Konfinamendu-garaiko neurriak: Zer leku eta denbora eskaintzen dizkie gizarte honek haurrei?

2020-09-21

Haurrak izan ziren koronabirusaren ondorioz euren egunerokotasunean murrizketak jasan zituzten lehenak, eskolak ixtea izan baitzen birusaren hedapena mugatzeko hartutako lehen neurria. Konfinamendu erabatekoa ezarri zen ondoren, lantegiak eta saltokiak itxi ziren... Baina apurka-apurka deskonfinamendua ezartzen joan da. Langileak beharrera itzuli ziren lehenik, komertzioak eta tabernak ireki ziren ondoren, baina haur-parkeak izan dira ireki dituzten azken guneak. "normaltasun berria" deiturikoa ezarri da eta covid-19aren irakaspenak mahai gainean gelditu dira.

 

 
 
Konfinamendu-garaiko neurriak: Zer leku eta denbora  eskaintzen dizkie gizarte honek haurrei?

Apiril bukaera, arratsaldeko zazpiak eta hamar minutu, 5.000 biztanletik gorako Gipuzkoako herri batean: gurasoa ezinean dabil 2 eta 4 urteko seme-alabak etxera erretiratzeko; udaltzain bat gerturatu zaio eta errieta egin dio badirela hamar minutu haurrek etxean egon behar zutela; gurasoa saiatu da azaltzen, ordubetean ez diela aski denbora eman, haurrek lagunak ikusi dituztela eta haiekin elkartu ezin izan dutelako txikienak kasketa harrapatu duela... Baina berdin diola erantzun dio udaltzainak, arauak dioela zazpietan etxean egon behar dutela haurrek. Bitartean, eszenari begira jendez mukuru daude inguruko tabernetako terrazak.

 

Hego Euskal Herriko haurrek 42 egun oso egin dituzte alarma egoeran etxetik atera gabe, 1.008 ordu —Ipar Euskal Herrikoek hasieratik egunean ordubetez ateratzeko aukera izan dute— eta irteteko aukera eman zitzaienean 23 ordu egin behar zituzten etxean ordu bete soilik irten ahal izateko. Murrizketak pairatzen lehenak izan dira, baina irekitasuna bizitzen azkenetakoak: haur-parkeak prezintopean itxita egon dira hiru hilabete osoz. 

 

Ekainaren 21ean alarma-egoera altxatu bitartean, konfinamendu-neurriak pausoka joan dira arintzen, batik bat helduentzako: itxialdi erabatekoa beste ostean, lan egitera eta erosketak egitera ez ezik, kirola egitera irten ahal izan dute, eta gura bazuten, egun osoa taberna bateko terrazan igaro zezaketen, euren herrian zein lurraldeko beste batean. Haurrek artean ordubetez irteteko aukera zuten. COVID-19ak eragindako alarma-egoeran haurrei aitortu zaien lekuak eta denborak zer pentsatua ematen du: zer leku egiten die gizarte honek haurrei? Haien garapen eta sozializazio-premiak aintzat hartu al dira konfinamendu eta deskonfinamendu neurriak pentsatu eta ezarri direnean? Hemendik zer lezio atera behar dugu haurtzaroa errekonozitua izan dadin nahi badugu?

 

Familia askok euren etxera mugatu badute ere kexa, haurrei konfinamendu honek eragin dizkien eragozpenez arduratuta hainbat familiak ozen adierazi dute bizi izan duten kezka: HaurrakEreBai familia-sarea sortu dute egoerarekin arduratuta dauden hainbat familiak, eta sinadura-bilketa bat egin dute, deitoratuz adinez nagusi diren pertsonen mugimendu- eta denbora-askatasuna eta haurrena desorekatuegiak direla deskonfinamenduan, “haurrak eta nerabeak eskubide osoko herritarrak izan daitezen eskatzeko eta haien eskubideak helduon eskubideen berdinak izan daitezela, beraien ezaugarri propioak kontuan hartuta”. Iritzi berekoa da Oinherri herri hezitzaileen sarea ere; Maite Azpiazu Oinherriko koordinatzailearen hitzetan, krisi honek argi utzi du gizarte-eredu honek haurrez duen irudia: “Ez dira existitzen. Herritar bezala krisi honetan ez zaie hitzik eman. Honek argi lagatzen du, oraindik ere zailtasun handiak ditugula haurrak ‘orain eta hemen’ herritar moduan ikusteko”.

