Juanjo Quintelaren ekarpena: 1-2 urteko umeentzako jolas espazioaren gaineko hausnarketa, Pikler pedagogiaren orbitan

2019-11-12

Gerturatze piklertarrean murgiltzen diren hezitzaileek asko disfrutatzen dute normalean 0-1 urtekoekin. Uste dut oso egitura garbia eta zentzuzkoa dutela; baina haur-eskola batean baino gehiagotan sentitu izan dut gero, hezitzaile horiek berak 1-2 urteko adin-tartea duten umeen espaziora doazenean, halako krisialdi bat sortzen dela. Horregatik, koherentzia bat bilatu nahian, hainbat hausnarketa egin ditut 1-2 urteko umeen gelarako, eta horiexek azalduko ditut ondorengo lerro hauetan. Funtzio sinbolikoaren gaineko hausnarketarekin abiatuko naiz; jolas sinbolikoaren inguruan arituko naiz ondoren, eta amaierarako utzi dut bi gogoeta horietatik sortutako ondorioa: jarduera-fokuen diseinua.

 
 
Juanjo Quintelaren ekarpena: 1-2 urteko umeentzako jolas espazioaren gaineko hausnarketa, Pikler pedagogiaren orbitan

Juanjo Quintela psikologoa eta Emmi Pikler Pedagogian adituaren ekarpena:

Funtzio sinbolikoa ulertzeko, uste dut garrantzitsua dela semiotikaren inguruko oinarrizko zenbait kontzeptu azaltzea. Modu horretan, adierazlearen eta adieraziaren arteko bereizketa egitetik abiatuko naiz. Izan ere, adinean aurrera egin ahala, erabiltzen ditugun sinboloen adierazia eta adierazlea bereiz ulertzen ditugu. Baina, 0tik 18 hilabetera bitarteko haurrentzat, adierazlea adieraziaren zati da. Esate baterako, 18 hilabete baino gutxiagoko haur batentzat, giltzen zarata entzutea kalera joatearen seinale da. Kasu horretan, adierazlea adieraziaren parte da: bata bestearekin lotuta ulertzen ditu haurrak. Sinboloetan, gainera, adierazleak eta adieraziak nolabaiteko antza izaten dute pertzepzioaren ikuspegitik. Mahai baten marrazkia izan daiteke horren adibidea, edota keinu sinbolikoa bera; hatzarekin apuntatu eta pium! zarata egiten badut, guztiok ulertuko dugu pistola bat dela. Batak bestearen antza du, eta, beraz, sinboloak ez dira ez arbitrarioak ez konbentzionalak. Zeinuak, aldiz, arbitrarioak eta konbentzionalak dira; hitzarmen baten bidez adosten dira, kultura-esparruan, edota historian zehar adostutako zerbait dira. Adibidez, aulkiari desberdin esaten zaio hizkuntza batean edo bestean, edota badira hainbat sinbolo edo ikur, arriskuak eta abar irudikatzen dituztenak.

Dena den, zeinu eta sinboloak gure adimenaren adreiluak dira. Zeinu eta sinboloek munduan barneratzeko ahalmena ematen digute; errealitatearekin harremanetan jartzea ahalbidetzen digute gure buru barnean, kanpoko mundu horretan zuzenean kokatu behar izatetik abiatuta. Horixe da gizakiaren adimenaren esentzia, gure munduarekiko egokitzapena ahalbidetzeko barne-mundua era aberats eta sortzailean manipulatzeko gaitasuna. Adimenaren adreilu horien lehen hastapenak 18 hilabeteko adin inguru horretan gertatzen dira, funtzio sinboliko, funtzio simetriko edo errepresentazio-funtzio berri horri esker. Eta funtzio berri horrek gaitasun berriak ahalbidetzen ditu, hala nola aurrean ez dagoen eredu bat imitatzea, marrazketa, eta jolas sinbolikoa edo ‘banintz’ bezalako jolasak. 

Jolas sinbolikoak edo ‘banaiz’ bezalako jolasak sinboloen erabilera dakar berarekin. Banana bat eskuetan hartu, eta telefonoa balitz bezala aritzea, kartoizko kutxa bat hartu eta kamioi bat balitz bezala erabiltzea… Ez dago erabateko adostasunik jolas sinbolikoa mugatu eta definitzeko orduan. Hala ere, Gardei eta Josetxo Linazari erreferentzia eginez, badira oso zabalduta eta adostuta dauden zenbait ezaugarri. Eskuetan daukaguna ulertzeko, funtsezkoak iruditzen zaizkidan bi ezaugarri azpimarratuko ditut. 

