Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Bilbon eskola publikoa "sistemaren ardatz" izan dadin

2022-11-07

Azaroaren 5arekin manifestazio jendetsua egin dute Bilbon Euskal Eskola Publikoaz Harro Plataformak deituta, batetik, eskola publikoa indartzea eskatu dute manifestariek, eta bestetik, Eusko Jaurlaritza ixten ari den Hezkuntza Legeari ezezkoa ematea. Milaka herritar batu dira agerraldira. Manifestazioaren deitzaileak, bestaek beste, EHIGE, HEIZE, Ikasle Sindikatua, Ikasle Abertzaleak, Ikama, Ikasle Ekintza, Gazte Komunistak,  STEILAS, CCOO Irakaskuntza, ESK izan dira, eta bat egin dute LABek, ELAk eta Ernaik.

 

 

 
 
Euskal Eskola Publikoaz Harro plataformak deituta, manifestazio jendetsua egin dute Bilbon eskola publikoa "sistemaren ardatz" izan dadin

 

(Argazkia: Euskal Eskola Publikoaz Harro plataforma)

Euskal eskola publikoaren alde, Hezkuntza Lege honi ez leloa zuen pankarta eraman zuten herritarrek, atzetik milaka lagun zituztela. Kartelak eskuan: «Harro, desberdinon topagunea delako», «Euskalduna delako, harro» eta beste hamaika mezurekin. Eta leloak ahoan: «Euskal eskola publikoa» eta «pribatua ez da publikoa» oihuak nagusitu dira, baina entzun dira «ez, ez, ez, lege honi ez», «euskara ere publikoaren alde», «hemen gaude publikoaren alde» eta bestelako batzuk ere.

Honako manifestua irakurri zuten amaieran: 

ESKOLA PUBLIKOAREN ALDE! HEZKUNTZA LEGE HONI EZ! Gaur hemen bildu gara berriro ere, eta argi utzi dugu euskal eskola publikoaz harro gaudenok milaka garela. Zorionak guztioi! PUBLIKOAZ HARRO! Hezkuntza lege honi ez! Ozen esateko unea da eta indar politikoak interpelatzeko ordua, Euskal Autonomia Erkidegoko Hezkuntza Legeak duen norabidea guztiz aldatu dezaten exijitzeko.

LEGE HONI, EZ! Hezkuntza Saila sare pribatuaren aldeko neurriak aspaldidanik eta etengabe hartzen ari da. Publikoa ahoan baina eskola pribatua dute gogoan Jaurlaritzako kideek eta eskola publikoa pixkanaka desegiteko bidean jartzen ari dira. Orain, Hezkuntza Lege berriak Euskal Hezkuntza Zerbitzua delakoaren bidez, eskola publikoa eta pribatua berdindu nahi ditu, muzin egiten dio publikoaren hazkundea bermatzeari eta ondorioz, sistema duala finkatzen du, horrek dakarren segregazioarekin. Hori tranpa bat da. Baina guk garbi dugu:

PRIBATUA EZ DA PUBLIKOA! EEPH Topagunea osatzen dugun eragileok eskola publikoa hezkuntza-sistemaren benetako ardatz izango duen hezkuntza-sistema nahi dugu, gizarte-kohesiorako eta berdintasunezko hezkuntza euskaldun bat lortuko duena. Horregatik:

1- Sare publikoa sendotzea eta handitzea proposatzen dugu, herritar guztientzako eskubideen bermea baita. Horretarako, zentzuzko planifikazioa egin behar da, eskola plazen eskaintza errealitatera egokitu eta sare pribatuaren gehiegiko eskaintza ez itundu; sare publikoari beharrezkoak dituen baliabide guztiak eman eta publifikazio bideak zabaldu sare honen parte izan nahi duten ikastetxeentzat.

2- Gure hizkuntza ere, euskara, galtzaile aterako da. Euskal eskola publikoa da ikasle gehien euskalduntzen duena eta urteetako ibilbideak argi utzi digu murgiltze ereduaren bidez lortzen dela, behar diren baliabideak emanez eta tokian tokiko errealitatea kontuan. Irteera profil bat ezartzea ez da nahikoa izango dugun erronkaren aurrean. Nola bermatuko da ikasleen B2 maila hori ikastetxe guztietan eta ikasle guztientzako? EUSKARAREKIN ATZERAPAUSURIK EZ!

3- Lege honekin, hezkuntza-komunitatearen zeregina bigarren maila batean geratzen da: guraso elkarteetan eta partehartze organoetan egiten den lana ordain ezinezkoa da eta honi aitortza eta tokia eman beharko lioke legeak: elkarrekin lan egingo duten eskola publikoen sare solidarioa nahi dugu, herri eta auzoetan txertatua Gure eskoletan egunero elkarbizitza eta partehartze lezioak ematen dizkiogu gizarte guztiari. Hori ez dugu galtzen utziko.

4- Legeak erlijioaren eskaintza derrigorrezkoa mantenduko du eta ideario erlijiosoa duten ikastetxeei finantzazio berbera emango zaie. Bada garaia erlijioa, edozein dela ere, ikastetxeetatik kanpo uzteko. ERLIJIOA ESKOLATIK KANPORA! Lege hau pribatizatzailea da, uko egiten dio eskola publikoa sistemaren ardatza bihurtzeari, ez du amaituko segregazioaren arazoarekin, doktrinatzea onartzen du eta euskararen normalizazioan atzerapausoa da. Ondorioz, denontzako hezkuntza eskubide berbera bermatzeko, gure sistemaren dualtasunarekin eta segregazioarekin amaitzeko, euskara eta euskal curriculuma bultzatzeko eta laikotasun erreala lortzeko, lege hau geratu behar dugu. Eskola publikoaren defentsan : GORA EUSKAL ESKOLA PUBLIKOA! EZ, EZ, EZ, LEGE HONI EZ!