Hezkuntzarako Aholkularitza Zerbitzuak. Laguntza pedagogikoen nondik norakoak

2000-03-01
Irakasle izateko ikasketak ez dira titulua jasotzearekin amaitzen. Lanbide honetan jarduteak gure ezagutza etengabe gehitzea eta berrikuntzei irekia egotea eskatzen du. Horretan laguntzeko daude irakasleentzako aholku zerbitzuak: EAEn PATak, Nafarroan ILZk eta Iparraldean sare bakoitzak berea.
 
 
Aholku zerbitzu hauen helburua irakaskuntza-ikaskuntza prozesu osoaren kalitatea hobetzea da. Era berean, ikastetxeetan aldaketa, ikerketa, berrikuntza eta esperimentaziorako prozesuak bultzatzea. Horretarako, laguntza zerbitzu horietan espezialistak eta aholkulariak egoten dira. Aipatu helburuak lortzeko proiektuak diseinatzen eta aplikatzen laguntzea da beraien egitekoa, ikastetxeei prestakuntza eta aholkularitza eskaintzea.

Lan hori bideratzeko, eskualdeka banatuta daude, eta bakoitzak bere eremu geografikoko ikastetxeekin du harremana. Eskualde bakoitzeko ikastetxe publiko zein pribatuetakoek jo dezakete zerbitzu horietara, betiere unibertsitatez kanpoko irakaskuntza mailetakoek.

Laguntza zerbitzuen egitekoa eremu bat baino gehiagotara zabaltzen da: aholkularitza, prestakuntza, berrikuntza, esperimentazio eta ikerketa, baliabideen kudeaketa eta sor litezkeen beste eremuetara. Horietako bakoitzean eremu horri dagokion laguntza eskaintzen dute.

Gaur egun Nafarroan sei dira Irakasleentzako Laguntza Zentroak (ILZ): Lizarran, Lekarozen, Tafallan eta Tuteran bana eta Iruñean bi. Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 22 daude: Araban 2, Bizkaian 12 eta Gipuzkoan 8. Iparraldean, berriz, sare bakoitzak bere aholkularitza pedagogikoa du.

Sare publikoan aholkularitza hori bitan banatua dago: bata lehen mailako irakasleentzat eta bestea bigarren mailakoentzat. Lehen mailakoak eskualdeka antolatzen dira; Iparraldean lau eskualde daudenez, lau aholkularitza daude. Bakoitzak bi edo hiru aholkulari ditu. Horrez gain, beharren edo eskaeren arabera zuzenki laguntza ematen dutenak ere badira, eta ministeritzak antolatzen dituen formakuntza jarraikiko ikastaldietan animatzaile gisa parte hartzen dutenak ere bai. Bigarren mailan, aholkulari eta ikuskari lana egiten dutenak "Inspecteur Pédagogique Régional" deitzen dira eta gai bakoitzak bere aholkularia edo aholkulariak ditu: euskarak bat, ingelesak bi, espainolak bat, matematikak bat...

Horien ondoan dokumentazio pedagogikoko zentroak ere badira, departamendu mailan, Akitanian eta Parisen. Materiala eta lagutnza teknikoa eskaintzen dute.

Bestalde, Seaskak Baionan du bere aholkularitza pedagogikoa. Han jarduten dira aholkulari pedagogiko, formatzaile, pedagogo eta psikologo bana. Bulegoan nahiz ikastetxeetan eskaintzen dituzte ikastaroak, formakuntza jarraia eta premia berezietarako laguntzak.

Eskola giristinoetan ere funtzio hori betetzen duen aholkularitza dute Baionan. Lehen eta bigarren mailako irakasleentzako zerbitzua da, eta beste sareetan bezala, irakasleen beharretara bideraturik dago.



Aholkularitzen filosofia

EAEn eta Nafarroan, Iparraldean ez bezala, aholkularitzak ez daude sareka banatuta. EAEko PATak eta Nafarroako ILZak sare publiko nahiz pribatuko ikastetxeentzat eta irakasleentzat daude, eta guztiei eskaintzen die laguntza eta aholkularitza. Horien beharrei erantzuteko daude, eta premia eta eskaerak kontua harturik antolatzen dira.

