FREINET, Célestin

2000-01-01
Publizitate kanpaina ororen ametsa izaten da jendeak produktu bat izendatzerakoan daraman markaren izena erabil dezan lortzea. Markak erabilera generikoa izan dezala, alegia. Horixe lortu da hainbat produkturekin: kleenexak daramatzagu autoan, minipimerra erabiltzen dugu edo bimboak jaten ditugu. Lexiko hau erabiltzeak, ordea, ez du esan nahi hitzaren jatorria ezagutzen denik, hiztunen ondare linguistikora pasa dela baizik. Era berean, hezkuntza munduan Freineten teknika ugari (testu librea, eskolako egunkaria, gelako asanblada, lanerako planak, eskolarteko posta trukea eta abar luzea) egunero erabiltzen dira eskoletan benetako jatorria ezagutzen ez delarik.
 
 
Moliéreren "Le bourgeois gentilhomme" komediako monsieur Jourdainek bizi guztia zeraman prosan hitz egiten prosan ari zela jakin gabe. Halatsu, gela askotan burutzen dira Freinetek sortutako teknikak pedagogoaren arrastorik ere izan gabe. Arestian aipatu produktu horiek bezalaxe, hezitzaile askoren baliabideen multzora pasa dira besterik gabe.

Pedagogo "inprimatzailearen" garrantzia begibistakoa da. Freineten lan teorikoek eta praktikoek ikaragarri aberastu dute pedagogiaren arloa, eta oraindik ere indarrean dihardute gaur egun. Batez ere haren lan egiteko era kooperatiboa izan zen irakasle lantaldeak sorrarazi zituena herrialde ugaritan, eta honek haren planaren jarraipena ahalbidetu izan du, ez hasiera hartako ekintzen kopia egiteko asmoz (zaharkitutako eta erdoildutako kopia bat baino ez baitzitekeen izango), baizik eta lan haren beste alde batzuren garapenari ekiteko helburuarekin.

Internetera joz gero, Freinet mugimenduaren aztarnak bost kontinentetan zehar noraino heltzen diren ikus dezakegu. Webeko http://www.lander.es/freinet orria irekiz gero, nazioarteko orri askotara irits gaitezke, eta horien artean Eskola Modernoaren Mugimenduen Nazioarteko Federaziora (FIMEM) ere bai.



Zenbait ohar bibliografiko

Gerratean, XX. mendeko garairik sortzaileenetakoan hain zuzen, gorpuztu zuen Célestin Freinetek bere metodologiaren gehiengoa. Geroxeago, 1940an, kontzentrazio-esparru batean egon zenean idatzi zituen aurretik izandako esperientzien hausnarketaren ondorioz bere lan garrantzitsuenak.

Freineten hezitzaile lana 1920n hasi zen, Frantziako hegoaldean Bar-sur-Loup-eko maisu izendatu zutenean. Freinet, ordea, ez zen bat etortzen eskola tradizionalaren ezaugarriekin; ez fisikoki, Verduneko guduan izandako biriketako zaurien ondorioak jasaten ari zelako orduan; ez eta ideologigoki, indarrean zegoen metodologiaren kontra zegoelako. Egoera honek bultzatuta, eskola berri bati buruzko ideia lantzen hasten da eskolako pedagogiaren berrikuntzaren bila.

Beste lankide batzuekin batera, "L´Ecole Emancipèe" izeneko aldizkaria argitaratzen hasi zen. 1932n "L´Educateur Proletarien" izena hartuko du eta hurrengo urtetan, berriz, zentsurak aginduta "L´Educateur" izen soilarekin argitaratuko da. Aldizkari honetan zabalduko dira gerora Eskola Modernoa izendatua izango den eskolaren ideiak eta praxia.

1926n bera bezala irakasle zen Eliserekin ezkondu zen. Eta Elise berak zioenez, ekintzaz eta pentsakeraz Freineten kolaboratzaile izango zen ondorengo 40 urtetan1.

Urte hartan bertan argitaratzen du Freinetek "L´Imprimerie à l´école" liburua. Hemen azaltzen du eskolan inprimategia erabiliz burutu duen bi urteko esperientzia. Hurrengo urtean "Inprimategia eskolan" izenburupean burutzen da irakasle inprimatzaileen lehen biltzarra. 1928an Saint Paul de Vence-ko eskolara bildatzen dute, eta han sortzen du Irakaskuntza Laikoaren Kooperatiba (CEL). Kooperatiba honen helburua lanerako baliabide berriak sortzea zen, eta eskola modernoaren praktikan parte hartzen zuten irakasleen arteko elkargunea izatea.

