Historiako zertzeladak: Gipuzkoako Fraisoro sehaska etxea: haur abandonatuen trataera XX. mendearen lehenengo hamarkadetan

2002-04-01
Gure adinekoen artean oraindik ere norbait kaxako umea, haur expositoa edo Fraisorokoa izan zela entzuten dugu. Izen horien atzean haur abandonatuaren errealitatea ezkutatzen da, eta historiagileek haurtzaro abandonatua izenez landu dute gaia1. Gaur egun zenbait herrialde txirotan horren maiz gertatzen den fenomeno hori gure artean ere garrantzitsua izan da. Baina, zergatik uzten ziren haurrak? Nola sortu zen Gipuzkoako Sehaska Etxea? Nola egiten zioten aurre utzitako haurren haziera eta heziketari?... Lantxo honek haurtzaro abandonatuari emandako trataera eskaintzea du helburu.
 
 
Nahiz eta denboraren eta tokiaren arabera arrazoiak aldatuz joan, historian zehar haurrak uzteko zio nagusiak pobrezia eta ilegitimitatea izan dira. Haurak hiltzea ekiditearren, XVI. eta XVII. mendeetan haur abandonatuak jasotzeko inklusak eta exposito etxeak zeritzen erakundeak sortu ziren Europan. XVIII. mendearen bukaeran gobernu gizonen idatzietan eta zenbait ekintzatan haurtzaroarekiko interes berri bat nabarmentzen hasi zen, eta XIX. mendean eta XX. mendearen lehenengo hamarkadetan, industrializazioaren bilakaerarekin batera ezartzen ari zen ordena sozial modernoan, haurtzaroaren babesaren eta defentsaren inguruko diseinu eta ezarpenarekin aurrera jo zen.

Prozesu horren barnean kokatzen dira haurtzaroaren legedi berezia -1904ko Haurtzaroaren Babesaren Legea, adibidez-, horrekin lotutako erakunde administratiboen sorrera, laguntza soziala eta hezkuntzan kokatutako zenbait ekintza2. Garai horretan haurren heriotza tasa, haurren abandonua eta haurren lana izan ziren arazo nagusiak. Momentuz haurren abandonu fisikoari buruz ariko gara, kategoria horretan bi abandonu mota kontuan hartzen zirela jakinda; alde batetik, abandonu fisikoa, hau da, kaxako umeen fenomenoa; eta bestetik abandonu morala edota haur eta haurtzaro gaizkilearen fenomenoa.



Antolaketa administratiboa

Abandonuaren trataera modernoan kokatuz eta haur abandonatuen egoeraren hobekuntzari bultzada nabarmena emanez, XX. mendearen hasieran Gipuzkoako Foru Aldundiak Fraisoroko Sehaska Etxea eraiki zuen Zizurkilgo Landetxe probintzialean. 1903an Donostiako Tornu Etxean jasota zeuden haurrak Fraisorora eraman zituzten, erakunde hori abian jarriz. Exposito etxe berri horren modernizazio mailak eta horrek ahalbidetzen zuen kalitateak prestigioa izan zuen bai estatuan eta bai nazioartean ere, eta era horretako erakunde onenetarikotzat hartu zen3. Fraisororen ezarpena, XVIII. mendearen bukaeran hasi eta XIX. mendearen bukaera arte Biltzar Nagusiak eta Foru Aldundiak haur abandonatuei zuzendutako diru laguntzen antolaketa eta garapena bideratzeko prozesuaren ondorioa dugu4.

Horrela, 1910eko Expositoei buruzko Arautegian arlo horri antolaketa administratibo berria eman zitzaion. Alde batetik, 1844an sortutako Expositoen Partidu Batzordea (Donostia, Tolosa, Azpeitia eta Bergarakoak) Gipuzkoako alderdi judizial bakoitzeko diputatuez osatutako Expositoen Batzorde Probintzialak ordezkatu zuen. Horrekin batera, herri bakoitzeko apaizak, alkateak, medikuak, eta inudeak eta herriko haurrak begiztatuko zituzten Emakume Batzorde batek osatutako Batzorde Lokalak antolatu ziren. Batzorde horiek kaxako haurren hazkuntza eta heziketa egokiaren bermea eta zaintza gertutik egitea zuten helburu. Horrela, XX. mendearen hasieran Gipuzkoak nahiko garaiz ekin zien eraikuntza berri bati -hain famatua izatera iritsi zen Fraisoro etxea- eta administrazio sistema egoki bati.



