‘Haur eta gazte literatura eskolan’ ikastarorako izen-ematea zabalik da

2019-12-12

Irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formazio literarioa aberasteko eskaintza egitea da helburua. Galtzagorri Elkarteak eta EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailak elkarrekin antolatu dute ikastaroa.

 
 
‘Haur eta gazte literatura eskolan’ ikastarorako izen-ematea zabalik da

UPV/EHU-ko Etengabeko prestakuntzako ikastaroen eskaintzaren barruan ikastaro berri bat eskainiko dute urtarriletik aurrera. Galtzagorri Elkarteak eta EHUko Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika Sailak elkarrekin antolatu dute ikastaroa, eta Eusko Jaurlaritzaren Kultura Saileko Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak diruz lagundu du.

Antolatzaileen esanetan, irakurketaren inguruan gaurko gizartean eta, bereziki, hezkuntza-esparruan dagoen kezka bati erantzuteko asmoz sortu dute ikastaro hau: “Zehazki, irakurketa literarioak eskoletan duen lekua hobetzeko, eta irakurketan bitartekari diren irakasle edo irakaslegaien formazio literarioa aberasteko eskaintza egin nahi dugu ikastaro honen bidez”.

Ikastaroak 75 orduko iraupena izango du, 5 ikasgaitan banatuta. Ikasgai bakoitzak 15 orduko balioa izango du, horietatik 9 presentzialak izango dira, eta 6 ez-presentzialak, on-line modalitatean egitekoak.

Ikastaroan izena emateko epea zabalik dago jada eta urtarrilaren 15ean amaituko da. Izena emateko eta informazio gehiagorako www.galtzagorri.eus webgunera jo beharko da.