 

Hego Euskal Herrian haurrak izan ziren koronabirusaren ondorioz euren egunerokotasunean aldaketak pairatu zituzten lehenak: eskolak ixtea izan zen birusaren hedapena mozteko lehen neurria, Araban lehendabizi, Bizkaia eta Gipuzkoan ondoren, eta beste lau herrialdeetan martxoaren 16an. Ondoren, eskolak ixteaz gain, alarma egoera ezarri zuen Espainiako Gobernuak, eta ondorioz etxetik irteteko debekua —lanera izan ezik—. Ipar Euskal Herrian, konfinamendua ezartzearekin batera, haurrei egunean ordubetez kalera ateratzeko baimena aitortu zien lehen unetik Frantziako Gobernuak, euren garapen-beharrei erantzun ahal izateko. Haurrez gain, helduak banakako kirola egitera ere irten ahal izan dute ordubetez Ipar Euskal Herrian eta Frantzian. Europako beste hainbat herrialdetan ere, hala nola Suedian, Alemanian, Belgikan, Italian… konfinamendua ezartzeko unean haurren garapen fisiko eta ongizate emozionala errespetatze aldera, kalera ateratzeko aukera eman zaie —Italian hasieran ez, neurriak lasaitu ahala, bai—.

 

Haurrekiko hain mugatzaileak izan diren neurriek hainbat eragileren kexua eta kezka eragin zuten lehen unetik. Eta hasieran konfinamendu osoa aldarrikatu bazuten ere, behin itxialdi erabatekoa altxatu zelarik eta langile asko beharrera itzuli zirenean, konfinamenduaren bosgarren astean osasungintzako profesionalak ere hasi ziren haur eta nerabeen osasunarekiko kezka azaltzen, “haurren egoera emozionalarekin kezkatuta nago”, esan zion Hik Hasiri Mariaje Sarrionandia lehen arretako pediatrak. “Itxialdi honek pertsona guztien egoera emozionalean du eragina, baina bereziki haurrengan, hasteko, haiek ez dutelako egoera guk bezala ulertzen”. Apirilaren 25ean eman zien Espainiako Gobernuak haurrei egunean ordubetez kalera irteteko aukera, eta hilabete geroago, artean luzatu gabe zeukan haurrei espazio zabaletan nahiz naturguneetan ibiltzeko denbora-aukera, maiatzaren 11n lehen fasean sartu arte. Neurri horiek azterturik, HaurrakEreBai familia-sareak alarma-egoera honetan Espainiako Gobernuak ezarri dituen neurriek haurren eskubideak ukatu dituela salatu dute. “Haurtzaroa ahaztuetako bat izan da COVID-19 pandemia gainditzeko estrategiak diseinatzean. Legeak izapidetzean, haurrak eta nerabeak beren beharrizan eta ezaugarri propioekin kontuan hartzea eta aipatuak izatea eskatzen dugu. Adingabeentzako baimenak eta helduenak berdinak izatea nahi dugu”. 

 

Krisiak bistaratu duen arazo zaharra

Etxea edo tabernetako terrazak izan dira denbora luzez haurrei eskaini zaizkien espazioak, ordubeteko aire-zabaleko aukeraz landa. Tabernetako terraza haurrentzako lekurik aproposena ez bada, etxea ere kasu guztietan ez dela babesleku eta abaro zehaztu dute Save the Children erakundeak edo egoera zaurgarrian dauden familiak artatzen dituzten erakundeek. Ildo beretik, Oihane Ruiz arkitekto urbanista feministak nabarmentzen du etxean egoera lazgarriak bizi dituztela haur askok —eta baita emakume askok ere—: “Espainiako Estatuko datuei begira, haurren % 30  pobrezian bizi dira, eta emakumeen kasuan, biolentzia matxistak eraildako emakumeen % 90 etxean erail dituzte”. Sarrionandia pediatrak ere, ildo beretik, haur askok etxeetan egoera zaila bizi dutela ikusten du lehen arretako kontsultan artatzen dituenean: “Etxe batzuetan gurasoek badute astia haurrekin egoteko, etxerako lanak eta eskulanak egiteko edo sormena bultzatzeko; baina horiek pribilegiatuak dira, haur asko eta askoren egoera bestelakoa da: etxean lehen ere egoera zailean daude —pediatriako arretan ikusten ditugu horrelako egoerak—, familia askok kezka handiak dituzte, egoera ekonomikoa ere zaila da… Etxebizitzen egoera ere eskasa da batzuetan. Urgentziazko egoeran gaude”.

 

