Amaia Serrano: “Kulturak eguneroko bizimodu azkarrean arnasa hartzeko aukera eskaintzen du, ez da denbora galtze bat”

2020-04-08

Euskal kultur sorkuntzaren transmisioa biziberritzeko lanean ari da Amaia Serrano Mariezkurrena (Donostia, 1984) beste hainbat eragilerekin batera, saretu eta baliabideak eskaintzeko hezitzaile eta norbanakoei. EHU-ko hezkuntza fakultateko irakaslearen aburuz, ezin baita, egiteko hori irakasleen eta familien bizkar utzi: “Ematen du haurrak garenean fantasiazko munduan aritzeko eta gorputzaren kontzientzia garatzeko behar handiagoa dugula eta heldu ahala behar horiek desagertzen direla”.

 
 
Amaia Serrano: “Kulturak eguneroko  bizimodu azkarrean arnasa hartzeko aukera eskaintzen du, ez da denbora galtze bat”

Eskola eta familia dira hizkuntza eta kultura transmititzeko testuinguru naturalak. Gurean, bi kanal horietan, zer-nolako osasuna du euskararen eta euskal kulturaren transmisioak?

Jakina da euskararen eta euskal kulturaren transmisioan badirela arnasguneak, euskaraz bizi eta euskal kultura ere kontsumitzen duten eremuak; hala ere, eta diagnostiko sakonik egiteko asmorik gabe, ukaezina da euskaraz alfabetatutako gazte gehien ditugun honetan, euskararen ezagutzaren eta erabileraren arteko arrakala handitu egin dela. Familietan oro har erlaxatu egin garela esango nuke, militantziaren kontzientzia galdu egin dela. Iruditzen zait ustez gatazkarik gabeko une batean bizitzeak ekarri duela halako lasaitasun bat: teorian, sortu ditugu euskaraz dakiten belaunaldiak. Hurrengo urratsa falta zaigu: erabilera sustatzea.

 

Gauza bera gertatzen da kulturaren transmisioarekin. Irudipena dut Haur Hezkuntzan kulturak presentzia handia duela: artea, dantza, olerkiak, ipuinak eta abarrek. Alabaina, Lehen Hezkuntzako etapan aurrera egin ahala, presentzia hori murriztu egiten da. Zer esanik ez Bigarren Hezkuntzan. Horrek ondorio bat dakar: literaturari dagokionez, adibidez, haurtzaroarekin eta mundu fantastiko batekin lotzea, eta, ondorioz, gazte askorentzat erakargarri ez izatea.

 

Askotan aritu naiz egoera horretaz inguruko adiskide eta lankideekin. Kezka partekatua da, eta ez soilik Euskal Herrian. Hala ere, egoera aldatzeko prozesua abiatu dugu eta 2019ko urrian Azpeitian egindako Sormenean Hezi, Kulturan Bizi jardunaldien arrakastak erakutsi zigun orain dela horri erantzuteko unea (120 bat pertsona bildu ginen jardunaldien bueltan). Euskal Herriko zenbait erakunde, elkarte, argitaletxe eta irakasle ari gara lanean kultur transmisioaren eten hori arintzeko asmoz. Argi dagoena da ezin diegula irakasleei eskatu, bere lanorduez gain, kulturan eragiteko proposamen didaktikoak egiten has daitezela. Guztia uzten da hezkuntzaren ardurapean, eta orain gure asmoa irakasleentzat egokia den materiala zabaltzeko espazioa sortzea da. Azken batean, askotan gertatzen da ezen, sarerik ez dagoenez, ez dugula besteek egin dutena ezagutzen. Aurrera egiteko, hori dena egituratu beharra dugu, beti puntu beretik abia ez gaitezen

 

Hezitzaileek katebegi horretan funtsezko egitekoa dute. Irakasleen irakasle zara. Kontzientziatuak ikusten al dituzu gai honetan daukaten arduraz? Zer-nolako ardura daukate?

