Garazi Auzmendi: “Haurrei eta gaztetxoei hiri eta herriek ukatzen dieten hori eskaintzen die naturak: askatasuna"

2020-11-09

Katakrak. Gurditik jaitsi, ingeniari lanak utzi eta naturaren zaintza eta heziketan murgildu zen garazi auzmendi (beasain, 1988). Aralar parke naturalean egin dituzten pista-bideak izan dira bere kasuan eragile, eta gaiari buruz ‘aralar mundua leku den lurra’ dokumentala kozuzendu du. ‘naturanhezten.eus’ webgunearen atzean dago eta basoen erabilera curricularra aztertzen ari da.

 
 
Garazi Auzmendi: “Haurrei eta gaztetxoei  hiri eta herriek ukatzen  dieten hori eskaintzen die naturak: askatasuna"

Koronabirusaren krisiaren jatorrian, natur-hondamendi askoren atzean bezala, gizarte eredu honen norabidea eta abiada daudela argi du Garazi Auzmendik. Naturara itzultzea proposatzen du, naturaren erritmoa berreskuratzea, bai familian, bai heziketa-guneetan eta baita herrien antolamenduari begira ere. Dokumentalaz gain, Garalar Maralar ipuin bilduma edota Naturanhezten webgunea egin dituen Landarlan ingurumen elkartean dihardu lanean, natur ondarearen zaintza, berreskurapen eta heziketan.

 

Zugandik hasteko, nolatan iritsi zinen Aralar parke naturalari buruzko film dokumental bat egitera? Zerk bultzatu zaitu ingeniaritza utzi eta natur ondarearen zaintza, berreskurapen eta heziketan murgiltzera?

Ingeniaritza  industriala ikasi nuen eta Ampon sartu nintzen lanera, eta fabrikan nengoen bitartean hasi zen Aralarko pisten kontrako mugimendua [Enirio-Aralar Mankomunitatean Gipuzkoako Foru Aldundiak mendi-bideak egiteko proiektuaren aurka hainbat naturzale, ekologista eta herritarrek abiatutako mugimendua].  2016an Aralarko pista proiektua planteatu zenean deialdi irekiak egin ziren hiritarrak bildu eta gaiaz eztabaidatzeko. Aurrez elkar ezagutzen ez genuen Goierriko pertsona batzuk bildu ginen, nortasun eta izaera aldetik oso desberdinak  ginenak, baina kontzientzia- eta sentsibilizazio-maila bat partekatzen genuenak, pertsona gutxi ginen, baina oso anitzak, eta familia bat osatu genuen.

 

Pista proiektuaren inguruan herri mailan kontzientzia eta informazioa zabaltzeko bilera informatibo batzuk egiten hasi ginen eta ikusten genuen, gugandik hasita, ezjakintasun handia geneukala ingurunearekiko. Nola aldendu ginen gure aitona-amonekin konparatuta naturatik! Zerbait egin beharra ikusten genuen. Jende guztia naturara ateratzea gure esku ez zegoenez, natura gizarteratzeko ahalegina egin genuen eta hortik sortu zen dokumentala egiteko ideia.

Lantalde horretan piztu zen magiatik. Sekula egin gabeko lan bat zen, baina inplikazio eta konpromiso handiarekin egin genuen.

 

Hori martxan jarri genuen bitartean ni artean fabrikan lanean ari nintzen, eta “zer egiten dut nik hemen?” sentitzen nuen. Ez zen nire sinesmenarekin bat zetorren lan bat, laneko erritmoa, lan karga, presio handia geneukan.... eta gaixotu egin nintzen. Orduan ikusi nuen ezetz, hori ez zela nire lekua, beste leku batzuetan aurkitu nuen pasioak betetzen ninduela. Katakrak egin nuen. Fabrikatik atera, ingeniari lanak utzi eta aldaketarako apustua egin nuen: barruak eskatzen zidan horren alde egiteko erabakia, naturatik gertu egotea eta gauza berdinak partekatzen dituen jendearekin aritzea lehenetsi nuen.

 

Donostian estreinatu ostean, dokumentalaren erakustaldi asko egin dituzue Euskal Herrian. Sariak jaso dituzue, AEBetan esate baterako, eta gainera, gaia gizarteratzea lortu duzue. Baina pistak egin dituzte. Beraz, hau guztia alferrik da? Edo etorkizun baterako balio beharko liguke irakaspenak?

