Etxeak eskola bihurtuta; argazki bat Euskal Herriko ikastetxeei eta etxeei (I)

2020-03-26

Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamenduak hasieratik eragin die ikastetxeei eta etxeei; iraskasleei, hezitzaileei, ikasleei eta familiei. Ezohiko egoera honen argazkiak aterako ditu Hik Hasik hurrengo egunetako erreportajeetan, ikastetxe hutsetatik etxe barruko hormetara sartu eta han gertatzen ari dena azaltzeko.

Lehendabiziko erreportaje honetan ezohiko egoera honek ekarritako lehen lezioa azpimarratzen da. Inor baino lehenago konturatu dira irakasleak eta familiak ezin dela normaltasunez jarraitu, ahaleginak egingo dituztela egokitzeko eta jarraitzeko, baina denok izango ditugula galerak, hori dela lehendabizi ikasi behar dena eta hortik abiatuta jarraitu behar dela.

 
 
Etxeak eskola bihurtuta; argazki bat Euskal Herriko ikastetxeei eta etxeei (I)

 

Koronabirusaren ondorioz ezarritako konfinamenduak Euskal Herriko ikastetxe guztiak ixtea ekarri du eta horrek ezohiko itxura eman die herriei, auzoei eta etxeei: umeak etxean, guraso batzuk etxetik lana egiten, beste batzuk ohiko lantegira joanez, beste batzuk ohiko lantegira joan ezinik eta etxetik ere telelana egin ezinik, arrisku taldetzat hartzen diren aitona-amona asko bilobak zaintzen... Eta zurrunbilo horren erdian mezu bat: “ikastetxeak ez daude oporretan, eskola-jardueraren aldi baterako etenaldia ez da eskola-jardueraren etenalditzat
hartu behar; aitzitik, ahalegina egin behar da ikasleek egunero etxean ikasteko ohiturari eutsi diezaioten, irakasleei dagokie material didaktikoa prestatzea eta ikasleen eskura jartzea, ahal den neurrian, modu ez-presentzialean lan egiten jarraitu ahal izan dezaten”. Irakasle gehienak, baliabide teknologikoek aukera ematen baldin badiete, etxetik ari dira lana egiten. Zuzendariak, ikasketaburuak, administrazioko baten bat eta eskolazaina hurbiltzen dira zentroetara, hurbiltzekotan.

 

Ezin uka ezohiko egoera horrek lan gehiago, aldatu beharra, ikasi beharra eta egokitu beharra ekarri dituela irakasle eta hezitzaileentzat, eta estres pixka bat sortu duten egunak izan dira hasierakoak. Gasteizko Zabalgana institutuko Miren Fernandez de Betoño ikasketaburuak lan eta lan ari direla dio: “Ez dakit lehen baino gehiago egiten ari garen, baina irakasleok lanpetuta gabiltza: nola bideratu pentsatzen, orain arte beste modu batera irakasten ziren unitate didaktikoak edo ariketak orain telematikoki egin behar dira eta hori nola egin pentsatzen, antolatzen... Gogoz gaude, baina lanpetuta. Erronka berri bat da, txipa aldatu behar dugu eta oso zaila da. Ezin ditugu eskolak modu arruntean eman, eta hasteko, nik uste dut hori asumitu behar dugula lasaitasunez aritzeko. Ahal dugun heinean jarraipena egingo dugu, hori bai, baina argi edukita salbuespen egoera batean gaudela”.

 

Iruñeko San Fermin ikastolan ere antzeman dute urduritasunak gora egin duela. Hirune Pellejero ikastolako zuzendari orokorrak uste du hiperaktibitate egoera batean egon direla lehendabiziko egunetan: “Beste egoera batzuetan erresistentzia gehiago egon badaitezke ere, oraingoan alarma egoera hau hain barneratuta dugu, benetan auzolan digitalean ari garela. Behin dena antolatutakoan eta bideratutakoan pixka bat lasaitu gara. Ez dakit eguneroko lan kantitatea handitu izana den ala egoera bera: etxean gaude, ez dugu etxetik kanpo inongo aktibitaterik egiten, eta ondorioz badago halako joera bat egun osoan zehar gauza bera egiten jarraitzeko: aldiero korreoan sartu eta zalantzak kudeatzen ibiltzearena, edo ikasleak ere beraien antolaketa desberdina egitearena goizez eta arratsaldez, edo arratsaldez gehiago luzatzearena...”. Horregatik, zuzendaritzak mezu bat bidali zien irakasleei laneko orduak mugatzeko. “Sekulako lan pila egin dugu egun hauetan egoerari aurre egiteko eta guk zerbait komentatu badugu izan da zein pozik gauden irakasleen inplikazioarekin. Horregatik, zubiak eta asteburuak atseden hartzeko probesteko esan diegu. Esate baterako, goizeko 8etan hasi bagara lanean, arratsaldeko 4etatik aitzinera ezin da ikastolako whatsappetan lanari buruz aritu, bestenaz badugulako arrisku bat egunero horrela arituta hemendik hamabortz egunera leher eginak egotearena eta indarrik gabe egotearena”, dio Pellejero zuzendariak.

