Tratu onak, abiapuntu eta helmuga

2021-02-24

Urte berriari zerbait eskatzen hasita, ez legoke gaizki elkar ondo zaintzea eskatzea. Hasteko, nork bere burua ongi zaintzea, eta ondoren, norberak besteak ongi zaintzea eta bueltan haiek bera ere bai. Harremanak onak izatea eta elkarri tratu ona ematea. Horrek denok hobeto, lasaiago eta osasuntsuago bizitzeko aukera eman dezake, tratu txarrak saihestu eta guztiok tratu onen kulturan bizitzea.

 
 
Tratu onak, abiapuntu eta helmuga

P

andemia garaian zaintza erdigunean jarri dela entzun dugu behin baino gehiagotan; edo zaintzaren beharraz kontziente egin garela, ezkutuan zegoena agerian geratu dela. Feminismoak aspalditik zioena komunikabideetako titularretan inoiz baino gehiago agertu da garaiotan, ikerlarien ahotan ere bai, eta berdin soziologoen eta iritzi-
emaileen esanetan ere: funtsezkoa da zaintza erdigunean jartzea, pandemia edo krisi honek agerian utzi du zaintzaren garrantzia. Baina horren jakitun izan arren, nola lortzen da eguneroko bizimoduan, familian, etxean, eskolan, lantokian, auzoan, herrian... zaintza erdigunean jartzea eta denok ongi tratatuak izatea?

 

Horri begira jarri da erreportaje honetan HAZI HEZI Arremanitz kooperatibako kideen laguntzaz, urteak baitaramatzate haur, gazte zein helduen artean harreman onak sustatzen, tratu onak bultzatzeko laguntza eskaintzen eta elkar zaintzearen garrantzia azpimarratzen.

 

Pentsa daiteke harreman onak edukitzea zera dela: hitz txarrik ez esatea, giroa ez gaiztotzea, irribarrez egotea, ez haserretzea… gatazkarik gabeko harremana edukitzea. “Eta ez, hori itxurazko harreman ona izan daiteke, itxurakeria ekar dezakeena, Profident iragarki batean bizitzea, lehertzen den arte, hori saneatzeko mekanismorik ez daukagulako. Harreman mota horri guk guayismoa deitzen diogu. Benetako tratu onez hitz egitean, gatazkaz hitz egin behar dugu derrigorrean”, dio Ibon Arrizabalaga de Mingo Arremanitzeko kideak. “Gatazkak beti hor daude, guztion egunerokotasunean. Kontua da gatazkari beldurra diogula, eta gatazkari beldurra dagoen lekuan ez dagoela tratu onik”. Axier Baglietto Gabilondo Arremanitzeko kideak gehitzen du gatazkak izugarrizko beldurra ematen digula, “askotan indarkeriarekin eta autoritarismoarekin lotzen dugulako, gatazkak bideratzeko modu bat delako norbaitek kolpea ematea eta bestea isiltzea. Gatazka batek Profident irribarre hori desagertuko duen beldur gara. Baina konturatu behar dugu gatazka bizitzan ezinbestekoa eta beharrezkoa dela. Ezin dela saihestu, baizik eta beharrezkoa dugula gatazkak zeharkatzea, bestela Profident irribarrea mantendu arren elkarrengandik urrundu egiten garelako. Horregatik, gatazka onartzen baldin badugu, esan nahi du bakoitzak bere tokia onartzen duela, besteena ere bai eta denontzat interesgarria, asegarria eta onuragarria izan daitekeen toki bat bilatzen saiatzen garela. Eta horrek eskatzen du momentu batean ados ez egotea, tentsioa egotea eta abar”. 

 

Bagliettok gehitzen du gatazkari beldurra galtzeko tresna sozialak edukiko bagenitu, indarkeria gutxiago edukiko genukeela jendartean. Eta tresna sozial horien artean, oinarri-oinarrizko pare bat tresna aipatzen ditu: hezkuntza emozionalean eta KEB Komunikazio Ez Bortitzaren oinarrizko printzipioetan trebatua egotea. “Hori da”, gaineratzen du Arrizabalagak. “Dauden bidegabekeriak mahai gainean jarri, horrek sortzen dituen gatazkak elkarrekin tratatu, komunitatean landu eta hortik komunikazio argia izateko gakoak aterako ditugu. Eta hortik eratorriko diren gatazkak kudeatzeko moduek ekarriko dute tratu onak izatea. Zeren jakingo dut nik gatazka bat dudanean hitz egin dezakedala horretaz, pertsona batzuk egongo direla entzuten, hainbat baliabide egongo direla bideratzeko eta beste zerbaitetara iritsiko garela. Eta horrela, tratu onen kultura zabalduko da; alegia, pertsonak elkarrekin erlazionatzeko, eta beren burua eta beren emozioak kudeatzeko behar dituzten baliabideak eskaintzen dituen komunitate edo gizarte bat”. 