Dokumentalak mezu garbia du, eta gauza asko esaten dira, baina esateko modua elegantea izan zedin bilatu genuen, eta uste dut dokumentalaren harrera ona horrexegatik izan dela. Pistak, ordea, egin dituzte, bai! Gizarte bezala aurrera egiteko daukagun aukera bakarra kontzientzia da; bestela, ez daukagu zereginik. Dokumentala ekarpen bat izan da, zenbait pertsonarengan —gutxi bada ere—, kontzientzia hori pizteko. Nahiko genuke hau eginda jendearen kontzientzia aldatzea baina, tamalez, horrelako asko egin beharko dira, eta alor desberdinak ukituz, benetan gizarte mailako transformazio bat lortzeko.

 

Dokumentalak gizartean eragin bat izan duela ikusirik —nahiz eta ez izan maila politikoan guk nahiko genukeen bezainbestekoa—, jarraitzea erabaki genuen, eta hortik etorri dira ipuin bilduma, filmaren gidoiarekin biltzen den poesia lana eta Naturanhezten webgunea. Eskuartean daukagun material hori zabaldu eta gizartean aldaketa, kontzientziazioa eta sentsibilizazio-maila handitzen saiatzeko ekarpenak dira.

 

COVID-19aren testuinguruan egokitu zitzaizuen Naturanhezten baliabide pedagogikoa abian jartzea. Bizi dugun pandemiak gizarte eredu kontsumista eta globalizatu honek dituen arriskuak erakutsi ditu. Kontzientziazio, sentsibilizazio eta heziketari dagokionez, mugarri bat izan ote da pandemia hau?

Krisi garai honetan buelta asko eman dituen esaldi batekin gelditzen naiz, ordea: “Honetatik guztitik irakaspen handi bat jasoko dugu, bi egunetan ahaztuko duguna”. Eta gure gizarteak badu gaitasun hori: informazio asko daukagu, baina ahaztu ere oso erraz egiten dugu.

 

Lehendik ere agerikoa zen ekologia eta natur ondarearen ikuspegitik zer desastretan sartzen ari ginen, klima larrialdia ere hortxe dago. COVID-19a beste arrazoi handi bat izan da aldaketa mugarri bat markatzeko. Eta oraindik hor gaude, pandemiak atzetik asko ekarriko du. Maskararen erabileratik eta distantziamendutik harago, zenbateraino eragingo du gizarte aldaketa baten oinarrian? Ni eszeptikoa naiz. Gurpil ero batean erabat sartuta gaude eta bizitzeko arrazoi asko gurpil ero horretako gauza batzuei lotzen dizkiegu, kontsumo-ohiturei batez ere, eta oso zaila da hortik ateratzea. Kolektibo eta ikuspuntu ugaritatik ikaragarrizko esfortzua egin beharko litzateke bizimodu hau aldatzeko, eta borondate falta ikusten dut.

 

Badakigu glaziarrak urtzen ari direla, Aralar pistek desitxuratu dutela, baina krisi hau gutako bakoitzak bere azalean bizi izan du, etxean sartuta egon gara… Zer behar dugu katakrak egiteko?

Ez dut uste jendeak pandemiaren jatorria non dagoen garbi daukanik. Badirudi hau bat-batean etorri zaigula, “ze desgrazia!” pentsa dezake jendeak… Ondorioez asko ari gara hitz egiten, baina atzean edo oinarrian zer dagoen ez da hitz egiten, ez gara jarri gehiago halakorik ez gertatzeko zer egin genezakeen pentsatzera. Hori falta da, eta, segur aski, ez da interesatzen hori ondo azaltzea.

 

Pandemiak berak erakutsi digu naturan gaudela seguruen, osasun aldetik, esate baterako, ikerketek diotenez, kutsatze-arrisku txikiena aire librean dago. Behar bezala ari al gara baliatzen naturak eskaintzen digun aukera?