EAEren kasuan,1990ean LOGSE indarrean jarri zenetik, etapa bakoitzean bere bilakaera prozesuari jarraitu zaio. Gaur egun eta etorkizunari begira, ikastetxeek etapaka agertzen dituzten premia orokorrak IDCk egindako lan-dokumentuan azaltzen dira. "Laguntza Zerbitzuak EAEn" da dokumentu hori, eta besteak beste, bi puntu hauek aipatzen dira:

a) Haur eta Lehen Hezkuntzako ikastetxeek jarduera profesionalak sendotzeko prozesuan dihardute. Aholkularitza ondoko gaietan gauzatzen da: irakasleen hausnarketa sistematikorako prozesuak irakasle talde gisa lan egiteko, curriculum proposamen koherente eta artikulatua prestatzeko eta berrikuntzen ezarpena errazteko.

b) Bigarren Hezkuntzako ikastetxeak curriculum berria eta antolakuntza era berriak ezartzen ari dira une honetan. Hori dela eta, hainbat arazo sortzen dira: irakasleak egokitzeko zailtasunak, kultura eta sinesmen pertsonalen egokipena eta abar. Beraz, etapa honetan planteatzen diren arazoei erantzun behar zaie: aniztasuna aintzat hartu beharra, hezkuntza laguntza, bizikidetza arazoak, curriculum proposamen berrien esperimentazioa... Honek guztiak irakasleen estrategia egoera berriari egokitu behar zaiola eta hezkuntza egitura berriak aurreikusi behar direla esan nahi du.

Aholkularitza horietan curriculumaren arlo berezien inguruan aholkularitza eskaintzen da, nahiz eta DBHn zalantzarik gehienak prozesu didaktikoek sortzen dituzten, edukiek baino askoz gehiago -nola heldu ikasle bakoitzarengana, aniztasunari erantzun egokia eskaini, autoerregulazioa ikaskuntzan, ahaleginari nola eutsi ikasleak lanean ari diren bitartean eta abar-. Gero eta garrantzi handiago ematen zaie gai orokorrei, hala nola talde lanari (taldean, zikloan, arloan...), gatazkak konpontzeko erari, eskolako bizikidetzaren hobekuntzari, tutoreen lanari, orientabideari eta abar.

DBHOko irakasleek (Batxilergoa eta Heziketa Zikloak) eguneratze zientifikoa eta teknologikoa behar dute, betiere metodo didaktiko egokiei eutsiz, curriculuma berrikusiz eta esperientziak trukatuz.



Aholkularien lana gertutik ezagutuz

PAT eta ILZ bakoitzak bere berezitasunak ditu, eskualdeko ikastetxeetako egoera, premia eta eskaeretara egokitzen baitira, eta horren arabera egiten baitute lan. Guztiak ezagutzea, beraz, ezinezkoa da, baina batera hurbildu gara, Ordizikora zehazki esanda, eta solasean aritu gara azken urte hauetan eramandako prozesua ezagutzeko.

Ordiziko PATa, hasieratik Hezkuntza Sailak bultzatu zuen proiektuari jarraiki (EHUko Pedagogia Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolaketa Sailekoek sustatua), bere ibilbidean zehar esku-hartze eredua eraikitzen joan da. Ikastetxeetan eta eskualdean aholkularitza sistematikoa garatu dute prozesuetan oinarrituz. Aholkularitza ulertzeko era bat sortu dute, taldearen antolamenduan oinarrituz egin dute lana, eta bailarako ikastetxeetan hainbat ekimen sustatu dituzte. Horrien berri doakizue hurrengo lerroetan.

Ikastetxeak eta zonaldea, bere osotasunean, izan dira oinarrizko lan eremuak. Lehenengoan, ikaslea -ikastaldea- ardatza izanik eta bizikidetzaren printzipioak zutabe izanik, ikasleen gaitasunen garapenean eta irakasleen lanean laguntzea izan da aholkularien lana (HSALO-LOGSE, EEPL-LEPV); eta bigarrenean, eskualdeko sareen antolaketa eta koordinaketa ikasle bakoitzari eta guztiei ongizatea eskain diezaieten. Horrez gain, ikastetxeen arteko kolaborazio harremana bultzatzen, erakunde ezberdinen programen koherentzia bilatzen eta ikasleengan eragin positiboa berma dezaten saiatu dira.