 

Tratu onetan oinarritutako gizartea

Arremanitzeko kideek aipatzen duten tratu onen kultura hori garatzeko esparru edo bide bat baino gehiago daude. Alde batetik, orokorrak, gizarte egiturari dagozkionak, eta, bestetik, norbanakoari dagozkionak. “Eta biak dira beharrezko, paraleloki landu eta borrokatu behar direnak”, dio Edurne Mendizabal Tolosa Arremanitzeko kideak. “Alde batetik auzoan, herrian… baliabideak, zerbitzuak, espazioak eta denborak antolatzeko moduak ahalbidetzen dituzten komunitateak beharko genituzke: jolaserako espazio goxoak, psikomotrizitate gelak, biltzeko guneak eta abar, haur, gazte, heldu zein adinekoentzat. Egitura zapaltzailea daukagu gaur egun (sexuaren, arrazaren, adinaren, sexu orientazioaren eta abarren araberakoa) eta horiek desagerrarazteko lana egin behar da egitura aldaraziz”.

Horrekin batera, txanponaren beste aldean, norberari dagozkion aldaketak daude. “Gure mundu eta bizitza ikuskera egokitu beharko genuke. Beti gazteak, autonomoak eta abar garela sinestarazi digute eta horren aurrean elkarren mendeko garela lehenetsi beharko genuke. Ekonomia feministak askotan esaten du eta lantzen du interdependenteak garela. Diruarekin behar duguna erosi dezakegula sinestarazi digute eta gezurra da; benetan behar ditugun gauza asko komunitatean eraiki behar ditugu. Inor ez da kapaza bere burua bakarrik zaintzeko, seguraski atzean pertsona bat edo gehiago izango ditu bere bizitza aurrera eramatea ahalbidetzen dutenak —askotan emakumeak—. Eta hori da ikusgarri egin behar duguna". 

 

“Adibidez, badirudi ni erabat autonomoa naizela eta lan egin dezakedala etxetik kanpo”, kontatzen du Arrizabalagak. “Baina nire aitak mendekotasuna dauka eta 24 ordutan norbait behar du. Ez da larria, baina norbait behar du. Nor? Ama. Baina amak ere bere beharrak ditu. Beraz, gutxienez egunean pare bat ordu lagunduko dien norbait behar dute. Nik laguntzen baldin badiet, ezin dut gainerako lanik egin. Orduan, non dago nire ustezko autonomia hori? Azkenean, beste kontinente batean jaio zen emakume bat dago gurasoei arreta ematen amak aitari arreta eman diezaion eta ni liberatu nadin. Hori dena mahai gainean jarri behar da, baloratu eta eskertu, zeren horiek gabe ez genuke ezer egingo, ez ginateke inora iritsiko”.

 

