Bakardadearen arriskuak

2021-04-27

Begiratzen diozu haur txikiari eta ez duzu ikusten ezer egiten duenik. Baina haurra, jaiotzen den unetik egiten ari da, adierazten ari da. Kontua da begiratzen dion heldu hori ikusteko edo ulertzeko gai den ala ez, hortxe dago gakoa, helduaren begiradan. Ikusten jakinez gero, heldua konturatuko da haur jaioberria lehenik bere gorputza, ondoren ondoan duen pertsona edo giroa ezagutzen eta deskubritzen ari dela, mugimenduz mugimendu. Ikusteko, ordea, begiratzen jakin behar da. Haur txikien behaketan espezialista diren bi hezitzaileri haur txikiak behatzeko gakoak eskatu dizkie HAZI HEZIk, Zorutik haur txikien autonomia eta zaintzen garapenerako espazioko Irati eta Hegoa Ugalderi.

 
 
Bakardadearen arriskuak

Haur txikiari begiratu aurretik, bi hezitzaileek argi dute begirada helduak bere baitan jarri behar duela. “Interesgarria da bereiztea zer den helduak ikusten duena eta zer den interpretatzen duena. Askotan helduak bere beharretatik eta proiekzioetatik abiatuta interpretatzen du gertatzen ari dena; eta helduaren ideiak eta haurraren beharrak ez dute zertan berdinak izan”. Ariketa bat egiten dute Zorutik-era etortzen diren gurasoekin: “Hilean behin bilera egiten dugu gurasoekin, eta haurrekin egindako saio baten grabaketa ikusten dugu. Ikusten duguna interpretaziorik gabe deskribatzen saiatzen gara; ‘umeak objektu hau hartu du, katiluaren barruan sartu du, gero bota egin du’. Objektiboki deskribatu ondoren, saiatzen gara aletzen gurasoek zer uste duten sentitu duela umeak —edo umeek—, eta azkenik, zelan sentitu garen helduak ekintza horren aurrean”. Entrenamendua eskatzen duen ariketa da, baina guraso zein hezitzaileei ahalbidetzen die ulertzea helduaren usteek eta bizipenek eragina dutela egoeraren interpretazioan. “Behaketak aukera ematen digu ikusteko gauzak askotan ez direla guk uste izaten dugun bezala gertatzen. Adibidez: ‘Pentsatzen nuen haur honek besteei kendu dizkiela jostailuak eta ez da horrela gertatu; normalki gauzak kentzen ez dituen ume hori izan da gaurkoan kendu duena eta nik ez dut horretan pentsatu, hain zuzen ere, pentsatzen dudalako beti haur berdina dela gauzak kentzen dituena’”. Aurreiritziek eta usteek duten pisuaz jabetzeko gomendioa egiten dute hezitzaileek. “Askotan umeari ezarri diogun etiketaren azpitik begiratzen diogu, ‘oso mugitua da’, ‘oso ona da’, ‘oso mantsoa da’… eta egoerak eta ekintzak etiketa horren arabera epaitzen ditugu”, azaldu du Irati Ugaldek. Usteekin batera, helduaren bizipenek ere eragina dute egoeren interpretazioan: “Batzuetan haur batek zerbait egiten duenean urduri jartzen da heldua, eta urduritasun hori bere bizipenetik dator; agian bera delako halako egoeren aurrean beldurra izan duena… Garrantzitsua da bereiztea zer den gurea eta zer den haurrarena”. 

 

Helduak norbere baitara begiratzearekin batera, hezitzaileek interesgarri jotzen dute helduaren begiradak haurrarengan duen eraginaz jabetzea, behatzen hasi aurretik:  “Interesgarria da nire begirada beti haurrarentzat ispilu bat izango dela ulertzea —azaldu du Hegoa Ugaldek—; nik haurrari pertsona aktibo bat bezala begiratzen badiot, eta gaitasun batzuk dituen pertsona dela ulertzen badut, haurra ere horrela sentituko da eta horrela jokatuko du, eta nahiz eta oso oso txikia izan, begirada horretatik bere burua modu aktiboan sentitu eta eraikiko du”. Adibide bat jarri du Irati Ugaldek: “Garapen mantsoagoa duten umeek ez dakite beraien garapena besteekin alderatuta ezberdina denik. Garapen mantsoa dela helduak esaten du. Helduak begirada hori kutsatzen badio, 'ezin du', 'ez daki', 'berandu dabil' pentsatzen badu umearekin dagoenean, hori trasladatuko dio haurrari. Aldiz, nahiz eta helduak ikusi garapena mantsoagoa dela, begirada haurraren gaitasunetan jartzen baldin badu, orain eta hemen zer egiteko kapaza den, helduaren ikuspegia dagoeneko desberdina da, eta helduak bere arreta indarguneetan jartzen duen neurrian, haurrak ere hala egingo du”.

