COVID-19a eta itxialdia opari bihurtzeko aukera

2020-06-01

Adimen emozionala, bizitzarako hain garrantzitsua eta, askotan, ahaztuta dugun ikasgaia. Garapen pertsonala ahalbidetzen duena eta une zailetan bereziki horren falta sumatu duguna, orain koronabirusagatik etxean itxialdian gauden honetan bezala. Ez al litzateke ederra izango gure gaur egungo haur eta gazteak bizitzan aurrera ateratzeko, zoriontsu izateko eta bizitzako aldaketei egokitzeko tresnez baliatzea? Utopikoa eta zaila dela pentsatuko dute batzuek, Madinabeitiak ez du uste. Gure beldurrak eta aurreiritziak alde batera utzita eta benetan garrantzitsua zer den argi badugu, bide honetan murgildu ahal izango gara, hezitzaile, bidelagun edo guraso moduan.

 
 
COVID-19a eta itxialdia  opari bihurtzeko aukera

Itsaso MADINABEITIA, Psikologoa, gizarte-hezitzailea eta irakaslea

Ikasleak ikusi ahal izateko, lehendabizi gu zer garen ikusi behar dugu, erresonantzia emozionalak identifikatuz, eta gure egoa ere kontrolpean izanez. Epaiketarik egin gabe, eta nik sinesten dudan begirada bakarra eta onena ez dela argi utziz, nire bizipen eta egiteko modua partekatuko dut hurrengo orrialdeetan.


Kale-hezitzaile, gizarte-hezitzaile, psikologo zein Haur Hezkuntzako irakasle gisa aritu izan naiz, eta ibilbide horretan landu dudan begirada DBHko geletara eramateko aukera izan dut azken urteotan, Balio Etikoetako irakasle gisa lanean ari naizen honetan. Ez dut ikasgai edo edukietan zentratuta lan egiten, begirada eta heziketa dira garrantzitsuak niretzat, eta hori lantzea da nire pasioa, bai ikasgai bat lantzerakoan, bai Haur Hezkuntzako gela batean, bai harrera-pisu batean, bai kontsulta batean. Inoiz loturarik izan ez duen eta bizitza benetan latza izan duen gazte batengana hurbildu eta haren konfiantza irabazi behar duzunean, bizitzan jarraitzeko motibazio bat aurkitzen lagundu behar diozunean... orduan hasten zara ikasten zer den nerabe baten bidelagun izatea.

Konfinamenduaren aurrean zer?
Egun hauetan, koronabirusa dela-eta denok etxean gaudenez, ezin ditugu eskolak beti bezala eman eta honako erabaki hau hartu dut: ikasleei beren burua ezagutzeko tartea hartzen laguntzea. Horretarako, eguneroko bat idazten ari dira. Egunero, nola sentitzen diren, zer pentsamendu dituzten eta zer hausnarketa egin dituzten idatzi behar dute haiek sortutako eguneroko batean. Erlaxatzeko musika entzutea eta gorputza mugitzeko ariketak egitea ere gomendatzen diet. Izan ere, etxean egotea aukera paregabea izan daiteke gure barnearekin konektatzeko. Gure argiak eta itzalak agertzen dira geldi gaudenean, eta, askotan, ez da erraza. Nerabeak mugatuta sentitzen dira, batzuei etxerako lanek gainezka egiten diete, frustratuta sentitzen dira, eta lagunen gertutasunaren falta nabaritzen dute. Zer esanik ez Internet gabe daudenak, etxeko egoera zailak dituztenak, harrera-pisuetan bizi direnak edo bestelako egoerak dituztenak. Egoera hoberena duenak ere laguntza behar du. Oraingoan ere, irakasleok garapen pertsonalaren bidean laguntzeko gaudela uste dut, guraso edo tutoreekin batera, noski. Eta ikasleek familiarengan eta beren buruarengan bilatu beharko dute indarra. Adimen emozionalak berebiziko garrantzia dauka gure bizitzan, eta, une hauetan, argi ikusten da hori. Ikasleek esanda dakit egunerokoan idaztea lagungarri zaiela, eta gorputza mugitzea edo erlaxatzea zein lagunekin hitz egitea da gehien laguntzen diena. Garrantzitsua iruditzen zait azken hori, ikasleak ohartzea zerk egiten dien on. Zaindu ditzagun, bada, alderdi horiek gure bizitzako egoera eta momentu guztietan, eta ahalbidetu dezagun gure ikasleek hala egitea, egoera zailetan baina baita onenetan ere.


