Haur-jolasen abestiak

1997-12-01
Haur txikien inguruan inoiz ez da jolasik eta bertsorik falta izan euskaldunen artean, haurren eta helduen entretenigarri, lehen pausoak ematekoan, txaloak jotzen ikastekoan, haurra bizkarrean hartutakoan, lo egin arazteko, min hartutakoan sendatzeko... Hazten doazen eran haurrek beraiek hartzen dute jolasaren protagonismoa eta gaur egungo kirola, telebista eta bideojokoaz gain badira auzoan edo eskoletako jolastokitan igarotzen dituzten jolasarteak. Hauetan erabiltzen dituzten jolas asko ordea erdarazko eredutan oinarrituak izaten dira euskarazkoak ezagutzen ez dituztelako.
 
 
Hemen ez dago aipatu beharrik jolasen bitarteko-lan ezinbestekoa edozein aprendizaiarako. Halaber sozializaziorako eta hizkuntzaren ikaste, garatu eta berenagatzeko prozesuan.

Ikusirik bada euskarazko jolas-ereduen urripena abiatu ginen ohikoen ziren jolasen bilduma bat egitera eta hortik zehar jasotakoaz gain beste berri batzuk asmatzera ere.

Beste hainbat jasoketa lanetan antzeman den bezala jolasdoinu gutxi aurkitu ditugu eta horregatik doinu zaharrak moldatu eta berriak sortu ditugu.

Denetara hogeita bi abesti aurkezten dira hamaika jolas-motatarako eta banan-banan hemen azalduko ditugu .



EUSKARAZ JOLASTEN

Euskaraz jolasten

ikas dezagun,

euskaraz jolasten

gau eta egun,

euskaraz jolasten

lagunartean,

euskaraz jolasten

gela eta kalean.



Haurra: Begira! Pirritx eta Porrotx datoz!

Pirritx: Kaixo!

Porrotx: Kutxi-Kutxi, Mari Lutxi!

Haurra: Gurekin jolastu nahi al duzue?

Porrotx: Bai, bai, iupii!

Pirritx: Porrotx, Takolo gure zai dago!

Porrotx: Pixka bat bakarrik, Pirritx.

Pirritx: Beno, eta zertara jolastuko dugu?

Haurra: Soka saltora jolastu nahi duzue?

Pirritx: Bai. Eta nork saltatuko du lehendabizi?

Porrotx eta Haur: Nik, nik, nik...

Haurra: Zergatik ez dugu zozketa egiten?

Porrotx: Nik egingo dut. Jar zaitezte borobilean. Horrela.

(Porrotxek tranpa egiten du)

Harriola-marriola... (musikarik gabe)...zaaassst.

Porrotx: Niri tokatu zait!

Pirritx: Tranpa egin duzu, Porrotx!

Haurra: Oraingoan guk egingo dugu.



HARRIOLA-MARRIOLAKA

Harriola-marriola

orratza zorrotza,

zizta gaitza, hari txarra,

tirabira,

zirrin-zarran eta zast!



Zotz edo aukera egiteko, hona hemen "Harriola-marriola" . Edozein jolas hasi aurretik zotz egitea onartzen dute haurrek nor lehena hautatu ahal izateko. Taldeko guztiei banan-banan seinale eginez abesten da, azkeneko silabak harrapatzen duena aukeratua izaten delarik.



Pirritx: Kontxo, berriro tokatu zaio Porrotxi!

Porrotx: Ju, ju, ju.

Haurra: Jar zaitez erdian Porrotx eta kontuz ibili. Bi salto egin ondoren sokak beste bi bira emango ditu zure buruaren gainean.

Pirritx: Ez bazara makurtzen bibotea moztuko dizugu.

Haurra: Badoa... bat, bi eta hiru.