Krisi honek, beste esparru batzuetan bezala, areagotu egin du haurrei gizarteak lehendik ere aitortzen zien leku mugatua. “Konfinamendu-egoeran haurrei aitortu zaien leku eta denbora eskasa haurrek eta nerabeek lehendik ere gizartean eta herrietan duten pisuaren erakusle eta adierazle bat besterik ez da”, dio Ruizek. Arkitekto feministaren aburuz, osasun-krisi honek arazo sozial eta urbanistiko bat ere mahai gainean jarri du, haurrei herrietan eskaintzen dizkiegun espazioen inguruan hausnartu behar dugula uste du: “Parke guztiak zinta batekin prezintatu dituztenean argi gelditu da arazoa: zer leku ematen diegu haurrei gizarte honetan? Hiri-antolaketari buelta eman behar diogu: umeek zer leku daukate hirian? Osasun-krisi honen aurretik ere umeak parkeetara eta leku itxiera konfinatuak geneuzkan, eta krisiak erakutsi du, hainbat hiri eta herritan ez daukagula espazio eta baliabiderik umeak gutxieneko kalitate minimo bateko denbora igaro dezaten. Herriak eta hiriak diseinatu eta antolatu ditugunean haurrak —eta egoera zaurgarrienean dauden pertsonak— baztertu egin ditugu”. Ruizen aburuz, une hau baliatu behar da haur eta nerabeentzako “eremu egokiak” pentsatzeko: “Zer da ume eta nerabeen garapenerako egokia, indibidualismoa eta kontsumismoa bultzatzen duten espazioak ala  naturarekin kontaktuan egotea, jolas librea bultzatzen duten lekuak? Kalitatezko espazioak kalitatezko denboraren eta harremanen oinarri izango dira. Bizitzen ari garen egoera hau aukera ona da kaleak eta enparantzak zaintzarako espazio bilakatzeko, horrek haurtzaroa ikusgarri egingo luke, une honetan, eta bereziki konfinamenduko kudeaketarekin ikuszein bilakatu baitira haurrak eta nerabeak”. 

 

Ruizen ustez, krisia baliatu behar dugu haurrei dagokien espazioa eta denbora aitortzeko. “Gizartean haurrei leku egitea estuki lotua dago gizarteak haurrekiko hartuko lukeen ardurarekin. Umeen bizitzaren bermeen inguruan itun sozial zabala eta garbia egiteko garaia da. Itunarekin gizarteari adieraziz umeen ongizatea ardura soziala dela, eta ez banakorena edo familia bakoitzarena”. Ildo beretik, Oinherriko Maite Azpiazuren aburuz, haurtzaroa errespetatu ahal izateko argi geratu da haurtzaroaren kulturari dagokionez marko baten beharra daukagula, haurren lekua zein den eta zein izan beharko lukeen hausnartzeko abagunea eskaintzeaz batera, Azpiazuren aburuz, krisi-egoera honek zaintzaren garrantzia ere agerian utzi du: “Larrialdi-egoera honek argi utzi duena da pertsonak ez garela izaki isolatuak. Hau da, ni ez naizela inor besteak gabe. Elkarrekintza baten parte garela eta ondorioz, ez dela nahiko norbera bakarrik zaintzea, albokoa zaintzen ez bada, ez badugu”. Haurtzaroa bezala, zaintza erdigunean jarriko duen gizarte-antolaketa bat pentsatzeko eta gauzatzeko premia ikusten du Azpiazuk: “Birus honek talde bezala eragin digu; edo denok hartzen dugu zaintzeko ardura, edo birusak bere bidea egiten jarraituko du. Horrek, inoiz baino ageriago utzi digu zaintzaren ardura konpartituaren ideia. Denon premiak mahai gainean jarri eta denontzat egokia izan daitekeen irtenbide bat bilatzeko ordua da”.

 

Ariketa honek eskuzabaltasun ikaragarria eskatzen duela nabarmendu du Oinherriko koordinatzaileak: “Norberak beretik bakarrik pentsatzeari utzi eta kolektiboan pentsatzera salto egitea ez baita hain erraza.” Osasun-krisiak behartu dituen zaintza-sareak, alabaina, krisi egoeretan soilik ez, egunerokoan ere mantentzeko beharra dagoela uste du Azpiazuk: “Egunerokotasunean hasi beharko genuke komunitate gisa funtzionatzen, ez larrialdi-egoeretan bakarrik. Iraupen jasangarri bat bermatuko duten komunitate saretuak behar ditugu, elikadura eta energia burujabetza izango dutenak, eta zaintza-komunitarioan oinarrituko direnak”.

 

Krisia pasatzeko gogoa erabatekoa bada ere, ondorengo eszenatokian haurrei eta zaintzari zer denbora eta espazio eskainiko zaien arduratuta daude Oinherri eta HaurrakEreBai sareak. Oinherrik herri hezitzaileen norabidea argi du: “Batzuk ‘normaltasun berria’ bezala planteatu nahi diguten horretan, Oinherritik uste dugu gauza asko birpentsatzeko abagune ederra izan daitekeela une hau. Hala nola, nolako eskolara itzuli nahi dugun eta nola egin itzulera hori; hirigintza-mailako hausnarketa sakonak; zaintza hezitzailea erdigunean nola kokatu; naturarekiko harreman jasangarriago bat nola eraiki; jasaten ari garen hizkuntza eskubideen urraketak nola irauli... eta hori guztia komunitate bezala berramestu beharrean gaudela sinetsita gaude. Herritar guztioi, haur eta gazteak barne, erabakiguneetan parte hartzeko aukera eskainiz”. HaurrakEreBai sareak ere argi du krisiak are nabarmenago utzi duela haurrak eta nerabeak “eskubide osoko herritartzat hartzeko” premia: eskubide urraketa hauek horrela izaten ari dira eta izango dira haurrak eskubide osoko herritartzat hartzen ez diren bitartean.