MENDIZABAL, Mikel; LOPATEGI, Jon:

1997-06-01
San Pedro egunean Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari txapelketa ospatuko da Mungian. Ohiko bertso txapelketetan bezalaxe bakarka, gaia jarrita, oinak emanda edota puntuka euren abilezia erakutsi beharko dute haurrek. Baina horretarako aurretik lan eginda eta prestatuta doaz. Ikastetxe zein bertso eskoletan urte osoan zehar bertsolaritzaren munduan murgilduta ibiltzen dira. Baina ez haurrak bakarrik, irakasleok ere bai. Irakasleon lana beharrezkoa da haurrek bertsotan ikas dezaten, bertsotarako afizioa sor dakieken eta bertsolaritzaren historia ezagut dezaten. Horretarako sortu zen "Bertsolaritza Irakaskuntzan" proiektua 1982an. 15 urte geroago, plangintza horren ibilbidea, gora-beherak eta emaitzak ezagutu asmoz jo dugu Mikel Mendizabal eta Jon Lopategirengana, Gipuzkoa eta Bizkaiko Ikastolen Elkarteko bertsolaritza arduradunengana.
 
 
"Bertsolaritza Irakaskuntzan" plangintza aipatu dugu, eta hasteko, azaldu iezaiguzue nolatan sortu zen eta zein asmorekin.

Mikel Mendizabal.- Beno, hasiera kuriosoa izan zen. Eskoriatzako Almen ikastolan esperientzia bat egiten ari ziren Xanti Iparragirre, Patxi Goikolea eta Juanito Akizu. Neska-mutil koadrila bat hartu eta bertso zaharrak kantatzen zituzten astero-astero elkartuz. Talde hartan zeuden Sarasuatarrak, Iñutarregi anaiak, Arantzazu Loidi, Isazelaia... Horrela, Ikastolen Elkartera etorri ziren egiten ari ziren esperientziaren berri emanez eta eskolan sartu zitekeela esanez.

Orduan Ikastolen Elkartetik Gipuzkoako Diputaziora jo zen. Garai hartan Imanol Murua zegoen diputatu, bertsozalea bera. Jarraian Amuriza, Lazkano eta beste bertsolari batzuekin hitz egin zen nola enfokatu zitekeen aztertzeko.

Bertsolaritza eskolara sartzea zen ideia, eta lan hori koordinatzeko pertsona bat behar zenez, neu jarri nintzen.

Jon Lopategi.- Hasierako pausoak Gipuzkoan eman ziren, eta Araba eta Bizkaian handik bizpahiru urtetara hasi ginen Abel Enbeita eta neu. Nafarroan Lontxo Aburuza hasi zen, eta Iparraldean artean ez zen oso garbi ikusten, eta horretan gelditu zen.



Zein helbururekin ekin zenioten plangintza honi?

Mikel.- Gure helburua bertsolaritza irakaskuntza mailan tresna pedagogiko bezala erabiltzea zen. Hizkuntzaren inguruan, eta batez ere aho-hizkuntzaren inguruan, tresna oso egokia zela ikusten genuen.

Jon.- Garrantzitsua da azpimarratzea plangintza ez dela ikastoletara mugatzen, proiektu zabala da: ikastola, ikastetxe publiko eta pribatu... D ereduaren inguruko eskola guztientzat zabalik dago. Materiala ere guztientzat dago eta txapelketak ere bai. Ni neu Ikastolen Elkartetik kontratatu ondoren hasi nintzen, baina hasieratik eskola publikoetara ere joatea eskatu nuen, eta onartu zidaten.



Beraz, bertsolaritza eskoletan txertatzeko lanean hasi zineten. Zeintzuk izan ziren horretarako eman zenituzten lehen pausoak?

Mikel.- Lehenengo pausoa irakaslea prestatzea zen. Horretarako ikastaroak eta mintegiak antolatu ziren. Eskola bakoitzetik irakasle batzuk etortzen ziren bertsolaritza eskola ordutan nola txertatu ikasteko.

