Zer, nork eta nola

2021-02-16

Jardun ugariren artean nire lanetako bat  ipuin kontaketak dira. Izugarri maite dut istorioak irakurri, aukeratu eta gero horiek jendearekin partekatzea. Orain arte helduentzako kontaketa gutxi egiteko aukera izan dut, beraz, gehienetan umeei zuzendutakoak eramaten ditut aurrera. 

Sormen gomendioak: Eneritz Artetxe Aranaz

 
 
Zer, nork eta nola

 

 

Behin Bermeon Hiru olatuak ipuina kontatu nuen bertako liburutegian. Saioaren ostean umeetako batekin zetorren amonak ipuin hura antzinatik ezagutzen zuela aipatu zidan. Bere amak kontatzen omen zion. Pilarrek ordea, horrela deitzen bait zen emakumea, beste bertsio baten berri zuen. “Zure ilobak hamaikatxo aldiz entzungo zuen istorio berbera orduan”, esan nion. Eta emakumeak ezetz erantzun. Ez zitzaiola sekula ipuin zahar hura kontatzerik bururatu, ez zuela ipuin hura ilobari transmititzeko tarterik aurkitu. 

 

Gertakari hark hainbat galdera jarri zituen nire burmuinean dantzan. “Nola da posible hiru olatuen istorioa ahozkotasun zuzenetik jaso duen pertsona batek bere ilobari ipuina inoiz aipatu ez izana?”  Ume horrek istorioa ipuin kontalari “ofizial” baten bidez jaso behar izan du kontalaririk egokiena etxean zuenean?

 

Hain zaila al da gure eguneroko bizitzetan ume zein helduek istorioak partekatzeko tarteak, espazioak eta testuinguruak lortzea? 

 

Jardun ugariren artean nire beste lanetako bat ikastolako umeekin arte hezkuntzan aritzea da. Lehengo egunean  taldeka teselekin lanean zebiltzan bitartean honako eztabaida hau entzun nien 10 urteko umeei: “Aizue, aurton Olentzerok etortzerik izango izango du koronabirusaren kontua dela-eta?” “ Noski etorriko dela! Olentzero magikoa delako!.” “Hori ba, magikoa.” “Olentzero aurton musukoarekin etorriko da eta astoari ere musukoa jarriko dio”. “Nire ustez, Olentzero ez da etorriko Olentzero gurasoak direlako”. “Gurasoak Olentzero? Zer diozu baina? Esan nizuen atzo ere, ikasgela honetan Olentzerorengan sinisten ez duen jendea dago eta horrela ez da sekula etorriko.”

Nik ere Olentzero magikoa dela uste dut eta musukoarekin bada ere hurbilduko zaigula aurton ere  gure bizitza lurtiarrak magiaz zipriztintzera. 

 

Horregatik eskakizun bi egin nahi nizkioke: Erakutsi diezaiela helduei umeekin istorioak partekatzeko espazio eta denborak sortzen. Partekatu ditzatela haiekin dakizkiten istorio, ipuin, kontu zahar eta txutxumutxu guztiak. Hartu dezatela hori egiteko denbora. Horiekin bukatu ondoren eraman ditzatela umeak ipuin kontaketa, antzezlan, bertso-saio, kontzertu eta film ezberdinak ikustera. Euskaraz sortuak badira, hobe.

 

Eta bide batez, doazela helduak ere beraientzat bereziki programatuta dauden kultur jardueretara horiek ere existitzen dira-eta...

 

Zer nahi duzue nik esatea, ni antzerki kumea naiz. Arlo honek arte diziplina guztiak bere baitan biltzen dituenez denaz maitemintzeko aukera izan dut; musika, literatura, dantza, zinema, bertsolaritza… Horrela ba, beti saiatu izan naiz diziplina hauetan guztietan nire semea murgiltzen. Ez dut beti lortu. Esan behar dizuet gehienetan oso harrituta utzi nauela bere erantzunak. Hasteko, ez ditu sekula umeentzako bereziki sortutako kultur ekoizpenak maite izan. Eta, jarraitzeko, maite izan duena  ez da ia inoiz nik aurreikusten nuena izan.

 

Irakurketa, ipuin eta istorioei dagokionez, gogoratzen dut txikitan Toti Martinez de Lezearen Euskal mitologia liburuko istorioak irakurtzen nizkiola semeari. Izugarri gustuko zituen eta behin eta berriz irakurtzeko eskatzen zidan. Beste kulturetako istorio mitologikoak ere oso maite zituen, Joseba Sarrionandiaren Munduko zazpi herrialdetako ipuinak-en aipatzen diren bezalakoak, adibidez. 

