Amaia Perez Orozco: "Sistema honek osoko zuzenketa bat behar du bizitzak bizigarri izango badira"

2021-12-03

Zaintzak debatearen erdigunera ekarri dituen teoriko erreferente bat da amaia perez orozco. Liburuetan ez ezik mugimendu feministaren barrutik egin ditu zaintza bizitza logikatzat hartzeko proposamenak. Ardura partekatuak hartzeko garaia dela dio.

 
 
Amaia Perez Orozco: "Sistema honek  osoko zuzenketa bat  behar du bizitzak bizigarri izango badira"

“Bizitzari eustea”, “bizitzak erdigunean jartzea”, “bizitzea merezi duten bizitzak” eta antzeko kontzeptuak gizarteratu zituen 2014an Subversión feminista de la economía liburuan, eta erreferente bilakatu da ordutik. Hogei urte daramatza ekonomia eta feminismoaren inguruko ikerketan, teoria praktikarekin uztartuz, zaintza ardatz harturik. Unibertsitateko irakasle lanak eta NBE gisako erakundeetako lanak aktibismo politikoarekin lotu izan ditu. 2018tik feminismoak, pentsamendua eta ekintza ardatz dituen XXK Colectivako kidea da. EHUren udako ikastaroetan parte hartu du Donostian, Bizitzaren zaintza erdigunean jarriko duen gizarte baterantz urratsak ikastaroan.

Oso hitz zabala izan daiteke zaintza. Zertaz ari gara, zehazki, zaintzaz ari garenean?
Pardel bat aldatzea da zaintza; bere kabuz egin ezin duen adineko pertsona bati jaten ematea; arnasgailu bat jartzea; etxean sukarra hartzea; telefonoz deitu eta zer moduz zauden galdetzea; norbere arropa eta norbere etxea garbitzea, edo denborarik ez daukala esaten duen pertsona exekutibo baten arropa eta etxea garbitzea. Gero jan ahal izango ditugun elikagaiak ereitea; edo supermerkaturik supermerkatu eskaintza bila ibiltzea; arropa jostea... Bizitzak egunerokoan aurrera egin dezan egin behar ditugun lan horiek guztiak dira, pertsonen ongizate fisiko eta emozionalaren eraikuntza-prozesuan egin beharreko amaigabeko lan horiek guztiak, pertsona guztiak zaurgarriak garelako eta guztiok behar ditugulako zaintzak gure bizitzako egun guztietan, mota eta intentsitate desberdinekoak izanagatik. Eta bizitza zaintzeko modu bakarra, elkarrekin egitea da, interdependienteak garelako. Konfinamendu garaian, guztia gelditu beharra zegoenean, gelditu ezin izan den horri buruz ari gara zaintzaz ari garenean, sistemaren B aldeaz.
Eta zaintzak erdigunean jartzea esatean, zer esan nahi dugu?
Zaintza erdigunean jartzearen aldeko apustu handiak egiten ari gara, hordagoak, baina uste dut nahaste-borraste handiak ditugula eta bakoitza gauza desberdin bati buruz ari dela iruditzen zait. Zertaz ari gara, daukagun zaintza ereduaz ala nahiko genukeen zaintzaz? Bizitzaren zaurgarritasunari loturiko zaintzaz ari gara? Bizitza partekatu baten arduraz ari gara? Gutxietsiak, gaizki ordainduak, prekarizatuak eta ikusezin bilakatu ditugun lanei buruz ari gara? Batzuetan ikuspegi zabaletik hartzen dugu zaintza, historikoki emakumeei atxiki izan zaizkien lanei deitzen diegu horrela, eta izendapen horrekin bizitza historikoki sustengarri bilakatu duten lanak aldarrikatu ditugu. Baina gero, politika publikoetara igarotzen garenean, zaintza hitza dependentziari soilik lotzen diogu, adingabeetan eta kontziliazioan zentratzen, hau da, zaintzaren ikuspegi murriztuagoan.

Zaintzak erdigunean jartzeko hordagoa egiten dugunean, ikuspegi zabal batetik egiten dugu apustu? Bizitza edo bizitzaren sustengarritasuna erdigunean jartzeaz ari gara, ala ikuspegi murriztuaz —behar batzuk asetzera datozen neurri zehatzez —ari gara? Zaintza bizitzeko era gisa hartzea egitura soziokonomikoaren osotasuna zalantzan jartzea litzateke, eta ikuspegi horri indarguneak ikusten dizkiot.