GURE GELAKOENA

Gure gelako, gora;

neska mutilak, gora;

soka saltoan, gora;

gabiltza finak, gora;

horregatikan, gora;

denok goaz, gora;

arras (oso) lirainak, gora;

(e)ta saltarinak, gora;



Soka saltoan aritzeko da "Gure gelakoena". Soka goraka emanez saltariak bakarka ari da saltoka. Saltaria sartzen da, bi salto egin eta abestiak "gora" dioenean saltaria makurtu eta emaleak soka altxatzen du aidean bi bira emanez. Soka jeitsi, eta beste bi salto, makurtu... abestia bukatzen den arte.



Porrotx: Ai, ai, ai! Sudurrean jo didazue eta gorri-gorria jarri zait.

Pirritx: Gorriagoa oraindik! Ji, ji, ji!

Haurra: Orain nori tokatzen zaio salto egitea?

Porrotx: Niri, niri, niri...

Pirritx: Porrotx, beti zu ez, eh! Denok jolastu behar dugu.

Haurra: Badakit! Nik ezagutzen dudan abesti batekin katean saltatuko dugu, bata bestearen atzetik.

Porrotx: Beeeno, baina kontuz nire sudurrarekin, eh!

Haurra: Porrotx, orain ez duzu makurtu beharrik!

Haurra: Prest. Aurrera!



HAMABOSTARENA

Jolas(tu) gaitezen denok

soka jokoan, soka jokoan,

haurtxo euskaldunoi, Ei!

dagokigun eran, dagokigun eran,

euskara hutsean.

Bat eta bi, hiru, lau eta bost,

hamar gehiagorekin

beti dira hamabost.



Goraka eraginez katean saltoka aritzekoa da hau. Jolasean hasterako salto egitea amaitutakoan ikutu beharko duten puntua adostu behar da. Hura ikutu eta gero ilarara txandaz kanpo ailegatzen dena sokari eragitea tokatuko zaio.

Porrotx: Jolasteko denbora ba al dugu oraindik, Pirritx?

Pirritx: Ez dakit. Ez daukat ordularirik.

Haurra: Halakoetan "orduen soka saltora" jolasten dugu.

Haurra: Has zaitez, Irati.



ORDUENA

Soka salto saltoka

erran iezadazu ordua.

Ez dut ordularirik.

Berdin zait asmaturik.

Ordubatak, ordubiak,

hirurak, laurak, bostak,

seiak, zazpiak, zortziak,

bederatziak, hamarrak,

hamaikak, hamabiak.





Soka goraka ematen delarik katean nahiz binaka edo hirunaka egin daiteke saltoka abestia bukatzen den arte.



Haurra: iupii!

Haurra: Orain gu. Leire, Lierni eta hirurok krabelinarena aukeratu dugu.

Haurra: Baina hori oso zaila da. Hiruron artean egin behar duzue.

Haurra: Zu handitzen zarenean ezkonduko al zara, Porrotx?

Porrotx: Ez dut uste, ez dakit ezkontzea zer den.

Pirritx: Ba ni bai, ezkonduko naiz. Takolorekin, amona Josefinarekin, Joxepa behiarekin eta, eta, eta...

Porrtox: Pirritx...

Pirritx: ... eta zurekin Porrotx!

Porrotx-Pirritx: Iupii, ju, ju...



KRABELINARENA

Krabelintxo bat dut, Begoñarentzat,

ezkontzen denean,emango diot.

Ezkondu da, eman diot

eta bere senarrak kendu dio.



Oparitxo bat dut, Iñakirentzat,

elkartzen denean, emango diot.

Elkartu da, eman diot

eta bere lagunak kendu dio.



"Krabelinarena" sokari gora eraginez eta abestia antzestuz jolasten da. Aldiko hiru saltari behar dira. Lehenengo saltaria abestiarekin batera sartzen da eta krabelina nori eman esaten du orduan. Aipatu bigarren saltaria sartzen da eta krabelina nori eman esaten du. Orduantxe hirugarren saltaria sartu eta lehena irten egiten da abestia errepikatuz berriz hasteko.



