Holandako Lanbide Heziketa. Autoikasketa ardatz.

1999-07-01
HETELek antolatuta EAEko hamar Lanbide Heziketatako 13 zuzendari eta ordezkari Holandan egon ziren martxoan. Lanbide Heziketako lau ikastetxe eta Ingeniaritzako beste bat bisitatu zituzten. Sisteman, metodologian, antolaketan, ohituretan eta beste hainbat gauzatan topatu dituzte ezberdintasunak, batzuk hoberako eta hemen aplikatzeko modukoak.
 
 
Lanbide Heziketako eskoletako ordezkariak izanik, bidaia hau Lanbide Eskolak ikusteko aprobetxatu dute. Ez dira Lehen Hezkuntzako zentroetara hurbildu, beraz.

Holandan Lanbide Heziketa Bigarren Hezkuntzako aukera bat da, hemen bezalaxe, baina aukera gehiago ere badaude. Oro har, Bigarren Hezkuntza bi etapatan banatua dago. Lehenengoa 12-16 urte bitartekoa da, eta bigarrena 16tik aurrerakoa.

Lehenengo etapan lau aukera daude:

- Bigarren Hezkuntza Orokorra: 12-17 urte bitartean.

- Erdi Mailako Bigarren Hezkuntza Orokorra: 12-16 urte bitartean.

- Bigarren Hezkuntza Profesional Oinarrizkoa: 12-16 urte.

- Aurreunibertsitateko Bigarren Hezkuntza: 12-18 urte.

Guztietan 12-14 urte bitartean irakasten dena orokorra da, eta ondoren ezberdintzen dira, hots, 14-16 tarte horretan. Hemen lehen zeuden Lanbide Heziketa, REM eta BBBren antzekoak direla esan liteke. Lanbide Heziketari dagokionez, 14-16 urte bitartean espezializazio handia dago hemengo egoerarekin konparatuta.

Ondoren, Bigarren Hezkuntzako bigarren etapan, hots, 16 urtetik aurrera beste lau aukera daude:

- Lehen Mailako Lanbide Heziketa: gaitasun gutxiago duten ikasleentzat da eta ez da beharrezkoa Bigarren Hezkuntzako lehen etapa gainditua izatea. Urtebete edo gehiago iraun dezake eta lortzen den titulazioa Lanbide Ikastunarena da. Ikasketa hauen barruan bi aukera daude: lau egun enpresan eta egun bat eskolan pasatzea, edo alderantziz.

- Erdi Mailako Lanbide Heziketa: honen barruan hainbat maila dago;

* Bigarren maila: bi urteko iraupena duena. Gobernuaren helburua gazte gehienek gutxienez bigarren maila hau lortzea da. Hemengo maila ertaineko Lanbide Heziketaren antzekoa da.

* Hirugarren maila: hiru urtekoa da. Gure Goi Mailako Lanbide Heziketaren parekoa da.

* Laugarren maila: lau urtekoa da eta hemengo Ingeniaritza Teknikoaren baliokidea da. Eskaera handia du. Nahiz eta Erdi Mailako Lanbide Heziketa maila hauekin bukatu, laugarren maila egin dutenak Goi Mailako Lanbide Heziketara pasa daitezke.

- Goi Mailako Lanbide Heziketa: lau urteko iraupena du. Hauek ere hemen bukatzen dira, baina ikasleek ikasketa unibertsitarioak egiten jarrai dezakete berariazko froga bat gaindituz gero.

- Ikasketa Unibertsitarioak: lau urtekoak dira eta ondoren bi urteko ikerketa zientifikoko formakuntza egin daiteke.

Hauxek dira, beraz, Holandako hezkuntza sistemak Bigarren Hezkuntzan eskaintzen dituen aukerak. HETELeko ordezkariak bezala, Lanbide Heziketan zentratuz, aukera anitz daudela ikus daiteke. Eta aipagarriena maila batetik bestera pasatzeko dagoen erraztasuna da. Baliozkotzeak eginda daude eta ez dago inolako oztoporik ikasketa batzuk bukatu ostean beste batzuekin jarraitzeko. Adibidez, bigarren mailako Lanbide Heziketa egin ostean hirugarren mailakoa egin nahi badu norbaitek, behar duen azterketa publikoa egin eta urte batzuk baliozkotzen zaizkio. Horrela, hiru urtetan egin beharrean batean egiteko aukera izanen du.