Amak, umeak eta inudeak

Fraisoroko Sehaska Etxean jasotzen ziren haur batzuk tornuetan utziak izaten ziren. Hortik zetorkien kaxako ume deitura. Beste haur batzuk ama etxeetan jaioak izaten ziren (XX. mendean gehienen kasua hala zelan). Tornua antzina inklusarekin lotutako elementua dugu eta askotan inklusei ere tornu etxeak esaten zieten. Gipuzkoan, 1910 arte bost tornu zeuden Miserikordia etxeetan kokaturik; urte horretan Bergarakoa eta Azpeitikoa itxi egin zituzten eta Donostiako San Jose Egoitzakoa, Tolosako Miserikordia etxekoa eta Fraisorokoa 1916an itxi zituzten (garai hartan Bizkaian bat eta Nafarroan bi zeuden). Tornuen itxiera horrek haurren datuak gero eta gehiago ezagutzea ahalbidetu zuen, umeen jatorriari buruzko anonimatuari aurre eginez.

Ama etxeak , berriz, haurdunaldiaren azken bi hilabeteetarako ama ezkongabeentzat prestatuta zeuden tokiak ziren. Gertuko inguruneak sorrarazten zuen lotsa, iraina eta bazterketa gainditzeko toki moduan sortu ziren XIX. mendean. Zentzu horretan, 1880an Gipuzkoako Foru Aldundiak ongintzako Sorospen etxeen ospitaleetako gela itxiak eta zenbatuak sortzeko agindu zuen, eta 1903tik 1913 arte Tolosako Miserikordia etxean zentralizatu zuten zerbitzu hori. Hamarkada horretako datu bilketaren arabera, Tolosako ama etxean haurdun zeuden 568 emakume ezkongabe hartu ziren, eta horietatik %75 inguru 15-25 urte bitartekoak ziren. Emakume gehienek erditutako umea (garaitako diskurtso moralistek bekatuaren seme edo alaba deitzen zien) utzi egiten zuten, eta ondoren Fraisoron jasotzen ziren. Emakume erdiak beren familietara bueltatzen ziren; besteak batzuk, aldiz, zerbitzari lanak betetzera burgesiaren etxeetara -kasu askotan inude modura- edo Fraisoroko umeak haztera joaten ziren, eta gutxi batzuk erlijio ordena batean sartzen ziren (Oblatu edo Adoratrizesetan)5.

1913ko otsailean Fraisoron bertan amentzako gela bat ezarri zen, eta gero hainbat alditan handitu eta berrituko zen. Handik aurrera hara joaten ziren, eta ez emakume gipuzkoarrak soilik, baita beste lurralde batzuetakoak ere. Ama etxean sartutako emakumeen artean %50 besterik ez zen gipuzkoarra; gainerako %50etik erdiak Nafarroakoak, Iparraldekoak eta beste euskal lurraldeetakoak ziren; eta beste erdiak estatuko probintzietakoak.

Sehaska etxeetan jasotako umeen haziera epea kezkagarria izaten zen, heriotza tasa % 30-50 ingurura iristen baitzen. Gipuzkoan, berriz, garai hartan arazo horri aurre egiteko neurri sendoak jarri ziren martxan, eta ondorioz 1929an %7ra jaitsi zen heriotza tasa6. 1909tik aurrera ama etxean erditutako amek derrigorrean bere umeari bularra eman behar zioten, dudarik gabe garaiko Haurtzaintzarako amaren edoskitzearen inguruko arau bati jarraituz. Geroago, 1916an titia emate hori bi hilabetekoa izatea ezarri zen, eta gauza bera egin zen bi urte beranduago Bizkaiko Exposito Etxean. Neurri horrek, elikadura egokia bermatzearekin batera, haurrarekin emakume gehiago gelditzea zuen helburu. 1931n garrantzi handiko neurria onartu zen: bere umea edoskitzeko eta hazteko ardura hartzen zuen ama ezkongabeari lehenengo bi urteetan diru laguntza ematea. Dudarik gabe, II. Errepublikaren irekitasun ideologikoak ahalbidetu zuen ama ezkongabeak umearekin gelditzea eta Sehaska etxeetan izan ziren kopuru handiak murriztea.

