Eider Garderi egin diogu 268. Hik Hasi aldizkariko elkarrizketa nagusia

2022-05-16
  • Gai nagusia: Geopolitikan kokatzen
  • Elkarrizketa: Eider Garde, Nafarroako 0-3 Plataformako eleduna: “Arautzen gaituztenek ez dute sinesten 0-3 zikloa hezkuntza ziklo bat denik”
  • Esperientzia: Hamar urte ikasleengan "benetan" sinesten
  • Ekarpenak: HAZI HEZIk hamar urte
  • Ekarpenak: Hezkuntza Akordioa: aniztasuna sustatu euskal hezkuntza sistema propiorako bidean (I)
  • Ahalduntze eskola: Korczak-en pausoei jarraituz
  • Galdeidazu: Zergatik da beharrezkoa 'Euskara aurrera' ekimena?
  • Proposemana: Olarizuko lorategi botanikoa
  • Atzeko atetik: Naroa Iglesias Lobo
 
 
Eider Garderi egin diogu 268. Hik Hasi aldizkariko elkarrizketa nagusia

Eider Garde: “Arautzen gaituztenek ez dute sinesten 0-3 zikloa hezkuntza ziklo bat denik”

Erreferentzia da Kattuka haur eskolaren kalitatea eta eredu pedagogikoa Euskal Herrian, Eider Gardek eta bertako
hezitzaileek urte luzetan egindako lanagatik. Baita Nafarroako beste hainbat haur eskola ere. Hezitzaileen militantziari zor zaio kalitate hori. Orain geletatik atera eta protesta eta mobilizazioetan murgildu dira 0-3 Nafarroako Plataformarekin batera, duintasun eske: duintasuna eredu pedagogikoan eta duintasuna hezitzaileen lan baldintzetan. Ratioen jaitsiera eta soldaten igoera dira Plataformaren aldarrikapen nagusiak. Nafarroa osoa ordezkatzen du Plataformak, hezitzaileak ahaldundu eta gutxieneko eskakizunak adostea lortu baitute lurraldeko eremu ugarietako langileek. Plataformako eleduna da Garde. Nafarroako Gobernuak mahai negoziatzailera deitu eta bi
aldarrikapenei erantzun arte greba mugagabean jarraituko dute hezitzaileek. Nekatuta baina babesak dakarren indarrarekin mintzatu da Hik Hasirekin.

Grebaren bezperetan egin dio Hik Hasik elkarrizketa hau Eider Garderi, eta ondotik, egunez egun, mobilizazioen eta batzarren jarraipena egin du aldizkariak. Grebaren 12. egunean bidali da inprentara aldizkaria. Artean Nafarroako Gobernuak ez du 0-3 Plataformarekin eta NUF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin mahai negoziatzailea sortu eta ez ditu aintzat hartu Plataformaren aldarrikapenak. 

 

Lehenik eta behin, zer moduz zaudete? Denbora luzea daramazue zuen hezitzaile lanaz gain, protesta eta mobilizazioetan, egoera zailean. Orain, gainera, greba mugagabean.

Alde batetik, esan genezake momentuka nekatuta gaudela, baina indar handiarekin gaude. Behingoz, lortu dugu Nafarroa mailan antolatzea eta horrek indar handia ematen du. Orain arte antolatu ditugun langileen batzarretan eta mobilizazioetan babes hori jaso dugu. Plataforma hezitzaileek osatzen dugu, haur eskoletako langileak gara gure zortzi orduko lanaldiez gain plataforma bezala antolatzen garenak. Horrek ikaragarrizko esfortzua eskatzen digu. Babes handia jasotzen ari gara eta horrek indarra ematen du. Ez gara lau, hezitzaile asko gara. 

Greba mugagabea hastea apustu handia izan da, gogorra alde batetik eta salatu behar dugu haur eskola askotan beldur handia dagoela, eta batzuk ez direla grebara atera lanpostua galtzearen beldur. Borroka neketsua dela jakinda, indartuta gaude aldi berean. Indarra daukagu eta behingoz ahaldundu egin gara, asko kostata. Nafarroa hain da anitza asko kosta zaigula gutxieneko eskakizunak adostea. Baina, era berean, pozik gaude.

 

Zer moduz daude haur txikiak eta euren familiak? Nola bizi dute beraiek gatazka hau?

Zonaldearen arabera, familien inplikazioa desberdina ari da izaten. Orokorrean, familiak kontziente dira gure borroka ez dela guretzako bakarrik, argi dute haurtzaroaren defentsan ari garela eta eskatzen ari garena haurren eta familien mesederako dela, ez soilik hezitzaileon lan baldintzak hobetzearen aldekoa, nahiz eta Nafarroako Gobernua arreta desbideratzen saiatzen ari den. 

