Konfinamendua harrera zentroetan: “Konplexua da elkarren artean metro eta erdiko distantzia mantentzea”

2020-04-06

Eskolak itxita daude eta umeak etxean, bakoitza bere etxean. Bai, konfinamenduan ohikoa bihurtu den argazkia da hori. Baina badira beste argazki batzuk ere; ume guztiak ez daude haien jatorrizko etxeetan, batzuk harrera zentroetan daude, eta horiek ere, une hauetan, eskolara joan gabe daude, denak zentroan.

 

Gipuzkoako Foru Aldundiaren eskumenekoa den Donostiako Zabalduz Uba zentroa da horietako bat. Zabalduz kooperatibak kudeatzen duen adin txikikoentzako larrialdi zentroa da eta 0-18 urte bitarteko umeak eta gazteak bizi dira bertan. Konfinamenduko egun hauetan egoera berria bizitzen ari dira, eta horren lekukotza eman diote Hik Hasiri Beatriz Maillo zuzendari pedagogikoak eta Onintze Kamino gizarte hezitzaileak.

 
 
Konfinamendua harrera zentroetan: “Konplexua da elkarren artean metro eta erdiko distantzia mantentzea”

 

Zenbat haur eta gazte dituzue une honetan Zabalduz Uba zentroan?

Beatriz Maillo eta Onintze Kamino: Normalean Gipuzkoako Foru Aldundiaren bi programatako haur eta gazteak edukitzen ditugu. Batetik, Bakarrik Dauden Adingabe Atzerritarren larrialdiko harrera programakoak; eta bestetik, erreferente familiarrak dituzten adingabeen larrialdiko harrera programakoak. Koronabirusa dela-eta, bi etxebizitza berri ahalbidetu dizkigu Foru Aldundiak erreferente familiarrak dituzten 20 haur eta gazte autoktonoentzat. Beraz, horiek etxebizitza berri horietara joan dira eta une honetan gure Zabalduz Uba zentroan beste programako 36 haur eta gazte bizi dira; Gipuzkoara bakarrik iritsitako haur eta gazte migratzaileak dira denak eta guztiak daude eskolatuta.

Larrialdiko zentroa bada ere, hemen dauden bitartean denei eskola alternatiba bat bilatzen ahalegintzen gara (institutua, lanbide ziurtagiriak lortzeko ikastaroak, Lanbide Heziketako zikloak...). Norbanakoaren beharren eta adinaren arabera, proiektu hezitzaile askotarikoak abiatzen dira.

Dena den, Euskal Herriko gainerako haur eta gazte guztien antzera, eta Gipuzkoako gainerako harrera etxeetako haur eta gazteen antzera, orain etxean daude denak.

 

36 haur dauzkazue zentroan 24 orduz, kanpora atera ezinik, konfinamenduan. Zer suposatu dizue aldaketak? Zer ekarri dizue?

B. M.: Zorte handia dugu, zentroan bertan irakasle bat baitaukagu. Hala ere guztiz ere, gainerako harrera etxeen antzera, orain arte sortutakoaren gainean birsortzeko beharrarekin egin dugu topo errealitate berri hone aurrean. Eguna joan, eguna etorri, hainbeste pertsona zentroan edukitzeko, ezinbestekoa da sortzeko gaitasuna. Baikortasunez eta itxaropenez kudeatzen dugu egoera.

O. K.: Ezustean harrapatu gaitu pandemiak. Inpaktua izan du generaman bizimoduan eta jendartearen egunerokotasuneko aldaketak handiak eta berehalakoak izan dira. Hortaz, gurean ere antzeman da antolatzeko premia. Beharrak sortu ahala eta gertaerak jazo ahala, talde lanean aritzen gara. Inprobisazioa, sormena eta irudimena ezinbestekoak suertatzen zaizkigu.

 

Nola ari zarete kudeatzen egoera? Nola antolatu zarete?