Donostiako Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultatean irakasten dut, Hizkuntzaren eta Literaturaren Didaktika sailean. Bertan irakasleok ikusten duguna da ikasleek literatura oso gutxi irakurtzen dutela, baina ez hori bakarrik; oro har, (euskal) kultura gutxi kontsumitzen dute. Musika eta bertsolaritza dira ikasleek gehien bizi duten adierazpidea. Ikasleei galdetu izan diedanean, gehienek erantzun dute entzuten dutela euskarazko musika, gutxi-asko, eta kontzertuetara ere joaten direla, baita bertso saioetara ere, tarteka. Antzerkia, museoak, dantza eta abar ikustera joateko ohiturarik ez dute. Hori jakinda, haien jarreraren atzean zer dagoen aztertu behar da. Adinari dagozkion interes propioetan kultura ez egotea normala iruditu arren, neurri batean (beste aldagai askorekin batera) jendarteak kulturari ematen dion balioa ere erakusten du horrek. Zenbat gazte ikusten ditugu trenean, autobusean, edota eskolan irakurtzen? Eta irakasleok, zenbatek irakurtzen dugu? Hortik abiatuta, beste galdera bat datorkit: zenbati irakatsi digute literatura irakurtzen, bertsoak interpretatzen, antzerkia ulertzen, irudiak aztertzen? Trebatu al gaituzte horretan? Ikusten denez, hutsuneak irakasleongandik ere badatoz, euskal filologian, euskal ikasketetan eta hezkuntza fakultateetan kulturari buruzko ikasgai oso gutxi dago, eta horrela oso zaila da transmisio horretan eragitea. Irakasle gehienok geure kabuz osatu dugu ikasketetako gabezia hori, eta sentitu ditugun beharrak asebete ondoren saiatu gara kontzientzia hori bederen ikasleei transmititzen.

 

Hori esanda, adierazi nahi dudana da ezen ikasleek gutxi irakurtzen badute edota, oro har, (euskal) kulturaz gutxi badakite, beharrik sentitzen ez dutelako dela. Eta eremu baten ezezagutzak berak ez zaitu, bat-batean eta besterik gabe, hori ezagutu nahi izatera bultzatzen. Horregatik, neurri batean, irakasleok premia hori sentiarazteko betekizuna ere badugula uste dut. Dena den, ez dut ardura guztia unibertsitatearen gain utzi nahi. Hezkuntza sistema osoari dagokio ikasleak txikitatik kulturan heztea. Esaterako, gutxi irakurtzen badute, horretan trebatu ez ditugulako izango da, beharbada. Literatura ulertzen duena errazago gerturatuko da unibertso horretara, horretan ongi trebatu ez dena baino.

 

Eta zer-nolako prestakuntza eta baliabideak dituzte hezitzaileek, etaparik etapa, euskal kultura lantzeko eta tresna gisa erabiltzeko?

Irakasleek Euskal Herrian prestakuntza jasotzeko aukera badaukate, noski. Hortxe dira Galtzagorri Elkartea, Hik Hasik antolatzen dituen ikastaroak, Iralekoak, Prest Garakoak, EIBZkoak, UEUkoak, etab. Arazoa da, lehenago esan bezala, prestakuntza hori norberaren esku geratzen dela; alegia, prestakuntza horren beharra sentitzen duena joango da halako saioetara, baina ez irakasle guztiak.

 

Baliabideei dagokienez, badira euskal kultura ikasgelara eramateko proposamenak. Kontua da, ordea, sare trinkorik ez dugunez, lan horien zabalkunderik ez dela egiten, eta batzuetan hutsetik hasi beharra sentitzen dugula, besteek egindako lana ezagutzen ez dugulako. Hala ere, lehen esan bezala, horri irtenbide bat emateko ahaleginean ari gara.

 

Haur Hezkuntzan tresna gisa erabil-tzen dira ipuinak, antzerkia musika, dantza... baina Lehen Hezkuntzan toki gutxi dute diziplina horiek eskolan. Haurrak ez dituelako behar ala eskolak ez dakielako diziplina horien aberastasuna erabiltzen?

Hezkuntza arautuaren ibilbideari begiratzen badiogu, ematen du haurrak garenean gorputzaren kontzientzia garatzeko, fantasiazko munduetan aritzeko eta musika sentitzeko behar handiagoa dugula, eta heldu ahala behar horiek desagertzen direla. Ordea, Azpeitiko Jardunaldietan, Oier Araolazak erakutsi zigun zer on egiten duen hainbeste ordu eserita pasatzen dugun garaiotan gorputza dantzan jartzeak, elkar sentitzeak, ondokoari eskua eman eta kalejira bat egiteak. Halaber, Ines Osinagak ikastetxeetan izandako esperientziak argi adierazten du gazteengan musikak duen indarra. Bertsolaritzak ere asmatu du eskoletan integratzen eta curriculum propioa sortzen.