Egiten denari argi egin, 

ikusgarri bihurtu

Tratu onen kultura hori oinarri izango duen komunitatea eta gizartea amesten dute Arremanitzeko kideek, eta badakite nondik hasi behar den hori lortzeko: dagoeneko egiten diren tratu onei eta elkar zaintzei argia emanez, aitortuz, zorionduz eta ospatuz. “Gauza asko egiten dira eta horiek onartu eta indartzetik hasi behar dugu lehendabizi”, dio Mendizabalek. “Gauza txikiak izan daitezke: eskerrik asko esatea, zer moduz zauden galdetzea, begirada bat, argazki bat, sorpresa bat... Elkarri kazolak eta tuperrak trukatzen dizkiotenek elkarri bizitza errazteko gogoa izaten dute. Baratzeko gauzak batari eta besteari ematen dizkiotenak ere bai”. Arrizabalagak dio bere bikoteak bizilagunei lagundu diela konfinamendu garaian: “Hamar egun egon dira bizilagunak etxetik atera gabe, ama gaixorik eta bakartuta, eta hiru-seme alabak etxean. Egunero ogia eramaten zien eta umeei erronka edo eginkizun bat jartzen zien. Horrek bizia eman die”. Familian bezala herrietan ere sortzen dira horrelako ekimenak. Zenbait herritan gazte talde batek antolatzen du Olentzeroren ibilbidea, musutruk eta borondate osoarekin, familientzat eta umeentzat. “Guraso askok ez dakite hori eta egiten dena kritikatu egiten dute maiz. Horregatik da garrantzitsua egiten den lana ikustea eta baloratzea”, gaineratzen du Arrizabalagak. Mendizabalek azpimarratzen duenez, “aisialdi eremuan, euskalgintzan, feminismoan, jai batzordeetan, kirol elkarteetan... jende asko dabil gauzak ederragoak izan daitezen lanean eta horri ikusgarritasuna eman behar zaio, eskertu eta keinu bat egin 'ikusten zaitut' esanez. Pentsa zenbat tratu on egunero ikastetxeetan, zenbat zaintza, zenbat arreta, zenbat arazo eta gatazken kudeaketa... Eta hor geratzen dira, inor ez da jabetzen. Hori dena agertu egin behar da, plazaratu, eta itzultzeko eta esker ona helarazteko aukera egon behar da. Kapitalismoak kontrakoa egiten du: zer falta zaigun begirarazten digu, horrela ase ezinak izateko, erosteko beharrarekin jarraitzeko eta gure arazoak horrekin soluzionatzeko. Guk proposatzen duguna edo tratu onen kultura, ordea, zera litzakete: daukagun on horri guztiari argia ematea eta elkarren arteko sare horiek elikatzeko moduak bilatzea. Horri eman behar diogu indarra”.

 

Aitortza deitzen dio horri Bagliettok: “Hutsunean edo falta zaigunean jarri ordez arreta, jar dezagun egiten den horretan. Aitortu dezagun egiten dena, eman diezaiogun balioa horri, eta berehala ohartuko gara beste errealitate bat sortzen dela horrela”.

 

Autoexijentzia alboratu beharra

Eskertza eta ikusgarritasunarekin batera, bada tratu onek eskatzen duten beste elementu bat: autoexijentzia bukatzea. Beste modu batera esanda, nork bere buruari ez eskatzea hainbeste. “Autoexijentzia poliki-poliki hiltzen gaituen pozoin bat da. Ez gaitu hiltzen kolpetik, baina hortxe goaz dosiak hartuz. Ez dirudi arriskutsua, baina hilgarria da”, deskribatzen du Arrizabalagak. “Eta hor gaude: autoexijentzian bizi gara bizi garen gizartean bizi garelako. Superman eta superwoman izatea eskatzen digute eta barneratu egin dugu. Gu geu gara, gainera, geure polizia txarrena”. Beraz, geure buruei gutxiago exijitzen ikastea geure buruak hobeto tratatzea izango litzateke.

 

Horrek geure beharrei lekua egitea eskatzen du, zer behar dugun jakitea, behar dugun hori eskuratzeko eta behar ez dugun hori alboratzeko. “Eta, hasieran esan dugun moduan, gure beharrak zein diren jakiteko gure emozioei lekua egin behar diegu”, dio Bagliettok. “Konfinamendu garaian ariketa oso interesgarria egin genuen Hernanin beharren inguruan, beharren lorategia deitu geniona”, azaltzen du Maialen Gartzia Mezquita Arremanitzeko kideak. “Galdera bat egin genien herriko hainbat helduri: zer behar duzu? Bakoitzak zer behar zituen jakin nahi genuen, identifikatu, eta gero, horren araberako urratsak edo planteamenduak egin”. Uste ohi denaren kontra, beharrak ez ziren materialak izan, oinarrizko beste behar batzuk baizik: dei bat, besarkada bat, jolasa, plazera, ospatzeko beharra, mina bizitzea, dolua, komunitate baten parte sentitzea, kontaktua, onarpena, elkarri begiratzea, elkarri entzutea, ikusiak izatea... Horiek denak oso mugatuak geratu ziren konfinamenduan eta hori zen behar zutena. “Behin behar indibidualak identifikatuta, hurrengo urratsa behar kolektiboak identifikatzea izan zen, eta honako galdera egin zitzaien: zer behar da gure auzoan, gure atarian, gure komunitatean, gure herrian? Horiek identifikatu, eragileak horri begira jarri eta lehentasunak markatu ziren. Horrela, bai komunitateak eta bai erakundeek badakite zein diren behar errealak, eta orain horiei erantzuteko moduak asmatzen eta berrasmatzen joan beharko dugu”.