Lehenengo eta behin, azpimarratu nahi nuke jolas sinbolikoa barneko faktoreek baldintzatzen dutela, eta inola ere ez kanpokoek. Garbi ikusten da hori orrialde honetako argazkian: hiru haur medikutara jolasten ari dira, ia inongo jostailurik gabe; ez dago ez loturarik, ez xiringarik, ez termometrorik, ez maskaratxorik, ez horrelako beste ezer. Ez dago jolasa bultzatu edo baldintzatuko duen kanpoko inolako eragilerik; jolasa haurrengandik sortzen da, eta ezerk ez du jolasa mugatzen edota oztopatzen. Kasu honetan, gauzak konpontzeko tresna gisa identifikatu dezakegun hori nahikoa zaie jolasteko. Objektu hori, haurraren jarduera mental autonomo eta sortzaileari esker, medikuaren tresneriaren adierazle da. 

Bigarrenik, jolas sinbolikoan, adieraziaren eta adierazlearen arteko lotura ez da mugiezina. Haurrak objektu bera adierazi askotarako erabil dezake. Esate baterako, egur zati bat izan daiteke galleta bat, sakelako telefonoa, auto bat, edota dirua. Objektu berbera erabiltzeko modu aberats eta sortzaile hori dago pentsamendu aberats eta sortzailearen oinarrian. Izan ere, objektu bat adierazle gisa aukeratzeak prozesu kognitiboak adierazten ditu; haurrak kontuan hartu behar ditu bi objektuen ezaugarriak, objektu bat bestearen adierazle moduan aukeratu behar du, eta,azkenik, adierazle bat eraikiko du. Ildo horretan kokatzen da gure lana, hau da, haurraren pentsamendu autonomoa eta sortzaileari arreta jartzean, eta horrek izan beharko luke gure iparra.

Baina zer gertatzen da adierazlea adieraziaren kopia minimizatua denean? Myrtha Choklerrek, 'Cómo se juega el niño cuando juega’ artikuluan, haurraren jolasaren inguruko gogoeta hau egiten du: “Haurrak objektuaren metamorfosi moduko bat egiten du. Errealitateko objektu baten zenbait ezaugarri ezagutzen ditu, eta ezaugarri horiek beste objektu batzuei ezartzen dizkie. Hala, makila luzexka bat koilara izan liteke; kartoizko kaxa bat, kamioi; erratza, zaldi; palankana bat, batzuetan lapiko, beste batzuetan itsasontzi…”. Eta hauxe dio gainera, adin bakoitzerako jolas edo jostailuen egokitasunaz: “Haurrek jolas asko egin ditzakete, baita jostailurik gabe ere; baina jolaserako espazioak behar dituzte, txikiak direnean batez ere. Jolasaren barnean, jostailuek sostengu-funtzioa betetzen dute, bereziki moldagarritasuna edo askotariko esanahiak eskaintzen dituztenek. Errealitatea zehaztasun handiegiz irudikatzen dutenak, berriz, ez dira egokiak”. Beste era batera esanda, objektuak adierazlearen eta adieraziaren arteko harreman askotariko eta aldagarria sortzen laguntzen ez duenean, jolas sinbolikoa erabat pobretzen da; hiltzen ez bada, azkenetan egongo da. Zentzu horretan, jolas sinbolikorako lekurik geratzen ote zaio haurrari, errealitatearekin antza duten jostailuak eskaintzen badizkiogu? Bada, ez. Objektuak zenbat eta gutxiago adierazi, haurrak gehiago jarriko du bere aldetik. Piklerren ikuspegiarekin bat etorriz, gauza bera gertatzen da mugimenduari dagokionez ere: helduak zenbat eta gutxiago ipini, gehiago jarriko du haurrak bere aldetik. Horregatik esaten dugu honako hau mugimendu librea defendatzen dugunok: erretiratu zaitez, eraiki harreman sakon bat zainketetan, eta umeak disfruta dezala zu ondoan edukita, baina bere ekimena baldintzatu gabe. 

