikasleen motibaziora eguneroko ekintzekin baino. Aurten ere errepikatu nahi dugun esperientzia da, ikasle gehiagorekin posible bada. Musika zuzenean entzutea, gela barruan izatea, izugarri estimatzeko moduko zerbait da”.