1933an Freineten aurka burutu zen kanpaina luze eta gogorraren ondoren, Vencen irakasten jarraitzea debekatzen zaio, eta Hezkuntza Ministeritzatik bertatik agintzen dute lekuz alda dezaten. Freinetek ez du onartzen, ez eta bere lanean amore ematen, eta 1935eko urrian irekiko du bere eskola propioa, pribatua eta esperimentala, Pioulier-en, Venceren barrutian.

1940an II. Mundu Gerra hasi eta berehala atxilotua izan zen bere ekimen pedagogiko eta sindikalengatik, eta Saint Maximin-eko (Var) kontzentrazio-esparrura eramana izan zen. Han idatziko zituen heldutasun handiena agertzen duten lanak: "Lanaren eskola", "Ahaleginen bidezko esperientzia" eta "Psikologia sentiberaren entseiua", hain zuzen.

1941ean askatua izan zen eta Briançon herrialdeko erresistentzia taldeekin arituko da. 1947an bere Venceko eskola irekiko du berriro. Ordurako badaude kooperatiboki lanean diharduten lankideak eta hobeto antolaturik egoteko ICEM sortzen dute, L´Institut de Cooperation d´Ecole Moderne. Handik aurrera Irakaskuntza Laikoaren Kooperatiba (CEL) argitarapen lanetarako erabiliko dute soilik.

II. Mundu Gerraren amaieraren ondoren, "L´Ecole Moderne Française" idazten du 1946an. Lan gehienbat praktikoa zen hau, bere azpitituluak argi adierazten zuen bezalaxe: "Herri eskolako antolaketa material, tekniko eta pedagogikoaren gida praktikoa". Beranduago, 1959an, "Mateoren esanak" idazten du eta bertan Freinetek berak zioen bezalaxe "zentzuzkoa den pedagogiaren ezaugarriak" azaltzen ditu. 1964ean Freineten testamendu pedagogikoa den "Les invarians pedagogiques" argitaratzen du. Hemen bere irakaskuntza urte guztietan eraikitako jakintza biltzen du. Pedagogikoki, sindikalki eta politikoki jardun zuen langile nekaezina izan zen Freinet.

Haren ekarpenek hartu zuten zabalkundea zela eta, Nantesen Asociation International de L´ecole Moderne (FIMEM) izeneko elkartea eratu zen 1957an. Handik sortuko dira nazioarteko hezitzaileen topaketak, RIDEF izenekoak (Recontres Internationales del Educateurs Freinet).

1965eko urriaren 8an hil zen Freinet bat-batean. Familia nekazari batean jaioa zen 1896ko urrian Gars-en, itsasaldeko Alpeetako herrixka batean. Hantxe igaro zituen lehen urteak, eta bertako kultura hark arrasto sakona utziko zion bere bizian. Freinetek berak esan zuen bezala, "nire pedagogo talentu bakarra nire haurtzaroaren hain oroimen osoa gorde izana da, haur bat bezala sentitzen eta ulertzen ditut hezitzen ditudan haurrak"2.

Esan daiteke Célestin Freineten lanaren luzapen naturala dela bere kidea zen Elise Freinetena. Elisek eskolan elkarrekin burututako esperientziak azaltzen zituen lan pedagogikoak argitaratzen jarraitu zuen, harik eta 1983an Vencen hil zen arte. Eta berarekin amaitu zen Freineten lanaren sistematizazio eta gauzapen teorikoa.



Teoria

Freinetek eskola tradizionalari egiten zion kritika Eskola Berriko teorikoek esaten zuten berbera da funtsean: eskolaren eskaintzaren eta pertsona banakoen arteko desfasea. Eskola tradizionala zientifista eta hitzezkoa da, zientzia eta irakaslea (jakinduriaren jabea) mitifikatu egiten ditu. Eskola tradizionala, gainera, eskolastikoa ere bada, honoko esanahi hauekin guztiekin: autoritarismo eta dogmazalea da, memoria eta pasibitatea bultzatzen duena, eta eskola bere ingurunearekiko sakabanatuta eta isolatuta egotea bideratzen duena.

Freinetek, hala ere, ez zuen bere burua Eskola Berriko pedagogoen pareko jartzen, hauei erreformatzaile baitzeritzen, bai didaktikoki eta bai ideologikoki.