 

Zuk zeuk esan duzu Nafarroa anitza dela, eta egoerak ere hala direla. 0-3 etaparen kudeaketa Nafarroa osoan berdintsua da edo desberdina da zonaldearen arabera?

0-3aren kudeaketa gehiengoa pribatizatua dago Nafarroa osoan. Kudeaketa sistema hau UPN-PSNk 2007ko dekretua argitaratu zutenean ezarritako baldintza maltzurren ondorio da. Baldintza-agiri bat sortu zuten, non enpresa pribatuak hezkuntza proiektu baten bidez eta eskaintza ekonomikoaren bidez lehiatu behar ziren eskola bat kudeatu ahal izateko, hau da, Nafarroan 0-3an lan egin nahi baduzu, aukera nagusia enpresa pribatu bat sortzea eta zure kabuz lanean hastea da. Hori izan zen, adibidez, gure kasua, hemen Kattukan. Hezkuntza proiektu batekin lehiatu ginen eta hautatuak izan ginen momentuan enpresa bat sortu beharra izan genuen. Gure kasuan eskaintza ekonomikoak ez zeukan baliorik hautagaitzan, soilik proiektu pedagogikoa izan zuten kontuan, Udalak hala erabaki zuelako. Baina Erriberan oso ohikoa da eskaintza ekonomiko hoberena duen proiektuari puntu gehiago ematea. 

Kudeaketa publikoa izan eta aurrekontu publikoa izanik ere, haur eskoletako langileon hitzarmenak estatu mailakoa izaten jarraitzen du, eta oso-oso prekarioa da, langileen estatutuaren parean dagoen hitzarmen bat da. Batzuek badituzte hobekuntza batzuk, bai soldatan bai lan orduetan, baina ez da orokorra. Nahiz eta enpresa publiko bat izan, ez dauka behar lukeen bermerik, ez hezkuntza baldintzetan eta ezta lan baldintzetan ere. 

Horiez gain, badaude Nafar Gobernuarenak diren haur eskolak, Gizarte Politiken Departamenduan jarraitzen dutenak. Hiru legegintzalditan egin digute promes hauteskunde garaian bost haur eskola horiek Hezkuntza Departamendura pasako direla, baina konpromiso hori ez da gauzatu. Nafarroako Gobernuaren pean dauden bost haur eskola horiek Hezkuntza Departamendura pasatzeko bide horrek beste haur eskola guztiak ere Nafar Gobernuaren Hezkuntza Departamenduaren pean egotera pasatzeko atea zabalduko luke. 

 

Diozue Nafarroan “0-3a elitista eta hauteskundeetarako promesa gisa erabiltzen den txanpona” bihurtu dela. Zergatik?

Argi eta garbi. Legez, udal titulartasuneko haur eskolak gara, udalak dira gure baldintza agiriak argitaratzen dituztenak, edo kontratazioak egiten dituztenak. Zer gertatzen da, orduan? Baldintza agiri horiek Foru Gobernutik datozela, gure soldatak zeintzuk izan behar diren Hezkuntza Departamenduak ezartzen duela; matrikulazio tarifak Hezkuntza Departamenduak ezartzen dituela; matrikula eta aurrematrikula epeak Hezkuntzak ezartzen dituela; unitateen sorreren baimena ere Hezkuntzak ematen duela; gure hezkuntza proiektuen ikuskaritza Hezkuntza Departamenduaren pean dagoela… Udalek ez daukate inolako eskumenik, soilik eskumen ekonomikoa, hau da, diru gehiago jarri ala ez erabaki dezakete, euren borondatearen arabera. Udal titulartasuneko haur eskolak garen arren, udalak salduta daude egoeraren erdian. Edozein aldaketa egin nahi badute, adibidez, matrikula kanpainako epeetan moldaketa bat egin nahi badute, Hezkuntza Departamenduaren baimena eta onespena behar dituzte, bestela ezin dituzte aldatu. Maila horretan gaude. Gero, ordea, Hezkuntza Departamenduak plazaratzen du 0-3a ez dela bere ardura.  Beraien ardura ez bada, zergatik darama PSNk bere akordio programatikoan 0-3aren gaia? Zergatik dago EH Bildu eta PSNren artean sinatu duten aurtengo aurrekontuetarako akordioan 0-3aren kudeaketa? Kea saltzen digute, eta tamalez, askotan biztanleria engainatu egiten dute. 