Holandako Lanbide Heziketako ikastetxeen %80 pribatua da eta %20 publikoa. Bi sareek antzeko tratamendua jasotzen dute Gobernuaren aldetik. Guztiek emaitzen eta ikasle kopuruaren araberako dirulaguntza jasotzen dute. Gobernuak sostengatzen dituen instituzio independenteek neurtzen dituzte ikastetxe hauetako emaitzak eta ikasle kopuruak urtero eta horren arabera banatzen zaie laguntza ekonomikoa.

Bestalde, hemen gertatzen den antzera, Lanbide Heziketak Batxilergoak baino pisu gutxiago du. Ikasleen %80k Batxilergora jotzen du eta %20k Lanbide Heziketara.

Hala ere, hemengo eta hango unibertsitatea ez dira berdinak. Holandako unibertsitatea oso teknikoa da eta ingeniaritza ikasketak egiten dituen ikasleriaren proportzioa hemengoa baino askoz handiagoa da. Hemen zientifiko, kimiko, biologo eta psikologoak dauden bitartean, han karrera teknologikoek pisu gehiago dute. Hori da gizarteak eskatzen duena eta horri erantzuten saiatzen dira. Ondorioz, denek aurkitzen dute lana. Hori ongi aztertuta daukatela esan liteke.



Konpromiso soziala

Gizarte mugimenduek, udalek eta enpresek ikastetxeekin duten konpromisoa atentzioa emateko modukoa dela ikusi dute HETELeko ordezkariek. Lanbide Heziketaren kasuan, enpresen etorkizuna Lanbide Heziketarekin lotuta dagoela argi daukate. Horregatik, proiektu komunetan kolaboratzen dute, ikasleen eta irakasleen enpresako praktiketan. Baina bada beste berezitasun bat ere. Ingeniaritza eskolako ikasleek enpresek eskolari eskatutako ikerketak egiten dituzte. Beraz, praktikotasun guztia duten ikerketak dira, gero enpresetan aplikatuko direnak. Esperientzia interesgarria da.

Udalek, bestalde, zentroak finantzatzen dituzte eta beste laguntza aipagarri eta garrantzitsu batzuk emateko ez dute inolako oztoporik jartzen. Esate baterako, ikastetxeak eraikitzeko lurrak emateko. Nahiz eta Lanbide Heziketako ikasleen proportzioa handia ez izan, konbentzituta daude dagoena zaindu egin behar dela eta horregatik ematen dituzte laguntzak.



Ikastetxeak in situ

Bost ikastetxe bisitatu zituzten HETELekoek Holandan egondako hiru egunetan: S´Hertongenbosh herriko Koning Willem I College, zentro bereko beste kanpus bat, Veldhoven herriko Sondervick College, Eindhoven-go Lizeo Teknikoa eta herri bereko Ingeniaritza Fakultatea.

Bisitatutako zentro guztiak nahiko handiak dira, 2.500 eta 13.000 ikasle artean baitituzte. Bi solairu baino ez dituzte, baina azaleraz milaka metro karratukoak dira. Sarrera handi bat dute denek, bostehun edo mila metro karratukoa. Sarrera hau elkartzeko eta dibertimendurako gunea da, ikasketa leku informala, ikasleak taldeka biltzeko tokia, lorez apainduta egon ohi da eta kafetegia du. Horrelako leku batean ikasleak etxean sentitzen dira eta hori da lortu nahi dutena. Ikaslea da eskolaren ardatza eta horrelako egiturek hori islatzen dute. Gainera, zenbaitetan ikasleek txartel bat dute eta horrekin eskolako hainbat zerbitzu erabil ditzakete: edari eta janari makinak eta zerbitzuak, aldizkariak, fotokopiagailuak...