Hurrengo urratsa ikasmateriala osatzea zen. Ez zegoen ezer eta irakasleei zerbait eman behar zitzaien. Horrela Juanito Dorronsororen "Bertsotan" eta Amurizaren "Zu ere bertsolari" liburuak erabiltzen hasi ginen. Horrekin batera, Ikastolen Elkartean mailaz-mailako materiala sortzen hasi ginen: bertso trena, bertso galaxia, bertso ostatua...

Jon.- Hau dena mugitzeko eta motibatzeko ekintza desberdinak egiten hasi ginen: kanpoko bertsolari ezagunak ekartzen genituen gelara, eskolako ekintza eta jaietan bertso saioak antolatu ere bai. Eta ekintza indartsuena edo, Eskolarteko Bertsolari Txapelketa.

Hala ere, aktibitate hauek eskola barrukoak dira. Kanpoko esparruan bertso eskolak sortu dira. Afizio edo gaitasun gehiago erakusten zuten ikasleekin talde txikiak egin genituen.

Biak dira osagarri; bai eskolakoa, bai eskolaz kanpokoa. Ikastetxean lantzen bada, gero eskolaz kanpo lantzeko taldeak erraz sortzen dira.



Eskola barruko ekintzak aurrera eramateko irakasleon inplikazioa beharrezkoa da. Dena dela, irakasleok beti halako beldurra agertu dugu gai honi eltzerakoan, bertsolari ez garela argudiatuz. Nola borrokatu duzue ideia honen aurka?

Mikel.- Bai, egia da bertsolari hitza aipatu orduko izen horrek berak atzerakada handia ematen duela. Hor asko borrokatu behar izan genuen. Helburua ez zela haurrak bertsolari bihurtzea azpimarratzen genuen, ez zegoela asmatu, egin eta inprobisatu beharrik, beste era bateko lana zela, beste jolas bat. Lehenengo eta behin, hori sartu behar zitzaien buruan irakasleei.

Beti azpimarratzen genuen ariketa eta jolas horiek egiteko ez zela bertsolari izan behar. Nahikoa zela dedikazio bat, gustora hartzea, aditua izatea. Eta hori edozein irakaslek gainditzeko modukoa da.

Irakaskuntza mundua zera azpimarratu nahi genuke: bertsolaritza eta eskola ez direla bertsolari fabrika bat bezala erabili nahi. Ez da hori. Hizkuntzaren eta aho-hizkuntzaren tresna baliagarri bat baizik. Irakasleek ez daukate zertan adituak izanik, gusto hartzea nahikoa da.



Lehenengo pausoa planteamendua aldatzea da, beraz. Baina ondoren, bertsolaritza klase barruan nola landu ere ikasi beharko da .

Mikel.- Bai, hala da. Guk euskararen inguruan mugitzen ziren irakasleek, beren gaietan pixkanaka-pixkanaka bertsolaritza sartzen joatea planteatzen genuen. Astero horretarako ordu erdia edo ordubete hartzea planteatzen genuen. Materialak ere argitaratu genituen laguntza moduan.

Hala ere, irakasle guztiek denbora hori ez ziela eskaintzen konturatu ginen. Horrela, erreformarekin batera, beste planteamendu bat egiten hasi eta zera erabaki genuen: aparteko materiala atera beharrean, ikasmaterialen barruan txertatzea bertsolaritza edukiak. Hor asmatu dugula uste dut. Testu liburuan bertan aurkitzen dute materiala, eta ez dute beste liburu baten bila joan beharrik.



Bizkaian, ordea, planteamendu honek ez zuen hain ondo funtzionatu.

Jon.- Hala da, bai. Irakasle gehienek beldur hori ez zutela galdu konturatu nintzen. Gauza misteriotsu eta zail bezala ikusten zuten eta ez ziren neuk nahi nuen askatasunarekin mugitzen. Horregatik, neu hasi nintzen zuzenean haurrekin. Ondorio hobeak izan ditu, nire ustez. Zuzenki neu joanda erraz sailkatzen nituen taldeak eta baita zeintzuk ziren zaletasun handiagoz ekintzetan gehiago sartzen zirenak ere. Bide horretatik jarraitu dut urte guzti hauetan.



Orduan, zeu zuzenean aritzen bazara haurrekin, zein da irakasleon eginkizuna?

