Erditze errespetatua

2023-05-05

Bederatzi hilabetez sabela hazten, bularrak betetzen, aldakak zabaltzen… joan zaizkio eta iritsi da, laster iritsiko zaio bere barruan sortu duen bizitza berri hori, pertsona hori besoetan hartzeko unea. Horretarako erditu egin beharko da emakumea. Ilunpetik argitara, uretatik airera pasako da jaioberria. Amari sabela hustuko zaio eta bizitza berri bat hasiko da. Nolakoa izango da pasabide hori?

 

 
 
Erditze errespetatua

I

garobidea da erditzea. Emakume askok ilusioz eta beldurrez itxaroten duten unea. Erditzea prestatzeko ikastaroak jasoko dituzte batzuek, gaiari buruzko liburuak irakurriko dituzte askok, gainerako amek kontatutakoa adi-adi entzungo dute beste batzuek, baina erditze bakoitza bakarra da eta unea iristen denean norberak dituen tresnekin egin beharko dio aurre.

 

Haurdunaldian zehar burura maiz etortzen den galdera da: nolakoa izango da erditzea? Euren burua nola sentituko duten baino gehiago, artatuko duten profesionalen jokabideak eragiten die kezka emakume askori. Goxotasunez tratatuko ote duten, bere nahiak errespetatu eta kontuan hartuko ote dituzten… Erditu nahi duen modua errespetatuko ote duten, alegia. Emakume orok baitu erditze errespetatua izateko eskubidea, eta hainbat alderdi hartu behar ditu kontuan erditze errespetatu batek:

 

- Erditzean lagunduko dioten profesionalen aldetik errespetuzko tratua jasotea. 

- Amaren nahiak entzun eta kontuan hartu beharko lituzkete profesional horiek: adibidez jatekoa eta edatekoa ez ukatzea.

- Amak lagunduta egotea.

- Uneoro erditzearen nondik norakoei buruzko informazioa jasotzea.

- Onespenik gabeko interbentziorik ez izatea.

- Erditzea bere kabuz has dadin denbora ematea eta dilatazioa ez azkartzea.

- Beharrezkoak ez diren edo gomendagarriak ez diren interbentziorik ez egitea.

- Dilatazio prozesuak irauten duen bitartean askatasunez mugitzea.

- Erditzeko postura erabakitzea.

- Zilbor-hestearen ebakitze berantiarra egitea.

- Erditu bezain pronto umearekin azalez azaleko kontaktua izatea.

- Ama eta haurra ez banatzea.

- Edoskitze naturalaren aldeko hautua egitea. 

Osasunaren Mundu Erakundearen aholkuak dira horiek guztiak; amari eta haurrari dagozkien eskubideak, azken batean. Izan ere, emakumearen nahiak errespetatzeak eta bere ongizatea zaintzeak, umearen ongizatea bermatuko du baita ere. 

 

Saioa Baleztena kazetaria da eta amatasun duinaren aldeko lanean dihardu azken urteotan, lehen pertsonan bizi izandakoaren ondoren. Erditze errespetatuan aditua da Baleztena eta erditzea, prozesu fisiologiko bat dela eta, berez, esku-hartzerik ez duela behar defendatzen du: “Prozesu fisiologiko guztiek bezala, erditzeak denbora eta haurdun dagoen pertsonarekiko konfiantza eskatzen ditu, gure osasun zerbitzuan lekurik ez duten bi ezaugarri, alegia. Izan ere, haurdunaldia eta erditzea artatzeko logika produktibistak etengabe urratzen ditu haurdun daudenen eta haurren eskubideak”. Azken urteetan haurdunaldiak eta erditzeak patologizatzeko joera nagusitua dela dio Baleztenak, eta esku-hartze medikuak ere gora egin duela. 

 

Noiz ez da errespetatzen erditzea? Baleztenak hainbat kasu aipatu ditu: “Haurdunaren borondatea eta iritzia kontuan hartzen ez denean, emaginak edo ginekologoak modu txarrean solasten direnean edo haurdun dagoena infantilizatzen dutenean, edozein esku-hartze informatu gabe egiten dutenean, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) debekatua duen Kristeller maniobra egiten dutenean, denbora aurrezteko edo erditzea azkartzeko beharrezkoa ez den zesarea bat egiten digutenean, zesarea horretan bikotekiderik gabe sartzera behartzen gaituztenean edo, irizpide medikurik gabe, haurra zuzenean gainean jartzen ez digutenean... Azken batean, ebidentzia zientifikoaren kontra doan edozein esku-hartze egiten dutenean, erditzea ez da errespetatzen”.