Talde-lanak egiteko "gela irekiak" ere badaude. Areto handiak dira, bostehun metro karratuko gelak izatera irits daitezkeelarik eta ikastetxea handia bada hiru, lau edo bost egon daitezke. 50-100 ordenagailu inguru egoten dira gela hauetan, aldizkariak, liburuak, CD-ROMak... Ikerketak eta lanak egiteko aukera zabala dute eta ikasleak baino ez dira ikusten, irakaslerik ez. Ordenagailuak konpontzen eta arazo informatikoak bideratzen egoten den arduradun bat egoten da, baina ez beste irakaslerik. Hauek beraien mintegietan egoten dira lanak egiten.

Tailerrak, berriz, hemengoen bikoitzak edo bost edo hamar aldiz handiagoak dira. Ekipamendu aldetik, ordea, ez daude hemen baino aurreratuago. Hemengo Lanbide Eskolek ekipamendu berriagoa eta hobea dute, baina gutxiago programatuta daude. Holandan, nahiz eta hain makina berriak ez eduki, dauzkaten horietan lan egiteko programak prestatuagoak eta landuagoak dauzkate. Ikasle batek badaki makina baten aurrean zer egin behar duen, pauso guztiak zehaztuta dituen programaketa baitauka.

Kalitateari dagokionez, ISO 9002 eta EFQM ereduak ezagutzen dituzte, baina ez daude prozesu horietan sartuta. Agian zuzendariren batek edo bestek zerbait egingo du, baina ez dago eskola guztian zabalduta eta orokortua. Hala ere, horrek ez du esan nahi kalitaterik ez dutenik. Nahiz eta ziurtagiri horiek ez eduki, diziplina kolektiboa eta talde-lana oso zabalduta daude eta horrek kalitatea bermatzen du, hein handi batean. Gainera, batzuen ustez, ISO ziurtagiria edukitzea ez da beharrezkoa heziketa arloko ekintzetarako.

Ordutegia ere aipagarria da, gaueko 10:00ak arte irekita egoten baitira egunero eta larunbatetan ere bai. Honek ere lagundu du eskola ikasleen etxe bihurtzen. Talde-lanak egiteko eta tresnak erabiltzeko aukera zabala baitute.



Irakasleen ordutegia

Irakasleen lanorduak ere ezberdinak direla ikusi dute bisitatu dituzten zentroetan. Astean 40 ordu egiten dute lan. Hauetatik 28 inguru klaseak emateko izaten dira eta gainontzekoak prestakuntzarako. Lehen ordu gutxiago egiten zuten lan, baina konpetentziak bultzata gehitu dituzte. Hala ere, ordutegiaren kontrola ez da garrantzitsuena, helburuei gehiago begiratzen diete. Enpresetan bezalaxe, ez da hain garrantzitsua zein ordutan sartu eta irteten zaren, baizik eta zein prozesuren jabe zaren eta prozesu horiek nola garatzen dituzun.

28 ordu klaseak ematen pasa ondoren beste 12 ordu gelditzen zaizkie, eta hauek, esan bezala, prestakuntzarako erabiltzen dituzte. Irakasleriaren prestakuntza eta ikastetxeko hobekuntzak asko bultzatzen dituzte. Esaterako, irakasle batek zuzendaritzari proiektu bat planteatzen badio eta honek zentroko hainbat arazo konpontzeko egokia dela ikusten badu, irakasle hori eta bere laguntzaileak proiektu hori prestatzeko eta gero martxan jartzeko liberatuko ditu.

Horrelako erabakiak ikastetxearen esku daude. Alde horretatik erabat autonomoak dira.