Jon.- Astean behin joaten naiz ikastetxe bakoitzera, 5. edo 6. mailako gelatara. Nirekin batera ikastetxeko bertsolari arduraduna egoten da. Hau da, eskola bakoitzak bertsolaritzaren ardura eramateko irakasle bat izendatzen du. Euskara ematen dute irakasle guztiek izaten dute ezagutza orokorra, material berriak eta abar, baina espezialitate bezala edo zuzenki, neuk eta bertako arduradunak irakasten dugu.

Arduraduna nirekin batera egoten da klasean. Bertsolaritza jolas bezala eman behar izaten da, baina disziplina jartzea ere beharrezkoa da. Ni astean behin joaten naizenez, badakite ez ditudala zigortuko. Eta bertako irakasleek, berriz, badakite nola mantendu formalidadea eta nola lan egin arazi.



Arduradun horrek lagundu egiten dizu, beraz. Bera da, zurekin batera bertsolaritza espezialitatearen erakusle. Beraz, prestaketa bat ere jaso beharko du.

Jon.- Bai, iraila aldean ikastaro bat ematen diet: zer eta nola eman daiteken. Nik prestatuta daukadan materialaren berri ere ematen diet. Haurrak balira bezala, ariketa guztiak egiten ditugu, eta horrela badakite zer emango diedan haurrei eta eurak ere zer eman dezaketen.



Dena dela, irakasleak zuzenean aritu ez arren, eskolako programaketan guztiek kontuan hartu behar dute bertsolaritza. Eta alde horretatik, euskal curriculumean sartzeak garrantzi handia du.

Mikel.- Bai, noski. Bertsolaritza eta ahozkotasuna gure altxorrak dira, bereizi izan gaituzten ezaugarriak dira. Euskarak izugarrizko gaitasuna du ahozkotasunean.

Horregatik, ikasle guztiek gutxiengo bat jaso behar dute. Ikasle guztiek jakin behar dute zer den kopla bat, zortziko bat, silabak neurtu egiten direla, zer den errimatzea, belarriaren sonorizazioa zer den, ahozko elementuak (hitz-korapiloak, hitz-jokuak, asmakizunak...), Bilintx, Xenpelar edo Txirrita non jaio ziren eta haien bertsoren bat, guk Lope de Vega, Calderón de la Barca eta Quevedo ikasten genituen bezala.

Horrez gain, eskolaz kanpokoa dator; bertso eskoletako jende aukeratua eta talde mugatua arlo hau gehiago lantzeko. Baina eskolaz barrukoa da garrantzi berezia daukana. Lehen pauso hori gabe ez dago gerokorik.



Ahozkotasuna lantzeko bide aproposa da bertsolaritza, dudarik gabe. Eta hori gutxi landu izan da, beharbada, klase barruan.

Mikel.- Bai, gabezia hori ikusten genuen. Eskolan ariketa gehienak idatzirako planteatuta daude. Beti pentsatu izan dugu aho espresioa gehiago landu behar dela eta gai hau bereziki horri lotua dago. Gaurko haurrei garbi ikusten zaie erantzun motzak ematen dituztela eta elkarrizketa berehala bukatzen dutela. Hau da, hizketan jarraitzeko zailtasunak dituzte, hitz jariotasuna moteldu egin da, bizitasuna eta grazia galdu dira.



Aho-hizkuntza hau berreskuratzeko garaian irakasleak jokatzen duen paperak zenbateko garrantzia dauka?

Jon.- Irakaslearen garrantzia izugarrizkoa da, irakaslea oinarrizkoa da. Bere jarreraren arabera diferentzia izugarriak sor daitezke. Aho-hizkuntzaren gai honetan beti azpimarratu dugu haurrek ondo pasa behar dutela. Ahozko jolasak egin behar dira eta oso garrantzitsua da gelan giro hori sortzea, haurrei sormen lana jartzea, oso motibatuta sentitzen direlako zerbait asmatzen dutenean. Horregatik da hain garrantzitsua irakaslea.



Ahozkotasuna aipatzen ari gara, baina bertsoak bapatekoak izateaz gain, idatzizkoak ere izan daitezke. Zeinek du garrantzi gehiago?

