Irakasleak kultur eragile

2022-09-06

Kultur sormen transmisioa eskolan. Azpeitian 2019an egin ziren 'Sormenean hezi, kulturan bizi' izeneko jardunaldiek eta gerora egin diren hainbat ikerketek erakutsi dute euskal kulturaren transmisioan atzerapauso handiak bizi izan direla, oro har gizartean, eta, zer esanik ez, hezkuntza arautuan. Gaiaz kontzientzia hartzeko eta eragiteko asmoarekin sortu zen KST Kultur Sormen Transmisioaren lantaldean Hezkuntza Batzordea. Sentsibilizazio lana egiten ari da sorreratik, hezitzaileak jabetu daitezen euren ikasleen kultur erreferente direla, eta ariketa, jarduera eta proposamenekin kultura bat edo batzuk erreproduzitzen dituztela. Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan ikastaroa eskaini du KST lantaldeak, lehendabizi hezkuntza komunitatea egoeraz eta bere rolaz jabetzeko, eta ondoren, irakasgai guztietako irakasleek euskara, euskal kultura eta Euskal Herria erreferentzia marko gisa erabiltzeko baliabideak ezagutu ditzaten.

 
 
Irakasleak kultur eragile

Irakasle guztiak kultur eragile dira. Jabetu ala ez. Kontzienteki ala inkontzienteki. “Edozein irakasle, edozein jarduera, aurkezpen, proiektu pentsatzen duela, erreferentzia marko batean kokatzen da, ohartuta ala oharkabean, eta erreferentzia marko hori lurralde bati, kultura bati eta komunitate bati —edo batzuei— lotua dago”. Iratxe Retolaza irakaslea eta literatur kritikaria jabetu da erreferentzia marko hori oharkabean hautatzen dela eskuarki, irakasle gehienek ez dituztela Euskal Herria, euskal kultura eta euskal komunitatea marko erreferentzial gisa hautatzen. “Iraleko ikastaroetan eta beste batzuetan irakasleekin gai hau landu dugunean ikusi dugu marko erreferentzial hori gure ingurune naturalari baino gehiago, blaitzen gaituzten beste kulturei lotzen zaiela”. Adibide bat jarri du: “Martxoaren 8a delako tutoretzan hezkidetza zehar lerro gisa landu behar dugunean, zer-nolako materiala erabiltzen dugu?”. EHUn Retolazak Soziologian ematen zuen irakasgaiko ikasle batek gradu amaierako lan bat egin zuen eskola publikoetara hezkidetza lantzeko bidalitako material zehatz bat aztertuz eta ondorioztatu zuten “nahiz eta ikasleei eginiko galderak euskaraz egon, erreferentzia marko guztiak, bideoak, adibideak, testuak, kantuak, guztiak gaztelaniaz zeudela”. Marko erreferentziala eta ikasleen eskura jarritako materiala euskal kulturari ez lotzeak ondorioak ditu: “Horrek esan nahi du ikasleek ez dutela gaiari buruzko diskurtsoetan euskaldunik ikusten; hezkidetzaren alderdi asko, izan sexualitate askatasunak, izan genero estereotipoak, izan transexualitatea… ez dituztela euskararekin eta euskal komunitatearekin lotzen. Eta, gainera, euskal kulturan gai horiek lantzeko garatu diren abestiak, bideoak, dokumentalak, lekukotzak… —kopuru izugarria direnak gaur egun— ez dituzte eskoletara eramaten. Beraz, hezkidetzaren kasuan, beste komunitate batzuetako marko erreferentzialak erabiltzen diren neurrian, badirudi ikasleak alor horretan askatzeko beste hizkuntza batera bideratzen ditugula. Homosexualitatean sexilioa egin behar den bezala (homosexualitatea bizitzeko beste lurralde bat hautatu behar izaten den bezala), badirudi hizkuntzan eta kulturan ere norbere identitateak garatzeko esaten ari gatzaizkiela hizkuntza exilioa egin behar dutela”. Zer gertatuko litzateke, ordea, irakasleak, berariaz eta kontzienteki, euskara, euskal kultura eta euskal komunitatea hartuko balitu marko erreferentzial gisara bai hezkidetza lantzeko baina baita irakasgaiak, izan Humanitateak edo Fisika lantzeko ere?