Lehenengo hilabeteetan amei bularra emanarazi ondoren, umeen hazierarekin jarraitzen zutenak inudeak edo añak izaten ziren. Historian zehar horien eskasia izan da haur abandonatuen biziraupenarekin lotutako beste arazo bat; bai barruko inudeak edo internoak deitzen zirenen eskasia (ama etxean erditu ondoren bere umea edota beste ume batzuk elikatzera gelditu edo geldiarazten zituzten emakumeak), eta baita kanpoko edo externoena ere (Fraisoroko ume bat etxean hazteko hartzen zuten emakumeak). Biberoiaren bidezko elikadura zabaldu arte (mende honen hasieran hasi zen prozesua), inudeen merkatua oso handia izan zen, eta eskaera-eskaintza erlazioaren arteko gorabeheraren arabera jokatu izan zuen. Baina garrantzizkoa iruditzen zait azaltzea inude eskasia zegoenean eskasia horrek haur abandonatuak kaltetzen zituela beti, izan ere, sektore pribatuan inudeak askoz hobeto kontsideratuta eta ordainduta zeudenez, hara joaten ziren lehendabizi7. Inudeen eskasia garaietan, Gipuzkoako Foru Aldundiak zerbitzu horren ordainketak bilduz eta Udal batzordeei inudeen bila ibiltzeko eskaera eginez egiten zion aurre arazoari.

Haurrak inudeekin jartzeak oinarrizko bi funtzio betetzen zituen: alde batetik, Sehaska etxeko umeen pilaketa arintzea, eta bestetik, haur horiek familia batean sartzea. Fraisoro sortu ondorengo hiru hamarkadetan haur berrien sarreraren batez bestekoa 160koa zela kontuan hartzen badugu, argi dago erakunde horren inguruan pertsona asko mugitzen zirela. Horrela, Foru Aldundiak haur horiek probintzian zehar zabaltzea eta bereziki baserrietara eta biztanle gutxiko herrietara bidaltzea zuen helburu. Inude horien betekizunak eta eskubideak (adibidez, sifilisaz kutsatutako inudearen diru laguntzak eta sendabideak, hileroko batzorde lokalengana joateko derrigortasuna...) araututa zeuden Gipuzkoan, eta 1909an euskaraz eta gaztelaniaz argitaratu zen kartilan agertzen dira zehazki adierazita haurtzaintza modernoaren arauak haziera egokia izateko.

Gaur egun hainbeste zabaltzen ari diren adopzioak, nahiz eta prohijazio prozedura bete, lehen ere egiten ziren, haur abandonatuen familiakotze prozesua bermatzen zenaren adierazle zirelarik. Batetik, inude batekin zegoen haurrak behin 7 urte betetzen zituenean, inudeak eta bere senarrak benetako prohijazioa egin zezaketen Diputazioan egiten zen kontratu moduko ekintza formal baten bitartez. Bestetik, inudea izan gabeko emazte batek -eta bere senarrak- haur bat prohijatu nahi bazuten, honako pausoak eman behar zituzten: Tolosako Miserikordian haurra aukeratu, batzorde probintzialean eskaera egin, eta Exposito Batzordearen erabakiaren ondoren, prohijazioaren betebeharrak egin. Prohijazio horren bitartez, haurra seme edo alabatzat hartzen zuenak haurra zaintzeko, elikatzeko eta hezteko konpromisoa hartzen zuen, baina haurrek ez zeuzkaten seme-alabek legez izan ohi zituzten eskubide berak (ondareak jasotzekoa, adibidez). Adopzio legalak ere egiten ziren, baina oso bakanak ziren eta beti ere senar-emazteak seme-alabarik ezin izan zutela erakutsi behar zuten, eta adoptatutako haurrak legez seme-alaben eskubideak jasotzen zituen.