Berez naturak dena eskaintzen digu. Naturak eskaintzen digu segurtasuna, ikerketek argi erakutsi dute naturan eta aire librean kutsatzeko arrisku gutxiago dagoela; eta gero, maila kognitiboan, pertsonalean, emozionalean... naturgune batek heziketa-gune bezala eman diezagukeena formula perfektua da. Batzuetan egon litezke zailtasunak, ikastetxea non kokatua dagoen arazo eta zailtasun gehiago egon daitezke naturara irteteko, baina kasu gehienetan, natura bertan daukagu eta dohainik da. Iruditzen zait askotan benetan ditugunak baino zailtasun edo traba gehiago ikusten ditugula naturara ateratzeko. Zailtasun handiena aldaketei diegun beldurra da, egunerokotasuna hautsi eta naturara ateratzea bera da gehien kostatzen zaiguna. Ezagutzen dugun errutinaren barruan eroso sentitzen gara, aldiz, gauza ezezagun eta berrien aurrean mesfidatiak izan ohi gara, eta beldurtu egiten gara, ondo aterako da? ez da ondo aterako? Eta nik uste dut hori hautsi behar dugula, aldaketa beharrezkoa da, moldatzen eta aldatzen ikasi behar dugu, eta gaur egun bizi dugun gizarte likido honetan, —Zygmunt Baumanek zioen bezala— are gehiago. Oso mundu aldakorrean bizi gara, eta hezkuntza sistemak jakin behar du aldaketa horiei erantzuten. Covid-19aren arazo honekin argi ikusi da gizartean ematen ari diren aldaketei hezkuntza sistemak, orokorrean, ez diola jarraitzen.

 

‘Naturanhezten’ webgunean mendira edo naturguneetara joateko proposamena egiten diezue eskolei, baina gelan bertan ere lantzen has litezkeen proposamenak jaso dituzue. Ezinbestekoa da mendira joatea, edo natura inkorpora genezake eskoletan dosi txikiagotan?

Beharraren eta dauden baliabideen arabera egin beharko genuke. Nik uste dut beti izango dela hobea naturara ikasturtean behin joatea, sekula ez joatea baino.

 

Seme-alaben edo ikasleen adinaren arabera, beharrak desberdinak izan daitezke. Baina naturak horixe ematen digu: behar desberdinentzako eskaintzak dauzka. Formula asko asma litezke, eta malgutasun hori edukitzeko beharra ere badaukagu.

 

Pandemiaren aurretik ere bazeuden nahikoa arrazoi gure haurrak eta ikasleak naturara ateratzeko, eta COVID-19arena da pisuzko beste arrazoi bat. Hezkuntza sistemaren errotikako aldaketa bat behar dela jakina da. Bitxia da, beste alor batzuetan, medikuntzan esate baterako, ikerketetatik segituan aplikatzen dira emaitzak ospitaletan eta tratamenduetan hobekuntzak egiteko. Baina hezkuntzan, nahiz eta urteak eta urteak eraman ikerketak egiten eta hamaika ebidentzia izan naturaren onuren inguruan, ikaragarri kostatzen da hezkuntzan berritzea. Arriskatu eta aldatzeko saiakera egin beharra daukagu. Hau da momentua.

 

Ikerketak aipatu dituzu, ikerketek diote haurrak zoriontsuagoak eta sanoagoak direla naturarekin kontaktuan daudenean. Baina zergatik da hori horrela?

Inguruneak baldintzatzen gaitu. Baldintzatu egiten ditu gure jokaerak, baina baldintzatu egiten ditu, baita ere gure egoerak, emozioak eta harremanak.

 

Naturan ongi sentitzen gara, neurri batean, naturara ateratzea etxera bueltatzea bezala delako. Gizakiaren eboluzioari begiratzen baldin badiogu, oso urte gutxi dira herrietan eta hirietan isolatu garela. Nik uste dut umeek sen hori, natura bere sentitze hori, helduok baino barneratuago eta biziago mantentzen dutela. Horrez gain, esango nuke, baita ere, haurrei eta gaztetxoei hiri eta herriek ukatzen dioten hori guztia eskaintzen dietela naturak: askatasuna.

 

Gure hiriak, Francesco Tonuccik dioen bezala, helduentzako diseinatuak daude, inguru guztiak kotxez erraz eta eroso iristeko egokituak, lanera azkar iristeko eta kontsumitzeko pentsatuak daude; umeentzako alde guztietan trabak eta arriskuak daude. Parkeek ere, orokorrean, nolako diseinua dute? Umeak kontrolpean edukitzeko lekuak dira, ezin dira ezkutatu... Hiri eta herriek haurrei ezartzen dizkieten muga horiek euren garapen psikokognitiboan eragiten dute. Eta nik uste dut naturak horrekin kontrastean beste guztia eskaintzen diela: askatasuna. Euren gaitasun desberdinak deskubritzeko aukera ematen die, esperimentatzeko aukera, esploratzeko, arriskuak neurtzeko... Herri eta  hirietan egin ezin dituzten gauza horiek guztiak egiteko aukera ematen die naturak, ume izateko benetako aukera ematen die. Horrexegatik da beraientzat hain aberasgarria naturara ateratzea.