Hori horrela izanda ere, Freineten pedagogia eta Eskola Modernoak indarrean badihardute oraindik, gutxienez hiru arrazoi hauengatik izan da batik bat: lehenengoa, oinarriengatik , hots, ardura, autonomia eta kooperazioaren balore unibertsaletan oinarritzen delako; bigarren, Freineten pedagogiak iradokitutako printzipio eta tekniken baliagarritasunagatik; eta hirugarrena, ber nazioarteko ezarpenagatik , gure garaiko bi ezaugarrietara egokitu delarik (arazoen mundializaziora eta banakoen berezitasunei zor zaien benetako errespetuaren eskakizunetara).



Herri Eskola Moderno baterako metodologiaren oinarriak3

Eskola Modernoa modernoa da gizartearen egoera berrietara moldatzen eta gaurkotzen ahalegintzen delako. Herrikoia, berriz, klaserik eta esplotaziorik gabeko gizarte bateko kideen formazioa izango duelako helburu. Hauetxek dira Herri Eskola Modernoaren printzipioak edo oinarriak:

1.- Hezkuntzaren helburua: hezkuntzaren helburua bere zerbitzuan eta norberaren zerbitzuan dagoen komunitate razional bateko haurren pertsonalitateen garapena da.

2.- Haurrengan zentratutako eskola: eskola tradizionala transmititu behar zuen jakintzan zentraturik zegoen. Herri Eskola, berriz, haurraren oinarrizko beharretan zentratuko da.

3.- Haurrak bere kasa eraikitzen du bere nortasuna gure, irakasleon eta helduon, laguntzaz.

4.- Etorkizuneko eskola lanaren eskola izango da.

5.- Ondo hezitako buruak eta esku beteak bai, zahagi beteak ez: ekintza eraikitzaileen bidezko formazioa behar du izan, eta ez instrukzio pasiboa eta formal hutsa.

6.- Lan antolaketatik sorturiko diziplina razionala.

7.- XX. mendeko eskola XX. mendeko jendearentzat: eskola garaiko aurrerapenei egokitu beharko da.

8.- Behe-behetik ekingo zaio eskolaren modernizazioari: oinarria eguneroko bizitzan baitago, errealitatean.

9.- Moldaketa honen konplexutasun soziala: ez da eskolaren behar sozial bat bakarrik ere ahaztu behar edo kanpoan utzi behar.

10.- Eskola ezin da Herri Eskola izan gizarte herrikoirik gabe: eskola, ez ohiko kasuak salbu, ez dago inoiz gizartearen aurrerapenaren buruan, lorpen sozialen atzetik doa beti. Baina hala eta guztiz ere, posible da atzerapen hori gutxitzea edo txikitzea.



Teknika azpimarragarrienak

Teknika freinetiarrak arazo akademikoei ez, baizik eta benetako arazoei erantzun bat emateko antolatutakoak dira, hots, inguru sozio-kulturala ezagutzeko beharrari, besteekin komunikatzeko beharrari eta eguneroko arazo matematikoei soluzio bat eskaintzeko beharrari. Ulertzeko era honek eskolako ekintzak bizitzako ekintzetan bihurtzen ditu.

Freinetek nahiago zuen teknika hitza erabiltzea, eta ez metodoa, azken honek gauza zurrun eta zorrotzaren sentsazioa ematen baitu. Teknikak, aldiz, aldagarriak dira, ez dira berdinak gaur egun eta sortu zirenean, eta baldintzen arabera eraldatzen joaten dira. Orain aipatuko ditugu Freineten teknika haietako batzuk:

- Testu librea: Freinetek testu librearen bidez ematen dio hitza haurrari, eta ekintza soil honek garrantzi itzela hartzen du.

- Bizitzaren liburua: testu librea lehenengo, eta bizitzaren liburua geroxeago, izango dira funtsezko bi elementuak. Hauek eramango dute Freinet testu liburuak ez erabiltzearen aldekoa izatera, haurrek beraiek idatzi eta inprimatutako liburuek ordezkatuko dituztelarik.

- Klaseko kooperatiba: haurren elkarteak berak egituratuko du eskolako bizitza.

- Eskolarteko posta trukea: Bar-sur-Loup-eko eskolako haurrek hauxe idatzi zien Trégunc-eko haur bretoiei: "Ez gaude bakarrik". Gelak mundura irekitzen zuen leihoa, hormen muga estua hautsiz.

- Lanerako liburutegia: gela bakoitzak bere lanerako liburutegia osatuko du, ikasleei lagunduko dien materialez horniturik. Atal honetan daude BTren (Bibliotheque du travail) liburuak, irakasle eta ikasleen arteko lan kolektiboaren emaitzak jasotzen dituzten monografikoak. Liburutegi hau testu liburu bakarraren alternatiba da.

