AURREKOETXEA, Manu:

1996-03-01
 
 
Hona ekarri gaituen gaia, aurkeztu berria den Pedagogi Plan Nazionala eta ekainean egingo den III. Batzarra dira. Zein da Pedagogi Plan Nazional horren asmoa?

Azken batean egin nahi duguna zera da: beste lau urterako (1996-2000) ikastolek amankomunean jorratu beharko dituzten norabideak edo lerro nagusiak markatu, azpimarratu eta erabaki. Zabaldu dugun prozesua ez da orain hasi, 92ko II. Batzarretik datorren plan bat da. Plana Euskal Herriko federazio guztietako partaideekin osatutako talde tekniko batek azken urte honetan zehaztu du eta borradore idatzi batean konkretatu.

Orain, borradorearen aurkezpena egin dugu eta horren inguruan eztabaida eta emendakinen prozesua ireki da. Ekainean azken erabakiak hartuko dira eta horiek izango dira hurrengo lau urterako ikastolek amankomunean esku artean edukiko lituzketen norabide eta lerro nagusiak.



Zein dira lerro nagusi horiek?

Plan horretan multzo bi nagusi ditugu:

1.- Lehendik onartutako lanak (ikastolaren izaera, helburua, antolaketa edo baliabideei buruzkoak) III. Batzarrak berretsi egin beharko ditu, eta gero bi lan konkretu agertzen dira ondorengo lau urterako: alde batetik ikastoletarako egokitzapena, eta beste alde batetik egiaztatze lana.

2.- Oraindik guztiz sistematizatu gabe dauzkagun curriculum eta ebaluazioari buruzko lanak. III. Batzarrak lan-proposamenen onespena egingo du eta ondorengo lau urteetan honako hau egingo da: alde batetik onartutakoa martxan jarri eta bestetik lanaren garapen teorikoa idatzi IV. Batzarrean aurkezteko eta, hala badagokio, onartzeko.



Orduan puntu nagusienak azken bi horiek izango lirateke?

Bai, azken batean esku artean daukaguna Ikastolen Hezkuntza Proiektua lantzea eta sendotzea da. Ikastolen Hezkuntza Proiektua hor eskeman agertzen diren sei atalez osatuta dago eta horiek sakontzea da ikastolek orokorki esku artean daukaten Plan Pedagogikoa.



Gaur egun eduki ezberdineko testu liburuak ateratzen ari dira. Nola uztartzen duzue zuen proiektua dauden testu liburuekin, edota horrek ez du zerikusirik gai honekin?

Argi dago Ikastolen Hezkuntza Proiektuak baduela abantaila bat, testugintzari dagokionez. Hain zuzen, ELKAR-GIEk jorratzen duen testu edo materialgintzak erantzuten dio Ikastolen Hezkuntza Proiektuari. Izan ere, hemen egina eta Euskal Herriko errealitateari begira garatua baita materialgintza hori.



Zilegi al da gaur egun Madriletik eta Parisetik eskatzen diren Curriculumak hemen txertatzea? Baliagarriak al dira hemengo Hezkuntza Proiekturako edo Curriculumerako? Ba al dago tarterik edo lehen bezala muga gainditzen ibili behar dugu?

Espazioa teorian eta neurri batean badago, zirrikitu bat badagoela esango genuke. Guk garatzen duguna eta garatu nahi duguna marko baten barruan sartzen dugu. LOGSEn eta beste legeetan ezartzen dira helburuak eta baita horiek lortzeko gutxieneko denborak ere.. Hori gainditu beharreko muga bat da eta material egokiak erabiliz eta asteko eskola orduak ongi antolatuz gainditu daitekela pentsatzen dugu.



Azken bolada honetan asko hitz egiten ari zarete Curriculum Propioaz. Orain arte ikastoletan egin den euskara eta euskal kulturaren lana ez al da curriculum propioa izan?

Bai, noski baietz, dudarik ez dago orain arte egin den lana ere hortxe dagoela. Guk hemen Curriculum propioaren inguruan lan proposamen bat egin dugula aipatzen dugunean, honekin esan nahi dugu lan sistematiko bat egin nahi dugula; beraz, sistematizazio horren bila jo nahi dugu eta ez hainbeste toki bakoitzean egon daitezkeen ekarpenak nahikotzat hartzera.

