“Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi” jardunaldiko liburuxka salgai dago.

2020-07-20

Iazko uztailean Hik Hasiren Udako Topaketen 20. urteurrenaren harira “Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi” jardunaldi berezia egin zen Donostiako EHUko areto nagusian. Orain, jardunaldi hartan esandakoak monografiko batean bildu dira.

Hitzaldi bat eta lau mahai-inguru egin ziren duela urtebete, eta hezkuntza alorretik kanpo dabiltzan adituek eta arituek hezkuntzari eta, oro har, etorkizuneko gizarteari buruz gogoeta egiteko parada izan zuten. Horretarako bi galdera egin zitzaizkien:

- 10-20 urte barru nolako gizartea irudikatzen duzu? Zein izango dira premia nagusiak? Zeri erantzun beharko zaio?

- Horretarako, zer-nolako hezkuntza behar da? Nola hezi behar ditugu haur eta gazteak?

Argitalpen honetan, mahai-inguru haietan egindako gogoetak bildu dira, aipaturiko galdera horiei emandako erantzunak. Argitalpena landu eta prestatu bitartean, ordea, COVID-19aren krisia etorri da gainera, mundu osoa irauli duen pandemia, eta baita hezkuntza arloa ere. Gauzak horrela, mahai-inguruko partaideei galdera berri bat luzatu zaie:

- Urtebete pasa da 2O19ko uztailean etorkizuneko gizarteaz eta hezkuntzaz hausnartzen aritu ginenetik. Orain, mundu mailako pandemia bat bizitzen ari gara COVID-19a dela-eta, konfinatuta egon gara eta ziurgabetasun egoera batera iritsi gara. Orain urtebete egindako gogoetari zer gehituko zenioke bizi dugun pandemia dela-eta?

Partaide hauen hitzak, hausnarketak eta gogoetak bildu dira Hik Hasiren 34. monografikoan: Juan Jose Ibarretxe, Joseba Azkarraga Etxagibel, Idurre Eskisabel, Maitane Arnoso Martinez, Txusa Balbas, Arcadi Oliveres, Marga Iñiguez, Jon Sarasua, Ion Errea, Aritz Otxandiano, Heike Freire, Tamara Claveria eta David Fernandez. Monografikoa eskuratzeko www.hikhasi.eus-era jo daiteke.

 

 
 
“Hezkuntza-errealitate berrietara jauzi” jardunaldiko liburuxka salgai dago.