Historiako zertzeladak: Julia Fernandez Zabaleta maistra nazionalista

2002-05-01
 
 
Julia Fernández Zabaleta maistra nazionalista euskalduna dugu, emakumeen eskubideak eta euskal kulturarenak aldarrikatu zituen nafarra. Euskal nafar nazionalismoarekin eta gerra aurreko Iruñeko Euskal Eskolarekin izan zuen harremanagatik ekarri dugu hona.

Iruñean sortu zen 1895eko urriaren 9an. Aita Mañerukoa zuen eta ama, berriz, Ziraukikoa. Anaia Valentín Fernández Zabaleta, euskal nazionalista hori ere, abokatua zen Iruñean, eta gero Mexikora erbesteratu zen. Euskal nazionalismoan gaztetatik ibilia zen emakume nafar honek heldua zenean ikasi zuen euskara, eta hainbat hitzaldi eman zituen hizkuntza horretan Emakume Abertzale Batzako (EAB) kide gisa.

Julia Fernández Zabaleta hiru hitz erabiliz definitu beharko bagenu, emakumea, maistra eta nazionalista zela esango genuke, horiek baitira haren hiru ezaugarri nabarmenenak.



Julia, emakume nazionalista

Emakume Abertzale Batza (EAB) bereziki interesatzen zaigu, gerra zibilaren aurreko nazionalismoan Nafarroan izan zuen eraginagatik. Erakunde hori Bizkaian sortu bazen ere, 1931-36. urteen bitartean Euskal Herriko Hegoaldeko lau herrialdeetan zabaldu zen. Iruñeko Centro Vascon 1931ko urriaren 8an emakume talde bat Nafarroako EAB sortzeko asmoz bildu zen. Horrela, batzorde kudeatzailea eratu, barne arautegia sortu eta nafar emakumeei zuzendutako idazki propagandistikoa egin zuten. Idazki horrek hiru lan ardatz zituen: euskal nazionalismoa zabaltzea gizonen eragina iristen ez zen eremuetara; errepresaliatutako euskal kideei elkartasuna eta laguntza eskaintzea eta herriaren kultura zabaltzeko erakundeak sortzea.

Iruñeko EAB sortzeko hiriburuko Centro Vascon egindako biltzarrean zuzendaritza batzordea aukeratu zen eta honako hauek izan ziren hautatuak: Julia Fernández Zabaleta lehendakari; Katalina Alastuey Garaikoetxea lehendakariorde, Margarita Herrera diruzain; Araceli Arbizu idazkari; Maria Biskarret Nabaz idazkariorde (Iruñea, 1907-1989); eta kidetzat Juana Urrutia, Jesusa Arantzadi eta Beatriz Urmeneta. Emakume horiek hagitz lotuak aurkituko ditugu Iruñeko mugimendu euskaltzale ororekin.

EABren sarea Nafarroan zehar osatuz joan zen, 22 elkarte sortzeraino -nahiz eta 17 soilik egon legeztaturik-, eta hasieran ezarritako hiru lan ardatzak jorratzeari ekin zioten. Gaztetxuekin batera folklorea (antzerki emanaldiak, dantza taldeak, txistulari taldeak, abestiak...), haurrentzako jaialdiak, elkartasun jarduerak Gabon del solidario ), jarduera politikoak eta euskal irakaskuntzarekin lotutako ekintzak gauzatu zituzten. Ekimen horiek guztiek nafar euskal nazionalismoaren nortasuna sendotzen lagundu bazuten ere, erakunde horren azkeneko helburua azpimarratu nahiko genuke, bereziki eragin handikoa suertatu baitzen Nafarroako euskal irakaskuntzarentzat. Izan ere, haren indarraz sortu zen Iruñeko Euskal Eskola 1931n. EABk eta gerra aurreko nafar euskal irakaskuntzak izan zituzten loturak antzematen ahal ditugu Lizarrako zein Elizondoko Euskal Eskoletan ere, bi herri horietan lanean aritu ziren andereñoak ere EABko partaide izan baitziren.