 

Hausnarketa hori zabaldu nahi du KST Kultur Sormen Transmisioaren lantaldeak. KST lantaldeak euskal kulturaren egoera hezkuntza arautuan zer-nolakoa den ezagutzeko Sormenean hezi, kulturan bizi jardunaldiak antolatu zituen 2019an Azpeitian (UEUk, Elkar Fundazioak, Jalgik eta Hik Hasik bultzatuta). Argazki zaila erakutsi zuten jardunaldiek: “Alarma gorriak pizteko egoeran” gaudela esan zuen Retolazak, eta Gotzon Barandiaran idazleak euskal kulturaren transmisioa Zainketa Intentsiboko Unitatean irudikatu zuen. Datuek berretsi egin dituzte adierazpenak: hala nola Siadeco / Eusko Jaurlaritzaren 2018ko ikerketa baten ondorioa izan zen kultur zaleek erdarazko ekoizpena lehenesten dutela; Soziolinguistika klusterraren Arrue ikerketak EAEko ikasleen atxikimendu falta agerian utzi zuen 2019an; Mintzola eta EHUren 2020ko ikerketak ikasleek sentitzen dutena adierazteko arazoak dituztela nabarmendu zuen eta Eskola Kontseiluaren urte bereko bilketak mahaigaineratu zuen LHko ikasleen % 37k eta DBHkoen % 46k euskara maila baxua dutela. Berez, egun oraindik indarrean dagoen Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Euskal Eskola Publikoaren Legeak euskal kultura irakasgai guztietan zehar lerro izan behar dela badio ere, de facto ez dela egiten ondorioztatu zen —“curriculuma zehazteke dagoelako” edota “baliabide didaktiko adosturik ez dagoelako” —, eta Nafarroako eta Ipar Euskal Herriko ikastetxeetako curriculumetan berariaz ez dela jaso ere egiten euskal kulturaren transmisioa.

 

150 bat pertsona batu ziren Azpeitian eta hortik KSTren Hezkuntza Batzordea sortu zen. Hezkuntzari dagokionez, premia nagusia kulturaren transmisioa “egituratu eta sendotu beharra” dela ondorioztatu zuten. Batzordearen egitekoetako bat euskal kulturaren transmisioa eta gizarteratzea eskolaren bidez ere egin dadin proposamenak egitea izaki, eraginkorrena irakasleen sentsibilizaziotik hastea dela erabaki du lantaldeak, formazioan eragitea. Eta hortik sortu da Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan Retolazak, Barandiaranek eta Ion Celestinok eskainiko duten Sormenean hezi, kulturan bizi ikastaroa. 

Aiako Harria Gaztelumendi eta Oihana Amundarain dira Hezkuntza Batzordeko bi irakasle: “Datuek eta ikerketek erakutsi dute arrakala ikaragarria dela, baina euskal kulturaren transmisioan etena gelditzeko irakasleok geronek ere alor horretan nola eragin ez dakigula ohartu ginen, Euskara irakasle batzuek, akaso, hartuko dute kultur sorkuntzaren transmisioan eragiteko ardura, baina ez Euskara irakasle guztiek, eta zer esanik ez beste arloetako irakasleek. Ikusten dugu diziplina guztietako irakasle guztiak bihurtu behar direla kultur eragile, baina horretarako begirada aldatu behar dugu eta formatu egin behar dugu. Asmo horrekin diseinatu dugu ikastaro hau”.

 

Lehen urratsa: kontzientzia hartzea

 

