IBARZABAL, Eugenio:

1996-01-01
Ikastea pozik egin behar den aktibitatea da. Ikasleek pozik etorri behar dute eskolara", hau da Eugenio Ibarzabalek behin eta berriro azpimarratzen duen mezua.

Bere ustez, bizitza ezingo litzake ulertu inguruarekiko kalitatezko harremanak ematen ez badira, azken batean bizitza ez al da hori? Irakaste-ikastearen prozesua bizitzako esparru desberdinetara heda daiteke, honela iniziatibak eta aportazioak dira eguneroko erreflexiora bultzatzen gaituzten instrumentuak.

Hezkuntzan ez dago motibazio faltarik. Egun somatzen den apatiaren arrazoiak beste bide batzutatik datozkigu, metodologi baten beharra, planifikazioa marko egokietan planteatzea, eskemak argi izatea, eguneroko ebaluaketari benetako jarraipena egitea eta aldaketa kulturalei irekiak egoteak bai espazioan eta jakindurian dira besteak beste ikasleekiko harremana zabalduko digutenak. Berrikuntzetan sinisteak ilusioa berreskuratzen lagunduko digu.

Berrikuntza hauek egin nahiean dabil Eugenio Ibarzabal duela bi urtez egiten ari den kalitateari buruzko ikerketen bidez.
 
 
Zer ulertzen dugu kalitateaz?

Entrepresa batean kalitatearen helburua bezeroa pozik egotea da, entrepresa eta bezeroen arteko harremana ona izatea eta bi aldeak gustora egotea. Azken finean, kalitateak entrepresak produktua saldu eta bezeroa produktu horrekin gustora egotean datza.

Eta Hezkuntza munduan zer izango litzake?

Ikasleak, gurasoak, gizartea eta irakasleak pozik sentitzea litzake, ikastea ekintza pozgarri bihurtzea, alegia.

Irakaskuntzan ematen den harremana batek irakatsi et"a besteak ikastean datza. Bezeroak, kasu honetan ikasle, guraso, gizarte, entrepresak (Lanbide Heziketan) gustora egon daitezen lortzea litzake helburua.

Eskola ez da entrepresa bat eta ez du produktu bat saltzen, baina ematen den ikaste-irakaste harreman horretan askotan, guk ez dugu satisfazioa ikusi. Eskola Erkidegoa (irakasle, ikasle, gurasoak...) ez dago gustora.

Umeak txikitatik pozik doaz eskolara. Honek, eskolaren aurkako jarrerarik ez dagoela adierazten digu. Haunditzen doazen heinean berriz, ikasleak geroz eta aspertuago agertzen dira eta horrek zerbait ongi ez doala erakusten digu.



Zenbait ikas-mailetan behintzat aspertze hori oso nabarmena da. Zer egin orduan?

Entrepresan argi ikusten dugu jabea eta langileen artean harremanak ona izan behar duela, bestela akabo! Langileek entrepresaren martxan parte hartu behar dute, produktua nola hobetu esan eta abar. Azken batean, beraiek egiten dute produktua eta horretaz asko dakite.

Irakaskuntzaren ikuspuntutik, ikasleak nolabait beren ikasketen langileak bihurtu behar dira, eta ikasle-irakasleen arteko harremana berezia denez, harreman hori da ongi zaindu behar dena.

Harreman horretan gakoa ez da zer irakatsi behar den, iadanik administraziotik emana baitator, benetako arazoa nola irakatsi behar den eta nolakoa izan behar duen irakasle eta ikasleen arteko harremanean legoke.

Ikasleek eskolaren martxan asko lagundu dezakete. Parte garrantzitsua direla eta beraien proposamenak kontutan hartzen direla ohartzen badira, egin dezaketen ekarpena izugarria izan daiteke.



Nondik datoz ideia hauek?

Ez dira bapatean sortutakoak. Kezka duen edozein irakaslek izan du honelako intuiziorik. Filosofia honek lan marko berri bati bidea zabaltzen dio, non lanerako eskema berri bat eskaintzen den.

Eskolak, lehenik eta behin, zer nahi duen jakin behar du. Zer lortu nahi duen, zertan bereizten den, zer eskaintzen duen, zeintzuk diren bere ametsak... Eta horretarako, eskola erkidegoak zer nahi duen jakin behar du.

