Grebarako deia egin dute ELA, LAB eta Steilasek azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako

2022-10-24

Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako Hezkuntza Legearen aurreproiektuaren aurkako greba deialdia egin dute hiru sindikatuek azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako. Eusko Jaurlaritzak aurkeztu duen lege zirriborroak “egungo hezkuntza eredu duala betikotu” egiten duela uste dute. Horrez gain, sindikatuek egin dituzten eskariak ez dituela jasotzen adierazi dute, “sare publiko bakarra, euskalduna eta propioa”, hain zuzen ere. Behin betiko legea “langileekin” egiteko ere eskatzen dute.

Greba deialdia Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako eskola publikoetako hezkuntza arloko langile guztiei egin diete. Azaroaren 30eko mobilizazio nagusia Bilbon izango da, eta abenduaren 14koa Gasteizen. Eguerdian egingo dituzte bi mobilizazioak, eta arratsaldean, aldiz, herrialdeko manifestazioak hiriburuetan. “Publikoa, euskalduna eta propioa helburua” eta “Hezkuntza lege aurreproiektu honi ez, legea langileokin eraiki” lelopean egingo dira mobilizazioak.

 
 
Grebarako deia egin dute ELA, LAB eta Steilasek azaroaren 30erako eta abenduaren 14rako

 

Hiru sindikatuek “eskola publikoa ardatz izango duen Hezkuntza Legea” nahi dute, egungo sistema duala gaindituko duena eta segregazioari aurre egin eta “gizarte kohesioa” bermatuko duena. Segregazioari aurre egiteko hainbat neurri zehaztu dituzte sindikatuek: eskola publikoa lehenestea, kuoten kobrantza debekatzea eta “benetako doakotasuna” bermatzea. Horrez gain, titulartasun pribatuko ikastetxeetako hezkuntza komunitateak sare publikoan integratzeko “marko eta araudi orokor eta adostua” ezarri nahi dute. Halaber, legeak “betebehar eta kontrol mekanismo zehatzak” jasotzeko eskaera egin dute, diru publikoa jasotzen duten ikastetxe guztiek betetzen dituztela bermatzeko.

Hezkuntza lege “propioa” eskatzen dutenean zera adierazi nahi dute: hezkuntzaren inguruko eskumenak bere gain hartuko dituena, langile multzo propioa izateko aukera izango duena eta Euskal Herria “erreferentzia esparrutzat” izango duena.

Horrez gain, inbertsio eta baliabide gehiago ere eskatu dituzte, hezkuntzarako jartzen den dirua hiru urtean BPG barne produktu gordinaren % 6 izatera iristeko.

Legearen behin betiko dokumentuak sindikatuen eskaerak jasotzen ez baldin baditu, sindikatuek mobilizazio gehiago egingo dituztela iragarri dute, lege egitasmoak Eusko Legebiltzarrean bidea egin bitartean.