Gizartean ikusten diren datuen gisakoa da, oro har, salbuespenak salbuespen, eskoletan ikusten duten egoera. “Sekula baino aniztasun handiagoa dago kultur sorkuntzan, diziplina guztietan, baina badirudi, irakasle, guraso eta zerbitzuetako langileengana ez dela iristen euskal kulturaren transmisioa. Are gehiago, familia euskaldunetara ere ez da lehen bezala iristen, eta euskaldun ez diren familietako haur eta nerabeek ikastetxea dute aukera bakarra euskal kulturarekin nolabaiteko lotura izateko. Txiki-txikitatik eta modu egituratuan ikasleak  aukera izan behar du ez soilik D ereduaren bitartez euskarara hurbiltzeko, baizik eta euskal kulturarekin lotutako guztia ikasteko. Eta hor ikusten dugu eten bat egon dela, transmisio falta egon dela urteetan zehar”, azaldu du Amundarainek. Euskal kulturaren ezezagutzaz gain, “sekulako distantzia eta indiferentzia” ere ikusten ditu Hezkuntza Batzordeko Gaztelumendik: “Ikasle batzuek gutxiespena erakusten dute euskal den horrekiko guztiarekiko. Oraindik aurreiritziekin jarraitzen dugu, adibidez, musika eraman eta astero kantu bat entzuteko proposamena eginez gero, ikasle batzuek, ezagutu ere egin gabe ‘euskarazko musika ez zait gustatzen’ esaten dute, euskalduna baserritarrarekin lotzen dute gaur egun ere. Horrek, euskaldunengan ere, euskaldun izatea konplexutik bizitzea eragiten du”.

 

Euskal kulturarekiko ezezagutzaz eta distantziaz gain, “hizkuntza gaitasun gero eta baxuagoa” nabarmentzen du Gaztelumendik: “Hizkuntza gaitasuna gero eta baxuagoa da, ulermen arazo gero eta nabarmenagoak dituzte ikasleek, euskaraz bereziki. Esan nahi dutena eta sentitzen dutena adierazteko zailtasun nabarmenak dituzte askok, nahiz eta 3 urtetatik euskaraz ikasten aritu”. Antzera ikusten du egoera Amundarainek: “Ikasleek sekulako zailtasunak dituzte euskaraz komunikatzeko eta sentitzen dutena azaltzeko”. Aldiz, ikusia dute bi irakasleek euskara euskal kulturatik irakasten denean, musika eta literatura aberatsa eskainiz, adibidez, hizkuntzaren jabekuntza hobea dela. “Horretarako, ordea, Lehen Hezkuntzan eta DBHko lehen zikloan eragin behar da, nerabezaroa beranduegi da”.

 

Berandu baino lehen, beraz, irakasleek duten rolaz jabetzeari garrantzia handia ematen diote Retolazak bezala Gaztelumendik eta Amundarainek: “Irakasleek, batetik, egoeraren kontzientzia hartzea garrantzitsua da, ‘hauxe da egoera’, alarmak ikusi eta ulertu eragiteko garaia dela. Horretarako, edukietan formatu beharrik ez dago, kontzientzia behar dugu irakasleok; konturatu zein den benetan egoera eta ikusi norbere irakasgaian zenbateraino landu dezakegun euskal kulturaren transmisioa”. “Pentsatzen dugu Fisikan edo Kimikan ezin dugula kultura transmititu baina beti, pertsona gisa, irakasle gisa eta, zer esanik ez tutore gisa, gure gizarteko eta inguruko erreferentzien inguruan pista asko ematen ditugu etengabe. Asteburuan zer egin dugun kontatzen hasten garenean berean, ikusten da, adibidez, euskal kulturan murgilduta gauden ala beste kultura batzuetan bizi garen, eta hori jaso egiten dute ikasleek.” 

 

Abiapuntua irakasleen kontzientzia bada ere, KSTko Hezkuntza Batzordearen helburua euskal dimentsioa, hezkidetzaren gisan, ikastetxeen hezkuntza proiektuetako zehar lerro bihurtzea litzateke, curriculumak berez aitortzen duen gisan. Hala adierazi du Amundarainek: “Programak egon badaude, Idazleak ikastetxeetan eta halakoak, baina ez dira nahikoa. Egiturazkoa izan behar du, datuek erakusten duten egoerari buelta eman nahi bazaio. Ikastetxeko hezkuntza proiektuan txertatu behar da euskal kultura”.

Matematikak, euskal kultura transmititzeko

 

Hik Hasiren Udako Topaketa Pedagogikoetan 'Sormenean hezi, kulturan bizi' ikastaroa
eskaini dute Iratxe Retolaza irakasle eta literatur kritikariak, Gotzon Barandiaran idazle
eta kultur eragileak eta Ion Celestino irakasle eta musikariak. Euskal kultura errotzeko eta ekarpenak egiteko baliabide gisa aurkeztu dute eta erremintak eman dituzte.

