Psikomotrizitatea

1996-02-01
"Psikomotrizitate" hitza, gaur egun, hezkuntzan aski ezaguna izan arren, "erlazio-psikomotrizitate" hitza ez da hainbeste, eta ondorengo lerro hauetan zertxobait argitzen ahaleginduko naiz.
 
 
Erlazio-psikomotrizitatea hezkuntzan



GOJENOLA, Marian

Erlazio-psikomotrizitateko Hezitzailea



Hasteko, esan liteke, joera ezagunenari "psikomotrizitate razionala" deitzen diogula, honen helburu nagusia aprendizaia eta pedagogia- mailakoa delarik.

Beste joera, "erlazionala" deitzen duguna, berriz, haurraren adierazpen global eta prebentiboan oinarritzen dugu. Bi joera horiek ez dira elkarren kontrakoak, baina André Lapierrek eta erlazionalaren joerakook lehentasuna ematen diegu alderdi psikoafektibo eta erlazionalei, gero alderdi psikokognitiboen oinarri izan daitezen.

Erlazio-psikomotrizitate saioetan haurra bera da protagonista gorputz-mugimenduaren bidez, bere interes eta beharrizanak adieraziz subjektu bezala. Helduaren laguntzarekin bere dimentsio psikofisiko, emozional eta sozialak garatzen ditu. Honela, Erlazio-Psikomotrizitateko saioak hezkuntza-praktika prebentibo eta konpentsatorioaren funtzioa betetzen dute bide batez, eta gaurko haurrak dituen beharrizan psikoafektiboei erantzuten diete.

Erabiltzen dugun metodoa jolas librea da, espontaneoa, ez-gidatua eta judiziogabea. Psikomotrizistak haurraren portaera behatu, dekodifikatu egiten du, jarrera sostengatzaile eta deskulpabilizatzaile baten bidez, autonomia garatu eta bere zailtasun eta gatazkak bideratuz.

Jolas librearen garrantzia

Erlazio-Psikomotrizitatearen metodoa jolas librean oinarriturik dagoenez, biziki azpimarratu nahi dut, jolas-mota horrek heziketan leku eta denbora berezi bat izateak duen garrantzia, jolas-ordutik kanpora.

Jolas libreak haurraren barneko eta kanpoko mundua adierazten du sinbolikoki eta horrela bere fantasia, beldurra, zailtasuna, baliabidea, sormena eta abar azaldu eta lantzeko bidea da. Gainera, aprendizaia intelektualaren oinarria da, buru-prozesuak eragiten baititu.

Schiller, poeta alemaniar ezagunak zioenez, "gizakia jolas egiten duenean bakarrik da benetako gizaki". Zalantzarik ez dago libreki jolas egiteko aukerarik izan ez duten haurrek bere ahalmen intelektualak murrizturik edukitzen dituztela. Horrez gain, jolasak ongi funtzionatzearen atsegina ematen dio haurrari: Paulovek "poztasun muskularra" edo Harveyk "gorputzaren musika ixila" deitzen duten hori.

Beraz, jolasaren eragina zabala dela aitortu behar dugu.

Baina oraindik, gaur eguneko gizarte zalapartatsu honetan bazterturik gelditzen den pedagogia-klabe bat berreskuratu nahiko nuke: saiamena.

Jolas librearen bitartez, haurra entseiu-errorea lantzen eta bere porrot-sentsazioak gainditzen saiatzen da. Telebistaren aurrean pasiboki dagoen haurrak ez du hori garatzeko aukerarik izaten. Eta esan beharra dago, saiamena sendotu duen haurrak bere garapen psikoafektiboan oinarri bikain bat duela.

Garapen psikoafektibo erlazionala

Erlazio-Psikomotrizitatea, subjektuak dituen erlazioetan oinarritzen denez gero, bai bere buruarekin, bai besteekin (nagusi eta haurrekin), garapen horretan gertatzen diren jarrera garrantzitsu batzuk aipatu nahi nituzke:

- Agresibitatea bideratzea baieztapenaren bidez.

- Frustrazioa jasan, barneratu eta kasketaldiak menperatzea.

- Besteekiko erlazioan "nagusia" konpartitu eta besteen mugak bizitzea (onartu/ez onartu; ados egon/ados ez egon...)