B. M.: Zentroko ohiko egunerokotasuna hainbat jarduerekin programatua dago: gaztelaniazko zein euskarazko alfabetatze eskolak, hainbat gairen inguruko tailerrak, kirola, gorputz adierazpena, eskulanak, emozioen lanketa, baratzea, zinema, etxeko senideei deiak (bisitak bertan behera gelditu baitira), ordenagailuaren eta Internet erabilera… eta ohiko jarduera horiez gain, hezitzaile taldea ekintza bereziak antolatzen ari da: ginkana bat, altxorraren bila, scape room moduko bat…

O. K.: Guztien ongizaterako, haur eta gazteekin elkarbizitza osasuntsua izan dadin, nahitaezkoa da guztion ahalegina. Eguneroko ekintza horiek (aldez aurretik aipatzen direnak) ahalik eta mimo gehienarekin saiatze gara aurrera eramaten, egokitzen zaizun gazte taldearekin momentu on bat pasatzea baita helburua, batez ere, egunak (eta asteak) eramangarriagoak izan daitezen. Larrialdi harrera zentroa izanik, maiz, antolatutako ekintzen aurrean aurreikusi gabeko ezustekoak gerta daitezke. Gazte taldeak zein profesionalok errealitate berri hauetara egokitzeko dugun gaitasuna aipatzekoa da.

 

Ikastetxeetatik lanak bidaliko dizkiete. Nola egiten duzue horren jarraipena? Baliabiderik ba al duzue denentzat (esate baterako, ordenagailuak, Internet...)? Hezitzaileen esku geratzen al da denei jarraipena egitea, laguntzea, lanak egiten dituzten edo ez begiratzea...? Zuen zeregina da irakasleekin harremanetan egotea?

B. M.: Ditugun baliabideei ahalik eta erabilera egokiena emanez antolatu behar izaten dugu. Ordenagailua nahitaezkoa duten gazteek portatilak erabiltzen dituzte, eta gainerakoek eskuz egiten dituzte irakasleek aldez aurretik korreo elektroniko edo google drive bidez bidalitako lanak. Guk inprimatzen ditugu eta ondoren eskaneatuta iritsiarazten dizkiegu etxeko lanak irakasleei. Beste kurtso batzuetatik erantzunak ere bidaltzen dituzte zeinbat irakaslek, gazteek eurek zuzen ditzaten lanak. Telefono bidez edo korreo elektronikoz jarri ohi gara kontaktuan irakasleriarekin.

O. K.: Hezkuntza prozesuan ere, gure gazteen bidelagun izatea da hezitzaileon rola. Guzti-guztiek dute ikasteko ilusioa, norberak bere beharrak eta ikasketa maila ditu (batzuk euren herrialdeetatik alfabetatu gabe iritsi dira), eta askotan ez da erraza behar bezala eta behar bezainbeste denengana iristea. Ikasteko gaitasunak eta motibazioak bultzatuta, ordea, gehiengoak hilabete batzuen buruan gaztelania eta euskarazko espresioak barneratzen dituzte. Gehiengoak autonomia handiz egiten ditu eskolako etxeko lanak, beste askok lan gehiago eskatzen dizkigute eta euren artean ere asko laguntzen diote elkarri, batez ere momentuko itzulpenak egiteko. Hezitzaileok jarraipen orokor bat egiten dugu talde handian eta gazte bakoitzak bere hezitzaile tutorea duenez, berau arduratzen da gertuagoko jarraipena egiteaz.

 

Haur eta gazte hauek zuen beharra dute, zuek zaudete zuzenean beraiekin gurasoen ordez. Arrisku taldea zaretela kontuan hartuta, zer neurri hartu ditzakezue?

B. M.: Prebentzio prozedura jarri genuen martxan: higiene neurriak areagotuz, zentroko garbiketak sakonago eginez, guztion gorputzeko tenperatura neurtuz, eta sintomarik duen pertsonen bat izanez gero, harengana gerturatzeko beharrezko materiala erabiliz (eskularru eta maskarak edota EPIak behar izanez gero). Aurrez aurreko bilerak zein bisitak bertan behera utzi ditugu eta telelanaren bitartez koordinatzen gara.