Laguntza zerbitzuaren lana ikastetxeetako eta eskualdeko beharretan datzalarik, marko berriari hurbiltzen joango zaion prozesu eraikitzailea (bai antolamendu eta bai curriculum mailan) ikastetxeetan sustatzen, animatzen, bideratzen, operatibizatzen eta errazten lagundu dute aholkulariek. Eginbeharrak birpentsatuz, aztertuz, hausnarketa bideratuz eta kontrastatuz, hurrengo pausoak hobekuntza prozesuan zehazten eta egokitzen joan dira, betiere talde lanean eta modu kooperatiboan oinarrituta.

Aholkularitzaren izatea eta eginbeharrak Euskal Eskola Publikoaren Legeak definitzen ditu, eta kalitatezkoa izan dadin, Laguntza Zerbitzuak profesionaltasunez eta sinesgarritasunez garatu behar ditu: zerbitzuak berak etengabeko hobekuntza prozesuan murgilduta egon behar du, aholkatzen duena esperimentatu eta baloratu behar du bere barnean eta kanpoko aholkularitzarekin kontrastatu (Ordiziko PATak, prozesu guztian zehar, EHUko Pedagogia Fakultateko Didaktika eta Eskola Antolaketa Saileko eta Orcasitas Taldeko irakaslea den Javi Galarreta izan du aholkulari).



Ikastetxeetako esku-hartzea

Didaktika eta curriculum proiektuak garatzeko, ikaslea muina izanik, ezinbestekoa izan da antolaketan ere aurrerapausoak ematea eginkizun horri era funtzional batean erantzuteko eta, bide batez, eskola, instituzio gisa, era demokratiko eta partizipatiboan eraikitzen joateko: gelako irakasle taldea sortu behar da tutorea koordinatzaile delarik; mailako edo zikloko tutoreak bildu behar dute zikloko koordinatzailearekin; Pedagogia batzordeak zikloko koordinatzaileak, orientatzaileak eta ikasketa buruak elkartu egin behar dute; Zuzendaritza koordinatua izan behar du... (ikus ikastetxeko organigramaren eranskina).

Irakakuntzaren prozesu dinamiko horren bilakaeran aholkularitzak ikastetxe guztiei bere kolaborazioa eskaini die, aholkularitzaren azken xedea irakasleek beren praktika hobetu, elkar jakintza sortu eta formazio iturria bihurtzea izanik (betiere instituzio gisa eta proiektu bateraturantz). Horrela, profesionala bere lanaz jabetuko da, eta bere eginbeharra ulertzerakoan bere erantzukizunetik ekarpen positiboak proposatuko dizkio bere kolektiboari. Norberaren prozesua aberatsagoa eta eraginkorragoa izango da talde funtzionaletan gertatzen bada.

Lanerako marko teorikoa "Ikerketa-ekintza" ikuspegitik gauzatzen da. Eskaera eta testuinguruaren arabera, ikastetxe bakoitzean parte hartzen duten aholkulariek beren lan hipotesiak proiektatu eta garatuko dituzte, eta ikastetxe bakoitzaren Eskuhartze Proiektuan (IEP) definituak izango dira. Ikastetxeko aholkulari guztiek harutko dute parte proiektu horretan. Zentroak egin duen eskaera eta aholkulariek garatutako hipotesien artean, negoziazioa eta elkarrekin lana egiteko plana zehazten da. Hau da, aholkularitza eta zerbitzua jasoko duen irakasleriaren artean lan planifikazio adostu bat bideratzen da, non hitzartutako konpromiso batzuk dauden, eta behar eta aurreiritzien arteko orekara hurbiltzen den. Aholkulariak arazoak konpondu baino gehiago, horiek bideratzea errazten du. Irtenbidea nondik norakoa izan daitekeen bilatzen, hausnartzen, laguntzen du. Aholkulariaren esku-hartze prozesua, prozesua den heinean, bilakaeran aurrera doala definitzen da; hau da, prozesuak berak zehazten du esku-hartzea, baina norabidea argi izanda.

Ondorioz, aldaketen protagonista irakasleak dira, beraiek pentsatutakoak ondorioztatzen baitu aldaketa, aholkularia bidelagun izango dutelarik.