1-2 urteko haurren gelak antolatzeko proposamen zehatzak

Beraz, aurretik aipatutakoa kontuan izanda, zer objektu eta material aukeratzea izango da egokiena? Nola antola dezakegu 1-2 urteko adin-tarteko haurrentzako gela? Hemen aurkeztuko dudana galdera horri erantzuteko proposamena da. Txokoen ideiarekin lot daiteke hemen proposatzen dena, baina nik nahiago izan dut jarduera-foku gisa aurkeztu, txokoen terminoa erreta dagoela iruditzen zaidalako. 

Orduan, nola lor daiteke 1-2 urteko umeen gelan jarduera edo jolas autonomorako koherentzia? Hasteko, garbi izan behar dugu hau: jolasa, edo librea da, edo ez da jolasa. Eta zein dira ezaugarri berriak 1-2 urteko adin-tarteko umeengan? Nik, oraingoz, bi azpimarratuko ditut: bata motrizitate globala da; umeak jada katuka dabiltza, zutitu egiten dira, munduarekin harremana izateko guztiz modu desberdina daukate. Eta bestea aire zabaleko bizitza da. 0-1 urteko adin-tartean, ez nau horrenbeste kezkatzen aire zabalaren falta horrek. Baina, 1-2 urteko adin-tartean, ezinbestekoa horri buruz hausnartzea. Izugarrizko garrantzia dauka adin-tarte horretan aire zabaleko bizitzak. 

0-1 urtetik 1-2ra eta 2tik aurrera koherentziaz aritzea ahalbidetzen duen beste ezaugarri bat da ez-direktibotasuna hartzea pedagogiaren ardatz edo bizkarrezurtzat. Ez-direktibotasunaren beste muturrean, helduarengandik sortzen diren proposamen kolektiboak daude. Eta beharrezkoa iruditzen zait horren gaineko azterketa egitea, zeren uste dut proposamen kolektiboetan eta zuzenduetan oinarritutako metodologiaren eta jarduera-fokuetan oinarritutako metodologiaren artean bateragarritasun eskasa dagoela. Edonor mugi daiteke ez-direktibotasunean, eta egoera batzuk zuzenduak izan daitezke, baina ahaztu gabe bere bizkarrezur metodologikoa ez-direktibotasuna dela. Horri lotuta, 0-3 urteko adin-tartean lan-metodologia gisa proposamen kolektiboak eta zuzenduak ez erabiltzeko hainbat arrazoiren artean, hiru azpimarratuko ditut: 

Esfinterren jabetzari dagokionez, haur guztien maskuriek ez dute berdin funtzionatzen. Loari dagokionez ere, haur guztien nekea ez da une berean gertatzen. Eta jatorduekin ere, antzeko zerbait gertatzen da. Modu berean, jolasari dagokionez ere, haur guztiei ez zaie jarduera bera interesatzen, ez eta denbora-tarte berean ere. 

Adin horretan, haurren autonomia lortzeko prozesuan, atxikimendutik abiatuta, banakotasuna eta identitatearen eraikuntza daude jokoan, bereizketa- edo banaketa-prozesuaren parean. Zentzu horretan, helduak bereziki proposamen kolektiboak eta zuzenduak egiten dituenean, mugatu egiten da bereizketaren, banakotasunaren eta nortasunaren garapena. Haur guztiek une berean helduak proposatutako gauza bera egin behar badute, ez dago lekurik beren identitaterako. 

Direktibotasunean oinarritutako metodologien efikazia eza eta pobrezia. Oso garrantzitsua iruditzen zait azken hori, normalean justu alderantziz saltzen baita. Francesco Tonuccik honako gogoeta hau egiten du: “Idazketarako prestatzeko jarduera moduan erabiltzen da marrazketa, eta inprimatutako objektuak koloreztatzera behartzen da haurra. Horrela, ez du forma desberdinak asmatzen ibili beharrik izango gero, eta mugetatik atera gabe ibiltzera ohituko da. Modu horretan, ez da arrastotik aterako biharko egunean”. Bi irakurketa egiten ditu: bata, begiaren eta eskuaren arteko harremanari dagokiona, eta, bestea, hiritar gisa etorkizunean izango denari buruzkoa. 