Begiraden jolasa, biribilaren indarra eta bat-bateko solasaldia hezkide ez ditugun egun hauetan, babes emozionala eta banakoaren espazioa errespetatzea tokatzen zaigula uste dut, esperientzia honek ere gure ikasleak heziko dituelako. Oparitu diezaiegun, bada, ispilu bat, eta ez memorizatu beharreko milaka eduki eta prozedura.

Lan egiteko modu honen aurrekariak
Itxialdian dauden bitartean proposamen hori egiteko, oso lagungarria izan zait ikasleekin aurretik landuta neukana, gelan sortuta genuen lan egiteko modua, eta horretaz hitz egin nahi dizuet ondorengo lerro hauetan.


Bigarren Hezkuntzan, irakasleok begirada eta gorputza zurrun mantentzen ditugu askotan, autoritatea eta curriculuma gure zutabe bakarrak izango balira bezala. Baina nerabeek sentitu behar dute norbaitek ikusi egiten dituela, bai irakasleak, bai ikaskideek, taldean integratuta daudela sentitzeko premia baitute.


Heldutasunerako bidea da nerabezaroa, heldu izateko aukera ezin hobea. Jakin-mina dute, energia, eta baita zalantza asko ere. Teknologia berriekin hazi dira, eta informazio asko daukatela esaten dute, baina ez dira gai informazioa kanalizatzeko, aukeratzeko edota hari uko egiteko. Azkar aldatzen den gizarte likido honetan, beraz, aukeratzen, kritikoak izaten eta egokitzen irakatsi beharko genieke.


Euren etorkizunaren jabe eta arduradun direla sentitzeko, ikasgaietan irakasten dizkiegun prozeduren eta edukien helburua zein den azaldu behar diegu. Nire ustez, proiektuen bidez eta begirada zabal eta sakon batetik lortu daiteke hori.

Proiektuen magia: interesa eta motibazioa abiapuntu
Eta nola hasten da proiektu bat? Biribilean jarriz eta elkarri begiratuz, mahairik gabe, epaiketarik gabe eta erantzun bat eta bakarra eman gabe. Orduan hasten da solasaldia.


Adibide bat jartzearren; egun batean, DBHko lehenengo mailako gela batean biribilean eserita geundela, ea zeri buruz hitz egin nahi zuten galdetu nien. Batzuek futbolari buruz hitz egin nahi zutela esan zuten, hori zela gustuko zuten bakarra. Eta hor pasa zituzten minutu batzuk futbolariei buruz hitz egiten, horri buruz hitz egitea bakarrik interesatzen zitzaiela esanez behin eta berriz. Galdetu nien nola bideratuko luketen eurek proiektua, zer berri ikasi dezakegun futbolari buruz, zer ematen dion futbolak gizarteari…


Egia esan, ez nuen etorkizun handirik ikusten eztabaida horretan, eta, momentu hartan, ez nekien gaia nondik bideratu trebatu beharreko konpetentziak lantzeko, euren gustuko gaia alde batera utzita ez bazen. Proiektuaren momentu horretan, galdera irekiak egiten dizkiet, haiek proiektua bideratu arte edo niri proiektua nondik bideratu daitekeen bururatu arte. Hori gertatzen denean, nik pentsatutakoa proposatzen diet bueltan, motibatuta, euren ideia ere izango balitz bezala. Baina egun horretan ez nuen ezer buruan. Arnasa hartu, minutu batzuk itxaron, eta, gehienetan gertatzen den moduan, pazientzia edukita eta denbora galtzen ari garen pentsamendu hori alde batera utzita, gelako neska batek eman zuen proiektuaren giltza izango zen iritzia.


“Niri gaizki iruditzen zaidana ondorengo hau da: futbolari batek mediku batek baino gehiago irabaztea”. Horren ondotik, eztabaida sutsua piztu zen, bi eskola-ordu (gure kasuan, bi aste) iraun zuena eta etxean ere komentatu zutena ikasleek, gero gelan gurasoen iritziak ere aipatuz. Ondo eztabaidatzen zutela eta oso motibatuta zeudela ikusita, hausnarketa hori beste lanbideetara zabaltzea proposatu nien, eta gure gizartean zein lanbide diren garrantzitsuenak eta zergatik eztabaidatu genuen. Ados egon ziren, eta lan horretan aritu ginen bi hilabetez. Landutako lanbideak euren gurasoenak eta nik proposatutako beste lau izan ziren. Zerrenda hori osatzeak ahalbidetu zigun bakoitzaren familiari buruz gehiago jakitea, kontu pertsonalak partekatzea eta talde-kohesioa sortzea (gurasoekin gehiago hitz egin zuten haien lanbideaz, ea gustuko zuten, ea beste zerbait ikasi nahi zuten gaztetan...). Bakoitzak bere zerrenda osatu zuen, gizartean lanbideek duten garrantziaren arabera; ondoren, talde txikitan lanbide berri bat adostu eta landu zuten, eta, azkenik, talde handian bakarra landu genuen. Emagina izan zen lanbide garrantzitsuena haientzat, bizitza ematen digutelako, eta, bigarrenik, erizainen nagusia, erizainen lana koordinatzea garrantzitsutzat jo zutelako. Kasualitatez, zaintza eta bizitza lehen postuan jarri zituzten, gehienetan emakumeen lanak.