Haurra: Ba nik jolas zailagoa ezagutzen dut.

Pirritx: Baaai. Zergatik da zailagoa?

Haurra: Begira. Saltoka ari zaren bitartean zapia lurrera erortzen utzi behar duzulako, gero hartu, patrikan sartu eta berriro kanpora joan.

Pirritx: Ez da erraza, ez. Hala ere, ausartu egingo naiz. Ea, nork utziko dit zapi bat?

Porrotx: Tori nirea, Pirritx. Mooook (muki zarata)

Pirritx: Porrotx, zapia mukiz bete duzu!

Haurra: Nolakoa zaren Porrotx!



ZAPIARENA

Txoria goian kantari,

hemen gu soka saltari,

zapia behera,

bat, bi, hiru,

zapia gora,

bat, bi, hiru,

sakelan (patrikan) sartu eta kanpora.



Izenak dioen bezala zapi batekin jolasten da sokari goraka emanez. Abestiak "zapia behera" dioenean saltariak zapia lurrera bota behar du. "Zapia gora" dioenean berriz zapia lurretik jaso egin beharko du. Abestiko "kanpota"hitzarekin irten eta hurrengoa jarraian sartuko da.



Pirritx: Ni nekatuta nago. Oraingoan sokari eragiten jarriko naiz.

Porrotx: Ni ere bai. Oraindik sudurra gorrituta daukat.

Haurra: Ba, errazagoa egingo dugu. Zingili zangalarena abes dezakegu.

Haurra: Oso polita da, ikusiko duzue.



OLATUENA

Sokaz beheraka zingili zangala,

matxinsaltoa bagina bezala,

trebukatzen ez bazara berehala,

hurrengo laguna sar dadila,

bai...orain!



Soka beheraka, olatuen antzera eman behar da. Saltaria bakarrik arituko da saltoka harik eta abestia jarraituz hurrengoa sartzen den arte.



Pirritx: Hara! Orain besoa nekatu zait.

Haurra: Lasai Pirritx, gu ere nekatuta gaude. Soka utziko dugu eta beste zerbaitetara jolastuko dugu.

Pirritx: Zertara adibidez?

Haurra: Utz iezadazu zure eskua.

Pirritx: Nire eskua?

Haurra: Bai. Eta adi egon, hatzekin jolastera goaz.



ARRAULTZAREN BEHATZEN

Honek arraultza erosi,

honek gatza bota,

honek frijitu,

honek pixkat dastatu,

honek dena zurrupatu.



Jolas honen Zeraingo bertsio herrikoia hautatu dugu eta musika asmatu. Banan-banan erakutsi behar dira eskuko hatzak abestiak dion eran, txikitik hasi eta lodienera arte.



Haurra: Hatzekin jolasteko beste era bat ere ezagutzen dut nik.

Porrotx: Zein da?

Haurra: Beno, hatzekin edo eskuan gorde ditzakegun txanpon, kanika, harri...

Pirritx: Porrotx, atera gure goxokiak.

Porrotx: Ezin ditut atera, Pirritx.

Pirritx: Non daude, ba?

Porrotx: Uiuiui! Nire sabelean.

Pirritx: Bionak ziren, Porrotx!

Haurra: Berdin da. Bakoitzak kopuru bat esaten du. Ondoren hatzak erakutsi, zenbatzen ditugu eta asmatzen duenak irabazten du.



ASMAZAK/ASMAZAN

Asmazak, asmazan,

Donostiako plazan,

hiru atso omen dira,

hemen zenbat behatz dira?



Haurra: Guk behatza oinetakoei esaten diegu. Entzun, entzun Iurretan nola diogun.



Asmazak, asmazan,

Iurretako plazan,

hiru atso omen dira,

hementxe zenbat hatz dira?



Haurra: Baionan aldiz eri esaten diogu.



Asmazak, asmazan,

Baionako plazan,

hiru atso omen dira,

hemen zenbat eri dira?