Emakume haiek, hagitz aktiboak izateaz gainera, kritiko agertzen ziren alderdiak emakumeei ematen zien esparruarekin. Uribe-Etxebarria ikertzaileak dioenez, nafar emakumeak beste lurraldeetako emakumeak baino aktiboago agertu ziren emakumeen eskubideen erreibindikazioan. Arlo horretan Euskal Herriko nazionalismoan nolabaiteko aitzindaritza hartu zuten.

Julia Fernández Zabaleta jarrera kritiko horren adibide dugu. Ez zuen nahikotzat jotzen euskal nazionalismoak emakumeei ematen zien papera. Gerra aurreko euskal nazionalismoak emakumeei eskaintzen zien betekizuna tradizionala zen; baserrian edo etxean euskal familiaren balioak gordetzea eta hurrengo belaunaldiei transmititzea ziren helburu nagusiak. Julia Fernándezek, haatik, gehiago eskatzen zuen emakumeentzat. Beste herrialdeetan emakumeek etxetik at, politikan edo bizitza publikoan orokorrean, erdietsitako lorpenak ez zituen alboratu nahi, eta zeregin berri horiek aldarrikatu zituen mitinetan. Horrela, eman zituen hitzaldietan emakumeentzat beste espazio, betekizun eta eskubide batzuk erreibindikatu zituen. Honako hauek dira, hain zuzen ere, Donostian, 1924ko abenduaren 14an emakumearen etorkizunari buruz emandako hitzaldian azaldu zituen ideia nagusienak, J. Chueca ikertzaileak laburbilduta:

- Emakumezkoa gizona bezain gauza da edozein ardurari eta eginkizuni ekiteko.

- Emakumeak lanerako eta hezkuntzarako eskubidea izan behar du. Emakumeari ez dagokio ezkontzaren zain egotea. Emakumeak lana eskuratu behar du, eta ez edozein eratara ordaintzen den lana, ongi saritua izanen dena baizik. Gauza bera hezkuntzari dagokionez. Gizona bezain prestua denez, beharrezkoa da hezkuntzaz baliatzea edozein ikasketa aurrera eramateko eta nolabaiteko independentzia ekonomikoa izateko.

Edonola ere, Julia, Iruñeko EABko Katalina Alastuey eta Maria Biskarret bezala, ez zen emakumeen eskubideen erreibindikaziora soilik mugatu; Iruñeko gerra aurreko Euskal Eskola irekitzen lagundu zuten. Izan ere, nafar hiriburuko lehen EABko osaketan partaide izan zirenen artean, hiru horiek, maistrak izanik, lotura bereziak izan zituzten euren artean. Juliak eta Katalinak ibilbide pedagogiko eta politiko berdintsua izan zuten, bai gerra aurretik eta bai ondoren ere. Biek Iruñeko Eskola Normalean ikasi zuten eta hiriburuko San Frantziskoko udal eskoletan aritu ziren lanean.

Katalina Alastuey Iruñean jaio zen 1898ko abenduaren 26an, eta bera ere emakume ekintzailea izan zen; jarduera politikoetan aritzeaz gain, Eskola Normaleko ikasle ohien elkartea sortu zuen 1920an. Maria Biskarret Nabazek (Iruñea, 1907-1989) beste bi ahizpa eta bi anaia eduki zituen eta gerra zibilean horietako bi erbesteratuak izan ziren. Iruñeko Eskola Normalean ikasi zuen eta 1927an diploma lortu. Euskara heldua zenean ikasi zuen. EAJko eta, bereziki, EABko kide izan zen. Estatuko maistra izanik eskola nazionaletan aritu zen lanean. Bere izenean aurkeztu zen Euskal Eskola irekitzeko baimenaren eskaera Iruñeko Udaletxean eta ardura berezia izan zuen eskola horren sorkuntzan zein garapenean.