Eta hori guztia futbolari buruz hitz egin nahi zutelako. Momentu hartan ezetz esan izan banie, hori ez delako lantzeko gai interesgarri bat edo ez nuelako ikusten zerbait garrantzitsua ikasiko zutenik, ez genituzkeen landuko honako hauek: komunikatzeko gaitasuna, enpatia, gizarteari buruzko hausnarketa, autoestimua, giza eskubideak (epaitegiko itzultzaileen lana atera zen, eta balio handia eman zioten epaiketa baten aurrean denek aukera berdina izateari), teknologia eta zientzia zenbat balioesten duten, kapitalismoa eta pertsonen arteko berdintasuna, lan bat edo bestea izan...


Zerrenda osatu ondoren, soldatei dagokienez, ikasleek sortutako zerrenda eta gaur egungo zerrenda erreala alderatu genituen. Bide batez, esan genuen ondo sentitzeko edo balioetsiak sentitzeko garrantzitsuena ez dela beti soldata, baizik eta gustuko zerbait egitea, besteek zure lana goraipatzea, egiten duzun horretan sinestea... horrek guztiak duen garrantziaz ere hitz egin genuen. Baina errealitatea ere bizi dute gure gazteek, eta, soldata altuak nork dituzten ikusita, kapitalismoaz hitz egiten hasi ziren. 12 urterekin, kontsumismoan, herrialdeen arteko desorekan, haurren esplotazioan eta antzeko gaietan murgildu ginen. Dokumental batzuen zatiak jarri nizkien gelan, eta zenbait datu eskaini nizkien, kontzeptu eta eduki gehiago eskuratu zitzaten beren hausnarketa garatzeko. Ez zen nire helburua, baina, gaiarekin jarraitu izan bagenu, Matematika, Gizarte, Hizkuntza, Geografia... ez al dira ikasgai guztiak sartzen gai honetan edo beste batean? Ez al du gai honek aukera ematen curriculuma bermatzeko garrantzitsuak diren hainbat konpetentzia lantzeko?


Motibazioak markatzen du bidea
Konpetentziak zeharka landu genituen, haien interesak eta landu beharreko helburuak lotuz. Baina garrantzitsuena ikasleen motibazioa piztuta mantentzea da: proiektua haiena dela eta zentzua duela sentitu behar dute, emozioarekin konektatzen den guztia eta gorputzean sentitzen diren esperientziak direlako barruan gelditzen zaizkigunak eta bizitzarako baliagarriak direnak.


Horregatik, taldeka ariketa bat egiten ari ziren egun batean, neska bat margotzen zegoela ikusi nuen. Berarengana hurbildu nintzen, eta zertan zebilen galdetu nion. Koadernoa itxi zuen bat-batean, barkatzeko eta lanean jarraituko zuela esanez. Lasai egoteko esan nion, bere marrazkiak interesatzen zitzaizkidala; arnasa lasai hartu ondoren, bere marrazkiak erakutsi zizkidan. Eta orduan arropa margotzen ari zela ikusi nuen, diseinu benetan landuak. Oso politak zirela esan nion, artista bat zela. Haren irribarrea eta taldekideek eman zioten babesa izan ziren proiektu berriaren zergatia.


Galdetu nion ea gustuko zuen margotzea, eta baietz esan zuen; beste taldekide batek ere gustuko zuela erantzun zuen, eta beste batek josi egiten zuela, amonak Andaluziatik bidalitako oihalekin. Hurrengo saioan biribilean eseri, eta modarekin lotuta dauden gai eta egoerei buruz hitz egiten hasi ginen: estereotipoak, talde-pertenentzia, ekologismoa, kontsumismoa… Guztion artean erabaki genuen kontsumo jasangarriaren inguruko proiektua egitea. Talde txikitan hasi ziren lanean, arropa jasangarriak sortu, web-orriak, denda jasangarrien ereduak, kontsumitzaileentzako dekalogoak… Harrituta gelditu nintzen lanak bukatutakoan egin zituzten aurkezpenekin.