Zein lirateke zaintza ikuspegi zabaletik hartzearen indarguneak?
Nik gutxienez hiru indargune ikusten dizkiot zaintza bizi logikatzat hartzeari. Bizitza ez digute eginda ematen, ez da magiaz ez kasualitatez gauzatzen. Bizitza potentzia da eta ez ziurtasuna. Bizitzarik ez da bizitzaren kargu egiten ez bagara. Zaurgarritasunaren ideia mahai gainean jarri du zaintzaren ikuspegi zabal horrek, eta zaurgarritasuna ez genuke ikusi behar beldurra ematen duen zerbaiten gisan —nahiz eta beldur handia ematen digun, pandemian ikusi ahal izan dugunez— baizik eta batzen gaituen zerbaiten gisan ulertu beharko genuke; zaurgarritasunak erakusten digu beste pertsonei lotuak gaudela, eta apustu sendo bat egin dugu interdependentziaren alde, bizitzak ez baitira modu indibidualean garatzen, modu partekatuan baizik.

Honek guztiak sistemaren osotasunari leku erradikalki desberdin batetik begiratzera garamatza: bizi dugun munduari ez diogu begiratzen subjektu autonomoen batuketa bat balitz bezala, baizik eta bizitza kolektiboari erreparatzen diogu, eta ikuspegi horretatik oinarrizkoak izan diren salaketa batzuk egin ditugu. Bizitzaren zaurgarritasunari erantzungo dioten egitura kolektiborik ez badago, hau da, interdependentziari heltzen ez badiogu, bizitzak prekarizatzen zaizkigu, eta prekarietate hau bizi-erregimen bilakatzen da gehiengoarentzat.

Bizitzaren zaurgarritasuna ikusaraztearekin batera, eguneroko bizitza konkretuetatik begirada sistemiko bat edukitzeko gaitasuna ekarri digu zaintzaren ikuspegi zabal honek. Zaintzak ekonomian duen lekua aitortzea pertsonala politikoa dela aitortzearen parekoa litzateke, hau da, zaintzak ekonomikoak dira, egunerokoan guztiok ezagutzen ditugun zaintzaz ari garenean sistemaren osotasunari buruz ari gara, ez gara ari parte bati buruz soilik. Ikuspegi honek sistema ekonomikoaren jakintzaren eta apustu politikoaren demokratizazioa ekarri du. Begirada honen demokratizatzeak gainera begirada zorroztu digu, eta inork krisiaz hitz egiten ez zuenean —hau da merkatu-indizeak artean ongi zihoazenean—, zaintza krisi sakon bati buruz hizketan ari ginen gu, ikusten genuelako eguneroko bizitza ez zihoala ongi, agian ez zen estatistiketan islatzen, baina karriketan ikusten zen bizitza ez zihoala ongi. Eta orduan hasi ginen zaintzen krisiaz hitz egiten. Lan merkatuaren prekarizazioak zaintza errazten duten sare sozial eta komunitarioen galera dakar, bakarrik uzten gaitu, norbera bere zaintza-lanekin konpondu dadila. Korrelazio horiek guztiak ikusarazten laguntzen digu zaintzaren ikuspegi zabal honek. Mahai gainean jarri ditu gizartearen egitura sakonei loturiko gaiak, gizartea antolatzeko egiturak ez baitzeuden eguneroko bizitzaren beharren arabera eraikiak, merkatuaren funtzionamenduari begira baizik.

Zaintza krisiaz diharduzu, baina noiz ez dira zaintza-lanak krisian egon?
Langile klaseko emakumeek beti bizi izan dute zaintza krisia. Eta are gehiago, munduko zein lekutan ez dago zaintza krisirik? Horrek erakusten digu zaintza krisia egiturazkoa dela bizi garen sistema ekonomiko honetan, eta ez dela desoreka koiuntural batzuen araberakoa. Zaintzak ardura kolektibo gisa eraikitzen ez dituzten gizarteen markoan zaintzen konponketa duinik ezin dela egon onartuta, zaintza ikuspegi zabalean hartzearen hirugarren indargunera iritsi gara: gatazkak izendatu eta ikusaraztera. Bizitza merkatuko kapitalen pilaketa-prozesu bat dela sinetsarazi nahi digun sistema batean gaudela ondorioztatu dugu, bizitzaren merkantilizazioaren kontura.