Eskualdean esku-hartzea

Laguntza Zerbitzuak eskualdeko ikastetxeen koordinazioa eta elkartrukaketa bultzatzen du, non ikastetxe bakoitzak daraman prozesua errazten eta kontrastatzen den eskualdeko mintegien eta prestakuntza saioen bidez. Bakoitzaren dinamikatik abiatuta, ikastetxe guztien artean helburu komun batzuk aurrera eramaten dira. Hau guztia posible izateko, aholkularion esku-hartzea foro hauetan gauzatzen da:

-Ikastetxeetako zuzendarien osoko bilkurak eta etapaka egiten diren bilkurak.

-Azpizonaldekako etapen arteko (Lehen eta Bigarren Hezkuntza) zuzendarien mintegiak: Beasain aldea, Ordizia aldea, Legazpia aldea eta Urretxu-Zumarraga aldea.

-Mintegiak (hainbat arlotakoak): Lehen Hezkuntzako PTak, DBHko PTak, Orientatzaileak, Laguntzaileak, DBHko ebaluazioa, Lehen Hezkuntzako eta DBHko Tutoretzak (Tutorea, Gelako Irakasle Taldearen koordinatzailea), Musika, Ingelera, Normalkuntza, Hizkuntzaren eta Matematikaren Didaktika ikuspegi eraikitzailetik, Teknologia, Gorputz Hezkuntza...

-Maiatzeko Topaketak: urtean zehar egindako proiektuen elkartrukaketak ikastetxeen artean, eskualdetik kanpo antzeko esperientziak eramandako arduradunekin kontrasteak, eta marko teorikoan ikertu duten eta aditu direnekin formakuntza.

-GARATU ikastaroak eskualdean.

Hezkuntza sareak, eskualdeka, hezkuntza ez unibertsitarioan diharduen ikasleriari (0-20 urte bitarteko populazio osoari) erantzun behar dio, denek aukera berdinak izateko xedearekin. Horretarako beste sareekin (hots, Osakidetza, Enplegua, Kultura, Ongizatea... ), erakundeekin zein programekin ekimen koordinatuak garatzea ezinbestekoa da. Laguntza Zerbitzuek lagun dezakete sareen arteko kolaborazioa bideratzen, programa desberdinen koherentziak gainbegiratzen, zerbitzuen arteko gabeziak detektatzen, zerbitzu berriak sortzeko pausoak ematen, dauden zerbitzuak errentagarri egiten koordinaketaren bidez...

Urteotan Ordiziko eskualdean hainbat pauso eman dira prozesu batzuk irekiz. Izan ere, Hezkuntza sareari baitagokio, aipatu helburuari jarraiki, ikasleriari erantzun egokiak emateko erakundeen egituratzearen lidergoa izatea.



Aholkularitzaren muina

Aholkularia eta bezeroaren arteko erlazioa kolaboraziozkoa da, eta denboraz mugatua, biek erabakiko dutelarik iraupena. Aholkulariak bere lana gauzatzean, honako estrategiak erabiltzen ditu: beharrak detektatu, lehentasunak ezartzen eta helburuen definizioan trebatzen lagundu, eta helburuen lorpenerako lan planifikazioaren definizio, garapen eta ebaluaketa prozesuetan gaitzen lagundu. Horretarako, zera egin behar du aholkulariak:

- Entzun eta galdetu, ulertutakoa itzuliz.

- Aukera desberdinak eskaini, prozesuan kokatu, emandako pausoak gogoratu eta kontziente egin.

- Proposamenak modu egokian aurkeztu.

- Ikuspuntu zabalak mahai gaineratu.

- Trebetasunak irakatsi (curriculumean, talde dinamikan eta antolamenduan).

- Irakasleei, koordinatzaileei, batzar organoei... ikuspegi eraikitzailez bidean lagundu.

- Bitartekari izan gatazken ebazpenetan.

- Harremanak eta giro sozio-afektiboa bultzatu.

Aholkularitza zerbitzua ezin da banakako lanen pilaketa soilean oinarritu, talde lanean ardaztu behar du bere eginkizuna, horrek bermatuko baitu:

- Ikastetxeko (eta eskualdeko) esku-hartzea elkar osatzea eta horri koherentzia ematea.