Aldi berean, hirugarren mailakoekin politika eta demokrazia kontzeptuak landu genituen. Hasiera batean, gaia ez zitzaien erakargarria iruditzen; izan ere, gai bat askotan errepikatzen denean modu berean azalduta, indarra galtzen du, eta ez da barneratzen. Eztabaidatzea gogoko zuten, ordea, eta biribilean txandak hobeto errespetatzen zituzten. Feminismoaz eztabaida luzeak izateko gai zirela ikusita, estatu bat eratzea proposatu nien. Oso ideia ona iruditu zitzaien eta hiruhileko osoa eman genuen horretan. Jakin gabe, politika egin zuen 28 ikaslez osatutako taldeak, batzuetan nik proposatutako legeei buruz hitz eginez eta, beste batzuetan, eurek proposatutakoei buruz: garraio mota, adopzioak, hezkuntza mota, zergak, osasuna, armada, mugak, diru-laguntzen kudeaketa, etxebizitzen gestioa eta egiturak, parkeak, haurdunaldi subrogatuak, abortua, energiaren kudeaketa, independentzia edo erreferendumak.


Lehen egunetan adostu genuen zein izango zen haien erabakitzeko modua, independizatzeko aukera egongo zela erabaki genuen, eta nola gauzatuko zen ere zehaztu genuen. Ikasleen iritziak asko aldatu ziren erabakiak haien ardura bihurtu zirenean, beren ideiak babestu behar zituztenean eta erabaki bakoitzak dauzkan ondorioez jabetu zirenean. Bakarkako lan batekin bukatu zen proiektua, bakoitzak bere estatu propioaren legeak idatziz eta argudiatuz. Askok aipatu zuten modu honetan inoiz baino gehiago ikasi zutela. Haien esanetan, uste asko aldatu egin zituzten besteei entzunez, eta horretaz ikasi egin zuten. Nire iritziz, egin eta sentitu zutelako ikasi zuten, pozik ikusten zitzaien, besteekin komunikatzeko duten behar hori asetzen zutelako. Eta, berriz ere, proiektu honek Geografia, Historia, Biologia, Ekonomia zein Hizkuntza lantzeko ateak ireki zitzakeen.

Giroa konfiantzazkoa eta lasaia denean
Eta horrela sortu ziren beste hainbeste proiektu eta galdera zabalen osteko hizketaldi aberatsak. Askotan, haien elkarrizketak entzun ahala egiten nizkien galderak, eta eskua altxatzen zuten denek erantzuna eman nahian, haiek bizi eta sentitzen zutenaren inguruko galderak zirelako; erantzun bat bazutelako eta bazekitelako esaten zutena esanda ere egokia izango zela eta eskertua. Adibidez, zergatik jolasten duten bideo-jokoetan, pijo bat zer den haientzat, pertsona jator bat zer den, bizilagunekin zer harreman duten, Gabonetan suertatzen diren familia-liskarren atzean zer dagoen, zoriontasunaren topea zein den nola jakin, kartzelak hezten gaituen, beldurra sentitzea biologikoa den edo ikasi egiten den… Elkarri entzun, pentsamendu berriak eraiki, direnari eta gizartean gertatzen ari denari buruz hausnartu, eta, azken finean, hazi eta hezi, errespetuan oinarrituta eta epaituak sentitu gabe. Aske sentitzen ez garenean ez ditugulako gure hegoak zabaltzen.


Harrigarria bada ere, biribila egina dute batzuetan gelan sartu baino lehen, eta isilik egoten dira ni eseri arte. Solasaldiaren erdian taldekide bat bere barruan duen mina adierazten hasten denean edo pasarte bat kontatzen duenean, besteak altxatu egiten dira eta besarkatu egiten dute. Oso ausarta izan dela esaten diodanean bati eta haren aurpegian irribarre lotsati bat agertzen denean, orduan lantzen dira enpatia, komunikatzeko estiloak, hausnarketa eta talde-kohesioa. Eta ni naiz orduan gorputz osoan zirrara sentitzen duena. Baina, zalantzarik gabe, talde-kohesioa eta errespetua dagoen taldeetan gehien gustatzen zaiena ondorengo dinamika hau da: biribilaren erdian jarri eta banan-banan bere ikaskideen mezu positiboak entzutea; hau da, beraietaz gustatzen zaiena entzutea. Urduri jartzen dira, baina denek nahi dute erdian egon, denek nahi dute entzun besteentzat diren hori. Eta hori guztia jasotzen ari den ikaslea ikusten dudanean, begiak bustita, hankak dardarka dituela, orduan ere nire gorputzaren atal guztietan sentitzen dut zirrara.