Esate baterako, Euskal Herriko historian zehar bereziki zein puntu lantzea izan daitekeen interesgarria ikusi behar da; adibidez, gure dantzak, abestiak, ohiturak eta beste mila euskal ezaugarrietan zeintzuk diren gutxienekoak eta zeintzuk landu behar diren aspektuak. Beraz, zentzu horretan esango genuke sistematizazioaren bila goazela, Euskal Curriculum Propio hori garatzeko plana aipatzen dugunean.



Historikoki euskara beraren irakaskuntza izan da ikastolek egin duten ekarpen nagusiena. Orain ikastolek beste eskolei zerbait berria aporta diezaieketela pentsatzen duzue?

Nik uste dut baietz. Zeharo konbentzituta nago garai batean ikastolek egin zuten euskararen ekarpena funtsezkoa izan zela, gero beste sareetan ere bide hori jarraitzeko. Nik esango nuke garrantzitsua izan zela jendearengan kontzientzia sortu zuelako eta baita tabu batzuk apurtu egin zituelako ere, euskara beraren tabua alegia. Ikasteko eta era kolokialean erabiltzeko inor gai izango ote zen galdetzen zen hasiera batean, ondoren ea fisika irakasteko balio izango zukeen e.a.



Tabua apurtu zen...

Bai, baina badago konbentzituta gauden beste lan garrantzitsu bat ikastoletan: D ereduan irakasteaz gain, badago, benetan euskaldun izan nahi badugu, beste zerbait. Alde batetik euskaraz bizi egin behar dugu eta hizkuntzarekin batera dauden beste hainbat aspektutan ere, kultura orokorrean hartuta, ere bizi egin behar dugula. Adibidez, Gabonetako ospakizunak era batera ala bestera ospatzea edo ihauteriak, San Joanak e.a. oinarrizkoa da. Irakaskuntza euskal ikuspegi batetik indartzea, sentsibilizatzea, erakustea eta bizitzea euskaldun izaten laguntzea da.

Gure ikasle askok ingelesa ikasten dute, gero eta gehiago, eta horrek ez du esan nahi ingelesak direnik, euskaldunak dira; beraz zentzu honetan esango nuke, euskara funtsezkoa dela. Edozein herritan bere hizkuntza ezagutzea eta bere hizkuntzan edukiak jasotzea garrantzitsua da, baina hizkuntza bizitzeko era bat bezala ulertzea garrantzitsuagoa da. Hau da, ikasle euskaldunak nahi ditugu, baina euskaldun bezala biziko direnak.



EUSKARAZ BIZI ekintzak zabaldu egin du zenbait ikastoletan euskaraz bizitzeko halako ahalegin bat. Hau aurrerapauso bat bezala har al daiteke?

Bai, aurrerapauso koalitatibo garrantzitsu bat da. Lehenengoa, historikoki, gela barruan euskara erabiltzea izan da. Bigarrena, gela gainditzea eta hirugarrena kalea irabaztea litzateke. Azken bi hauetarako, bereziki, txertatu nahi dugu "Euskaraz Bizi" ekintza: kirola euskaraz egiteko kanpainak, euskal olinpiadak, umeak gelaz kanpo jolasteko jolas parkeak e.a., eta horrez gain ikastolako jolastokietan eta egiten den plan zehatza. Beraz, esango genuke salto koalitatibo garrantzitsua ematen ari dela, baina oraindik beste salto bat falta zaigu, kalea irabaztea. Kalean, eta adibidez, ikasleak adoleszentzira iristean, elkar komunikatzeko, ligatzeko edo euren harremanetarako euskara era naturalean erabiltzea lortu beharko litzateke.

Jadanik emaitza onak lortzen ari dira. SIADECO eta EKBk jasotako kale erabilpenaren emaitzetan Tolosa eta Lizarra gora doazen herriak dira. "Euskaraz Bizi" proiektuan bi herri hauetako ikastolak dira aintzindari, Iruñeko Paz de Zigandarekin batera. Tartean faktore asko egoten dela jakinda ere, ikastola hauen lanak eragile zuzenak direla iruditzen zaigu.