 

Nola iritsi da egoera puntu honetara? Egin dezagun kronologia apur bat, non dago arazoaren muina? Nafar Gobernuaren 2007ko dekretuan?

Bizi dugun arazoaren muina da arautzen gaituzten politikariek ez dutela sinesten 0-3 zikloa hezkuntza ziklo bat denik. Hortik dator arazoa. 2007ko hezkuntza dekretuak hezkuntza izaera ematen dio 0-3 zikloari, nahiz eta kontziliatzeko ere balio duela nabarmentzen duen, baina 3-6ak edo 6-12ak balio duten bezala; nork uzten du 6 urteko haur bat etxean bakarrik? Guk ez dugu ukatzen gure zikloak kontziliazio lan garrantzitsu bat egiten duenik, baina ezin digute ukatu hezkuntzako zikloa denik ere. Legeak hezkuntza izaera aitortzen digu, eta LOMLOEk orain hezkuntza kutsu hori nabarmendu egiten du, gainera. Baina arazoa da politikariek ez dutela sinesten 0-3 zikloak hezkuntza izaera duenik. Soilik asistentziala den zerbaiten gisan hartzen dute ziklo hau. Badugu kutsu asistentziala, guk zaintzan oinarritzen dugu gure hezkuntza- eredua, baina politikariek ez dute ulertzen nola zaintzatik abiatzen dugun gure hezkuntza eredua. Orain bizi dugun gatazka ezjakintasunaren ondorioa da, puntu honetara iritsi gara arautzen gaituzten politikarien ezjakintasunagatik. Eta okerrena da ez gaituztela entzun ere egin nahi. Etengabe eskatu dugu Hezkuntza kontseilariarekin bildu nahi dugula; gai hau landu nahi dugula; 0-3 Nafarroan ordenatzeko nahia dugula, eta ez gaituzte entzuten, ez gaituzte entzun nahi. 

 

Zuen aldarrikapenetara etorrita, batetik, hezkuntza baldintzak eta bestetik lan baldintzak hobetzea aldarrikatzen duzue zuen grebaren eta protesten bidez. Baldintza pedagogikoei dagokienez, ratioak egokitzeko premia aldarrikatzen duzue. Zein da zuen egoera eta benetako kalitatezko zaintza eta hezkuntza proiektuak garatzeko, zein dira aldarrikatzen dituzuen baldintzak?

Orain plataformak dituen aldarrikapenak sinplifikatu egin ditugu, bateratzeko beharra dagoelako Nafarroa osoan. Ratioen kasuan, Europako Batzordeak Haur Hezkuntzako zerbitzuen kalitatea arautzeko ezarriak dituen irizpideen baitan, Nafarroan ditugun ratioen erdia exijitzen du. Bestalde, behar bereziko haurren identifikazioa eta diagnosia nola gauzatzen ari den Nafarroan lotsagarria da, praktikan 3 urte arte hemen ez zaio gaiari arretarik jartzen, ez bada garuneko min oso agerikoa. Uste dugu 0-3an pedagogia mailan lan prebentibo oso handia egin daitekeela, eta Gobernuak, hori jakinda ere, ez du baliabide nahikoa bidaltzen. 

Formazioarekin ere gauza bera gertatzen da: Nafarroako egituran, ILZren bidez —EAEko Berritzeguneen parekoak— egiten da formazioa. Nafarroan hainbat ILZ daude, Iruñeko ILZn gaude Nafarroako haur eskolen erdia baino gehiago, eta eskaintzen diren formakuntzak 20 pertsonendako dira. Hortaz, ia-ia lehiatu egin behar dugu hezitzaileon artean formakuntza jaso ahal izateko. Lanorduei dagokienez, 1661 lanordu ditugu urtean, administraziopean egiten direnak  baino 100 ordu gehiago. Mundu bat litzateke dauden gauza guztiak zerrendatzea. Baina labur esanda, baliabide gehiago behar ditugu, eta bien bitartean, kasik bikoiztu egiten gara gure pedagogia ikuspegia aurrera eraman ahal izateko. 

 

Zuen lan baldintzak, argi esanda, prekarioak dira.

Oso prekarioak. Mileuristak gara gutxi gora-behera. Gainera, kasu gehienetan ez da aintzinatasuna kobratzen, Hezkuntza Departameduak bere soldata moduluetan ez duelako aurrikusten antzinatasuna. Estatu mailako hizarmena aplikatzen ari zaigu, baina une honetan hori ere ez dute betetzen, beraz, hezitzaileon haserrea ikaragarria da. EAEko gure lankide asko praktikoki gure bikoitza ari dira kobratzen, eta baita Kataluniakoak ere. Nominak eskatu dizkiegu!