Bizitzak zailtzen dituen sistema batean bizi gara. Epizentroan kontsumoa eta pilaketak jartzen dituen sistema bat da, eta eguneroko bizitza sostengatzeko beharrak ikusezin bilakatzen ditu. Izebergaren alde ikusgarrian lan ordaindua dago, merkatua, kontsumoa, pilaketa- prozesuak; eta alderdi ikusezinean subjektu ekonomiko subalternoen ekintza mordo bat dago, gainerako guztiari eusten diona, eta hortik mugimendu feministak salatu ahal izan du kapitalaren eta bizitzaren arteko gatazka, sistema kapitalista heteropatriarkal eta kolonialistaren markoaren barruan egiturazko gatazka gisa. Zaintza erdigunean jartzeak gatazka sakon batean jartzen gaitu sistema kapitalista heteropatriarkalarekin, lanaren banaketa sexuala betikotzen duelako. Bizitza konkretuetatik hasi eta sistema bere osotasunean inpugnatu behar dugu. Hordagoa sistema osoari egin behar zaio, sistema honek osoko zuzenketa bat behar du bizitzak bizigarri izango badira, arazo partekatuak ditugulako sistema sozioekonomiko honekin.

Zaintza lanez modu orokor edo ikuspegi zabal honetatik hitz egiteak zer arrisku izan ditzake?
Denborarekin ideia gehiegi sartu ditugu zaintzak hitzaren barruan. Zaintza dena izan badaiteke, agian azkenean, ez da ezer izango. Eta “dena da eta ez da ezer” honek proposamen politiko publiko zehatzak egitea galarazi du. Beraz, politika publiko zehatzak egiten hasten garenean, zaintzaren definizio hertsira mugatzen gara, eta dependentzia egoeretan soilik jartzen dugu arreta. Hordagoa edo zuzenketa orokorra alde batera utzi, sistema zalantzan jartzeko nahia alboratu eta egoera apur bat alda dezaketen gauza txikiak egiten ditugu.

Zaintzaren ideia zabal honek gauzak idealizatzera eraman gaitu, eta zaintza lanen atzean dauden biolentzia harremanak, xantaiak eta mina ez ikustera eraman gaitu. Oso gutxi begiratu diegu zaintza lanen aurpegi ilunei. Horrek feminitate hegemonikoaren eraikuntzan dagoen alderdi toxikoari begiratzera ausartzea esan nahiko luke. Iluna den zer aldatu nahiko genuke? Idealizazioa oso lotua dago emakumeon esentzializazioarekin, eta ez asmatzen zaintzaren eta emakumeen arteko lotura hausten. Zaintzaz hitz egitean zuzenean emakumeetan pentsatzen da, eta ez gara hortik ateratzen. Ez dugu zaintza sistemaren eztabaida beste eztabaida batzuekin gurutzatzea lortzen, proposatzen zaigun ustezko trantsizio berde eta digitalaren eztabaidarekin esate baterako

Eta zer egin dezakegu?
Nik ideia sinple bat botako dut: bateria politiko kontzeptual zabalagoa behar dugu. Bizitzaren sustenguaz eta mantenuaz hitz egin behar dugu kapitala/bizitza gatazkaren ideiari loturik; nola ari dira berrosatzen bizitza sustengatzeko prozesuak? Nola ari da berformulatzen kapitala/bizitza gatazka? Zer rol jokatzen dute erakundeek? Pandemiak mahai gainean jarri du oinarrizko lanbideen gaia, zein dira oinarrizko lanbideak? Ospital bateko sukaldariarena? Garbitzailearena? Supermerkatuko kutxazainarena? Konfinamenduaren hasieran Iberdrolako presidenteak esan zuen bere langileak oinarrizkoak direla, eta bai, egia da, agian argindarra oinarrizkoa da, eta oinarrizkoa bada, zein baldintzatan nahi dugu kolektiboki kudeatzea? Oinarrizkoa bada zergatik utzi behar dugu kontrol demokratikorik ez daukaten enpresa handien eskuetan? Bizitza negozio bilakatu den honetan definizio eta izen berriak behar ditugu egunero bizitzari eusten dion B sistema izendatzeko. Nola deitu B aurpegi horri, lan erreproduktiboa? Horra itzuli behar dugu? Galdera handiak ditugu aurrean: zer-nolako bizitzari buruz ari gara bizitzaren sustengua erdigunean jartzeaz ari garenean?