 

Kulturak eguneroko bizimodu azkarrean arnasa hartzeko aukera eskaintzen du, ez da denbora-galtze bat. Arnasaldi horiek ongi aprobetxatuz gero, kulturarekiko jarrera alda dezakegu; horretan asmatzea da gakoa, eta iradokitzen duzun bezala, oro har, irakasleok ez gaituzte prestatzen ikasleekin kultur adierazpide horiek lantzeko.

 

Kulturak zer ematen digu, zergatik da hain garrantzitsua gure kulturaren transmisioa?

Kulturak munduan izateko eta munduari begiratzeko moduak eskaintzen dizkigu. Eraikuntza bat den neurrian, hartaz gogoeta egiteko, hura zalantzan jartzeko, eroso egoteko edota deserosotasunak agerian uzteko balio du. Kritikoa izateko modua ematen du. Kultura ezagutzen duenak hobeto bizitzeko aukerak dauzka: eguneroko errealitatetik tarte batez ihes egin eta berriro hartara beste begirada batekin gerturatzeko baliabideak ditu, bera non kokatzen den pentsatzeko aukerak, etab. Kultura beti izan da plazererako bide, baina gaur egun askoz ere entretenimendu-aukera gehiago ditugu, erakargarriagoak edo gutxienez deigarriagoak (youtube, bideo-jokoak, telesailak, etab.); baina ez dira euskaraz eta, oro har, ez dute jarrera kognitibo horren aktiboa eskatzen, literatura irakurtzeak bezainbeste, esaterako. Gure kulturaren transmisioa komunitate baten biziraupena bermatzen duelako izan daiteke garrantzitsua, baina horretarako kultura horrek bizia izan behar du.

 

Klik batera ditugu munduko kulturak eta hizkuntzak. “Zergatik halako garrantzia eman euskarari eta euskal kulturari” , esan lezake norbaitek....

Esan dudanaren ildotik, beste kultura batzuekin harremanetan jartzeko bide bat delako. Norbera non kokatzen den, hortik begiratuko die gainerakoei, eta sortuko ditu harremanak. Euskal kulturak beste kulturek bezainbesteko balioa du, nahiz eta zenbait gobernu-ren kultur politiketan hori ez islatu. Euskal kultura sustatzeko beharra komunitate gutxitua izatetik dator, norbanakoak eta kolektiboak duen identitate baten beharretik. Beste kulturetako kideenak bezalako beharrak ditugu guk, baina ez aukera berberak.

Kulturak gizarteak eraldatzeko balio du. Euskal kultura txikia izanik, gizarte eredu hegemonikoaren aurreko erresistentziarako leiho bezala funtziona dezake?

Gure kulturak une honetan sortzaile ugari ditu, diziplina guztietan; gehiago da sortzaile horien lanak ezagutzen ote ditugun. Hala ere, euskal kultura txikia izan zein ez, gizarte eredu hegemonikoaren aurrean erresistentziarako leiho bezala funtziona dezakeen galderari “bai eta ez” erantzungo nioke. Alde batetik, euskal kulturak beste kulturen oihartzunak ditu, ez da eta ez du esentzia nahastegabe eta aldaezina. Bestetik, euskal kulturaren barruan ere badira gizarte eredu hegemonikoan kokatzen diren lanak; beraz, euskaraz sortzeak ez dakar berez gizarte eredu horrekin kritikoa izatea. Azkenik, erresistentziarako bide horiek urratu dituzten lan batzuk kontzientzia feminista duten sortzaileek egin dituzte, baina, zoritxarrez, haien lanak ez du hainbesteko oihartzunik izan. Beraz, bai, euskaraz sortu diren lan batzuk badira gizarte eredu hegemoniko batekiko kritiko, baina horrek ez du esan nahi euskaraz sortzen den kultura guztia erresistentziatik egiten denik gaur egun.

 

Euskaraz hitz egiteko gai, baina euskal kultura ezagutzen ez duen belaunaldia dugu aurrean. Mamirik gabeko azala?