- Hausnarketa prozesua elkarrekin garatzea fase hauen arabera: pentsatutakoa jakinarazi, kontrastatu eta taldearen birformulaketa jaso (entzun eta entzuten zaituzte, aholkatu eta aholkatzen zaituzte).

- Besteen begietatik ikustea.

- Eguneroko lana talde erantzukizun modura ulertzea.

- Esku-hartzean asmatzeko berma handiagoa lortzea.

Proiektua garatzeko Laguntza Zerbitzuen egituraketa funtzionala (ikus organigrama)

Orain arte aipatutako laguntza aurrera eramateko, Laguntza Zerbitzuetan hainbat talde eta batzorde daude:

- IAT (Ikastetxeko Aholkulari Taldea): ikastetxea ardatz bada, antolaketaren oinarrian ikastetxean esku-hartzen duen Aholkulari Taldeak egon behar du, aholkulari arduradunak koordinatua egongo delarik. Taldearen lan proiektua IEPa (Ikastetxeko Esku-hartze Proiektua) da, helburuak eta berauek gauzatzeko aholkulari bakoitzaren plangintza zehazten duena. Plangintza hori ikastetxe horretan esku-hartzen duten aholkularien artean adosten da; ikastetxeko aholkulari arduraduna, Multiko aholkularia eta zenbait kasutan mintegietako aholkularia. Aipatutako dokumentua elkarlanean sistematizatutako bileratan definitu eta gainbegiratzen da.

- AAB (Aholkulari Arduradunen Batzordeak) eta Talde Multiprofesionaleko batzordea: ikastetxeko aholkulari arduradunek (Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoek) eta Multiak osatutako hiru batzorde dira. Bakoitzak bere koordinatzailea du, eta etapa bereko eta arloko ezaugarri espezifikoetan ikastetxeetan ematen den interbentzioa gainbegiratzea, aberastea eta koordinatzea du helburu. Baita ere, etapa bakoitzari begira, eskualde mailan bultzatu nahi diren helburuak operatibizatzeko proposamenak egiten dira (Eskualdeko Urteko Plangintzan jasoak).

- Pedagogia Batzordea: aurreko batzordeetako koordinatzaileek eta zuzendariak osatzen dute. Eskualde osoko ikuspegia izatea du helburu, eta ikastetxeetako zuzendari guztien bilkura eta azpizonaldetako etapen arteko zuzendarien mintegiak bideratzea da bere zeregina, besteak beste. Batzorde desberdinetatik eta zuzendarien mintegietandetektatu eta proposatutako ekimenen eta esku-hartzeen koherentzia aztertzea dagokio. Ondorioz, Urteko Plangintzaren helburu nagusien ildoak diseinatuko dira, Batzorde bakoitzak helburu horien gauzapenerako ardurak bere gain hartuko dituelarik.

- Zuzendaritza: zuzendariak eta idazkari-aholkulariak osatzen dute. Zuzendaria klaustro kide guztiek era demokratikoan hautatua izan da, dagozkion funtzioetarako. Funtzio horiek Taldearen Antolaketa eta Prozeduren eskuliburuan agertzen dira. Horietatik nagusitasuna izan duten funtzioak dira arlo pedagogikoa (Pedagogia Batzordea eta klaustroa koordinatu) eta talde osoaren bizikidetza bermatzeko oreka lortzeari lotutako eginkizunak. Kudeaketa administratiboan idazkari lanetan ari den aholkularia ere klaustro kideek hautatua izan da.

- Klaustroa: eskualdeko ikastetxe bakoitzaren gainbegiraketa dagokio, eta prestakuntza eta lanari dagozkion aurrerabideetan sozializatzeko gunea izan da, marko kolektiboan etengabe sakonduz eta konpartituz.



Sustapenaren ondorioak bailaran

Aholkularitzak izan ditu bere ondorioak Ordiziko bailaran. Ikastetxea faktore garrantzitsua bilakatu da, esku-hartzea ikastetxean kokatzen baita, ikastetxe osoa hartuz azterketa ikerketarako ardatz. Era berean, ikastetxe autonomoak elkarren arteko kolaborazioan eskualdea egituratzen (beharren erantzunen bila) lagundu dute.

Planteatzen den lanerako erabiltzen diren hipotesien baieztapenak adierazle zehatz batzuetan oinarritzen dira, eta horiek ikusten hasiak dira.