Ondorio orokorrak

Bisita honen ondoren HETELekoek hainbat gauza argi ikusi dituzte: autoikasketaren metodologiaren egokitasuna, diziplina anitzeko proiektuen gaineko talde-lana nola egiten duten eta talde-lanak zein bakarkakoak egiteko ordenagailuz hornitutako gela komunak dituztela. Gela hauekin batera, beste batzuk ere badaude, guztiak zabalak eta handiak, irakasle zein ikasleak eroso sentitzeko modukoak. Ikastetxeetan irakasle ez diren langile asko ikusi dituztela ere aipatu dute.

Azken ondorio bezala zera azpimarratu dute: ikaslea dela ikas-irakaskuntza prozesu osoaren ardatz eta hori zentroen azpiegituran, tratuan (poza adierazten duten ikasle desinhibituak ikusten dira) eta beste hainbat ekintzatan islatzen dela.



Andoaingo La Salle-Berrozpe ikastetxea

BALERDI, Mikel:"Jasanezina da Euskal Herrian ikasleen erdiak DBH ez gainditzea. Horren aurrean irakasle talde bat ezin da lasai gelditu"



Ikusi dituzuen gauzen artean, zer da azpimarratuko zenukeena?

Batez ere bi gauza azpimarratuko nituzke nik: gauzak hemen baino askoz programatuagoak eta zehatzagoak daudela eta metodologia egokiagoa dela.



Zer abantaila ditu dena programatua izateak?

Eginbehar guztiak eta jarraitu beharreko pauso guztiak programatuta badaude ikasleak bere kabuz egin dezake lana. Hau da, hasieran gaia aurkezten zaie ikasleei eta ondoren badakite gai hori bukatu arte zer egin behar duten. Horrela, ikasleak berak kontrolatzen du egiten ari dena.

Hemen, berriz, ez da horrelakorik gertatzen. Irakaslea edota liburua daude eta horiek dira prozesu osoa gidatzen dutenak. Horiek gabe ikaslea zer egin ez dakiela gelditzen da.



Ikasleen pasibotasunari aurre egiteko modu bat ere bada, orduan, programazio mota hau.

Bai, noski. Bestela, ikasleak irakasleak zer esan edo agindu zain egoten dira. Adibidez, nik 11:00etan klase bat izango banu eta 11:15ean joango banintz gelara, denak nire zain egongo lirateke. 19 urterekin bakoitza bere lanak egiten egon beharrean, denak zain. Eta ordu osoan agertuko ez banintz, berdin jarraituko lukete. Gaurko eskemak horretara garamatza. Iniziatiba irakasleak du, ikasleak eskema horretan sartzen dira eta horrela funtzionatzen du. Hori aldatu egin behar da.



Metodologia aldaketa dakar horrek eta hori da aipatu duzun beste puntua. Nolako metodologia darabilte?

Leideneko Unibertsitateak bultzatzen duen ikas irakas-sistema berri bat da. Askoz ere metodologia pertsonalizatuagoa da, talde-lanekoa eta irakasleak ez du sistema magistrala erabiltzen, laguntzaile eta orientatzailea da. Hemen horrelako sistema autonomoak haur txikiekin erabiltzen dira, baina gero ahaztu egiten dira, eta Bigarren Hezkuntzan are gehiago.

Sistema berri honen adierazgarririk argienak "gela irekiak" dira. Gela hauetan ordu asko pasatzen dituzte ikasleek, bai klase orduak eta baita klasetik kanpokoak ere.

"Hamar minutuko azalpena" deitzen den klase mota ere badago. Hauetan irakasleak hamar minutuko azalpena besterik ez du ematen. Ondoren ikasleak beren kabuz "gela irekian" lan egiteko antolatzen dira.

Bestetik, oso normala da asteko lau egunetan klaseak jasotzea eta ostirala proiektuak egiteko eguna bezala izendatua egotea. Ostiral goiz-goizetik ikasleak taldeka elkartzen dira proiektuak lantzeko, batzuetan irakasleak proposatutakoak eta bestetan beraiek aukeratutakoak.

Beste batzuek astean egun erdi bat edo osoa hartzen dute irakasle talde batek prestatutako diziplina anitzeko proiektu bat lantzeko.

Bide hau hartu behar dugula uste dut.