- Eskatu, hartu, eman, ukatu eta abar egiteko gai izatea.

Haurrak askotan heldua (gurasoak/irakasleak) kontrolatzeko joera izaten du (begiradaz, hitzez, ekintzaz...) eta ez nuke ahaztu nahi haurraren beraren eta nagusiaren espazioak ongi bereizteak duen garrantzia. Banaketa hori argi eta garbi egina edukitzearen baitan dago, haurrak mutiko eta neskato bezala, barne-segurtasuna izatea eta nagusi-autoritatea barneratzea.

Bi hitzetan esateko, sozializazioa garatzea indibiduarengandik abiatuz.

Ondorio gisa


Lerro hauen ondoren, heziketako profesional bezala, gogoeta bat eragin nahi diot neure buruari. Gizarteak izan duen eboluzioa ikusirik, gaur eguneko haurrak baliabide material ugari ditu eta alderdi didaktiko-pedagogikotik ere ongi horniturik dago; baina haur horrek askotan egiten digun eskaria bere azalaz barru alderakoa izaten da. Sarritan haurrak SOS bat bidaltzen ari balira bezala sumatzen ditut. Ulerkuntza eta sostengu-beharra adierazten dute beren portaeraz, begiradaz, larruazalaz... Barrenean, gaurko haurraren beharrizan nagusiak, nahiz eta intelektualki ongi jantziak izan, psikoafektiboak dira.



B. Aucouturierren praktika psikomotriza

MARIJE URANGA

Txingu-Irun



Psikomotrizitateaz hitz egitea ez da erraza, zeren nahiz eta hitz berbera erabili, bakoitzak modu desberdin batean ulertzeko joera dugu. Adibide gisa Globalizazioa hitza aipatuko dut, ildo desberdinetako ikerlariek erabiltzen dute, baina interpretazioa aldatuz. Psikomotrizitateaz hitz egitea antzekoa da.



Psikomotrizitateaz jardutean guraso ugarik, eta guraso ez direnek, zera galdetzen dute: Zer balio dauka? Hori baita askotan axola zaiguna. Haurrak ikasteko, lana hobeto egiteko, arazorik ez sortzeko (ona izateko),... balio badu, psikomotrizitateak izango du erabilgarritasunik.

Niri B. Aucouturierren praktika psikomotrizari buruz hitz egiteko eskatu didatenez, horretara mugatuko naiz. Halere aipatu nahi dut ez diedala uko egiten nire lanbideko lehen urteetan hain baliagariak izan zitzaizkidan beste praktika batzuei, baina aukeraketa egiteko unean B. Acouturierren hezkuntza-lerroa hautatu nuen.

Prestakuntza zabala da, nahiko zaila sakondu nahi den heinean eta pertsona mailan konpromezu haundia eskatzen duena. Argi dago bizitzea, transmititzea, laguntzea merezi duela. Psikomotrizitatean dihardugunok hori guztia jakin badakigu, ziur ez daukadana benetan transmititzen ote dakigun da.

Jarduera psikomotriza bizi duen ikasle taldea eta aukera hori ez duena oso desberdinak dira. Desberdintasun hori ikusiko ez balitz, hezkuntza honek zentzurik ez luke izango.

Hau aurrera eramatea ez da hain erraza; hasiera batean hala badirudi ere, zaila da baldintza batzuk eskatzen baititu: irakaslearen prestakuntza, aurrera eramateko espazio egokia, denbora eta material berezia eta konplexua.

B. Aucouturierren praxi psikomotriza hezkuntza jardueraren eta terapiaren trilogia bat da.

1- Alde batetik haurrekin egiten den lan zuzena.

2- Bestetik, hezitzailearen prestakuntza eta inplikazioa.

3- Azkenik, egunero suertatzen diren elkarrekintzetako egoera erraz eta zailak ulertzeko eta garatu ahal izateko teoria desberdinen ikerketa.

B. Aucouturierren jarduera psikomotrizean hiru helburu argi daude:

A- Haurrari BERA IZATEN lagundu behar zaio, horrela SORTZEKO gai izan dadin. Horretara iristeko haurra entzuna, onartua, lagundua, bortxatu gabe eta helduaren nahietara makurtu gabe sentitu behar du bere burua.