2022. urtean gaude, eta soldata- moduluak ez dira mugitu ere egin 2007tik. Bestalde, Hezkuntza Departamenduak bere langileei soldata igoera bat egin dienean 0-3ko hezitzaileok kanpoan gelditu gara, aldiz, murrizketak egon direnean gu sartu egin gaituzte murrizketa horretan. Ez da justua. 

Bestalde, ez dugu inolako osagarririk kobratzen, ez arduragatik, ez pedagogia mailan… eta kontuan izan behar dugu Nafarroan eskakizun pedagogikoak altuak direla. Hezkuntza proiektuak etengabe eguneratuak egon behar dira.

Pobreak gara, sektore feminiziatua, prekarioa, gutxietsia gara. Jardun osoan hezkuntzan lan eginda pobreak gara, nola liteke hori? Hori da beste mespretxuetako bat. Eta gainera, entzun behar izatea kontseilariaren ahotan “Nafarroako 0-3ak kalitate handia” duela eta “oso indartsu” dagoela oso mingarria da, ez dauka ideiarik ere zer den 0-3a Nafarroan, ez baita eskola bakar batean ere egon. Ez du ikusi zein den gure errealitatea, ezta gure zerbitzuko buruak ere. 

 

Berriki, Nafarroak Hezkuntza Departamenduak Haur Hezkuntza 0-6 urte bitarteko zikloaren irakaskuntzetarako foru dekretua osatu du. Haur Hezkuntzako lehen etaparen benetako beharrei erantzuten al die dekretu horrek?

Ez, inola ere ez. 2007ko dekretuak arautzen zuen, dagoeneko, maila curricularrean 0-3a. Kontua da estatu mailako aurreko hezkuntza legeek ez zutela 0-3a hezkuntza ziklo gisa aitortzen, eta orain, lehen aldiz LOMLOEk hala arautzen duelarik, erkidego bakoitza behartua dagoela etapa arautzera, hau da, LOMLOEk ezartzen duenaren baitan bere araudi propioa egin behar du Foru Gobernuak. Guretzat zoriontzekoa da LOMLOEk hezkuntza izaera aitortzea zikloari, zeren Nafarroan eta EAEn kutsu hori izan badugun arren, ez zegoen hala arautua, beraz, 0-3a soilik kutsu asistentzialarekin kudeatu zitekeen. Aurrerantzean ez. Orain, edukietara etorrita, LOMLOEri jarraikiz Nafarroarako idatzi den dekretu berriko edukiek ez daukate inolako zentzurik 0-3ari dagokionez. Adibidez, konpetentzia digitala ezartzen da adin-tarte honetarako; edo ingelesa txertatzea ahalbidetzen du, PAI eredua 0-1en txertatzea.

Badu guretzako oso arriskutsua izan daitekeen beste paragrafo bat ere: Haur Hezkuntzako bigarren zikloko (3-6) eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeetan 0-3ko gelak sortu daitezkeela aurreratzen da, edo gutxienez lehen zikloko urte oso bat egin ahal izango dela ikastetxe horietan, hau da, 2 urteko gelak zuritzeko testu bat da dekretuak dakarren paragrafo hori. Argi esan behar da Nafarroako ondare pedagogiko indartsuenetakoa dela 0-3 ziklo osoa mantentzea, eta oso arriskutsua iruditzen zaigu dekretuak ezartzen duen puntu horretan gerta daitekeena. Zein langile egongo lirateke gela horietan lanean? Zein baldintzatan egongo dira haurrak ikastetxe horietan? 

 

Nafarroako haur eskola asko Udal haur eskolak dira, aldiz, argi esan duzun bezala, Nafarroako Hezkuntza Departamenduak erregulatzen ditu neurri handi batean. Udalek, Plataformaren arabera, zer-nolako eskumen eta baliabideak beharko lituzkete egoera hori hobetzeko?