Lehenago esan bezala, euskaraz hitz egiten dakien jendartea zabalagoa da orain, baina erabileran ez du hainbesteko eraginik horrek. Euskal kulturari buruzko ezezagutza horren atzean hainbat faktore daude, esaterako, hiru hauek: kulturak jendartean balioa galdu izana; kultur politika makalak; eta hezkuntzan kulturak duen pisu eskasa. Hori kezkagarria da guztiz, baina orain bagaude gogoeta-osteko fase batean, non irtenbideak modu kolektibo batean bilatzen ari garen. Mahai baten bueltan jarri gara eta egoera horri erantzuteko asmoa adierazi ez ezik, lehen urratsak ematen hasiak gara Euskal Herrian. Hori jakin dadin ere beharrezkoa da, ez gaude geldi.

 

Familia da beste zutabea. Eta hor anitzak dira familien ezaugarriak, batzuk euskaldunagoak, besteak ez hainbeste... Familiek zer egin dezakete?

Familia haur baten heziketaren lehen zutabea da. Familia eredu asko daude, eta bakoitzaren beharrizanak ezberdinak dira. Ikasketadun klase ertaineko familia batentzat haurraren heziketan kulturari denbora eskaintzea beren nahien artean egon daiteke. Gurasoek, aitona-amonek, izeba-osabek edota zaintzaileek kontzientzia hori badute, haurrak entzungo ditu ipuinak, olerkiak, abestiak. Dena den, gaur egungo gizartearen presak eta gure lan baldintzek ez dute denbora handirik uzten haurrarekin egoteko, eta hor askotan telebistaren, tabletaren edota ordenagailuaren aurrean jartzen ditugu haurrak... Neurriak behar dira, oreka behar da, eta esango nuke kultura presente izateak familiakideen arteko harremanak indartzeko ere balio duela, esperientzia partekatu gisa. Haur bati irakurtzen zaionean, esaterako, haurraren eta helduaren arteko une berezia izaten da, bidaia baterako tresna da heldua, haurrak irakurtzen ikasten duen arte ez ezik, gerora ere bai. Denbora hain preziatua den garaiotan kultura eta sormena bizitzarako ezinbesteko tresnak dira, nire ustez. Klase ertaineko familiak aipatu ditut, baina ezagutu ditut oso egoera eta bizi-baldintza txarretan bizi diren familiak Euskal Herrian, eta familia horien lehentasuna, noski, ez da kultura izaten. Alabaina, familia horientzat egoerari aurre egiteko baliabide bat ere izan daiteke kultura.

 

Familiek zer-nolako ardura daukate hizkuntzaren transmisioan?

Gure gurasoek D ereduan matrikulatu gintuzten, haiek izan ez zuten euskarazko heziketa jaso genezan. Egun ere hori ez da posible Euskal Herri osoan, jakina denez. Egoera hori gogoan izanda, eta familia erdaldun asko dagoela jakinda (hemengoak zein etorkinak), hizkuntza hautu bat egiteak posizio bat izatea dakar. Familia euskalduna ez bada, baina euskarari balioa ematen badio, horretarako baliabideak jarriko ditu. Hori egin zuten gutako askoren gurasoek, eta hori egiten dute etorkin batzuek. Orain, erakunde publiko guztietatik euskararekiko ardura erabatekoa ez den bitartean, nekez eskatu dakieke familiei kontzientzia hori izatea

 

Literaturan aditua zara. Zer-nolako balioa dauka literaturak haur baten eraikuntza prozesuan?

Literaturak gure burua hobeto ezagutzeko balio digu, haurrei nahiz helduoi, gugandik urrun kokatzen diren pertsonaiekin une batez enpatizatzeko, beldurrak identifikatzeko, hunkitzeko, egunerokotik ihes egiteko, jaso ditugun diskurtsoak sendotzeko edo deseraikitzeko, eta abarretarako. Haur baten adimenaren eta nortasunaren eraikuntza prozesuaz ari bagara, hizkuntzaren garapenean laguntzeaz gain, literaturarekiko sentiberatasuna pizteko ere balio du, kode sinbolikoak integratzen hasteko, mezu inplizituak ondorioztatzeko, bai eta, haurrak bizi dituen gatazkak irudikatzen dituen neurrian, gertatzen zaiona identifikatzen, ulertzen eta irtenbideak bilatzen laguntzeko ere.

 

Hainbeste estimulu ditugun garaian, ez da erraza haurrak irakurketara motibatzea. Zein litzateke gakoa?