B- Pertsonen arteko harremanak. Lehenengo helburuak zuzenki bigarren honetara eramaten gaitu.

C- Piagetek dioen pentsamendu eraginkorrerako gertutasun eta gaitasuna.

Hiru helburu hauek dira gure ikuspegitik globalizazioa osatzen dutenak. Honen guztiaren zailtasuna haur bakoitza ez-hitzezko eremu batetik ulertzean datza. Eskakizuna ezagutu eta erantzun egokia ematean.

Haur bakoitzak bere sakoneko historia pertsonalaren adierazpen motorea du, beste guztiengandik deberdina izango dena, aniztasuna. Hau dela eta ez-hitzezko adierazpen motorea ulertzen ikasi behar dugu; hau da, haurra nola mugitzen den, bere gorputza nola erabiltzen duen, begiratzeko era, barre egiteko erraztasun edo zailtasuna, negar egiteko edo bere desadostasuna adierazteko modua, erritmoa, zailtasun baten aurrean duen arnasketa, jolasean agertzen duen kilikadura, espazioak eta pertsonak inbaditzeko era, jokoan eta harremanetan dituen inhibizioak, bere erantzunak,... Agerpen hauei guztiei adierazpen motorea deitzen diogu.

Haur horiekin dagoen hezitzaileak ume bakoitzaren adierazpen motrizari zentzua eman eta garatzen jakin behar du, horretarako baliabide egokiak erabiliz.

Psikomotrizitateaz hitz egiten denean nahietaezkoa da zenbait kontzeptu teoriko erabiltzea, adibidez plazerraren dinamika, haurraren heldutasuna, azken hau ez bakarrik neurologia aldetik ulertua, baita motrizitate, afektibitate eta gaitasun kognitiboa kontuan hartuz ere.

Helburu hauek abian jartzeko gune berezi bat behar da: psikomotrizitateko gela, material egokia eta denbora.

Behin gela horren barnean, sarrera eta irteerako erritualak daude, baita saio guztian zehar mantenduko den araua ere: hemen ez da minik egiten. Heldutasunerako ibilbide bati ekiten zaio, saio bakoitzak hasiera, bilakaera eta bukaera bat duelarik.

Alor desberdinak lantzeko guneak daude:

1- Berraseguratze sakona.

2- Sensomotor plazerra.

3- Joko sinbolikoa.

4- Errepresentazioa.

Azken gune hau Distantziazio gune izenez ere ezagutzen da. Bertan lan pedagogikoagoa egiten da, materiala eta helduaren hizkera aldatzen direlarik.

Gune desberdinetako jolasak haurraren garapen sortzailea, afektiboa, soziala eta kognitiboa bultzatzeko balioko du. Baina, batez ere, haurraren deszentrazioa erraztuko du, pentsamendu operatorioa, irakurtze-idazte prozesura hobeto hornituta igarotzeko.

Psikomotrizitateaz dihardugunean garapen integralaz eta jarduera batez mintzo gara.

Pertsonalki praktika psikomotriza Haur Hezkuntzan kontuan hartu behar den ardatz nagusi eta oinarrizkotzat daukat.





PSIKOMOTRIZITATEA

/ /

/ /

HEZIKETA BERREZIKETA

DISPOSITIBOA

1- Sarrerako errituala: ARAUAK

2- Berraseguratze sakona

3- Sensomotor plazerra

4- Joko sinbolikoa

5- Distantzia: kognitiboa -----plastilina (hizkuntzaren

-----egurra aldaketa)

-----marrazkia

6-Azken errituala





Psikomotrizitatea-gorputz hezkuntza

ARRUZA, Joxean

EHUko Gorputz Hezkuntzako Irakaslea



Aitortu behar dut ez zaidala erosoa gertatzen psikomotrizitateaz orokorrean hitz egitea, ez hainbeste hitz horrek beregan daramatzan helburu eta edukiengatik, baizik eta bere jarduera eremuak sor dezaketen zalantzagatik gehien bat.