Hasteko, Plataformak defendatzen du udalek jasotzen duten finantzaketak gastu errealari erreparatu beharko liokeela, eta ez Hezkuntza Departamenduak egiten dituen gastu estimazioei. Horrez gain, doakotasuna oso garrantzitsua da. Gaur egun, segun eta Nafarroako zein herritan jaiotzen zaren, eskubidea duzu ala ez haur eskola batean matrikulatzeko. Errentaren arabera ordaintzen da matrikula Nafarroan, ez dago kuota finkorik. Familia batzuek 5 euro ordaindu behar dute euren haurra herriko haur eskolara eramateko, eta aldiz, haur eskola berera etortzeko, ondoko herri bateko haur baten familiak ia 100 euro ordaindu behar ditu. Beraz, familia batzuek ezin dute haurra haur eskolara eraman matrikula prezioa dela-eta. Gure ustez, behar diren baliabide ekonomiko guztiak baliatu beharko lirateke edozein herritako haurrek, herrian ez bada ondoko edo inguruko haur eskolan matrikulatzeko inolako gastu ekonomikorik gabe. 

Egoera zailetan, lan baldintza txarretan ere Nafarroako 0-3a haur eskola asko, zer esanik ez Kattuka, erreferenteak zarete Euskal Herrian, aski formatuak eta eredugarriak. Nola azaltzen da hori? Gainera, Carlos Gimenok nabarmendu egiten du zuen kalitate hori.

Gimenok nabarmentzen du bai gure kalitatea, erabili egiten du. Nola azaltzen den? Bada, militantzia hitzarekin. Gure kasuan, eta baita Elizondon ere, esate baterako, oso egoera kaskarretan egin dugu lan, espazio fisiko aldetik oso egoera kaskarretan, gaur egun dauzkagun eraikuntza eder hauen aurretik. Baina gure haurtzaroarekiko ikuspegia oso garbia da. Guk erabakia hartu genuen lehentasuna izan beharko lukeela haurtzaroaren ikuspegia garatzea, eta horri loturiko haurraren eta eskolaren irudia garatzea. Hezitzaileok haurrei eskainiko diegun bidelaguntza nolakoa izan behar den oso garbi daukagu, nahiz eta lan baldintzak kaskarrak izan. Gu horretan hezi gara, eta horrela ulertzen da esaten duzun kalitate edo erreferentzialtasun hori. Idatziz zein ahoz egiten ditudan esku-hartze guztietan beti nabarmentzen dut nire lankideen konpromisoa egongo ez balitz, 0-3 hezkuntza proiektua ezingo litzatekeela garatu. Guk talde izaera oso indartsua daukagu eta lan handia egiten dugu koherentzia pedagogikoa mantendu dezagun, beti ere haurtzaro eta eskola eredu horren baitan, eta nik uste dut hori dela indartsu egiten gaituena. Gure kasuan, udalen konpromisoa handia da, eta urteetan laguntza izan dugu. Udalak konbentzituta daude hezkuntza proiektu honek merezi duela.

Hainbat eremutako hezitzaileok bat egiten dugu eredu pedagogikoan eta gure arteko harremana daukagu, alde batetik, Hik Hasik batu gaituelako hainbatetan, hala nola Berakoak, Lesakakoak, Elizondokoak edo Iruñeko hainbat haur eskola. Baina Nafarroan bertan badaude beste errealitate batzuk guretzat erabat ezezagunak direnak. Haur eskola batzuetan pantaila digitalak dituzte, gure buruan sekula sartuko ez litzatekeen gauza bat. Bistakoa da haur eskolen errealitatea desberdina dela ekonomikoki lehiatzen diren udalen eta, gurea bezala, lehiatzen ez direnen kasuan. 

 

Greban sartu zarete. Zer aurreikuspen daukazue? 

Udal batzuek gutxieneko zerbitzuak ezarri dituzte, kasu batzuetan ehuneko ehunekoak. Era horretan kudeatzaileak onartzen ari dira, ezinbestean, urte osoan  maximoetan lanean ari garela; hor aitortza bat egon behar da. Hainbat eskoletan ez da greba eskubidea baliatu, beldurragatik, eta hori ere salagarria da. Ezarri diren gutxieneko zerbitzuak arriskutsuak ere badira: 2-3 urteko 32 haur hezitzaile batekin egotera behartu gaituzte leku batzuetan, 1-2 urteko 24 haurrekin hezitzaile bat eta 0-1eko 12, eta hori salagarria da, noren ardura izango da hor zerbait gertatzen bada? 

Plataformak urteak daramatza maila administratibo eta politikoan kontaktuak egiten, gure aldarrikapenak idatziz eta hitzez zabaltzen, beti egin izan dizkigute promesak hauteskunde garaian, baina gero ez dituzte sekula bete promesa horiek. Hezitzaileon haserrea ikaragarria izatera iritsi da eta Hezkuntza Departamenduaren, NUF Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioaren eta 0-3 Plataformaren artean mahai negozialtzaile bat sortu arte ez gara geldituko, eta horretan indartsu gaude.