Zein jarduera-foku proposatuko ditugu 1-2 urteko adin-tarteko umeen espazioan?

Hasteko eta irizpide orokor gisa, kontuan izan behar dugu jarduera-fokuen erabilera zirkulazio librearen printzipioan oinarrituko dela. Haurrak nahi duen gunera libreki joateko aukera dauka, eta, era berean, bertan nahi duen denboran egotekoa ere bai. Gainera, argi izan behar dugu ez ditugula izango erantzun jakinak galdera guztietarako. Horregatik, beharrezkoa izango da guztiak inplikatzea lortuko duen bilaketa bat egiten asmatzea, eta ez dugu ahaztu behar bati balio dionak ez diola beste bati nahitaez balio behar. 

Hona hemen jarduera-fokuen diseinurako proposamena:

1) Motrizitate globalaren jarduera-fokua: 1-2 urteko adin-tarteko umeen espaziora pasatzean, aldatu behar ditugu 0-1 tartean genituen motrizitate-egiturak . Beharbada zerbaiti eutsi behar zaio, malguak izan behar dugu horretan; baina behatu ondoren ohartuko gara egokitzeko beharra dugula. 1-2 urterako, egokiak dira egurrezko egiturak, batez ere igo eta jaisteko aukera ematen dutenak. Eskailerak oso material interesgarriak dira adin-tarte horretan, mugimendua aktibatzen dutelako eta gorputz kontzientzia areagotzen laguntzen dutelako. 

2) Hondar-txokoa: haurrek asko miresten duten jarduera-fokua da hondar-txokoa. Barruko espazioan dagoen txokoaz ari gara, eta, gune hori prestatzeko, asko pentsatu behar da, eta erabakiak hartu behar ditugu. Askotariko erabakiak har ditzakegu; talde batek arau batzuk adostuko ditu, eta beste batek, beste batzuk. Printzipioz, guztiak dira baliagarriak. Baina komeni da ezaugarri hauen inguruan erabakiak hartzea: hondarra atera daiteke hondar-txokotik kanpora, ala ez? Haurren kopurua mugatu egingo da?, harea umela ala lehorra?, hondar-txokoa itxitura batek mugatuko du?, txoko honetara beste guneetako materiala sar daiteke? Galdera horien erantzunak adostu behar ditugu espazio hau diseinatzeko garaian. Gainera, interesgarria izan daiteke hondar-txokoan giza irudiak, tresnak, ibilgailuak edota animaliak sartzea.

3) Trasteekin jolasteko gunea edo jolas heuristikoaren jarduera-fokua: gune honen gakoa betetzea eta hustea da, mota askotako materialak ontzi batetik bestera aldatzea, sakabanatzea, elkartzea… Fisikako ariketak dirudite azalean, baina, psikoanalisiaren terminoetara ekartzen badugu, nortasunaren eraikuntzaren dinamika dago azpian. Beraz, adin-tarte honetan, jarduera-foku hau sukaldearen ideiarekin interpretatzea helduaren aurreiritzia izango da, adin honetako haurrak ez daudelako oraindik jolas sinbolikoaren etapan; geroago etorriko da hori. 

4) Buztinaren jarduera-fokua: interesgarria iruditzen zait Alfredo Hoyuelosek jarduera honetarako egindako proposamena. Irazgaiztutako mahai bat Egitura zapala folioaren ordezko gisa erabil dezakegu. Eremu honetan, amantalak egokituko ditugu, eta ur-sistema bat buztina ez gogortzeko. Haurrek buztinaren bidez gorputzarekin harreman zuzena izan dezaten ahalbidetuko dugu, eta oso gauza politak egitera iritsiko dira. 

5) Agertzeko eta desagertzeko tokia: elkartzearen eta banatzearen prozesuei egiten die erreferentzia gune honek. Ezkutatzea, desagertzea, itxura aldatzea, iluntasunaren bizipena… haurraren behar sakonekin lotuta daude, eta bizipen horiei gune bat eman beharko genieke. Egokiak lirateke ezkutatzeko leku bat, ikusten uzten duen gortina bat, kanpoa eta barrua bereizten dituen egitura bat, eta baita itxura aldatzeko baliabideen lekua ere. Baliabide horretan, oihalak, gonak, betaurrekoak, zapatak eta antzeko materiala jar dezakegu, baina kopuru mugatuan, gehiegi izan gabe. Interesgarria da, era berean, material horren ondoan ispilu bat jartzea, nork bere gorputza ikusteko moduko tamaina duena. Ezkutatzeko guneak iluntasunarekin jolasteko aukera ematen badu, gerora, argiarekin jolasteko gune batera jo daiteke, baina hori ezingo dugu aurrez jakin. Hala gertatuko balitz, argiaren gune iraunkor bat sortu daiteke, baina, hasieran, nahikoa da erraz erabiltzen diren linternatxo batzuk jartzea. 