Hezkuntza esparrura zuzentzen bagara, momentu honetan dagokigunera hain zuzen, Hezkuntza Psikomotrizaz hitz egin dezakegu. Baita ere, hitz desberdinak erabiliz, Gorputz Hezkuntzaz, Oinarrizko Hezkuntza Fisikoaz, Heziketa Motrizaz... Zientzilari, espezialista eta hezitzaile ugari bat datoz heziketako jakintza arlo honi dagozkion helburu eta edukiak aipatzerakoan, baina ez bere oinarri teoriko eta prozedurei dagokienean.

Zer ulertzen dugu gaur egun Hezkuntza Psikomotriza eta Gorputz Hezkuntza aipatzen ditugunean? Guretzat izakiaren garapen eta gaitasun motrizaren aprendizaian laguntzen duen eta helburu hezigarriak dituen jarduera fisikoa burutzean datza Gorputz Hezkuntza. Helburu hezigarri horiek gabe jarduera hori ezingo da jakintza arlo honen barruan kokatu.

Alde batetik, beharrezkoa da izakiaren gaitasun motrizak ahal den maila gorenean garatzea, eta bestetik, garrantzitsua da gaitasun horien saiakera eskatzen duen edozein egoeratan trebeak eta gai izateko errekurtsoak eskuratzen lagunduko diguten oinarrizko jarduera motriza desberdinen ikasketa. Hau dela eta, Gorputz Hezkuntzaren eginkizuna, izakiak beren gaitasun motrizen garapen gorena lortzea eta edozein egoeratan horiek aurrera eraman eta jarduteko gai izatea litzateke. Gorputz Hezkuntzaren eremua mugatzerakoan oso garrantzitsua da xede hezigarri hau azpimarratzea.

Izakiarengan mugimendua baliogarritasuna edo trebetasuna baino zerbait gehiago da; hain zuzen ere, bere izatearen isla, munduan izan eta egotearen berezko era. Higidura edo mugimendurik gabe, izakiak ezingo luke bizirik iraun, bere izatea ezinezkoa suertatuz. Izakiak eta higidurak binomio banaezina osatzen dute, non baten agerpenak bestearen izatea posibilitatzen duen. Izakiaren mugimendua batasun funtzionalaren isla bezala har daiteke, osotasunaren erantzun eratu bezala. Gorputzean gertatzen den edozein aldaketak mugimendua suposatzen du, giharre-sistemaren tentsio aldaketatik hasi eta zelulen aldaketa kimiko txikienetaraino.

50eko hamarkadan Henry Walon psikologo frantsesak jadanik azpimarratu zuen motrizitateak izakian zuen garrantzia: "Mugimendua, gauza guztien gainetik, psikismoaren lehen tresna eta adierazpen bakarra da". Izakiaren konplexutasuna kontuan hartuz, bere izakiaren esanahia ere konplexutasun horrek baldintzatua egongo da eta une bakoitzean desberdina izango da norberaren izaera eta ingurunearekin duen harremanaren arabera. Ikerlari askok aipatu dute ikuspegi ontogenetikotik mugimenduak duen garrantzia, baita lehen aipaturiko Walon bezalako psikologo famatuek eta Piagetek ere, guztiek pentsamenduaren aitzinean kokatu dutelarik. Beste zientzilari batzuk ere, adibidez Sokolov eta Anokhinek, garrantzi hori azpimarratzen dute zera esatean: "Pentsamendu bihurkorraren jaiotzak, araketa eta ikusmenezko behaketaren bidez, eskuaren (alderdi motorra) eta burmuinaren (alderdi psikikoa) arteko erlazioa adierazten du". Hau dela eta nahitaezkoa da pertsonaren globalitatetik abiatzea, mugimenduaren bidez bere portaeran nortasunaren adierazpen sakonenak aurkituz. Bizitzako lehen urteetan motrizitatea da ezaguera, adierazpen eta komunikazioaren ardatza; ondorioz, lortu nahi diren helburuak alde batetara utziz, edozein egoeratatik haurrarengana iristea zilegi egiten digun tresna.