Plan Pedagogiko Nazional bezala aurkeztu duzuen zirriborroan, helburuetako bat Eskola Nazionala lortzea da. Hori epeetan zehaztu daiteke, ala asmo bat, ideia bat da?

Guk dudarik gabe ikuspuntu Nazionala eduki behar duela ulertzen dugu, gure erakundea nazionala baita. Iparralde eta Hegoaldeko herrialde guztietako ikastolak daude, herrialde guztietako pertsonak eta pentsaerak agertzen dira, ideologi guztien gainetik. Zentzu honetan gure eskola nazionala da, ikuspegi geografiko batetik egina jadanik; baina nik uste dut Eskola Nazional batek Herri bati eta Herri horren beharrizanei erantzun behar diela. Eta zentzu honetan guk ekarpen bat egiten dugu. Ikuspegi geografikoaz gain eremu horietako pertsonen partehartzea dago; ildo horretan bidea, prozesua, garbi zehaztuta daukagu.

Noiz amaituko den? Epe laburrean amaitzea espero dugu, baina noski, dena ez dago gure esku. Horretan errealistak izan behar dugu.



Zuen aurkezpenean beste puntu aipagarria "kalitatearena" izan da. Kalitateari zentzu ezberdinak eman ohi zaizkio: lehiakidetasuna, norberaren hobekuntza, e.a. Zuek nola ulertzen duzue?

Ikastolaren dema irakaskuntza modernoa lortzea da, Europan txertatua, Europatik zehar lasai ibiltzeko modukoa, eta noski euskalduna.

Guk kalitateaz hitz egiten dugunean ez dugu topikoetan erori nahi, guk esan eta lortu gura duguna zera da: alde batetik, ikuspegi psikologiko-ebolutibotik begiratuta, ikasleak berak, heldutasuna lortzea era naturalean (naturala garapen normal bezala ulertuta, gazte batek edo ume batek gazte bihurtzerakoan eduki behar duena); beste alde batetik, edukiei begiratuta, ez da ahaztu behar hizkuntzen garrantzia, apostu sendoa egiten dugu atzerriko hizkuntzen inguruan. Uste dugu gure gazteek beraien lan-merkatu, harreman-maila e.a.etan, atzerriko hizkuntzen beharra dutela; beraz, apostua egiten dugula diogunean proiektuak baditugula esan nahi dugu: eleaniztasun proiektua, udako ingelesa e.a.

Baditugu beste adierazle batzuk ere: selektibitatea, ikastoletan banatzen diren datu estatistikoak, beste zentruekiko erreferentziak e.a.

Datozen lau urte hauetan, ebaluazioa bera landu nahi dugu. Ikastola osoaren ebaluazio bezala ulertuta eta zein oinarri eduki beharko genituzkeen ikastola bera ebaluatzeko azpimarratuz. Azken batean hobekuntza baterako ebaluazioa beharrezkoa da eta guk era horretan ulertzen dugu, hobekuntza bideak markatuko dituen lan edo bidean egin behar ditugun azterketa, ikerketa edo dena delakoak.

Zentzu horretan, kalitatea guretzat ez da hitz polit bat bakarrik, plan zehatz bat baizik.



Zuen Plan Nazionalean zenbait ikastola, nahiz publiko, nahiz pribatu sartuta daude. Beste eskola publiko nahiz pribatu batzuk proiektuan sartu nahiko balute, sar al daitezke?

Gurea proiektua irekia da. Azken batean guk ez genuke mundu itxi batean egotea nahi eta ez dut uste ikastolen historia, hasieratik, hori izan denik. Noski beste zentruei ere irekita gaudela, gure planean sartuta egon nahi badute. Gaur egun ere, gure beste zenbait proiektuetan hainbat eskola agertzen dira, noski, baldintza batzuk beteta. Baldintza horiek, besteak beste, plana osotasunean bere gain hartzea eta Euskal Eskola egiteko ditugun helburuak elkarrekin konpartitzea dira. Oinarrizko baldintzak horiek lirateke.