Julia, maistra

EABko hiru emakume hauek, maistra nazionalistak hirurak, Eskola Berriaren kariaz uztarketa pedagogikoa eduki zutela garbi dago, horren nolakotasuna antzematen zaila bada ere. Nolanahi ere, Juliak pedagogia berrikuntzarekin zuen interes teorikoa eta praktikoa islatzen duten agiriak, nolanahi ere, baditugu.

XX. mendearen lehen laurdenean Maria Montessori mediku italiarra bere ekarpen pedagogikoa zabaltzen ari zen Europan zehar. Hedapen horren ibilaldiaren barruan Bartzelonan ikastaroa eman behar zuen 1916ko otsailetik maiatzera bitartean. Juliak, karrera bukatu berria zuela, Iruñeko Udalari Maria Montessorik eman behar zuen ikastarorako diru laguntza eskatu zion. Udalak, Eskola Normaleko espediente ona aztertuta -ohorezko matrikula anitz, karrera bukaerako nota bikainak eta goi mailako errebalidan sari berezia- eta ikastaroa jaso ondoren udalaren menpe zeuden eskolaurreko eskoletarako ekarpen interesgarria izanen zelakoan, Julia Fernándezi 300 pezetako diru laguntza ematea erabaki zuen 1916ko otsailaren 19an egin zuen bilkuran.

Agindu bezala, hiru hilabetez Bartzelonan Maria Montessorik berak emandako ikastaroan parte hartu zuen. Ikastaro horri buruz Juliak egindako txostena dugu bere interes pedagogikoaren adierazle, 1916ko urriaren 9an sinatu zuena. Bi atal jorratu zituen bertan: lehen atalean Montessorik proposatzen zituen hainbat esparru garatu zituen (esan bezala, txosten horren argitalpenaren bidez mediku italiar haren teknikak hiriburuko udal eskoletan zabaltzea baitzen Iruñeko Udalaren helburua), eta bigarrenean teknika horien alderdi hobegarri zein kritikagarriak aztertu zituen. Zinez interesgarria suertatzen da horien irakurketa, 21 urte betetzear zegoen andereño batengandik espero zitekeen baino sakontasun handiagoz eginda baitaude. Bereziki kritikatu zuen emakume teorialari italiarrak hizkuntzari ematen zion trataera eskasa. Horrekin batera, Juliak ez zuen aipatu gabe utzi nahi izan hizkuntza garatzeko irakaslearen lanak duen garrantzia ere. Halaber, Montessorik eskolaurretik lehenengo irakaskuntzarako proposatzen zuen jarraipena kritikatu zuen.

Orobat, badugu Julia Fernández Zabaletaren balio pedagogiko praktikoaz testigantza pertsonal bat ere, Maria Biskarreten ahizpa Presentxurena, alegia. Iruñeko Euskal Eskolako ikasle ohi horrek Julia izan zuen maistra San Frantziskoko udal eskoletan. Lekukotasun horrek dioenaren arabera, maistra aparta izan zen Julia. Bere metodoa aktiboa omen zen: ateraldien bidez, fenomenoen inguruko burutazioak eginez, gauzak ukituz, jolasen eta abestien bitartez... ikasten zuten eta anitzetan pianoa jotzera bere aita Valentin, katedraleko organista zena, eramaten zuen. Presentxuk dioenaren arabera, ikuskaria bera ere anitzetan etortzen zen gelara Juliaren metodologia ikustera.

Eusko Ikaskuntzak antolatutako udako ikastaroetan ere parte hartzen zuten bai Maria Biskarretek eta bai Julia Fernandezek. Edonola ere, ez dirudi prestakuntza jarraitua soilik emakume horien interes pertsonala zenik, euskal irakaskuntzaren inguruan ibiltzen zirenen beharra baizik. Izan ere, halaxe agintzen zen Eusko Ikastola Batzako andereñoentzat egin zen arautegian.