Mikel.- Biek dute garrantzia. Txapelketetan ere beti bi arloak jorratzen dira. Bertsoçpaperetan urtero ia 2.000 ikasle izaten dira, eta kopuru hori mugi araztea garrantzitsua iruditzen zaigu. Bertsoçpaperen bidez zera erakuts daiteke: bertsolaritza ahozko bapatekotasuna soilik ez dela. Amurizak ere aspaldi esan zuen bertsolaritzan bi adar nagusi daudela: ahozkoa eta paperezkoa.

Paperezkoak haurrei gehiago pentsatzeko, hitz joku gehiago egiteko... aukera ematen die. Bapatekora bakarrik mugatuko bagenu, oso jende gutxik parte hartuko luke.

Jon.- Dena dela, gela barruan ahozkoari garrantzi gehiago ematen zaio ahozko espresioa indartu nahi delako. Hala ere, horretarako idatzizko ariketa eta teknikak ere erabiltzen dira: hutsuneak nola bete, errima eta abar. Beraz, lehenengo pausoa idatzian ematen da, eta gero etorriko da buruz egitea. Idatzia beharrezkoa da hasierako pausoak emateko.



Baina, adin txikitan, 2 eta 5 urte bitartean, idazten ez dakitenean...

Mikel.- Adin horretan, batez ere kantatzearekin eta doinuarekin egiten dira jokuak. Manuel Lekuona, Azkue eta abarrek bildutako herri kantak, jolasak lantzen dira, hauek ere ikas ditzaten.



Txiki-txikitatik kantu mundu hori ezagutzen da, eta hurrengo kurtsoetan bertsolaritzako arlo desberdinak lantzen dira. Baina, arazoa ondoren dator, DOBHn. Ordutegi mugatua dela eta, bertsolaritzak ordurarte izandako lekua galtzen du.

Jon.- Beno, guk orain arte 14 urte arte planteatu dugu "Bertsolaritza Irakaskuntzan" plangintza hau. Hala ere, institutu mailarako liburu bat prestatu genuen: "Txikitik handira". Bertsolaritzaren sintesi bat egin genuen bertan eta bertsolaritzaren arlo guztiak ukitzen ditu: historia, etapa nagusiak, teknikari buruzko kontzeptuak, mota guztietako bertso eta ariketak eta abar. Institutuetako ikasleentzat pentsatuta egin genuen liburu hau.

Mikel.- Irakasleek ere Literatura eta Historiarekin lotu ote zitekeen planteatu ziguten. Baina hori pixkat irakasle bakoitzaren baitan uzten dugu. Noski, gaia landu nahi dutenak materiala hor dauka. Institutu batzuetan bertsolaritzari buruzko lanak ere egiten dituzte eta gauzak galdetzera etorri izan zaizkigu.

Jon.- Dena dela, kontuan hartu behar da adin eta maila horretan ikasleek burua beste gauza batzutan daukatela. Batzuk jarraitzen dute eta horiek oso konbentzituta, gainera. Jarraitzen dutenak onak dira, baina gehienek, 15-16 urtekin utzi egiten dute.



Jarraitzen duten horiek eskola orduz kanpo egiten dute, eta horretarako sortu ziren bertso eskolak.

Jon.- Bai, batzuk eskolako adinean, eskola orduz kanpo bertso eskoletara joaten dira, eta beste batzuk, eskola bukatu ondoren ere jarraitzen dute. Talde hauek txikiak izaten dira, aukeratuak, zaletasun eta trebezia dutenak. Eskolako ordutan talde osoari ematen diot ezagutza, eta hemendik aukeratutakoekin, bertso eskolan bapateko bertsogintza lantzen dut gehiago. Bizkaian gutxi gora-behera zortzi bertso eskolatan ibiltzen naiz ni, nahiz eta osotara 25 inguru egon.

Mikel.- Bertso eskolen arteko elkartrukeak ere egiten ditugu. Momentu honetan Gipuzkoan 26 herritan daude bertso eskolak. Bertsozale Elkartearekin batera plan bat egiten ari gara bertso eskolen dinamika eta zirkuitua nola mugiarazi aztertuz. Bertso eskolak kaleratzea nahi dugu, batez ere; plazaratu, ez daitezela gela barruan eta astean behingo saiora mugatu.