 

Erditzea memoria emozionalean eta gorputzaren memorian ainguratuta geratzen den unea dela dio Elisa Valenzuelak, osasun perinatalean formazioa duen gorputz psikoterapeutak. Emakume gehienek oso garbi gogoratzen dituzte haien erditzeak, eta, batez ere, bizitako sentipenak gelditzen dira iltzatuta. Ideia garrantzitsua jarri du mahai gainean Valenzuelak: “Hori pentsatzeko joera nagusitzen den arren, errespetatutako erditzea ez da erditze naturala, ez da interbentziorik gabeko erditzea. Errespetatutako erditzea emakumeak lehen pertsonan, infantilizaziorik eta paternalismorik gabe, bizitzen duena da. Emakumea da protagonista, gertatzen ari denaren gaineko informazioa du, erabakiak har ditzake eta bere eskaerak aintzat hartzen dira. Une horretan bera da autoritate gorena, bere gorputza eta erditzea ezagutzen ditu eta profesionalek hori kontuan hartuta laguntzen diote”. 

 

Profesionalen mugak

Sistemak berak jartzen dizkie mugak profesionalei, normalean. Baleztenak argi du: “Ospitale gehienetan ez dago baliabide nahikorik erditze errespetatuak bermatzeko. Emagin gutxi izaten dira, protokoloak ez daude gaurkotuta eta erakunde gehienek gomendatzen ez dituzten praktikak egiten dituzte. Begirada kritikoa duten osasun langileek anitzetan gutxi egin dezakete sistemaren parte direnean, baina, era berean, euren konpromisoa ezinbertzekoa da”.  

Iruñeko Bideko Ama Birjina ospitalean egiten dute lan Jaione Elorz eta Julieta Mansilla emaginek. Bertan erditzeak errespetatzen direla eta horretarako protokoloa dutela diote. Ospitalean emakumeek eramaten dituzten erditze planak errespetatzen dituztela diote eta eskatzen dituzten gauzak, emakumeek eskatzen dituztelako baino, ospitaleko protokoloari jarraiki egiten dituztela. Erditzeko postura, esaterako, emakume bakoitzak erabakitzen du. Obstetriziarako humanizazio batzordea dute Iruñeko Bideko Ama Birjina ospitalean eta emakumeen borondatea errespetatzea da haien egiteko eta helburu nagusia.

 

Arlo guztietan gertatzen den moduan, gauza asko hobetu litezkeela dio Mansillak, baina urteek aurrera egin ahala, aldaketa handia ikusi duela erditzeak errespetatzeari dagokionez. Dena den, neurri handi batean hori profesionalen esku dagoela dio: “Gure lankideen % 90ek emakume batek eskatutakoa errespetatzen dute, baina badira aldaketekin mesfidatiagoak diren hainbat pertsona”. Mansillak Sevillan egin zuen lan Iruñean izan aurretik eta alde handia nabaritu zuen Euskal Herrira etorrita: “Han erditze asko azkartzen ziren eta emakumearen nahiak ez ziren errespetatzen. Baina orain, hemen, ez dut gogoratzen lankide batek emakumeren bat errespetuz tratatu ez duelako “ufa! Zeinen desatsegina!” esan nuen azkeneko aldia. Orain informazio asko ematen zaie emakumeei eta asko hitz egiten da beraiekin. 

 

Ospitaleko profesionalen gehiengoak emakumeen nahiak errespetatzen dituela eta haien iritzia serio hartzen dutela dio Elorzek ere: “Agian, kasuren batean, emakumeak sentitzen du erditzea ez dela berak nahi zuen modukoa izan, eta horrek etsipena sortzen dio, baina halako kasuetan, egin behar genuena egin izan dugu. Adibidez, epiduralik gabeko erditzea nahi duen emakume bat, zutik erditzen ari dena, jende gutxik inguratuta… Eta bat-batean umearen taupadak asko jaisten dira, eta erditze gelara pasa eta instrumentalizatu behar izan dugu. Kasu horietan, emakumeak zuen ideia eta errealitatea ez datoz bat, baina egin beharrekoa egin dugu. Ahalik eta sentipen onenarekin joan daitezen saiatzen gara, baina ideia finko batekin datozenean eta espektatibak betetzen ez direnean, zaila izaten da”.  

 

Duela gutxi lortu dute zesareak izaten diren kasuetan ere, ama eta jaioberria azalez azaleko kontaktuan egotea. Zesareei dagokienez, Iruñeko ospitalean nahitaezkoak diren zesareak egiten direla diote, izan ere, arduradunek zesarearen zergatiak justifikatu behar dituzte ondoren. Edoskitze naturala ere bultzatzen dute Iruñeako ospitalean, eta Elorzek azaldu duenez, medikuaren agindurik egon ezean, debekatua dute jaioberriei bestelako osagarririk ematea. 

 

Indarkeria obstetrikoaren
ondorioak

Erditze errespetatuaz hitz egiten dugunean, maiz agertzen da indarkeria obstetrikoa ere. Valenzuelak aipatu du indarkeria obstetrikoaren definiziorik onartuena Venezuelan 2007an egindakoa dela. Emakumeek indarkeriarik gabeko bizitza izateko eskubidearen gaineko Venezuelako lege organikoak (“Ley Orgánica sobre el derecho de las mujeres a una vida libre de violencia”) hala dio: “Biolentzia obstetrikoa osasun arloko profesionalak emakumearen gorputzaz eta erreprodukzio-prozesuaz jabetzea da”. Hori gertatzen den kasuetan, emakumeengan eragin handia du Valenzuelaren hitzetan: “Amaren prozesu emozionalean eta hormonalean interferentziak gertatzen dira, eta umearengan eta amaren eta umearen arteko lotura horretan ere bai. Horrek hainbat patologia ekar ditzaketen lesio fisikoak eta emozionalak sor ditzake, emakumea amatasunerako edo eguneroko bizitzarako ezgaitzera helduz”. Erreparazio falta, ez entzutea edo emakumeek bizi izan dutenaren ukazioa ere indarkeria direla dio Valenzuelak: “Zuzentzea, entzutea, ardura hartzea eta barkamena eskatzea, ongi egitea bezain garrantzitsua edo garrantzitsuagoa da”. 