Behatu eta esku-hartu

Egoerak behatzean, eta helduak esku hartu aurretik, itxarotea gomendatzen diete gurasoei hezitzaileek: “Lehenengo pausoa itxarotea eta distantziatik begiratzea izango da. 'Ekintza baten aurrean, urduri sentitzen ari naiz, baina zer da benetan gertatzen ari dena?' Itxoiten badut, pixkanaka ikusiko dut zer esku-hartze den hobea, agian zerbait esatea nahikoa da, edo gehiago gerturatu behar naiz… Itxaroten baldin badut ikusiko dut haurrak oso kapazak direla egoera asko kudeatzeko eta euren kasa konpontzeko”. Hezitzaileek badituzte ordea, marra gorriak ezarriak, haurrak oso txikiak direnean eta hitzaren gaitasunik ez daukatenean, bultza egitea, objektuak elkarri kentzea,edo jotzea ohikoa izan baitaiteke: “Bi gako daude
—azaldu du Hegoa Ugaldek—: batetik, testuingurua prestatzea. Gure jolas eta behaketa-saioetan espazioak oso prestatuta daude haur txikientzako eta beraien beharretarako. Giroa apala denean, normalki dena bera kabuz joatean da, esku-hartze gutxirekin”. Beste gakoa mugak dira: “Gure marra gorria da besteari min ematea edo zeure buruari min ematea, horrelakoetan, oso arin esku-hartzen dugu. Momentu askotan gure esku-hartzea oso zuzena eta oso fisikoa izango da, hitza eta ulermena oraindik garatzen ari direlako. Adibidez, bi ume gerturatzen badira, eta bata besteari iletik heltzera baldin badoa, oso arin esku hartzen dugu, eta eskua jartzen dugu, edo aldendu egiten dugu; ‘ez dut nahi besteari min ematea; ulertzen dut ukitu nahi duzula beste umea, baina modu horretan min eman diezaiokezu, beraz, pixka bat mugitu egingo zaitut’ esaten diogu”. 

 

Espazioak egokitzearekin batera, haurrarengan konfiantza izatea da funtsezko beste gakoetako bat. “Askotan guk uste duguna baino askoz kapazagoak dira haurrak, mina hartzen dutenean edo sustoa hartu dutenean beren burua lasaitzeko gauza dira haurrak. Baina, horretarako, espazioa eta denbora utzi behar zaizkie, eta beraiek badakite heldua hor dagoela, nahiz eta ez egon izututa”. Horrelakoetan helduaren jarrera nolakoa izan behar den ere argi daukate:  “Haurraren gaitasunetan sinesten dugula esaten dugu, baina horrek ez dugu esan nahi heldua desagertu behar denik, guk oso presente eta prest egon behar dugu, baina inbaditu gabe eta hori konfiantzarekin lortzen da, ikusiz umea gero eta kapazagoa dela.” 

 

Konfiantza edukitzeko, helduari lagunduko dio haurraren garapeneko pauso “inportanteetan” bezala —arrastaka ibiltzen hastea, bere kabuz esertzea edo lau hankan hastea…— “txikiagoak” diruditen detaileetan arreta jartzeak. “Nola lortu ditu pauso berriak? Zelakoa da bide hori? Zelakoak dira pauso txiki horiek? Detaile txiki horietan fijatzen bagara, horrek laguntzen digu haurrarengan konfiantza edukitzen. Azken batean, haurraren ispilu garenez, bera ere konfiantzan sentitzen da, eta barneratuko du detaile horiek garrantzitsuak direla”. Haur txikietan lurrean nola egoten den behatzea gomendatzen dute, begirada nora eramaten duen, gorputzaren postura zein den; tonua ea lasaia den; ze parte dagoen aktibo eta zein dauden pasibo; zein diren mugimendu handiak eta zein diren manipulazio txikiak; ahotsarekin soinuak egiten dituen ala ez; helduarekiko elkarreragina bilatzen duen ala bere gorputzean zentratua dagoen… 

 

Haur-eskolen kasuan, hezitzaileek garrantzitsutzat jotzen dute arreta haur guztiengan jartzea, eta guztiak behatzea, banaka zein besteekiko interakzioan. “Askotan jarrera desegokia izan duen haurrarengan jartzen dugu arreta, baina haur guztiengan jarri behar dugu arreta eta guztiak behatu behar ditugu. Gelan hamar haur daudenean ez da erraza izaten guztiak behatzea eta guztiei arreta eskaintzea, baina saia gaitezke ez begiratzen beti haur berdinei, gustukoak ditugulako, edo okerren portatzen direlako… era horretan hamar haurretatik lau behatzen ditugu bakarrik, eta besteak ez ditugu ikusten. Hezitzaileak haur guztiekin egon behar du, eta guztiei eskaini behar die kalitatezko denbora”. Zaintza-momentuak dira bi hezitzaileentzat haur bakoitzak behar duen arreta eskaintzeko momentu-klabeak. “Haur guztiek eduki behar dute erreferentziazko heldu bat zaintza momentuetan beraiekin esklusiboki egongo dena. Esate baterako, ikusezina den haur bati edo hain ongi erortzen ez zaigun haur bati denbora eskaintzen diogunean, konturatuko gara eraldatu egiten dela harremana, lehen ikusten ez genizkion ezaugarri eta gaitasunak ikusiko baitizkiogu. Ume bakoitzarekin egon gaitezke bost minutu pardel bat aldatzeko, eta bost minututan gauza asko zaindu daitezke: bere iniziatiba txikiei lekua eman, aurreratu gabe.”