 

Familien bizipenak eta harremanak; egungo argazki bat

Familia barruko harremanez eta tratuez hitz egiten hasita, Arrizabalagak dio gaur egungo gizarte egiturak familiengan duen eragina hartu behar dela aintzat lehendabizi. “Familiez hitz egiten hasi aurretik, aipatu nahiko nuke gurasoen zapalkuntza existitzen dela eta ez dela inon aipatzen. Norbait guraso bihurtzen denean, gizarte guztiak kritikatu dezakeen eta iritzia eman dezakeen xede bihurtzen da, baina laguntzarik eta aitortzarik gabe ia. Hori badago, eta hori egituratzen eta bistaratzen ez den bitartean funtzio horretan zapalduta daude gurasoak”.

 

Horregatik, garrantzitsutzat jotzen du aintzat hartzea familiak zein baldintzatan ari diren beren lana egiten. “Eta argi daukagu familiak, dauzkaten baldintzetan, ahalik eta ondoen egiten ari direla, eta hori aitortu behar dugu”. Baina familietan beste arnas bat egongo balitz, beste baldintza batzuk, beste egoera bat posible litzateke. “Familiek ez baldin balute dedikatu behar astean 80 ordu dirua ekartzera, baldintzak hobetuko lirateke zalantzarik gabe. Eta hori gerta daiteke legeak eta egiturak aldatuz, komunitatean adostasun batera iritsiz eta beste modu batera antolatuz. Adibidez, hiru familietako umeak eskola berera joaten baldin badira, goazen egun bakoitzean guraso bat arduratzera umeei eskolara laguntzeko. Edota otorduen kasuan, familia batek lapiko handi batean aldameneko familiarentzat ere prestatzen baldin badu, egun bateko lana kentzen da. Era desberdinetara antolatuz, baldintzak alda daitezke”.

 

Mendizabalek beste puntu bat jartzen du mahai gainean: “Familiaz hitz egitean gaur egun dagoen familia aniztasuna kontuan hartu behar dugu. Eta baita beste elementu bat ere: sinestarazi digute industrializazioak ekarri duen familia-eredua —pisu batean gurasoak eta seme-alabak— betidanik egon den eredua dela, eta ez da hala. Duela ez urte asko, baserri inguruetan familia eredu zabalagoak zeuden eta harremanak eta zaintzak ere beste modu batekoak ziren. Beraz, egun ere posible izan daitezke”.

 

Bada beste gako bat ere familia barruko tratu onak bultzatzeko: familia barruan emakumeek egin izan dituzten zaintza lanak aitortzea eta baloratzea. “Berdintasunaren feminismoak emakumeek gizarte matxista batean eskubide eta aukera berak izatea bilatu du eta hori beharrezkoa izan da. Baina, aldi berean, ahulduta geratu dira emakumeek tradizionalki egin izan dituzten lanak eta bete izan dituzten rolak”, dio Arrizabalagak. “Orain, ordea, konturatu gara lan eta rol horiek erdigunean jarri beharra dagoela, arreta jarri beharra dagoela, esparru batzuk erabat ikusezinak eta gutxietsiak izan direlako. Esate baterako, erditu berri den emakume bat —aukera duelako eta aukeratzen duelako— haur jaioberria zaintzen geratzen da etxean, bere lan profesionala utziz eta diru sarrerarik gabe geratuz. Emakume hori eta egiten duen lanaren garrantzia ezdeusa da gure gizartean, ez dugu baloratzen, ez zaio inori inporta eta, gainera, edozeinek eman dezake iritzia eta kritikatu. Zeri ari gara garrantzia ematen? Zer da hori baino garrantzitsuagoa?”. Argi dio horri garrantzia eman behar zaiola, komunitate mailan hori baloratu egin behar dela. Emakume horrek —eta beste batzuek— egiten duenak zentzua dutela sentitzeko modua aurkitu behar da, ez dadin ikusezina den sakrifizio bat izan, eta gainera, adierazi egin behar da, dirutan, sari bat emanez, bestelako aitortzak eginez edo dela delakoarekin. Aldaketa kultural sakona eskatzen du horrek.