Duela hamarkada gutxi arte mugimenduan oinarritutako Gorputz Hezkuntza batean, jarduera motrizak berezko helburu bilakatzen ziren. Gaur egun desberdina da; unitate psiko-fisikotik abiatu eta mugimendua izakiaren osotasunaren adierazpen bezala ulertzen da; mugimendu horrek bere jarrera, egoteko eta jokatzeko era adierazten ditu. Hau dela eta, Gorputz Hezkuntzaren helburu espezifikoa jokaera motriza izango da, hots, portaeraren izaera motriza. Beharrezkoa da ohiko Gorputz Hezkuntzan eskatzen zen Ekintzaren motrizitatea eta Adierazpen eta komunikazio motrizitatea uztartzen dituen ildo berritzailea jarraitzea.

Hezkuntza fisikoko gelan burutzen diren jarduerekin izakiaren garapeneko hiru arlo nagusitan eragin nahi dugu: eremu motore, kognitibo eta afektibo-erlazionalean. Lortu nahi diren aurrerapenak hiru eremu hauetan eragina izango dute. Baina, nola planteatu behar dira jarduerak benetan lehen aipaturiko arloetan eragina eduki dezaten? Momentu honetan agertzen dira motrizitatearen lorpenean eta garapenean erabiltzen diren eskuharmen hezigarri desberdinetatik abiatuz, proposamen baterakoi bat egiteko zailtasunak. Eskuhartzeko era ugari sostengatzen dituzten oinarri teoriko desberdinek xede bateragarria eduki beharko lukete, honela gorputz-garapen arloari dagozkion ezagutzak erraztu, aberastu eta indartzeko. Haur Hezkuntzan Heziketa Psikomotriza Gorputz Hezkuntzatik at balego bezala hitz egiten da; Lehen Hezkuntzan, berriz, alderantziz: Gorputz Hezkuntza da Heziketa Psikomotrizetik at ulertzen den arloa; eta honek guztiak suposatzen duen nahaste eta irizpide ezak, batetik laguntza eskaini nahi zaien ikasleei, eta bestetik, irakasleei kalte egiten die.

Haur Hezkuntzako Oinarrizko Curriculum Diseinuan agertzen den esaldi batek prozesu hezigarri guztian zehar irakasleen eskuhartzea bultzatu behar duten helburuak agertzen ditu: "Aprendizaia eta lorpen hauen guztien garrantzia ez datza bakarrik norberaren eta inguruaren dominioan eta trebetasun eta ezagueren lorpenean, haurrarengan gaitasun pertsonalaren sentimendua, hots, norberaren irudi positiboa osatzean ere bai noski. Jarduera desberdinak planteatzeko unean lehentasuna bere gaitasunen eraginkortasunean duen sinismenari, hauek egoki erabiltzeko konfiantzari eta beraien balioari eman behar zaie.

Lehen Hezkuntzako Gorputz Hezkuntza arloak gorputz-garapenean garrantzitsuenak diren alderdiak biltzen dituen eduki multzoak kontuan hartzen ditu. Bai Irudi eta pertzepzioaren multzoan agertzen diren gorputz eskemaren elementuak eta eraketa; bai trebetasunaren multzoan aipatzen diren gaitasun motore eta trebetasun oinarrizkoen garapena; baita ere Adierazpen eta komunikazioaren multzoan kokaturiko mugimendu adierazkorren sorkuntza, imitazioa eta simulazioa; eta bukatzeko baaita Osasuna eta jolasak multzoa ere. Hauek guztiak arlo honetatik tratamendu egoki, oso, integral eta aberasgarria ahalbidetzen dute. Une hau Haur Hezkuntzan egindako lanaren jarraipena da eta Bigarren Hezkuntzan landuko denaren oinarria.

Benetan kezkatzen nauena Gorputz Hezkuntza edo Hezkuntza Psikomotrizari eskaintzen zaion denbora urriak motrizitatearen garapenean izan dezakeen eragina da. Askotan ikusi ohi dut Gorputz Hezkuntzako saio batek dituen 45 minuetatik, ikasle bakoitzak benetan bakarkako jarduera fisikorako 15 minutu baino gutxiago erabiltzen dituela; astean 30 minutu; hilean bi ordu; hau dela eta beharrezkoa da guraso eta ikastetxeetako arduradunei denbora horrekin ezer gutxi egin daitekeela ikusaraztea.