Behin zer nahi dugun jakinda, hurrengo pausoa nola lortuko dugun pentsatzea da.

Nola jakingo dugu ongi ala gaizki goazen? Nola jakin aurreratzen ari ote garen ala ez?... Egiten duguna kontrolatzen eta ebaluatzen joan behar dugu.

Kultura berri honek, lan marko berri bat sortzen digu lanerako ikuspegi orokorrago bat emanez, lan-tresnak eskaintzen dizkigu eta ildo honetan lan eginez esperientzia hartuz joango gara. Azken finean, filosofi berri batez hitz egiten ari gara.



Irakaskuntzan filosofi hau sar daitekeela uste al duzu?

Nik ez nuen hezkuntza mundua asko ezagutzen eta irakasleek duten autoestima eskasa ikusteak harritu nau, eta ez dut ulertzen eskasia horren zergatia.

Aldi berean, beren lana hobetzeko prest eta ikasleei ahalik eta onena eskaintzeko gogoz agertzen diren zenbait irakaslerekin topo egin dut.

Irakasleak adinean aurrera doazen heinean zenbait ilusiok indarra galtzen dute. Gure ustez, lan filosofia honek ilusioa berreskuratzen laguntzeko balio diezaieke.



Berreskuratze honetan lan giro onak eragina izan dezake...

Guk zera diogu: "Lorazain treberik gabe, lorategi ederrik ez".

Askotan, hobekuntza erakunde bat dela pentsatu izan dugu baina hobekuntza zerbait pertsonala da. Nik zer nahi dut? Nola lortuko dut? Nola ebaluatuko dut? "Nik hobea izan nahi dut", hausnarketak metodo aldetik posibilitate ikaragarriak ematen dizkizu.

Motibazioak garrantzi handia du. Besteak animatzeko aurretik zuk agertu behar duzu animatuta eta honetan lidergoak zeresan handia du. "hik hasi", zuen aldizkariaren izenak dioen bezala hasi egin beharra dago.

Badira ia bi urte zenbait eskoletan lanean hasi ginela eta oso jende jatorrakin topo egin dugu. Lan egiten ari garen zentroak Lanbide Heziketako eskolak izateak filosofia hau ulertzea errezten du behar bada, baina edozein eskola motarentzat baliogarri izan daiteke.

Dena den, eredu on batzuk beharrezkoak dira eta gu horren bila joan gara, Lanbide Heziketak erakutsiko die bidea hezkuntza arloko beste taldeei.

Oraingoz, gure lanari ez diogu publizitaterik eman eta orain arteko zentro piloto hauekin lanean jarraitzea da gure asmoa. Jakin badakigu jarri dugun helburua lortzea zaila dela halere, zirraragarri eta erakargarria suertatzen ari zaigu.

Ikasturte honetan bertan emaitza batzuk jasoko ditugu. Seiren bat eskola oso ongi ari dira lanean eta zenbait ekintza zehatzen emaitzak laster jaso ditzazkegu.



Konpetibitatearekin, zer ikusirik ba al du honek?

Norberak eta taldeak ahalik eta hobekien funtzionatzea dugu helburu. Azken batean, guk talde-lana bezala planteatzen dugu. Jakina da zenbait momentutan norgehiagoka aritu behar dela baina norgehiago hori egin baino lehen elkarlanean aritu behar da zure proiektua ona izan dadin. Eta beharbada elkarlanean ez jakitea da Herri honek duen arazo garrantzitsuenetarikoa.

Zaila egiten zaigu lan-taldean aritzea, besteei entzutea, kritikak jasotzea, ideiak ematea eta abar. Irrigarri azaltzearen beldurra oso barneratuta daukagu.

Lanerako, lankide disdiratsuak nahi al ditugu? Ez. Langile praktikoak, ikasteko prest daudenak nahi ditugu. Horregatik, ikastea ekintza pozgarri bezala sentitzeak du garrantzia. Azken finean, gure bizitza osoan ikasten aritzen gara. Beraz, ikasten gustora aritzea da bizitzako gakoa.

Bizitzako edozein esparrutan aurkitzen zarela ere, ikasten jakitea da oinarria, ikasten ikasi beharra dago.