- Laneko planak: aurretik ezarritako, norbaitek agindutako edo kanpotik datorren lana egin beharrean, eskolako lana elkarrekin denen artean antolatzen da.

- Kalkulu bizia: praktikatik sortuko da teoria, abiapuntua haurraren esperientzia izango delarik.

- Hitzaldiak: informazio bilaketa, antolaketa, sistematizazioa eta beraz, komunikazioaren hobekuntza bultza-tzen dute hitzaldiek, eta sarritan kontsultatzeko liburu bihur daitezke lanerako liburutegian.

- Asanblada: gelako asanblada teknika erabakigarria da, bertan lan proposamenak azaldu eta erabakitzen dira, eta baita afektibotasuna landu ere zoriontzeko, kritikatzeko edota proposatzeko uneen eskutik.

- Eskolako baratza.

- Eskolako egunkaria.

- Autozuzenketarako fitxategiak.



Freineten pedagogiaren zabalkundea

Kooperazioaren ideia eta hura praktikara eramatea dira pedagogia freinetiarraren ezaugarririk berezkoenak. Kooperazioak beste pertsona eta toki askori irekiak izatea dakar berarekin. Horren ondorioz, haren teorien hedapena ere berezkoa du Freineten pedagogiak.

50eko hamarkadan sortutako FINEMen Freineten eragina zabaldu du bost kontinentetan zehar, nahiz haren sorrera baino lehenago ere bazeuden Freineten jarraitzaile ziren herrialdeko taldeak eta nazionalak ere.

Hego Euskal Herrian gerra zibilak etendako bi etapa bereiz daitezke.

1931n sortu zen Bilbon irakasle euskaldunen taldea, STVren (Sindicato de Trabajadores Vascos)4 sail bat bezala. Haiek euskal kultura, kontzientzia askatasuna eta elebitasuna defendatzen zuten, eta inspirazio iturrietako bat Freinet izan zuten.

Epe luze eta ilun baten ondoren, 60ko hamarkadaren amaieran berragertzen da pedagogo inprimatzailea, eta hau nabaria izango da Hegoaldeko ikastolak sortzen direnean, eta baita Seaskaren sorreran ere.

1987ko udan Pasaiako ikastolako Nekane Auzmendi eta Lasarte-Oriako Arantxa Mendizabal irakasleak joan ziren lehen aldiz Frantziako Montaban-era Freineten ikastaro batean parte hartzera.

Bestalde, ICEMek argitaratzen zuen "Haur Artea" aldizkarian Freineten pedagogiaren berri agertzen zen maiz, eta argitalpenaren bidez Jose Luis Sistiaga margolaria mugimendu pedagogiko hartaz interesatu eta harremanetan jarri zen Baionako hainbat irakaslerekin.

Pakita Arregik, egun Donostiako Pedagogia Fakultateko irakaslea denak dioenez5, 60ko hamarkadaren bukaeran Elise Freinetekin harremanetan jarri ziren, eta baita Freineten teoriak gauzatzen ari ziren Iparraldeko eskola publikoetako irakasleekin.

1968an Seaska sortu zenean, Freineten teoria hartu zen eskola tradizionalaren alternatibatzat. Urte berean sortu zen Gordailu taldea Donostian. Talde honek lanerako liburutegian oinarritutako eskolako materiala argitaratzeari ekin zion, eta haien artean aipatzekoa da Ikastola Liburutegia bilduma.

1969an Freineten aditzera zuten hainbat jende bildu zen Santanderren. Jardunaldi hartan ikastoletako hainbat irakasleez gain, Arrasateko Kooperatibetako hainbat ama ere bildu ziren, beren seme-alabentzat eskola berria sortu nahi baitzuten. Orduz geroztik, askotan egin ziren halako elkartrukeak, eta kongresu askotan parte hartu ere bai.

1972an Irakasleen Liburutegia izeneko bilduma kaleratu zen Irakasleen Elkartearen eskutik. Liburu hauek izan ziren euskaraz argitaratutako lehen liburu pedagogikoen bilduma osatu zutenak. Txillardegik Larresoro ezizenarekin6 Freineten bost lan itzuli zituen.

1985ean MCEPren (Herri Eskolen Mugimendu Kooperatiboa) XII. Kongresua burutzen da Hernanin, eta 1998an XXVI. Kongresua Urnietan, biak Euskal Herriko taldeak antolatuta.