Prohijatutako haurrekin gertatzen ziren gehiegikeriak kontrolatu nahian eta Batzorde lokalen pean zegoen betebehar hori ez zela betetzen ikusita, 1916tik aurrera herrietan zeuden haurren egoera kontrolatzeko ikuskaritza bisitak ezarri ziren Gipuzkoan. Eskoriatzako Exposito Batzordeko I. Arana kideak 1917an azaltzen zuen moduan, maiz gertatzen ziren esplotazio egoerak: "... los prohijantes tienen una mina con el expósito, sin que éste pueda pedir por sus trabajos una remuneración en metálico a que la mayoría de las veces es acreedor...". Askotan esplotazio horrek ondoren gazte marjinazioa ekarri ohi zuen eta, egoera horri aurre egin nahian, Foru Aldundia zenbait neurri prestatzen hasi zen II. Errepublika garaian, hala nola, lan prestakuntza bultzatzeko proiektuak, probintziako lanetan sortzen ziren lanpostuetarako abandonatuek txanda ez gordetzea, edota ahalmen handiko abandonatuei ikasketak egiteko diru laguntzak eskaintzea.

Horren guztiaren ondoren, lehenik eta behin zera esan beharra dago: Gipuzkoako Foru Aldundiaren ekintzari esker, haur abandonatuen heriotza tasa asko jaitsi zela, eta horrekin batera, haur horien bizitza penagarriak hobekuntza nabarmena izan zuela. Azpimarragarriena hobekuntza horretan inudeen -eta horien familien- ekintzak izan zuen garrantzia da, horiexek izan baitziren haur horien hazkundearen eta bizitzaren ardatz. Azkenik, ezin ahantz ditzakegu amak, beraiek izan zirelako burgesiaren giza ordenarekin lotutako emakumearen genero eraikuntzaren prozesuan mespretxua eta zapalkuntza sufritu zutenak.•







1 Euskal Herrian zentratutako lanen artean hurrengoak aipa ditzakegu: VALVERDE, L. (1994): Entre el desohonor y la miseria. Infancia abandonada en Guipúzcoa y Navarra, siglos XVIII y XIX. Bilbo. UPV/EHU; URIBE-ETXEBARRIA, A. (1996): Marginalidad "protegida". Mujeres y niños abandonados en Navarra (1890-1930). Bilbo. UPV/EHU; P. UNDA: "La exposición en Vizcaya en el siglo XIX: nacimiento y problemática financiera de la Casa de Expósitos de Bilbao". Enfance abandonée et société en Europe (1991); MARTÍNEZ MARTÍN, M. A. (1996): Guipúzcoa en la vanguardia del Reformismo social. Beneficencia, ahorro y previsión (1876-1936). Donostia. Guipúzcoa Donostia Kutxa

2 DAVILA, P., URIBE-ETXEBARRIA, A. eta ZABALETA, I. (1991): "Haurtzaroaren babesari buruzko ikuspegi historikoa". Tantak, 6. zkia.; URIBE-ETXEBARRIA, A. (1994): "Haurtzaroaren babesaren instituzionalizatze prozesua Hego Euskal Herrian (1900-1930)". Tantak, 11. zkia.

3 Honela adierazten da garaiko pediatra espainiar garrantzitsuen zenbait idatzitan.

4 Honela, 1791. urtean Elgoibarren elkartutako batzordeak probintzia osorako exposito etxe bat sortzearen proposamena egin zuen. 1803an Expositoei buruzko Arautegia. Aurretik 1794 eta 1796 Expositoei buruzko Erregelamendu Errealei zenbait aldaketa egin eta zenbait zehaztapen ezarri ziren. 1844an Exposito Arautegi berria eta 1891ko arautegiaren berrikuntza.

5 Datu hauek eta artikulu honetan azalduko diren beste datu zehatzak Gipuzkoako Foru Aldundiko Artxibategitik aterata daude. Kasu honetan 1904-1912 Tolosako Partiduko Ama Etxearen Erregistro Liburutik, 5396 Karpetaren 2 espedientetik.

6 1912-1945 urteen arteko umeen sarrera kopuruak, amarekin joandakoak, inudeekin ateratakoak eta heriotza-tasari buruzko datuen bilketa 1946ko Gipuzkoako Foru Aldundiaren Fraisoroko Sehaska eta Ama Etxearen Memorian ikus daitezke.

7 Mende honen hasierako Gipuzkoako prentsan askotan inudeen eskakizunak eta agentzien zerbitzuak azaltzen ziren.

Ramo de Expósitos: Patente, Obligaciones recíprocas de la Administración y de las nodrizas e Instrucciones. Donostia. Gipuzkoako inprimategia, 1909.