Elkarlaguntza ez al da gizarte honek zabaltzen duen indibidualismoaren kontrako filosofia?

Bai, justu kontrakoa da. Indibidualismoa geroz eta krisi handiagoan dago. Gure inguruan begiratzea besterik ez dago, Mario Conde diruduna erraldoi ikutuezina zirudiena "pigmeo" bat egina ikusten dugu orain. Honelako ereduak ez ditugu nahi, gizarte mota hori krisi sakonean dago.

Hori ikusita, badakigu zer ez dugun nahi baina zer nahi dugun jakitea kosta egiten zaigu. Adibide bat jarriz: egunean zenbat aldiz esaten diegu gure haurrei: hau ez egin, ez egin hori! Eta zenbat aldiz: oso ongi, ederki egin duzu! Kalkulatuko bagenu astean, hilean, urtean edo gurekin bizi diren hogei urtetan zenbatetan esan diegun bakoitzetik, alde handiz EZ EGIN HORI! irtengo zen garaile.

Guk txikitatik ongi ikasi dugu zer den egin behar ez dena, baina zer egin behar den ez digute irakatsi. Irrigarri ez azaltzea ongi ikasi dugu, hortan maisu-maistrak gara baina gure bizitzako egoera aldatzen bada, edozein iniziatiba hartzea kosta egiten zaigu.

Azken finean, arazo kulturala da, bizitzarako jarrera modu bat. Eta kosta egingo bada ere, jarrera eta ohitura hauek aldatzen joan beharra dago.

Aldaketa eman dadin, irakasleen eskuhartzea handia izan beharko du, ezta?

Bai eta ez. Atzerriko kongresu eta zenbait bileretan beti egiten den galdera hauxe da: Irakasleak proiektuan inplikaturik al daude? Eta erantzunetan inoiz ez da % 100a agertzen. Inplikazio zuzena hartzen dutenak % 60a izan daitezke.

Edozein proiekturen aurrean, normalean, bi jarrera nabarmen agertzen dira. Batzuk, gogatsuak, proiektu bultzatzaileak izango dira eta beste batzuk berriz, guztiz aurka agertuko dira.

Bien artean neutralak egoten dira eta proiektua aurrera atera nahi badugu, bultzatzaileek neutralak bereganatu beharko dituzte, aurkakoak ezin baitira inoiz ere bereganatu eta ez du hauekin denbora galtzerik merezi.

Askotan, dinamika ezkorretan erortzen gara, arazoetan zentratzen gara, beti arazoen arduradunak bilatu nahi ditugu; dinamikak beste bat beharko lukeenean: ZER NAHI DUGU? NOLA LORTUKO DUGU?...

Dena berehala lortu nahi izatea ere, dugun akats nabarmena da. Bizitzan gauza onak lortzeko bere denbora behar da, alegia, prozeso bat egon behar du.



Lehen aipatu duzun ebaluazioari, zer zentzu ematen diozu?

Ongi ari garen ala ez jakiteko dago. Askotan ebaluazioa azterketa balitz bezala hartzen dugu eta guk ez dugu horrela ikusten. Ea ongi goazen jakin beharra dago, eta horretarako erabili behar dugu ebaluazioa.

Lantegi bateko pieza bat kontrolatzea erraza da, baina hezkuntzan askoz ere zailagoa da. Ikaste prozesoa nola neurtzen da? Zentzu horretan, zein ebaluazio mota egin behar den jakin beharra dago eta gu hori da aztertzen ari garena.



Hasera guztietan bezala intuizioak paper garrantzitsua jokatuko du...

Bai. Dugun intuizioa esperientzia piloto txikietan frogatu egin behar da eta ondoren kontrolatu. Emaitzak ikusi ondoren egin behar diren zuzenketak ezarri, esperientzia egokitu eta aurrera jarraitu, hurrengo kontrola egin arte.

Hemen, normalean, planifikazio orokorrak egiten dira. Zentro guztietarako lege berri batzuk ezarri nahi dira, beti orokorrak eta guztientzat berdinak. Eta jakina, martxan jartzen direnean, errealitate ezberdinetan aplikatzen direnez, ezinezkoa da tokian tokiko egoerei erantzutea, porrota izaten da eta honekin desilusioa, ondotik datorrelarik utzikeria.