Alde batetik, ikastetxeetako esku-hartzearen ondorioz zenbait gauza ikusi dira. Ikastetxeen dinamika, prozesuak eta epe desberdinak errespetatuz (ikastetxeek) antolaketari ekin diote. Hori dela eta, hainbat ondorio nabarmendu dira:

- Aholkulari arduradunen esku-hartze sistematikoa ikastetxe gehienetan.

- Ikastetxeko organigrama argitzea ikasleari (eta gelari) hurbilduz. Nola? Poltsatako organigrama bultzatuz, zirkuituen ezarpenak (GITPB) planteatzen dituen arazoak gaindituz...

- Organigraman aipaturiko organoen funtzioak zehaztea eta partaideen gaitasuna handitzea (koordinatzaile papera, partaideen inplikazioa bere arduratik...).

- Batzar Organo funtzionalen portzentaia handia da bailarako ikastetxeetan (ikasleria delarik beraien ardatz). Hau da, ikastetxeetan ohikoa bihurtzen ari dira (Haur, Lehen eta Bigarren Hezkuntzakoetan) Pedagogia Batzordearen funtzionamendua, gelako irakasle taldearen lanaren planifikazioa eta sistematizazioa, laguntza taldearen finkapena eta hezkuntza berezien inguruko erantzunaren barne dinamizazioa.

- Batzar Organoen lan saioen ordenazioan eta errentagarritasunean lagungarri diren prozeduak zehaztu dira eta tresna egokien erabilpenaren kalitatearen kultura barneratu dute partaideek. Egiten denaren konstantzia dokumentuetan jasotzearen garrantzia ere ikusi dute.

Beste aldetik, PATak zonaldean esku-hartzearen ondorioz ere zenbait emaitza lortu dira. Hasteko, hezkuntza sarearen egituraketa osatu da, aholkularien eta ikastetxeko kideen arteko loturak modu ezberdinetan gauzatuz. Adibidez, PATaren Eskualdeko Urteko Plangintza ikastetxeen beharretatik abiatuz eta zuzendarien bilkuran negoziatuz definitzen da. Garapenaren etengabeko ebaluaketa ere zuzendariekin gauzatzen da.

Horrez gain, zuzendariak etapaka biltzen dira mintegien definizioa eta planifikazioa egiteko. Partaideek ikastetxeko ordezkari gisa parte hartzen dute, ikastetxean bertan dinamikak lideratzeko eta mintegia ekarpenez aberastuz. Nabarmentzekoa da partaide kopurua eta hartutako konpromezuen betekizuna.

Zuzendariak etapen arteko koordinaketa mintegietan ere elkartzen dira azpizonaldeka. Lehen eta Bigarren Hezkuntzako etapen arteko koordinazioak hezkuntzaren kalitatearen adierazle garrantzitsua bihurtuko duen prozesua indarrean jarri du; horrek didaktika eta antolamendu mailan alderdi askotan praktika bateraturantzako ibilbidea jorratzea ahalbidetzen du.

Berriztatze eta prestakuntza proiektuen portzentaia handia da Ordiziko bailaran. Prestakuntza prozesu gehienak PATaren laguntzarekin garatuz gauzatu dira, eta euren Urteko Planari erantzuteko tresna baliotsu bilakatu da.

Ikastetxeen arteko kolaborazioak elkartrukaketak indartu ditu, mintegietan ikastetxe bakoitzaren prozesuak mahaigaineratzeak dakarren onurarekin. Maiatzeko topaketetan burutzen dira elkartruke horiek.

Hezkuntza sarerena eta gainerako sareen artean (Ongizatearekin eta Kulturarekin udalerritan, Enplegu Sustapenerako Agentziekin mankomunitateetan, Osakidetza eta Ingurugiroarekin eskualdean eta beste programa batzuekin lurraldeka), koordinazioan eta kolaborazioan lehen pausoak emanak daude.