 

Zaintza lanei balioa ematea uste baino funtsezkoagoa da tratu onak berma daitezen, horrek soka luzea dakarrelako: gizartean ez baldin bada baloratzen zaintza lan hori, gazteek hori ikusten dute. Gazteei adierazten zaie garrantzitsua dela ikasketak egitea, hizkuntzak ikastea, kirola egitea, lan duina aurkitzea... baina zaintza garrantzitsua denik ez zaie transmititzen eta adierazten. “Guk geronek transmititu diegu zaintza lanak gainetik kentzeko moduko gauza bat direla eta beste batek egin baditzake hobe dela”, dio Mendizabalek. “Horren ordez transmitituko bagenu denon artean bakoitzak zerbait eginda askoz ere hobeto biziko garela eta askoz ere aberatsagoa izango dela gure bizitza, gazteak ere beste leku batean egongo lirateke eta beste balio bat emango liokete zaintzari”.

Pandemian ikusiak eta ikasiak

Pandemiaren ondoren inor ez da geratu lehen bezala, ez familiak ezta gizartea ere. Jendea nekatuta eta triste dago, giroa grisa, baina aldi berean, ekimen interesgarriak sortzen ari dira.

 

Mendizabalek osasun arloan autogestiorako hezkuntzaren beharra ikusten du. “Gure defentsak nola indartu jakin behar dugu, nola gelditu, emozionalki nola adierazi. Gure loa, arnasa, elikadura eta pentsamendua zaintzeko gai izan behar dugu, eta uste dut horrelako egoera zailetan norberak bere osasunaren jabe izateko eta autogestio indartsu bat edukitzeko hezkuntza behar dugula, beldurrak defentsak txikitu egiten baititu”. Komunikabideek horretan ez dute laguntzen, baina pentsa telebista bakoitzak egunero 5 minutu eskaini izan balizkio gure sistema immunologikoa indartzeko egin daitezkeen gauzak esateari: barre egin, masajeak eman eta jaso, orgasmoak izan, begietara begiratu eta behar duzun negarra egin… Gure immuno sistema ahultzen duen bonbardaketaren ordez (beldurra sartzea, errua botatzea, beldurra sartzea, errua botatzea…) horrelako aholkuak jasota, beste modu batera egongo ginatekeen.

 

Arribazalagak arnasa aipatzen du, bizitzeko oinarri-oinarrizkoa duguna. “Hain automatikoa da, ez garela konturatu ere egiten. Baina larrialdi batek, susto batek, estutu batek egin duen lehenengo gauza arnasa itotzea da, geratu. Eta zortzi hilabete daramatzagu larrialdian. Agian arnaste-saioak, yoga… behar ditugu, gorputz gisa, izaki gisa eta jendarte gisa itotzen ari garelako”.

 

Bagliettok dio pandemiak gaizki zegoena okerrago utzi duela, nabaritu dela hutsuneak eta gabeziak zeuden familietan, eskoletan, auzoetan eta taldeetan egoerak okerrera egin duela. Aldiz, zaintza zegoen lekuetan elkar zaindu dira eta espazio horiek indartu egin dira. “Nik sumatzen dut orokorrean faktura pasatzen ari dela, baina, aldi berean, gure oinarrizko beharrak bizirik daude, aurrez aurre egoteko, elkartzeko, espazioak partekatzeko eta loturak mantentzeko beharra dago, horrek arnasa ematen digulako”.

 

Gartziak hori berrasmatzean jartzen du begirada. “Egoera berri honetan, elkarren beharra eta zaintza agerian geratu diren honetan, denok horren beharra antzematen dugun honetan, behar horiek asetzeko modu berriak asmatu beharko ditugu. Elkar errespetatuz, bakoitzaren beldurrak errespetatu, berrasmatu egin beharko dugu”

 

Arremanitzeko kide bakoitzak pandemiari alderdi ona ikusi dion moduan, edonork ikus diezaioke bide bat, aukera bat, argi bat.

Tratu onak sustatzen familian edo elkarbizitza-gunean

Gizarteko erronketan bezala, familiako edo elkarbizitza-guneko baldintza batzuk aldatzeak gizartearen egiturazko aldaketa eskatzen du, baina badira beste batzuk norbanakoak alda ditzakeenak, etxean, pixkanaka-pixkanaka. Familia edo elkarbizitza-gune gisa sendotzeko, harremanak zaintzeko eta elkar ongi tratatzeko moduak badaude:

 

Exijentzia jaitsi: dena bikain egotea nahi dugu, baina horrek exijentzia maila altua eskatzen du: dena txukun-txukun, ez dakit zer elikadura mota, arropa ez dakit nola... “Horren erdiarekin ongi bizi al gaitezkeen galdetu behar dugu”, dio Mendizabalek. “Eta erantzuna baiezkoa bada, nahikoa da. Perfekzioan eta estututa edo erdiarekin eta lasaiago, aukeran bigarrena hobe”.