 

Gehiegizko esku-hartze hori oso barneratua dugula uste du Baleztenak eta normalizatu egiten dugula: “Dena den, indarkeria obstetrikoaz jabetzen hasiak gara. Ondorioak larriak dira. Emakume anitz bortxatuak sentitzen dira. Erditzea gure sexualitatearen momentu hagitz garrantzitsua da eta une horretan gertatzen denak zauri garrantzitsua ireki dezake. Ondorio larriak izan ditzake, ez soilik emakumearen osasun mentalean, baita haurraren osasun mentalean ere”. 

 

Izan ere, errespetatua izan ez den erditze batean jaio izanak betiereko ondorioak izan ditzake haurrarengan. “Gehiegizko esku-hartzea dagoenean, haurrak infekzioren bat hartzeko arriskua handitzen da”. Horrela kontatu du bizi izandakoa Baleztenak: “Guri hala gertatu zitzaigun: 48 orduko erditzean egin zizkidaten ukitzeen eta justifikatuta ez zeuden bertze hainbat frogen ondorioz, haurrak infekzio bat hartu zuen eta bere bizitzako lehen asteak Zainketa Intentsiboetako Unitatean pasa behar izan zituen. Lehendabiziko egunetan ez genekien zer gertatuko zen, hainbat jaioberrik, batez ere txikiak direnean, ez baitute indar nahikorik izaten halako infekzio bat gainditzeko. Zorionez, ongi erantzun zion tratamenduari”. 

 

Baleztenak aipatu du ebidentzia zientifikoak agerian utzi duela harreman zuzena dagoela erditzean gertatzen den gehiegizko esku-hartzearen eta autismoa duten haurren artean, adibidez: “Ibone Olza psikiatraren arabera, azken urteetan, ikaragarri areagotu da autismoa duten haurren kopurua: 10.000 mila jaiotzetik batek izatetik, 150 jaiotzetik batek izatera pasa da, zehazki. Eta, azkenik, kontuan hartu beharra dago, baita ere, eta sarri ez da aintzat hartzen, amaren eta haurtxoaren arteko harremanean zauri handia utzi dezakeela erditze traumatikoak. Ohikoa da erditze traumatiko baten ondotik lotura hori lantzea zaila izatea eta, sarri, erdiondoko depresioa dator. Hori da amon patologiarik ohikoena eta ahantziena”, dio Baleztenak.  

 

Indarkeria obstetrikotzat hartzen diren praktikak ugariegiak dira oraindik ere Baleztenaren irudiko, eta ezkorra dela dio: “Kontzientzia handiagoa da, baina praktikan egunero gure eskubideak urratzen dira. Ez dago gardentasunik eta, sarritan, erditzearen historia klinikoa eskatzen duzunean, informazio gehiena falta da”. Indarkeria obstetrikoa salatzeko deia egin du: “Erreferenteak izatea ezinbertzekoa da eta garrantzitsuena kexak jartzea izaten da, bai erditu duzun ospitalean eta baita tokiko erakunde arduradunetan ere”. Salaketa egiteko aditua den abokatu batekin harremanetan jartzea gomendatzen du, hark ikusiko baitu emakumeak sufritu duenak legearen ikuspuntutik ibilbiderik ba ote duen. Salaketa egiteak erabat alda dezake emakumearen ikuspuntua eta hala izan zen Baleztenaren kasuan: “Erditu nintzen ospitaleko arduradunak nirekin harremanetan jarri ziren, autokritika eginez eta erreparazio bide bat zabaltzeko asmoz. Eta hori erabakigarria izan zen zauria sendatzen hasteko. Hain da horrela, nire bigarren semea ospitale berean erditu nintzela”. Erakunde publikoen konpromisoaren beharra azpimarratu du, era berean. 

 

Erditzean zehar emakumeei sostengu emozionala ematearen garrantziaz ere mintzatu da Baleztena: “Haurdunaldian zehar, eta batez ere erditzean, zaurgarritasun bereziko uneak bizitzen ditugu, ohikoa da zalantzak eta beldurrak agertzea. Erditzea minarekin eta beldurrarekin lotzeko joera dago eta gaur egun gehiegizko informazio zaparrada gehitu behar diogu horri, ez baita erraza izaten informazio uholde hori kudeatzea. Sostengu emozionala beharrezkoa izango da emakumeak prozesua errespetuz bizitzeko eta erditze fisiologikoa errazteko”.