Zer bizitzari buruz ari zara zu?
Zabalegia eta abstraktuegia irudi dakigukeen galdera izan daiteke, baina beharrezkoa da, eta guztion artean eta modu demokratikoan erantzuten saiatu behar dugu. Geure buruari galdetu behar diogu zer-nolakoa den modu kolektiboan bizi nahi dugun bizitza hori, gaur egungo bizi ereduak pilaketetan oinarrituak daude. Ez dagozkigun lur-eremuak pilatzen ditugu, materia eta energia kontsumoan oinarritzen den bizi eredua baitaukagu; gure bizimodua gaizki ordaindutako lanetan oinarritzen da, esate baterako, elikagaiak hain merke erosi nahi ditugunean besteren lan esplotazioan oinarritzen gara; edo besteren denboraren esplotazioan oinarritzen gara, geure bizitzak zaintzeko ere gai ez garenean, eta onartzen dugunean besteren bizkar utzi behar ditugula gure zaintza lanak... hori al da bizi nahi dugun bizimodua?

Gure bizimoduak lotura zuzena dauka, adibidez, garapen extraktibistarekin, energia berdea kontsumitzeko parke eolikoak eraikiz jatorrizko herrietako indigenak beren lurretatik botatzearekin; baita Abiadura Handiko Trena zalantzan jartzearekin edo hidrogenoaren korridorea zalantzan jartzearekin. Baina hau ez da debate abstraktu bat. Gaur egungo bizimodua zalantzan jartzean mahai gainean jartzen zaigun lehen debatea etxeko lanak egiten dituzten emakumeen egoera da, horrelako lanak besteren bizkar uzteak ba al du lekurik bizitza eredua aldatzeko apustua egiten dugunean? Zalantzan jarri behar dugu etxeko lanak eta zaintza lanak besteren bizkar uzteko joera; marroi bat dira eta ahal duenak ez ditu egiten. Zenbat bikote heterok kontratatzen du etxeko-langile bat etxeko lanen eztabaida saihesteko? Ez ote ditugu zalantzan jarriko gure lan-jardunaldiak bizitzaren zaintzarekin bateraezinak direlako? Zergatik ez dugu lan-jardunaldiak murrizteko benetako apustua egiten? Etxeko lanei buruz hitz egiteak etxe barruko lanen banaketaz hitz egitera garamatza, eta gaur egun puntu hau eztabaida eta arazo askoren sorburu da.

Galderak egiteko momentu garrantzitsua da: aldaketak gertatzen ari dira, norantz nahi dugu aldatu? Zein da gure apustua? Gure apustua deshazkundea izan behar da. Batetik, zalantzan jarriz besteren denbora, materia eta lanaren pilaketan oinarritutako bizimodua. Gutxiagorekin bizi behar dugu, energia gutxiagorekin, materia gutxiagorekin eta hondakin gutxiagorekin. Ez da aukera bat.

Seme-alaben zaintzaz hitz egitean, sarri, zaintza-lanen aurpegi atsegina balitz bezala hitz egiten da. Alta, ama asko ikusten ditugu ezin iritsirik, estresaturik eta prekarizaturik.
Zaintzen zaku zabal horretan sar ditzakegun lan multzoen barruan, haurren zaintza lanak oinarri atseginagoa izan dezake beste zaintza lan batzuek baino, bizitza agertzen den momentu bat delako, loratu egin dena, hasten dena, eta, printzipioz, autonomia gehiago hartzen hasten dena, adinekoen zaintzaren aldean, bizitza itzaltzen ari baita. Horrek ez du esan nahi haurren zaintzari loturiko guztia atsegina denik, lan errepikakor eta gogaikarriak baitaude, baina uste dut baduela ikuspegi atseginagoa. Arazoa da zaintza lan horiek zein baldintzatan egiten diren. Zaintza lanak gain-ardurekin egiten direnean, egon behar luketen eta ez dauden beste aktoreek euren ardurak hartzen ez dituztenean; oinarrizko beste baldintza batzuk betetzen ez direnean; zaintza lanak denbora guztia kontsumitzen duenean eta bestetarako tarterik gelditzen ez denean, bizitzako beste dimentsio batzuetarako denborarik eta aukerarik gelditzen ez denean, lan arloan eta abarretan… baldintza horietan egiten denean haurren zaintza lan itzela bihurtzen da, edo bizitzako dimentsio oso gogor bihurtzen da, eta bizitzako beste esparruak prekarizatzen dira. Bi planoak bereiziko nituzke.