Oraingo honetan gipuzkeraz, bizkaieraz eta lapurteraz abesten da. Esku bat atzean ezkutatzen da eta nahi diren hainbat hatz aukeratu behar dira. Abesten hasi eta "hementxe zenbat hatz dira? esatean jokalari bakoitzak eskuak erakusterakoan azalduko diren hatz kopuru osoaren zenbakia bota behar du. Ondoren eskuak denen aurrera ekarri eta zenbatu egiten dira. Asmatu duen inor balego, huraxe da irabazle.



Pirritx: Zazpi!; ez, bost!; ez, ez, ez hiru!.

Porrotx: Horrek ez du balio, Pirritx.

Pirritx: Bai, balio du!

Porrotx: Ez!

Pirritx: Baietz!

Porrotx: Ezetz!

Haurra: Pirritx eta Porrotx, ez haserretu! Jolasten ari gara!

Pirritx-Porrotx: Benoooo....

Haurra: Denok elkarrekin jolasten jarraituko al dugu?

Porrotx: Bai, noski!

Presta ditzatela behatzak gipuzkoarrek, zuek bizkaitarrok hatzak eta iparraldekook zuen eriak.

Pirrtix: Eta mugi itzazue ipurdiak!



LEHENENGOTXO HORI...

Lehenengotxo hori, punta behatz hori,

beste guztien artean, lodia da hori.

Bigarrentxo hori, punta behatz hori,

beste guztien artean bizkorra da hori.

Hirugarrentxo hori, punta behatz hori,

beste guztien artean luzea da hori.

Laugarrentxo hori, punta behatz hori,

beste guztien artean alperra da hori.

Bosgarrentxo hori, punta behatz hori,

beste guztien artean txikia da hori.

Lalara,lalara...



Hatzak erakusteko abestia hau ere. Eskua itxi eta abestiak dioen hatza erakutsiz hasten da hatz guztiak agerian geratzen diren arte. Jolasa konplika dezakegu bi eskutako hatzak batera edota binaka erakutsi behar izanez gero.



Haur: Parkeko kolunpioan ez dago inor. Goazen!



DILIN-DILINKA

Dilin-dilinka, balantzaka,

dilin-dalan, ziburuan.

Hankak aurrera, zoaz zerura,

hankak atzera (e)ta popa gora.



Zabutan ibiltzeko bi abesti ditugu:"Dilin-dilinka" eta "Zabuan". Bietan txandak abestia bukatu bitartean irauten du eta ondoren hurrengoari ematen zaio aukera.



Porrotx: Bultza indartsuago, Pirritx, ez naiz ia mugitzen!

Pirritx: Pisu handia duzu, Porrotx!

Haurra: Kolunpioan ibiltzeko zuk ere indarra egin behar duzu, eh, Porrotx!

Porrotx: Iiiiii!

Haurra: Baina, baina, hortzak estutzea ez da nahikoa.

Porrotx: Iiiii! Banoooaaa...

Maialen: Porrotx, ni noiz?

Porrotx: Maialen, zu oraindik txikiegia zara zabuan ibiltzeko.

Maialen: Bai, zera!

Haurra: Zabua abestuko dugu. Hamairu entzutean jaitsi eta hurrengoa hasiko da.

Porrotx: Ados! Ah, Maialen, bat, bi, hiru...(azkar).

Pirritx: Itxaron Porrotx! Oraindik ez dago eserita.

Porrotx: Ju, ju, ju!



ZABUAN

Zabu, zibu, ziburu; zibu, zabu, zaburu;

konta itzazu, zibu-zabu,

konta itzazu hamahiru...

Bat, bi, hiru, lau, bost, sei, zazpi, zortzi,

bederatzi, hamar, hamaika, hamabi, hamahiru.



Haurra: Gaur, Arantxaren urtebetetzea da. Goazen ea topatzen dugun...

Denok: Goazen, goazen...