 

Beharrak identifikatu eta zerrendatu: bakoitzak bere beharrak zein diren adierazi dezake eta denen beharrekin zerrenda, mapa edo marrazki kolektibo bat egin daiteke. Horrela, bakoitzaren beharrak eta etxe horretako beharrak zein diren adierazita geratzen da, hau da, zer gauza diren etxe horretan nahitaez egin behar direnak edo zer zaindu behar den ezinbestean; zer ordutan egin behar den; zein modutan, zein zaintza zehatz behar dituen batek; nork daukan gogoa eta gaitasun hori egiteko... Eta, horren arabera, zereginak denen artean bana daitezke. Mapa edo zerrenda horrek laguntzen du zaintza lanak ikusgarri egiten, gero baloratzeko eta esker ona itzultzeko.

 

Egin ezin diren zereginak geratzen baldin badira, beste soluzio bat bilatu beharko da, edota interesgarria den honako galdera hau egin: hori egin gabe geratzen baldin bada, zerbait larria gertatuko al da?

 

Jaso eta elkarri aitortu: aitorpen bat baldin badago, adin desberdinetako kideak gai dira besteen beharrak ikusteko, gauza txikiak egiteko eta gauza txiki horiek etxekoentzat garrantzitsuak direla sentitzeko. Horrela positiboki baloratzen da ardura hartzea eta elkar zaintzea.

 

Parte sentitu: erabakitzeko garaian denak parte sentitzea garrantzitsua da, heldu zein ume. “Noski, beti kontuan hartuz bakoitzaren gaitasunak”, ohartarazten du Arrizabalagak. “Ondo dago ardura batzuk banatu nahi izatea elkarbizitza ahalik eta demokratikoena izateko, baina guraso eta seme-alaben arteko harremana zer den nahastu gabe. Hau da, gurasoek ezin dute seme-alaben laguntxoak izan; harremana ona izan arren, gurasoek seme-alabei mugak erakutsi, jarri eta horiekin funtzionatzen irakatsi behar diete”. Eta horrekin batera, erabakiak eta ardurak banatzeko garaian seme- alaben gaitasunak ere aintzat hartu behar dira, ez dagozkien ardurak ez jartzeko euren gain.

 

Geruzak ireki: etxekoek egin ezin dituzten lanak baldin badaude, beste aukerak ireki daitezke: bizilagunak, koadrilakoak, lagunak... Haiek ase ditzakete familiaren beharrak? “Alor horretan, aldarrikapen bat egin nahiko nuke”, dio Mendizabalek: “Odoleko familiari dena eta gehiago eskatzeko joera daukagu, eta aldiz, gainerakoei ez, haien aurrean autonomo agertzeko beharra dagoelako nonbait. Hori gaindituta, ordea, aukera berri asko irekitzen dira. Elkarrekin partekatuz gure beharrak ase ditzakegula pentsatzen badugu, askoz arinago, gozamen handiagoarekin eta aberastasun handiagoarekin biziko gara”.

 

Ezezkoa: ez da ahaztu behar zerbait eskatzen dugunean erantzuna baiezkoa edo ezezkoa izan daitekeela, eta zerbait eskatzen digutenean berdin. Tratu onen kulturan funtsezkoa da ezezkoak ematen eta jasotzen jakitea, bestela, horretarako prest ez baldin bagaude, txantaiak sortzen direlako, eta ez eskaerak. Eta hor jada eskaera itxurako tratu txarra dago.

 

Modu pausatuan: urrats horiek denak ez dira egun batetik bestera eta egunero ezarri beharreko ohitura berriak. Pixkanaka egin daitezke: “Adibidez, astean behin 

—iluntzetan, otordu aurretik...— has gaitezke beharrez hitz egiten eta zereginen mapa hori egiten. Momentu hori erakargarria baldin bada eta kideak gehiago hitz egiteko eta sakontzeko gogoz geratzen baldin badira, sarriago egin daiteke, eta horrela, pixkanaka ohitura bihurtu. Baina, betiere, familia bakoitzaren arabera, modu pausatuan eta momentu egokia aurkitzen denean”.