 

Nik neuk ipuinen artean bereziki maite ditut Pamiela argitaletxeak Kalandrakarekin batera argitaratutakoak. Hauetako ipuin batzuk bertsio txikituan ere atera dituzte. Bospasei ipuintxo txiki dira, kartoizko kutxa txiki batean sartuak. Liburu zein jostailu dira aldi berean eta umeek poltsiko zein zorroetan eraman ditzakete edonora.

 

10 urterekin gogoratzen dut semeak maite izan zuela Alaine Agirreren Hau ez da zoo bat! liburua. 11 eta 12 urterekin aldiz, Julio Verneren istorioak deskubritu zituen eta izugarri gustatu zitzaizkion haietako batzuk Veinte mil leguas de viaje submarino adibidez eta baita Oscar Wilderen Canterbury-ko mamuaere.

 

Nire semeak ez du oraindik irakurri baina nerabeentzat oso interesgarria iruditzen zait Miren Agur Meaberen Zer da ba maitasuna? liburua. Aurretik atzera eta atzekoz aurrera irakurri daitekeen kontakizun bat da eta maitemintzearen inguruan hitz egiten du modu sentikor eta eder batean.

 

Filmen inguruko gustuekin ere harritu izan nau beti semeak. Zur eta lur utzi ninduen adibidez Charlie Chaplinen lanekin hain ondo konektatzen zuela ikusteak. Izan ere uste dut Chaplinen  The kid izango dela bere filmik gustukoena. Buster Keatonen lanekin ere barrez lehertzen ikusi dut behin baino gehiagotan Hiru aroak eta El maquinista de la general ekin batez ere. 

 

Txikiagoa zenean Totoro, Chihiroren bidaia, Mononoke printzesa, Brave eta halakoekin ere une ederrak igaro genituen. 

 

Antzerkiari dagokionez, clown kutxuko antzezlanak maite ditu Gorka Ganso eta Cecilia Paganini-ren Clown cabareta izan zuen oso gustuko, Andurina Zuruza eta Txeforen ipuin kontaketak…

 

Ipuin kontalariak aipatzen hasita badira Euskal Herrian hainbat kontalari on. Hor ditugu, adibidez, horretara dedikatzen diren Galtzagorri elkarteko partaideak. Bestalde oso Ipuin kontaketa bereziak egiten ditu Maite Arrese ipuin kontalari, aktore eta Yoga irakasleak. Izan ere Yogako asanak ipuinen bidez aurkezten dizkigu bere saioetan modu horretan umeen gorputz eta irudimenak aldi berean martxan jartzea lortuz. Saio hauetan oinarritutako Yoga kartak argitaratu zituen Maitek duela urtebete. Baraja bitxi honetan  irudi eder eta ipuin laburren bidez azaltzen dira Yoga ariketa ezberdinak. Karta hauek aukera ematen digute proposatzen diren ariketa fisiko eta ipuinak etxean zein eskoletan geure kabuz umeekin lantzeko.

 

Bestalde, azken aldi honetan oso antzezlan interesgarriak ikusi ditut adin ezberdinetako umeekin familian gozatu ahal izateko: Olatz Gorrotxategik zuzendutako Mari eta galleta fabrika, Xake antzerki taldearen Lur eta Marie de Jongh-en Ikimilikiliklik adibidez. 

 

Musikari dagokionez txikitan Bularretik mintzora bezalako kantu bildumak entzuten genituen, ondoren Oskorriren kantu zaharren bilketak. Hortik aurrera, esan behar dut nire semeak ez duela sekula umeentzako bereziki sortutako musika maite izan. Gaur egun hamabi urterekin, gure gazte garaietako Kortatu, La polla records, Deliriun tremens eta abarrak ditu gustukoen baita Willis Drummond eta Hodei Barrosoren musika ere.

 

Dena den, nik ahal bezain beste jartzen dut etxean Ez dok Hamairu taldekoen musika Mikel Laboa batez ere. Maurizia eta Leonen kantuak ere sarritan entzun ditugu eta baita Klasikoa deitzen dugun musika hori ere. Azken honi dagokionez, hainbat dira umeekin entzuteko egokiak iruditzen zaizkidan piezak: Mozarten suite-ak, Sain Saensen Animalien ihauteria, Erick Satieren hainbat lan, Debussiren Bergamasque suite-a, Sergey Prokofiev-en Peru eta otsoa eta abar….

 

Jarraituko nuke kontutxo gehiago zuekin partekatzen baina eskatutako hitz kopuruen gainetik nabilelakoan nago. Dena den hitz mordo hauen guztien artetik ideia bi nagusitzea nahiko nuke: Alde batetik gure arteko zuzeneko transmisio ez ofiziala beste ezer baino garrantzitsuagoa dela. Bestetik guk geuk plazerez jasotakoa dela modu sakon eta eraginkorrenean transmititzen duguna. Horregatik ez da bakarrik zer transmititzen dugun garrantzitsua baizik eta nork eta nola.