O. K.: Alarma egoera hau berria da denontzat, beraz, hezitzaileon artean zalantzak edo kezkak izatea ez da harritzekoa. Geroni gara lanerako baliabide nagusiak, eta bestela ere, gure lana modu arrakastatsu batean aurrera eramateko norbere burua zaintzea ezinbestekoa denean, errealitate berri honetan, are gehiago. Gure esku dauden neurri guztiak hartu ditugu lanean bertan, baina egunerokotasunean pertsona askorekin jarraitzen dugu kontaktua izaten. Uba etxe handi bat da, familia arrunt batean sortzen diren dinamikak errepikatzen dira behin eta berriz, baina beste dimentsio batean, beraz, esate baterako nahiko konplexua suertatzen da elkarren artean metro eta erdiko distantzia mantentzea.

 

Baliabideez gain, zer behar dituzte haur eta gazte hauek alderdi fisikotik, emozionaletik, sozialetik, harremanetatik... begiratuta? Nola daude une honetan behar horiek? Erantzuten zaie ala ezin da? Zer ondorio ekar ditzake?

B. M.: Oro har, akonpainamendua, jarraibideak ematea, errealitatearen azalpena egitea, eta irribarre, keinu eta hitzen bidez maitasuna transmititzea, nahiz eta azken hori, haur txikitxoenekin zailagoa den kontaktuagatik. Horrez gain, kontuan eduki behar dugu gure haur eta gazteak badutela bigarren kezka bat, euren tokiko familien egoerarena, hain zuzen. Munduko beste herrialdetara ere iritsi da konfinamendua eta euren familien ongizateak asko kezkatzen ditu.

O. K.: Ikasleak baino lehenago, premia biziak dituzten haur eta gazteak dira. Modu batera edo bestera, ikasteko eta irakasteko prozesua ez da gelditu, eraldatu egin da, baina norbere barruko prozesuak aurrera jarraitzen du eta prozesu akademikoari ez ezik, beste alderdiei ere kasu egin behar diegu, are gehiago alarma egoeran gauden honetan. Egunerokotasuneko gauza txikienetatik abiatuta adimen emozionalari duen lekua eskaintzen saiatzen gara. Idazten jakitea edota ondo idaztea, zenbatzea, buruketak egiteko gai izatea, irakasgaiak gainditu eta nota ona ateratzea, lanbideren bat ikastea… garrantzitsuak dira denak, denbora eta esfortzua eskaini behar zaizkie, baina norbere eta ingurukoen sentimenduak identifikatzen jakin eta harremanak egoki kudeatzea, hori bai dela ezinbestean landu beharrekoa.

 

Zer ekarriko egoera honek guztiak? Zerbait ikasteko balioko du?

B. M.: Zerbait ikasteko balio beharko liguke. Bai hezitzaile taldeak, eta baita gazteek ere, pazientzia dosi ikaragarriak erakusten dituzte. Honek guztiak oraindik eta gehiago elkartzeko balioko digu, gatazkak badauden arren, berauek aukera bezala biziz gero, ikasten jarraitzeko aprobetxa ditzakegu, elkar gehiago ezagutzeko. Berrikuntza eta sormen bolada honetan, gazteak eta gazteen proposamenak gertuagotik entzuteko balioko digu egoera berri honek.

O. K.: Harrera zentro batean haur eta gazteekin lan eginez gero, egunero ikasten da zerbait. Hezitzaileon betebeharra ez da soilik erakustea, irakastea edo heztea. Sarritan, nik beraiekin, beraiek nirekin baino gehiago ikasten dudanaren sentsazioaz itzultzen naiz etxera. Zeure errealitatearen ispilu dira, etengabe zure mugekin egiten duzu topo, eta egunean zehar bizitako gertaera txiki batek zer pentsatu handia eman diezazuke. Sentimendu hori, gauden alarma egoera honetan, mantendu edo areagotu egiten da, beraz, honek guztiak ekarri behar du bere alderdi baikorra. Bizitza bera gehiago baloratzea akaso. Ziur aurrerantzean kontzientzia handiagoz biziko garela.

Zabalduz Uba zentroan muxu eta besarkadak eguneroko ogia ziren, orain faltan botatzen ditugu. Ez genuen pentsatzen egunen batean denboraldi baterako beti bezala bi muxu emanez kaixo eta gero arte esateari utziko genionik… Horrenbestez, keinu txikienak baloratzeko balioko digu bolada honek.