Euskal Herri mailako harremanak

Iruñeko Euskal Eskolak Euskal Herriko beste eskolekin eduki zuen koordinazioari buruzkorik ez dugu inon idatzita aurkitu. Alabaina, badakigu koordinazioa eduki zutela. Izan ere, alde batetik, antzeko proposamen teoriko-pedagogikoak ikusten ditugu Iruñekoak Euskal Eskolarako egindako arautegian eta Eusko Ikastola Batzak egindakoan. Beste aldetik, Nafarroako Euskal Eskoletan aritzen ziren andereñoak Eusko Emakume Batzako kide izanik, gure ustez, lotura pedagogikoak harreman politikoetatik ere iritsiko ziren.

Harremanen gakoa hiru emakumerengan datzala uste dugu: Elbira Zipitriarengan, Maria Biskarretengan eta Julia Fernándezengan. Iruñeko Euskal Eskolan hiru maistra horietatik bakar batek ere andereño jardun ez zuen arren, beren artean uztarturik aurkitzen ditugu, bai eskolaren pedagogia esparruan, bai politika arloan. Elbira Zipitria andereño bazebilen jada Donostiako Muñoa ikastetxean, Maria Biskarret Iruñeko Euskal Eskolako arduraduna zen eta Julia Fernández Iruñeko EABko buruzagia. Anitzetan elkartzen ziren. Maria Biskarret batzuetan egona zen Elbiraren Donostiako etxean, Fermin Kalbeton kalean. Bestalde, behin baino gehiagotan elkartu ziren han-hemenkako ikastaroetan. Julia eta Elbira elkarrekin ikusiko ditugu Eusko Ikaskuntzak 1932. urtean Iruñean antolatutako ikastaroan ateratako argazki batean, eta urte berean Gaiarre antzokian Elbira Zipitriak haurrekin egindako erakustaldian ere elkarrekin aurkituko ditugu. Izan ere, Eusko Ikaskuntzak 1932an Iruñean antolatutako Udako Ikastaroetan Aita Alzoren Elebitasunari buruzko hitzaldiaren ondoren, Elbira Zipitriak Donostiako Koruko Andre Mariko haur batzuekin euskaraz ikasten ahal zela erakutsi zuen: "Arrigarria Irakasleak, Zipitria´r Elbira jatorrak, euskeraz ta sutsu agurra ta aurkestea egin zuan. Itzetan trebe ta ausartiegitxo entzule aientzat, ote?...Txalotu zuten gogorki. Euskeraz galdetzen die umiai: lenbizi euskeraz, gero erdaraz... Matematika-gai zailenetakoak, Lutelizti, Edesti gai zailak".



Gerra ondorengoa

Gerra zibila bukatu baino lehenago hasita zegoen jada hainbat herrialdetan erbesteratuen mugimendua. Halaxe suertatu zen Nafarroan ere: gerra hasi bezain pronto gehiengoa altxatuen alde jartzearekin batera hasi zen erbesteratuen mugimendua, bai bertakoena eta bai estatuko beste herrialdeetakoena ere, Nafarroak duen kokapen geografikoa dela-eta. Erresistentziarako mugalari sare bat eratu zen Nafarroako Baztan bailaran, Euskal Herriko hainbat eremurekin harremanetan egon zena: "Alava" Sarea. Horren osaketan, gehienak emakumeak izanik, baztandar baten lana, Bittori Etxeberriarena, goraipatu behar da. Sare horrek lanean jarraitu zuen 1940. urteko abendura bitartean, Frantziako gobernu kolaborazionistak Alemaniarekin hitzarmena sinatu arte.