 

Irakasleak, ikasleak eta familiak, denak daude egoera berri honetan. “Egoera hau denontzat da berria, ikasleentzat ere bai eta ikasleak ere honetara egokitzea zaila da”, dio Argiñe Korta Tuterako Argia ikastolako zuzendariak. “Estresa guregan, ikasleengan eta familiengan antzematen da. Familia askok mezuak bidaltzen dituzte fitxa hau falta zaiola, beste hau ez duela egin...”. Oraindik neurria hartzen ari dira denak, ikasten eta egokitzen guztiak. “Egunero konektatzen gara, bilerak ditugu lankideon artean, ikasleak berehala konektatzea nahi izan dugu, lanean jartzea, etxerako lanak berehala bidaltzea, zuzentzea, gurasoak deika ditugu... eta horrek estresa sortu du”, kontatzen du Argia ikastolako zuzendariak. “Orduan, lasaitu egin behar dugu, pazientzia izan eta espetatibak jaitsi. Gauza bat da normaltasunez lan egiten saiatzea, baina ez gaude egoera normalean. Antzematen da, gainera, egoera hau ez dela 15 egunekoa izango, seguraski jarraituko duela, eta lasaitzen eta ikasten joan beharko dugu. Argi izan behar dugu ikasturte hasierako plangintza ez da beteko, baina horrek ez du frustraziorik sortu behar; aurten ikasten ez dena datorren urtean ikasiko dugu, jarraituko dugu. Adibidez, matematikan deribatuak ezin badira irakatsi, ikaslentzat errazagoa den beste zerbait irakatsi beharko diegu eta deribatuak azalduko ditugu maiatzean, edo ekainean edo urrian”. Gauzak ezin izango dituzte egin ikastolan egiten zituzten bezala, baina saiatuko dira ahalik eta kalte gutxien egiten ikasleen ikaste-prozesuari, “baina argi edukita galerak egongo direla denontzat eta hori horrela onartu behar dugula”, dio Kortak. “Galerak edukiko ditugu baina ez da ezer pasatzen; lehen esan bezala, ikasturte batean ikasi ez dena hurrengoan ikusiko dugu, eta hori da ikasi behar duguna”. Lanean baina uneko egoerara egokituta eta espektatibak jaitsita: “Lanean ari gara, lan asko egiten ari gara eta horrelako ezusteko egoera bati aurre egin behar diogu pazientzia askorekin. Egunerokotasunak esango digu nola moldatu behar dugun”.

 

Iritzi berekoa da EHIGEko koordinatzaile Lurdes Imaz: “Ezin dugu pentsatu ikasleek etxean eskolan egiten zutena egingo dutenik. Familia askotarikoak daude, ordutegia desberdina izango da, bestelako beharrak izango dituzte umeek, hala nola, lasaitzea, jolastea eta abar”. Gainera, eskolako lanak egiteko baliabideak, digitalak zein bestelakoak, denek ez dituzte eskura eta maila berean izango.  Kanboko Xalbador kolegiko Eñaut Elosegi zuzendariak badu egonezina horrekin: “Nik badut kezka horrela lan egiteak ez ote dituen ikasleen arteko desberdintasunak areagotuko eta ez ote diren desberdintasun sozialak edo familiaren araberako ondorioak emanen”. Izan ere, baliabide teknologikoez gain, beste hainbat faktore daude. “Agian ikasle batzuek aukera dute lan egiteko ongi, gauzak ulertuz, zentzua emanez, erritmo batekin, diziplina batekin, etxean horretara bultzatzen badute. Eta beste batzuen kasuan etxean gatazkaren bat baldin dago, etxekoek ez baldin badute denborarik edo ahalik segimendua egiteko, familia horietan gainbehera egon daitekeela imajinatzen dut”, laburbiltzen du Elosegik.

 

Gasteizko Zabalgana institutuan ere badute kezka hori, Miren Fernandez de Betoño ikasketaburuak azaltzen duenez: “Online dabilen ikasle batek gutxienez freskatuta dauka edukia, zalantza bat bidaltzen badu online erantzuna jaso dezake, eta besteek ez. Argi daukagu, tamalez, desberdintasuna egongo dela eta egoera kezkagarria dela, baina lasaitasunez aritu beharko dugu, ezohiko egoeran baikaude”.