Kontua da geroz eta gehiago ohitzen ditugula haurrak jarrera pasiboa izatera eta, ondorioz, ahalegin bat eskatzen duten ekintzak nekezak edo aspergarriak gertatzen zaizkiela. Horrez gain, garai batean kultura plazererako bide bat bazen, gaur egun bestelako aukerak daude (sarean nahi beste ikus-entzunezko aukera eskaintzen dituzten plataformak ditut gogoan). Euskarazko sorkuntza geroz eta presenteago dago online, baina ez gazteek bilatzen duten tokietan. Irakurketari lekurik egiten ez badiogu helduok, eta gazteak eskolaz kanpoko hamaika jardueratan badabiltza, zer eska diezaiekegu? Irakurketak presente egon behar luke eremu guztietan: etxean, eskolan eta eskolaz kanpoko jardueretan. Zer egiten dute Haur Hezkuntzan psikomotrizitate saioen ostean? Ipuinak entzun. Nola hasten dituzte Lehen Hezkuntzako saioak eskola batzuetan? Hamar minutuko irakurketa ozenarekin. Nola lantzen dira zenbait eskolatan liburuak DBHn? Tertulia dialogikoen bidez, literatur talde txikiak sortuz, ikasgai ezberdinetan literatur testu laburrak erabiliz eta diziplinartekotasuna sustatuz, etab. Herriko liburutegira joateak, sormena lantzeak, erakusketak antolatzeak eta lehiaketetara aurkezteak, idazleekin liburuen gaineko interpretazioak partekatzeak, familiak ikastetxeetan inplikatzeak, eta abarrek eragin positibo handia izaten dute kultura sentitzeko moduan.

 

Ohiko zalantzan izaten da: nola aukeratu haur bakoitzarentzako aproposak diren liburuak?

Haurrentzat liburu guztiak dira aproposak. Oro har, nahiago izaten dut genero ikuspegia txertatua badute, kulturartekotasuna sustatzen badute eta mezu didaktiko esplizituegirik ez badute (jakina da literatura guztiak duela mezu bat, ideologia bat, baina niri ez zaizkit aberasgarriak iruditzen didaktikoegiak direnak). Horrekin ez dut esan nahi liburu bakoitzak hiru alderdi horiek bete behar dituenik, baina bai hirurak zaintzea garrantzitsua dela.

 

Ikuspegi feminista batetik, iruditzen zait jarrera ez-sexistak izateko bide ematen duten liburuak beharrezko direla, emakumezko protagonistei leku egiten dietenak, estereotipoak saihesten dituztenak; horiei ematen diet balio handiagoa. Gauza bera gertatzen zait kulturartekotasunarekin: gure eredu beti zuri eta mendebaldarrarekin apurtzen duten sorkuntzak beharrezkoak iruditzen zaizkit, baina ez gurearekin alderatuz ezberdintasunak ikusteko bakarrik, baizik eta zenbateraino garen berdin konturatzeko ere bai.

 

Gai guztiak dira egokiak, heriotzari buruzkoak, haurren bizipenekin lotuak, beldurgarriak, umorezkoak, fantastikoak, etab. Estetikoki, zenbat eta aberastasun handiagoa izan, orduan eta sentiberatasun handiagoa garatuko du haurrak. Narratiba ez ezik, poesia oso erakargarria izaten da, hitz jokoak, asmakizunak, eta abarrak barne. Album ilustratuek ere balio handia dute, eta irudiak irakurtzen ikastea ez da uste bezain erraza! Eta arestian esan bezala, klasikoak ere ez zaizkie ukatu behar, baina kontuz ibili behar dugu bertsio sinplifikatuegi eta melengekin. Mundua ez da Disney pelikula bat.

 

Hiru ezaugarri horiek ez dituzten liburuak ere egon behar direla uste dut. Zergatik? Mundua ez delako liburu horietan agertzen dena bezalakoa beti, eta errealitateari kritika egiteko aukera bat kulturatik egitea delako. Alegia, liburu batean irudikatzen den errealitatea ikuspegi matxista baten gaineran eraikia badago, adibidez, haurrari zalantzak sortzeko baliatu behar dugu. Batzuetan, liburu baten lanketa egokiak eredu on batek baino balio handiagoa izan dezake. Behin eta berriz