Haurra: Begira, hor dago!

Pirritx: (Isilka hitz eginez) Atzetik hurbilduko gara eta abestu egingo diogu.



ZORION BERO-BEROA

Zorionak zuri, zer moduz?

Urtebete gehiago duzu Arantxa.

Zorion bero-beroa,

zuri eta zure lagunentzat.





Urtebetetzekoak beti abesti berberarekin ospatu ohi ditugu baina hemen doinu berri bat proposatzen dizuegu urteak egiten dituenari zoriontzeko.



Porrotx: Zorionak, Arantxa-txantxa.

Arantxa: Arantxa, Porrotx, A-ran-txa.

Porrotx: Hori, hori, Arantxa-plantxa.

Denak: Ja, ja, ja.

Arantxa: Gogoratu zaretenez gaileta bana banatuko dizuet.

Pirritx: Gaileta bana bakarrik!... Berehala bukatuko zaigu!

Haurra: Lasai, Pirritx, gailetarekin jolas bat egingo dugu eta gehiago iraungo dizu.

Porrotx: A bai! Eta nola da hori?

Haurra: Gaileta kopetan jarri eta eskuak erabili gabe ahora eraman behar da.

Pirritx: Hori oso erraza da. Begira ezazue...mmm, ai, ai, ai!

Porrotx: Ju, ju, ju!... Pirritx gailetarik gabe gelditu da.



ZINUKA

Kopeta gainean gaileta bat jarri,

zinu-zinuka ahora ekarri.

Eskuak atzean, ez erabili,

gaileta jaten duenak, hark irabazi.



Gaileta-jolaserako dugu hau. Jolas honetan kopeta gainean jartzen da gaileta, eta aurpegiko keinuen bidez eta eskuekin ikutu gabe gaileta hori ahoraino jaitsi arazi behar da abestiak irauten duen bitartean. On egin!



Denak: (Txaloak)

Porrotx: Oso ongi, Aitor.

Haurra: Aulkitara jolastuko dugu?

Pirritx: Bai, bai, niri asko gustatzen zait.

Haurra: Baina, Porrotx, altxa zaitez aulkitik! Oraindik ez gara abesten hasi eta!

Porrotx: Gaileta bat bakarrik janda indarrik gabe nago.

Pirritx: Hara Porrotx, ez zaitez alperrontzioa izan.



AULKIENA

Saltoka eta brinkoka korro korroan (bira-biraka),

den denak gabiltza aulkien ondoan.

Lalara, lalara...

Musika pozgarri hau isiltzen bada,

eseri behar duzu aulkitxo batean.

Lalara, lalara...

Guztiok aulkietan eseritzean,

nor geldituko da jokutik kanpora.

Lalara, lalara...



Aulki-jolasean haur askok har dezakete parte. Jokalari baino aulki bat gutxiagoz osatu behar da borobil bat eserlekuak haurrak dauden aldera begira direlarik. Abestia kantatzen hasi eta aulkien inguruan hasten dira bueltaka korrituz ala dantzatuz harik eta jokoaren "arduradunak" geratzeko zeinua (txaloa, txistua...) egiten duen arte. Orduan jokalariek eserleku batean eseri behar dute eta lekua aurkitzen ez duena kanporatua izaten da. Aulki bat kendu eta lehengo eran jarraitzen da kantatuz eta kanporatuz jokalari bakarra geratu arte.



Haurra: Aupa Izaro, txapeldun!

Maialen: Nik aukeratuko dut hurrengo jolasa. Adibidez, adibidez... ezkutaketan!

Pirritx: Ni ez naiz geratzen.

Porrotx: Ezta ni ere. (Oso azkar).

Haurra: Ni ere ez.

Haurra: Ez larritu. Zozketatzea izango da onena.

Pirritx: Ah bai, nik zozketatuko dut, bestela Porrotxek tranpa egingo digu eta.

Hiru eta hiru... Ku! Ku!

