Astelehenean ama eskoletako eta lehen mailako ikasleak itzuliko dira ikasgeletara Ipar Euskal Herrian

2021-04-23

Martxoaren 31n erabaki zuen Frantziako Gobernuak lau asteko konfinamendua ezartzea, eta ikastetxeak ixtea. Orain, eskola ixteak eragiten dituen kalte pedagogiko eta psikologikoak aintzat hartuta, eta era berean, osasun egoera arin bada ere, hobetzen ari dela ikusirik, ikastetxeak irekitzen hasiko dira astelehenean Ipar Euskal Herrian. Maiatzaren 3an itzuliko dira kolegio eta lizeoetan, “modu hibridoan”, Jean Michel Blanquer Frantziako Hezkuntza ministroak aurreratu: erdiak ikasgelan izanen dira, eta beste erdiak, etxean. Positibo kasu bat gertatzen den bakoitzean, ikasgela  oso itxi egingo dute. Ahal den heinean, klaseak eta jarduerak aire zabalean egitea eskatu dute.

 

 
 

«Entzuten ditut argumentuak erraten dutenak goizegi dela, baina eskolen ixtearen kalteak oso handiak dira, pedagogikoak eta psikologikoak. Erabaki hori asumitzen dugu», adierazi du Jean Castex lehen ministroak, Berriak jaso duenez. Baldintza «zorrotzak» ezarriko dituzte, «ahalik eta osasun neurri gehienekin». Ikasle, irakasle eta langileentzat testak indartuko dituzte. Listuaren bidez egiten diren 400.000 test eginen dituzte astero, eta ondoko asteetarako 64 milioi autotest izanen dira 15 urtetik gorakoentzat. Frantziako Osasun Goi Agintaritzak adin apalagokoei eman ala ez erabakiko du ondoko asteetan.

Irakaskuntza langileen txertatzea indartuko dutela ere erran du Castexek. Eta beste lanbide batzuetara ere zabalduko dute txertatzea: besteak beste, segurtasun indarrak eta garraio publikoetako gidariak txertatuko dituzte. Txertatze kanpaina «ongi» doala baieztatu du: «Aste baten buruan 14 milioi herritar txertatuak izanen dira, biztanleriaren laurdena. 75 urtetik gorakoen %70 eta osasun langileen %70». Gaur egun, milioi bat txerto inguru jartzen dituzte astean. «Harro» agertu da txertatze zentroetan lan egiten ari direnengatik.