 

Kezka hori bera bizitzen ari dira Batxilergoko eta lizeoko ikasleak, familiak eta irakasleak selektibitatea eta baxoa egitea egokitzen baitzaie aurten. Selektibitatea uztailaren 6, 7 eta 8an egingo da EAEn eta Nafarroan ekainaren amaieran. Baxoaren datak oraindik jarri gabe daude. Madrilgo Hezkuntza ministerioak eta erkidegoek adostu dutenez, “unibertsitateko sarrera justizia eta berdintasun parametroen arabera egiten dela segurtatzeko, proben eredua eta edukia aldatzea erabaki da, ikasleek ikasgairen bateko eduki-blokeren bat ikasgelan landu ez dutelako kalterik jasan ez dezaten”. Horixe da bermatu behar dena eta informazio gehiago jaso bitartean kezka da nagusi. Eñaut Elosegi  Xalbador kolegioko zuzendaria hala dio: “Baxoa egin behar duten ikasleek proba batzuk jada eginak dituzte, beste batzuk egitekoak ikastetxean bertan, eta azken proba, idatzizkoa eta estatu guztian aldi berean egiten dena, horrekin ez dakigu zer pasako den”. Lizeoko ikasleen kasua da hori, baina kolegioan ere badute beste proba bat: Brebeta. 3. mailako ikasleek maiatzean ikastolan bertan egiten dute ahozko azterketa bat, eta gero ekainean izan ohi dute nazionala. “Momentuz ez dugu horri buruzko informaziorik. Gainera, konfinamenduan egonik eta denbora asko eskolak egoera normalean eman gabe, ez dakigu prest izango diren, gai guztiak landuak izango dituzten, posible da Xalbadoren Historiako irakasleak egin duen progresioa eta Bretainiako eskola batean egindakoa arrunt desberdinak izatea, nola kudeatuko da hori... hori dena ideiarik ere ez”, gehitzen du Elosegik.

 

Ikasleak ahalik eta gutxien kaltetzea da helburua eta zentzu horretan San Fermin ikastolan familiak eta ikasleak lasaitzen ari direla dio Lina Andueza Bigarren Hezkuntzako zuzendariak: “lana egiteko garaian, DBHkoek bezala, ez dute arazorik, ez zaielako arrotza egiten digitalki lan egitea. Gehiago landu beharrekoa da alderdi emozionala, antsietatea, asko baitute jokoan. Orientazioa oso inportantea da ikasturte hauetan eta momentu honetan familiekin eta tutoreekin orientazio-saio garrantzitsuak zeuzkaten programatuta. Beraz, orain, bideoak eta audioak sortu beharko ditugu eta familiekin hangouts moduko plataformekin bilerak egin beharko ditugu. Behar baitute emozionalki eta horri erantzun egin behar zaio”.

 

Antzeko egoera bizi dute Lanbide Heziketako ikasleek. Erdi zein goi mailako 2. mailako ikasleak enpresa eta erakundeetan praktikak egiten ari ziren une honetan, eta praktika horiek guztiak etenda gelditu dira. Nahiz eta enpresa horietako batzuk irekita jarraitu, ikasleen praktika guztiak bertan behera geratu dira. Iurretako Lanbide Eskolako Tomas Maguregi zuzendariak dioenez, salbuespen batzuk badira: “Hainbat enpresatan ikasleei etxetik egin ahal izateko lanak bidali dizkiete, baina espezialitate guztietan ez da posible hori. Administrazioan, esate baterako, bai, baina makinekin lan egin behar duten kasuetan ez, ezin dira makinak etxera eraman”. Praktikak bukatu ondoren eskuratzen dute titulua ikasleek eta horretarako 380 orduko praktika-aldia egin behar dute. “Bizi dugun egoeraren aurrean, badirudi Hezkuntza Ministerioak ontzat emango duela ordu kopuru hori jaistea eta 220 ordurekin nahikoa izatea”, gehitzen du Maguregik. “Baina erabaki hori agintarien esku dago, ez gure esku”.

 

Lehentasunak aldatu beharko dira, ikasketa-prozesuak adina garrantzi izango baitu guztion egoera emozionalak, fisikoak eta ongizateak. San Fermin ikastolako Hirune Pellejero zuzendari orokorrak dio alderdi horri hasieratik eman ziotela garrantzia: “Lehendabiziko egunetik igorri genizkien familiei eta ikasleei gomendioak eguneroko plangintza bat egin zezaten, eta plangintza horren inguruan zein garrantzitsua zen ikasteaz edo lan egiteaz aparte beste gauzetarako ere tartea hartzea: kirola edo ariketak egiteko, familian berean egoteko beste zerbait egiten, solasten... Erran nahi dut,  ikasteaz edo lan egiteaz landara beste gauza batzuetarako ere denbora uztea eta horiek ere errutinan sartzea”.