Sistema hau ezar al daiteke hemen? Nola?

Bai, noski, antolaketa alda daiteke. Horretarako irakasleriak talde bezala konbentzituta egon behar du. Hori da lortu behar den lehenengo gauza, sisteman sinestea.



Egon al da saiakerarik?

Bai, ni neroni eskema honetan irakasle izan nintzen orain dela 15 urte. Nik Teknologia irakasten nuen. Ikasleak Teknologia aztertu behar zutenean nire gelara etortzeko aukera zeukaten. Etortzen zirenei hiru asteko lan-programa ematen nien eta beraiek antolatzen zituzten hiru aste horiek, ordu bakoitzean zein gelatara joan eta zer egin erabakiz.

Eskola osoak funtzionatzen zuen eskema honekin eta oso metodo egokia zen. Baina jarraipen ezagatik eta agian irakasleria osoa proiektuarekin bat eginik eta konbentzituta ez zegoelako, ez zuen aurrera egin. Etorkizunari izugarrizko aportazioa egin geniezaiokeen, baina azkenean kendu egin zen.



Zuk, hala ere, sistema hau defendatzen jarraitzen duzu eta Holandan praktikan jarria ikusi duzu. Metodologia hau berriz martxan jartzeko ideiarekin zabiltza?

Bai, hala da."Belkoain proiektua" jarriko dugu martxan datorren ikasturtean eta metodologia honetan oinarritzen da. Boluntarioz osatutako irakasle talde bat bildu gara eta dena zehaztu gabe badago ere, nola antolatu pentsatzen ari gara. Taldearen gestio akademikoa eta funtzionamenduaren antolaketa dozena erdi bat irakasle, ikasle eta gurasoren eskuetan egongo da.

Proiektuaren muina ikaslearen parte hartze aktiboan egongo da. Bakarrik eta taldeka egingo dute lan eta irakaslea laguntzaile edo aholkularia izango da.

Hala ere, irakasleen aldaketa bakarra ez da hau izango. Holandan lan egiten duten ordu kopurua 40koa izanik, prestakuntzarako denbora gehiago dute eta hori ere kontuan eduki behar da. Guk ere aukera hori izango bagenu, edo gutxienez 35 ordu, beste antolaketa bat egin ahal izango genuke.

Horrez gain, irakasleen artean lan-taldeak sortu behar dira. Horretarako denbora behar da eta bideratzen jakin. Guk orain arte arratsalde bat libratzen genuen elkartzeko eta irailetik aurrera bi arratsaldetan hasiko gara. Bestela ezin da talde-lana bultzatu eta jendea animatu.



Premiazkoa ikusten al duzu egungo sistema aldatzea?

Bai. Jasanezina da Euskal Herrian ikasleen erdiak DBH ez gainditzea. Horren aurrean irakasle talde bat ezin da lasai gelditu.

Nik uste dut gure irakasteko eredua erabat zaharkitua gelditu dela. Eskolak errealitate berri baterako prestatu behar gaitu, bizitza osorako formakuntza iraunkorra eskaini behar du. Beraz, sistema arautuak hori prestatu behar du.

Horretarako, paper nagusiak ez du irakaslearen eskuetan egon behar, bakarkako eta taldeko lanetan baizik. Horrek dinamismoa eskatzen du eta hori ez du gure egungo sistemak inondik inora eskaintzen.

Holandan, berriz, hori inbidiaz ikusi dugu eta "Belkoain proiektuarekin" hasteko erabakia hartuta daukagu. Gainera, metodologia honen atzean Leideneko Unibertsitatea dagoela jakitea berme bat da.

Gurasoak ere ados daude proiektuarekin, baina aldi berean beldur dira. Etorkizuna nola datorren ikusten dute baina ikasleak aldatzeko zer metodo aplikatu behar den ez dakite eta hor sortzen zaizkie zalantzak eta kezkak.

Baina Holandan sistema hau orokorrean aplikatzen eta zabaltzen ari dira eta horrek gure asmoa sendotu egiten du.