Lanbide Heziketa berria: Javier Mardonesekin solasean

1996-05-01
IKASLANen izenean, Martuteneko LHko zuzendaria den Kike Intxaustik HIK HASI aldizkariarentzat egin du solasaldia. Zenbait datu Jorge Arevalo jaunari egindako elkarrizketan agertzen badira ere , adierazitakoak duten garrantziagatik, osorik argitaratzea iruditu zaigu egokiena.
 
 
Ez da erraza HSOL/LOGSEek Lanbide Heziketan ezarri nahi dituen aldaketen ikuspegia ematea; izan ere, oso urruneko gaia baita gehienentzat.

Egungo Lanbide Heziketak bi funtzio ditu; bata, lanbide batean hezitzea eta bestea, heziketa orokorra zuzentzea.

Lanbiderako heziketa emateari dagokionez bere prestigioa baldin badu ere -sortzen diren profesionalen maila ona dela ezin ukatu-; heziketa orokorrari dagokionez prestigio gutxiko ikasketak dira; guraso eta gizartearen aurrean ez dute balio handirik BBB-UBIren aurrean.

Bidea nahikoa luzea da (3 urte II. mailako LH egiteko); Lanbide Heziketa kasik industriako ogibideekin soilik identifikatzen da. Azkenik, ikasketa hauen erregulazioa erabat obsoletoa da.

Hala ere, gure Erkidegoko lanbide heziketa sistema nahikoa aurreratua dago, bere kalitate maila Europako lurralde aurreratuenekin aldera daiteke eta estatu mailan aitzindari da; ez da ahaztu behar, ordea, hori zentruek irakatsi duten egokitzapen ahalmenari esker lortu dela, teknologi berriak beregain hartzeko orduan eta erronka zein fokapen berriei aurre egiterakoan ez baitira atzera gelditu.

Euskal Herrian Lanbide Heziketaz hitz egitea, funtzionatzen duen zerbaitetaz aritzea da, baina, aldi berean, askoz hobeto egon beharko lukeena da. Erreformak, zalantza izpirik gabe, LH sistema ere hobetzera joko du; noraino geroak esango du; neurri handi batean geure esku dago.

Javier Mardones ahaleginaren erdi-erdian dago; bere eginkizuna LH-ko curriculum berrien diseinua gure Erkidegoan koordinatzea da; urte batzuk daramatza jadanik lan honetan; zentru publikoetako ehunetik gora irakasle ibili da, jo eta ke, lan horretan; lan izugarria egiten ari da eta ongi estimatua izango dela deritzot, Lanbide Heziketako Euskal Kontseilutik hasita; izan ere, erakunde horrek du lan guztia bideratzeko azken hitza.



Jendeak badaki Hezkuntza Sistema aldatzera doala, baina agian ez daki HSAOL (LOGSE) hori Lanbide Heziketara ere iritsiko dela, sakoneko erreforma datorrela. Galderak gai hauen ingurura mugatuko lirateke: Nola gelditzen da LH-ko Hezkuntza Sistema? Zer aldatuko da? Nola egin da aldaketa hori eta zeintzuk dira gauza azpimarragarrienak LH berrian? Has gaitezen sistema nola gelditzen den aztertuz...

LOGSEk LHren berezko azpisistema bat aurrikusten du; l6 urte bitartean enbor komun bat dago, denontzat berdina; gero batxilergoa dator, bi urtekoa; hortaz, etapa baten eta bestearen ondoren azaltzen da LHren azpisistema hori, prestakuntza zikloetan antolatua, Maila Ertainekoa eta Goi Mailakoa, Europar Batasuneko 2. eta 3. kualifikazio mailekin egokitzen direlarik.



Sistema berri honek abiapuntua enpresan, bertako beharretan duela esan izan da. Nola prestatu da Lanbide Heziketako tituluen katalogo berria?