Behar-beharrezkoa da eskola eremuan Gorputz Hezkuntzaren trataera berplanteatzea, gaur egun eskolaz kanpo burutzen diren ekintzak (Kirol Hastapena, Gorputz adierazpena, Dantza e.a.) ordutegi barnean kokatuz, honek astean jarduera fisikoari bi ordu eranstea suposatuko lukeelarik. Honez gain, Gorputz Hezkuntzak familiaren barnean jasotzen duen trataera kontuan hartu behar da, non egunero denbora gutxi eskainiz (15-20 minutu) hobekuntza handiak lor daitezkeen. Norberaren gorputzaren maneiuarekin loturiko jarduera fisikoak errazten dituzten tresnen erabilpenarekin (sofak, besaulkien bizkarraldeak edo kojinak), oinarrizko gaitasunak lor daiteke : itzulipurdiak, alderantzizko oreka, zubia... Azkenik aisialdiko eremuan jarduera motrizei eskaintzen diegun denborak (bizikletan, jolasean...) gaitasun motrizen garapen gorena osatzen eta lortzen lagunduko du. Helburu hezigarriak dituzten jarduera hauek ere Gorputz Hezkuntzako Curriculumean kokatzen dira.



Historia laburra

HERRAN, Elena

Txurdinagako PAT, BILBO



Hezkuntza eta terapia munduan, nahiz heldu berriak nahiz adituak, psikomotrizitateaz aritzen garenean sarritan gauza asko eta ezberdinez aritzen gara. Batzuetan beste praktika eraren bati buruz aritzen gara: logopedia, dinamika, jolas erakusketa, dantza...



Bestetan umeen garapenaren beste arloren bat izaten da soilik aztertzen dena: motrizitate "fina", indarra, abiadura...

Nahasketa horretarako arrazoi asko badaude ere, alde batera utziko ditugu eta psikomotrizitatearen historia labur eta adierazkor baterantz abiatuko gara.

XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieran gorputza azaltzen zen beste guztiaren gain-gainetik zientzia arloan. Alde batetik egitura anatomiko-fisiologikoa kontsideratzen zen, eta bestetik pentsamendua gorputzari gaineratu, beste batzuetan ondoratu eta inoiz bateratzen zitzaion izpirituaren propietate bat balitz bezala ulertuz. Modu berean, goputzaren funtzionamenduari buruzko ikerketak sakontzen doaz, eta nahiz nerbio-fisiologi, nahiz neurologi arloan aurrerapenen emaitza berriak direla eta ohizko kontzepzioetatik aldendu beharra dago.

Honetan guztian, bereziki hiru arlok zerikusi nabarmena eduki izan zuten. Patalogia kortikalak erabiltzen zuen eskema anatomiko-klinikoak ez du aurrerantzean, kalte eta sintomaren arteko erantzunkidetasun zehatzak, hainbat gertakizun azaltzen: disfuntzionamendu nabarmenak kalterik gabe, paralisi gabeko keinu jarduera arazoa izatea... Neurofisiologiatik izan zen bigarren hurbilketa, nerbio sistemaren ekintza integratzailea aipatzen hasi zenean, inguruarekin gizakien jokabidearen erregulazioan nerbio-sistemaren paperaren garrantzia ikusiz. Haur neuropsikiatriatik datorkigu hirugarren emaitza, Dupré-k adimen motela sindromea deskribatzen duenean. Sindromea ez dator sistema piramidalaren garun lesio batez eraginda, gutxiegitasun batez baizik. Honek sistema baten garapen-gelditzea edo heldugabekeria dela eta, nahaste motoreak azaltzeko aukera eskaintzen du lehenengoz.

Antzinako ereduak, gorputz automatak , ez du gehiago balio; nerbio sistemaren jabetasun hartzaile, integratzaile eta ordenatzaileari esker, oraingo gorputzaren kontzepzioa argiagoa da.

1925ean Heuyerek psikomotrizitatea eta afektibitatea, inteligentzia eta motrizitatearen elkartze hestua behin baino gehiagotan aipatuko du. Bere lanaren muina funtzio eta izaera psikomotorearen nahasketan datza. Honekin batera ezaugarri pare bat ere aipatu beharra dago: garapenaren psikologia, Walon eta Piageten oinarrizko ekarpenak erdi-erdian kokatzen direlarik, eta perspektiba psikoanalitikoa, gero eta funtsezkoagoa dena, zeren eta, higidurak izate objetiboaz gain fantasmatikoa ere bai baitu.