Porrotx: Eñaut, tokatu zaizu.

Eñaut: Bale, hastera noa!

Denak: Goazen, goazen, azkar...



HIRU ETA HIRUKA

Hiru eta hiru sei, hiru bederatzi,

hamar hemeretzi, bat hogei,

bi berrogei, hiru hirurogei,

lau laurogei, bost ehun... Ku! Ku!



Ezkutaketarako "Hiru eta hiruka" dugu. Zotz egin eta geratzen dena horma edo zuhaitz bati begira jartzen da besoekin begiak estaliz. Beste jokalariek ezkutatu egin behar dute abestia kantatzen duten bitartean eta azkeneko "ku" esatearekin batera gordeta daudenen bila abiatuko da. Norbait ikusiz gero horman jo eta "ku-ku... Mikelengatik" esan behar du. Ikusia den lehena geratzen da hurrengo txandan.



Haurra: Mikelengatik, Asierrengatik, Iratirengatik, Porrotxengatik...

Porrotx: Katxi porreta! Aurkitu gaitu. Aulkien jolasean zorabiatu egin naiz eta ezkutatzeko egin dudan korrikak ere, nekatu egin nau.

Haurra: Eta gu izkutatu beharrean hitzak ezkutatzen baditugu?

Pirritx: Hitzak ezkutatu? Nola da hori?

Haurra: "Ikusi-makusi"ra.



IKUSI-MAKUSIKA

Ikusi makusi.

Zer ikusi?

Ikusten, ikusten, ikusten... "kro".



Igerkizunetarako "Ikusi-makusi" herrikoia dakargu musika berrituarekin. Abestiaren bukaerarekin batera asmatu behar den hitzaren hasierako silaba eman behar da beste jokalariek hasiera hori duen hitza asma dezaten. Igertzen duenak proposatzen du hitz berria.



Porrotx: Badakit! "Krokodiloa" izango da.

Haurra: Hemen ez dago krokodilorik.

Pirritx: Orduan, "kroketa"!

Haurra: Non ikusten duzu zuk kroketa, Pirritx?

Pirritx: Zure sudurrak kroketa dirudi, ju, ju...

Leire: "Kromoa"!

Haurra: Ongi. Asmatu duzu, Leire. Hasi zu orain.



Ikusi makusi.

Zer ikusi?

Ikusten, ikusten, ikusten... "txo".

Haurra: Txorizoa!

Leire: Ez.

Haurra: Txoria!

Leire: Bai. Has zaitez!

Porrotx: Orain bertsolarien erara. Hitz-bukaera emanda, ea nork asmatzen duen!

Ikusi makusi.

Zer ikusi?

Ikusten, ikusten, ikusten... "rra".



Zertxo bat aldatu nahi izanez gero hasiera emanaren ordez bukaera eman daiteke, bertsolarien erara, ea nork igertzen duen.



Pirritx: Sagarra!

Porrotx: Ez!

Haurra: Atxurra!

Porrotx: Ezta pentsatu ere!

Haurra: Kitarra!

Porrotx: Hara! Oso ederki!



Haurra: Ea asmatzen duzuen zein den hurrengo animalia.

Buruan bi antena dauzka...

Porrotx: Saturnino!

Haurra: Ez! Sorbaldan motxila bat du eta...

Pirritx: Badakit. Aitona, zakua sagarrez beteta duela.

Haurra: Ez. Eta arrastaka ibiltzen da.

Porrotx: Arrastaka? Takolo mendira joaten denean...

Haurra: Ezetz, ba! Ez duzue asmatzen. Barraskiloaren jokua da.



BARRASKILOARENA

Barraskiloaren jokora

jolasteko asmotan,

marraztuz hori lurrean

hasten gara saltoka.

Salto eta salto matxinsalto,

marrak zapaldu gabe,

bestela zuen izenak

idatziko dituzue.