Klabe batetik abiatu zen: sistema berriak ez zuen bakarrik heziketa bermatu behar: gainera ziurtatu egin behar zuen ikasleek ahalmen profesionala ere lortu egin behar zutela; enpresetako adituak dira egokienak zer figura profesional behar dituzten eta zein konpetentziaz jabetu diren esateko bere lana ongi egin dezaten; beraz, metodologi egoki bat bilatu zen, sektore ekonomiko guztietan aplikagarria.

Abiapuntua, INEMek egindako ikerketa sektorialak izan ziren; bertan sektorearen barne egitura, antolakuntza funtzionala eta prozesu estandarrak, okupazio berriak, aurrerapen teknologikoak, sektoreko aldaketak eta beste hainbat faktore jasotzen ziren.

Adituek, guztia aztertuz, sektoreak behar zituen figura profesionalak finkatzen zituzten; halaber, figura horien konpetentzi profesionalak zehaztu behar zituzten eta zegozkien kualifikazio mailak definitzen zituzten.



2. eta 3. kualifikazio mailak aipatu dituzu; nork erabakitzen du eta nola figura profesional batek 2. mailako ala 3. mailako kualifikazioa izan behar duen?

Hori enpresetako adituek erabakitzen zuten. Esan genezake 2. mailak tekniko baten kualifikazioa adierazten duela, zeinek, funtsean bederen, aurrikusitako eta egituratutako prozedurapean lan egiten duen; 3. maila, berriz, goi mailako tekniko bati dagokio, prozesuan ardura gehiago duenari, ekarpen pertsonal handiagoa ematen duena eta baita nolabaiteko koordinazio edo zuzentzeko ardura ere.

Lanaren izaera eta pertsonaren ekarpenari buruzko dozena bat galderari erantzunez, adituek figura horri prozesuak eskatzen zion ekarpena nolakoa zen aztertzen zuten; txikia izanez gero, figura profesional hori 2. mailakoa zen; aitzitik, ekarpen pertsonala garrantzizkoa izanez gero, informazioa bideratu behar zuelako, prozesuan ardura zuelako, taldeak zuzendu behar zituelako edo gertakizunen aurrean erantzukizuna zuelako, 3. mailakoa izan behar zuen. Gakoa pertsonak lanean eman behar duen ekarpen pertsonalean datza.



Orduan, figura profesional bakoitzari titulu profesional bat al dagokio?

Horixe da. Gainera, erlazio bat dago figura horren konpetentzi profesionala eta eskolan irakatsi behar duenaren artean. Figura bakoitzaren perfil profesionala konpetentzi unitateen multzo bat bezala hartzen da. Konpetentzi unitate bakoitzari heziketa modulu bat dagokio.



Eta zer da konpetentzi unitate bat orduan? Hitz berria da...

Profesionalak egin behar duen lanaren analisitik sortzen da; zer lan egin behar duen ikusi behar da eta zein irizpiderekin; ondoren, lan roletan elkartu egiten dira eginkizun horiek; konpetentzi unitatea rol bat konfiguratzen duen lan edo eginkizun bloke bat da. Konpetentzi edo rol horiek definituz gero hezkuntza adituei erraza egiten zaie bakoitzarentzat bere hezkuntza modulua sortzea.



Adibide bat jar ezazu, mesedez

Begira, har dezagun "Marketing eta Merkatalgo" familia profesionala. Besteen artean, "Garraioaren kudeaketen Goi Mailako Teknikaria" izeneko figura profesionala aurkitzen dugu, 3. mailakoa. Figura honek, besteak beste, honako rol edo konpetentzi unitateak ditu: "garraioren kudeaketa administratiboaren ardura izatea", "lur garraio zerbitzua antolatzea" edo produktuak biltegiratzea". Hortaz, unitate horietako bakoitzari heziketa modulu bat dagokio -edo ikasgai bat nahi baduzu- hala nola "Garraioaren kudeaketa administratiboa", "Lur garraioko zerbitzuaren antolakuntza" edo "Produktuen biltegiratzea".