Erbesteratu ziren nafar horien artean batzuk Frantzian gelditu ziren; beste batzuek, berriz, Ameriketara egin zuten ihes. Euskal Gobernuak gerra galdutakoan erbesterako bidea hartu zuen, eta berarekin batera joan ziren Euskal Eskolen mugimenduan aritutako gehienak. Gobernu horrek erbestean antolatu zuen haurren kolonietan Pilare Alba, Baztango ikastolako andereñoa, eta Pablo Archanco, Iruñeko Euskal Eskolarekin lotura zuzena izan zuena, aurkituko ditugu 1938. urtearen erdialdean, biak Donibane Garaziko kolonian irakasle.

Gerra hasi eta berehala Nafarroako Hezkuntza Batzorde Nagusiak bere gain hartu zuen irakasleen garbiketa lana. Bertan aritzen ziren maisu-maistra guztien zerrenda egin zuen eta zenbait datu jasotzen ziren: jainkozaletasuna, moralitatea, prentsa irakurtzeko ohiturak eta joera politikoak. Aipatutako lau datu horiei buruzko inprimakiak igorri zitzaizkien alkate guztiei, maisu-maistren ikerketa konfidentziala egin zezaten. Halaber, Batzordeak kasu anitzetan parrokoei ere eskatu zien informazio konfidentziala, zenbaitetan Guardia Zibilari, buruzagi erreketeei zein herriko falangeari, eta pertsona partikularren salaketak ere jaso zituen.

Abuztuaren 25ean, espedienteak aztertu ondoren, lehen zigortuen zerrenda aurkeztu zuen Batzordeak. Egun horretan bertan erabaki zen lehen zigorren jitea eta haiek publikoki argitaratzea; han agertzen ziren 54 pertsonak beren jardunetik kendu ondoren, hutsik utzi zituzten beren plazak. Lehen zerrenda horren atzetik beste batzuk etorri ziren hurrengo hilabeteetan, hiru motatako zigor-jartzea zutelarik: batetik, zerbitzutik behin betiko kentzea; bigarrenik, langabezia mugagabea, lan egiten zuten eskolatik ateratzea eta soldata kentzea; eta hirugarrenik, behin-behineko zigorra.

Nafarroako maisu-maistra guztien ikerketa egin zuten. Hasierako zigortuei buruz eman diren kopuruen arabera, 258 maisu-maistra izan ziren zigortuak. Haatik, Nafarroako Hezkuntza Batzordearen garbiketa lanak ez zuen zigortutako maisu-maistrengan bakarrik izan eragina, jarraitu zuen prozedura zorrotza zela-eta Nafarroako irakasleria osoa garbitu baitzuen. Aginte berriek ezarritako errepresio horrek eragin zuzena eduki zuen ekintzaile ezkertiar, errepublikazale zein euskal nazionalistengan. Euskal nazionalista izan omen zitezkeen irakasleen kasuetan, lanean jarraitu nahi zutenek beren ideia politikoak arbuiatu eta Espainia bakarraren aldeko idazkia sinatu behar zuten. Iruñeko Euskal Eskolako emakume nazionalistei -Katalina Alastuey, Julia Fernández eta Maria Biskarret- berehalaxe iritsi zitzaien kanporaketa horren eragina. Lehen bien patua berdintsua izan zen: udal maistrak izanik, beren lanpostuez desjabetu zituen Iruñeko Udalak. Julia Fernándezi lana eta soldata kentzeko espedientea ireki zion Iruñeko Udaleko Gobernu Batzordeak 1937ko urtarrilaren 11n sinatutako erabakian. Duen interesagatik, zigorraren zioak osoki transkribatzen ditugu:

"Esta Comisión de Gobierno, en sesión celebrada en el día 9 del actual se ocupó de las circunstancias que concurren en la Maestra municipal Dª. Julia Fernández, que no se ha reintegrado al servicio por hallarse en territorio no liberado aún de las hordas marxistas.