XX. mendearen erditik aurrera, Ajuriagerra eta Diatkin-ek bultzada garrantzitsua ematen diote psikomotrizitatearen garapenari adimen motel sindromea abiapuntutzat hartuta, beste nahasketa, eta haien tratamendu psikomotorearen aukera argia adierazi dutelarik. Horiek eta beren ikasle G. Soubiran, M. Cahen, E. Trillat, N. Galifret-Grajon, M. Stambak, J. Garcia-Badaraco eta H. Gobineauk Frantziako lehenengo Berreziera Psikomotrizaren agiria sinatzen dute. Agiri honek azterketa psikomotoreari, bai oinarri teorikoan eta baita hainbat nahasketa motrizerako tratamenduan ere eredu eta teknikak sortarazi zituen.

Aurreko guztiaren ondorioz 1963an Parisen, psikomotrizitate inguruko ikasketaren sistematizazioa lortzeko asmoz, psikomotrizitaterean berreziera agiria sortzen da. Sistematizatuta egonda ere, gero eta aipagarriagoak dira hiru ikuspegi ezberdinen arteko aldea. Eklektikoak -L. Michaux, D.J. Douché eta S. Masson...- ados badaude ere lehen aipatutak paralelismo psikomotorearekin , metodologikoki, gorputz hezkuntza eredu klasikoak, psikiatira eta psikologoen erdu berriak e.a. nahastuta erabiltzen dituzte. Hau da, haien ezaugarri funtsezkoena hezkuntz lanerako erabiltzen duten ereduen barietatea litzateke. Terapia psikomotrizaren espezifikoak umeare azterketa psikomotor ; gorputz eskemaren erakuntza, oreka, koordinazio dinamikoa, erlaxazioa, espazio-denbora egitura eta tratamendurako zientzi bide egokiak erabiltzeagatik ezagunak dira. Korronte honetako ospetsuenetarikoa den Ajuriagerra psikomotrizitatearen sortzaile bezala jotzen da, aportazio ugari eta funtsezkoak egin izan baititu. Heziketa eta berreziketa psikomotorearen mungimenduan bi talde batzen dira: gorputz heziketako irakasle taldea (Winhebert, Haure, Le Boulch...) eta heziketa eta berreziketa psikomotrizaren taldea (Lapierre, Aucouturier, Vayer...). Ez batzuk ez besteak, ez dute mantenimenduko gimnasian ezta lehiaketako kirolean sinisten; horien ustez higidura ez da helburua, bidea baizik. Lehendabizikoek une batean psikomotrizitatea eta heziketa fisikoa parekatzen dituzte, heziketa higiduran oinarritzen baitute. Hau dela eta batzuk besteengandik aldentzen joango dira. Bigarrenek, aldiz, neurofisiologian eta garapenaren psikologian oinarritzen dute euren praktika.

Azken urteotan balantze psikomotora, eta ondorioz, teknika batzuetan mugatzearen beldurrez, ahozkoa ez den komunikazioa, Psikoanalisia eta Etologiara hurbildu izan da psikomotrizitatea, Psikomotrizitate harremana sortuz. Pertsonaren adierazpen librean oinarritzen den psikomotrizitateaz ari gara. Aurrekoak dakarren zabalkuntza dela eta erreferentzia teorikoari buruz berplanteaketarako une garrantzitsu batean gaudela esan genezake.

"Psikomotrizitatea ez da higidura mekanikoa, bai ordea pertsonen artean pertsona bihurtu ahal izateko maitasuna eta ukatzea; nitasuna eta bestea ulertzeko, denboran zehar bizirik eta era aldakorrean kokatzeko espazio batean desplazatu eta objetuak manipulatzeko higidura; hizkuntzak eta pentsamenduak garrantzia hartzen dutenean, higiduraren gainean eraikiak izan direla ahaztu gabe, bigarren plano batean geratuko da komunikazio-higidura eta horrela erlazio konkretuak eta abstraktuak ezberdinduko dira."