Dinamika horren barruan, bertso eskolen arteko trukaketa saioak aipa daitezke. Azken bi urteotan muntaia handi eta orijinalak egin dira.



Bertso eskolen arteko trukaketak aipatu dituzue, baina ikastetxeen artean ere egin izan dira horrelako ekintzak kanpora begira.

Jon.- Bai, eskolarteko trukaketak egin izan dira, eta ikastetxeko zein herriko jaialdietarako bertso saioak antolatu ere bai. Horrelaxe hasi nintzen neu eskoletan bertsolaritza irakasten. Getxon Ibilaldia egitekoa zenean, Ikastolen Federazioko arduradun batek zera esan zidan: ea haur batzuk prestatuko nituen Ibilaldiaren egunean txapelketa bat egiteko. Horrek akuilu bat sortu zidan eta orduan konturatu nintzen Bizkaian ez zegoela bertsotan aritzeko haurrik.

Nonbait zerbait bilatzen hasi nintzen, eta 10 urteko nire semea ere jarri nuen martxan. Kurtsoan zehar bertsoak buruz ikasten egon ginen eta bapatean saiotxo bat egiteko taldea osatuz joan nintzen. Azkenean saio polita atera zen.



Antzerkigintzan ere landu edo erabil daiteke bertsoa. Arlo honetan lanik egin al da?

Mikel.- Egia esan, eskoletan gutxi landu da, eta beharbada gehiago landu behar litzateke. Horrek bertsotan egindako gidoi bat eskatzen du, eta badaude oso egokiak diren doinuak horretarako. Modu horretan Hernani, Orio eta Zarauzko bertso eskolan muntaia bat prestatu dute. Eskolako egun bat plazaratzen dute bertsotan: zein klase izaten dituzten, irakasle ezberdinak, jola-garaia... Dagoeneko emanaldi batzuk egin dituzte institutuetan.



Gelatik kanpo burutzen den ekintza handi eta ezaguna Eskolarteko Txapelketa da. 1981az geroztik urtero-urtero egin dena eta partaidetza etengabe igoz joan da, gainera. Zenbat haurrek hartu dute parte azken urtetan?

Jon.- Beno, lehenengo probintziaka eta eskualdeka antolatzen da txapelketa, eta gero azkenean Euskal Herri mailakoa. Bizkaian, adibidez, neuk esaten diet ikastetxeko arduradunei onenak aukeratu eta horiek ekartzeko txapelketara. Horrela, eskualde bakoitzean 100 inguru izaten dira bertso-paperetan. Bapatekoetan, aurten txikiak gehiago dira, baina normalean 50 inguru izaten dira. Normalean neu nabilen eskolakoak izaten dira, baina aparteko bakarren batzuk ere parte hartzen dute.

Mikel.- Gipuzkoari dagokienez, bertso-paperetan 3. mailatik 18 urtera bitartean 2.000 inguru izaten dira. Bapatean, berriz, 80 izan ohi dira gutxi gora-behera.



Neska-mutil proportzioari dagokionez, zer esan daiteke, ohiko plazetan bezala, mutilak gehiago direla?

Mikel.- Ez. Bertso-paperetan neskak askoz gehiago izan ohi dira, eta idazkera eta ideien aldetik ere txukunagoak. Bapatean, berriz, 14 urterarte, neskak erraz animatzen dira, baina 15-18 urte bitartean, askoz gutxiagok jarraitzen dute. Hala ere, segitzen dutenak konbentzimendu handiarekin eta oso ondo ibiltzen dira. Ondo betetzen dute beren lekua, eta helduen artean ere bai. Ez dago erruki punturik, gizonezkoak bezain onak dira.



Ohiko plazak aipatzen hasita, esan al daiteke Eskolarteko Txapelketa hauek etorkizuneko bertsolarien harrobiak direnik?

Mikel.- Bai, dudarik gabe. Gaur egun elitean dabilen jendea hauetatik pasatakoa da: Euzkitze, Sarasua, Sorozabal, Maialen, Iturriaga, Elorza eta abar. 1990tik honako belaunaldia Eskolarteko Txapelketetatik pasatakoa da, harrobiko lanaren erakusleihoa izan da.