Aipatzen ari garen figura honen kasuan "Atzerritar hizkuntza" ere irakasten da. Zergatik? Hizkuntz horretan aritzea beharrezko rol edo konpetentzia delako ogibide horretan; horrek ez du konpetentzia hori beste figura profesionaletan beharrezkoa denik esan nahi.

Irakasteaz gain konpetentzia lortzen dela bermatu beharra dago; turismo gidari batek historia jakin behar du, baina bere jarduera profesionalean erabiltzeko moduan irakatsi behar diogu hori; ez da ezagupen bat bestearen atzetik metatzea, baizik eta gure inguruan pentsatu eta turismo gidari batek zer historia ezagutu eta transmititu behar duen irakastea, bere lanbidean gaitua izan dadin.

Orokorrean 24 familia, eta gutxi gora behera 160 titulu izango ditugu.



LHko sistema zaharrak bi osagai zituen; alde batetik, heziketa osagaia eta, bestetik, osagai profesionala. Sistema berria azken honetara mugatzen da.

Hala da. Garbi geratzen da heziketa osagai hori hezkuntza enbor komunera doala eta oso garbi gelditzen da Lanbide Heziketa hori bakarrik dela figura bakoitzaren konpetentzi profesionala lortzeko heziketa.



Horixe da IKASLANetik baloratu dugun gauzarik egokienetakoa. Heziketa orokorra enbor bakar batean dago, guztioi zuzendua. Tren edo igogailu batean joango bazina bezala: l. solairuan jaisten bazara, 16 urterekin, lanerako prestatzen zaituen eskaintza zabal bat duzu zeurea aukeratzeko, maila ertainekoak: hurrengo solairuan irtenez gero, 18 urterekin, goi mailako ogibideetara jo ahal izango duzu.

Bai, garrantzitsua da hori; ikasle batek behar dituen oinarrizko ezagupenak enbor komunean jasotzen ditu; 2. mailakoak egiteko DBHk ematen duenarekin nahikoa dela aurrikusten da; baina 3. mailakoak egiteko beharrezkotzat jotzen dira batxilergoak ematen dituenak; sistema berriak oinarri gehiago eskatzen du, heziketa gehiagorekin sartzen zara Lanbide Heziketan.



Aizu, enpresetan gero eta gehiago baloratzen dituzte balioaniztasuna, egokitzeko eta talde lanerako ahalmena, ezustekoen aurrean ongi erantzuteko gaitasuna, ekimena, sormena, baikortasuna eta halakoak. Hori ez da ogibidea ikasiz soilik lortzen, besterik gabe; heziketa orokorrak ematen dizu hori; ez da '"egiten" jakitea, baizik eta "egoten" jakitea. Esan genezake, beraz, heziketa orokorra balore profesionala dela. Ba al dute inongo zentzurik betiko aurkakotasun horiek, alegia BBB versus LH eta halakoek?

LHko sistema berriak gauzak bere lekuan jartzen dituela uste dut. Lanbide Heziketak ahalmenak eskatzen ditu, eskukoak zein burukoak; profesionaltasunak ahalmen handiagoak eskatzen ditu gaur egun; ez dago kontraesanik hezkuntza orokorra, hizkuntzetakoa, gizabideko eta lanbidekoaren artean.

Badaude ahalmen batzuk gure oinarrizko jarrerak egokiak diren ala ez erakusten dutenak; guk ahalmen"kualifikatzaileak" deitzen diegu horiei. Jarrerazkoak, etikoak, jokabidezkoak direla esan genezake, baina benetan funtsezkoak dira ogibide batean aritzeko, gaur egun ulertzen den moduan behintzat.

Profesionaltasunak heldutasuna eskatzen du; ez da hau edo bestea jakitea, "heldutasuna" da, jokabidea...



Ez da ahaztu behar ogibide gehienen eduki zientifikoa gero eta handiagoa dela, konplexuagoa, eta baita kudeaketa bera ere; horrek guztiak oinarrizko heziketa indartzera al garamatza?