 

Familiek ere zeresan handia daukate umeen ohituretan, baita naturarekiko sentsibilizazioan ere. Nola balia daitezke naturak eskaintzen dizkigun onura hauek guztiak familia-giroan?

Gizarteko problema bat da: hainbeste urrundu gara naturatik, gure bizitzetan ez dugula berarekin kontatzen. Batzuek etxetik jaso dugu zaletasuna eta sentsibilizazioa, baina oso zaila da barruan ez daramazun sentsibilitate edo miresmen hori beste inori transmititzea.

 

Familia batek edo guraso batek nahia izan dezake, baina gerta liteke ez edukitzea gaitasunik edo baliabiderik, agian bizi den inguruneagatik, seme-alabak mendira eramateko. Horregatik iruditzen zait hain inportantea hezkuntza sistematik haur guztiei aukera hori ematea.

 

Txikitatik sentsibilizazio hori jaso ez dutenen kasuan, beharbada, natura arrisku moduan ikus dezakete, deskonfiantza ematen die, zikina izan daiteke, asperdurarekin lotzen dute. Egin beharreko lehenengo gauza aurreiritziak alde batera uztea litzateke eta naturgune batera espektatibarik gabe eta jarrera ireki batekin joatea izan liteke. Horretan umeek asko lagundu diezagukete. Helduok mendira joaten gara, eta ibilbide bat egin beharra izaten dugu buruan, hemendik hara joan, bokadilloa jan, eta buelta. Eta kasu askotan oso ondo egon liteke eta zenbait umeri horrek igual motibazioa eragingo die, baina oso interesgarria da naturara joatea ezer ez egitera, baizik eta egotera; basora joan eta egon, erreka ertzean egon denbora pasa... Etxeko txikiena makilekin ibiliko da, makilak biltzen edo zutik jartzen, hostoak biltzen... zahartxeagoak ezkutaketan ibiliko dira, edo zuloak begiratzen ea animaliak dauden... eta guk, heldu bezala, espero ditugunak baino gauza gehiago deskubrituko ditugu.

Naturak eskaintzen dituen gauzetako bat da natura behatzearekin eta esploratzearekin geure burua behatzen eta esploratzen dugula, eta hobeto ezagutzen dugula. Ni basoan ibiltzen naiz lanean, eta interesgarria iruditzen zait basotik zer analogia jaso ditzakegun, eta zer balore transmiti ditzakeen. Naturaren aniztasunari begiratze hutsarekin asko ikasiko genuke. Hasteko, naturari aniztasunak ematen dio aberastasuna, espezieak, formak... eta hori gure gizartera trasladatzea oso sanoa iruditzen zait. Gu pertsona norbanako bezala, garen bezalakoak onartzen eta baloratzen asko lagundu dezake naturak.

 

Egitetik egotera pasatzea proposatzen duzu; sinplea dirudi, baina gizarte produktibo honetan aldaketa kualitatiboa litzateke.

Aurreiritzirik gabe joan behar dugu naturara. Egia da, familian errazagoa dela helburu jakinik gabe joatea mendira. Ikastetxeetan zenbait mailatan eduki dezakegu presio bat helburu akademiko batzuk lortzeko. Natura oso zabala da, ez bakarrik Biologia edo Geologia lantzeko, baizik eta edozein gai lantzeko aukera ematen digu, bai zientzietakoak, matematika —gauzak neurtu, kontabilizatu, estatistikak egin...— teknologiak erabil ditzakegu erreminten bidez gauzak neurtzeko eta harago, gure gizarteak naturarekin izan dituen interakzio eta harremanak lantzeak, historikoki, gizarte ikuspuntu batetik, ekarpen handia egin dezake. Eta zer esanik ez etika, filosofia edo artearen ikuspuntutik, gorputz hezkuntza... dena jaso dezakegu naturatik. Egin behar dugun esfortzu bakarra aldaketarako prest egotea da.

 

Seme-alabei arreta gehiago eskaintzeko, abiada jaisteko... nola lagundu dezake naturara irteteak? Naturarekin harremanetan bizitzea eta gaur eguneko bizi-eredua eta abiada bateragarriak dira?