1992an legeztatuko da Herri Eskolaren Mugimendu Kooperatiboa, berrikuntza pedagogikoaren mugimenduko eta Freineten pedagogiaren inguruko mugimenduko kide delarik. Gaur egun Autonomia Erkidegoko irakasleak hartzen dute parte, baina lehenago Nafarroakoak ere egon ohi ziren elkartean.

Freineten eragina gure artean oso zabala izan dela esan daiteke, bere teknikak asko erabiltzen baitira. Baina Freineten inguruko mugimendua oso da txikia hemen, eta gutxi batzuk besterik ez dihardute teknika bere osotasunean lantzen.



Helbide interesgarriak

- http://www.lander.es/freinet

- http://freinet.org/fimem

- langile@ikastola.net





Bibliografia:



Célestin Freineten lanak frantsesez:

- Appel aux parents. Editions d L´Ecole Moderne. Cannes. 1969.

- Bandes enseignantes et programmation. Bibliothéque Ecole Moderne. Cannes. 1966.

- Les techniques Freinet de l´Ecole moderne. Librairie Armand Colin. Paris. 1964.

- Guide pratique pour l´organisation matèrielle, technique et pédagogique de l´ecole populaire. Maspero. Paris. 1969.



Elise Freineten lanak frantsesez:

- L´ecole Freinet, reserve d´enfants. Maspero. Paris. 1975.

- La santé de l´enfant. La Table Ronde. Paris 1962.



Célestin Freineten lanak euskaraz:

- Larresorok euskaratu zituen bost liburuak 1972. urtean. Irakasleen Liburutegia.



Célestin Freineten lanak gaztelaniaz:

- Los métodos naturales. Tomo I: El aprendizaje de la lengua; tomo II: El aprendizaje del dibujo; tomo III: El aprendizaje de la escritura. Editorial Fontanella. Barcelona.

- Técnicas Freinet de la escuela moderna. Siglo XXI Editores. México. 1969.

- La escuela moderna francesa. Una pedagogí­a de sentido común. Los dichos de Mateo. Las invariantes pedagógicas. Prólogo de Herminio Barreiro. Ediciones Morata. Madrid. 1996.

- Por una escuela del pueblo. Editorial Laia. Barcelona. 1975.

- La enseñanza del cálculo. Editorial Laia. B.E.M, vol 10. Barcelona. 1973.

- La salud mental de los niños. Editorial Laia, B.E.M, vol 11. Barcelona. 1982.



Elise Freineten lanak gaztelaniaz:

- Nacimiento de una pedagogí­a popular. Historia de una escuela moderna. Editorial Laia. Barcelona. 1977.

- La trayectoria de Célestin Freinet. La libre expresión en la pedagogí­a Freinet. Editorial Gedisa. Barcelona. 1978.

- La escuela Freinet. Los niños en un medio natural. Editorial Laia. Barcelona. 1981.

- Dibujos y pinturas de niños. Editorial Laia, B.E.M vol.6. Barcelona. 1978.



Freineti buruzko testuak:

- PIATON, G.: El pensamiento pedagógico de Célestin Freinet. Marsiega. Madrid. 1975.

- GONZALEZ MONTEAGUDO, JOSE: La pedagogí­a de Celestin Freinet: Contexto, bases teóricas, influencia. Centro de Investigación y Documentación Educativa.. Madrid 1988.

- PETTINI, A.: Célestin Freinet y sus técnicas. Sí­gueme. Salamanca. 1977.

- BERTELOOT, C. eta BARRE, M.: Aspectos terapéuticos de la pedagogí­a Freinet. Editorial Laia, B.E.M, vol. 22.

- VV AA.: La pedagogí­a Freinet por quienes la practican. 19 experiencias escolares. Versión de Ricardo Sanvicente. Editorial Laia. Barcelona. 1979.





Oharra:

1 Freinet, Elise. Prólogo en Freinet, C. El equlibrio mental del niño. Laia. Barcelona 1979.

2 FREINET, Elise. La escuela Freinet. Los niños en un medio natural. Laia. Barcelona 1981.

3 FREINET Célestin. Por una escuela del pueblo. Laia. Barcelona 1975. Josep Alcobéren itzulpena.

4 LOPEZ ATXURRA, Rafael. Cultura, educación y estudios vascos (kronologia).

5 Ikastola aldizkaria, 61. zka. 1997ko apirila. 6-8 orrialdetan.

6 Hik Hasi aldizkaria, 14. zka. 1997ko urtarrila. 8-10 orrialdetan.