N

ola erabili, adibidez Matematiketan, euskal kultura marko erreferentzial gisa?” galdetu diogu Iratxe Retolazari, Iralen eta beste hainbat ikastarotan gisako lanak prestatu baititu. Buruketa proposamen zehatz batekin erantzun du. “Remigio Mendiburu eskulturgileak 1961. urtean txalapartaren omenezko eskultura bat egin zuen, eta Ez dok Amairu ikurtzat hartu zuen. Txalaparta eskulturaren neurriak honako hauek dira: 86 x 430 x 68 cm. Joxanton Artze, Ez dok Amairu taldeko kidea zena, 1969. urtean Isturitzetik Tolosan barru liburua argitaratu zuen, eta azalean ere Ez dok Amairuren kartel batean, Mendibururen txalapartaren irudia zegoen. Halako zenbat txalaparta-eskultura beharko genituzke Isturitzetik Tolosarako errepidea betetzeko?”. Horra hor euskal kulturaren transmisioa egiteko modu bat. “Behin irakasleak begirada aldatzen duenean, kontzientzia hartu eta euskal kultura eta euskal komunitatea marko erreferentzial gisa hartzen dituenean, oso gutxi eginda, berehala aldatzen da ariketak edo proiektuak proposatzeko modua”, azaldu du adibideari erreferentzia eginaz. Horrexegatik, Hik Hasiren Udako Topaketetan emango duen ikastaroan, sarrera gisa, begirada aldatzeko gakoak eskainiko ditu: “Irakasleek kontzientzia hartzen dutenean gauzak aldatu daitezke”. Eskoletara iristen diren materialak, edo sarean oso eskura dauden baliabideek, bideoek, zer komunitate erreproduzitzen duten galdetzea proposatzen du: “Irakasle asko ez dira konturatu ere egiten ikasleei proposatzen ari diren materiala ez dela ez euskal komunitateari ez euskal kulturari lotua. Agian, euskaldunak eta euskaltzaleak dira irakasle horiek, baina askotan material bat jasotzen da ikastetxean, eta geure buruari ez badiogu galdetzen dena euskaraz eta euskal kulturari loturik eta euskal komunitateari loturik egin dezakegun, bidali diguten materiala erabiltzen dugu inertziaz. Gero ordea, irakasleei ikuspegi hau azaltzen diegunean, ohartzen dira eta bat egiten dute. Inertziaz beste eremu edo lurralde batzuetan egindako lanak jasotzen dira itzulita, baina itzulpen linguistikoa bakarrik izaten da, ez dira itzultzen lurraldeari, kulturari eta komunitateari loturiko erreferentziak”.

 

Euskal kulturak eskola behar du, hezkuntza arautuaren bidez egin daiteke transmisioa, baina haurrek eta nerabeek ere euskal kultura behar dute, Retolazak nabarmentzen duenez, kulturak norbanakoa eta komunitatea elikatzen dituen neurrian: “Ikasleari, besteak beste, bizi den ekosistema kultural, natural eta sozialean errotzeko eta ekarpenak egiteko aukera emango dio euskal kulturak. Hezkuntzak sustatu beharko luke —eta hala esaten du curriculumak— gure ekosistema natural, kultural eta sozialarekiko ardura, kezka, konpromisoa eta zaintza izatea. Bere inguruan gertatzen ari diren kultur bizitzen berri izateak laguntzen dio ikasleari kokatzen eta bere burua hortik irudikatua ikusten eta, batez ere, ekarpena egiteko eta eragile izateko aukera ematen dio”. Ikasle hori etorri berria bada, errotzeko baliabideak ematen dizkio kulturak. “Harrera egiteko modu bat ere bada, eta baliabideak jasotzekoa ere bai, berak izan ditzakeen ezagutzak besteekin partekatzeko. Erreferentziak eta tresnak ematen ez badizkiogu, oso zaila izango da ikasle etorri berria errotzea eta ekarpena egitea”.