Berez bi erritmo oso-oso desberdin dira. Egunerokoan bizi garen erritmoa ez dugu berezkoa, gure sistemak markatzen digu eta ez nuke esango ohitu garenik, gero eta antsietate, depresio eta arazo gehiago baitaude eta hori zerbaiten seinale ere bada, baina, hala ere, gurpil ero horretan jarraitzen dugu. Naturak asko lagun diezaguke; niri, maila pertsonalean ikaragarri lagundu dit, nire kasuan bastoi bat izan da sistema horretan aguantatzeko, harik eta katakrak egin eta gurditik jaistea erabaki dudan arte. Baina uste dut ezin dugula laguntza bezala bakarrik mugatu, baizik eta beste era batera txertatu beharko genukeela gure bizitzetan. Ez eduki asteburutako plan bezala, baizik eta egunerokoan, gure bizietan gehiago txertatu beharko genuke natura, naturaren erritmoa eta funtzionatzeko modua geureganatu beharko genituzke.

 

Lehen eskola eta familia aipatu ditugu, baina herriari ere begiratu nahiko genioke. Parkeak gomazko lurraren gainean, zuhaitz bat bera ere ez… eta hor biltzen dira haur eta familia guztiak...

Errazena da etxetik atera eta bertan gelditzea, eta ohituak gaude errazenera jotzen. Gero, hortik ateratzen gara eta esaten dugu, “ze ondo!” Baina pilotu automatikoa oso sartua daukagu, gizarteak egiten gaitu baita ere gu, eta normala da  zabalduen dauden mekanismo horien bidez funtzionatzea. Hiri batzuetan zaila dago egoera, baina hirigintza eta herrien antolamendua beste era batera planteatu beharko genuke, hasteko, gu pertsonon ongizateari begira, eta zer esanik ez umeen ongizateari begira. Aparkalekuak, dendak erdigunean, kotxez eroso mugitzeko errepideak, zuhaitz bat bera ere ez daukaten eskola-patioak... txipa aldatu beharra daukagu. The Guardianen irakurri berri dut ikerketa bat gune berdeak dituzten lekuetako umeek jarrera gatazkatsu gutxiago eta gaitasun intelektual altuagoa daukatela dioena. Ikerketak behin eta berriz esaten digute naturaren onuren inguruan... Aldaketa noiz? Gizarteak eskatu behar du, politikek beste interes batzuk dituzte, eta kontzientzia aldaketa horretarako funtsezkoa da hezkuntza.

 

Basoetan diharduzu lanean, zenbait herritako ekosistemak berroneratzeko proiektuak kudeatzen. Nola balia genitzake basoak hezkuntzan?

Besteak beste, baso-habitatak berreskuratzeko proiektu batzuetan ari naiz orain lanean, eta era berean, udazken honetan Gipuzkoako zenbait eskualdetako Eskolako Agenda 21eko koordinatzaileei prestakuntza saio batzuk emango dizkiet. Izan ere, orain lantzen hasiko diren 2030 Agendaren helburuen artean, gehienak lehorreko ekosistemekin hasiko dira eta beraz, basoak eta horien erabilera curricularra landuko ditugu: zer egin dezakegu eskoletan? Kanpora ateratzea izango da gure proposamena. Adin desberdinetan basoan zer gauza desberdin egin litezkeen landuko dugu, adin txikietan basora joan eta jolastea proposatzen dugu, ukitu, deskubritu, zikindu, usaindu... Tarteko adinetan behaketa eta ikerketa lana bultzatuko dugu, ikusi, behatu, zergatik interaktuatzen duten gauza batzuek besteekin... eta DBH eta Batxilergoan gauza handiak egin litezke, aurre-prestaketa lan batekin, behaketa, ikerketa eta txosten interesgarriak egin litezke. Zergatik ez prestatu udaletxerako txosten bat hobekuntzarako proposamen batekin? Eskolak udal politika batean presentzia gehiago izateko modu bat ere bada. Batxilergoko ikasleek maila handia daukate eta herri batean gai baten inguruan inongo informaziorik ez dagoenean, ikasleek txosten interesgarriak egin ditzakete.

 

Mundua beste begi batzuekin ikusten erakusten digute umeek etengabe, eta naturari dagokionez ere bai, euren jarrera irekia hartu beharko genuke helduok, eurengandik ikasi. Bizi ditugun pandemia eta natur hondamendiak berriro ez gertatzeko, eta gizarte eraldaketa baterako umeak klabeak dira; aukera eman beharko genieke.