EAEko PATak aldatzera doaz

Ordiziko PATaren lan egiteko modua ezagutu dugu. Urte hauetan zehar egin duten lanari bere balioa norberak eman diezaion, esaldi esanguratsu bat luzatu digute: "La dinámica de repensar nuestro trabajo nos permitirá dar un contenio formativo a lo cotidiano, a la vez nos permitirá comprender la tarea como compromiso compartido. Siendo el trabajo en equipo un importante soporte de nuestro desarrollo y profesional" (JAVI GALARRETA, La formaciçon de profesionales de apoyo al sistema educativo: perfiles y servicios. Erein).

Taldeko lanari eta elkarren arteko koordinazioari garrantzi handia eman diote Ordizian, eta horrela jarraitzea gustatuko litzaieke. Baina agian ez da posible izango. Izan ere, EAEko PATak arautzen dituen dekretua aldatzear dago. Orain arte EAEko Pedagogia Aholkularitzategiak 1988ko ekainaren 14ko 154/1988 Dekretuak arautu ditu, baina dekretu berriak hura indargabetuko du.

Horrela, aholkularitza berriei Berritegiak edo Prestakuntzan eta Hezkuntzaren Berrikuntzan Laguntzeko Zentroak deituko zaie. Orain arteko PATak 22 baldin baziren, Berritegiak 17 izango dira: bi Gasteizen, sei Gipuzkoan eta hamar Bizkaian. Berritegiak handiak edo txikiak izango dira, lehenak hiriburuetan egongo direlarik, eta bigarrenak herrietan. Handietan arloko aholkulariak egongo dira, txikietan ez bezala. Aldiz, guztietan egongo dira zuzendaria, etapako aholkularia, programen aholkularia, hezkuntza premia berezien aholkularia eta idazkari-dokumentalista, nahiz eta kopurua denetan berdina ez izan.

Aldaketa horiek burutzeko zenbait arrazoi aipatzen dira dekretu berriaren zirriborroan. Lehenengoa gaurkotasunari dagokiona da. Orain arteko Pedagogia Aholkutegiak Hezkuntza Sistemaren Antolamendu Orokorrari buruzko Lege Organikoaren aurrekoak dira, bai eta Euskal Eskola Publikoaren Legearen aurrekoak ere. Beraz, PATen egitura ez dator bat oraingo Euskal Hezkuntza Sistemaren Antolamenduarekin. Bestalde, azken hamarkadan EAEko hezkuntza arloan sortutako aldaketek hezkuntzarako Laguntza Zerbitzuak birmoldatu eta berregituratzeko premia justifikatzen dute.

Aldaketa horietako bat Eskola Maparen moldaketa izan da. LOGSEk aurreikusitako Hezkuntza Erreformaren ezarpenak ikastetxeen tipologia berri bat eta Euskal Hezkuntza Sistemari dagokion sarearen konfigurazio berri bat ekarri du berekin. Prozesu horren emaitza Eskola Mapa berria izan da. Orain ez dago lehen bezainbeste ikastetxe, beste batzuk bat egin dute eta ikastetxe berriak agertu dira, bereziki DBHn. Hezkuntza Sistemaren barruan, Bigarren Hezkuntzako ikastetxeek garrantzi erlatibo nabarmena lortu dute gutxienez 12-16 urte bitarteko ikasleak hartzean.

Bestalde, curriculum berri baten garapenak, arlo eta irakasgai berriek, Batxilergoko modalitate berriek, Lanbide Heziketaren konfigurazio berriak eta abarrek, irakasleen zereginaren konplexutasuna eta prestakuntzaren eta aholkularitzaren premiak gehitu ditu.

Ikastetxeetan, irakasleengan eta Euskal Hezkuntza Sistema osoan aldaketa horiek sorrarazi dituzten behar eta sentsibilitate berri horiek, beharrezkotzat jotzen dituzte gaur egun Laguntza Zerbitzuei dagozkien egitura birmoldatzea, zonaren arabera berriro kokatzea eta aholkularien perfilak eta funtzioak aldatzea. Horrekin batera, Hezkuntza Administrazioak programa bat jarri nahi du martxan, eta horren helburua ikastetxeen aldaketa, ikerketa, berrikuntza eta esperimentaziorako prozesuak bultzatzea da. Laguntza Zerbitzuetan espezialistek eta aholkulariek egon behar dute programa horietan parte hartzeko, diseinuan eta aplikazioan laguntzeko eta dagokion zonako ikastetxeetan prestakuntza eta aholkularitzaren eskariei erantzuteko.