Zalantzarik gabe. Horregatik, "Oinarrizko Lanbide Heziketa" deitzen duguna, enbor komunean irakastera pasatzen gara, guztiei zuzendua. Prestakuntza hori LHko zikloetara igarotzeko halabeharrezkoa den oinarri zientifiko-teknikoa litzateke.

Honek batxilergoaren funtzioa erabat aldatu egin du, ez da unibertsitaterako bidea bakarrik, lanbide heziketarakoa ere bada; LHko titulu horietara joateko derrigorrezkoa izango da hainbat ikasgai batxilergoan aukeratzea, normalean bi; titulu bakoitzak zehazten du zein batxilergo eta zein ikasgai egin behar diren; halaber unibertsitatera joan nahi duenak halako ikasgai jakin batzuk hartu beharko ditu.



Beraz, ikasleak bere ibilbidea definitu egingo du, ikasgaiak aukeratuz.

Hori da; eta aukera bikoitza ere egin lezake nahi badu, unibertsitatekoa eta LHkoa; ikasle onenek horixe egingo dutela iruditzen zait.



Zein beste bereiztasun edo ezaugarri izango ditu LHko sistema berriak?

Badago hainbat gauza. Ziklo guztiek "Lantokietako Heziketa" deitzen den modulua izango dute; gaur egun LHko ikaslegoaren gehiengo handi batek egiten ditu enpresa praktikak; orain derrigorrezkoak izango dira eta ebaluatzeko ere balioko dute; izan ere, ogibidean jarduten duzunean ikus daiteke konpetentzi profesional horiek badituzun ala ez. Enpresan kokatu behar da ikaslea bere konpetentzia erakutsi eta bere heziketa osa dezan: ikaslea 3 bat hilabete egonga da enpresan.

Beste ezaugarri bat azkartasuna da; profesionala izateko ikasten jarraitu beharko du, gaurkotzen, bizitzan zehar, guk bezalaxe. Orain arte hiru urte behar ziren II. mailako LH egiteko; orain, urte eta erdi edo bi urte gehienez, eta hori prestakuntza orduak irabaziz, ez gutxituz; intentsitatean, malgutasunean eta azkartasunean irabazten dugu.



Zer da berezkoa gure Erkidegoan?

Lehenengo gauza plan orokorraren zehaztapena da: "tituluen oinarrizko diseinuak", guztiok behartzen gaituenak, prestakuntza ordu kopuruaren % 55aren bat bakarrik zehazten du. Hortik abiatuz, guk tituluaren % 85a finkatua uzten dugu eta eskolak berak osatzen du beste guztia, bere ingurua kontuan hartuz, enpresa mota edota bere ikaslegoa.

Gure aldetik hiru elementu gehitu ditugu; alde batetik, Enpresako Prestakuntzan marko zabalagoa sortu dugu, ordu gehiago eta hobeto garatuta dagoela uste dugu. Bigarrenik, derrigorrezko modulu bat ezartzea erabaki da, titulu guzti-guztietan, "kalitatea eta etengabeko hobekuntza" izena du eta oso-oso egokia izango dela uste dut. Azkenik, modulu guztiak orientabideak izango dituzte, irakaslearen lana erraztu eta orientatu asmoz.

Ibilbideei dagokionez, batxilergoan salbuespen bat egon daitekeela lehenago ere esan dut; 2. mailakoak egiteko, berriz, ez da ibilbiderik eskatuko DBHn: nahikoa izango da gaindituta izatea.

Halaber, sarbide zuzena izan dezake, adin minimoa bete (20 urte goi mailakoetan) eta sarrera froga bat gainditzen bada.

Bukatzeko, eta hau garrantzizkoa da zeharo, zentruek "eskaintza partziala" ere ematea nahi dugu. Zer da hori?. Bada, heziketa modulu horiek, arratsaldez edo, banan-banan eskaintzea; hartara, lanean dihardutenek aukera izango lukete banaka egiteko; horrela, heziketa iraunkorrak bere ezagutza izango luke eta, moduluz modulu eginez, titulua lortzeko ere balio izan dezakete.