6) Panpinekin jolasteko jarduera-fokua: panpina pare bat, bi sehaska, mantatxoak… eta nahikoa izango da. Zerbait behar badute, jolas heuristikoaren gunetik ekarriko dute. 

7) Atsedenerako gunea: egunean zehar, badira zenbait une, non haurrek beren jardueran etenaldi bat egiteko beharra sentitzen duten. Atsedenerako gunea geldialdi horietarako dago pentsatuta, eta erosoa, bereziki lasaia eta bertan egoteko gonbita egiten duena izan behar du. Geldialdi hauek aldi batekoak dira, eta, denbora pasatzean, haurra beste jarduera-foku batzuetara itzuliko da. Atsedenerako gunean ere jarduera dago, baina egotea du ezaugarri nagusi. Gune horretan, honako elementu hauek jar ditzakegu: landare bat eta arrainontzi bat, sofa edo antzeko elementuren bat, atsedenerako gunea estaltzen duen oihalen bat biltze hori indartzeko… Familiakoen argazkiak ere interesgarriak izan daitezke gune horretarako, edota ohetxoren bat kuxinekin, ipuin batzuk, peluxeak, mantatxoak… 

1-2 urteko adin-tartean, oraingoz, egosten edo marinatzen ikusten ditut jarduera-foku hauek: 

8) Eraikuntzen jarduera-fokua: uste dut adin-tarte honetako espazioan eraikuntzako materiala eduki behar dela, baina ez dugu espero behar inolako eragiketa sofistikaturik. Ildo beretik, biraka higitzen diren objektuak ere interesgarriak izan daitezke adin honetarako, edota tutu gardenekin egindako egiturak, pilotekin ekintza aktiboak garatzeko. 

9) Marrazketarako jarduera-fokua: 2 eta 3 urteko umeen espaziorako egokiagoa ikusten dut marrazketarako gunea, baina 1-2 urtekoen gunean has gaitezke gela marrazketa-elementuekin hornitzen. Hala eta guztiz, eremu hau eskainiz gero, bertikalean izan beharko lukeela iruditzen zait. Izan ere, adin hauetan haurra zirrimarren fasean dagoenez, interesatzen zaiguna zinestesia da, hau da, gorputzaren mugimenduaren askatasuna. Haurraren marrazketaren eboluzioa garapen motorrarekin lotuta dago, eta, zentzu horretan, arlo sentsoriala da bilatu behar duguna, zinestesia. 

Gune batean zein bestean, material batekin zein bestearekin, probatu egin behar da. Gure lanbidean, proba asko egin behar dira, eta zintzoak izan behar dugu gure buruarekin. Zerbaitek funtzionatzen ez badu, kendu egingo dugu. Dinamika hau guztia aurrera eramateko, ez ditugu behar inbertsio handiak, baizik eta pedagogia merke bat. 

Bukatzeko, bi hausnarketa egin nahi ditut. Batetik, umeekin gauzak ondo egin nahi baditugu, haiei eskaini baino lehen ibilbide bat egin behar dugu; askoz hobe taldean bada, baina, bestela, bakarka. Dena den, ezin  ditugu gauzak itsu-itsuan egin, batere pentsatu gabe. Beharrezkoa da aurrez ondo pentsatzea. Eta, bestetik, argi utzi nahi dut proposamen hau barruko espazioa duintzeko asmoarekin sortu dela. Ez da, inondik inora, aire zabaleko bizitza ordezkatzeko. Onartezina iruditzen zait zer-nolako aire zabaleko espazioak eskaintzen diren zenbait tokitan. Zentzu horretan, borroka egin beharra dago, ez delako ezer lortzen borrokatu gabe.