Y considerando que la expresada Maestra ha podido personarse en su destino, como lo han hecho otras personas que se encontraban en San Sebastián y sus alrededores, y aún en Bilbao, cuando, por el contrario, ha ido internándose, más en territorio rojo, lo que hace dejar entrever su desafecto al movimiento salvador de España, mucho más teniendo en cuenta la ideas políticas de la interesada, ésta Comisión acordó proponer a V.E. acuerde la suspensión de empleo y sueldo indefinida de la expresada Maestra, por no haberse personado en su destino, a pesar del tiempo transcurrido, y hasta que resuelva V.E. sobre lo que afecte a los empleados municipales."

Katalina Alastuey Garaikoetxea 1937ko maiatzaren 18an kendu zuten bere kargutik, haren zerbitzuen orrian agertzen denaren arabera. Maria Biskarretek, ordea, ez zuen zigor mota hori jaso; lan eta soldatarik gabe espedientatua izan zen bost urterako. Saran bizi ondoren, Iruñean klase partikularrak eman zituen, maistra izan zen Azpeitian, eta berriro Nafarroa Garaira bueltatu zen, erretiroa hartu arte Erratzuko eskolako maistra lanetan arituz.

Emakume haiei zigorra ez zitzaien horretan gelditu, ordea. Urte batzuk geroago, 1951n, Iruñeko Bikariotzak Julia Fernández eskumikatu nahi izan zuen, etxea uzteko jasotako Elizaren agindua betetzen ez zuela aitzakiatzat harturik eta, horretarako, Vatikanora igorri zuen horren aldeko eskutitza. Juliaren kide batzuek Arantzadiren etxean bilera antolatu eta eskumikatzearen kontrako eskutitza idatzi zuten Vatikanoarentzat. Hego Euskal Herrian Apezpikuen laguntzarik ezin zela jaso ikusirik, Elizaren goi mailako hierarkiaren aurrean bere eragina balia zezan eskatu zioten Daxen zegoen euskal apezpikuari bertaraino joanda -eskutitza eramatera T. Epaltza joan zen-. Haren bitartez lortu zen eskutitza Vatikanora iritsi eta zigor hori ez gauzatzea.

Julia Fernández eta Katalina Alastuey, beste hainbat udal langile bezala, 1957an udalak hartutako erabakiaren ondorioz, beren lanpostuetan berrezarriak izan ziren. Zerbitzuen orriaren arabera, Katalina urte bereko otsailaren 27an udal maistratzat birjabetua izan zen. Juliak gehiago itxaron behar izan zuen berriro lanean aritzeko, 1958ko urriaren 7ra arte, eta lan horretan aritu zen 1961eko otsailaren 16an zendu zen arte.





Bibliografia

- CHUECA, J. (1995): Julia Fernandez Zabaleta eta Katalina Alastuey, emakume aitzindariak, Huarte de San Juan (Geografia eta Historia), 2.

- IPES (1998): Ellas. Las Mujeres en la Historia de Pamplona, Iruñea, Iruñeko Udala.

- GUIBERT NABAZ, E. (1990): "La mujer como educadora de párvulos: La influencia de María Montessori en las Escuelas Municipales de Pamplona", in A.A.: Mujer y Educación en España, 1868-1975, VI Coloquio de Historia de la Educación, Santiagoko Unibertsitatea.

- LÓPEZ-GOÑI, I. (2002): Nafarroa Garaiko Ikastolen Historia (1963-1982), a.g. Tesia.

- UGALDE SOLANO, M. (1986): "Orígenes, objetivos y organización de la agrupación de Emakume Abertzale Batza de Navarra", Príncipe de Viana, 5 eranskina.

- URIBE-ETXEBARRIA, A. (et al) (1994): "Emakume abertzaleak Nafarroan eta ideologiaren transmisioa: hurbilpen historikoa", in Nafarroako Kondairaren III. Batzarre Orokorra, Navarra y Europa, CD argitalpena, Iruñea, Nafarroako Gobernua.