Ikastaroaren bigarren partean, irakasgai guztietarako marko erreferentzial gisa euskal kultura zeinen erabilgarria den azalduko du Retolazak baliabideen berri emanaz, gaur egun baliabide asko baitaude. Horien artean, audioliteraturako webguneak aipatuko ditu, Xerezaderen artxiboa podcasta, Hitzen uberan-en audio musikatuak, Etxegiroan audioliteratura, besteak beste, edota
Badok.eus kantagintzaren ataria aurkeztuko ditu. 

 

Eskola, ekosistemaren parte

 

Gotzon Barandiaran idazlea sorreratik dago KST lantaldean Retolazarekin batera. Euskararen erabileran, ahozkotasunean eta, oro har, euskal kulturaren transmisioan bizi izan diren atzerapausoekin kezkatua dago. Kultur adierazpideek, hitza darabiltenek eta hitzezkoak ez direnek “ikasleei pentsatzen eta sentitzen dutena adierazteko tresna ugari” eman diezazkieketela uste du: “Pertsona baten garapenerako ezinbestekoa da adierazteko bitartekoak izatea, eta ni saiatuko naiz proposatzen euskal musikagintzak eta kantagintzak zer ekarpen egin diezaiokeen adierazkortasunari”. Gure kantuen letrak aztertuta “batez ere emozionalki” zer adierazi den eta adierazten den partekatu nahi du irakasleekin. 

 

Bizi ditugun garai hauetan, kultur adierazpideek “ñabardurak” ematen dizkigutela dio Barandiaranek. “Gaur egun, edukiak, informazioa eta jakintza inguru digitaletik jasotzen ditugu batik bat, eta zer esanik ez belaunaldi berriek, eta hori oso uniformatzailea eta globalizatzailea da. Aldiz, kultur adierazpideak ñabardura ematen dizu, eta zure iritzia eta ekarpena emateko aukera. Eta hori pertsona gisa hazteko oso garrantzitsua da”.

 

Identitatea, nortasuna, nor izatea berariaz landuko du Barandiaranek ikastaroan, eta hala lantzen du baita ere, ia hamar urtez Rafa Rueda musikariarekin ikastetxerik ikastetxe daraman Hitzen ahairea kantagintzaren inguruko saioan: “Gure belaunaldikoek eta gaur egungo ikasleek hainbat kontzepturen inguruan ditugun diskurtsoek ez daukate zerikurisirik. Identitatearen gaia kantangintzak nola landu izan duen ikusita, ikasleekin gaiaz aritzeak ikasleei inpaktua egiten diela esaten digute irakasleek. Euskaldun identitatearen zutabeak, 70eko hamarkada arte hizkuntza, lurraldea eta fedea izan baitziren, eta gero Gabriel Arestik eta Amaia Lasak klase kontzientzia sartu zuten. Gazteengandik oso urrun dago identitate hori”.

 

Halaber, hezkuntza arautuak euskal kulturaren transmisioan egiteko garrantzitsua baldin badu ere, Barandiaranek argi eman nahi du mezua: “Euskarazko kulturgintzaren transmisioa ez da, inondik inora, irakasleen ardura soilik. Irakasleak kultur eragile direla esatean ez ditugu zamatu nahi, guztiz kontrara, guk euskarazko kulturgintzaren transmisioa gizarte osoaren ardura dela adierazi nahi diogu irakasleari”. Behin diskurtso hori azalduta, komunitate osoa, hezkuntza eta kultura batuz inplikatzen diren adibide praktiko zehatzak ekarriko ditu, Larrabetzu bere herrikoa eta beste hainbat herritakoa: “Inauteriak lantzeko orduan, edo Gau Beltza, azaroaren 25a, martxoaren 8a, maiatzaren lehena edo Liburuaren Egunaren inguruan, nola egin daiteke lan hezkuntza arautuko eragileen eta hezkuntza araututik kanpoko eragileen artean, udalarekin, herriko kultur eta euskara elkarteekin edo bestelako elkarteekin, zaleekin eta hedabideekin? Gelan eta gelatik kanpo kultur gaia lantzea da gakoa, eskolan bezala herrian, aldi berean, bizi dezala ikasleak”. Horrek kulturgintzaren biziberritzea ekartzeaz gain, ikasleen ahalduntzea dakar, Barandiaranen aburuz: “Ikasleek bizitzen eta sentitzen dute gelan lantzen dutena ez dela eskolarako soilik, eta ez dela neurtzeko eta ebaluatzeko soilik, baizik eta gelan egiten dutenak haien eguneroko bizimoduarekin lotura duela ikusten dute. Herri batean hezkuntzak eta beste eragileek kulturgintzaren bitartez ekosistema moduan lan egiten badute, ikasleek jasotzen dute eurek egiten dutena gainerako herrikideekin partekatzen dutela eta herrian eragina daukala”.

