EHUko Joxe Amiamak, HUHEZIko Amaia Arroyo-Sagastak eta NIEko Irene Lopez-Goñik eskainiko dituzte bigarren mintegiko ikastaroak, eta matrikula zabalik dago

2020-05-08

COVID-19ak hezkuntzan eragin duen krisiaz hausnartzeko, eta urgentziaz gelditu, pentsatu eta gauzak onbideratzeko HIK HASIk antolatu duen laborategiko bigarren mintegia maiatzaren 19an abiatuko dugu, eta matrikulazioa dagoeneko zabalik dago. Bigarren mintegi honetan konfinamenduan garrantzi berezia hartu duten irakas-baliabide eta -metodologiak izango ditugu aztergai: teknologia digitalak (HUHEZIko irakasle Amaia Arroyo-Sagastarekin), etxerako lanak (EHUko irakasle Joxe Amiamarekin) eta ebaluazio hezigarria (NIEko pedagogia arduradun Irene Lopez-Goñirekin). Teoria bakarrik ez, praktika onak, hausnarketarako gakoak eta baliabide hauen erabilera okerraren arriskuez ariko dira hiru irakasleak, konfinamenduari begira bakarrik ez, bereziki irailetik aurrera baliabide hauek modu egokiagoan erabili ahal izateko helburuarekin. Izena eman daiteke hemen.

 
 
EHUko Joxe Amiamak, HUHEZIko Amaia Arroyo-Sagastak eta NIEko Irene Lopez-Goñik eskainiko dituzte bigarren mintegiko ikastaroak, eta matrikula zabalik dago

 

Lehen ikastaroa “Teknologia digitalak hezkuntzan: aldaketarako aukera baliatzen izango da”. Gaurtik aurrera matrikulatzen direnek, maiatzaren 19an jasoko dute materiala (irakasleak HIK HASIrako berariaz sortutako bideoak eta hautatutako testuak) eta zuzeneko saioa maiatzaren 26an egingo dugu adituarekin, Zoom bidez. IKTeen hausnartzeko premia ikusten du, une honetan inoiz baino gehiago, Amaia Arroyo-Sagastak: “Urteak dira teknologia digitalek hezkuntzarekin duten harremanaz ari garela. Batzuek ez dute ikusten lotura egiteko beharrik; beste batzuek, aldiz, integrazioa ezinbestekoa dela diote. COVID-19 birusa izan da harreman horretan aurrerapauso handiena bultzatu duena: bat-batean, hezkuntza ingurune digitalera igarotzea eragin du, ezbairik gabe. Berehalako egoera horrek, ordea, alderdi teknologiko-instrumentalari gehiegizko garrantzia ematea ekarri du: tresna digitalak izan dira protagonistak hein handi batean eta, horiek erabiltzeko jarrera tematian, alderdi pedagogikoak eta metodologikoak alboratzen ari diren kezka zabaltzen hasi da. Horren aurrean, ezinbestekoa da hausnartzeko parada hartzea eta teknologia digitalen inguruko oinarrizko galderak lantzea: Zer dira? Zertarako balia ditzakegu hezkuntzan? Zer baliabide izan daitezke erabilgarrienak? Eta zer oinarrizko gidalerro izan beharko genituzke kontuan, horiek integratzeko garaian? Galdera horiek guztiak lantzeak ahalbidetuko digu krisi honek eragin duen hezkuntza-aldaketarako aukera baliatzea, teknologia digitalek hezkuntzarekin izan beharreko harremana ikuspuntu pedagogiko, osasuntsu eta etikotik eraikitzeko”.

 

Hurrengo saioa Joxe Amiamak eskainiko du: “Etxerako lanak”. Amiama EHUko irakaslea da eta etxerako gaien inguruko doktorego tesia egin zuen. Maiatzaren 26tik ekainaren 2ra izango da ikastaroa, eta mintegia Irene Lopez-Goñi Nafarroako Ikastolen Elkarteko pedagogia arduradunak itxiko du, ebaluazio hezigarriari buruzko ikastaroarekin.

 

Zuzeneko hiru saioak astearteetan izango dira, Zoom bidez, 15:00etatik-16:20etara. Beste bi mintegietan bezala, mintegi honetan ere zuzenekoa grabatu egingo da, eta ikasleei bidaliko zaie bideoa, partekatzeko aukerarik gabe. Zuzenekoa emankorragoa eta landuagoa izan dadin, ikasleek aukera izango dute astean zehar emaileari galderak eta hausnarketak bidaltzekoa, era horretan solasaldia gogoeta kolektiboa egiteko baliatuko dugu.

 

Mintegi guztietan ikastaroak modu soltean jarraitu daitezke, matrikulazio-orrian dagokion ikastaroa aukeratuz.

 

Hirugarren mintegia familia eta eskolari eskainiko diogu, eta maiatzaren 28tik ekainaren 18ra egingo dugu. Nerea Mendizabal Komunikazio Ez Bortitzko formatzailea, Alvaro Beñaran psikomotrizista eta Pedagogia sistemikoko formatzaile Aitziber Esnaola eta Larraitz Mendizabal izango dira emaileak. Astelehenean zabalduko dugu izen-ematea.

 

Mintegiaren formatuaz zehaztasunak:

Hiru ikastaro ditu, ikastaro bakoitza era soltean egin liteke. Matrikulatutako ikasleek irakaslearen hainbat bideo jasoko dituzte (guztira ordubete inguruko iraupenekoa), berariaz egitasmo honetarako prestatuak, eta beste bizpahiru testu egokierarako hautatuak. Ikasleek euren erritmoaren arabera ikusi eta irakurri ahal izango dituzte bideo eta testuak, eta ostegunetan, 15:00etatik 16:20etara zuzenekoa egingo da Zoom bidez irakaslearekin, bertan, irakaslearen hitzaldi labur bat eta ikasleen galderei erantzungo zaie. Ikasleek galderak eta hausnarketak zuzenekoaren aurretik bidaltzeko aukera izango dute, era horretan solasaldia hausnarketa kolektiborako modu egokiagoan baliatu ahal izateko. Mintegiak urgentzia bati erantzuten dio, eta gelditzeko eta pausatzeko hausnarketak, batetik, eta gako eta praktika onak eskainiko ditu.

 

**Lehenengo mintegian izena eman dutenek prezio berezia izango dute bigarren mintegian izena-ematean: harpideek 55 euro eta besteek 60. (Bi mintegietan izen-ematean harpideek 120 euroko prezioa izango dute eta besteek 130).