Amak, sarri, prekarizatuak daude eta, gainera, ez da erraza heztea eta zaintzea sistema sozio-ekonomiko honetan. Nondik has gaitezke emakume hauen bizi baldintzak hobetzeko?
Ni ez naiz haurtzaroaren eta adingabeen zaintzan aditua, ez da gehien landu dudan alorra, onartzen dut neure difizita. Gako nagusia iruditzen zait haurren zaintzaren ardura nagusi, bakar eta primarioa ezin dela amen gain gelditu, ardura zabalagoa izan behar da. Esku hartuko duten eragile gehiago egon behar direla uste dut, izan aita biologikoak, izan haziera eredu ez hain intentsibo, bakarti, indibidualizatu eta partekatuagoak; izan, noski, lan merkatuak eta enpresak, —eta arlo horretako ardurez ari naizenean zaintza lanaren arabera lan ordutegi eta espazioen malgutzeaz ari naiz— eta baita erakunde publikoak ere. Azken puntu horretan eztabaida izan genezake, erakunde publikoek zerbitzu publikoak eskaini behar dituzte non zure seme-alabak zainduko dituzten, ala erakundeek diru prestazioak eman behar dituzte, baldintza ekonomikoak izan ditzazun hazten eta zaintzen duzun bitartean bizitza duin bat izateko? Edozein modutan, uste dut ardura publiko eta komunitario zabalagoa behar dela, eta hori artikulatzeko moduak ugariak izan daitezkeela, kaleak espazio bizigarriagoak izatetik hasi —ez dadin haur bakoitzaren ondoan persona heldu bat egon behar ezinbestean, auto batek harrapatuko ez badu— eta garapen urbanistikoa aldatzeraino; edo izan daiteke, haur eskolak zabaltzea; eta ezinbestekoa iruditzen zait amatasunagatiko prestazio ekonomiko unibertsal handiagoak eta duinagoak ezartzea, gizarte segurantzan kotizatuz, eta denboran luzeagoa izango dena. Haziera eta zaintza termino ez hain indibidualetan eta partekatuagoetan planteatzea gakoa iruditzen zait, eta horrek, gainontzeko guztiak, arduradun sentiarazi behar gaitu.

Mugimendu feministak ekarri du zaintzaren garrantzia debateraren erdira, alabaina seme-alaben zaintzaz ez da asko hitz egiten. Alor honi dagokionez, zein dira gaurko eztabaida feministen ardatzak, ala ez dago seme-alaben zaintza mugimendu feministaren agendan?
Nire espezialitatea ez dela esatea bera esanguratsua dela iruditzen zait, mugimendu feministaren barruan zaintzaz hitz egiten ari garen asko ez gara ari arreta jartzen amatasunean, aitatasunean edota hazieran. Alde batetik, ez gara guztion artean eztabaidatzen ari, arrazoi askorengatik: batetik, amatasuna emakumeen destinu izatearen ukapen historikoarengatik; amatasunaren eztabaida artikulatzen den moduak ama biologiko ez garenak eta izan nahiz ez dugunak sentiarazten digu eztabaidara ez garela ongietorriak, gaiaz hitz egiteko legitimitaterik izango ez bagenu bezala; aldi berean amatasunaren esperientzian ez gaudenok eztabaida saihesten dugula ere iduritzen zait. Nik, dena den, mahai gainean jarri nahiko nuke bata amatasunari buruzko eztabaida dela eta bestea hazierari buruzkoa, eta bigarren honetan bai, guztiok parte hartu beharko genuke. Alor honetan iruditzen zait desadostasuna nagusitzen ari dela, haziera naturalago eta intentsoago baten alde egiten dutenen eta ez dutenen artean... Laburbilduz, jarrera bat eta beste, ez dugu asmatzen elkar ulertzen, elkartzen eta elkarrekin eraikitzen.

Debate horien erdian emakume ama feminista asko gelditu da erreferente teoriko, politiko eta praktikorik gabe…
Bai, emakume ama feminista asko ikusten ditut egoera horretan, eta esango nuke eurak ari direla erreferenteak eraikitzen saiatzen. Baina eraikuntza horretan gizonak non kokatu behar diren pentsatu behar da, ama horietako askok bikote heteroak baitituzte. Batetik espazio ez mistoak behar ditugu emakumeok heteropatriarkatua birpentsa dezagun, baina bestetik, hazieraz eta zaintzaz hausnartzeko espazio komunak behar ditugu, eta gainera, belaunaldi artekoak izango direnak, ezin baita alde batetik planteatu haurren zaintza eta adinekoena beste alde batetik, baizik eta zaintzak modu globalagoan pentsatu behar ditugu.