Aurtengo probintzia mailako txapelketak burutu dira, eta orain Euskal Herriko Eskolarteko IX. Bertsolari Txapelketaren Finala falta da. Ekainaren 29an ospatuko da Mungian. Eta hemendik aurrera, urtero herri honetan eta data berean, orain arte ez bezala. Zer dela eta aldaketa hau?

Mikel.- Txapelketa honen helburua Euskal Herri mailako ordezkaritza biltzea da, Euskal Herriaren irudi bat eskaintzea. Baina urtero lekuz aldatzen zenez, nortasunik gabe gelditu zaigu. Eskola ordutan izanik gainera, kanpora begira oihartzun handirik gabekoa izan da.

Horregatik, nortasun bat eman nahi diogu eta plazara begira atera, tradizio bat sortu nahi da. Beraz, hemendik aurrera, Mungian ospatuko da San Pedro jaietan.



Urteko lanaren bukaera izango da Mungiako finala. Baina elkarrizketa honen bukaerara iritsi aurretik, hizpide izan dugun "Bertsolaritza Irakaskuntzan" plangintzara bueltatuz, aipatu dizkiguzuen urte hauetako asmo, ekintza eta lanen inguruan zein balorazio egiten duzuen jakitea gustatuko litzaiguke.

Jon.- Nire zuzeneko esperientzian oinarrituta, oso esperientzia emankorra izan da. Oso gustora ibili naiz eta haurrek bertso mundua ezagutzeaz gain, bertsolari onak sortu dira.

Mikel.- Gipuzkoan aurrera eraman dugun plagintzan irakaslea izan da oinarrizko bitartekoa. Berak izan behar du gai hau bere programan sartu eta gelan bere haurrekin pixkanaka aurrera eraman behar duena. Gero, ikasmaterial aldetik laguntza badauka, baina batez ere gai hau bere programaren barruan sartu behar duela onartu behar du. Aho-hizkuntzaren eta hizkuntzaren osagarri garrantzitsua da, Euskal Herriko altxor bat, ezagutu beharrekoa eta irakaskuntzan bere lekua izan behar duena.



Aurrera begira, proiektu gehiago ba al dauzkazue?

Mikel.- Bai. Adibidez, Bertsozale Elkartearekin pauso batzuk eman nahian gabiltza. Ikerketa bat egin nahi da irakaskuntza mailan bertsolaritzaren igorpenean zein gabezia edo hutsune dauden jakiteko.

Talde bat osatu da eta irakaskuntza munduan egina dagoenaz gain, funtzionamendua nola hobetu daitekeen aztertzen ari dira. Aho-hizkuntzaren trasmisioa eta adierazpen baliabide horiek ikasleengan nola bizkortu ikusi nahi da.

Talde honek bilketa handi bat egingo du bertso aukeratu batzuekin eta irakasleentzako material berri bat aurkeztuko du; haurrek erabil ahal izateko eta beraien errekurtsoak gehiago landu ahal izateko.



Bertsolaritzak jarripena izango du, beraz, horrelako lanak aurrera eramanda.

Jon.- Bai, eta gainera orain arteko plangintza hau Ikastolen Elkarteak eraman badu ere aurrera, Bertsozale Elkartearekin ere lanean hasiak gara Mikelek aipatu berri duen bezala, eta unibertsitatean ere mugitzen hasiak dira. Bertsolaritzaren trasmisioa ondorengo belaunaldietarako garrantzitsua dela ikusten da. Eta horretarako, irakaskuntzan oinarrizko transmisioa egitea oso garrantzitsua da. Ondoren etorriko diren pausoak horren arabera segurtatuko dira.

Mikel.- Irakaskuntzan trasmisio ona egiteak eta bertsolaritza lantzea ez du gerorako bertsolariak ziurtatzea soilik ekartzen, baita bertso entzuleak, adituak, egungo eta etziko gai-jartzaileak, epaimahaikideak, kritikoak, kazetariak... hori dena irakaskuntzatik abiatzen da.