Txingoka aritzeko dugu "Barraskiloarena". Klarionaz edo makilaz barraskilo baten itxurako irudia margotu lurrean eta etxetxoetan zatitu behar da. Jokalariak, txingoka, harria pasarazi behar du etxetxoetatik barraskiloaren erdiraino iritsi arte. Etxetxoen marraren bat ikutuz gero bere izena idatzi eta kanpora joan beharko du.



Porrotx: Ikus dezagun nortzuen izenak dauden idatzita... Oihan, Izar, Iker, Olaia...

Pirritx: Porrotx, zuk ere marra zapaldu duzu, eh!

Porrotx: Nire izena ez dago barraskiloan.

Pirritx: Porrooooootx.....

Haurra: Korroan jolastuko dugu?

Porrotx: Ongi! Erakutsi guri.

Haurra: Nik egingo dut dona-dona.



KIKURI-BIKURIKA

Harrapaketan, izkutaketan, kiriketan,

kikuri bikuri lakirikon,

zinko binko larikon,

tokatzen zaionari, hor konpon!

Kikuri-bikuri lakirikon,

zinko binko larikon.



Haurra: Garazi, hi agintari!

Garazi: Borobilean denok eskutik emanda.

Porrotx: Hartu, tori nirea.

Garazi: Nik esandakoa kanpora begira jarriko da.



INGURUMIKA

Bira-bira eta kate,

zozo-zozoa balkate,

Ibarrangeluan alkate

(e)ta Bilbon erregidore.

Gure auzoko Izaro (Xabier, Garazi) ere,

atzera jira-bira liteke.



"Ingurumika"rekin borobilean jarri zutik eskutik helduta eta bueltaka hasi abestia kantatuz. Abestiak atzera jiratzeko esaten duenean jokalari baten izena aipatu eta honek atzera biratu behar du korrolari guztiak era berean atzera begira jarri arte. Denak kanpokaldera jiratu direnenan, berriz barrukaldera biratu behar da hasierako puntura iristeko.



Haurra: Iluntzen ari du. Laister, etxerako ordua!

Pirritx: Porrotx, Takolo gure zai dago.

Porrotx: Nola pasa den denbora...!

Haurra: Azken jolasa egingo dugu?

Porrotx: Pirritx, azkena!

Pirritx: Beno, baina azkena, eh!



ESKUTIK HELDUTA

Eskutik helduta gaude,

borobil bat eginez,

arras pozik gabiltza,

itzul anitz emanez.

Eskuina, ezkerra, urrats bat aintzinka;

eskuina, ezkerra, urrats bat gibelka;

eskuina, ezkerra, urrats bat aintzinka;

eskuina, ezkerra, ipurdiz lurrera.



Jarri korroan eta abestian ematen diren aginduak bete behar dira , batean eskuinera, bestean ezkerrera, aintzinka (au-rrera), gibelka (atzera), azkenik ipurdi gainean eroriz.



Denak: Ja, ja, ja....

Porrotx: Zein ongi hemen, lurrean jiraka.

Pirritx: Iufi!

Takolo: Baina, baina, zer zabiltzate lurrean basurdeak bezala? Arratsalde osoan zuen bila ibili naiz.

Porrotx: Takolo, oso jolas politak erakutsi dizkigute.

Pirritx: Zuri ere erakutsiko dizkizugu.

Takolo: Jolasak...?

Haurra: Bai, entzun, entzun.



Euskaraz jolasten

ikas dezagun,

euskaraz jolasten

gau eta egun,

euskaraz jolasten

lagunartean,

euskaraz jolasten

gela eta kalean.



Takolo: Bai, oso polita da. Atsegin zait.



Jolas guzti hauek haurrek sor ditzaketen aldaketen arabera molda daitezke, bai era errazagoan edo zailagoan.

Espero dugu jolas-abestien bilduma hau baliagarria gertatzea eta oraindik geratzen diren hainbat eta hainbat jolasen inguruan beste lan batzuk egin ahal izatea.