 

Ion Celestino irakasle, musikari eta Broken Brothers Brass Bandeko liderrak euskal kultura eta espezifikoki literatura eta musika irakasteko edo transmititzeko modu inklusiboa partekatuko du irakasleekin. Iturri zaharrak ur emaria etengabe berritzen duen bezala, kultura garaikideak tradiziotik nola edaten duen azalduko du, euskal kultur tradizioari gaurtik begiratzea proposatzen baitu.

 

Ekosistema gisa, adinartekotasuna zainduz eta auzolanean, eta batez ere euskaraz eta euskal kulturatik, Iruñean azken urteetan bizitzen ari diren esperientzia zehatzetatik abiatuko da Ion Celestino ikastaroaren bigarren egunean. Oso erdalduna den gune batean, Iruinkokoaren bidez, euskaraz eta kulturatik komunitate sortzaile bat nola mamitu eta egonkortu den azalduko du, euskal kultura modu horizontalean nola transmititu den. Gaur eguneko zerbait berria sortzeko euskal kulturaren erroetan bilatu du Iruinkokoak eta hori izan da, era berean, Celestinok bere proiektu pertsonaletan egin duen bidea ere. “Iruinkokoaren forma inaute bat da, baina ideia Nafarro Behereko libertimenduetatik edo Zuberoko maskaraden formetatik forma berri bat sortzea da”. Dantzak, musika eta eszena uztartzen dituen kale antzezpena da Iruinkokoa, inaute igandez hiriburuan egin dena dagoeneko lau aldiz. “Kontua ez da erreplika literala egitea, baizik eta formula herrikoietatik berria eta berezkoa den zerbait sortzea, gaur egungo Iruñerriarekin eta gu garen euskararen komunitatearekin lotura duena”. Eta horrela lortu du Iruinkokoak gazteak, eta baita nerabeak ere engantxatzea, nagusiekin eta euskaraz erlazionatzea eta euskal kultura sortzea. 

 

Motibazioa, interesa, lilura, freskura edota berritasuna dira Iruinkokoaren erakarmenaren gakoetako batzuk, euskarak eta euskal kulturak ezinbestean behar dituenak eta, zer esanik ez, hezkuntza testuinguruan. Tresna horiek aletu eta irakasleen eskura jartzea da Celestinoren asmoa, komunitate sortzaile honengandik ikas baitezake hezkuntza komunitateak. Parte-hartzea da beste gakoetako bat, nerabeek sorkuntza prozesuan parte hartu dute, euskal kultura biziz: “Sortze prozesuan tradizio posibleak aztertzen dira eta gurea eta garaikidea izango den zerbait sortzeko tradiziotik zer elementu hartu daitezkeen begiratzen da”. Ekoizpen berria sortzeko, tradizioari begiratzen dio Iruinkokoak eta horrek tradizioaren ezagutza eskatzen du, Celestinoren arabera: “Kopla zaharretan edo Erdi Aroko baladetan egon diren tresna eta elementuetan zer errepikatzen da? Elementu horiek nola erabil ditzakegu gauza berriak sortzeko? Guri buruz ari diren proiektuak ekoizteko?”. Zertarako ikasi Etxepare, Aresti edo Lasa? Bada ordukoa ez ezik gaurkoa ulertzeko. “Nerabe batek bizi den auzoaz hitz egin dezake tradizioaren erremintetatik, baina horretarako, lehendabizi, tradizioaren tresnak ezagutu behar ditu. Bada beraz Bereterretxeren kanthoria ezagutzeko aitzakia, ez hainbeste arte obra bat edo tradizioa direlako, baizik eta elementu horiek euskararen kulturan transmititu direlako eta gaurko errealitateaz hitz egiteko erabil ditzakegulako”.